Geldilekuak eta ostatuak - Nafarroako Artxibo Garaikidea
Geldilekuak eta ostatuak
"Geldilekuak eta ostatuak" zikloak ezagutarazi nahi du Nafarroako Artxibo Garaikideak honako hauei buruz gordetzen duen dokumentazioa: ostatuak, hostalak, hotelak, ostatu etxeak eta apopilo etxeak. Oso ezagunak ez ziren funts dokumentalak aurkezten dira, abiapuntu izan daitezkeenak Nafarroako garaiko historiaren ikasketa eta ikerketa eremu berrietarako.
Ostalaritza establezimenduak sailkatzeko espedienteak dira, 1939tik 1986ra artekoak, Informazio eta Turismo Ministerioaren Probintzia Ordezkaritzak emanak. 1939ko apirilaz geroztik, ezarri zen nahitaezkoa zela Gobernazio Ministerioaren baimena (eta, 1951z geroztik, aipatutako Probintzia Ordezkaritzarena) ostatu ematen zuen edozein enpresa edo negozio irekitzeko. Eskaerari erantsita, establezimenduaren eraikin edo solairuaren planoa aurkeztu behar zen, berariaz adierazita logelak, komunak eta prezioak (logelarena eta otorduenak).

Espediente horietan, gainera, memoriak, errentamendu kontratuak, titulartasun aldaketak, bajak eta argazkiak agertzen dira. Horregatik, oso interesgarriak dira aitzineko mendeko Nafarroaren egoera ekonomikoa eta soziala ezagutzeko. Nabarmentzekoa da gaur egun establezimendu horietako asko irekita daudela, eta hasieran emakumeak izaten zirela negozioburu.
Nafarroako Artxibo Garaikideak 1.000 espediente baino gehiago gordetzen ditu. Orain arte, Artxibo Irekian honako hauen lehen sorta argitaratu da: turismo establezimenduak, lehen mailako hotelak, bigarren mailako hotelak, hirugarren mailako hotelak, ostatu-etxeak, apopilo-etxeak eta ostatuak —horiexek ziren establezimenduen kategoriak, emandako zerbitzuen kalitatearen arabera—. Negozioen erreferentziez gain, titularra, urteak eta herria jasotzen dira, bai eta, halakorik balego, planoak eta argazkiak ere.