(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ehiza :
      • 224/2013 Foru Agindua, ekainaren 27koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2013-2014 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

224/2013 Foru Agindua, ekainaren 27koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2013-2014 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena

 

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

Halaber, foru lege beraren 7.d) artikuluak xedatzen du debekualdiei buruzko xedapen orokorrari eta Ehiza Antolatzeko Planari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.

Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2013-2014 kanpainan ehiza arautzen duen xedapen orokorra onestea.

Hori horrela, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik eta aldez aurretik Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aldeko txostena emanik, agindu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Nafarroan 2013-2014 kanpainako ehizari buruzko araudi berariazkoa finkatzea da foru agindu honen xedea.

2. artikulua. Ehizaldiak.

Foru agindu honek, oro har, ehiza barrutietarako ehizaldiak finkatzen ditu; horrek, dena dela, ez du zertan eraginik izan ehiza antolatzeko planetan ageri diren beste jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen ondoriozko ehiza modalitate berriek Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusiak egon beharko dute, edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimenduak izan.

II. KAPITULUA. Ehizarako espezieak eta izurri diren espezieak

3. artikulua. Ehizarako espezie baimenduak eta izurri diren espezieak.

Nafarroan, 2013-2014 kanpainan, ondoko espezie hauek harrapatzea izanen da zilegi:

1. Ehizarako espezieak:

–Ugaztunak:

–Hegaztiak:

2. Izurri diren espezieak:

Basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak uztailaren 20an emandako 351/2010 Foru Aginduan sartutako espezieak harrapatzen ahal dira, ehizarako baimendutako denboran jakina, foru agindu honen mugen barrenean.

III. KAPITULUA. Ehizaldiak

4. artikulua. Ehizaldiak eta ehiza egunak.

1. Kapitulu honetan finkatutakoak dira ehizaldiak eta ehiza egunak, ehizaldia irekitzeko eta ixteko egunak barne. Ehiza barrutiren bat zenbait udalerrik osatua baldin bada, haietako bateko jairen bat hautatu beharko da, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haren berri eman.

2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Egutegitik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.

5. artikulua. Basurdea.

1. Baimena ematen da basurdea harrapatzeko, 2013ko irailaren 1etik 2014ko otsailaren 27ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, su armaz uxaldietan, lasterkako ehizaldietan eta gaueko itxaronaldietan, eta arkuz uxaldietan, lasterkako ehizaldietan, uxaka, zelatan eta gaueko itxaronaldietan.

Gaueko itxaronaldiak -ehiza su-armaz egin edo arkuz- Ehiza Antolatzeko Planean baimendutako postuetan egin beharko dira.

2. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen hegoaldeko ehiza barrutietan, uxalditan ehizatzen ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.

6. artikulua. Orkatza.

1. Baimena ematen da orkatza uxalditan harrapatzeko 2013ko irailaren 1etik 2014ko urtarrilaren 12a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza antolatzeko planak ezarritako kopurua betiere. Erabilitako besokoen gordekinak, bai eta eme eta kumeen besoko erabili gabeak ere, 2014ko martxoaren 15a baino lehenago aurkeztu behar dira eskualdeko Zaintzan edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

2. 2014ko apirilaren 1etik 2014ko ekainaren 19a arte, egunero harrapatzen ahalko dira, zelatan, Ehiza Antolatzeko Planeko kupoaren barrenean sartu baina denboraldian bota ez ziren orkatz arrak. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinaraziko zaio eskualdeko Zaintzari; orobat, erabiliko den besokoaren zenbakia ere adieraziko zaio. 2014ko abuztuaren 20a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

7. artikulua. Oreina.

1. Baimena ematen da orein arrak zelata eginez harrapatzeko 2013ko irailaren 15etik 30era arte, egunero, Ehiza Antolatzeko kasuan kasuko Planean xedaturikoari jarraikiz. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio eskualdeko Zaintzari.

2. Uxalditan harrapatzeko baimena ematen da, 2013ko urriaren 12tik 2014ko urtarrilaren 12a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza antolatzeko planak ezarritako kopurua betiere.

3. 2014ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira eskualdeko Zaintzan edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko bulegoetan.

4. Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

8. artikulua. Adarzabala.

Baimena ematen da adarzabala harrapatzeko 2013ko urriaren 12tik 2014ko urtarrilaren 12a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Adarzabala ehiza larriko uxaldietan baizik ezin izanen da harrapatu.

9. artikulua. Azeria.

Baimena ematen da azeria harrapatzeko, honako ehiza modalitateen bidez betiere:

a) Salto-ehiza: galeperra harrapatzen ahal den egun eta toki beretan harrapatzen ahal da, debekualdi erdian, eta 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urtarrilaren 30era arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

Untxia epe orokorretik kanpo harrapatzeko baimena dagoen barrutietan, azeria ere harrapatzen ahalko da, salto-ehizan, untxia harrapatzeko baimendutako egun eta toki beretan.

b) Uxaldia: 2013ko irailaren 1etik 2014ko otsailaren 27a arte harrapatzen ahalko da azeria uxalditan, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Ehiza larriko uxaldietan baizik ezin izanen zaio balaz tiro egin. Espres azeria harrapatzeko uxaldietan, perdigoiez egin beharko zaio tiro.

c) Itxaronaldia: 2013ko azaroaren 1etik 2014ko otsailaren 27a arte harrapatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, azeri-zuloen inguruan.

10. artikulua. Eperra eta erbia.

1. Baimena ematen da eperra eta erbia harrapatzeko 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urtarrilaren 30era arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz, behar den kontaketa eginez betiere. Ehiztariak 14:00ak arte aritzen ariko dira ehizan beranduenez.

2. Eskopeta bidezko ehizan, ehiztari bakoitzak, eguneko, bi espezie hauek batera hartuta, hiru ale botatzen ahalko ditu gehienez. Salto-ehizako modalitatean ehiztari bakoitzak, eguneko, erbi bat botatzen ahalko du gehienez, eta, uxaldian, talde bakoitzak bi erbi botatzen ahalko ditu gehienez. Erbia eta eperra botatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen. Uxalditan, europar erbia harrapatzeko taldeak gehienez ere 6 kidekoak izanen dira.

3. Xarlangoz (erbi-txakurrez) egindako erbi ehiza (eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere bi xarlangorekin -lotuak betiere-, pertsonako edo ehiza taldeko eta zakur laguntzailerik gabe), epe horren barrenean, larunbatetan ere egiten ahal da, arestian adierazitako egunetan ez ezik. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsonako edo ehiza taldeko, eta taldea, gehienez ere, 6 pertsonak osatua.

4. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza egun bakoitzean animalia harrapatzen den unetik beretik atzemandako animaliak kontrolatzeko.

5. Larreratzeko baimena ematen da, eperra eta erbia dituzten ehiza barrutietan, 2013ko urriaren 5ean, 6an, 12an, 13an, 19an eta 20an. Ehiztari bakoitzak gehienez ere 4 txakur erabiltzen ahalko ditu, lumarako txakurrak edo usna zakurrak betiere).

6. Eperra eta erbia harrapatzeko baimendutako egunetan, ehiza antolatzeko planean espezie hauetarako ezarritako babeslekuak erreserbatzat joko dira. Horregatik, ezin izanen da inolako ehiza jarduerarik egin egun horietan. Ehiztariek babeslekuak bideetatik baizik ezin izanen dituzte gurutzatu, eta, betiere, arma deskargatuta.

11. artikulua. Untxia.

1. Baimena ematen da untxia harrapatzeko 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.

2. Untxiak egindako kalteak justifikatzen dituzten ehiza barrutietan (untxia harrapatzeko baimen berezia, kalteak direla-eta, 3 IKAtik gorako barrutietan edo ehiza antolatzeko planetan horretarako ezarritako eremu zehatzetan ere untxia harrapatzen ahalko da 2013ko abuztuaren 11tik 2013ko urriaren 6a arte, larunbat, igande eta jaiegunetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, modu antolatuan. Ehizaldi hauek egiteko, nahitaezkoa izanen da barrutiko guardia bertan egotea. Horretarako, aldez aurretik jakinaraziko zaizkio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari ehiza egun zehatzak, kalteen justifikazioa eta guardiaren kontratazioa.

12. artikulua. Uretako hegaztiak.

1. Baimena ematen da antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta harrapatzeko 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Basahatea 2013ko abuztuaren 15etik 2013ko irailaren 15a arte ere botatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko zonan, aipatu epean, ehiza antolatzeko planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.

13. artikulua. Oilagorra.

1. Baimena ematen da oilagorra harrapatzeko 2013ko urriaren 13tik 2014ko urtarrilaren 31ra arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, basoan, ohiko txintxarria edo txintxarri elektronikoa duten zakurrak erabiliz. Oilagorraren ehiza barrutietan, otsaileko egun guztietan ibiltzeko eskubidea dago, basoan, betiere lumarako lau zakur erabiliz gehienez.

2. Ehiztariak gehienez hiru ale harrapatzen ahalko ditu egunean. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko.

3. Debekatua dago oilagorra pasako postuetan eta uharketan botatzea.

4. Hotz handiko egun berezietan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak epe hori “abantaila egun” deklaratzen ahalko du, eta, beraz, ehiza debekatu. Hedabideetan emanen da horren berri.

14. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.

1. Baimena ematen da birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia harrapatzeko 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urtarrilaren 30era arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.

3. Uso migratzaileen postu baimenduetatik ere botatzen ahalko dira 2013ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, usotarako baldintza beretan.

15. artikulua. Galeperra.

1. Baimena ematen da galeperra harrapatzeko:

a) Nafarroaren hegoaldean, 2013ko abuztuaren 15etik 2013ko irailaren 15a arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza antolatzeko planetan ezarritako eremuen barnean.

b) Nafarroaren iparraldean, 2013ko abuztuaren 15etik 2013ko irailaren 15a arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza barruti guztietan.

2. Bestetik, eper gorriarentzako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan harrapatzen ahalko da galeperra.

3. Hegoalderako zein iparralderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.

16. artikulua. Usapala.

1. Usapala botatzeko baimena ematen da:

a) Nafarroaren hegoaldean, 2013ko abuztuaren 15etik 2013ko irailaren 15a arte, ostegun, larunbat, igande eta baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakarrik galeperra harrapatzeko toki beretan uso-postuetan.

b) Nafarroaren iparraldean, 2013ko abuztuaren 15etik 2013ko irailaren 15a arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, ehiza barruti guztietan.

2. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale harrapatzen ahal ditu.

17. artikulua. Mika, bele txikia eta belea.

Baimena ematen da mika, bele txikia eta belea foru agindu honetan beste edozein espezie harrapatzeko ezarritako garaietan ehizatzeko, baldintza beretan.

18. artikulua. Pagausoa eta txoloma.

1. Baimena ematen da pagausoa eta txoloma botatzeko 2013ko urriaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra arte, baimendutako postu eta txaboletan, asteko egun guztietan.

2. Baimena ematen da salto-ehizarako 2013ko azaroaren 12tik 2014ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

19. artikulua. Faisaia.

Baimena ematen da faisaia harrapatzeko 2013ko urriaren 1etik 2014ko urtarrilaren 30era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

IV. KAPITULUA. Zonifikazioa

20. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean iparraldeko eta hegoaldeko zonen arteko muga egiten duen marra.

Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean iparraldeko eta hegoaldeko zonen arteko muga egiten duen marra hauxe izanen da:

Arabako mugatik hasita, Aguilar Kodesko, Marañongo, Cabredoko eta Genevillako udal mugapeen arteko mugatik; Kodesko haitzetik jarraitzen du eta San Cristóbal, Concepcioneko haitza, Ubagoko mendiak, Cabregako mendilerroa, Los Arcos-Mendaza errepideko 6. kilometroa, San Gregorioko gaina, Etaiu eta Monjardindik Labeagara doan uren isurialdeen arteko muga-lerroan barna, Gasteiz eta Lizarra arteko errepideraino, eta, errepide horretatik, Lizarraraino. Hortik, Lizarra-Gares errepidean barna, Allozko errepideko bidegurutzeraino, gutxi gorabehera Lorkara ailegatu baino kilometro erdia lehentxeago; bidegurutze horretatik, Allozko errepidean barna, Aritzalaraino. Aritzalako udal mugapean, Muetz, Jaitz, Izurtzu eta Etxaurin barnako errepidetik segitzen du, eta, hortik zuzenean, Arga ibairaino, Otazu eta Eriete artean, ibaiari jarraikiz Hiriberriraino. Hiriberritik, uren isurialdeen arteko muga-lerroan barna, Ipasatetik Erreniegako mendatera, eta, handik, ur isurialdeen arteko muga-lerroan barna, Erreniegako gaineraino; ondotik Ondarra Fundaziotik barrena jaitsita, Biurrungo errepidetik Garesko errepidera, Zaragozako errepideko bidegurutzeraino; hortik Diputazioaren harrobitik Alaitz mendikateko tontorrera, eta, aipatu mendikateko eta Izkoko uren isurialdeen arteko muga-lerroan barna, Loitiko gaineraino. Hortik, N-240 errepidean zehar, Nardozetik pasatuz, Judasen Bentara, eta, hartatik, Irunberriko errepidean barna, herrira ailegatu arte. Irunberritik Leireko monasterioko bideari jarraikiz, mendikateko ur isurialdeen arteko muga-lerroan barna eta muga-lerroan gaindi, Zaragozako probintziako mugara ailegatu arte.

Iparraldeko zonan, Petilla Aragoi eta Petillako Los Baztanes sartzen dira.

V. KAPITULUA. Ehiza larriko uxaldietarako arauak

21. artikulua. Baimendutako zakurrak

Debekatua dago heltze zakurren bidezko ehiza. Debekatua dago uxaldietan zakur arraza hauek eta haien arteko mestizoak erabiltzea: dogoa, bulldoga, pitbulla, rotweilerra, boxerra, dobermana eta Kanarietako ausiki zakurra. Uxaldietan, arrastoko usna zakurrekin batera, gehienez arraza hauetako edo haien hibridoetako bi zakur erabiltzen ahalko dira: ohalanoa, ardi zakur alemaniarra eta artzakurra.

22. artikulua. Postuetako gutxieneko ehiztari kopurua

Postuetan, uxaldietarako, gutxienez lau ehiztarik bildu behar dute.

VI. KAPITULUA. Usoa ohiko pasabideetan botatzeko arauak

23. artikulua. Tiro egiteko postuak.

Tiro egiteko postuak, bai bakarrik bai ilaran daudenak, finkoak izanen dira eta mendilerroen tontorretan edo horien magalen goiko aldean egon beharko dute. Debekaturik dago eskopetekin batetik bestera ibiltzea eta armak zorroetatik kanpo izanda ehiza postuetatik at ibiltzea, ehiztaria postutik hurbil erori den usoa jasotzera joaten den kasuetan izan ezik, kasu horietan arma kargatua eramaten ahalko baita.

24. artikulua. Postuetarako baimena ematea.

1. Uso migratzaileak ehizatzeko baimendutako postu edo txabolak tokiz mugitzeko baimena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eman beharko du Ehiza Antolatzeko Planean.

2. Esperatzeko lerroko tiro-postu batetik bestera gutxienez izanen dira.

25. artikulua. Interferentziak.

Postuen artean interferentziarik bada, zaharrenak izanen du lehentasuna. Lehentasuna duen postuaren eraginkortasuna gutxitzen denean eta postuen titularren artean batera ehizatzeko adostasunik ez dagoenean esaten da interferentzia dagoela.

26. artikulua. Postuen aprobetxamendua.

Postuak ehiza administratzeko ezarritako arauei jarraikiz aprobetxatuko dira.

27. artikulua. Debekuak.

Debekaturik dago usoek hartutako bidea aldatzeko keinu, tiro edo beste edozein sistema erabiliz usoak izutu eta uxatzea. Nolanahi ere, zilegi da legeari jarraituz ezarritako txaboletan, itsutu eta elbarritu gabeko apeuko uso biziak erabiliz usoak harrapatzea, betiere horrek usoari bere bidea utzarazten ez badio eta, horren ondorioz, legez paratutako beste postuetako ehiza galarazten ez badu.

28. artikulua. Postuen ezaugarriak.

Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Ehiza barrutia kudeatzeko arduradunaren eta aprobetxamenduaren titularraren erantzukizuna da ingurua garbi edukitzea. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, bidezkoa bada, legezko neurriak hartuko ditu baldintza horiek betetzen ez dituzten postuetan ehiza eragozteko.

29. artikulua. Postuen iraungitzea.

Baimena baliorik gabe geldituko da postua hiru urtez segidan erabiltzen ez bada.

30. artikulua. Ehiztari kopurua hegaztiak harrapatzeko postuko, eta eskopeten erabilera.

Hegan doan usoa tiroz botatzeko baimendutako postu bakoitzean, gehienez ere hiru ehiztari aritzen ahalko dira aldi berean. Ehiztari bakoitzak eskopeta bakarra edukitzen ahalko du postuan.

VII. KAPITULUA. Baimendutako postuetatik birigarroa botatzeko arauak

31. artikulua. Tiro egiteko postuak.

Ehiza postuak finkoak izanen dira, eta debekatua dago eskopetarekin batetik bestera ibiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako birigarroren bat biltzeko ez bada. Horrelakoetan, arma deskargatuta eraman beharko da.

32. artikulua. Postuetarako baimena ematea.

1. Baimendutako postuak tokiz mugitzeko baimena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eman beharko du Ehiza Antolatzeko Planean.

2. Postu bakoitza beste postuen ohiko tirabidetik kanpo jarriko da. Postuen artean gutxienez 50 metroko tartea egonen da.

33. artikulua. Postuen ezaugarriak.

Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Ehiza barrutia kudeatzeko arduradunaren eta aprobetxamenduaren titularraren erantzukizuna da ingurua garbi edukitzea. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, bidezkoa bada, legezko neurriak hartuko ditu baldintza horiek betetzen ez dituzten postuetan ehiza eragozteko.

34. artikulua. Postuen iraungitzea.

Baimena baliorik gabe geldituko da postua hiru urtez segidan erabiltzen ez bada.

35. artikulua. Ehiztari kopurua postu bakoitzeko eta eskopeten erabilera.

Birigarroa botatzeko baimena duen postu bakoitzean, gehienez ere hiru ehiztari egoten ahal dira aldi berean. Ehiztari bakoitzak eskopeta bakarra edukitzen ahalko du postuan.

VIII. KAPITULUA. Xedapen bereziak

36. artikulua. Eperra apeu bidez botatzea.

Debekatua dago eperra apeu bidez botatzea.

37. artikulua. Ereindako ehiza.

Ehiza antolatzeko onetsitako planetan ezarritako eremuetan baizik ezin izanen da praktikatu ereindako ehiza. Eremu horiek erabiltzeko epea hurrengo hau izanen da: 2013ko abuztuaren 15etik 2014ko otsailaren 27a arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

38. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, ehiza elkarte frantsesekin konpartituak.

Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, ehiza elkarte frantsesekin konpartitzekoetan, Frantzian dauden baldintza berberetan egin behar da ehiza udazkeneko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak harrapatzen ahal dira.

39. artikulua. Ehiza txapelketak.

Ehiza txapelketak egiteko, beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aldez aurretik aldeko txostena ematea. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehiza txapelketetan zilegi izanen da Foru agindu honetan ezarritako kupoak gainditzea.

Ehiza txapelketak Nafarroako Ehiza Federazioak baizik ezin ditu antolatu.

40. artikulua. Botatako aleak.

Botatako aleak etxera eraman baino lehen lumatzen edo larrutzen badira, burua eta hankak kendu gabe eduki behar dira, identifikatu ahal izateko.

41. artikulua. Inurri hegaldunak.

Debekatua dago inurri hegaldunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita karnata gisa erabiltzea ere.

42. artikulua. Zakurrak hezteko eremuak.

Zakurrak hezteko eremuak, ehiza antolatzeko planetan baimenduak, plan bakoitzean zehaztutakoaren arabera erabiltzen ahalko dira.

43. artikulua. Segurtasun neurriak ehiza larriko uxaldietan.

Ehiza larriko uxaldiak behar bezala seinalatuko dira bide eta sarbideetan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.

Eite handiko nekazaritzako laboreetan egiten diren uxaldietan, postuak goratuak egonen dira, lurraren gorabeherak aprobetxatuz, edo egitura berariazkoen gainean.

44. artikulua. Prezintoak.

Nahitaezkoa izanen da prezinto zenbakidunak erabiltzea, harrapatutako orein eta orkatzei paratzeko, ehiza antolatzeko dagokion planean ezarritako kupoen arabera.

Plastikozko prezinto bakoitzak bere zenbakia izanen du, baita egunak, hilabeteak eta urteak identifikatzeko moduko zenbakia ere, zein egunetan harrapatu zen markatu ahal izateko, kasuan kasuko zenbakiak eta datuak erauziz.

Prezintoak sistema bat izanen du hura itxi ondoan ireki ahal ez izateko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak emanen ditu prezintoak, ehiza barrutia kudeatzeko arduradunak eskatuta, kostuaren prezioa pagatu ondoan.

Ehizan ateratzen den bakoitzean, harrapatu nahi diren animaliak adina prezinto eraman behar dira gutxienez.

Animalia harrapatu ondoren, ezin da handik mugitu harik eta prezintoa paratu eta harrapaketaren eguna markatu arte.

Belaun-txokoko tendoiaren eta hankaren artean paratuko da prezintoa; ondoren, itxi eta, erauziz, zein egunetan harrapatu den markatuko da. Adarrak dituzten animalien kasuan, prezintoa errosetaren gain-gainean paratuko da, baldin eta harrapatutako animalia aski handia bada (prezinto itxia adarretik ez ateratzeko adinakoa).

Xedapen Gehigarri Bakarra. Merkaturatzeko debekua.

2013-2014 ehiza-denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa