Bonelli arranoaren bost ale berri heldu dira Nafarroara AQUILA a-LIFE proiektuaren barruan

Mun, Gerezi, Sarbil, Garras eta Etxarri gure artean ditugu jada proiektuaren azken urtean, Europako harraparirik mehatxatuenetako bat berrekusatzea helburu duena

Bonelli arranoaren lau eme eta ar bat Nafarroara iritsi dira bertan askatuak izateko AQUILA a-LIFE proiektuaren barruan (https://www.aquila-a-life.org/index.php/es ). Aipatu egitasmoa aurtengo irailean amaituko da eta espezie hori berreskuratzea du helburu, Europako harraparirik mehatxatuenetako bat baita.

Aurten, txitak  hainbat lekutatik heldu dira: arra, Mun izena duena, Kordobatik dator eta 56 egun ditu; Granadatik etorritako bi eme daude, 48 eta 59 egunekoak, Gerezi eta Sarbil izenekoak, hurrenez hurren; Mallorcako eme bat, 62 egunekoa eta Garras izenekoa; eta, azkenik, Etxarri izeneko eme bat, gatibutasunean hazitako 49 eguneko txita GREFAren instalazioetan (Fauna autoktonoa eta bere habitata birgaitzeko taldea). Aleen pisua, adinaren eta sexuaren arabera, kilo eta erdi eta bi kilo artekoa da. Txitak GREFAren instalazioetatik atera ziren. GREFA proiektuaren bazkidea da, eta txiten banaketa koordinatzen du parte-hartzaileen artean.

Bonelli arranoaren bost aleak kaiola-hacking edo landa-hazkuntza teknikarekin aklimatatzen dira aske uzten diren arte. Honen bidez, lehenik eta behin, birpopulatu nahi den lur-eremu edo eskualdean paratuta dagoen kaiola handixka batean sartzen dituzte arrano iritsi berriak. Bertan, aste batzuk egongo dira, eta bertan amaituko dute haien garapena, natura-ingurunera itzuli aurretik. Uztailaren amaiera aldera askatuko dituzte.

Arguiñarizen jaso dituzte txitak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek (bai teknikariek, bai Basozainek), GAN-NIKeko langileek (proiektuaren bazkideak dira), eguneroko jarraipena egiteko kontratatutako enpresako teknikari batek eta Arguiñarizko okinak (hasieratik proiektuarekin bat egin duena). Arranoak iritsi direnean, odol-lagin txiki bat hartu zaie, eta hackingaren habia-gunera eraman dituzte.

03-jun-2022 11:40:00