(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ehiza :
      • 94/2012 Foru Agindua, irailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako ehizazain titulua nola eskuratu arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

94/2012 Foru Agindua, irailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako ehizazain titulua nola eskuratu arautzen duena

(2012ko 203. NAOn argitaratutako testua, urriaren 26an)

Atarikoa

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak betebeharra ezartzen dio 51. artikuluan ehiza barrutiaren kudeaketaren arduradunari halako ehizazaintzako sistema bat ezartzeko, non behar adina ziurtatuko baita ehiza espezieen behar bezalako aprobetxamendua; orobat, nahitaezko kontrol eta jarraipeneko neurriak ezartzeko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua (otsailaren 1eko 7/2012 Foru Dekretuak aldatua) onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuak 8.2.e) artikuluan xedatzen du ehizazain titulua dutenak ariko direla ehiza barrutietako zaintza lanetan.

Arau beraren 8.bis artikuluak ehizazainaren figura sortu zuen, eta izaera hori eskuratzeko baldintzak ezartzen ditu.

Hauek dira baldintza horiek:

a) Ehiza espezialitateko landazain partikularraren titulua izatea.

b) Ehizarako gaikuntza ikastaro batean lortutako aprobetxamenduaren ziurtagiria izatea, Nafarroako Foru Komunitateak homologatutako zentro batek emana.

Bigarren atal hori xeheago garatu behar da, legearen agindua eta erregelamendua behar bezala ezarriko badira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

Lehendabizikoa. Xedea.

Ehizazainaren titulua eskuratzeko, ehizarako gaitasun ikastaroaren edukia ezartzea du xede foru agindu honek, baita zein diren ikastaro hori emateko homologatuta dauden zentroak ere; orobat, Nafarroako ehizazainaren egiaztagiria.

Bigarrena. Ehizarako gaitasun ikastaroaren edukia.

Ikastaroan modulu hauek garatuko dira:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen araudia: ehizarako araudia eta ekosistemen, faunaren eta floraren bioaniztasunari eta kontserbazioari buruzko araudia.

2. Ehiza Nafarroan antolatu eta kudeatzeko printzipioak: ehiza barrutiak, eskualdeko ehiza antolamenduaren planak, barrutietako ehiza antolamenduaren planak, urteko kontrolak, populazioen kontrola eta jarraipena.

3. Nafarroako ehiza espezieak.

4. Ehiza espezieek eragindako kalteen prebentzioa eta kontrola.

5. Nafarroako ekosistemak eta basa fauna.

6. Habitatak mantendu eta hobetzea.

7. Etika eta segurtasuna ehizan.

8. Ehiza arloko kudeaketa: ehiza barrutia, barrutien esleipena, ehiza antolamendurako planak tramitatzea, urteko kontrolak, salbuespeneko baimenak.

9. Harrapakarien kontrola: araudi orokorra eta berariazkoa, harrapatzeko metodoen gaur egungo problematika, espezie harrapakariak, harrapakaritzaren ekologia, harrapaketarako materiala, harrapatutako animalien manipulazioa, arriskuen prebentzioa.

10. Dokumentazioa eta eskaeren tramitatzea, populazioak eta kalteak kontrolatzeko jarduketa berezietarako.

Hirugarrena. Ikastaroa emateko zentro homologatua.

Iruñeko "Agroforestal" Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratua izanen da zentro homologatua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak onetsi beharko du ikastaroko edukiak garatuko dituen programa, hura hasi aurretik.

Laugarrena. Egiaztapen orokorra.

Foru agindu honetan ezarritako ikastaroa gainditu eta ehiza espezialitateko landazain partikularraren titulua duten izangaiek ehizazainaren titulua eskatzen ahalko diote Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen duen otsailaren 1eko 7/2012 Foru Dekretuaren 8 bis.3 artikuluan aipatzen den moduan, ehizazainaren tituluak berekin dakar Nafarroako ehiza lizentzia eskuratzeko gaitasun agiria.

Bosgarrena. Egiaztagiria galtzea.

Ingurumen arloan zehapen administratibo irmoa jasotzen duten ehizazainek horretarako egiaztagiria galduko dute urtebetez, zehapena arina bada, hiru urtez zehapena larria bada, eta bost urtez zehapena oso larria bada.

Ingurumen arloko delituagatik kondena-epai irmoa bada, bi egiaztagiriak betiko galduko dira.

Aldatutako 48/2007 Foru Dekretuaren 8. eta 8.bis artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez diren kasuetan ere galduko da ehizazainaren egiaztagiria.

Ehiza arloko desgaikuntzaren kasuan, ehizazainaren egiaztagiria galduko da desgaikuntzak irauten duen bitartean.

Seigarrena. Ehizazainaren egiaztagiria eskatzeko prozedura.

Nafarroako ehizazainaren egiaztagiria eskuratu gogo dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, eta dokumentazio hau erantsi:

a) Jardunean diren ehizazainak:

-Landazain partikularraren titulua, ehizaren espezialitatekoa.

-Foru agindu honek indarra hartu baino lehenago indarra zuen ehizazain kontratuaren kopia.

b) Gainerako eskatzaileak:

-Landazain titulua, ehizaren espezialitatekoa.

-Ehizarako gaikuntza ikastaro bat gainditu izanaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitateak homologatutako zentro batek emana.

Zazpigarrena. Ehizazainen erregistroa.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak Nafarroako ehizazainen erregistroa ezarriko du, eta bertan zein barrutitan egiten duen lan profesionala, kontratuaren indarraldia eta jarduerari buruzko gorabeherak jasoko dira.

Zortzigarrena. Jarduneko ehizazainen baliozkotzea.

Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako gaikuntza ikastaroa egindakotzat emanen zaie zeregin hori foru agindu honek indarra hartu aurretik lan kontratu baten bidez bete duten ehizazainei.

Harrapakariak kontrolatzeko gaitasuna eskuratzeko, espezializazioko ikastaro bat egin beharko dute.

Bederatzigarrena. Barrutietako titularren betebeharrak.

Barrutietako titularrek nahitaez aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan ehizazainaren kontratuaren kopia, eta kontratazioan izan daitezkeen aldaketen berri eman beharko dute.

Xedapen gehigarri bakarra. Nafarroako ehizazainen gaikuntza, harrapakariak kontrolatu eta haiekin aritzeko.

Jarduneko ehizazainak izan edo Nafarroako ehizazainaren egiaztagiria eskuratu dutenak gaituta daude harrapakariekin aritu eta haiek kontrolatzeko, ehizazain gisa ari badira.

Gaikuntza horrek indarra galduko du zehapen irmoa bada ehiza, arrantza edo basa faunaren arloko araudia ez betetzeagatik, harik eta zehapena bete arte.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa