Castellano | Euskara | Français | English
(2015eko 122. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 25ean)
Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.
Halaber, foru lege beraren 7.d) artikuluak xedatzen du debekualdiei buruzko xedapen orokorrari eta Ehiza Antolatzeko Planari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.
Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2015-2016 kanpainan ehiza arautzen duen xedapen orokorra onestea.
Hori horrela, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik eta aldez aurretik Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aldeko txostena emanik, agindu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Nafarroan 2015-2016 kanpainako ehizari buruzko araudi berariazkoa finkatzea da foru agindu honen xedea.
2. artikulua. Ehizaldiak.
Foru agindu honek, oro har, ehiza barrutietarako ehizaldiak finkatzen ditu; horrek, dena dela, ez du zertan eraginik izan Ehiza Antolatzeko Planetan ageri diren beste jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen ondoriozko ehiza modalitate berriek Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusiak egon beharko dute, edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimenduak izan.
II. KAPITULUA. Ehizarako espezieak eta izurri diren espezieak
3. artikulua. Ehizarako espezie baimenduak eta izurri diren espezieak.
Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoak dira 2015-2016 denboraldian ehizatzeko Nafarroan baimentzen diren espezieak; foru dekretu horren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.
2. Izurri diren espezieak.
Basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak uztailaren 20an emandako 351/2010 Foru Aginduan sartutako espezieak harrapatzen ahal dira, ehizarako baimendutako denboran jakina, foru agindu honen mugen barrenean.
III. KAPITULUA. Ehizaldiak
4. artikulua. Ehizaldiak eta ehiza egunak.
1. Kapitulu honetan finkatutakoak dira ehizaldiak eta ehiza egunak, ehizaldia irekitzeko eta ixteko egunak barne. Ehiza barrutiren bat zenbait udalerrik osatua baldin bada, haietako bateko jairen bat hautatu beharko da, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haren berri eman.
2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Egutegitik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.
5. artikulua. Basurdea.
1. Baimena ematen da basurdea ehizatzeko, 2015eko irailaren 3tik 2016ko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, su armaz uxaldietan, lasterkako ehizaldietan eta gaueko itxaronaldietan, eta arkuz uxaldietan, lasterkako ehizaldietan, uxaka, zelatan eta gaueko itxaronaldietan.
Gaueko itxaronaldiak -ehiza su-armaz egin edo arkuz- Ehiza Antolatzeko Planean baimendutako postuetan egin beharko dira.
2. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen ehiza barrutietan, uxalditan ehizatzen ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.
6. artikulua. Orkatza.
1. Orkatza uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, 2015eko irailaren 3tik 2016ko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Epe horretan berean baimenduta dago zelatan eta uxaka ehizatzea asteko egun guztietan. Dagokion Ehiza Antolatzeko Planean zehaztuko dira kupoak.
Erabilitako besokoen gordekinak, baita eme eta kumeen besoko erabili gabeak ere, 2016ko martxoaren 14a baino lehenago aurkeztu beharko dira eskualdeko Zaintzan edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.
2. 2016ko apirilaren 1etik uztailaren 31ra arte, egunero ehizatzen ahalko dira, zelatan, Ehiza Antolatzeko Planeko kupoaren barrenean sartu baina denboraldian bota ez ziren orkatz arrak. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinaraziko zaio eskualdeko Zaintzari; orobat, erabiliko den besokoaren zenbakia ere adieraziko zaio. 2016ko irailaren 1a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.
3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.
7. artikulua. Oreina.
1. Baimena ematen da orein arrak zelata eginez ehizatzeko 2015eko irailaren 1etik 30era arte, egunero, Ehiza Antolatzeko kasuan kasuko Planean xedaturikoari jarraikiz. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio eskualdeko Zaintzari.
2. Uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, 2015eko urriaren 12tik 2016ko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planak ezarritako kopurua betiere.
3. 2016ko martxoaren 14a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira eskualdeko Zaintzan edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.
4. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.
8. artikulua. Adarzabala.
Baimena ematen da adarzabala ehizatzeko 2015eko urriaren 12tik 2016ko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Adarzabala ehiza larriko uxaldietan baizik ezin izanen da harrapatu.
9. artikulua. Azeria.
Baimena ematen da azeria ehizatzeko, honako ehiza modalitateen bidez betiere:
a) Saltoko modalitatean: galeperra harrapatzen ahal den egun eta toki beretan ehizatzen ahalko da, debekualdi erdian, eta 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
Untxia epe orokorretik kanpo ehizatzeko baimena dagoen barrutietan, azeria ere harrapatzen ahalko da, salto-ehizan, untxia harrapatzeko baimendutako egun eta toki beretan.
b) Uxaldiko eta taldeko modalitateetan: 2015eko irailaren 3etik 2016ko otsailaren 28ra arte harrapatzen ahalko da azeria modalitate horietan, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Ehiza larriko uxaldietan baizik ezin izanen zaio balaz tiro egin. Espres azeria harrapatzeko uxaldietan, perdigoiez egin beharko zaio tiro.
c) Itxaronaldiko modalitatean: 2015eko azaroaren 1etik 2016ko otsailaren 28ra arte ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, azeri-zuloen inguruan.
10. artikulua. Eperra eta erbia.
1. Baimena ematen da eperra eta erbia harrapatzeko 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz, behar den kontaketa eginez betiere. Ehiztariak 14:00ak arte aritzen ariko dira ehizan beranduenez.
2. Eskopeta bidezko ehizan, ehiztari bakoitzak, eguneko, bi espezie hauek batera hartuta, hiru ale botatzen ahalko ditu gehienez. Salto-ehizako modalitatean ehiztari bakoitzak, eguneko, erbi bat botatzen ahalko du gehienez, eta, uxaldian, talde bakoitzak bi erbi botatzen ahalko ditu gehienez. Erbia eta eperra botatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen. Uxalditan, europar erbia harrapatzeko taldeak gehienez ere 6 kidekoak izanen dira.
3. Xarlangoz (erbi-txakurrez) egindako erbi ehiza (eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere bi xarlango askerekin pertsonako edo ehiza taldeko, beste bi xarlango loturekin eta arrastoko usna bi zakurrekin), epe horren barrenean, larunbatetan ere egiten ahal da, arestian adierazitako egunetan ez ezik. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsonako edo ehiza taldeko, eta taldea, gehienez ere, 6 pertsonak osatua.
4. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza egun bakoitzean animalia harrapatzen den unetik beretik atzemandako animaliak kontrolatzeko.
5. Larreratzeko baimena ematen da, eperra eta erbia dituzten ehiza barrutietan, 2015eko urriaren 3an, 4an, 10ean, 11n, 17an eta 18an. Ehiztari bakoitzak gehienez ere 4 txakur erabiltzen ahalko ditu, lumarako txakurrak edo arrastoko usna zakurrak betiere).
6. Eperra eta erbia harrapatzeko baimendutako egunetan, Ehiza Antolatzeko Planean espezie hauetarako ezarritako babeslekuak erreserbatzat joko dira. Horregatik, ezin izanen da inolako ehiza jarduerarik egin egun horietan. Ehiztariek babeslekuak bideetatik baizik ezin izanen dituzte gurutzatu, eta, betiere, arma deskargatuta.
11. artikulua. Untxia.
1. Baimena ematen da untxia ehizatzeko 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.
2. Ehiza barruti osoan 3 untxi larriko IKA duten barrutietan, Ehiza Antolatzeko Planetan horretarako ezarritako tokian ibiltzen ahalko dira ehizan modu antolatuan, 2015eko abuztuaren 15etik urriaren 4ra arte, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Ehizaldi hauek egiteko, nahitaezkoa izanen da barrutiko guarda bertan egotea. Horretarako, aldez aurretik, laginketa bat, ehizako guarda batek sinatua, aurkeztu beharko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan ehiza egin behar den egunetan, baita goardaren kontratazioa ere, udako ehiza egin behar den egunetarako.
12. artikulua. Uretako hegaztiak.
1. Baimena ematen da antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
2. Basahatea 2015eko abuztuaren 15etik irailaren 27ra arte ere botatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko zonan, aipatu epean, Ehiza Antolatzeko Planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.
13. artikulua. Oilagorra.
1. Baimena ematen da oilagorra ehizatzeko 2015eko urriaren 12tik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, basoan, ohiko txintxarria edo txintxarri elektronikoa duten zakurrak erabiliz. Oilagorraren ehiza barrutietan, otsaileko egun guztietan larreratzeko eskubidea dago, basoan, betiere lumarako lau zakurrekin gehienez.
2. Ehiztariak gehienez hiru ale harrapatzen ahalko ditu egunean. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko.
14. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.
1. Baimena ematen da birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia harrapatzeko 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
2. 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.
3 Uso migratzaileen postu baimenduetatik ere botatzen ahalko dira 2015eko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, usotarako baldintza beretan.
15. artikulua. Galeperra.
1. Baimena ematen da galeperra harrapatzeko:
a) Nafarroaren hegoaldean, 2015eko abuztuaren 15etik irailaren 27ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planetan ezarritako eremuen barnean.
b) Nafarroaren iparraldean, 2015eko abuztuaren 15etik irailaren 27ra arte, ostegun, larunbat, eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza barruti guztietan.
2. Bestetik, eper gorriarentzako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan harrapatzen ahalko da galeperra.
3. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.
16. artikulua. Usapala.
1. Usapala botatzeko baimena ematen da:
a) Nafarroaren hegoaldean, 2015eko abuztuaren 15etik irailaren 27ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakarrik galeperra harrapatzeko toki beretan eta uso-postuetan.
b) Nafarroaren iparraldean, 2015eko abuztuaren 15etik irailaren 27ra arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, ehiza barruti guztietan.
2. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale harrapatzen ahal ditu.
17. artikulua. Mika, bele txikia eta belea.
Baimena ematen da mika, bele txikia eta belea foru agindu honetan beste edozein espezie harrapatzeko ezarritako garaietan ehizatzeko, baldintza beretan.
18. artikulua. Pagausoa eta txoloma.
1. Baimena ematen da pagausoa eta txoloma botatzeko 2015eko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, baimendutako postu eta txaboletan, asteko egun guztietan.
2. Salto ehizarako baimena ere ematen da, 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
19. artikulua. Faisaia.
Baimena ematen da faisaia harrapatzeko 2015eko azaroaren 1etik 2016ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
IV. KAPITULUA. Zonifikazioa
20. artikulua.
Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 52. artikuluan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen marra; izan ere, foru dekretu horrek Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuen.
V. KAPITULUA. Ehiza larriko uxaldietarako eta lasterkako ehizaldietarako arauak
21. artikulua. Baimendutako zakurrak.
Debekatua dago heltze zakurren bidezko ehiza. Debekatua dago uxaldietan zakur arraza hauek eta haien arteko mestizoak erabiltzea: dogoa, bulldoga, pitbulla, rotweilerra, boxerra, dobermana eta Kanarietako ausiki zakurra. Uxaldietan, arrastoko usna zakurrekin batera, gehienez arraza hauetako edo haien hibridoetako bi zakur erabiltzen ahalko dira: ohalanoa, ardi zakur alemaniarra eta artzakurra.
VI. KAPITULUA. Xedapen bereziak
22. artikulua. Ereindako ehiza.
Ehiza Antolatzeko onetsitako Planetan ezarritako eremuetan baizik ezin izanen da praktikatu ereindako ehiza. Eremu horiek erabiltzeko epea hurrengo hau izanen da: 2015eko abuztuaren 15etik 2016ko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
23. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, ehiza elkarte frantsesekin konpartituak.
Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, ehiza elkarte frantsesekin konpartitzekoetan, tzian dauden baldintza berberetan egin behar da ehiza udazkeneko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak harrapatzen ahal dira.
24. artikulua. Ehiza txapelketak.
Ehiza txapelketak egiteko, beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aldez aurretik aldeko txostena ematea. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehiza txapelketetan zilegi izanen da Foru agindu honetan ezarritako kupoak gainditzea.
Ehiza txapelketak Nafarroako Ehiza Federazioak baizik ezin ditu antolatu.
25. artikulua. Botatako aleak.
Botatako aleak etxera eraman baino lehen lumatzen edo larrutzen badira, burua eta hankak kendu gabe eduki behar dira, identifikatu ahal izateko.
26. artikulua. Inurri hegaldunak.
Debekatua dago inurri hegaldunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita beita gisa erabiltzea ere.
27. artikulua. Segurtasun neurriak.
1. Ehiza larriko uxaldiak:
Ehiza larriko uxaldiak behar bezala seinalatuko dira bide eta sarbideetan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.
Eite handiko nekazaritzako laboreetan egiten diren uxaldietan, postuak goratuak egonen dira, lurraren gorabeherak aprobetxatuz, edo egitura berariazkoen gainean.
Ehiztari bakoitzak su-arma edo arku bakar bat eramaten ahalko du.
2. Birigarroa eta usoa ehizatzeko baimentzen diren postuak:
Ehiza-postuak finkoak izanen dira eta debekatua dago eskopeta hegalariak deitutakoak erabiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako usoren bat biltzeko izan ezik. Horrelakoetan, arma kargaturik eraman beharko da. Birigarroaren kasuan, arma deskargaturik eraman beharko da.
28. artikulua. Prezintoak.
Nahitaezkoa izanen da prezinto zenbakidunak erabiltzea, harrapatutako orein eta orkatzei paratzeko, Ehiza Antolatzeko dagokion Planean ezarritako kupoen arabera.
Plastikozko prezinto bakoitzak bere zenbakia izanen du, baita egunak, hilabeteak eta urteak identifikatzeko moduko zenbakia ere, zein egunetan harrapatu zen markatu ahal izateko, kasuan kasuko zenbakiak eta datuak erauziz.
Prezintoak sistema bat izanen du hura itxi ondoan ireki ezin izateko.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak emanen ditu prezintoak, ehiza barrutia kudeatzeko arduradunak eskatuta, kostuaren prezioa pagatu ondoan.
Ehizan ateratzen den bakoitzean, harrapatu nahi diren animaliak adina prezinto eraman behar dira gutxienez.
Animalia harrapatu ondoren, ezin da handik mugitu harik eta prezintoa paratu eta harrapaketaren eguna markatu arte. Betiere, prezintorik gabe eramaten ahalko da hurbilen dagoen mendiko pistaraino, bertan jartzeko; alabaina, abisu eman beharko zaio uxaldiko arduradunari alea harrapatzen den unean.
Belaun-txokoko tendoiaren eta hankaren artean paratuko da prezintoa; ondoren, itxi eta, erauziz, zein egunetan harrapatu den markatuko da. Adarrak dituzten animalien kasuan, prezintoa errosetaren gain-gainean paratuko da, baldin eta harrapatutako animalia aski handia bada (prezinto itxia adarretik ez ateratzeko adinakoa).
29. artikulua. Mugak eta debekuak.
Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko Legearen 39., 40. eta 41. artikuluetan ezarritako debeku eta mugak errespetatu beharko dira.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Merkaturatzeko debekua.
2015-2016 ehiza-denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.