Instalazioak - Nafarroako Artxibo Garaikidea



Instalazioak
Artxiboa, egoitza askotatik igaro ondotik, Cordovillako Super Ser fabrika zaharrean ezarri zen 1990eko hamarkadaren hasieran.
1964an, Ignacio Orbaiceta Zabalzak Industria Ministerioaren Nafarroako Ordezkaritza Probintzialari eskatu zion haren fabrika —Industrias Reyac— Aralar kaletik Zaragozako errepideko 3. kilometrora lekualdatzeko.
Lehenago, 1940ko azaroan, haren amak, Orbaicetaren alargun Eduarda Zabalzak, bizikletak konpontzeko fabrika bat Industria Erregistroan inskribatzeko eskatu zuen. 1960ko hamarkadarako ziklomotorrak eta etxetresna elektriko txikiak egiteko baimena zuen establezimendu horrek.
Industria-konplexu horretan hozkailuak, arropa lehorgailuak, butano gasezko berogailuak eta garbigailuak fabrikatzen ziren, eta 20.208 m2-ko orube batean instalatuta zegoen. Hamaika industria pabiloi izan zituen, bai eta bulegoak eta zerbitzuak ere, aitzinaldean, goiko solairuan.
Hasieran, 7 teknikari buru, 9 teknikari laguntzaile, 14 administrari, 340 langile gizonezko, 6 langile emakumezko eta 45 ikastun zeuden. 1.500 langile izatera iritsi zen.
Fabrika horrek garapen handia izan zuen 1970eko hamarkadatik aitzina, eta etxetresna elektrikoen esportatzaile nagusietako bat bihurtu zen. Sektorearen krisiaren ondorioz, eraikin enblematiko hori Nafarroako Gobernuaren jabetzara igaro zen.
1990eko hamarkadaren erdialdean, Administrazioaren Artxiboaren egoitza bihurtu zen. Orduz geroztik, zenbait proiektu egin dira bulegoak, gordailuak eta lan eremuak egokitzeko, lantalde teknikoaren beharretarako eta artxiboari esleitutako eginkizunetarako prestatzeko.
Gordailuetan dauden agiriek, gaur egun, 45 kilometroko luzera betetzen dute. Hori guztia gordetzeko, bai eta Nafarroako Gobernuaren bulegoetatik etorkizunean eginen diren transferentziak hartzeko ere, beharrezkoa den ekipamendua dute.


