Castellano | Euskara | Français | English
248/2013 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 5EKOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA, SUA LURZORU URBANIZAEZINEAN NOLA ERABILI ARAUTZEN DUENA ETA NAFARROAN BASO-SUTEEI AURREA HARTZEKO NEURRIAK EZARTZEN DITUENA
(2013ko 137. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 18an)
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 4ko 338/2013 Foru Aginduak ondoriorik gabe utzi zuen (2013ko urriaren 11ko NAO)
Atarikoa
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eskumenak ditu baso-suteen arloan. Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 37. artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena da baso-suteen prebentziorako eta baso-suteen kontra borrokatzeko neurriak planifikatu, koordinatu eta betearaztea.
Sua hainbat jardueratan erabiltzeak (lan batzuk gauzatzean, jolas-ekintzetan edo izurriteen eta gaixotasunen kontrako borrokan), batez ere urteko zenbait garaitan, lurzoruko hezetasunaren portzentajea oso txikia denean edo batere ez dagoenean, basoek su hartzeko arriskua ekar dezake.
Aurreko guztia aintzat hartuta eta aurreko urteetan onetsitako antzeko arauen eraginkortasunarekin bat, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzea, galera ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak saiheste aldera.
Nafarroako aldaera meteorologikoak behartzen du bi eremu geografiko ezartzera, basoek su hartzeko arriskuaren arabera. Iparraldeko eremuan, Atlantikoaren eraginarekin, uda ez da hain zorrotza; hegoaldeko eremuan, berriz, klima kontinentala da, tenperaturak altuagoak dira, eta plubiometria baxuagoa.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak igorritako txostenak ikusirik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzea du xede foru agindu honek, baita Nafarroan, 2013ko ekitaldian, baso-suteen kontrako aurreneurriak hartzea ere.
Ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluan definitzen da zer den lurzoru urbanizaezina.
2. artikulua. Zonifikazioa.
Foru Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroa bi zatitan banatuko da: iparraldea eta hegoaldea.
Iparraldeko eta hegoaldeko eremuen arteko muga ondoren ageri diren toki erakundeen hegoaldeko mugek ezarriko dute: Ameskoako Limitaciones, Urbasa, Andia, Goñerri, Ollaran, Arakil, Irurtzun, Imotz, Atetz, Odieta, Anue, Iragi, Eugi, Zilbeti, Lintzoain, Bizkarreta, Mezkiritz, Aurizberri, Auritz, Garralda, Orotz-Betelu, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina, Jaurrieta, Espartza, Bidankoze, Erronkari eta Garde.
3. artikulua. Sua erabiltzearen erregulazio orokorra.
3.1. Nafarroa osorako debeku orokorrak:
a) Debekatuta dago sua erabiltzea mendian edo basoan, zein den ere horien babes araubidea eta haietan zuhaitzak, zuhaixkak edo sastrakak izan, nahiz larreak edo belardiak izan.
b) Debekatuta dago baso aprobetxamenduen edo oihangintzako tratamenduen ondoriozko hondarrak erretzea. Debeku horretatik salbu dago makaldietako arraseko mozketen hondarrak erretzea, baita basoko beste hondar batzuk erretzea ere ezinbesteko arrazoi fitosanitarioak daudela frogatzen denean. Kasu horietan, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak espres emandako baimena beharko da.
c) Debekatuta dago edozein erreketa nekazaritzako lehorreko lurretan. Debeku horretatik salbu daude suteei aurrea hartzeko balio duten erreketak eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren baimen espresa dutenak, arrazoi fitosanitarioengatik egiten direla Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak frogatuz gero.
d) Debekatuta dago erretzen ari den edo sute bat sortzeko ahalmena duen edozer botatzea edo uztea; debekuaren barrenean sartzen da Nafarroako edozein komunikazio bidetan zirkulatzen duten ibilgailuetatik zigarrokinak botatzea, bideen katalogazioa edozein dela ere.
3.2. Berariazko erregulazioak:
a) Hegoaldea:
Debekatuta dago sua aisialdirako helburuetarako erabiltzea Nafarroako hegoaldean. Debeku horren barrenean sartzen dira sua egiteko prestatutako tokiak ere, hots, barbakoak edo kanpoko beste edozein instalazio eta komunikazio bideen ondoko atsedenguneak.
b) Iparraldea:
Nafarroako iparraldean sua aisialdirako helburuetarako erabiltzen ahal da horretarako egokitutako tokietan, hots, barbakoetan edo kanpoko beste edozein instalaziotan eta komunikazio bideen ondoko atsedenguneetan.
3.3. Lurzoru urbanizaezinean sua egiten ahalko da eraikinetan, etxoletan edo eraikuntza-paramentuetan, betiere, gutxienez, eraikitze materialez eginiko hiru pareta, sabaia eta zorua baldin badituzte, edo landarerik gabeko zorua, baita txinpartak itzaltzekoa duen tximinia ere.
3.4. Lur ureztatuetako uzta hondarrak erretzen ahalko dira, baldin eta hondarrak mukuruetan edo ilaretan jartzen badira eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 80/2013 Foru Aginduan ezarritakoa betetzen bada.
Baso arloko foru legerian menditzat jotzen den lurretatik baino gutxiagotara lur ureztatuetako uzta hondarrak erretzean, erre beharreko eremuaren inguruan 8 metroko edo gehiagoko suebaki bat egin beharko da, landare guztiak kenduz eta lurra irauliz lur minerala agertu arte.
4. artikulua. Material piroteknikoa, globoak edo sua duten gauzakiak.
Debeku da material piroteknikoa, globoak edo sua duten edozein motatako gauzakiak erabiltzea, helburua edozein delarik ere, lurzoru urbanizaezinean eta lurzoru urbanizagarrian, hura lurzoru urbanizaezinetik 300 metro baino hurbilago dagoenean. Aurreko debekuaz gain, eta hirilurretan nahiz lurzoru urbanizagarrietan su artifizialetako ikuskizun publikoak egiten direnean, lurzoru urbanizaezinetik 300 metrora edo hurbilago, ondoko aurreneurriak hartuko dira:
a) Astebete lehenago Nafarroako Gobernuko Nafarroako Larrialdietako Agentziari su artifizialak noiz eta non eginen diren adieraziko zaio.
b) Suak hasten diren unean, horren berri eman beharko zaio SOS Nafarroa 112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari. Bukatzen direnean ere berdin eginen da.
c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, SOS Nafarroa112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari eman beharko zaio abisua ahalik eta lasterrena.
d) Jarduera egiten den lekuan, antolatzaileak gutxienez hiru pertsona izanen ditu su jotzekoekin, edo sua itzaltzeko beste tresna batzuekin, eta sua itzaltzeko bizkar-zorroekin.
Su artifizialen ikuskizun publikoak baimentzen ahalko dira lurzoru urbanizagarriaren ondoko lurzoru urbanizaezinean, baldin eta Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena ematen badu, kontuan hartuta lekuaren eta ingurunearen ezaugarriak, suterik sortu edo hedatzeko izan litezkeen inguruabarrak eta sustatzaileak harturiko prebentzio neurriak.
5. artikulua. Ibilgailu motordunak.
Baso-lurretan errekuntzako motordun ibilgailuekin zirkulatzeko, ondoko arau hauek bete beharko dira:
1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak baimen bereziak ematea galarazi gabe, debekatuta dago errekuntzako motordun ibilgailu guztien zirkulazioa Nafarroako hegoaldeko baso-pistetan, hurrengo puntuan adierazitakoak salbu.
2. Beste baimen batzuk galarazi gabe, eta artikulu honen 3. atalean adierazitako baldintzekin bat, baimenduta dago errekuntzako motordun ibilgailu hauen zirkulazioa Nafarroako hegoaldeko baso-pistetan:
a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzara ibilgailuz sartu behar duenean.
b) Baso-suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.
c) Edozein administrazio publikotako ibilgailu ofizialak.
d) Basoko zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak, zeregin horiek egiten diren lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean (baso aprobetxamenduekin, baso-lanekin eta basoko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira basoko zereginetan).
e) Nekazaritzako eta abeltzaintzako zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak, zeregin horiek egiten diren lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.
f) Administrazio publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza-lanetan ari direnak.
g) Linea elektrikoen, telekomunikazioen eta interes orokorreko beste azpiegitura batzuen mantentze-lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateen ibilgailuak ere.
h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.
i) Nafarroako Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei laguntza ematen dieten ibilgailuak.
j) Onddo-barrutietako bazkideen ibilgailuak, perretxiko eta onddo denboraldian. Horretarako, barrutiaren titularrak luzatutako egiaztagiria izan beharko dute.
3. Arestian aipatutako ibilgailuek, baso-pistetan barna ibiltzen direnean, honako prebentzio-neurri hauek bete beharko dituzte nahitaez:
a) Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean.
b) Ibilgailuak soilik aparka daitezke horretarako prestatutako tokietan, landarerik ez dutenean eta trafikoa oztopatu gabe.
c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, ibilgailuen erabiltzaileek SOS Nafarroa112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari abisatu beharko diote ahalik eta lasterrena.
4. Aurreko puntuetan adierazitakoa nahitaez betetzeaz gain, ibilgailuan sutea urez itzaltzeko ekipo eramangarri bat izatea gomendatzen da (itzalgailu hidrikoa, sulfatagailua, sua itzaltzeko bizkar-zorroa, etab.), 15 litroko edukierakoa, gutxienez.
5. Foru agindu honen ondorioetarako, baso-lurretan den edozein bide hartuko da baso-pistatzat, zola emanda egon edo ez. Ez dira baso-pistatzat hartuko Nafarroako errepideen sarean sartuta dauden komunikazio bideak.
6. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean egin daitezkeen lanak.
Lurzoru urbanizaezinean egin beharreko lanetan makinak eta tresnak erabiltzeko, arau hauek bete beharko dira:
1) Mendian motorra duen edozein tresna hartuko da basoko makina edo tresnatzat, zein den ere potentzia.
2) Mendian edozein makina edo tresna erabiltzeko, baso-pistetan zirkulatzen duten ibilgailuei eskatzen zaizkien baldintza berberak bete beharko dira. Gainera, makineria astunarekin (bulldozerrak, skidderrak, sasiak garbitzeko makina mailudunak, etab.) lan egiten den tokietan, su jotzekoak eta sua itzaltzeko bi bizkar-zorro, bakoitza 15 litroko edukierakoa, gutxienez.
7. artikulua. Lasto metak.
Espresuki debekatuta dago lasto metak erretzea.
Ezin izanen da lasto metarik jarri arboladietatik 200 metrora edo hurbilago. Lasto meten jabeek metak kokatzen diren udalean identifikatuko dira, ondoko hauek adieraziz: jabearen izena, harremanetarako telefonoa eta lasto meta bakoitzaren kokalekua.
Landutako lurzatietan dauden lasto meten kasuan, zerrenda bat goldatuko da haien inguruan, lasto metaren altuera halako bi zabal, gutxienez, lurzatiko uzta bildu eta 10 eguneko epean. Lasto metak uzta bildu ondoren egiten badira, inguruko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean goldatuko da.
8. artikulua. Ohiz kanpoko baimenak.
Salbuespenez, ondoko inguruabar hauetan baimendu daiteke sua erabiltzea:
1. Erromeriak eta herriko bestak. Erromerietan eta herriko bestetan otorduak prestatzeko.
2. Erlezaintza. Kea botatzekoak erabiltzeko erlauntzetako lanetan.
3. Kanpina. Kanpin kategoriako ostalaritzako establezimenduetan leku iraunkorretan barbakoak egiten ahalko dira baldin eta horretarako prestatutako eremua kanpinaren perimetrotik 15 metrora badago, gutxienez, eta prebentzio neurriak baditu (ur-mahukak) eta txinpartak itzaltzekoa duen tximinia.
4. Landareen osasunaren arrazoiak direla eta. Berrogeialdipeko organismoak desagerrarazteko jarduketa ofizialen kasuan, landare materiala erretzeko baimena ematen ahalko da hura erauzi baino lehen. Baimen horretarako beharrezkoa izanen da kutsaduraren adierazpena eta hartu beharreko neurriak aldez aurretik onestea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez.
5. Nekazaritza Zerbitzuak txosten teknikoa eman ondoren, baimena ematen ahalko da uztondoak erretzeko organismo kaltegarrien gordailuak desagerrarazi eta etorkizuneko kutsatzeak saihestearren, 2012-2013 kanpainan sortutako arazo fitosanitarioek hurrengo laboreen bideragarritasuna arriskuan jar dezaketenean, 80/2013 Foru Aginduaren 7. baldintzarekin bat. Horrelakoetan ez dira aplikatu beharko, ondorio horietarako, foru agindu horretan aurreikusitako datak.
Ezar daitezkeen berariazko beste baldintza batzuk ukatu gabe, uztondoak erretzeko baimenetan eskatuko da ondoko baldintza hauek bete daitezela:
–Eguzkia ateratzen denetik ordubete igaro ondoren hasten ahalko dira erreketak, eta eguzkia sartu baino bi ordu lehenago erabat itzaliko dira.
–Erreketa hasi baino lehen, dagokion suhiltzaileen parkeari jakinaraziko zaio, honako hauek adierazita: titularra, udalerria, finkaren poligonoa eta lurzatia eta alderdiaren izena, eta harremanetarako telefonoa. Horrek erreketa eteten ahalko du sute arriskua badago.
–Suebaki bat egin beharko da, gutxienez 8 metroko zabalerakoa, erre beharreko eremuaren inguruan.
–Erreketan, lanabes egokiak dauzkaten makinak eduki beharko dira, suebakiak egin ahal izateko.
–Erreketan bost pertsona egonen dira gutxienez, eta sua itzaltzeko tresnak izanen dituzte (urez betetako sulfatatzeko bizkar-zorroak eta beste tresna batzuk). Erreketatik ez da aldenduko harik eta hura erabat itzaltzen den arte.
–Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean. Ezustekorik gertatzen bada, berehala jakinaraziko zaio SOS Nafarroari (112), erreketa non dagoen adierazita.
–Ez da erreketarik eginen baldin eta hura kontrolatzea eragozten duen haizerik bada. Erreketa hasita, haizea hasiko balitz, berehala etenen da.
–Haizeak kea errepidearen aldera eramaten badu, eta horrek arriskua ekartzen badio zirkulazioari, itzali eginen da erreketa.
–Baimena emanen da, kasu guztietan, hirugarrenen eskubideak edo behar diren beste baimen batzuk ukatu gabe.
6. Kanpaldiak eta kanpalekuko suak. Baimentzen da sua egitea foru agindu honen 2. artikuluan definitzen den iparraldean kokatuta egon eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak baimenduak dauden kanpaleku finko ez ibiltarietan, atari zabalean gazteekin egiten diren jarduerak arautzen dituen abuztuaren 22ko 107/2005 Foru Dekretuarekin bat.
7. Baimena lortzeko eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztuko dira, aurreikusitako jarduera gauzatu baino 15 egun lehenago. Eskaeran jarduera identifikatzeko behar diren datu guztiak jasoko dira; halaber, onartuko da suteen prebentziorako baldintzak beteko direla. Baimena ematean, kontuan hartuko da, kasuan kasuko gaiaren arabera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren txostena.
9. artikulua. Beste baimen batzuekiko harremanak.
Foru agindu honi jarraikiz ematen diren baimen orokorrak edukitzeak ez du galarazten aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz eskatu behar den beste edozein ere lortu beharra.
10. artikulua. Aurretik emandako baimenak.
Foru agindu honen aurretik eman ziren baimen guztiak indarrik gabe geldituko dira honako hau argitaratzen denetik, baldin eta foru agindu honetan espresuki baimendutako jarduerak ez badira.
Foru agindu honetan baimentzen diren jarduerak orain ezarri diren neurrietara egokituko dira, foru agindu hau argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean.
11. artikulua. Baimenen indarraldia aldi baterako deuseztatzea.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, egoera meteorologikoen eta baso-suteak izateko arriskuaren bilakaera aintzat hartuta, indarrik gabe utz litzake foru agindu honetan jasotzen diren baimenak edo salbuespenez ematen diren gainerako guztiak.
12. artikulua. Kontrola eta zaintza.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko basozaintzako langileei agintzen zaie, eta Foruzaingoaren Polizia Administratiboaren Dibisioa eta Guardia Zibilaren SEPRONA premiatzen, foru agindu honetan azaldutakoa bete dadin zaindu dezaten.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Jakinarazpenak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Foru agindu hau jakinaraziko zaie Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziari, Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, Nafarroako Gazteriaren Institutuari eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko gainerako zerbitzuei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Gainera, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.