Bertizko Parke Naturalak Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko du ekainaren 3tik aurrera - NaGreen
Bertizko Parke Naturalak Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko du ekainaren 3tik aurrera
Aurtengo helburua plastikoek sortutako kutsaduraren inguruan herritarrak sentsibilizatzea da
Bertizko Jaurerriko Parke Naturalak bat egingo du datorren ekainaren 5ean ospatuko den 2023ko Ingurumenaren Munduko Egunarekin. Nazio Batuek bultzatuta, aurtengo leloa “Plastikoek eragindako kutsadurarik Gabe” da.
Horretarako, ekainaren 3tik aurrera hainbat jarduera antolatu ditu, ekintza kolektiboaren bidez plastikoek eragindako kutsadurari amaiera emango dioten konponbideak ezartzearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko.
Efemeridea ospatzeko jarduerak ekainaren 3an hasiko dira, “Naturzaborraren kontra elkarrekin” aldi baterako erakusketaren inaugurazioarekin. Erakusketa ekainaren 30era arte egongo da zabalik Bidasoa Ibaia erakusketa aretoan. Gizakiak sortutako eta naturan utzitako hondakinen inguruko erakusketa da. Terminoa SEO/BirdLifek Ecoembesekin batera garatutako LIBERA proiektuak sortu zuen, naturguneak zaborrik gabe mantentzeko herritarrak kontzientziatzeko eta mobilizatzeko helburuarekin. Ekainaren 4an, igandearekin, erakusketa doan izango da.
Ekainaren 4an, igandearekin, "Plastikeria" ekimena egingo da Parke Naturaleko piknik-gunean, 11:00etatik 14:00etara, doako sarrerarekin. Iruñerriko Mankomunitateak garatutako instalazioa da, plastikoek eragindako eguneroko kutsadurari buruz kontzientziatzeko eta haren erabilera murrizteko beharraz sentsibilizatzeko. Plastikeria postu ibiltaria Bertizera iritsiko da, “Nafarroako ibaietako plastikorik freskoenekin”.
Ekainaren 4an ere, 11:30etik 13:00etara, "Bidasoa ibaia: ingurumen-balioak eta kontserbazioaren garrantzia" izeneko jarduera egingo da Bidasoaldeko Basozainen eskutik. Bisita gidatu honen bidez, Bidasoa ibaiak Bertizen duen egungo egoera, bere ingurumen-balio nagusiak, erronkak eta kontserbazioaren garrantzia ezagutuko dira. Plazak mugatuak direla kontuan hartuta, aldez aurretik izena eman behar da cinberti@navarra.es helbidean edo 948 59 24 21 telefonora deituz.
Plastikozko itsaso bat
NBEren arabera, “gure planeta plastikozko itsaso batean itotzen ari da. Erabiltzen dugun plastikoa ekoizteko, kontsumitzeko eta botatzeko modua aldatzeko garaia da. Gaur egun, 400 milioi tona hondakin plastiko inguru ekoizten ditugu urtero. Ibai eta lakuek hondakin plastikoak garraiatzen dituzte barrualdetik itsasoetara, eta horrek ozeanoetako kutsadura-bide nagusi bihurtzen ditu”.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak, arazoaren garrantziaz jabeturik, 2021eko uztailaren 3an debekatu egin zuen Foru Komunitatean erabilera bakarreko plater, mahai-tresna, lastotxo, monodosi eta bestelako plastikozko ontzi ez-birziklagarriak saltzea, Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko Foru Legea betez. Zehazki, mahai-tresnak eta platerak, lastotxoak, makilatxoak, edarien irabiagailuak, globoen makilatxoak, janarietarako/poliestireno hedatuko edarietarako eta monodosirako ontziak eta/edo birzikla ezin daitezkeen kapsulak dira. Erabilera bakarreko plastikozko produktuak dira, oro har, gure itsasoak kutsatzen dituzten hondakin guztien % 43.