Arkitektura paperean - Nafarroako Artxibo Garaikidea
Arkitektura paperean
Nafarroako Artxibo Garaikideak, Nafarroako XX. mendeko arkitektura hedatzeko asmoz, gordetzen dituen obra proiektuen lagin adierazgarri bat argitaratu du Artxibo Irekian. Artxibo Garaikideak eraikuntza proiektu asko gordetzen ditu, batez ere Etxebizitza Zerbitzuak (garai bateko Probintzia Ordezkaritzaren oinordekoa) emanak, baina baita ere Industriaren eta Herri Lanen Zuzendaritza Nagusietatik jasoak.

Ondorioz, iturri sorta interesgarria jaso da, Nafarroako eraikuntza paisaiari lotutako edozein azterketa edo ikerketa abiatzeko. Orain arte honako hauen planoak (altxaerak, batez ere) jarri dira herritar guztien eskura: etxebizitza partikularrak, lantegiak, merkataritza lokalak, eskolak, ile apaindegiak, bulegoak, fabrikak eta baserriak, Nafarroako hainbat herritan 1937 eta 1968 artean eginak, gutxi goiti-beheiti.