Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1991ko 6. NAOn argitaratua, urtarrilaren 14an. Aldaketak: 3/2007 Foru Legea, otsailaren 21ekoa; 1/2008 Foru Legea, urtarrilaren 24koa)
Zioen Adierazpena
Gizonak mendiei buruz izan duen eritzia aldatuz joan da urteetan zehar.
Antzinako denboretan oihana zerbait ikaragarria, ezezaguna eta gizakiarendako etsaia baldin bazen ere, geroztik gizateria ezarian-ezarian nekazari bihurtuz joan zen heinean, oihana menderatu eta landu beharreko espazioa izatera igaro zen, hedatzen eta indartzen ari zen gizarte harek, nekazal ekonomia hartan, bizi nahi bazuen, nahitaezko zitzaion landa lurrak eskura ahal izan zitzan.
Gizarte industrial eta hiritar honetan nekazal teknologia berrien bitartez lortu ahal izan da behar hainbat elikagai produzitzea, eta are soberakinak eskuratzea landa lur txikiagoetan. Aldi berean gizarteak ekologiaz eta basoen ingurugiroaz dituen ezagutza berriak direla eta, eskakizun berriak sortu dira horiei buruz. Mendiak dira ondasun konplexuak zeinetan bizi kalitatearekin, flora eta faunaren babesarekin, uraren zikloaren barnean duen dudagabeko eginkizunarekin, paisaiaren alderdiekin eta gehituz doan jostetarako erabilerarekin, hots, guzti horiekin zerikusirik duten baloreak bateragarriak baitira basoaren baliabide berriztagarrien probetxamendu arrazoizko eta beharrezkoarekin.
Gizartearen ezagupen eta galdakizunak, botere publikoak behartzen dituztenak oihan politika berri bat diseinatu eta martxan jartzera, zeinen lehenbiziko zutabea baita mendiei buruzko legeria aldarrikatzea, oihanen mota orotako erabilera arautuko duten oinarri eta xedeak finkatuko dituena eta hori erdiesteko behar diren legezko bitarteko suspergarriak jarriko dituena.
Foru Legearen bigarren artikulua da, hain justu, Nafarroako mendietarako lortu nahi diren oinarrizko xedeak finkatzen dituena.
-Basoen ingurugiro naturala eta egoera ekologikoak zaindu eta hobetzea.
-Oihan lurren emankortasuna mantendu eta hala behar izanez geroz, berreskuratzea, bai eta bertako higadura geldi eraztea ere.
-Nafarroako oihan zuhaiztiaren hedapena sustatzea, batez ere baso handiak izatera heltzeko ugaltze eta garatzeko ahalmena duten oihan multzoak.
-Oihanen taxuzko probetxamendua arautzea, lehengai berriztagarriaren sorburu bezala, xede hau ingurugiro naturalaren babesarekin bat eginez.
Xede ezberdinak dira eta aldi berean bat datozenak bere mendi eta basoak zaindu, hobetu eta hedatuko dituen Nafarroarekin.
Nafarroak mota ezberdineko lurraldeak ditu, izan ere ehun kilometrotan Espainia osoko eremuan kantauriar kostaldetik hegoekialdeko lehorralderaino aurki genitzakeen landare klase eta ekosistemak baitaude bertan, horrexegatik are eta beharrezkoagoa da Foru Lege honetan seinalatutako helburu abstraktuak aniztasun horri egokitutako lurralde plangintza batetan gauzatzea.
Beraz, Foru Legearen ondotik eta denbora gutxi barru, oihan plangintza eginen da haren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen Nafarroako Oihan Plana eginez, zeina Nafarroako Parlamentura igorriko baita han onetsi dezaten.
Mendiak, nolanahikoa dela ere haien jabetza eraentza, publikoa nahiz pribatua, Konstituzioaren agindura dauden ondasunak dira, zeinetan jabetza eskubide horren eginkizun sozialak mugatzen baitu horren edukia, legeek dioten arabera, espainiar Konstituzioak bere 33.2 artikuluan agintzen duen bezala.
Ondasunak nola erabili botere publikoek erabakiko dute, haien esku baitago, eta ez du jabari eskumenekin zerikusirik.
Mendien estatutu eraentza botere publikoek finkatu behar dute, legean oinarrituz, haren izakeraren berezitasunari egokituz. Foru Legearen zehaztasunek erantzun nahi diote mendien eginkizun soziala betetzeari, zeinen bidez hiritar guztiek probetxatzeko esku izanen baitute.
Bestalde, mendiak berezko ondasunak direnez gero ingurugiroaren oinarrizko parte dira. Foru Legeak arautzen du mendien gaineko jabari eskubideez baliatzea Konstituzioaren 45.2 artikuluan finkatutakoa kontutan izanik, zeinek botere publikoak behartzen baititu baliabide naturalen erabilpen arrazoizkoa zaintzera, bizi kalitatea babestu eta hobetzeko eta ingurugiroa defendatu eta bere onera ekartzeko, behar-beharrezko elkartasun kolektiboan oinarrituz.
Nafarroak, antzina-antzinatik eta bereziki XIX. mendetik, ekintza arau emaile eta administratiboa burutu du mendi edo oihan arloan, beraren xedapen propio eta berezien indarrez, Estatuak emandako legegintza orokorraren aplikazio osagarria galerazi gabe, baina beti ere Nafarroako erregimen berezia errespetatuz.
Honi dagokionez, eta lege-historia arloan, honakoa azpimarratu behar da:
-Nafarroako Gorteetako 1828/29.eko 26. Legea, mendi, landaredi eta bertze lur klaseak kontserbatu, sustatu eta landatzeari buruzkoa, Nafarroa artean Erreinua zen garaikoa.
-1841.eko Lege Hitzartua, zeinetan oinarritu baitzen orduz geroz gure Foru Eraentza, oro har, Nafarroako eskumenak eta ahalmenak bereziki aitortzen direlarik 6, 10 eta 14. artikuluetan, Herrien eta Probintziaren ondasunei (mendiak, bertzeak bertze) dagozkienetan.
-1899.eko maiatzaren 30eko Itundutako Errege Dekretua, lege desamortizatzaileak foru lurraldean egokiro aplikatzeko diktatua.
-1912.eko maiatzaren 6ko Nafarroako Salmenta Batzordearen akordioa, zeinen bidez Nafarroan kokatzen diren Onura Publikoko Mendien Katalogoa onesten baitzen.
-1925.eko azaroaren 4eko Errege Dekretu Lege Hitzartua, zeinen xedea baitzen Nafarroako Foru Eraentza 1924.eko martxoaren 8ko Udal Estatutuari egokitzea. Honen 3. eta 10. Oinarriak, hots, "Herrien Ondasunak" eta "Mendiak" hurrenez-hurren, 1928.eko otsailaren 3ko Nafarroako Udal Administraziorako Arautegiak modu zabalean garatu zituen, orduko Foru Kontseilu Administratiboak, eta hain zuzen ere, "Herrietako Mendi eta Herrilurrak" izenburua zuen IV. Tituluaren bidez diktatua.
-Estatuko mendi jakin batzuen administrazioa eta gestioa Nafarroako Foru Diputazioari esleitzeari buruzko 1930.eko ekainaren 30eko Errege Dekretua, izan ere 1974.eko abenduaren 20ko Dekretuaren indarrez gainerako mendietara hedatuko zen esleipena izan baitzen, prozedura burutu zelarik horien jabetza Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko otsailaren 27ko 334/1987 Errege Dekretuarekin.
-Nafarroako oihan ondarearen gaineko Arautegia, Foru Diputazioak 1941.eko abuztuaren 2an onetsia.
-Mendi partikularretan egurra bota eta probetxatzeari buruzko xedapenak, Foru Korporazioak 1954.eko apirilaren 9ko Erabakian hartutakoak.
1978.eko abenduaren 27ko Konstituzioa dela bide Espainian printzipio demokratiko, anizkor eta autonomien aldekoak baieztatzen dira, hala ere, ez da ahazten gure Foru Eraentza, berau babesten, errespetatzen eta bermatzen delarik Konstituzioak bere Lehen Xedapen Gehigarriaren lehenengo lerroaldean eta Xedapen Derogatzailearen bigarren atalean agintzen duenaren arabera.
Jakina denez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa indarrean jartzearekin lortu nahi da: 1) Nafarroako Foru Eraentzan konstituzio batasunarekin bateragarri diren ahalmen eta eskumenak oro sartzea. 2) Foru Erakundeak demokratikoki antolatzea. Eta 3) Nafarroako Eraentzari dagozkion ahalmen eta eskumen guztiak bermatzea.
Hori horrela, Foru Hobekuntzaren 50-1 e) eta 2. artikuluaren arabera: "Nafarroako Foru Komunitate edota Udal, Kontzeju eta gainerako entitate administratiboen titulartasunekoak diren mendien gaineko eskumen osoa dauka, bere foru eraentzaren arabera" eta "Nafarroari era berean partikularren jabetzako mendien alorrean, legegintzaren garapena eta Estatuko oinarrizko legeria gauzatzea dagozkio".
Foru Lege hau prestatzeko kontutan hartu dira bertzeak bertze, Nafarroako eskumena mendien arloan, horretarako behar den antolamendua, foru legearen mailarekin, eta gaur egun foru lurraldean oihan aberastasunak duen garrantziari erantzun gaurkoa eta egokia eman beharra, mendietako produkzio, babes eta zaintzari buruzko funtsezko helburu nahiz eginkizunak burutu ahal izateko, eta orobat herrien ongi izate eta aisia garatzeko helburuarekin izakera sozialeko xedeak ere.
Foru Lege honen I. Tituluak biltzen ditu Foru Lege berriaren helburua, xedeak eta aplikazio eremua, mendia nahiz oihan lurra zehazteko kontzeptu legala eta klasifikazioa, bai eta arlo horretan Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudun ezberdinen eskumenak ere.
II. Tituluaren gai dira naturgune babestuak diren edo hauen parte diren mendiak, onura publikoko mendi publikoak, eta guztiondako interesgarri diren partikularren mendi babestaileak, banan-banan arautzen direlarik, horien eraentza juridikoen alderdi garrantzitsuenak.
Agian, Foru Lege honen III. Titulua dateke garrantzi gehien duena, mendien zaintza eta defentsari buruz arautzen dituen gaiak direla eta, hala nola higadura geldiaraztea, landare berriak sartzea, erabilera aldatzea, izurriteak, oihanen gaitzak eta suteak, eta mendien era ezberdineko probetxamenduak.
Titulu honetan sartzen ere da mendien erabilera edo bertan josteta ekintzak arautuko dituen Kapitulu bat.
IV. Tituluaren xede da mendien hobekuntza, bi aldetatik ikusita. Alde batetik, titularrak mendia hobetzeko duen obligazioa, eta bertzetik, Administrazioak sustatu beharreko hobekuntza lanak bultzatzea.
Azkenik, V. Tituluak mendien arloko zehapen sistema arautzen du.
Foru Legea burutzen dute bi xedapen gehigarrik, xedapen iragankor batek eta bi azken xedapenek.
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA. Helburua eta aplikazio eremua
1. artikulua
Lege honek foru eraentza finkatzea du helburu, Nafarroako oihan ondarea babesteko eta garatzeko, eta Foru Komunitateko lurraldean diren mendi eta oihan lur guztietan aplikatuko da.
2. artikulua
Foru Lege honen oinarrizko xede dira:
a) Basoetako ingurugiro naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.
b) Oihan lurren emankortasuna zaindu eta, hala behar izanez geroz, berreskuratzea eta higadura geldiaraztea.
c) Nafarroako oihan eremua gehitzea, batez ere bizkortze eta eboluzioaren bidez, jatorrizko baso izateko ahalmena duten landarediak sortaraziz.
d) Oihanen taxuzko probetxamendua arautzea, lehengai berriztagarriaren sorburu bezala, xede hau ingurugiro naturalaren babesari, bai eta mendi horiek daudeneko eremu geografikoetan errentak sortzeari ere egokituz.
3. artikulua
Foru Lege honen xede dira, halaber, ondoko hauek:
a) Mendi hauek bazkatoki izan daitezen ahalegintzea, behar bezalako antolamenduaren arabera.
b) Entitate Lokalekin lankidetza suspertzea oihan lurrak zaindu eta babesteko.
c) Mendiko produktuen lehen mailako transformaziorako ekintzak bultzatzea.
d) Oihan baliabideen ekoizpen, transformazio eta merkaturatzean zerikusirik duten sektoreen arteko elkarteen sorkuntza eta lankidetza sustatzea.
e) Baso eta mendien oihan eta ekologiazko ikerketa eta esperimentazioa sustatzea.
f) Basoak josteta eta aisiarako duen balioa sustatu eta arautzea.
g) Zuhaitzarekiko ezagutza, begirunea eta ezarpena sustatzea.
4. artikulua
1. Foru Lege honen ondorioetarako, mendi edo oihan lurtzat joko dira:
a) Landare espezie edo landare multzoz hornituriko landalurrak, non eta, ez nekazalgintzaren ezaugarri, ezta horren xede ere, ez diren.
b) Nekazalgintzaren xede diren lurrak, mendietan lekuneak eratzen dituztenak, zernahi dela ere haien zabalera, herrilur edo lur partikularrei dagokienenean, zeinen laborantza bost urtez goiti utzia izan baita, eta orobat, partikularrak izanik eta laborantza normalki eginez, horien azalera gutxienezko laborantza unitatetik beheitikoa denean.
c) Foru Komunitateko Administrazioak oihan lurtzat deklaratu dituen edozein motatako landalurrak, horiengan eragina izanik higadura, birlandaketa konpontzeko, edo oihan arloko bertze proiektuek.
d) Berez birsortzen diren larreak, idoiak eta zoikaztegiak.
e) Mendiaren kudeaketarako eta erabiletarako eraikinak eta azpiegiturak.
2. Oihan lurtzat joko da aldi baterako zur nahiz egurretarako produkziora bideratutakoak, horien ezarpenak dirauen bitartean, zeina ez da bere espeziearen txanda baino laburragoa izaten ahal.
5. artikulua
1. Mendiak, jabetzaren arabera, publikoak edo pribatuak izanen dira.
2. Mendi publikoak Estatuarenak, Nafarroako Foru Komunitatearenak, toki entitateenak eta oro har Nafarroako edozein entitate administratiborenak dira.
3. Mendi pribatuak, berriz, zuzenbide pribatuko pertsona fisiko edo juridikoenak dira, banaka eduki nahiz jabekidetzan.
4. Hauxe da mendien sailkapena, haien ezaugarrien arabera: a) naturgune babestuak eta babes bereziko beste mendi batzuk, b) onura publikoko mendiak, c) mendi babesleak eta d) mendi kalifikatu gabeak.
II. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak
6. artikulua
1. Mendiak dira naturaren ondasunak, beraz, berari dagokion bezala ahalik eta ongien zaindu eta erabili behar ditugu, bigarren artikuluan adierazitako oinarrizko xedeak garatuz, horregatik Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapean izanen dira, Foru Lege honetantxe ezarritako moduan.
2. Mendien eginkizun sozial eta ekologikoak, zernahi dela ere haien titulartasunaren izaera, publiko zein pribatua, ondoren jartzen diren printzipioak betetzea eskatzen du, hauei atxekiko delarik bere ihardunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.
a) Baliabide naturalen zaintza eta hobekuntzaren lehentasuna, zeini lotuko baitzaio mendietan egin gogo den erabilera, probetxamendu edo azpiegitura oro.
b) Lurren zaintza eta behar izanez gero, horien emankortasuna berreskuratzearen lehentasuna, higadura aurrikusi eta zuzentzeko asmoz.
c) Mendien probetxamendu ororen arrazionaltasuna, oihan eta ekologi zientzietan oinarritutako plan teknikoei erantzunez, xedetzat produkzioa sustatu eta eskualdeen arteko desorekak zuzentzea duena, horrek lehen errandako basozaintza eta hobekuntzari buruzko printzipioak inoiz ere hautsiko ez dituelarik.
3. Nafarroako Gobernuak antolaketaren arloan dituen eskumenak galarazi gabe, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izanen ditu foru lege honek oihan eta ingurumen administrazioari esleitzen dizkion eskumenak.
4. Toki entitateek, beraien lege berariazkoen esparruan eta oihan antolakuntzarako dituzten tresnekin bat, titularitatekoak dituzten mendiak eta herri mendiak kudeatuko dituzte, foru lege honetan ezarritako modu eta baldintzetan.
5. Mendien edo oihan lurren titularitatea duten administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatuko dira.
6. Foru lege honetan araututako gaietan eragin zuzena duen edozein foru edo toki araubidek oihan administrazioaren txosten lotesle eta aginduzkoa beharko du aurretik.
II. TITULUA. MENDIEN SAILKAPENA ETA ARAUBIDE JURIDIKOA
I. KAPITULUA. Naturgune babestuak eta babes bereziko beste mendi batzuk
7. artikulua
1. Naturgune babestuak edo haien zati diren mendiak edo oihan lurrak, haien babes eremuak barne, eta Natura 2000 sarekoak ere, foru lege honen menpe egonen dira oihan arloari dagokionez; oihan antolakuntzarako horiei buruz egiten diren planetan edo proiektuetan ingurumenaren ikuspuntutik dituzten balioak kontserbatu eta babesteari dagokionez horien arau berariazkoetan ezarritakoa jaso beharko da.
2. Oihan administrazioaren esku-hartzeari dagokionez, mendi edo oihan lur horiei emanen zaien tratamendua onura publikoko mendiei ematen zaien berbera izanen da.
II. KAPITULUA. Onura publikoko mendiak
8. artikulua
Nafarroako Onura Publikoko Mendiak dira, orain arte halakotzat deklaratu izanak eta hemendik aitzinera ere deklaratuko direnak, dela ororendako interesari dagokionean ezaugarri nabarmenak dituztelako, dela degradazio arriskuak agertzen dituztelako
2. Mendi horiek besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez daude haien titularitatea kargatuko duen inongo tributuren menpe.
9. artikulua
1. Onura publikoko deklarazioa duten mendiak eta hemendik aurrera deklaratuko direnak Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoan sarturik daude.
2. Nafarroako Gobernuak eginen du onura publikoaren deklarazioa, ofizioz edo titularrak eskatuta, eta oihan administrazioak proposaturik, administrazio prozedura bidez; prozedura horretan entzutea emanen zaie ukitutako entitate publikoari eta mendi horien gaineko eskubideen titularrei, halakorik balego, eta onura publikoko menditzat hartzea eragin duten ezaugarriak justifikatu beharko dira.
3. Mendi bat katalogotik aterako da katalogatzea eragin zuten ezaugarriak galtzen dituenean, aurreko idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren moduko bat erabiliz.
Mendi bat katalogotik ez da inoiz aterako katalogatzea eragin zuten ezaugarriak sute baten ondorioz galtzen dituenean.
4. Oihan administrazioak baimena eman dezake mendi katalogatu baten mugaketa berriz egiteko, titularrari entzutea eman ondoren, betiere mendiaren azalera hobeki zehazteko edo kudeaketa eta kontserbazioa hobetzeko baldin bada.
5. Foru Komunitateko administrazioak tramitatzen ari den plan edo proiektuaren onura publikoa edo interes orokorra deklaratu nahi duenean eta horrek Nafarroako onura publikoko mendien katalogoan sartutako mendi edo oihan lur bati eragin ahal baldin badio, Nafarroako Gobernuak aurretik bien arteko bateragarritasun deklarazioa egin beharko du, edo bati bestearen gainetik lehentasuna ematekoa, oihan administrazioak txostena eman ondoren.
10. artikulua
1. Mendi bat Katalogoan sartzen denean, horren ustezko jabetza, zein entitate publikoren izenean dagoen, harexen alde emanen da, eta jabetza hori ez da ezbaian jartzen ahalko interdiktu edo prozedura berezien bitartez.
2. Gisa oroz, eta jabetzari buruzko judizio deklaratzaile arruntean epai irmoa ematen ez den bitartean, jabetza horri eutsiko zaio eta, bidezko bada, agintari eskudunek berreskuratzeko laguntza emanen dute.
11. artikulua
1. Katalogoan sartutako mendiak Jabetza Erregistroan inskribatuak izanen dira titularraren alde, Katalogoaren arabera, Oihan Administrazioak luzatutako ziurtagiriaren bitartez eta hipoteka legeriak agindutakoari jarraikiz.
2. Lehengo ziurtagiriari inskribatu gogo den lursailaren topografi planoa atxeki beharko zaio, horren eskala arautegi bidez zehaztuko delarik.
12. artikulua
Hipotekari buruzko Legean finkatutako bitartekoren bat erabiliz, Jabetza Erregistroan onura publikoko katalogaturiko mendiren bat dagoen udalerri bateko finkak inmatrikulatzea nahi bada, eskatzaileak finka horiek katalogoan sartutako mendi baten barnean ez daudela kreditatzen duen Oihan Administrazioaren ziurtagiria eskuratu beharko du; eskatutako inskripzioa ez dago egiterik ezezko ziurtagiri hori eramaten ez duen bitartean.
13. artikulua
1. Onura publikoaren katalogazioa duten mendien jabetzari buruz deklaratzeko judizio arruntak egiten diren kasuetan, alderdi demandatua Foru Komunitatea izanen da, baita mendiaren Entitate titularra ere.
2. Edozein demanda zibil onartua izan dadin, erreklamazio judiziala baino lehen erreklamazio administratiboa egin dela kreditatu beharko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta Entitate Publiko titularrean, Katalogoaren arabera. Erreklamazio hori gauzatu beharko da prozedura administratiboaren arauei jarraikiz.
14. artikulua
1. .Onura publikoaren katalogazioa duten mendien besterentzea, mugaketa eta Jabetza Erregistroan inskribatzea, Entitate Publiko ezberdinen ondasunak arautzen duen legeria bereziaren agindura eginen dira.
2. Onura publikoko mendien mugaketa Oihan Administrazioak onetsi beharko du.
15. artikulua
1. Onura publikoko mendien katalogoan bertan sartutako mendien gaineko zortasunak eta gainerako eskubide errealak agertu beharko dira.
2. Karga oro behar bezala justifikaturik egon beharko dira. Mendia kargatzen duten zortasunen eta eskubide errealen gainean auzia egonez gero, hala dela jasoko da katalogoan.
16. artikulua
1. Onura Publikoko Mendien Katalogoan agertarazi beharko dira bertan bildutako mendiek kargatzen dituzten menpekotza eta eskubide errealak.
2. Karga guztiek behar bezala justifikatuta beharko dute egon. Hala ez bada, ofizioz edo alderdi baten eskabidez egoki den prozedura irekiko da, haren legezkotasunaz edo haren esistentziaz ebazpena emanen duena.
3. Oihan Administrazioak emanen duen ebazpenaren kontrako helegitea jartzen ahal da Auzitegi zibiletan, prozedura administratiboaren arauetan bildutako bide administratiboa, judiziala baino lehenago, agortu ondoren.
III. KAPITULUA. Mendi pribatuak eta mendi babesleak
17. artikulua
1. Mendi pribatuak titularrak kudeatuko ditu.
2. Mendi horien kudeaketa oihan kudeaketa edo planifikaziorako tresnari lotuko zaio, eta foru lege honetan ezarritako modu eta baldintzetan gauzatuko da.
18. artikulua
1. Nafarroako Gobernuak eginen du mendi babeslearen deklarazioa, oihan administrazioak proposaturik, administrazio prozedura bidez; prozedura hori ofizioz edo titularrak eskatuta tramitatuko da, eta bertan entzutea emanen zaie, beharrezkoa izanez gero, jabeei eta mendia dagoen toki entitateari.
2. Babestaile deklaratutako mendiak Nafarroako Mendi Babestaileen Katalogoan jasoko dira, eta haien ezaugarriak arautegi bidez zehaztuko.
3. Mendi bat Mendi Babesleen Katalogotik kenduko da, bertan jasotzeko inguruabarrak behin desagerturik direla, mendi babesle deklaratzeko erabilitakoaren espediente analogoa tramitatuz.
4. Mendi babesleei aplikatzekoa izanen zaie foru lege honen 15. artikuluan ezarritakoa.
IV. KAPITULUA. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea
19. artikulua.
1. Toki entitateek izanen dituzte lehentasunez eskuratzeko eskubideak berarekin dakartzan lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak beraien udal mugapean dauden mendi edo oihan lurren gaineko kostu bidezko transmisioetan. Nafarroako Foru Komunitatearen titularitateko mendien mugakide diren mendi edo lurren kasuan, eskubide horiek, lehenengo eta behin, Nafarroako Foru Komunitatearenak izanen dira, eta subsidiarioki lurrak zein udal mugapetan dauden, bertako toki entitatearenak.
2. Ondoren adierazten diren kostu bidezko transmisioetan Nafarroako Foru Komunitateak lehentasunez eskuratzeko eskubidea izanen du, betiere aurreko idatz-zatian toki entitateei aurreikusitako eskubidearen subsidiarioa:
a) 100 hektareatik gorako azalera duten mendiak.
b) Mendi babesle deklaratutakoak eta babes bereziko beste mendi batzuk.
c) Foru lege honen 7. artikuluan araututakoen mugakide diren mendi edo oihan lurrak.
d) Nafarroako Gobernuarekin partzuergoan diren mendiak, partzuergo horietan aurreikusitako baldintzetan.
20. artikulua.
1. Lehentasunez erosteko eskubidearen ondorioetarako, transmisio-egileak eskubidearen titular diren administrazio publikoei transmititzeko asmoa duela jakinarazi beharko die sinesgarriro, eta jakinarazpenean egin gogo duen transmisioaren prezioari eta ezaugarriei buruzko datuak agerrarazi beharko ditu.
2. Eskubidearen titular diren administrazio publikoak ez badira lehentasunez erosteko eskubideaz baliatzen jakinarazpena egin eta hiru hilabeteko epean, eskubidea iraungi eginen da jakinarazitako transmisioari dagokionez.
3. Notarioek eta erregistratzaileek ez dituzte eskriturak baimenduko ez inskribatuko, hurrenez hurren, aipatutako jakinarazpena egin dela aurretik inork frogatu gabe.
4. Transmisioa aldez aurretiko jakinarazpena egin gabe edo bertan islatutako baldintzak bete gabe gauzatuz gero, lehentasunez eskuratzeko eskubidearen titular den administrazioa atzera eskuratzeko eskubideaz baliatu ahalko da, transmisioa Jabetzaren Erregistroan inskribatu eta urtebeteko epean edo, horrelakorik ezean, transmisio horren baldintza errealen berri modu sinesgarrian izaten duenetik aurrera.
5. Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubide horiek lehentasuna izanen dute beste edozeinen gainetik, Nafarroako foru lege zibiletan ezarritakoa ukatu gabe.
III. TITULUA. MENDIEN ZAINTZA, DEFENTSA ETA PROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA. Printzipio nagusia
21. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ardura hartuko du Nafarroako mendi edo oihan-lurrak zaindu eta defenda daitezen ziurtatzeko, lurzoruaren higadura arriskuak, mendiak soildu, arrazoirik gabe erabilera aldatu, behar ez bezalako probetxamendu, izurrite eta gaitz, oihanetako sute eta kutsaduraren aurka.
II. KAPITULUA.
1. Atala. Mendien zaintza
22. artikulua
1. Nafarroako oihanak beren hedadura eta aniztasun guztian zaindu beharko dira, basoek betetzen dituzten funtzio babestaile, ekoizle eta sozialak aintzat hartuta.
2. Onura publikokoak edo babestaile diren mendi katalogatuetan, azaleraren ehuneko bosta gutxienez zainduko da gizona bertan sartu gabe, bere bilakaera naturalaren menpe soilik. Eremu horiek hautatzerakoan kontuan hartuko dira landaredi eta estazioen aniztasun erizpideak eta hautaketa hori batera eginen dute mendiaren titularrek eta Oihan eta Ingurugiro Administrazioek.
3. Nafarroako zuhaitz eta zuhaiska espezien oihanetako hazien bankua eratuko da.
23. artikulua
1. Interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeko proiektuetan oihan azalera gutxitzerik agertzen bada, ukitutako eremurako basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektua erantsiko da, gutxienez ere okupatuko den lur saila adinako azalera batean.
2. Oihan administrazioak aztertu eginen du interes publikoko azpiegiturak eraikitzeko proiektuek hondatu edo urez hartuko luketen oihan azalera, eta aginduzko txosten loteslea emanen du horiekin batera aurkezten zaizkion basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektuen egokitasunari buruz.
3. Lurzati berrantolamenduko proiektu guztietan zehaztu eginen da zein diren gorde beharreko zuhaitz edo zuhaixken landaredi unitateak. Balio ekologiko berezikoaren kalifikazioa duten heskaiak ezin izanen dira kendu.
4. Proiektu publiko baten jarduketa esparruak ibai ibilgu batekin muga egiten duenean, ibilguaren ondo-ondoko zerrenda bat errespetatuko da, bost metro zabal gutxienez, ur-bazterreko berezko zuhaizti izan dadin.
24. artikulua
1. Oihan Administrazioak mendietan abereen bazka tokiak mugatzen ahalko ditu, bai eta debekatu ere, horiek bateraezinak balira haien zaintzarekin.
2. Oro har, debekaturik dago ahuntz azienda sartzea zuhaitz edo zuhaixka espeziak dituzten mendietan. Salbuespen gisa, eta erregelamenduz ezarriko den moduan, baimena eman ahalko da ahuntz azienda bazkatzeko mendi horietan.
Bigarren atala. Erabileraren aldaketa
25. artikulua
1. Mendi edo oihan lur baten erabilera aldatzen duen edozein ekintza edo erabakitarako oihan administrazioaren baimena beharko da aurretik.
2. Erabilera aldaketa, lurzoruaren edo landarediaren egoera fisikoan funtsezko gorabeherarik sortzen duena izanen da, bai eta edozein erabaki ere, mendi edo oihan-lurrei beste kalifikazio bat ematen diena.
3. Horretarako irekitzen den administrazio espedientean, sustatzaileak frogatu egin beharko du erabilera berriaren interesgarritasunak onura publikoarekiko duen nagusitasuna edo mendiaren babestaile bezala duena. Kasu horretan, isiltasun administratiboa negatibotzat hartuko da.
4. Mendi katalogatu gabekoen kasuan, interesatuak erabileraren aldaketa justifikatzen duen txostena aurkeztu beharko du. Horrelakoetan, isiltasun administratiboak ezespena ekarriko du.
5. Ibai ibilguen ondoan dauden berezko zuhaiztien erabilera aldatzea debekaturik dago, zein den ere lurraren sailkapena, salbu eta ibilgu horiek gurutzatzen dituzten azpiegiturak paratu edo aldatzeak dakartzanak, horietarako baimena eman ahalko baita.
6. Ur-bazterreko berezko zuhaiztietan jarduketak baimendu ahalko dira, betiere erabilera aldatzea eragin behar ez badute.
26. artikulua
1. Onura publikokoak edo babestaile diren mendiak sailkatu eta kalifikatu eginen dira oihan erabilerako lurzoru ez urbanizagarri bezala hirigintz planeamenduaren baliabideak aplikatuz.
2. Hirigintza planeamenduko tresnek oihan lurren kalifikazioan, mugaketan edo arautzean eragina dutenean, oihan administrazioaren aginduzko txosten loteslea beharko da.
27. artikulua
Hirugarren atala. Menpekotzak eta okupazioak
28. artikulua
1. Oihan Administrazioak ahalmena dauka onura publikokoa edo babestaile izaera duen mendi bati ezarritako kargaren bateraezintasuna deklaratzeko, aurretik arautegi bidez behar duen prozedura ezarrita. Bertan informe izapidea beharko du Ingurugiro Administrazioak egina.
2. Bateraezintasunaren deklarazioak kargaren aldi bateko etendura edo iraungipena ekarriko du kalteordainaren bitartez, eta horren zenbatekoa, alde interesatuen artean adostasunik ez bada, nahitaezko desjabetzapen arauek zehaztuko dute.
29. artikulua
1. Interes publikoaren arrazoiak tarteko, kontzesio administratiboen kasuetan baimena emanen zaie mendi katalogatuen zortasun eta aldi baterako okupazioei, ondoko lerroaldeetan xedatutakoari jarraikiz eta, onura publikoko mendien kasuan, behin lehentasuna edo bateragarritasuna deklaraturik foru lege honen 9.5 artikuluan aurreikusitako moduan.
2. Interes pribatuaren funtzioan eta izaera murriztailearekin, Oihan Administrazioak baimena eman ahalko du menpekotza edo aldi bateko okupazioak ezartzeko mendi katalogatuetan, eta hori mendiaren onura publikoarekin bateragarri dela frogatu eta titularraren onespena baldin badu, Katalogoaren arabera.
3. Okupazioa edo menpekotza arboladun mendi batean kokatu nahi bada, sustatzaileak frogatu egin beharko du onura publikoarekiko bateragarritasuna eta gainera, mendiaren arbolarik gabeko lurretan ezin kokatu izana. Bereziki, mendi katalogatuak dauden tokietan energi garraiorako azpiegiturek arboladietan eraginik ez izatea bilatuko dute, hori posible den aldiro, eta lehentasuna emanen zaio mendiaren arbolarik gabeko lurretan edo handik aparteko nekazal lurretan barnako trazadurari.
4. Edozein okupazio edo menpekotzarengatik mendiaren titularrari kanon bat, eguneratuko dena, edo kalteordaina eman beharko zaio, mendiari egiten zaion era guztietako kalte edo menpekotza, edo okupazioak bere sustatzaileari ematen dizkion mozkinen araberakoa.
5. Artikulu honetan bildutako kasuetan Ingurugiro Administrazioaren txostena derrigorrezkoa eta loteslea izanen da.
30. artikulua
1. Ezin izanen dira lurrak goldatu nekazal lanak egiteko, onura publikokoak edo babestaile diren mendietan. Belar soroak hobetzeko goldatu behar bada, Oihan Administrazioaren baimena beharko da aurretik, baina hark ezin izanen du baimenik eman ehuneko hogeia baino gehiagoko azaleran arbolak dituen lurretan egin nahi bada.
2. Ez onura publikokoak eta ez babestaile ez diren mendi edo oihan-lurrak goldatu ahal izateko, nekazaritza edo abelazkuntzan erabiltzeko, Oihan Administrazioaren baimena beharko da, aurretik Ingurugiroarenak bere txostena emanda. Inolaz ere ez da baimenik emanen ehuneko hogeia baino gehiagoko azaleran arbolak dituen lurrak goldatu nahi badira.
3. Goldatuz edo bestela, oihan lurzorurik murrizten bada, sustatzaileak bere kargura konpentsatu beharko du, azalera bereko lurretan birlandaketa eginaz, Titulu honen IV. Kapituluan ezarritako printzipioei jarraikiz.
31. artikulua
Arrazoia edozein dela ere, oihan lurzoruaren murrizketa Udalez gaindiko Eragina duen Plan edo Proiektu Sektorial batek jasotzen baldin badu, baimenaren prozedura Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legean agindutakoa izanen da.
III. KAPITULUA. Mendien babesa
Lehen atala. Izurrite eta oihanen gaitzak
32. artikulua
1. Izurrite eta oihanen gaitzetatik zaindu, horiek prebenitu, atzeman eta aztertzea Oihan Administrazioari dagokio, bai eta haiei tratamendua emateko aholku eta laguntza teknikoa eskaintzea ere.
2. Oihaneko izurrite edo gaitz batek ukitutako lurren jabeak beharturik daude horren berri ematera oihan administrazioari.
33. artikulua
1. Izurrite eta oihanen gaitzen aurkako burrukari buruz Oihan Administrazioak agintzen dituen iharduketak, ukitutako lurren titularrek burutuko dituzte.
2. Oihan Administrazioak hitzarmenak sinatzen ahalko ditu oihan lurretako titular publiko zein pribatuekin, izurrite edo oihanen gaitzak prebenitu eta iraungitzeko lanak aurrera eramateko.
34. artikulua
1. Oihan Administrazioak izurrite edo oihanen gaitz baten aurkako burrukaren onura publikoa eta hura nahitaez tratatu beharra deklaratzen ahalko du, ukitutako eremua mugatuz.
2. Aipatu deklarazioak ukitutako lurren titularrek nahitaez beteko dituzte behar diren prebentzio eta iraungipen lan eta neurriak, Oihan Administrazioak adierazten dien epe eta moduan, IV. Tituluan agindutako laguntzekin.
3. Bestelakoan, Oihan Administrazioak beteko ditu lurren titularren kontura.
35. artikulua
36. artikulua
1. Oihan eta Ingurugiro Administrazioek, "euri azido" delakoak eta beste kutsagaiek ekosistemetan ekar ditzaketen eraginen ardura hartuko dute.
2. Helburu horrekin eguneraturik mantenduko da detekzio eta jarraipenerako sarea eta gaitzak kontrolatzeko behar diren neurriak hartuko dira.
Bigarren atala. Oihanetako suteak
37. artikulua
1. Foru komunitateko administrazioaren eskumena da oihaneko suteei aurrea hartzeko eta haien aurka borroka egiteko behar diren neurriak planifikatu, koordinatu eta gauzatzea; horrek ez ditu beste administrazio publiko batzuen eskumenak galarazten, eta areago, lankidetza harremanak izanen ditu haiekin. Oihan administrazioari dagozkio oihaneko suteei aurrea hartzearen arloko eskumenak; era berean, Nafarroako Larrialdietako Agentziari aholkularitza teknikoa emanez sutea itzaltzeko lanetan parte hartzea ere badagokio.
2. Oihanean sute bat dagoela edo hasi dela ikusten duenak horren berri eman beharko dio agintari eskudunari edo larrialdietako zerbitzuei.
3. Erregelamenduz arautuko dira oihan lurretan eta mugakideetan dauden auzuneei, bestelako eraikinei, obrei, instalazio elektrikoei eta garraio azpiegiturei aplikatzekoak zaizkien segurtasun arauak, horiek sutea sortzeko edo haren eraginpean egoteko arriskua dagoenean.
4. Oihan administrazioak mugak jarri ahalko dizkio mendietan eta mugakide diren eremuetan sute arriskua eragin dezaketen jarduerei, bertatik iragateari barne.
38. artikulua
1. Mendien defentsan eta oihanetako suteen prebentzioan batera jokatzeko, Oihanak Defendatzeko Elkarteak eratzen ahalko dira, Foru Lege honetan eta berori garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.
2 Oihan Defentsarako Elkarteek nortasun juridikoa eta iharduteko ahalmen osoa izanen dute.
39. artikulua
1. Hurrengo idatz-zati eta artikuluetan ezarritakoa ukatu gabe, debekaturik dago oro har sua erabiltzea mendietan eta oihan lurretan. Era berean, debekaturik dago sua erabiltzea lehorreko landa lurretan galondoak kentzeko.
2. Sua jostetako helburuetako erabiltzeko baimena dago. Halere, oihan administrazioak mugatu edo debekatu ahalko du erabilera hori eguraldiaren arabera.
40. artikulua
1. Debekaturik dago, halaber, ur-bazter, ezponda, muino eta, oro har, zuhaixka eta landareei su ematea.
2. Nekazaritzako hondakinen erretzea erregelamenduz arautuko da.
3. Salbuespen gisa, oihan administrazioak suaren erabilera baimendu dezake oihan edo nekazaritza kudeaketarako tresna gisa, haren ordez teknikoki beste bitartekorik erabiltzerik ez dagoenean.
41. artikulua
42. artikulua
1. Inolaz ere ez da zilegi izanen suak hartutako mendi edo oihan-lurren erabilpena aldatzeko espedientea izapidatu, eta zuhaitzez osaturiko landare geruza berriz ezarri beharko da, zuhaitz birlandaketa artifiziala eginaz, ziklo begetatibo berri baten ondotik erne-berritze naturala ezinezkoa den kasuetan.
2. Oihan administrazioari dagokio oihaneko suteen ondorioz kaltea jasandako oihan aberastasuna bere hartara bueltatzea eta prebentzio neurriak betearaztea. Eskumen horiek galarazi gabe, oihan administrazioak dirulaguntzak eman ahalko ditu titularrek beraiek egindako lanetarako.
3. Zuhaitz landaketa berriak egiteko proiektuen barrenean oihangintza teknikak sartuko dira, eta honako hauek kontutan hartuko: sua hedatzeko trabagarri suertatzen diren zuhaitz multzoen diseinua, erregaien aldaketarako teknikak eta erregaitzak diren espezieen landaketa.
43. artikulua
1. Entitate Lokalek izanen dute beren zabortegiak egokitzearen erantzunkizuna, suaren sortzaile izan ez daitezen.
2. Zabortegiak behar bezala ez zaintzeagatik sua sortuko balitz, haren erantzunkizuna haien titular diren Entitate Lokalena izanen litzateke.
IV. KAPITULUA. Mendiak zuzpertzea
Lehenbiziko atala. Higadura zuzentzea
44. artikulua
1. Oihan administrazioari dagokio Nafarroako lehengoratze hidrologikoa eta oihan arlokoa gauzatzeko lanak planifikatu eta egitea, beste administrazio publiko batzuekin hitzarmenak ezartzeko aukera ukatu gabe.
2. Lehengoratzeko planak, lanak eta neurriak onura publikokoak izanen dira desjabetzeen ondorioetarako, eta nahitaezkoak ukitutako eremuetan lurrak dituztenentzat.
3. Desjabetutako lurrak, onura publikoko mendien edo haien mugakideen eremuan daudenean, mendi katalogatuaren titular den entitate publikoaren ondarean sartuko dira.
4. Higadura zuzentzeko proiektuak onesteko tramitean entzutea eman beharko zaie ukitutako mendi eta lurren titularrei.
5. Hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den basoei buruzko planaren barrenean sartuko dira Nafarroan dauden higadura arazoak, kopuruak eta eremuak zehaztuta, baita lehengoratze hidrologikoa eta oihan arlokoa egiteko lanen lehentasuna eta programazioa ere.
Bigarren atala. Zuhaitz birlandaketa
45. artikulua
1. Onura publikokoak edo babestaile diren mendietan egiten diren zuhaitz birlandaketetan, lehentasuna izanen du lehenago ziren basoak sortzeak, birsorkuntza berez gauzatu eta zuhaitz bilakatzeko ahalmena izanen dutenak.
2. Aipatu mendietan, inolaz ere ezin izanen da zuhaitz birlandaketarik egin, zuhaitz espeziea aldatuz, lur horretan dagoen arboldegi naturalaren dentsitatea lurraren azaleraren ehuneko hogeikoa baino haundiagoa baldin bada.
3. Bakar-bakarrik lur soiletan edo katalogatutako mendietako bilandaketetan egindako mozketen ondorioz gelditu diren lurretan egin ahalko dira birlandaketak jatorrizko espeziekoak ez diren zuhaitzak erabiliz. Horrelakoetan, proiektatu nahi den birlandaketaren diseinua egin beharko da, eta bertan sartu beharko dira zonaldeko landarediaren espezieen seinale diren zuhaitzak, gutxienez, bete nahi den azaleraren ehuneko hogeitabostean.
4. Oihan administrazioak onetsi beharko ditu basoberritzeko proiektuak, salbu eta onura publikokoak edo babesleak edo foru lege honen 7. artikuluan arautuak ez diren eta administrazioak berak onetsitako kudeaketa tresna bat duten mendien kasuan, betiere proiektuak aipatutako tresnak agintzen duenari lotuz betetzen badira; horrelakoetan aldez aurretik jakinaraztea izanen da betebehar bakarra.
5.
46. artikulua
47. artikulua
Mendi edo oihan lurretako zuhaitz birlandaketak haien titularrei dagozkie, Oihan Administrazioaren gainbegiratze tekniko eta ikuskaritzapean.
48. artikulua
Oihan Administrazioak begiratuko du birlandaketen exekuzioa, espezieen hautaketa eta lan metodoak behar bezala egin daitezen; eta bai proiektuak onesteko izapideak egitean, bai arestiko artikuluek aipatutako gainbegiratze tekniko edo ikuskaritzan zehar, egoki deritzen baldintza teknikoak, nahitaez bete beharko direnak, finkatu ahalko ditu.
49. artikulua
1. Nafarroako Gobernuak, oihan arloan funtsezko eskumenak dituen kontseilariak proposaturik, eremu edo mendi batean egin beharreko basoberritzea onura publikokoa dela deklaratu ahalko du.
2. Delako deklarazioak berekin ekarriko du ukitutako lurren titularra edo titularrak zuhaitz birlandaketa egitera beharturik daudela.
3. Birlandaketa egiteko obligazio hori betetzen ez bada, Nafarroako Gobernuak ondoko hau egin ahalko du: nahitaezko partzuergoa eratu, birlandaketa zuzenean egin titularraren kargu, edo nahitaezko desjabetzapen espedienteari hasiera eman.
V. KAPITULUA. Mendien antolakuntza eta probetxamendua
1. atala. Mendien antolakuntza
50. artikulua
1. Mendi publikoek eta pribatuek mendi antolakuntzako proiektua edo oihan kudeaketarako plan teknikoa eduki beharko dute, oihan administrazioak onetsia.
2. Oihan administrazioak emanen ditu antolakuntzako proiektuak eta plan teknikoak egiteko jarraibide orokorrak.
3. Mendi publikoetan, babesleetan eta foru lege honen 7. artikuluan araututakoetan, oihan administrazioak eginen ditu antolakuntzako tresnak. Mendiaren titularrak ere parte hartuko du horien prestaketan. Gainerako mendi pribatuetan titularrak eginen du.
4. Tresna horiek egiteko prozesua unibertsitate mailako oihan arloko titulazioa duten profesionalek zuzendu eta gainbegiratu beharko dute.
5. Tresna horien edukia nahitaezkoa eta bete beharrekoa izanen da foru lege honetan araututako gaietan, eta orientabide gisa erabiliko da beste edozein jarduketa, plan edo programa sektoriali begira.
6. Tresna berrikusteko edo aldatzeko prozedura berari jarraituko zaio.
2. atala. Mendien aprobetxamenduak
51. artikulua
1. Mendietako oihan aprobetxamenduak natur baliabide berriztagarriak direla kontuan hartuz eginen dira beti, eta haien erabilera arrazoizkoa eta natur ingurunearen zainketa egokia bateratuz.
2. Era berean, mendietako aprobetxamendu oro, haien sailkapena edozein izanik, oihan administrazioaren esku-hartzearen menpe egonen dira, foru lege honetan eta honen garapen xedapenetan ezarritako moduan.
52. artikulua
Foru lege honen ondorioetarako, hauexek dira oihan aprobetxamenduak: zur eta egurretarako direnak, oihan biomasa barne, larreak, fruituak, landare usaintsuak eta sendabelarrak, zizak eta boilurrak, erlezaintzaren produktuak, eta mendietako gainerako ohiko produktuak, zerbitzu eta jarduerak, jostetakoak, hezkuntza edo kultura arloetakoak, merkatuko balioa dutenak.
53. artikulua
1. Mendi publikoetan, foru lege honen 7. artikuluan aurreikusitako mendietan eta mendi babesleetan egindako zur eta egurretako aprobetxamendu guztiak oihan administrazioak onetsi beharreko aprobetxamendu eta hobekuntza planetan zehaztu beharko dira.
2. Mendi horiek antolatuak badira, oihan administrazioak eginen du ofizioz plan hori, mendiaren titularrekin batera. Salbuespen gisa, onetsitako antolakuntzako proiektuetan edo kudeaketarako plan teknikoetan aurreikusirik ez dauden aprobetxamenduetarako baimena eman ahalko da.
3. Mendi horiek antolaturik ez badaude, oihan administrazioak eginen du plana, titularrarekin batera eta hark eskatu ondoren. Salbuespen gisa, aprobetxamendu txikietarako baimena eman ahalko da prozedura erraztu baten bidez, hau da, aldez aurretik aprobetxamendua jakinarazita eta isiltasuna positiboa dela ulertuta, erregelamenduz ezartzen den moduan.
4. Titularrak nahitaez bete beharko du aprobetxamendu plana, behar bezala baimendutako arrazoi justifikatua dagoenean izan ezik; halaber, hobekuntzarako mozketak eta birsortzeko mozketak edo amaierakoak bereizi beharko ditu, eta deskribatu.
5. Planean dagoen baldintza teknikoen pleguan honakoak jasoko dira: oihanzaintzako jarraibideak, ustiategi motak eta egurra ateratzeko bideak. Aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoa edo hura besterentzeko modua ez dira baldintza teknikotzat hartuko. Oihan administrazioak eginen du aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoa, dagozkion kasuetan, eta balorazio hori orientabidezkoa izanen da, ez loteslea.
54. artikulua
1. Oro har, eta aurreko artikuluan aurreikusitako mendietan, oihan administrazioak beteko ditu aprobetxamenduari datxezkion jarduketak. Jarduketa horiek zein diren erregelamenduz zehaztuko da.
2. Oihan administrazioari eskatuta eta haren adostasunarekin, titularrek jarduketa horiek bere gain hartu ahalko dituzte, hobekuntzarako mozketetan eta arraseko mozketetan.
3. Jarduketa horiek oihan administrazioak hartuko ditu bere gain birsortzeko mozketetan.
55. artikulua.
1. Mendi pribatu antolatu guztietan, babesleetan eta foru lege honen 7. artikuluan araututakoetan izan ezik, zur eta egurretako aprobetxamendua titularrak hasiko du, oihan administrazioari jarduketa planaren berri emanez; oihan administrazioak bi hilabeteko epean eman beharko du baimena, eta haren baldintza teknikoak ezarri ahalko ditu, bai eta zuhaiztia birsortzeko behar diren ekintzak ere. Ebazpen espresua jakinarazi gabe bi hilabete iragan ondoren, plana isiltasun positiboaren bidez baimendu dela ulertuko da.
2. Antolatu gabeko mendi pribatuetan, berriz, babesleetan eta foru lege honen 7. artikuluan araututakoetan izan ezik, zur eta egurretako aprobetxamenduak egiteko oihan administrazioaren baimena beharko da, titularrak eskaera egin eta bi hilabeteko epean emana. Baimenean aprobetxamendurako baldintza teknikoak ezarri ahalko dira, bai eta zuhaiztia birsortzeko behar diren ekintzak ere. Ebazpen espresua jakinarazi gabe bi hilabete iragan ondoren, isiltasuna negatiboa dela ulertuko da.
3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa galarazi gabe, eta aprobetxamendu txikietarako, baimenerako prozedura erraztu bat ezarriko da erregelamenduz, aurretiko jakinarazpenarekin eta isiltasun positiboarekin.
56. artikulua
1. Arraseko mozketetan, titularrak soildutako lurretako zuhaiztia 5 urteko epean lehengoratu beharko du, berezko birsortzea bultzatuz edo basoberritze artifizialaren bidez. Hala egiten ez badu, oihan administrazioak eginen du, jabearen kontura.
2. Mozketak ibai ibilguaren aldamenean egiten badira, ibilguaren ondo-ondoan zerrenda bat lehengoratu beharko da, bost metro zabal gutxienez, bertako landarekiko zuhaitz eta zuhaixkak sartuz.
57. artikulua
Katalogatutako mendietako belardien probetxamendua eginen da haien kontserbazio eta hobekuntzaz arduraturik eta onetsitako Antolakuntza Proiektu edo Plan Teknikoaren arabera.
58. artikulua 4. Oihan Administrazioak lagundu eta arauak emanen ditu mendiak abereen bazkatoki izan daitezen, guzti hori zuhaitz eta belar probetxamenduen sistema orekatu baten barrenean sar dadin ahaleginduko delarik.
59. artikulua
1. Fruitu, landare usaidunak eta medizinalak, perretxiko eta trufak, erlagintzaren produktuak eta mendietako gainerako ohizko produktuak probetxatzeko direnetan, eta ekosistemaren oreka hondatu edo arriskua sortzen ahal dutenean espezieak bertan geldi daitezen, Oihan Administrazioak, Ingurugirokoak aurretik txostena eginda, direlako probetxamenduak arautzen ahalko ditu, baita aurretiko lizentziaren menean utzi ere.
Mendien titular diren Entitate Publikoek haietan zerrakurak paratu ahalko dituzte, horrelako probetxamenduak arautegi bidez ezarriko diren baldintzak bete ondoren eta bizilagunen probetxamenduei dagozkien eskubideak errespetatuz.
2. Unibertsitate, Entitate eta Elkarte zientifikoetako pertsonek, zientzia helburua izanik, egindako lagin bilketak onartuko dira, arautegi bidez ezarriko diren baldintzak bete ondoren eta mendien titulartasuna eta haien probetxamenduen erregulazioa edozein delarik.
60. artikulua
1. Oihan Administrazioak, arautegiari jarraikiz ezarritako baldintzetan, ikuskapenak eta araketak egin beharko ditu, bai probetxamendua egiten den bitartean, hori zeinnahi delarik, bai bukatutakoan ere.
2. Oihan Administrazioko agenteek, mendietan behar ez bezala egiten diren probetxamenduak behin-behinekoz geldierazi ahalko dituzte eta Oihan Administrazioari berehala jakin eraziko, honek bidezko den ebazpena eman dezan bi hilabeteko epean.
Hirugarren atala. Mendiak batzea
61. artikulua
1. Oihan Administrazioak mendiak edo oihan lurrak, publikoak nahiz partikularrak biltzea bultzatuko du, antolamendu eta kudeaketa integrala lortu ahal izateko.
2. Mendiak biltzea derrigorrezkoa izanen da interes publikoarengatik Nafarroako Gobernuak hala erabakitzen duenean, eta horretarako aldez aurretik bidezko den prozedurari jarraituko zaio, ukitutako alderdiei entzutea emanen zaielarik.
3. Oihan batasunek beraien entitatea izan behar dute, kideenetik bereizia, eta jarduera eta funtzionamendua oihan kudeaketako unitatearen printzipioari lotu beharko zaizkio, dagokien oihan antolakuntzako tresnaren bitartez.
4. Oihan batasunen erregistro bat ezarri ahalko da erregelamenduz, eta bertan inskribatu beharko dira.
62. artikulua
Zonalde bateko mendien edo oihan lurren kudeaketa eta probetxamendu hobea egiteko jabegoaren erregimen juridikoan aldaketak egitea beharrezkoa denean, Oihan Administrazioak lurzatien konzentrazioa bultzatu ahalko du ofizioz, arlo horretan indarrean dagoen legeriari jarraikiz burutuko dena.
Laugarren atala. Oihan enpresak
63. artikulua
1. Nafarroako Gobernuak oihaneko lan- eta zerbitzu-enpresen birmoldaketa eta hobekuntza sustatuko ditu, bai eta lehen transformazioko industriena ere, honakoenak barne: zerrategiak, xaflak, oholak, orea, papera eta kortxoa. Sustapena honakoetan oinarrituko da:
a) Oihan ekoizpenaren sektorean eta egurraren lehen transformazioko industrian aritzen diren profesionalen arteko harremanak bultzatzea.
b) Industria horiek hobetu eta birmoldatzeko dirulaguntza araubide berariazkoa ezartzea.
c) Lankidetza hitzarmenak sustatzea oihaneko produktuen transformazioaren arloan ikertzen duten zentro publiko nahiz pribatuen eta sektoreko enpresen artean, behar den teknologia transferentzia eta transformazio prozesuen modernizazioa eta hobekuntza ahalbidetzeko.
2. Oihan kooperatiben, enpresen eta industrien erregistro bat sortuko da, eta horiek urtero emanen dituzte haien jarduerari buruzko datuak, bereziki oihaneko produktuen ekoizpen, transformazio eta merkaturatzeari buruzkoak, ondorio estatistikoetarako.
3. Nafarroako Gobernuak oihan arloko enpresaburuen, langileen eta jabeen prestakuntza bultzatuko du.
5. atala. Oihaneko produktuak merkaturatzea
63.bis artikulua.
1. Oihan administrazioak mendien edo oihan aprobetxamenduen titularrek oihan ziurtagiria aplika dezaten bultzatuko du.
2. Oihan administrazioak egurraren eta mendietako beste produktuen erabilera sustatuko du, bai eta oihaneko produktu eta zerbitzuen erabilera berriak ezarri eta garatzea ere. Foru administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen helburu nagusia izanen da egurraren erabilera sustatzea, nagusiki eraikinetan, etxebizitzetan eta altzari publikoetan. Era berean, bultzatu eta saritu eginen da oihan biomasa energia iturri gisa erabiltzea eraikin publikoetan, etxebizitzetan eta urbanizazioetan.
3. Era berean, oihaneko produktuak merkaturatzeko baldintzak hobetzea sustatuko du.
4. Nafarroako oihan ondarean sartutako mendietako oihan aprobetxamenduak erregelamenduz ezarriko den prozeduraren bidez besterenduko dira.
VI. KAPITULUA. Mendiak aisiarako erabiltzea
64. artikulua
Oihan Administrazioari dagokio, aldez aurretik Ingurugirokoaren txosten loteslea izanda, mendietan aisiarako egiten den erabilpena arautzea, natur inguruneari zor zaion begirunearen printzipioan oinarrituta, bisitari ugari izateak edo ingurunearen hauskortasunak hala eskatzen duenean.
65. artikulua
Edozein modutan ere, erabilpen horrek baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Mendiak garbi eduki beharko dira, bertakoak ez diren gauzek zikin ez dezaten. Bisitari edo ibiltari oro berak sortzen dituen hondakinak bildu eta ateratzeaz arduratuko da.
b) Debekatu egiten da babestutako espezien portaera arrunta galerazi edo mugatzen duen edozein ekintza.
c) Debekatuta dago baimena behar duten mendi landare, mineral edo animaliak hartzea, 59.2. artikuluan agindutakoa izan ezik.
d) Debekatu egin ahalko da hotsa ateratzen duten gauzak erabiltzea edo zarata sortzen duten iharduerak burutzea, beti ere Ingurugiro Administrazioaren eritziz aziendaren edo oihaneko animalien ohiturak alda baldin baditzakete.
e) Mugatu edo debekatu egin ahalko da oihan bideak aisiarako ihardueretarako erabiltzea. Nolanahi ere, mota guztietako ibilgailuen zirkulazioa eta aparkamendua ezin izanen da egin bide horietatik eta aparkalekutarako ezartzen diren eremuetatik kanpo.
f) Debekatuta geratzen dira mendian zehar egiten diren motorezko iharduerak, horretarako, aldez aurretik Ingurugiro Administrazioaren txosten loteslea izanda, Oihan Administrazioak baimentzen dituen zirkuitoetan izan ezik.
g) Kanpaldiak egiteko mendiaren titularrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak emandako baimena beharko da, arautegiak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.
h) Iturri, iturburu eta ur-lasterrek libre eta zabal egon beharko dute beti, legea betez arrantza egiten denean izan ezik, ezin izanen delarik kanpatu iturri eta iturburuetatik ehun metro baino gutxiagoko tartean.
i) Oihan Administrazioak merkataritza ez-egonkorra agindu ahalko du mendietan, organo eskudunen lizentzia eta baimenak galerazi gabe. Arauketa hori egiten ez den bitartean, mendietan iharduera hori burutzerik ez dagoela ulertuko da.
j) Debekatu egiten da publizitate egonkorra onura publikokoak edo babestaile diren mendietan.
k) Mendietan baimendutako edozein iharduerari, hala nola ehiza, guneetako nekazal landaketa, oihan lan eta probetxamenduei, artikulu honen a) lerroaldean xedatutakoa ezarriko zaie.
IV. TITULUA. MENDIEN HOBEKUNTZA ETA OIHAN SEKTOREARENTZAKO LAGUNTZAK
66. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo oihan lur publiko nahiz pribatuen titularrei, oihan aprobetxamenduen titularrei, oihan elkarteei eta oihan industria eta enpresei.
67. artikulua
1. Titularrak, Onura Publikokoak edo Babestaileak diren Mendien Katalogoaren arabera, Oihan Administrazioak probetxamenduak baimentzean mendietarako ezartzen duen hobekuntza plana zehatz-mehatz betetzera behartuta daude. Hobekuntza planean aurrikusitako inbertsioaren balioa ez da izanen probetxamenduen zenbatekoaren ehuneko hogeia baino gutxiagokoa.
2. Oihan Administrazioak oihan probetxamendu berrietarako baimena luzatu egin ahalko du, mendien titularrek oraindik burutu gabe dauden hobekuntza planak gauzatzen dituzten arte.
3. Oihanzaintzako hobekuntza lanak, hala nola, bakantzeak, sastrakak garbitzea, kimaketak, eta merkataritzako aprobetxamendurik ez duten gainerako tratamenduak, onetsitako aprobetxamendu eta hobekuntza planaren edo jarduketa planaren arabera eginen dira. Horrelako planik ez badago, edo hobekuntzak ez badaude planetan sarturik, oihan administrazioaren baimen espresua beharko da.
68. artikulua
Foru lege honen 66. artikuluan xedatutakoari dagokionez, oihan administrazioak ekintza hauetaz arduratuko da:
a) Mendien eta oihan lurren erabilera, kudeaketa eta babesari buruzko plangintza orokorra.
b) Antolakuntza planak, horien aldizkako berrikuspenak, eta mendien erabilera eta aprobetxamendu antolatua, natura baliabideak zaintzearekin bat datozena, xede dituzten plan teknikoak.
c) Lurraren egonkortasun eta emankortasuna mantendu eta berreskuratzeko beharrezkoak diren zuzentze lanak, hidrologikoak eta oihan arlokoak.
d) Suteek edo beste gertaera batzuek suntsitutako oihanak berriz sortzea.
e) Oihaneko suteei aurrea hartzeko azpiegiturak eraiki eta zaintzea, bai eta oihanzaintza prebentiborako lanak ere.
f) Oihanari buruzko ikerketa eta esperimentazio lanak.
g) Oihaneko izurriteen kontrako borrokarako ekintzak, Nafarroako Gobernuak horien tratamendua onura publikokoa dela deklaratu duenean.
h) Nafarroako zuhaiztien azalera handitzea, birsortzeko eta zuhaizti heldu bilakatzeko gaitasuna duten basoak sortuz.
i) Mendien biodibertsitatea mantendu eta hobetzea eta oihaneko habitatak lehengoratzea eta zabaltzea.
j) Larreak eta mendietako beste produktu natural batzuk hobetzeko obrak eta lanak.
k) Oihanzaintzako hobekuntza lanak, bereziki basoa berez birsortzen laguntzekoak eta oihaneko suteei aurrea hartzekoak.
l) Oihaneko bideak egitea.
m) Nagusiki zur edo egurretako aprobetxamendurako egiten diren basoberritzeak.
n) Mendietako produktuak merkaturatzeko antolaketa arrazoizkoa izatea.
ñ) Mendiak jendearen beharretarako eta aisiarako erabiltzen laguntzeko proiektuak eta obrak egitea.
o) Oihan batasunak eta elkarteak bultzatzea, bai eta oihan kooperatibak ere.
p) Gizartea sentsibilizatzea eta mendiek dakartzaten onuren zabalkundea egitea.
q) Lehen transformazioko oihan industriak sustatzea, bai eta oihaneko zerbitzu- eta lan-enpresak ere.
69. artikulua
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak programatu eta finantzatuko ditu osotara, Nafarroako aurrekontu orokorren kargura, aurreko artikuluko a), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako ekintzak, bai eta b) letran adierazitakoak ere mendi publikoen, babesleen eta foru lege honen 7. artikuluan aurreikusitakoen antolakuntza planei eta haien berrikuspenei dagokienez.
2. Mendi pribatu ez-babesleei dagokienez, b) letran adierazitako ekintza, bai eta aurreko artikuluan adierazi eta 69.1 artikuluan aurreikusi gabeko gainerako ekintzak ere, oihan administrazioak edo titularrek beraiek egin ahalko dituzte, kasuan kasuko dirulaguntzak jasoz. Dirulaguntza horiek inbertsio osoaren adinakoak izan daitezke.
3. Aurreko idatz-zatietan aipatutako ekintzek ukitutako mendien edo oihan lurren titular diren partikularrek lankidetza hitzarmenak sinatuko dituzte oihan administrazioarekin, sortutako azpiegiturak erabiltzeko, salbu eta gero batean mendien titularrek aprobetxatuko dituzten produkzioak.
70. artikulua
Nafarroako Gobernuak 69.2 artikuluan aipatzen diren dirulaguntzei buruzko erregelamendua eginen du, ondoko hauek kontuan hartuta:
a) Onura publikoko mendiek eta oihan lurrek, mendi babesleek eta foru lege honen 7. artikuluko mendiek ingurumenean duten eragina dela eta, lehentasuna izanen dute laguntzak emateko garaian eta haien zenbatekoan, gainerako mendi edo oihan lurren aurretik. Mendi antolatuek ere lehentasuna izanen dute laguntzak emateko garaian.
b) Laguntzen mailaketa diruz lagundu beharreko ekintzaren onura publikoa kontuan hartuta eginen da.
c) Oihan jabeen batasun, elkarte edo kooperatibek, kudeaketa unitatea baldin badira, onura publikoko mendien edo mendi babesleen laguntza berdinak izanen dituzte.
d) Laguntzak bateragarriak izanen dira Europar Batasuneko legerian ezarritakoekin.
e) Laguntzak ematea aurrekontuaren mugen menpean egonen da, edozein kasutan ere.
71. artikulua
1. Oihan Administrazioak dirulaguntzak emateko baremoak ezarriko ditu dirulaguntza unitate bakoitzean, unitate kostuak zein diren.
2. Mendien jabeek eskatuz gero, eta diruz lagundu gabeko diru kopurua Nafarroako Diruzaintzan sartutakoan, Oihan Administrazioak Nafarroako Foru Komunitatean egiten den edozein modutan kontratatzen ahal ditu egintzak.
72. artikulua
1. Oihan Administrazioak herrietan arbolak landatu daitezen lagunduko du, bide, erreka, lursailen arteko hesietako eta beste bazter batzuetako arbola ilara edo taldeak berreskuratzeko asmoz, paisaia edertu nahian eta herrien aberastasun ekologikoa haunditu dadin.
2.
3.
73. artikulua
1. Oihan Administrazioak Europako Komunitatearen legerian nekazal ustiapenetako oihan-neurrien inbertsioetarako ezarri diren mozkinak eman ditzake, aipatu legerian aipatzen diren mugak gainditu gabe. Zenbat emanen den eginen diren arauei segituz erabakiko da.
2. Nafarroako Gobernuak lehentasuna emanen die, 68. artikuluan aipatu egintzen artean, Herri Zonaldeak Garatzeko Planetan daudenei, edo zonalde andeatuendako Programetan sarturik europar legeriaren arabera EEEk Nafarroako Gobernuarekin batera finantziatzen dituenei.
3. Suteen kontrako aurre-neurriekin zerikusirik duten egintzak EEEko arautegiaren arabera egindako Programaren eta Proiektuen bitartez egiten ahal dira.
4. Nafarroako Gobernuari dagokio aurreko ataletan aipatu Plan eta Proiektuak onestea, Plan eta Proiektu horien egintzen gainean eskumenak dituzten Departamentuek egin eta gero.
74. artikulua
Onura publikokoak edo babestaile diren mendiak, baita Foru Lege honen 61. eta 62. artikuluek aipatzen duten elkartzearen ondorioz suertatzen direnak ere, kontribuzioa pagatzetik salbuetsiak geldituko dira.
V. TITULUA. ZEHAPEN ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. Arau-hausteak
75. artikulua
Foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako honako hauek dira arau-hausteak:
a) Oihan erabilera baimenik gabe aldatzea.
b) Onura publikoko mendietan baimenik gabe egindako erabilera edo okupazioa.
c) Behar den titulu administratiboa izan gabe mendietan edo oihan lurretan zuhaitzak moztu, errotik atera, hondatu, eta egurra egin edo eramatea.
d) Mendietako fruituak, landare edo mea produktu edo materialak baimenik gabe ustiatu edo eramatea, legeak horretarako baimena izatea eskatzen duenean.
e) Mendian ezer erretzea, sua erabiltzea edo mendian sua sorraraz dezakeen jardueraren bat egitea baimenik gabe, edo baimenduetako jardueretan administrazioak ezarritako aginduak urratuz.
f) Suaren erabilera arautzen duten xedapenak, oihaneko suteen prebentzio eta itzalketarako emandakoak, ez betetzea.
g) Mendietan edo oihan lurretan, debekaturik dagoen tokian azienda bazkatzea, edo administrazioak ezarritako arauei lotu gabe.
h) Mendien edo oihan lurren titularrek ez betetzea foru lege honen arabera ezarri zaizkien betebeharrak.
i) Basotzeak edo basoberritzeak espresuki debekatutako ugalketa-materialekin egitea.
j) Baimenik gabeko tratamendu fitosanitarioak erabiltzea.
k) Egurra ateratzeko bideak, pistak edo beste edozein obra egitea antolakuntzako proiektuetan aurreikusirik ez badago edo administrazioak espresuki baimendua ez bada.
l) Mendien antolakuntzako proiektuen eta aprobetxamendu eta hobekuntza planen edukia ez betetzea, horrek mendiaren garapen ohikoari eragiten dionean, eta arrazoi tekniko justifikaturik gabe.
m) Mendiei eragindako kalteak konpondu eta lehengo egoeran uzteko betebeharrak eta horretarako emandako kautelazko neurriak ez betetzea.
n) Titularitate publikoko mendietan eta horretarako debeku espresua dagoen oihaneko bide edo eremuetan ziklomotoreak, motozikletak, quadak eta, oro har, motordun ibilgailuak zirkulatzea edo/eta egotea.
Debeku horrek ez du eraginik izanen oihanzaintza edo nekazaritzarekin lotutako lanetan.
ñ) Administrazio publikoek eta haien agenteek foru lege honen xedapenak eta garapen arauak betetzeari dagokionez egin beharreko ikerketa, ikuskapen eta kontrol jarduketak oztopatzea, ekintzez nahiz ez-betetzez.
o) Mendiko landare geruzaren funtsezko aldaketa egitea baimenik edo jakinarazpenik gabe.
p) Oihan lurretan isurketak egitea baimenik gabe.
q) Partikularrek administrazioari informazioa emateko duten betebeharra ez betetzea.
r) Foru lege honetan ezarritako beste betebehar edo debeku batzuk ez betetzea, zati batean nahiz osotara, ez eta administrazioak arau honetan jasotako gaietan ezarritako baldintzak ere.
76. artikulua
1. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
2. Arau-hauste arinak aurreko artikuluan tipifikaturiko arau-hausteak dira, arau-haustea eragin duten egitateek kalterik ekartzen ez diotenean mendiari edo kalteak 1.000 eurotik beherakoak badira edo horiek konpondu edo kaltea jasandakoa lehengoratzeko epea sei hilabetekoa denean gehienez.
3. Arau-hauste larriak aurreko artikuluan tipifikatutakoak dira, arau-haustea eragin duten egitateen kalteen balioa 1.000 eurotik 6.000 eurora bitartekoa denean edo kalteak konpontzeko edo kaltea jasandakoa lehengoratzeko epea gehienez ere 6 hilabetetik 10 urtera bitartekoa denean.
4. Arau-hauste oso larriak aurreko artikuluan tipifikaturikoak dira, arau-haustea eragin duten egitateen kalteak 6.000 eurotik gorako balioa duenean edo kaltea konpontzeko edo kaltea jasandakoa lehengoratzeko epea 10 urtekoa edo gehiagokoa denean.
77. artikulua
1. Arau-hausteak preskribatzeko epea hiru urtekoa izanen da arau-hauste oso larrien kasuan, bi urtekoa arau-hauste larrien kasuan eta urtebetekoa arinen kasuan.
2. Preskripzio epea arau-haustea egin den egunean hasiko da. Segidako traktuko arau-hausteen kasuan, epea arau-haustea ekarri duten egintzak amaitu edo baimendu ziren unean hasiko da.
78. artikulua
1. Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteen erantzuleak horien egile diren pertsona fisikoak edo juridikoak izanen dira, bi kasu hauetan: bata, arau-haustea ekarri duen jarduera zuzenean bete duelako edo hura gauzatzeko agindu duelako, egilearekin kontratu edo egitatezko harremana izanik, betiere egilea agindua eman duenaren menpean dagoela frogatzen bada; bestea, haren laguntza beharrezkoa delako arau-haustea gauzatzeko.
2. Arau-haustea batera egin duten pertsonetako bakoitzak zenbateraino parte hartu duen zehazterik ez dagoenean, erantzukizun solidarioa egotziko zaie, ezertan ukatu gabe erantzukizuna beren gain hartu dutenek gainerako parte-hartzaileekin banatzeko duten eskubidea.
II. KAPITULUA. Zehapenak
79. artikulua
1. Arau-hauste baten erantzuleak bat baino gehiago direnean, zehapen bana ezarriko zaie.
2. Bi arau-hauste edo gehiagoren erantzuleari zehapen bat ezarriko zaio egindako arau-hauste bakoitzeko.
80. artikulua
Foru lege honetan ezarritako arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:
a) Arau-hauste arinek, 6.000 euroko isuna gehienez ere.
b) Arau-hauste larriek, 6.001etik 100.000 eurora bitarteko isuna gehienez ere.
c) Arau-hauste oso larriek, 6.001etik 1.000.000 eurora bitarteko isuna gehienez ere
81. artikulua
Honako zehapen osgarri hauek ere ezarri ahalko dira:
a) Kaltea eragin duten jarduerak edo instalazioak aldi baterako etetea, neurri zuzentzaileak abian jarri bitarte.
b) Jarduerak edo instalazioak behin betikoz ixtea, osotara nahiz zati batean.
c) Arau-haustea ekarri duten jardueretan aritzeko gaitzen duen lizentzia edo titulua ezeztatzea.
d) Lortutako produktuak konfiskatzea eta abelburuak atzematea, bai eta arau-hausterako erabilitako tresnak eta bitartekoak ere.
e) Arau-hausleak jasotako laguntzak eta dirulaguntzak galtzea.
82. artikulua
Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egintzaren larritasunaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:
a) Nahita egina den.
b) Berregintza.
c) Arau-hausleak lortutako etekin ekonomikoa edo irabazizko edukia.
d) Aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko aukera.
83. artikulua.
Zehapena edo haren zenbatekoa murriztu ahalko da baldin eta arau-hausleak kasuan kasuko eskaeran ezartzen zaion epean zuzendu badu arau-hausteak eragindako egoera.
84. artikulua.
1. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste larriengatik ezarritakoek bi urteren buruan eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebeteren buruan.
2. Zehapenak preskribatzeko epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmoa izan eta biharamunean hasiko da.
3. Interesatua jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak zehapenen preskripzioa etenen du, eta epeak iragaten segituko du prozedura hori hilabete baino gehiago geldiarazten bada, arau-hausleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.
III. KAPITULUA. Zehapen prozedura
85. artikulua.
Foru lege honetan aurreikusitako zehapen eskumenaz oihan arloan eskuduna den zuzendari nagusia baliatuko da arau-hauste arin eta larrien kasuan, eta kontseilari eskuduna arau-hauste oso larrien kasuan.
86. artikulua.
1. Zehapen espedientea hasi baino lehen, hura abiarazteko eskumena duen organoak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazioaldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren nondik norakoak ikertu eta prozedura abiarazi behar den ala ez den erabakitzeko.
2. Aurretiazko informazio hori erreserbatua izan ahalko da, eta ez da hilabete batetik gora luzatuko, non eta espresuki erabakitzen ez den beste epe jakin baterako edo batzuetarako luzatzea.
3. Ikuskapen eta kontrol jarduketek, horiek jasorik uzteko egintza edo agiriek, administrazioak egindako analisi edo kontrolek eta lehenbiziko idatz-zatian aipatutako aurretiazko jarduketek ez diote hasiera emanen zehapen prozedurari.
87. artikulua.
1. Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteen espedienteen instrukzioa egiteko eta zehapenak ezartzeko administrazio prozedura ofizioz hasiko da beti eta hauxe izanen da:
a) Organo eskudunak emanen dio hasiera, ofizioz edo salaketaren ondorioz egindako jarduketak direla bide. Hasteko ebazpenean izendatuko da instruktorea, zeina zuzenbideko lizentziatu titulua izatea beharrezkoa den lanpostu batean aritzen den pertsona bat izan beharko baita.
b) Instruktoreak karguen plegua idatziko du, zehapena ezartzeko proposamena barne dela, eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean bere eskubideen aldeko alegazioak aurkez ditzan.
c) Alegazioetarako epea iraganik, beharrezkotzat jotzen dituen eginbideak egin ondoren, instruktoreak espedientea igorriko dio ebazteko eskumena duen organoari eta honek hilabeteko epean emanen du ebazpena.
2. Aurreko zenbakian aipatutako karguen pleguak, zehapena ezartzeko proposamena barnean duenak, gutxienez ondokoak bilduko ditu:
a) Ustezko arau-hauslearen identifikazioa eta jakinarazpenetarako helbidea.
b) Egitate egiaztatuak, arau-haustea tipifikatzeko eta zehapena mailakatzeko garrantzizkoak direnak nabarmendurik.
c) Ustezko arau-haustea, hautsitako araua zein den zehazturik.
d) Proposatutako zehapena, haren maila eta zenbatekoa zehaztuta.
e) Bidezkoa denean, kalte eta galerengatik eman beharreko ordaina.
f) Zehapen osagarriak, bidezkoak direnean.
g) Atzeman edo konfiskatu diren arma, tresna eta aleekin zer eginen den.
h) Ebazteko organo eskuduna eta eskumena ematen dion araudia.
88. artikulua.
1. Foru Lege honi eta haren garapen legeei jarraikiz ikuskapen lanak betetzen dituzten administrazioko kideak agintaritzaren agenteak izanen dira.
2. Administrazioko kideek, ikuskapen edo zaintza eginkizunak betetzen ari direlarik, egiten dituzten ikuskapen-aktetan edo salaketetan azaltzen diren egitateak egiazkotzat hartuko dira, kontrako frogarik ezean.
89. artikulua.
1. Zehapen prozeduran ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, espedientea abiarazteko administrazio ebazpena ematen den egunetik hasita.
2. Ebazpena emateko eskumena duen organoak, administrazio ebazpen arrazoitua emanda eta bidezko arrazoiengatik, ebazteko epea luzatu ahalko du, hasierako epearen erdia gainditzen ez duen denborarako.
IV. KAPITULUA. Kautelazko neurriak eta kaltea konpontzea
90. artikulua.
1. Oihan administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartu ahalko ditu, konfiskatzea barne, ustez arau-haustea eragin duen jarduerak sortutako kaltea geldiarazteko.
2. Prozeduraren hasieran espedientearen instrukzioa egiteko eskumena duen organoak neurri horiek berretsi beharko ditu. Era berean, kautelazko neurri gehiago ezarri ahalko ditu eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko.
91. artikulua.
1. Kasu bakoitzean bidezkoak izan daitezkeen zehapen penal edo administratiboak ezertan ukatu gabe, arau-hausleak egindako kaltea konpondu beharko du, zehapen organoak ezarritako moduan eta baldintzetan. Betebehar horrek ez du preskribatuko oihaneko jabari publikoari egindako kalteen kasuan.
2. Konponketaren helburua kaltea jasandako mendia edo oihaneko ekosistema arau-haustea gertatu aurretik zegoen egoeran uztea izanen da. Konponketa ezinezkoa denean administrazioak kalte-ordaina eskatu ahalko du.
3. Mendiari eragindako kalteak eta horiek konpondu edo mendia lehengoratzeko epea zehapen ebazpenean behar bezala arrazoituriko irizpide teknikoen bidez zehaztuko da.
4. Kaltetutako errealitate fisikoa lehengora bueltatzea edo lurra jatorrizko egoeran uzteko erantzuleak duen betebeharrak iraun eginen du arau-hausteak preskribatzen badu ere.
92. artikulua.
1. Kalte eta galeren erantzuleak, legez ezarritako isuna ez ezik, bidezkoak diren kalte-ordainak ere ordaindu beharko ditu, administrazioak irizpide teknikoen arabera horien balorazioa egin ondoren.
2. Suteen arloko arau-hausteen kasuan, erantzuleek bidezkoak diren kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte, ordaindutakoaren zenbatekoa istripuaren zuzeneko ondorio gisa eskuratu duten irabazi adinakoa izan arte.
3. Kalte-ordaina eskatu ahalko da, halaber, arau-hausleak lortutako etekin ekonomikoa aurreikusitako gehieneko zehapena baino handiagoa denean. Kalte-ordain hori etekinaren zenbatekoaren bi halako izanen da, gehienez ere.
93. artikulua.
1. Arau-hausleek ez badute konponketa egiten edo kalte-ordaina ordaintzen foru lege honetan ezarritakorekin bat, eta kasuan kasuko errekerimenduan adierazitako epea iraganik, zehapen organoak behartzeko isunak ezartzea edo betearazpen subsiarioa ezar dezake.
2. Behartzeko isunak errepikatu ahalko dira, agindutakoa betetzeko behar adinakoak diren denbora-tarteak utziz, eta isun horietako bakoitzaren zenbatekoa ez da izanen egindako arau-hausteagatik ezarritako isunaren 100eko 20tik gorakoa.
3. Administrazioak betetzen badu agindutako konponketa, arau-hauslearen kargura izanen da.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria
1. Lur-erreserbarako moduluak ezarriko dira lurralde edo hirigintz planeamenduak lur urbanizagarritzat edo kontsolidatu gabeko hirilurtzat hartutako lurretan zuhaitzak landatzeko.
2. Lur-erreserbak ez dira inola ere izanen sektorearen lurren ehuneko hamarra baino gutxiago lur urbanizagarrian, edo kontsolidatu gabeko hirilurtzat hartutako eremu sailkatuan.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sasi eta sastrakak erre ez daitezen bultzatuko du pizkan-pizkan, eta Entitate Lokalen laguntzarekin batera 1991.eko uztailaren 1a baino lehen horien erretzea planifikatu eta arautuko du.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Bi urteko epearen barrenean, Nafarroako Gobernuak Foru Parlamentuari, jendaurrean jartzeko izapidearen ondotik, Nafarroako Oihan Plana aurkeztu beharko dio, Foru Lege honen ideia nagusiei eta helburuei jarraikitzen zaiena.
Xedapen Iragankor Bakarra
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Foru Parlamentuak 1981.eko martxoaren lehenean sasi eta sastraken erretzeari buruz eman zuen Arauaren Titulu Bakarraren I. Kapitulua.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio Foru Lege hau aurrera eraman eta betetzeko behar diren xedapen guziak eman ditzan. Foru Lege honen garapen arau-emailea urtebeteko epearen barrenean eginen da.