Tomás Caballero Pastor - Nafarroako Artxibo Garaikidea
Tomás Caballero Pastor
ERREFERENTZIA KODEA
ES/NA/AACF/6/231
IZENBURUA
Tomás Caballero Pastor
MUTURRETAKO DATAK
1891-2019
DESKRIBAPEN MAILA
Funtsa
BOLUMENA
-
11 kasete zintak
-
17 dokumentu
-
1.548 espediente
-
176 liburu
-
165 aldizkako argitalpen
-
10 bideo
EKOIZLEA
Tomás Caballero Pastor
ERAKUNDEAREN HISTORIA
Tomás Caballero Pastor Alfaron jaio zen ustekabean 1935eko otsailaren 25ean. Jaio eta urte gutxira, aita galdu zuen. Tuteran hasi zituen ikasketak, “Elvira España” eskola nazionalean eta, gero, San Francisco Javier ikastetxean egin zuen batxilergoa, kanpo ikasle gisa. Batxilergoa amaitu ondoren, 1953ko apirilaren 14an, administrari hasi zen Fuerzas Eléctricas de Navarra (Fensa) enpresan –gero Iberduero izan zen eta, gaur egun, Iberdrola da–. Urte beranduago, industria perituaren titulua lortu zuen. 1957ko otsailean, Iruñera lekualdatu zuen enpresak.
Laster, bere kezka sozialek bultzatuta, Fensaren artekari sindikaletako bat izatera igaro zen (1957ko urria). 1963an, Ur, Gas eta Elektrizitate Sindikatu Probintzialeko atal sozialeko presidente izendatu zuten eta, lau urte geroago, Langileen Kontseiluko presidente –kargu horretan aritu zen 1974ra arte–. Garai horretan ere, “Virgen del Camino” lanbide heziketa ikastetxeko errektore patronatuko kidea izan zen.
Jarduera politikoa 1971n hasi zuen: Iruneko Udaleko zinegotzi izan zen, tertzio sindikalak hautatuta, bai eta behin-behineko alkate ere, 1976ko urritik 1977ko apirilera bitartean.
1974an otsailean, Nafarroako Foru Kontseilu Administratiboko kide aukeratu zuen Iruñeko merindadeko tertzio sindikalak, eta 1978ra arte izan zuen kargu hori. Urte horretan, desegin ezin zen aipatu kontseilua eta haren eskumenak Nafarroako Parlamentuari eskualdatu zitzaizkion.
1977ko hauteskunde orokorretan, Kongresurako aurkeztu zuen bere burua (zerrendaburu izan zen) Frente Navarro Independiente hauteskunde-koalizioarekin, baina ez zuten hautatu.
1986an, Partido Reformista Democrático en Navarra garatzen parte hartu zuen, eta Senaturako aurkeztu zuen bere burua Nafarroatik, 1986ko hauteskunde orokorretan. Oso txarrak izan ziren hauteskunde-emaitzak, eta alderdia handik gutxira desagertu zen.
1978ko martxoan Iruñeko Udaleko zinegotzi kargua utzi zutenetik, 1995ean UPNren udal taldearen eledun gisa udal zereginetara itzuli zen arte, mundu sindikalean aritu zen buru-belarri Iberdueroren* ordezkari gisa, eta, gainera, Oberenaren presidente izan zen –hamar urtez izan zen presidente–. Bere humanismo kristauak eta kezka sozialak bultzatuta, ekimen politiko eta sindikal ezberdinetan inplikatu zen demokraziarako trantsizio prozesu konplexuan. ETA talde terroristak hil zuen 1998ko maiatzaren 6an, etxetik ateratzen ari zela Iruñeko Udalera joateko. UPNren zinegotzi eleduna zen bertan.
*Tomás Caballerok, 1978ko otsailaren 10ean, Nafarroako Elektrizitatearen arloko Langileen Batasun Sindikala (USTEN, gaztelaniako siglen arabera) sortzea sustatu zuen. Urte horretako apirilean, Iberduero taldeko Elektrizitatearen arloko Sindikatu Independenteen Taldean (ASEI, gaztelaniako siglen arabera) eta Energiaren Elkarte Sindikalen Federazioan (FASE, gaztelaniako siglen arabera) sartu zen.
1980aren eta 1993aren artean, sindikatua antolatzeko eta zuzentzeko lanetan parte hartu zuen, bai eta langileen eskubideak defendatzen ere.
HISTORIA ARTXIBISTIKOA
Tomás Caballeroren funtsak antolaketa partziala zuen. Tomásek berak gaika antolatu zituen karpeta asko (Oberena, 95eko hauteskundeak, Tutera, MECA, FENSA, ETA, udala, HB kereila...). Karpeta horietako batzuetan, gainera, zerrenda bat zegoen, karpeta bakoitzean zer dokumentu zeuden zehaztuta, 1995ean egina.
Horrez gain, dokumentu asko ez zeuden ez karpetetan ez zerrendetan sartuta.
Tomás Caballeroren hilketaren ondoren, Caballero Martínez familiarena zen lokal batera eraman zen dokumentazio guztia, liburuez, aldizkariez, eta abarrez gain.
2004aren eta 2006aren artean, Jesús María Fuentek eta Víctor Manuel Arbeloak dokumentuetako batzuk kontsultatu zituzten, eta horiek antolatzen joan ziren, Tomás Caballeroren biografian jorratzen diren gai handien arabera.
2021ean, Tomás Caballeroren familia harremanetan jarri zen Artxiboen Zerbitzuko zuzendariarekin funtsa Nafarroako Artxibo Garaikideari dohaintzan emateko.
2020-2021 ikasturtean, Carmen Lacarrak Carlos III Unibertsitateko (Madril) Artxibistika Masterreko praktikak egin zituen eta, aurreko antolaketa ahalik eta gehien errespetatuz, honako lan hauek egin zituen:
- Liburutegia, aldizkaritegia eta artxiboko dokumentuak bereizi zituen.
- Dokumentuak kutxa normalizatuetan gorde zituen.
- Kutxa normalizatu bakoitzeko edukia zerrenda batean jaso zuen.
- Lehen sailkapen koadro bat egin zuen, Espainiako Unibertsitateen Artxiboen Konferentziaren Artxibo Pertsonalen Lantaldeak argitaratu zuena oinarri hartuta.
- Nafarroako Artxibo Garaikideari dokumentazioa bidali zion.
Dokumentazioa Nafarroako Artxibo Garaikidean jaso ondoren, funtsa antolatu da –jatorriaren printzipioari eutsi zaio eta sortu ziren jatorrizko ordena errespetatu da–, unitate dokumental bakoitza deskribatu da, galduta zeuden paperak beren jatorrizko tokira bueltatu dira eta behin betiko sailkapen koadro bat egin da, besteak beste.
Erabaki da dokumentazioa bere oraingo seriearen arabera antolatzea fisikoki, eta signatura zahar modura Tomás Caballerok karpeta bakoitzari emandako izena mantentzea.
EDUKIA
Nabarmentzekoak dira 1960ko eta 1970eko hamarkadetako Nafarroako aukera ideologiko osoko paskin, liburuxka eta aldizkari ugariak; karpetatan, askotariko erakundeak biltzen dira: ORT, UGT, CCOO, USO, Unión de Juventudes Maoistas, Joven Guardia Roja, ELA, PTE, PSOE, Frente Navarro Independiente, Alderdi Komunista, Eusko Alderdi Jeltzalea, Euskadiko Alderdi Karlista, CT, monarkikoak, UCD, UPN, baita ETA ere.
Gainera, dokumentazioak islatzen du bere bilakaera pertsonala, bere familia, Tutera, Fuerzas Eléctricas de Navarran egindako lana, mundu sindikalean izan zuen parte-hartze goiztiarra (Langileen Kontseiluan egin zuen lanetik sindikatu profesional independente bat sustatzeko egin zituen ahaleginera), 1970eko hamarkadako Iruñeko Udalean emandako denbora (lehenik zinegotzi gisa eta gero behin-behineko alkate gisa), Oberena Klubeko presidente izendatu zutenekoa eta UPNrekin udalera itzuli zenekoa. Hemen nabarmentzen dira, halaber, hitzaldi, elkarrizketa eta hitzaldietarako prestaketa-oharrak, edo albisteetarako oharrak.
Egunkari zatiek ere islatzen dituzte ibilbide pertsonal hori eta bere bizitzako “gai” garrantzitsuak (Tutera, sindikalismoa, Iruñeko Udala eta Oberena), eta Espainiako gizartearen, oro har, eta, bereziki, Nafarroako gizartearen gai nagusiekiko zuen kezka, interesa eta jakin-mina, trantsizioko urte gorabeheratsuak, grebak eta manifestazioak, hauteskunde-prozesuak eta talde eta alderdi politiko desberdinak eta terrorismoa ere bai, besteak beste. Gordetzen zituen prentsa-dosier ugariek horiek guztiak zituzten hizpide.
Historiarekiko eta erlijiotasunarekiko zuen lilura erakusten du liburutegiak.
Azkenik, beste kutxa batzuetan, erakundeetan egin zuen lanaren aintzatespenak eta, 1998ko hiketaren ondoko atsekabe eta dolu lekukotzak jasotzen dira.
ANTOLAKETA
231 TOMÁS CABALLERO PASTOR |
|
|||||||
|
ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK
Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa.
DESKRIBAPEN TRESNAK
Inbentario hori Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta areto barnean kontsultatu daiteke.
