(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Basoak :
      • 36/1994 Foru Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzoru ez-urbanizagarrian motoredun ibilgailuen iharduera antolatuak eta zirkulazio librea arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

36/1994 Foru Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzoru ez-urbanizagarrian motoredun ibilgailuen iharduera antolatuak eta zirkulazio librea arautzen dituena

 

(1994ko 24. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 25ean)

Atarikoa

Aspaldi honetan Nafarroako lurzoru ez-urbanizagarrian motoredun ibilgailuekin egiten diren iharduera desberdinak, libre edo antolatuak, gero eta gehiago direnez, Foru Komunitateko botere publikoek behar den oinarrizko arauteria ezartzea erabaki dute, natur ingurunea babesteko asmoz.

Izanez ere, gero eta kezka haundiagoa dago kirol eta aisi iharduerak ingurugiroarekin egokitzeko, eta horra, kezka horren isla ezin beteagoa, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 34. artikulua, Nafarroako Parlamentuak berriki onetsi duena. Manu horren arabera, natur ingurunean egiten diren kirol, aisi eta turismo iharduerek errespetatu behar dituzte ingurunea eta nekazal giroaren ezaugarriak eta ingurugiro aldetik dituen balioak, basa fauna bera ere barne dela.

Foru Lege berriak erregelamenduzko xedapenen esku uzten du natur ingurunean egiten diren kirol eta aisi iharduerak zehazteko lana, iharduera horiek ingurugiroaren babesarekin bateragarriak izan daitezen. Foru Legeak azkenean aditzera ematen du erregelamendu bidez zehazten diren kirol, aisi eta turismo iharduerak, antolamenduaren barrenean edo indibidualki eginak direnean, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak aldez aurretik emandako baimenari lotzen ahal zaizkiola.

Legezko manu hori garatuz, Foru Dekretu honek arautzen ditu lurzoru ez-urbanizagarrian, antolamenduaren barrenean edo indibidualki, motoredun ibilgailuekin egiten diren iharduerak. Horretarako aipatu eta zehazten dira motoredun ibilgailuak berezkoen dituen kirol iharduerak, hala nola moto-krosa, bide-orotakoak, triala, auto-krosa, rallyak eta 4x4 ibilgailuekin egiten direnak. Saio horiek antolatu eta burutzeko aldez aurretik administrazio baimena izan behar da, egokitzeko Basa Fauna eta haren habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko Foru Legearen manuak, ikuskizun publikoak baimentzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretuan indarra duten prozedurazko aurrikuspenekin.

Era berean, motoredun ibilgailuen zirkulazio librea ere arautzen da, oroitaraziz Lurralde Administrazioek ahalmena dutela motoredun ibilgailuen zirkulazioa bide jakin batzuetan barna aldi baterako mugatzeko, ofizioz edo lurren jabeek hala eskaturik, ingurugiroarentzat kaltegarria izan baldin badaiteke.

Horiek horrela, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko urtarrilaren hamalauan egin bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru Dekretu honen xedea da lurzoru ez-urbanizagarrian motoredun ibilgailuen iharduera antolatuak eta zirkulazio librea arautzea, Basa Fauna eta haren habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen esparruan.

2. Lurzoru ez-urbanizagarrian motozikleta, automobil edo motorea duen edozein ibilgailuren kirol iharduerak eta zirkulazio librea, indarra duen legeria sektorialean ezarritakoa betetzeaz gainera, Foru Dekretu honetan eta toki publikoetako ikuskizunak baimentzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera egin beharko dira.

I. KAPITULUA. Motoredun ibilgailuen zirkulazio iharduera antolatuak

Lehenbiziko saila. Iharduera antolatuak

2. artikulua. Moto-krosa.

1. Izen horren azpian biltzen dira aldez aurretik markatu edo mugatutako lurrezko zirkuitu edo pistetan motozikletarekin egiten diren abiadura-saio eta lehiaketak.

2. Moto-kroseko makinek, bai entrenamenduetan bai lehiaketetan, kirol honetarako espres pentsatu eta prestatutako zirkuituen barrenean ibili beharko dute, debekaturik izanen dutelarik zirkuitutik kanpoko landa-bide eta pistetan barna ibiltzea. Zirkuituak, segurtasunaren izenean, ibilgailuen trafikorako itxirik egonen dira.

3. artikulua. Bide-orotakoak.

1. Izen horren azpian biltzen dira motozikletekin egiten diren beste saio edo lehiaketa batzuk, landa-bide eta bidexketan barna gutxienez ibilbidearen %75ean eta asfaltatutako errepideetan barna gehienez %25ean igaro behar dutenak.

2. Ibilbidea pista eta bideetan barna izanen da, ezin baita landetan zehar izan.

4. artikulua. Triala.

Izen horren azpian biltzen dira motozikletarekin egiten diren trebetasun saioak. Horietan, parte hartzaileak oso abiadura txikian ibili ohi dira, gehienez ere orduko hogei kilometrotan, herrietako bide eta topografia zaileko tokietan barna.

5. artikulua. Auto-krosa.

1. Izen horren azpian biltzen dira aldez aurretik markatu edo mugatutako lurrezko zirkuitu edo pistetan, automobilarekin egiten diren saioak.

2. Auto-kroseko automobilek, bai entrenamenduetan bai lehiaketetan, kirol honetarako espres pentsatu eta prestatutako zirkuituen barrenean ibili beharko dute, debekaturik izanen dutelarik zirkuitutik kanpoko landa-bide eta pistetan barna ibiltzea. Zirkuituak, segurtasunaren izenean, ibilgailuen trafikorako itxirik egonen dira.

6. artikulua. Rallya.

1. Iharduera hau erregulartasun saioa izan ohi da, herri batetik abiatu eta ibilbide bat edo bat baino gehiagotan barna egiten dena. Ibilbideak errepide edo lurrezko pistetan barna igarotzen dira.

2. Ibilbideak lehendik erabiltzen diren errepide eta pistak hartu beharko ditu, eta ez da baimenik emanen landetan zehar izateko.

7. artikulua. 4x4 ibilgailuekin egiten diren iharduerak.

1. Izen horrekin biltzen dira trakzioa lau gurpiletan izan dezaketen bide-orotako ibilgailuen iharduera antolatuak, trebetasun eta abiadura lehiaketak barne direla.

2. Iharduera antolatutzat joko dira hamar ibilgailuk baino gehiagok parte hartzen badute. Partehartzaileak hamar ibilgailu baino gutxiago baldin badira, iharduerak arautuko dira Foru Dekretu honen II. Kapituluko xedapenen arabera.

8. artikulua. Baztertutako ibilbideak.

Foru Dekretu honetan, motozikletarekin nahiz automobilarekin egiteko aipatzen diren iharduera guztien zirkuitu eta ibilbideak ezin izanen dira igaro Erreserba Integral, Natur Erreserba, Natur Gune, Aisiarako Natur Eremu, Abelbide, Donejakue Bide, galtzada historiko, Plazaola zenaren bide, Basa Fauna Babesteko Eremu, ibaibide, aintzira, urtegi edo hezeguneetan barna.

Bigarren saila. Administrazio baimenen araubidea

9. artikulua. Zirkuituetarako baimenak.

1. Bidezko diren udal baimenak deusetan galarazi gabe, motoredun ibilgailuarekin egin gogo diren saio, lehiaketa edo iharduera antolatuetarako zirkuitu edo ibilbiderik izaera iraunkorrez prestatzeko, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aldez aurreko baimena beharko da. Baimen hori kasuan kasuko Udalaren bidez tramitatuko da, Lurraldea erabili eta babesteko Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legean ezarritako prozeduraren arabera. Zirkuituak udalerri bat baino gehiago ukitzen badu, izapideak zuzenean eginen dira Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren aurrean.

2. Baimena eskuratzeko, eskabidearekin batera katastroko plano bat aurkeztuko da, 1:5.000 eskalan egina eta ibilbidea zehatz-mehatz erakutsiko duena, bai eta ibilbideari buruzko eta izan ditzakeen destinoen gaineko txosten deskribatzaile bat ere.

10. artikulua. Saioak egiteko baimenak.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen diren saio edo iharduerak egiteko, Udalaren baimena eskuratu beharko da, udalerriaren mugak gainditzen ez badira, edo Lehendakaritza Departamentuarena, iharduerarako ibilbideak udalerri bat baino gehiago hartzen badu.

2. Baimena tramitatzeko, ikuskizun publikoak baimentzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretuaren 7. artikuluari eginen zaio kasu.

Baimen ematea Lehendakaritza Departamentuaren esku gelditzen denean, nahitaezkoa izanen da Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak bere txostena luzatzea, bertan dokumentazioa jasotzen dutenetik hasi eta gehienez ere hamar egun naturaleko epearen barrenean. Epe horren barrenean aipatu Departamentuak ez badu bere txostenaren berririk ematen, txostena aldekotzat hartuko da. Txosten hori bakar bakarrik izanen da beharrezkoa aldez aurretik baimendurik dauden izaera iraunkorreko zirkuituetatik kanpo saio antolaturik egin nahi denean.

3. Saio hauetarako baimena eman aurretik, kasuan kasuko Administrazioak hala eskatzen badu, antolatzaileek 500.000 pezetako fidantza aurkeztu beharko dute, saioak behar bezala eginen direla bermatzeko.

Fidantza uztea ez da beharrezkoa izanen, ingurugiroari egin dakizkiokeen kalte eta galerei aurre egiteko aseguru-kontraturik daukaten saio federatuak egiteko. Kasu horietan, eskabidearekin batera aseguru polizaren fotokopia aurkeztuko da.

4. Eskabidearekin batera aurkeztu behar den txostenak honako hauek zehaztuko ditu:

-Antolatzaileen nortasun eta helbidea.

-Zenbat eta zein motatakoak diren parte hartuko duten ibilgailuak.

-Saioa egin gogo den eguna eta haren iraupena.

-Saioaren ezaugarriak eta, halakorik bada, bere erregelamenduarenak.

-Ibilbidearen seinaleztapena.

-Beharrezko diren zerbitzu eta instalazio osagarriak.

5. Eskabidearekin batera katastroko plano bat ere erantsiko da, zirkuituaren ezaugarrien araberako eskala egokian egina, saio edo ihardueraren ibilbidea zehatz-mehatz erakusteko.

6. Iharduerarako baimena ematen duen administrazio ebazpenak ezarriko du zein diren natura babesteko behar diren neurri zuzentzaileak, eta Lehendakaritza Departamentuaren ebazpena denean, aipatuko ditu Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren txostenean zehazten diren xedapenak.

7. Saioa amaitu ondotik, enpresa antolatzaileak kenduko ditu instalatu edo erabili diren seinaleztapen eta laguntza elementu guztiak.

II. KAPITULUA. Motoredun ibilgailuen zirkulazio librea

11. artikulua

1. Debekaturik dago motoredun ibilgailurik landetan zehar ibiltzea, errepideetatik kanpo edo bi metro baino zabalera txikiagoko landabideetan, suebakietan edo zura ateratzeko pistetan barna. Era berean, ez da onartuko Administrazioak espresuki debekatutako beste landa-bide edo pistetan barna zirkulatzea, bi metrotik goitiko zabalera izanagatik ere.

2. Beste aldetik, debekaturik dago Foru Dekretu honen 8. artikuluan aipatzen diren lursailen barrenean zirkulatzea, non eta ez den errepideen sare ofizialean sartutako errepideetan barna zirkulatzen.

12. artikulua

Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, Udalek eta herri eta ondare-ondasunak administratzen dituzten Toki Entitateek aldi baterako debekua ezar dezakete, ofizioz edo lurraren titularrak hala eskaturik, bide jakin batzuetan barna motoredun ibilgailurik igarotzeko, ingurugiroarentzat kaltegarri izan baldin badaiteke.

13. artikulua

Udalek edo Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak ezarriko dute zein alde, eremu edo pistatan jarriko zaion mugapen edo debeku zehatzik trakzio mekanikoa duten ibilgailu gurpildunen zirkulazio ez-tradiziozkoari, arriskuan dauden espezieek kalte edo eragozpen larririk jasan ez dezaten.

14. artikulua

Kapitulu honetan aipatu debekuei buruz, salbuespena eginen da, baldin eta zerbitzu publikoak edo nekazaritza-abeltzaintza nahiz oihantzaintzako iharduerekin zerikusirik daukatenak egiteko ibilgailuak zirkulatzea beharrezkoa bada, edo irakaskuntza nahiz zientzi zentroek sustatutako ikaskuntza iharduerak gauzatzeko egiten bada.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu, eragingarri bihurtu eta burutzeko beharrezko izan daitezkeen xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa