Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 42. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 29an)
Atarikoa
Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak eta foru lege hori garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuak garatzen dituzte ehiza antolatzeko planen kontzeptua, edukia, prestaketa, tramitazioa, indarraldia eta aldaketa. Foru arau horiek nolabaiteko zehaztasunez garatzen dituzte edukiak, baina beharrezkoa da eduki horiek gehiago zehaztea, ehiza baliabideen antolaketa modu eraginkorrean, zehatzean eta egoerak denboran eta espazioan alderatzeko moduko informazio estandarizatuarekin egin dadin. Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen. Hona horren 27. artikuluak dioena: "Ingurumenaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ehiza antolatzeko planak egiteko behar den dokumentazioaren edukia ezarriko da, eta nola aurkeztu behar den ere bai".
Nafarroan, ia ehiza eremu osoa tokiko ehiza-barrutien barnean dago sartua, eta neurri txikiagoan ehiza-barruti pribatuetan. Ehizarako ezarritako gainerakoari dagokionez, zehaztapen partikularrak daude. Hori horrela izanik, foru arau honen xedea da tokiko ehiza-barrutietan eta ehiza-barruti pribatuetan ehiza antolatzeko planak tramitatzeko edukia eta prozedura garatzea, indarrean den foru araudia betetzeko.
Ehiza antolatzeko planek erakutsi dute funtsezko tresna direla ehiza baliabideak antolatzeko. Ia bi hamarkadako ibilbidea egin ondoren, komenigarria da tresna hori eguneratzea ehizako titularren inplikazioa areagotzeko, dokumentua onesteko prozedura gehiago arintzeko eta bere eraginkortasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak txosten batean adierazi du dokumentu hau Ehiza Batzordera igorri zela eta gerora aztertu zela saio monografiko batean. Horri esker, zenbait hobekuntza egin zitzaizkion jatorrizko testuari, eta, azkenik, "Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria, Nafarroako tokiko ehiza-barrutietan eta ehiza-barruti pribatuetan ehiza antolatzeko planen edukia eta plan horiek tramitatu eta onesteko prozedura garatzen dituena" izenekoa prestatu zen, eta, horrekin batera, "Nafarroan ehiza antolatzeko planen inprimaki teknikoa, plan horien edukiek bete beharrekoa". Horien edukiak I. eta II. eranskinetan jaso dira, hurrenez hurren.
Horrenbestez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, ebatzi dut:
1. Ehiza antolatzeko planak betetzeko beharrezkoa den dokumentazioaren edukia onestea (I. eta II. eranskinetan jaso da).
I. eranskina: "Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria", Nafarroako tokiko ehiza-barrutietan eta ehiza-barruti pribatuetan ehiza antolatzeko planen edukia eta plan horiek tramitatu eta onesteko prozedura garatzen dituena.
II. eranskina: "Nafarroan ehiza antolatzeko planen inprimaki teknikoa", plan horien edukiek bete beharrekoa.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.
Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
3. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2012ko urtarrilaren 26an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
I. eranskineko testua, hots, "Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria", eta II. eranskinarena, "Nafarroan ehiza antolatzeko planen inprimaki teknikoa", Nafarroako Gobernuaren web orrian egonen dira eskuragarri:
http://www.navarra.es/home-es/Temas/Medio+Ambiente/Caza+y+pesca/