2021eko abenduko uholdeen ondoren, Ribaforadako motaren konponketa amaitu da, Nafarroan erreferentziazko obra - NaGreen
2021eko abenduko uholdeen ondoren, Ribaforadako motaren konponketa amaitu da, Nafarroan erreferentziazko obra
Itziar Gómez kontseilariak eta Dolores Pascual CHEko presidenteak in situ egiaztatu dituzte ur-ibilguari leku gehiago ematen dion eta uholdeak gertatuz gero ura Ebro ibaira itzultzea erraztuko duen azpiegitura
Ribaforadako motaren (lubeta edo ezponda) konponketa-lanak amaitu dira dagoeneko. Jarduera berritzailea eta erreferentziazkoa izan da Nafarroan, obra honi esker ibilguaren espazioa handitu eta ura Ebro ibaira itzultzea erraztuko baita, sor litezkeen kalteak murriztuz.
Zehazki, Ribaforadako mota konpontzeko ezarri diren konponbideak nekazaritzako azpiegituretan kalteak murrizteko balioko dute, ura ibilgura itzultzea erraztuz, arestian aipatu bezala. Azken batean., jarduera berritzailea da, azken urteetako irtenbideen ildotik ibaiari leku gehiago ematen diolako, eta, aldi berean, naturarekiko errespetu handiagoa duten elementuak eta materialak erabili direlako.
Motaren obrak Ebro ibaiaren eskuinaldean daude, Ribaforadatik Fustiñanarako errepideko zubitik gora, eta inbertsioa 700.000 eurotik gorakoa da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren kontura.
Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Dolores Pascual Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidentea bat etorri dira azpiegituraren izaera berritzailearekin, eta Ribaforadako motara bisita egin dute gaur, Ignacio Gil Nekazaritzako zuzendari nagusiarekin eta Lorenzo Polanco Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ingurumen-Kudeaketako zuzendariarekin batera.
Departamentuaren eta CHEren arteko koordinazioa funtsezkoa izan da Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiko azpiegitura-zerbitzuko teknikariek larrialdiko jarduerak identifikatzeko lehen fasean, bai eta bi erakundeetako teknikariek ibaien defentsak konpontzeko gainerako jarduketen jarraipena eta garapena egiteko ere.
4,6 milioi aparteko laguntzetan, 2021eko abenduko uholdeen ondoren
Ibaien ibilguetako azpiegiturak konpontzeko lana osatzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 4,6 milioi euroko laguntzak eman ditu, 2021eko abenduko uholdeek kaltetutakoentzako aparteko laguntzen bidez.
CHEren jarduerak Nafarroan
Bestalde, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa etengabe ari da lanean hainbat lerrotan, Nafarroako Foru Komunitateko ibilguak hobetzeko eta Ebro ibaiaren eta ibaiadarren uholdeek eragindako arriskuak eta kalteak murrizteko. Horrela, lau bloketan bil daitezkeen hainbat ekintza-ildo azpimarra daitezke:
- Larrialdiko eta lehengoratzeko obrak
- Ibilguen mantentze-lanak
- EbroResilience Estrategia
- Ibaiak Leheneratzeko Estrategia Nazionala
Larrialdi eta lehengoratze lanei dagokienez, Ebro, Aragoi, Arga, Ega, Irati, Arakil, Alzania, Basaburua, Burunda, Larraun eta Ultzama ibaietako 528 puntutan egin dira, 42 udalerritan.