Amaitu da Nafarroak bultzatutako LCA4Regions Europako proiektua, produktu batek bere bizitzako etapa guztietan izango duen ingurumen-inpaktuari buruzkoa - NaGreen
Amaitu da Nafarroak bultzatutako LCA4Regions Europako proiektua, produktu batek bere bizitzako etapa guztietan izango duen ingurumen-inpaktuari buruzkoa
Azken ekitaldia Lonbardiak Bruselan duen ordezkaritzan izan da, Reyno Gourmet produktuen dastatze batekin
Produktu edo zerbitzu batek bere bizi-zikloaren etapa guztietan izango duen ingurumen-inpaktua aztertzeko Nafarroak bultzatutako LCA4Regions proiektu europarra Lonbardiak Bruselan duen ordezkaritzan egindako ekitaldi batekin amaitu da. Aipatu ekimenean, Europako 7 eskualdetako 9 erakunde bazkidek parte hartu dute.
Azken ekitaldian, LCA4Regions-eko parte-hartzaileek baliabide naturalak modu eraginkorragoan erabiltzera bideratutako eskualde-politikei buruz hitz egin eta eztabaidatu dute, ekonomian eta ingurumenean sortzen dituzten nahi gabeko albo-ondorio negatiboak murrizteko.
Halaber, topaketa Europako Batasunaren 2023ko Aste Berdearen barruan kokatu da. Amaiera ekitaldiaren ondoren, bertaratutakoek Reyno Gourmet produktu sorta bat dastatu ahal izan dute.
LCA4Regions Interreg Europe proiektua da, eta 2019ko abuztuan hasi zen, «Ingurumenaren hobekuntza eta baliabideen eraginkortasuna» izenarekin. Guztira, aurrekontua 1.719.759 €-koa izan da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak % 85eko dirulaguntza hartu du bere gain. Nafarroako Gobernuak 360.525 €-ko aurrekontuarekin parte hartu du.
Proiektuaren helburua da agintari publikoak animatzea beren politiketan bizi-zikloaren ebaluazioa sartzera, ekonomia zirkularra sustatzeko ahaleginean. Nafarroa buru duen proiektuaren partzuergoak honako hauek hartu ditu barne: Lonbardiako (Italia) eta Lodzkieko (Polonia) eskualdeetako gobernuak; NIC, Kimikako Institutu Nazionala (Eslovenia) eta Pyhäjärvi Institutua (Finlandia) zentro teknologikoak; Nafarroako Industria Elkartea (AIN), CIMBAL, Baixo Alentejo Udal arteko Komunitatea (Portugal); Kaunasko Unibertsitate Teknologikoa (Lituania) eta ACR +, Baliabideen Kudeaketa Iraunkorrerako Hiri eta Eskualdeen Elkartea (Belgika).
Amaiera-ekitaldiaren ondoren, erakunde partehartzaile guztiek Nafarroan ekoitzitako edo egindako kalitate-izendapeneko produktuen lagin txiki bat dastatu ahal izan dute Reyno Gourmeten laguntzari esker: ekoizpen ekologikoko produktuak, integratuak, artisau-produktuak, jatorri-deiturak eta adierazpen geografiko babestuak.