Castellano | Euskara | Français | English
(2009ko 136. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 4an)
Atarikoa
Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak, aurrekoa aldatzen duenak, mendietan eta oihan lurretan sua erabiltzea debekatzen du.
Hala ere, otsailaren 21eko 3/2007 Legearen 40.3 artikuluak ezartzen du, salbuespen gisa, suaren erabilera baimendu daitekeela oihana kudeatzeko tresna gisa, haren ordez beste bitartekorik erabiltzerik ez dagoenean.
Foru agindu honen bidez, baimenak emateko araubidea ezartzen da, sua larreetan eta oihaneko lanetan erabiltzeko.
Gaur egun ere sua erabiltzen da larreak hobetzeko, landa eremuko toki askotan oso erroturik dagoen ohitura baita, baina beste alternatiba batzuk sustatzen dira, hala nola garbiketa mekanikoa.
Azken horiek errotu artean, bidezkoa da larreak hobetzearren sua erabili aurretik baimenak emateko araubidea ezartzea, ezbairik gabe, oihaneko suteak sortzeko arriskua gutxitzeko baliagarri izanen baita.
Bestalde, zenbait oihan lanetan beharrezkoa da hondakinak erreta suntsitzea, ezinezkoa baita modu zentzuzkoan beste baliabiderik erabiltzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
Larre naturalak hobetzeko tratamendu gisa eta hainbat oihan lanetan sua erabiltzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak salbuespeneko araubidea baliatuko du baimenak emateko, prozedura honen arabera:
a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko da eskaera eta han egiaztatuko da suaren ordez beste baliabiderik erabiltzea ezinezkoa dela; horrekin batera, larreak hobetzeko izanez gero, erre beharreko gunearen abeltzaintza karga zein den adieraziko da. Eskaera egiteko inprimakia Oihanak Kudeatzeko Ataleko bulego nagusietan (Armada etorbideko 2an), edo eskualdeko bulegoetan eskuratzen ahalko da. Eskabideari katastroko planoaren fotokopia erantsi beharko zaio, erre nahi den finka ongi zehaztuta gera dadin. Eskatzailea nahitaez pertsona fisikoa izanen da eta izena, deiturak, helbidea eta NAN zenbakia argi eta garbi agertuko dira eskabidean.
b) Eskabideak aurkezteko epea 2010eko martxoaren 12an bukatuko da.
c) Baimena ematen bada, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jakinaraziko die interesdunari, kasuan kasuko udalari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko basozainei, Foruzaingoari eta SOS Nafarroa-Nafarroako Larrialdietako Agentziari eta Guardia Zibilaren Komandantziari, Sepronari, eta erreketak nahi gabeko ondorio kaltegarririk sor ez dezan beharrezkoak diren jarraibideak adieraziko dizkie.
2. artikulua
Erreketak foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2010eko apirilaren 19ra bitarte egiteko baimenduko dira.
3. artikulua
Ez da larreak erretzeko baimenik emanen, azken aldiz erre zirenetik gutxienez 5 urte iragan ez badira.
Salbuespen gisa, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Oihanak Kudeatzeko Atalak txostena prestatu ondotik, egiten ahal dira erreketak azkenekotik 5 urte iragan gabe.
Halaber, ez da baimenik emanen erretzea ez den beste metodorik erabil daitekeenean larreak hobetzeko.
4. artikulua
Salbuespen gisa eta Oihanak Kudeatzeko Atalak txostena prestatu ondoren, ematen ahal da baimena arbola azpiko oihanpea erretzeko, erregaiaren karga kontrolatu eta su hartzeko arriskua gutxitzearren.
5. artikulua
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Zuzendariak emanen du erretzeko baimena.
6. artikulua
Erreketa baimenduetan neurri hauek hartuko dira:
a) Erreketa egin behar den egunean erretzeko gunetik hurbilenik dagoen Suhiltzaileen Parkeari horren berri eman beharko zaio, egun horretan erretzeko baimenik ote dagoen egiaztatzeko. Halaber, finkaren kokalekua jakinarazi beharko zaio.
b) Baimenaren xedeko landaredia baizik ez da erreko, eta guztiz debekatuta dago erre beharreko guneetan edo horien mugetan dauden zapaldak, errekak, ezpondak, erretenak, zuhaitz bakartuak edo zuhaizti txikiak erretzea.
c) Erreketa ez da goizeko 9:00ak baino lehenago hasiko eta arratsaldeko 17:00etan bukatuta egon beharko du.
d) Haizea zuhaitzen goiko aldea astintzen hasten bada, ez da deus ere erreko eta erretzen hasi eta gero altxatzen bada haizea, bertan behera geldituko da erreketa eta sua itzaliko da. Kantauri aldeko isurialdean ez da erreketarik eginen hego haizea nagusi izanik, bero handia egiten badu eta bi egun baino gehiago iragan badira euririk egin gabe, zein den ere haizearen abiadura.
e) Errepideetatik hurbil ez da surik piztuko, edo piztu bada, itzali eginen da, haizeak kea errepide aldera igortzeagatik bide segurtasuna arriskuan jartzen denean.
f) Su eman aurretik, erreketa bukatu ondoan ezkutuko berogunea manten dezaketen erregaiak, landareak edo bestelakoak izan, kenduko dira erretzeko gunetik.
g) Erreketa bitartean gutxienez bost pertsonak egon beharko dute bertan; erreketaren arduradunak hautatuko ditu pertsona horiek eta sua kontrolatu beharko dute; hantxe egon beharko dute sua erabat itzali arte eta sugar edo txingarrik ikusten ez dela bi ordu iragan arte. Pertsona horiek sua itzaltzeko esku tresna egokiak eduki beharko dituzte eta ahal dela, ura eta sakelako telefonoa.
h) Erre beharreko eremuaren inguru osoan suebaki bat eginen da, lau metro zabal gutxienez. Landareak lurraren mailan moztuko dira eta gelditzen diren hondarrak kanpora botako. Oihanak su hartzeko arriskua baldin badago, landaredi guztia kenduko da lurzoru minerala agerian utzi arte. Lurraren ezaugarriak direla kausa, zerrenda hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, arreta berezia jarriko da suak iragan ez dezan erre gogo den azaleraren ingurua.
7. artikulua
Erreketaren ardura izanik, bertan dauden pertsonek aldean izan beharko dute baimena, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko landa langileek, Foruzaingoak edo Guardia Zibilak eskatuz gero, erakutsi.
8. artikulua
Erreketarik egiten bada arestion aipatu prebentzio neurriak hartu gabe, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen eta aurrekoa aldatzen duen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen arabera zehatuko da.
9. artikulua
Ez da baimenik beharko ereindako larreetan moztu eta behar bezala pilatutako sasitzak erretzeko.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.