Abian da Ingurumeneko Hezkuntzaren Nafarroako 2030erako Estrategiaren partaidetza prozesua - NaGreen

Abian da Ingurumeneko Hezkuntzaren Nafarroako 2030erako Estrategiaren partaidetza prozesua

Helburu nagusia eztabaidarako, hausnarketarako eta ekarpenak biltzeko gune bat sortzea da, ingurumen hezkuntzari lotutako erronka berrietara egokitzeko, zerikusia dutenak klima-larrialdiarekin

Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak herritarren partaidetzarako prozesu bat abiatu du Ingurumeneko Hezkuntzaren Nafarroako 2030erako Estrategia prestatzeko (ENEAS 2030), eztabaidarako, hausnarketarako eta ekarpenetarako gune bat sortzearren. 

ENEAS 2030 esparru-dokumentu bat da, Nafarroako Gobernuak Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzan bultzatu beharreko jarraibideak eta lan-ildoak ezarri nahi dituena, bai eta beste sektore batzuendako orientabideak eman ere. Konkretuki, ENEAS 2030 estrategiak esparru berri bat definitu nahi du, ingurumen hezkuntzaren ikuspegi berrietara egokitua; izan ere, ikuspegiok hertsiki lotuak daude larrialdi klimatikoaren eta iraunkortasunaren arloko nazioarteko eztabaidekin, gizarte eta ingurumen arloetan dauzkagun erronka berriekin eta Nafarroako Gobernuak eskualde-mailan, nazio-mailan eta nazioartean harturiko konpromisoekin. Erronka horiei erantzun behar die Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzak, funtsezko tresna baita inpaktuak murriztu eta ingurunearekin ditugun harremanak hobetzeko irtenbideak bilatu eta abiarazteko (maila guztietako irtenbideak, hala tokian-tokikoak, nola maila globalekoak), eta garapen iraunkorrerantz aurrera egiteko hiru arloetan: gizartean, ekonomian eta ingurumenean.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen du estrategia hori prestatzeko bultzada eta lidergoa, baina Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzarekin lotura duten Gobernuko gainerako departamentuen engaiamendu aktiboa behar da estrategia prestatu eta abiarazteko, bai eta beste administrazio publiko batzuena ere (bereziki toki-erakundeena), eta, orobat, beste eragile eta sektore sozial batzuena. 

Horretarako, informazioa zabaltzeko eta parte hartzeko prozesu bat bultzatuko da, bai barnekoa –Nafarroako Gobernuaren esparruan– eta bai jendaurrekoa, Gobernu Irekiaren Atariaren bidez ekarpenak biltzeko epealdi bat ere egonen delarik.

Parte-hartze prozesua

Parte-hartze prozesuaren helburu nagusia eztabaidarako, hausnarketarako eta ekarpenak biltzeko gune bat sortzea da, ENEAS 2030 - Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Nafarroako Estrategia prestatzeko.

Beraz, komunikatu, aktibatu, esperimentatu, bildu eta dokumentatzea da asmoa, balio hauek izanik prozesuan gidari: inklusibitatea, gardentasuna eta lankidetza.

  • Dagoeneko izena eman dezakezu HEMEN Iruñean irailaren 27an egingo den hasiera-jardunaldian parte hartzeko.
06-sep-2022 9:30:00