(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ehiza :
      • 352/2010 Foru Agindua, uztailaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2010-2011 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

352/2010 Foru Agindua, uztailaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2010-2011 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena

 

(2010eko 96. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 9an)

Atarikoa

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendu gai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen aginduko du.

Halaber, foru lege beraren 7.d) artikuluak xedatzen du debekualdiei buruz urteoro ematen duen xedapen orokorrari eta Ehiza Antolatzeko Planari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.

Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2009-2011 kanpainan ehiza egitea arautzen duen xedapen orokorra onestea.

Hori horrela, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik eta aldez aurretik Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aldeko txostena luzatuta, agindu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Honako foru agindu honen helburua da Nafarroan izanen den ehizarako 2010-2011 kanpainaren berariazko araudia ezartzea.

2. artikulua. Ehiza garaiak.

Foru agindu honek ehiza barrutietarako ehiza garaiak oro har zehaztuko ditu; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen Ehiza Antolatzeko Plan onetsietan agertzen diren beste ehiza jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legetik eratortzen ahal diren ehiza modalitate berriak onetsitako Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusiak beharko dute egon edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimenduak izan.

II. KAPITULUA. Ehizarako espezieak eta izurri diren espezieak

3. artikulua. Ehizarako espezie baimenduak eta izurri diren espezieak.

Nafarroan, 2010-2011 kanpainan, honako espezie hauek harrapatzea izanen da zilegi:

1.-Ehiza espezieak:

-Ugaztunak:

Erbia (Lepus spp.).

Untxia (Oryctolagus cuniculus).

Azeria (Vulpes vulpes).

Basurdea (Sus scrofa).

Oreina (Cervus elaphus).

Adarzabala (Dama dama).

Orkatza (Capreolus capreolus).

-Hegaztiak:

Antzara hankagorrizta (Anser anser).

Basahatea (Anas platyrhynchos).

Zertzeta arrunta (Anas crecca).

Eper gorria (Alectoris rufa).

Galeperra (Coturnix coturnix).

Faisaia (Phasianus colchicus).

Kopetazuri arrunta (Fulica atra).

Hegabera (Vanellus vanellus).

Oilagorra (Scolopax rusticola).

Istingor arrunta (Gallinago gallinago).

Pagausoa (Columba palumbus).

Txoloma (Columba oenas).

Usapal arrunta (Streptopelia turtur).

Birigarro arrunta (Turdus philomelos).

Birigarro txikia (Turdus iliacus).

Durdula (Turdus pilaris).

Garraztarroa (Turdus viscivorus).

Mika arrunta (Pica pica).

Bele txikia (Corvus monedula).

Belea (Corvus corone).

2.-Izurri diren espezieak:

Ehizaldi guztian harrapatzen ahalko dira izurri diren espezieei buruzko foru aginduan sartutako espezie guztiak, betiere foru agindu honetan ezarritako mugekin.

III. KAPITULUA. Ehizaldiak

4. artikulua. Ehizaldiak eta ehiza egunak.

1. Ehizaldiak eta ehiza egunak kapitulu honetan finkatzen direnak dira, ireki eta ixteko egunak barne. Ehiza-barrutiren bat herri zenbaitek osatua baldin bada, herri haietariko bateko jaia hautatu beharko da eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haren berri eman.

2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Egutegitik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.

5. artikulua. Basurdea.

1. Basurdea uxaldietan ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko irailaren 2tik 2011 otsailaren 27ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Arku bidezko ehiza egun horietan uxaldietan, gaueko itxaronaldietan, zelatan eta uxaka egiten ahalko da.

2. Heltze zakurren bidezko ehiza debeku izanen da. Debekatua dago basurdetara joateko honako zakur-arrazak eta beren mestizoak erabiltzea: dogo, bulldog, pitbull, rotweiler, boxer, doberman eta Kanarietako ausiki-zakurra. Basurde uxaldietan, arrastoko usna-zakurrekin batera, gehienez arraza hauetako edo haien hibridoetako bi zakur erabiltzen ahalko dira: ohalanoa, alemaniar ardi zakurra eta artzakurra.

3. Basurdea ehizatzeko, gutxienez ere lau ehiztarik bildu behar dute.

6. artikulua. Orkatza.

1. Orkatza uxaldietan ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko irailaren 2tik 2011ko urtarrilaren 16ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakar-bakarrik kasuan kasuko Ehiza Antolatzeko Planak zehaztutako kopurua. 2011ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besoko seinaleen gordekinak eta eme eta kumeen besoko erabili gabeak aurkeztu beharko dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan eta Ingurumen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

2. 2011ko apirilaren 1etik 2011ko ekainaren 30era arte, egunero ehizatzen ahalko dira, zelatan, Ehiza Antolatzeko Planeko kupoaren barruan sartutako arrak, denboraldian bota ez direnak. 2011ko abuztuaren 20a baino lehen, zelata bidezko ehizan erabilitako besoko seinaleen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu behar dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendurik egiterik ez izatea.

7. artikulua. Oreina.

1. Baimena ematen da orein arrak zelata eginez ehizatzeko, egunero, 2010eko irailaren 12tik 2010eko urriaren 3ra arte, Ehiza Antolatzeko kasuan kasuko Planean xedaturikoarekin bat.

2. Uxaldietan ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko urriaren 10etik 2011ko urtarrilaren 16ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakar-bakarrik kasuan kasuko Ehiza Antolatzeko Planak zehaztutako kopurua.

3. 2011ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besoko seinaleen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu behar dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

4. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendurik egiterik ez izatea.

8. artikulua. Adarzabala.

Adarzabala ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko urriaren 10etik 2011ko urtarrilaren 16ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

9. artikulua. Azeria.

Azeria ehizatzeko baimena ematen da ondorengo modalitate hauen arabera:

a) Salto-ehiza modalitatea: galeperra debekualdi erdian ehizatzen ahal den egun eta toki beretan ehizatzen ahalko da, 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

Untxia epealdi orokorretik at ehizatzeko baimena duten barrutietan, azeria salto-ehizan ehizatzen ahalko da, untxia ehizatzeko baimendutako egun eta toki beretan.

b) Uxaldi modalitatea: uxaldietan ehizatzen ahalko da, 2010eko irailaren 2tik 2011ko otsailaren 27ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

c) Esperoan egotearen bidezko modalitatea: 2010eko azaroaren 1etik 2011ko otsailaren 27ra arte ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, gordelekuen inguruan.

10. artikulua. Eperra eta erbia.

1. Eperra eta erbia ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz, dagokien kontaketekin bat. Ehizatzeko ordutegia gehienez ere 14:00ak arte izanen da.

2. Eskopeta bidezko ehizan, ehiztari bakoitzak, eguneko, bi espezie hauek batera hartuta, hiru ale botatzen ahalko ditu gehienez. Salto-ehizako modalitatean ehiztari bakoitzak, eguneko, erbi bat botatzen ahalko du gehienez, eta uxaldi modalitatean talde bakoitzak bi erbi botatzen ahalko ditu gehienez. Erbia eta galeperra ehizatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen. Europar erbia ehizatzeko, uxaldi modalitatean, ehiztari-taldeak gehienez ere 6 kidekoak izanen dira.

3. Erbi-ehiza xarlangoz egin daiteke, eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere pertsona edo ehiza-taldeko bi xarlango direla eta zakur laguntzailerik gabe, adierazitako egunez gain, larunbatetan ere bai. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsona edo ehiza-taldeko, eta taldeak, gehienez ere, 6 pertsonakoak.

4. Ehiza-barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza-egun bakoitzean atzemandako animaliak kontrolatu ahal izateko, animalia harrapatzen den unetik beretik.

5. Larreratzeko baimena ematen da eta pertsona bakoitzak gehienez ere 4 luma eta usna-zakur erabiltzen ahalko ditu eperra eta erbia dituzten hegoaldeko ehiza barrutietan, 2010eko urriaren 3an, 10ean eta 17an.

11. artikulua. Untxia.

1. Untxia ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.

2. Untxiaren kalteak justifikatzen dituzten ehiza barrutiak, (kalteak direla eta untxia ehizatzeko baimena izandakoak), edo barruti osoan 3 IKA baino handiagoa dutenak, edo Ehiza Antolatzeko Planetan ezarritako eremu zehatzetan, toki guzti horietan ehizatzen ahalko dute 2010eko abuztuaren 1etik 2010eko urriaren 10era arte, larunbat, igande eta jaiegunetan, modu antolatuan. Ehizaldi hauetan zaindari bat beharko da nahitaez. Horretarako, aldez aurretik jakinaraziko zaizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ehiza egun zehatzak, kalteen justifikazioa eta zaindariaren kontratazioa.

12. artikulua. Ur hegaztiak.

1. Antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Basahatea ere ehizatzen ahalko da, 2010eko abuztuaren 15etik 2010eko irailaren 12ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko eremuan, aipatu epean, Ehiza Antolatzeko Planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.

13. artikulua. Oilagorra.

1. Oilagorra ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko urriaren 10etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, oihan eremuetan eta ohizko txilina edo txilin elektronikoa duten zakurrak erabilita.

2. Ehiztari bakoitzak hiru animalia harrapatzen ahalko ditu gehienez eguneko. Ehiza-barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza-egun bakoitzean atzemandako animaliak kontrolatu ahal izateko.

3. Pasako postuetan eta uharketan debekatua dago oilagorra ehizatzea.

4. Hotz handiko egun berezietan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak epe hori zori egun gisa deklaratzen ahalko du, ehiza debekatuz, eta hedabideen bidez jakinarazi beharko du.

14. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.

1. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.

3. Uso migratzaileen postuetatik ere ehizatzen ahalko da, 2010eko urriaren 1etik abenduaren 8ra arte, usoarendako baldintza beretan.

15. artikulua. Galeperra.

1. Galeperra ehizatzeko baimena ematen da:

a) Hegoaldeko eremuan, 2010eko abuztuaren 15etik 2010eko irailaren 12ra arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, Ehiza Antolatzeko Planetan ezarritako eremuen barnean.

b) Iparraldeko eremuan, 2010eko abuztuaren 15etik 2010eko irailaren 12ra arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, ehiza barruti guztietan.

2. Halaber, espezie hau ehizatzen ahal da eper gorriarendako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan.

3. Bi eremuetan gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.

16. artikulua. Usapala.

1. Usapala ehizatzeko baimena ematen da:

a) Hegoaldeko eremuan, 2010eko abuztuaren 15etik 2010eko irailaren 12ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, soilik galeperraren toki beretan eta usoak ehizatzeko postuetan.

b) Iparraldeko eremuan, 2010eko abuztuaren 15etik 2010eko irailaren 12ra arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, ehiza barruti guztietan.

2. Bi eremuetan gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale harrapatzen ahal ditu.

17. artikulua. Mika, bele txikia eta belea.

Baimena ematen da mika, bele txikia eta belea foru agindu honetan beste edozein espezie ehizatzeko ezarritako garaietan ehizatzeko, baldintza beretan.

18. artikulua. Pagausoa eta txoloma.

1. Pagausoa eta txoloma ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko urriaren 1etik 2010eko abenduaren 8ra arte, baimendutako postu eta txaboletan, egunero.

2. Salto-ehizarako baimena ere ematen da, 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

19. artikulua. Faisaia.

Faisaia ehizatzeko baimena ematen da, 2010eko azaroaren 1etik 2011ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

IV. KAPITULUA. Eremuak

20. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean iparraldeko eta hegoaldeko eremuen arteko muga egiten duen marra.

Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean iparraldeko eta hegoaldeko eremuen arteko muga egiten duen marra hauxe izanen da:

Arabako mugatik hasita, Aguilar Kodesko, Marañongo, Cabredoko eta Genevillako udal mugapeen arteko mugatik; Kodesko haitzetik jarraitzen du eta San Cristóbal, Concepcioneko haitza, Ubagoko mendiak, Cabregako mendilerroa, Los Arcos-Mendaza errepideko 6. kilometroa, San Gregorioko gaina, Etaiu eta Monjardinetik Labeagara doan uren isurialdeen banatzailean barna, Gasteiz eta Lizarra arteko errepideraino, errepide horretatik Lizarraraino jarraituz. Hortik, Lizarra-Gares errepidean gaindi, Allozko errepideko bidegurutzeraino, gutxi gorabehera, Lorkara ailegatu baino kilometro erdia lehentxeago; bidegurutze horretatik Allozko errepidean barna Aritzalaraino. Aritzalako udal mugapean Muetz, Jaitz, Izurtzu eta Etxaurin barnako errepidetik segitzen du, eta hortik zuzenean Arga ibairaino, Otazu eta Eriete artean, ibaiari jarraikiz Hiriberriraino. Hiriberritik, uren isurialdeen banatzailean barna Ipasatetik Erreniega mendatera eta handik ur isurialdeen banatzailean barna Erreniegako gaineraino, ondotik Ondarra Fundaziotik barrena jaitsiz, Biurrungo errepidetik Garesko errepidera, Zaragozako errepideko bidegurutzeraino; hortik Diputazioaren harrobitik Alaitz mendikateko kaxkora, eta aipatu mendikateko eta Izkoko uren isurialdeen banatzailean barna Loitiko gaineraino. Hortik, N-240 errepidean zehar, Nardozetik pasatuz, Venta de Judas delakora, eta hartatik Irunberriko errepidean barna herrira ailegatu arte. Irunberritik Leireko Monasterioko bideari jarraikiz, mendikateko ur isurialdeen banatzailean barna eta banatzaile horretan gaindi Zaragozako probintziako mugara ailegatu arte.

Iparraldeko eremuan Petilla Aragoi eta Petillako Los Baztanes sartzen dira.

V. KAPITULUA. Usoa ohiko pasabideetan ehizatzeko arauak

21. artikulua. Tiro egiteko postuak.

Tiro egiteko postuak, bai isolatuak bai ilaran daudenak, finkoak izanen dira eta mendilerroen tontorretan edo horien magalen goiko aldeetan beharko dute egon. Debekaturik dago eskopetekin batetik bestera ibiltzea eta armak zorroetatik kanpo izanda ehiza-postuetatik at ibiltzea, ehiztaria postutik hurbil erori den usoa jasotzera joaten den kasuetan izan ezik, kasu horietan arma kargatua eramaten ahalko baitu.

22. artikulua. Postuetarako baimena ematea.

1. Uso migratzaileak ehizatzeko tiro egiteko postu edo txabola berri bat jartzea edo baimendutakoak tokiz mugitzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimendu beharko du, dagokion Ehiza Antolatzeko Planean.

2. Tipo egiteko postuek, itxarote lerroan kokatuek, gutxienez ere 50 metroko aldea izanen dute beren artean.

23. artikulua. Interferentziak.

Postuen artean interferentziarik bada, zaharrenak izanen du lehentasuna. Interferentzia dago lehentasunezko postuaren eraginkortasuna gutxitzen denean eta ukituriko postuen titularren artean batera ehizatzeko adostasunik ez dagoenean.

24. artikulua. Postuen aprobetxamendua.

Postuak ehiza administratzeko ezarritako arauekin bat aprobetxatuko dira.

25. artikulua. Debekuak.

Debekaturik dago usoek hartutako bidea aldatzeko keinu, tiro edo beste edozein sistema erabiliz usoak izutu eta uxatzea. Nolanahi ere, zilegi da legeari jarraituz ezarritako txaboletan, bizirik, itsutu eta elbarritu gabeko apeuko usoak erabiliz usoak ehizatzea, betiere horrek usoari bere bidea utzarazten ez badio eta, horren ondorioz, legez paratutako beste postuetako ehiza galarazten ez badu.

26. artikulua. Postuen ezaugarriak.

Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Postuen ingurua txukun mantentzea kudeaketaren titularraren ardura da. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, hala badagokio, legezko neurriak hartuko ditu baldintza horiek betetzen ez dituzten postuetan ehiza eragozteko.

27. artikulua. Postuen iraungitzea.

Ehiza-postu bat hurrenez hurreneko hiru urtetan ez erabiltzeak baimenaz gabetzea ekarriko du berarekin.

28. artikulua. Ehiztari kopurua postu bakoitzeko eta eskopeten erabilera.

Usoa ehizatzeko baimendutako postu bakoitzean gehienez ere hiru ehiztari aritzen ahalko dira aldi berean. Ehiztari bakoitzak eskopeta bakarra edukitzen ahalko du postuan.

VI. KAPITULUA. Birigarroa baimenduriko postuetatik ehizatzeko arauak

29. artikulua. Tiro egiteko postuak.

Ehiza-postuak finkoak izanen dira, eta debekatua dago eskopetarekin batetik bestera ibiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako birigarroren bat biltzeko izan ezik. Horrelakoetan, arma deskargaturik eraman beharko da.

30. artikulua. Postuetarako baimena ematea.

1. Postu berri bat jartzea edo baimendutakoak tokiz mugitzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimendu beharko du, dagokion Ehiza Antolatzeko Planean.

2. Postu bakoitza beste postuen ohiko tirabidetik kanpo kokatuko da. Postuen artean gutxienez 50 metroko tartea egonen da.

31. artikulua. Postuen ezaugarriak.

Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Postuen ingurua txukun mantentzea kudeaketaren titularraren ardura da. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, hala badagokio, legezko neurriak hartuko ditu baldintza horiek betetzen ez dituzten postuetan ehiza eragozteko.

32. artikulua. Postuen iraungitzea.

Postu bat hurrenez hurreneko hiru urtetan ez erabiltzeak baimenaz gabetzea ekarriko du berarekin.

33. artikulua. Ehiztari kopurua postu bakoitzeko eta eskopeten erabilera.

Birigarro ehizarako baimena duen postu bakoitzean, gehienez ere hiru ehiztari egoten ahal dira aldi berean. Ehiztari bakoitzak eskopeta bakarra edukitzen ahalko du postuan.

VII. KAPITULUA. Xedapen bereziak

34. artikulua. Eperra harrapatzea, apeu bidez.

Eperra apeu bidez harrapatzea debekaturik dago.

35. artikulua. Gizakiak hazi eta mendira botatako ehiza.

Gizakiak hazi eta mendira botatako ehizaren modalitatea onetsitako Ehiza Antolatzeko Planetan ezarritako eremuetan egiten ahalko da soilik. Eremu horiek erabiltzeko epea hurrengo hau izanen da: 2010eko abuztuaren 15etik 2011ko otsailaren 20ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

36. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, ehiza elkarte frantsesekin partekatuak.

Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, ehiza elkarte frantsesekin batera daudenetan, tzian dauden baldintza berberetan ehiza daiteke udazkeneko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak.

37. artikulua. Ehiza-kiroleko txapelketak.

Ehiza-kiroleko txapelketak egiteko beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren aldez aurreko aldeko txostena. Foru agindu honetan ezarritako kopuruak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehiza-kiroleko txapelketetan gainditzen ahalko dira.

38. artikulua. Ehizatutako animaliak.

Ehizatutako animaliak etxeratu baino lehen lumatu edo larrutzen badira, burua eta hankak erauzi gabe bertan eduki behar dituzte, identifikatu ahal izateko.

39. artikulua. Inurri hegodunak.

Debeku da inurri hegodunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita karnata gisa erabiltzea ere.

40. artikulua. Zakurrak hezteko eremuak.

Zakurrak hezteko eremuak, Ehiza Antolatzeko Planetan baimenduak, plan bakoitzean zehaztutakoaren arabera erabiltzen ahalko dira.

41. artikulua. Segurtasun neurriak ehiza larriko uxaldietan.

Ehiza larriko uxaldiak behar bezala seinalatuko dira bide eta sarbideetan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek ikusgarritasun handiko txalekoak jantzi beharko dituzte, laranja kolorekoak, ahal bada.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Merkaturatzeko debekua.

2010-2011ko ehiza denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa