Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1992ko 48. NAOn argitaratua, apirilaren 20an. Aldaketak: 112/1994 Foru Dekretua, ekainaren 6koa; 141/1996 Foru Dekretua, martxoaren 11koa)
Atarikoa
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak ahalmenak ematen dizkio Nafarroako Gobernuari, aipatu Legea aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Halaber, Foru Lege horren zenbait artikuluk bereziki aipatzen du erregelamendu bidezko garapena. Bestalde, bidezko da Foru Lege horretan biltzen diren arloetan eskumena duten organoak zehaztea, eta erabili beharreko prozedurak ezartzea bidezko da.
Nafarroako mendiei buruzko arauen erabilera errazteko asmoz, Erregelamenduak testu bakarra du, bertan, garapenik behar duten legezko manuak garatu, eta garapenik behar ez duten horien transkripzio hutsa egiten delarik.
Erregelamendu honek, Foru Legeak berak bezalaxe, bost Titulu hartzen ditu bere baitan: Xedapen Orokorrak; Naturgune Babestuak, onura publikoa duten mendiak eta mendi babesleak; Mendiak zaindu, babesteu eta probetxatzea; Mendi-hobekuntza eta oihan-lanetarako laguntzak; eta Arau-hausteak eta zehapenak.
Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamabiko otsailaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea garatzeko xedez emandako Mendien Erregelamendua onestea ondotik heldu bezala.
NAFARROAKO OIHAN ONDAREA BABESTU ETA GARATZEARI BURUZKO ABENDUAREN 31KO 13/1990 FORU LEGEA GARATZEKO XEDEZ EMANDAKO MENDIEN ERREGELAMENDUA
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA. Helburua eta aplikazio-eremua
1. artikulua
Erregelamendu honen helburua da, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea garatzea, eta Foru Komunitateko lurraldean kokaturik dauden mendi eta oihan guztietan izanen da aplikagarri.
2. artikulua
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta Erregelamenduak dituzten oinarrizko xedeak ondoko hauek dira:
a) Natur ingurunea eta oihanen baldintza ekologikoak zaindu eta hobetzea.
b) Oihan-lurzoruen emankortasuna mantendu eta berreskuratzea, hala behar bada, eta horien higadura oztopatzea.
c) Nafarroak daukan oihan-eremu orokorra handitzea, batez ere, birsortzeko eta jatorrizko oihan bilakatzeko ahalmena duten landare-erakuntzak sortuz.
d) Mendien probetxamendu antolatua arautu eta sustatzea, horiek lehengai berriztagarria eman dezaten. Bestalde, probetxamendu horrek mendiak daudeneko eskualdeetan etekinak sortzea, eta aldi berean, natur ingurunea babestea bateragarri bihurtu beharko ditu.
3. artikulua
Era berean, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta Erregelamenduak dituzten beste oinarrizko xede batzu ondoko hauek ere badira:
a) Abereak bertako mendietan bazka daitezen sustatzea baina era antolatu batez.
b) Oihanak zaindu eta babestu asmoz, Entitate Lokalekiko elkarlana bultzatzea.
c) Mendietako produktuen lehen eraldaketarako iharduerak sustatzea.
d) Oihan-baliabideen produkzioan, eraldaketan eta merkaturaketan parte hartzen duten sektoreak elkartu eta lankidetzan ihardun dezaten bultzatzea.
e) Oihan eta mendien ikerketa eta esperimentazioa sustatzea oihangintza eta ekologia aldetik.
f) Oihanak, aisia eta jolaserako duen zeregina sustatzea eta arautzea.
g) Zuhaitzak ezagutu, begirunez zaindu eta ezar daitezen sustatzea.
4. artikulua
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta Erregelamendu honen arauera, mendia edo oihan-lurra ondoko hau da:
a) Landare-espezie edo komunitatez hornitutako lurrak, beti ere landalurrak ez badira.
b) Mendietako zenbait gune hartzen dituzten nekazaritzako lurrak: herrilurrak badira edo bost urte baino gehiagoz landu gabeko lur partikularrak badira, hauexek duten hedapena edozein delarik ere, bai eta lur-lanketa ohiz egiten deneko lur partikularrak ere, landalur izateko gutxieneko unitateak baino azalera txikiagoa baldin badute.
c) Edozein motatako lurrak, baldin eta higadura zuzentzeko, oihanak birlandatzeko edo antzeko proiektuek ukitutakoan, Foru Komunitateko Administrazioak oihan-lurrak direla deklaratzen badu.
d) Bost urte baino gehiagoz erabili gabeko landalurrak, baldin eta batazbesteko malda % 20a baino handiagoa bada, oihan-lurrak direla deklaratu ahal izanen du Nafarroako Foru Komunitateak.
e) Berez birsortzen diren larreak, heze-tokiak, zoikaztegiak eta oihan-azpiegiturek okupaturiko lurrak.
2. Era berean, zura edo egurra ekoizteko aldi baterako erabiltzen diren lursailak oihan-lurrak direla ulertuko da, zuhaitzek bertan dirauten bitartean, beti ere, kasuan kasuko espezieak hazteko behar duen denbora errespetatuko delarik.
3. Lur-lantzea bertan behera utzia dela ulertuko da baldin eta, gutxienez bost urtetan zehar, ereite-lanik edo nekazaritza aldetik lurrak egoera onean mantentzeko lanik egin ez bada bertan. Egoera on hori urteko epe hori, legeen arauera baliozkoa den edozein froga-bideren bitartez kalkulatuko da.
5. artikulua
Aurreko artikuluaren 1.b) lerroaldean aurrikusitakoaren arauera, ondoko baldintzak betetzen dituzten landalurrak mendi-lurrak direla ulertuko da:
a) Onura Publikoa duten Nafarroako Mendien Katalogoan edota Nafarroako Mendi Babesleenean ezarritako mendi-mugen barruan kokaturiko lurrak.
b) Aurreko artikuluaren 1.a) lerroaldean xedatutakoaren ondorioetarako zehaztutako mendi-lurrekin muga egiten duten lurrak, baldin eta beren perimetroaren % 50a mugakidea bada.
6. artikulua
Arestiko 4.1.b) artikuluan zehaztutakoaren ondorioetarako, landalur izateko gutxieneko unitatea legez indarra duena izanen da, edo horrela ez bada, Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu batek eskualde eta lur-lantze mota desberdinetarako ezarriko duena.
7. artikulua
Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu batek deklaratuko du, 4. artikuluaren 1.c) eta 1.d) atalek aipatzen dituzten lurrak oihan-lurrak direla, beti ere, eta aldez aurretik, ukitutako titularrei hilabete bat baino txikiagoa ez den epean entzunen zaielarik.
8. artikulua
Mendiak, jabetzaren arauera, publikoak eta pribatuak izanen dira. Estatuaren mendiak, Nafarroako Foru Komunitatearenak, Entitate Lokalenak, eta oro har, Nafarroako edozein administrazio-entitaterenak mendi publikoak dira. Era berean, berez partikularrak diren mendiak, baina horien zati baten erabilera administrazio-entitate bati badagokio mendi publikoak direla ulertuko da.
2. Ezaugarriak direla eta, ondoko eran sailkatuko dira mendiak: a) Naturgune babestuak, b) Onura publikoa duten mendiak, c) Mendi babesleak eta, d) sailkatu gabeko mendiak.
II. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak
9. artikulua
1. Mendiak natur ondasunak dira, eta hortaz, beren izaerarentzat den modu egokienean erabili eta zaindu beharko dira. Aurreko hau, 2. artikuluan azaldutako oinarrizko xedeak garatu asmoz egiten da, eta horregatik, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta Erregelamendu honek ezarritakoaren arauera, Nafarroako Foru Komunitatearen ekimenaren esanetara egon beharko dute.
2. Mendiek gizartean eta ekologian duten eginkizunak, haien titularra edozein delarik ere, berarekin dakar ondoko printzipioak kontutan hartu behar izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren ekimenera egokitzea:
a) Mendietan egin nahi den azpiegitura, probetxamendu edo erabilera ororen gainean, bertan dauden natur baliabideak zaindu eta hobetzeak lehentasuna izanen dute.
b) Higadura aurrikusi eta zuzendu asmoz, lurzoruen emankortasuna mantentzeak eta, hala balitz, hori berreskuratzeak lehentasuna du.
c) Mendi probetxamendu oro arrazoibideari jarraikiz eginen da, Oihangintza eta Ekologia zientzietan oinarritutako plan teknikoen arabera. Aipatu probetxamenduen xedeak, ekoizpena sustatu eta eskualdeetan dagoen desoreka zuzentzea izanen dira, halarik ere, xede horiek ezin izanen dute inoiz arestian esaniko zaintza eta hobekuntza printzipioak zapaldu.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 46. artikuluak antolamendu arloan Nafarroako Gobernuari esleitutako eskumenak galerazi gabe, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak izanen dituen eskumenak, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak Oihanen arloko Administrazioari esleitzen dizkionak izanen dira; Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak, berriz, Ingurugiroaren arloko Administrazioari esleitutakoak.
II. TITULUA. NATURGUNE BABESTUAK, ONURA PUBLIKOA DUTEN MENDIAK ETA MENDI BABESLEAK
I. KAPITULUA. Naturgune Babestuak
10. artikulua
1. Naturgune babestuak diren edo horiek osatzen dituzten mendiak edo oihan-lurrak, bai eta haien babes-aldea ere, berariazko legeriaren menpean egonen dira. Hala ere, oihan-erabilera edo ekinbideak onartzen dituzten naturgune babestuak, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta Erregelamendu honek diotenaren esanetara egonen dira, beti ere, erregimen bereziaren kontra egiten ez duten arloetan.
2. Naturgune babestuetan burutuko diren probetxamendu guztiek Ingurugiroaren arloko Administrazioaren baimena beharko dute; zuhaiztia markatzea, mendi hori ematea eta ikuskatzea, bai eta oihan-probetxamenduei buruzko beste edozein zehaztapen egitea ere, Oihanen arloko Administrazioari dagokio.
Ondorio horietarako, Ingurugiroaren arloko Administrazioak Oihanen arlokoari eskatuko dio lan horiek egitea, eta horretarako, Oihanen arloko Administrazioak honako hauek igorri beharko dizkio: naturgune babestuaren plangintza, ingurugiro arloko aginduak, eta zuhaiztia markatzea nahiz bestelako oihan-iharduketak burutzeko behar diren aurretikoak. Ekimen guzti hauek, naturguneekin eta Oihan Administrazioaren erizpide teknikoekin bat egon beharko dute. Ingurugiroaren arloko Administrazioak aukeratuko duen funtzionariak ere sinatu beharko ditu Oihanen arloko Administrazioak eginen dituen aktak. Espedientearen izapidaketa, Onura Publikoa duten Mendiei dagozkien espedienteak izapidatzen diren moduan eginen da.
Naturgune baimengarrien oihan-probetxamenduetan, aisia eta jolaserako naturguneetan eta Natur Parkeen barruko lurzoruetan, oihangintzako planek eta probetxamendu horietarako baimenek ezinbestez mozgarritasun fisikoaren erizpideak erabiliko dituzte, ez ordea ekonomikoak, mozketa noiz egin ahal den zehazteko orduan. Mozketa-txanda hori ezin izanen da 300 urtekoa baino txikiagoa izan arteen kasuan, 250 urtekoa haritzentzat, 200 urtekoa pagoentzat, 120 urtekoa pinuentzat eta 40 urtekoa urbazterreko erakuntzentzat. Halaber, zuhaitz-masen tratamenduak berarekin ekarri beharko du masa ez-erregular eta ez-adinberekoak sortzea eta zaintzea, bai eta interesik duten espezie isolatuak zaintzea ere.
Natur Parkeetan dauden herrilurretako zuhaitz-masen % 5a gutxienez iraun eraziko da egungo egoeran eta berezko bilakaeran. Horretarako, ukitutako Entitate Lokalek eta Nafarroako Gobernuko oihanen eta ingurugiroaren arloetako Administrazioek, espezie eta estazioen dibertsitate-erizpideen arauera, zehaztu eta markatuko dituzte. Naturgune babestuak zehazteko eta markatzeko espedientearen izapidaketa, Onura Publikoa duten Nafarroako Mendiei dagokien modu berean eginen da.
II. KAPITULUA. Onura publikoa duten mendiak
11. artikulua
Titularitate publikoa duten mendi deklaratuak, eta interes orokorrari dagokionez ezaugarri goraipagarriak biltzeagatik geroan deklaratuko direnak dira Onura Publikoa duten Nafarroako Mendiak. Goraipagarritasun hori ekologia nahiz gizarte arloko baldintzetatik edo andegakuntza-arriskuak izatetik datorkie.
12. artikulua
Aurreko artikuluak xedatutakoa betetzeko, mendiek titularitate publikoa izanik ondoko ezaugarrietariko bat ala gehiago badute, onura publikoa duten mendiak direla deklaratu ahal izanen da:
a) Urtegiak edo uharkak dituzten arro hidrografikoen goikaldeetan kokaturiko mendiak izatea.
b) Interes berezia duten flora-erakuntza, endemismo, fau- na-populazio, berezitasun geologiko, lurrazpiko nahiz lurrazaleko ur-erreserbategiak dituzten oihanak izatea.
c) Epe motz edo luzera jatorrizko oihanak berregiteko asmoz birlandaturiko lurrak izatea.
d) Higadura zuzentzeko proiektuak burutu direneko lurrak izatea.
e) Basamortu bihurtu edo higadura-fenomenoek eragindako lurzoru-galera larriak izateko arriskuan dauden oihan-lurrak izatea.
f) Eskualdeko biztanleen ekonomia nabarmenki ukitzen dutelako, edo hiritarren aisia eta jolas-erabilera bertan dagoelako, Gizartearentzat interes nabaria duten oihan, mendi edo lurrak izatea.
g) Oihan, ingurugiro, historia edo kulturako beste arrazoi batzuk izatea.
13. artikulua
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Oihanen arloko Administrazioak hala proposaturik, deklaratuko du onura publikoa. Horretarako, ukitutako Entitate Publikoari entzun beharko zaio, eta administrazio prozedura berean, Ingurugiroaren arloko Administrazioak emandako txostenaren ondoren onura publikoa duen menditzat hartzeko ezaugarriak justifikatu beharko dira.
2. Mendiaren titularra den Entitate Lokalak eskaturik eta kasuan kasuko Udalaren Erabakiaren ziurtagiriaren bitartez, hasiera emanen zaio onura publikoa deklaratzeko espedienteari; Ingurugiroaren arloko Administrazioak eskaturik bada, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 62.etik 64.era bitarteko artikuluek aipatzen duten administrazio prozeduraren bitartez; edo Oihanen arloko Administrazioak eskaturik bada, ofizioz.
3. Espedientea sustatzen duenak eskabidearekin batera Memoria erantsi beharko du, bertan honako hauek agertu beharko direlarik: mendiaren definizioa (kokapena, jabetza, edukiera, mugak, guneak, menpekotzak), beren ezaugarrien deskripzioa (oihanari buruzkoak, botanikoak, faunistikoak, ekologikoak, paisajistikoak, elementu goraipagarriak, eta Katalogoan inskribatzeko behar diren guztiak) eta 12. artikuluak ezarritakoaren arauera, onura publikoaren deklarazioa eskatzeko arrazoien justifikazioa. Gutxienez, mendiaren plano katastrala, eskalan egina, erantsiko zaio memoriari.
4. Arestiko 12. artikuluaren c) eta d) atalek aurrikusitako kasuetan, aski izanen da Oihanen arloko Administrazioak ziurtagiria ematea, atal horiek aipatzen dituzten lanak eginik daudela adierazten duena eta, kasu hauetan, deklarazioa beharrezkoa izanen da.
14. artikulua
1. Espedienteari hasiera eman diona mendiaren titularra den Entitate Publikoa izan ez bada, aipatu Entitate honi entzun eginen zaio, eta jakin eraziko bi hilabeteko epean eta kasuan kasuko Udalbatzak hartuko duen erabakiaren ziurtagiriaren bidez adierazi beharko duela bere mendiaren onura publikoa deklaratzeko proposamenarekiko oneritzia, zalantza ala oposizioa daukanentz. Aipatu epea eta hilabeteko luzapena, behar bezala justifikaturikoa, iraganik, Entitate Lokala espedientea burutzeko agertu ez bada, deklarazioarekin ados dagoela ulertuko da.
2. Mendi publikoaren titularra Entitate Lokala ez bada, artikulu honen aurreko lerroaldean ezarritakoa aplikatzekoa izanen da, eta kasuan kasuko organo erabakitzaileei egokituko zaie.
15. artikulua
Espedientea hastea Ingurugiroaren arloko Administrazioari ez badagokio, mendiaren titularra den entitateari, hala balitz, entzun ondoren, espedientearen kopia igorriko zaio Ingurugiroaren arloko Administrazioari, beronek, hilabeteko epean, mendiaren onura publikoa agertzen duen deklarazioarekiko oneritzia, zalantza ala oposizioa adierazten duen txostena eman dezan. Aipatu epea iraganik, Ingurugiroaren arloko Administrazioak aipatu txostenik eman ez badu, deklarazioarekin ados dagoela ulertuko da.
16. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak Nafarroako Gobernuari igorriko dio izapidatu den guztia hartuko duen txosten arrazoitua, bai eta onura publikoa duen mendiaren deklarazio-proposamena, eta bertan agertu beharko dira, deskripzioa, deklarazioa sorteratzen duen arrazoi nagusia eta Onura Publikoa duten Nafarroako Mendien Katalogoan sartzeko beharrezko diren gainontzeko datuak.
17. artikulua
Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretuaren bidez ema- nen du behar den ebazpena, eta baiezko erantzuna izanez gero, Onura Publikoa duten Nafarroako Mendien Katalogoan sartzeko agindua luzatuko du. Katalogoratze hori automatikoki eginen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz.
18. artikulua
1. Dagoeneko onura publikoaren deklarazioa duten mendiak eta geroan deklaratuko direnak, Onura Publikoa duten Nafarroako Katalogoan sartuko dira. Katalogo honen ezaugarriak, Erregelamendu honen aurka egiten ez badute, otsailaren 22ko 485/1962 Dekretuaren bidez onetsitako Mendien Erregelamenduaren II. Tituluan eta Estatuko xedapen osagarriak edo ordezkoetan zehazten direnak izanen dira.
2. Katalogoko datuen zuzenketak, hirugarrenen eskubideak ukitzen ez badituzte, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez eginen dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko. Kontrako kasua bada, Erregelamendu honen 12. artikulutik 17.era bitartean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
19. artikulua
Mendi bat Onura Publikoa duten Mendien Katalogoan sartzeko izan ziren inguruabarrak desagertzen badira, Ingurugiroaren arloko Administrazioak emandako txosten loteslearen ondotik, onura publikoa deklaratzeko erabili den antzeko bideari jarraituko zaio Katalogotik kanpo uzteko.
20. artikulua
Mendiak Katalogoan sartu edo kanpo uzteari buruzko erreklamazioek izaera zibilik ez badute, izaera administratiboa hartuko dute, eta bide administratiboa bukatutakoan Administrazioarekiko Jurisdikzioaren aurrean ebatziko dira.
21. artikulua
1. Mendi bat Katalogoratzeak ustezko jabetza eskuratuko dio izena eman dion Entitate Publikoari, eta jabetza hori ezin izanen da eztabaidatu interdiktu edo prozedura berezien bidez.
2. Edozein modutan ere, jabetzako ohizko epaiketa deklaratzailean epai irmorik ematen ez den bitartean, aipatu jabetzak bere hartan segituko du eta, bidezko balitz, hura berreskuratzeko eskumena duten agintariek laguntza luzatuko lukete.
22. artikulua
1. Mendi katalogatuak, titulu idatzirik ez badute, Katalogoan agertzen den titularraren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan. Hori egiteko, Oihanen arloko Administrazioak ziurtagiria eman beharko du legeria hipotekarioak ezarritakoarekin bat.
2. Aurreko ziurtagiriari, inskribatu nahi den lurraren plano topografikoa erantsi beharko zaio, 1/10.000 eskalan edo beste txikiago batean egina.
23. artikulua
1. Onura publikoaren katalogoko mendiren bat duen udalen batetako lursailei, Lege Hipotekarioak ezarritako bideetarik edozeinen bidezko sarrera eman nahi bazaie Jabetzaren Erregistroan, eskatzaileak, Oihanen arloko Administrazioak emandako ziurtagiria, lursailok katalogoko mendiren batetan sarturik ez daudela egiaztatzen duena, erantsi beharko du; aipatu ziurtagiri negatiboa ekarri ezean ezin izanen da eskaturiko inskripzioa gauzatu.
2. Jabetza Erregistratzaileak bere kabuz edo inskribatu nahi den lursailaren titularrak eskatu ahal izanen du aurreko lerroaldeak aipatzen duen ziurtagiria.
24. artikulua
1. Onura publikoa duten mendi katalogatuei buruzko jabetzako ohizko epaiketa deklaratzaileak sustatzen direnean, mendiaren Entitate titularraz gain Foru Komunitatea izanen da alderdi auzitaratua.
2. Edozein auzi zibil onar dadin, ezinbestekoa izanen da, lehendabizi, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Katalogoan agertzen den Entitate Publiko titularraren aurrean administrazio-erreklamazioa egitea, eta ondoren, hala beharko balitz, Justiziarenean. Aipatu erreklamazioa administrazio prozeduraren arauekin bat burutu beharko da.
3. Interesatuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariari zuzenduriko idazki baten bidez sustatuko du erreklamazio judizialaren aurretik egin behar den administrazio-erreklamazioa. Horretarako, erreklamazioa babesten duten dokumentuak, bai eta bera identifikatzen duten planoak ere erantsi beharko zaizkio.
4. Oihanen arloko Administrazioak entzun eginen dio mendiaren entitate titularrari, eta jakin eraziko, hamabost eguneko epean, erreklamazioari buruz egoki deritzona alega dezakeela.
5. Oihanen arloko Administrazioak, mendia ikuskatu ondoren, behar den txostena emanen du.
6. Izapidatu dena ikusi ondoren, bide administratiboa itxiko duen Erabakia hartuko du Nafarroako Gobernuak.
25. artikulua
1. Onura Publikoa duten mendi katalogatuak besterenganatu, mugatu eta Jabetza Erregistroan inskribatzea, Entitate Publikoen ondasunak arautzen dituen legeria bereziak agintzen duenaren arauera egin beharko da.
2. Oihanen arloko Administrazioak onetsi beharko ditu onura publikoa duten mendien mugaketak.
3. Aurreko atalean xedatutakoa bete asmoz, mugaketa-espedientea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez onetsi beharko da, azken hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko delarik.
4. Erronkari Ibarrean dauden oihan-lursailak probetxatzeko mugaketak, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Hamargarren Xedapen Gehigarriak dioenaren arauera, Nafarroako Gobernuak homologatuko dizkion Ordenantzetan xedatutakoarekin bat eginen dira.
26. artikulua
1. Katalogoko mendien titularrak diren Administrazio Publikoek, eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izanen dute ukitutako Administrazio Publikoak ez diren beste pertsonen alde eginen diren kostubidezko eskualdaketa guztietan, alegia, mendikoetan.
2. Aurreko lerroaldean xedatutakoa betetzeko, eskualdaketa-egileak mendiaren titularra den Administrazio Publikoari idatziz jakin erazi beharko dio eskualdatzeko proiektu edo asmoa, bertan, prezioa eta eragiketaren gainontzeko baldintzak agertu beharko direlarik.
3. Arestikoa jakin erazi eta ondoko hiru hilabeteko epearen barruan, kasuan kasuko Administrazioa eroslehentasunaren eskubideaz baliatu ahal izanen da ezarritako baldintza eta prezioan. Bestela bada, jabeak egin nahi den eskualdaketa gauzatu ahal izanen du.
4. Kostubidezko eskualdaketa, baldin eta ukitutako Administrazioari idatziz jakin erazi gabe egiten bada, Administrazio honek atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izanen du sei hilabeteko epean. Eskualdaketa hori Jabetza Erregistroan inskribatzen den egunean edo, bestela, eragiketa horren berri izaten duenean hasiko da kontatzen aipatu epea. Halaber, atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izanen da epe berean, baldin eta jakin erazitako prezio eta baldintzak ez diren beste batzuen arauera egin bada.
5. Nafarroako Gobernuak hartutako Erabakiz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hala proposaturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ukitzen duten eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubideak erabili ahal izanen dira, horretarako, Oihanen Administrazioak edo Ingurugiroarenak, Naturgune Babestuetan dauden lurrak badira, emandako txostena aldez aurretik ikusi beharko delarik.
27. artikulua
1. Onura Publikoa duten Mendien Katalogoan inskribaturiko mendiak kargatzen dituzten eskubide errealak eta menpekotzak jaso beharko dira aipatu Katalogoan.
2. Karga guztiek behar bezala justifikaturik egon beharko dute. Bestela bada, Administrazioak ofizioz, edo interesatuak eskaturik, horri buruzko legezkotasuna ebazteko behar den prozedurari hasiera emanen zaio.
3. Alderdi interesatuak edo Oihanen arloko Administrazioak ofizioz eskaturik, mendiaren gaineko karga justifikatzeko espedientea irekiko da aipatu Administrazioaren aurrean.
4. Kargaren titularra izan nahi duenak, espedientea irekitzean edo Oihanen arloko Administrazioak, ofizioz hasitako espedientea bada, hala eskaturik, karga badela, zein den bere edukina eta zeintzu bere ezaugarriak adierazten duen Memoria aurkeztu beharko du eta, era berean, nahi hori babesten duten agiri, testigantza eta datuak ekarri beharko ditu.
5. Oihanen arloko Administrazioak espedientearen kopia igorriko dio mendiaren titularra den Entitateari, beronek, bi hilabeteko epean, kargaren izate, edukin eta ezaugarriekin ados ala zalantzan dagoela agerterazteko. Izapidaketa hau burututakoan, Oihanen arloko Administrazioak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bitartez ebatziko du bidezko izanen dena.
6. Aurreko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da baldin eta karga berresten badu. Era horretan, karga badela, eta bere edukina zein den azalduko da Onura Publikoa duten Mendien Katalogoan.
7. Administrazio prozeduraren arauetan aurrikusi bezala, administrazio-bidea akitutakoan Oihanen arloko Administrazioak emandako ebazpenaren aurka helegiterik paratu ahal izan da Auzitegi Zibilen aurrean.
III. KAPITULUA. Mendi babesleak
28. artikulua
Baldintza fisiko, ekologiko nahiz gizarte arlokoak direla eta, interes orokorraren arauera ezaugarri goraipagarriak biltzen dituzten titularitate pribatuko mendiak, andegakuntza edo basamortu bihurtzeko arriskua dutenak eta, edozein kasutan, 250 hektarea baino gehiagoko azalera dutenak dira Nafarroako mendi babesle deklaratu ahal izanen direnak.
29. artikulua
Aurreko artikuluak xedatutakoa betetzeko, mendi babesleak direla deklaratu ahal izanen da, baldin eta titularitate pribatua izanik ondoko ezaugarrietariko bat ala gehiago badute:
a) Urtegiak edo uharkak dituzten arro hidrografikoen goikaldeetan kokaturiko mendiak izatea.
b) Interes berezia duten flora-erakuntza, endemismo, fau- na-populazio, berezitasun geologiko, lurrazpiko nahiz lurrazaleko ur-erreserbategiak dituzten oihanak izatea.
c) Epe motz edo luzera jatorrizko oihanak berregiteko asmoz birlandaturiko lurrak izatea.
d) Higadura zuzentzeko proiektuak burutu direneko lurrak izatea.
e) Basamortu bihurtu edo higadura-fenomenoek eragindako lurzoru-galera larriak izateko arriskuan dauden oihan-lurrak izatea.
f) Eskualdeko biztanleen ekonomia nabarmenki ukitzen dutelako, edo hiritarren aisia eta jolas-erabilera bertan dagoelako, gizartearentzat interes nabaria duten oihan, mendi edo lurrak izatea.
g) Oihan, ingurugiro, historia edo kulturako arrazoiak izatea.
30. artikulua
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Oihanen arloko Administrazioak hala proposaturik, deklaratuko du mendi babeslea dela. Horretarako, jabeei eta mendia dagoeneko Entitate Publikoari entzun beharko zaie, eta administrazio prozedura berean, Ingurugiroaren arloko Administrazioak emandako txostena beharrezkoa izanen da.
2. Mendiaren titularrak eskaturik hasiera emanen zaio deklarazio espedienteari; Mendia dagoeneko Entitate Lokalak eskaturik bada, kasuan kasuko Udalbatzak hartutako Erabakiaren ziurtagiriaren bitartez; Ingurugiroaren arloko Administrazioak eskaturik bada, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 62.etik 64.era bitarteko artikuluek aipatzen duten administrazio prozeduraren bitartez; edo Oihanen arloko Administrazioak eskaturik bada, ofizioz.
3. Espedientea sustatzen duenak eskabidearekin batera Memoria erantsi beharko du, bertan honako hauek agertu beharko direlarik: mendiaren definizioa (kokapena, jabetza, edukiera, mugak, guneak, menpekotzak), beren ezaugarrien deskripzioa (oihanari buruzkoak, botanikoak, faunistikoak, ekologikoak, paisajistikoak, elementu goraipagarriak, eta Katalogoan inskribatzeko behar diren guztiak) eta 28. eta 29. artikuluak ezarritakoaren arauera, mendi babeslearen deklarazioa eskatzeko arrazoien justifikazioa. Memoriari mendiaren plano bat erantsiko zaio, eskalan egina, gutxienez katastrala izanen dena.
4. Arestiko 29. artikuluaren c) eta d) atalek aurrikusitako kasuetan, aski izanen da, Oihanen arloko Administrazioak ziurtagiria ematea, atal horiek aipatzen dituzten lanak eginik daudela adierazten duena.
31. artikulua
1. Espedienteari hasiera eman diona mendiaren titularra izan ez bada, aipatu titular honi entzun eginen zaio, eta jakin eraziko bi hilabeteko epean adierazi beharko duela bere mendia babeslea dela deklaratzeko proposamenarekiko oneritzia, zalantza ala oposizioa daukanentz. Aipatu epea eta behar bezala justifikaturiko hilabeteko luzapena iraganik, mendiaren titularra espedientea burutzeko agertu ez bada, deklarazioarekin ados dagoela ulertuko da.
2. Ekimena egin duena mendia dagoeneko Entitate Lokala izan ez bada, aipatu Entitateari entzun eginen zaio, eta jakin eraziko hilabete baten barruan nahi den deklarazioaz duen eritzia eman ahal izanen duela.
32. artikulua
Espedientea hastea Ingurugiroaren arloko Administrazioari ez badagokio, mendiaren titularra den entitateari eta mendia dagoeneko Entitate Lokalari entzun ondoren, espedientearen kopia igorriko zaio Ingurugiroaren arloko Administrazioari beronek, hilabeteko epean, mendia babeslea dela agertzen duen deklarazioarekiko oneritzia, zalantza ala oposizioa adierazten duen txostena eman dezan. Aipatu epea iraganik, Ingurugiroaren arloko Administrazioak aipatu txostenik eman ez badu, deklarazioarekin ados dagoela ulertuko da.
33. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak Nafarroako Gobernuari igorriko dio izapidatu den guztia hartuko duen txosten arrazoitua, bai eta mendi babeslearen deklarazio-proposamena ere, eta bertan agertu beharko dira, deskripzioa, deklarazioa sorteratzen duen arrazoi nagusia eta Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan sartzeko beharrezko diren gainontzeko datuak.
34. artikulua
Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretuaren bidez ema- nen du behar den ebazpena, eta baiezko erantzuna izanez gero, Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan sartzeko agindua luzatuko du. Katalogoratze hori automatikoki eginen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz.
35. artikulua
1. Mendi babesle deklaratuak Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan sartuko dira. Katalogo honen ezaugarriak, Onura Publikoa duten Nafarroako Mendien Katalogoan zehazturiko berberak izanen dira.
2. Katalogoko datuen zuzenketak, hirugarrenen eskubideak ukitzen ez badituzte, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez eginen dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko. Kontrako kasua bada, Erregelamendu honen 30. artikulutik 34.era bitartean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
36. artikulua
Mendi bat Mendi Babesleen Katalogoan sartzeko izan ziren inguruabarrak desagertzen badira, Ingurugiroaren arloko Administrazioak emandako txosten loteslearen ondotik, mendi babeslea dela deklaratzeko erabili den antzeko bideari jarraituko zaio Katalogotik kanpo uzteko.
37. artikulua
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubideaz baliatu ahal izanen da Administrazio Publikoak ez diren beste pertsonen alde eginen diren kostubidezko eskualdaketa guztietan, alegia, mendi babesle deklaratuenetan.
2. Aurreko lerroaldean xedatutakoa betetzeko, eskualdaketa-egileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari idatziz jakin erazi beharko dio eskualdatzeko proiektu edo asmoa, bertan, prezioa eta eragiketaren gainontzeko baldintzak agertu beharko direlarik.
3. Arestikoa jakin erazi eta ondoko hiru hilabeteko epearen barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eroslehentasunaren eskubidea erabili ahal izanen du ezarritako baldintza eta prezioan. Bestela bada, jabeak egin nahi den eskualdaketa gauzatu ahal izanen du.
4. Kostubidezko eskualdaketa, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari idatziz jakin erazi gabe egiten bada, Administrazio honek atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izanen du sei hilabeteko epean. Eskualdaketa hori Jabetza Erregistroan inskribatzen den egunean edo, bestela, eragiketa horren berri izaten duenean hasiko da kontatzen aipatu epea. Halaber, atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izanen da epe berean, baldin eta jakin erazitako prezio eta baldintzak ez diren beste batzuen arauera egin bada.
5. Nafarroako Gobernuak hartutako Erabakiz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hala proposaturik, eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubideak erabili ahal izanen dira, horretarako Oihanen Administrazioak edo Ingurugiroarenak emandako txostena aldez aurretik ikusi beharko delarik.
38. artikulua
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 16. artikuluak eta Erregelamendu honen 27.ak ezarritakoa aplikatuko zaie Katalogoan dauden mendi babesleei.
III. TITULUA. MENDIAK ZAINDU, BABESTU ETA PROBETXATZEA
I. KAPITULUA. Oinarri nagusia
39. artikulua
Ikusirik, lurzoru-higadurak, oihan-soiltzeak, erabilera-aldaketa justifikatugabeak, egokia ez den probetxamenduak, izurri eta eritasunek, oihan-suteek eta kutsadurak dituzten arriskuak badirela, Nafarroako mendi edo oihan-lurrak zaindu eta babes daitezen begiratuko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak.
II. KAPITULUA. Mendiak zaintzea
1. saila
40. artikulua
Nafarroako oihan-masek duten hedapenak eta dibertsitateak beren hartan segitu behar dute, oihanek dituzten eginkizun babesle, produktibo eta gizartearentzat duten onura bereziengatik.
41. artikulua
1. Mendi katalogatuetan, bai onura publikoa dutenetan bai babesleetan, beren azaleraren % 5a gutxienez giza ekinbidetik kanpo utzi behar da, eta hortaz, berezko bilakaeran segituko dute. Aipatu gune horiek hautatzeko orduan, landare-erakuntzen eta estazioen dibertsitate-erizpideak hartuko dira kontutan, eta mendiaren titularrek eta Oihanen eta Ingurugiroaren arloetako Administrazioek elkarrekin eginen dute hautaketa.
2. Aurreko atalak aipatu dituen guneak hautatzeko espedientea hiru modutan has daiteke: mendi katalogatuaren titularrak eskaturik; Ingurugiroaren arloko Administrazioaren ekimenez hasten bada, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioa arautzeari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 62.etik 64.era bitarteko artikuluek aipatzen duten administrazio-ebazpenaren bidez; edo, Oihanen arloko Administrazioak, ofizioz.
3. Espedientea sustatuko duenak, mendi horrek duen zaindu beharreko gunea zein den adierazten duen Memoria aurkeztu beharko du, bai eta agerterazi ere hautapenean erabilitako erizpideak, bere ezaugarrien deskribapena (oihan, botanika, fauna, ekologia eta paisaia arlokoak, osagai aipagarriak, eta ondorio hauetarako in- teresa duten datu guztiak) eta berezko bilakaeran segi dezan, giza ekinbiderik gabeko zaintza-gunearen deklarazioa eskatzeko arrazoien justifikazioa. Eskalan egindako planoa erantsiko zaio memoriari, gutxienez, mendiaren katastro-planoa izanen dena.
4. Espedienteari hasiera eman diona mendiaren titularra izan ez bada, azken honi entzun eginen zaio eta jakin eraziko bi hilabeteko epean adierazi beharko duela zaintza-gunearen deklarazio-proposamenarekin oneritzia, zalantza ala oposizioa daukanentz.
5. Espedienteari hasiera eman diona Ingurugiroaren arloko Administrazioa izan ez bada, mendiaren titularrari entzun ondoren, espedientearen kopia igorriko zaio Ingurugiroaren arloko Administrazioari, beronek, hilabeteko epean, zaintza-gunearen deklarazioarekin oneritzia, zalantza ala oposizio arrazoitua daukanentz adierazten duen txostena eman dezan.
6. Mendiaren titularra, Ingurugiroaren eta Oihanen arloetako Administrazioak ados jartzen ez badira, prozesua behar hainbat aldiz errepikatuko da akordioa lortu arte.
7. Oihanen arloko Administrazioak iharduketetan bildu den guztiaz txostena eginen du, eta honekin batera zaintza-gunearen deklarazio-proposamena igorriko dio Nafarroako Gobernuari. Proposamen horretan jaso beharko da gunearen deskribapena, deklarazioa dakarren arrazoi nagusia eta kasuan kasuko Mendien Katalogoan sartzeko behar diren gainerako datuak.
8. Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretuaren bitartez, bidezko den ebazpena emanen du, eta, baiezko kasua bada, zaintza-gunea kasuan kasuko Mendien Katalogoan sartzea aginduko du.
9. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Agindu baten bidez zehaztuko dira aipatu gune horiek identifikatzeko elementu fisikoak, gunearen mugetan jarriko direnak.
42. artikulua
Babesturik dauden zuhaitz eta zuhaixka-formako espezieen Nafarroako oihan-hazien bankua sortuko da. Erregelamendu hau garatzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emanen duen Foru Agindu batek zehaztuko ditu aipatu bankuaren ezaugarriak.
43. artikulua
1. Interes orokorra duten azpiegiturak eraikitzeko proiektuetan, baldin eta zuhaitzez hornitutako eremuaren txikipenik gertatzen bada, okupaturiko eremua baino txikiago izanen ez den azaleran oihana birlandatzeko proiektua erantsiko da ukitutako aldean.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak aztertuko du zein den interes publikoko azpiegiturak eraikitzeko proiektuek suntsitu edo urez betetako oihan-eremua, eta ondoren, aipatu proiektuei erantsitako birlandaketa-proiektuak egokitzeari buruzko aginduzko txostena emanen du.
3. Lurzatiak kontzentratzeko proiektu guztiek adierazi beharko dute zeintzu diren zaindu beharreko zuhaitz eta zuhaixka-formako landaretza-unitateak. Balore ekologiko berezikoen gisara kalifikaturiko palaxu biziak ezin izanen dira kendu.
44. artikulua
1. Oihanen arloko Administrazioak, mendiaren kalifikazioa edozein dela ere, baldin eta mendi hori zaintzeko bateraezina bada, bertako bazkatzea mugatu edo eta debekatu ere egin ahal izanen du.
2. Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, espedientea izapidatzeko modua honako hau izanen da:
a) Aziendak bazkatzea eta mendia zaintzea bateraezinak direla arrazoitzea.
b) Bere titularrari entzutea.
c) Mendia dagoeneko Entitate Lokalaren iragarki-oholean hamabost egun naturaletan zehar argitaratzea.
d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuko Zuzendari Nagusiak emandako Ebazpena.
Oihanetan egiten diren ugaltze-mozketa baimenduen kasuetan, aski izanen da aipatu mozketak egin edo egiten ari direla adierazten duen ziurtagiria Oihanen arloko Administrazioak ematea. Artikulu honen 2 d) atalak aipatzen duen Ebazpenak dioena betetzeko, ziurtagiri horretan agertu beharko da zein egunetatik aurrera itxiko den mendia aziendentzat.
45. artikulua
1. Zuhaitz edo zuhaixka-formako espezieez landaturiko mendietan ahuntz-azienda sartzea debekaturik dago.
2. Azienden harrapaketa, Erregelamendu honen 126. artikuluan aurrikusitakoari jarraikiz eginen da.
2. saila. Erabilera aldatzea
46. artikulua
1. Mendi edo oihan-lurraren erabilera aldatzea dakarren ekinbide edo erabaki orok Oihanen arloko Administrazioaren baimena behar du, beti ere Ingurugiroaren arloko Administrazioak emandako txosten loteslea aldez aurretik ikusi beharko delarik.
2. Dagoen lurzoru edo landaretzaren egoera fisikoaren funtsezko aldaketa dakarren edozein iharduerari, bai eta mendi edo oihan-lurrak birkalifikatzeko edozein erabakiri ere erabilera aldatzea esaten zaio.
3. Sustatzaileak, horretarako irekiko den administrazio-espedientean, arrazoitu beharko du erabilera berriak lehentasuna duela onura publikoaren edo mendi babeslearen deklarazioa ekarri duenaren aurrean. Kasu honetan, administrazio-isilbidea ukapena dela ulertuko da.
4. Katalogoetan ez dauden mendien kasuan, interesatuak erabilera aldatzeari buruzko memoria arrazoitua aurkeztu beharko du. Kasu honetan, administrazio-isilbidea baimena dela ulertuko da.
5. Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, espedientea izapidatzeko modua honako hau izanen da:
a) Sustatzaileak Oihanen arloko Administrazioaren aurrean eskabidea aurkeztu beharko du eta, horrekin batera, mendiaren edo ukitutako aldearen erabilera aldatzeko ekinbide edo erabakiaren Memoria deskriptiboa ekarri beharko da. Memoria horretan, kasu bakoitzaren arauera, 3. eta 4. ataletan ezarritakoa justifikatu beharko da, bai eta ekinbide hori burutzeko, mendiaren titularraren ahalmenik aski duela ere, baldin eta sustatzailea mendiaren titularra ez bada.
b) Mendiaren titularrari entzutea, baldin eta berau espedientearen sustatzailea ez bada.
c) Mendia dagoeneko Entitate Lokalaren iragarki-oholean hamabost egun naturaletan zehar argitaratzea.
d) Oihanen arloko Administrazioak, iharduketetan bildu den guztia ikusi ondoren, Ingurugiroarenari eskatuko dio aginduzko txosten loteslea eman dezan.
e) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Ebazpena.
f) Erabilera aldaketak, mendiren bat kasuan kasuko katalogotik kanpo uztea baldin badakar, administrazio-espedientea Erregelamendu honen 19. eta 36. artikuluetan agindutakoari lotuko zaio.
47. artikulua
1. Hirigintzako planeamendu tresnek oihan-erabilerarako lurzoru ez-urbanizagarri gisa sailkatu eta kalifikatuko dituzte onura publikoa dutela edo babesle direla deklaraturiko mendiak.
2. Hirigintza tresnek, beren berrikuskaketek edo eraldaketek, baldin eta onura publikoa duten edo babesleak diren mendi katalogatuak ukitzen badituzte, behin-behineko onespena baino lehen, Oihanen eta Ingurugiroaren arloetako Administrazioen aginduzko txostena behar dute, alegia, oihan-lurren mugaketa, kualifikazio eta araubideari buruzkoa.
3. Aurreko atalak aipatzen dituen aginduzko txostenak, hilabete bateko epean eman beharko direnak, eskatuko ditu sustatzaileak.
48. artikulua
Zuhaiska edo zuhaitz-formako landaretza desagertzea eta Nafarroan interes orokorra duten azpiegiturentzako arrisku potentziala dakarten lurzoruaren erabilera aldatzea ondorioztatzen duten proiektuek, baldin eta eraldaketa horiek 100 hektarea baino gehiagoko eremuak ukitzen badituzte, ingurugiroaren gaineko eraginaren deklarazioa izan beharko dute.
3. saila. Menpekotzak eta okupazioak
49. artikulua
1. Onura publikoa edo izaera babeslea duen mendi katalogatuan ezarritako kargaren bateraezintasuna deklaratzeko ahalmena du Oihanen arloko Administrazioak.
2. Bateraezintasunaren deklarazioak berarekin ekarriko du kargaren iraungipena edo aldi baterako etena, eta hori dela eta, kalteordaina emanen zaie, beti ere, honen zenbatekoa, interesa duten aldeen adostasunik ezean, nahitaezko desjabetzapenaren arauek zehaztuko dutelarik. Oihanen arloko Administrazioak, horren ordez, zuzenketa-neurriak eman ahal izanen ditu, alegia, karga eta onura publikoa edo mendiaren izaera babeslea bateragarri bihur ditzaketenak. Neurri horiek nahitaez bete beharko dira.
3. Mendi katalogatuaren titularrak eskaturik edo Oihanen arloko Administrazioak ofizioz emanen zaio hasiera bateraezintasunaren deklarazio-espedienteari.
4. Espedientearen sustatzaileak eskabidearekin batera honako hauek ekarri beharko ditu: mendiaren definizioa biltzen duen Memoria (kokapena, jabetza, edukiera, mugak, tokiak, menpekotzak), bere ezaugarrien deskripzioa (oihan, botanika, fauna, ekologia eta paisaia arlokoak, osagai goraipagarriak), kargaren deskripzioa, edukina eta titularra, eta karga hori onura publikoarekiko edo mendiaren izaera babeslearekiko bateraezina dela deklara dadin eskatu edo proposatzeko arrazoien justifikazioa.
5. Kargaren iraungipena edo aldi baterako etena aurrikusten denean, bai eta karga hori onura publikoarekin edo mendiaren izaera babeslearekin bateragarri izatea ahalbideratzen duten zuzenketa-neurriak nahitaez burutu behar direla zehazten denean ere, Oihanen arloko Administrazioak eginen du kasuan kasuko kalteordainaren balorazioa edo burutu beharreko lanena. Kalteordainik bada, honen zenbatekoa mendiaren titularrak ordainduko du, salbu eta onura publikoko arrazoiek sorterazten badituzte kalteordaina edo zuzenketa-neurriak, kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ordaindu beharko duelarik.
6. Espedienteari hasiera eman diona mendiaren titularra izan ez bada, azken honi entzun eginen zaio eta jakin eraziko bi hilabeteko epean adierazi beharko duela kargaren bateraezintasunaren deklarazio-proposamenarekiko oneritzia, zalantza ala oposizioa daukanentz.
7. Oihanen arloko Administrazioak espedientearen kopia igorriko dio Ingurugiroaren arloko Administrazioari, azken horrek bi hilabeteko epean adierazi beharko duelarik kargaren bateraezintasunaren deklarazio-proposamenarekiko oneritzia, zalantza ala oposizioa daukanentz. Aipatu epea iragandakoan, Ingurugiroaren Administrazioak txostenik ematen ez badu, bateraezintasun-deklarazioarekin ados dagoela ulertuko da.
8. Espedientearen barruan titularrari entzun eginen zaio, beronek, hilabeteko epean bere interesen alde bidezko deritzon guztia adieraz dezan. Kargaren iraungipena edo aldi baterako etena edo zuzenketa-neurriak aurrikusten diren kasuetan, egindako balorazioa edo kontraesaneko balorazio teknikoa onartu beharko du interesatuak.
9. Oihanen arloko Administrazioak iharduketetan bildu den guztiaz txostena eginen du, eta honekin batera, karga onura hori publikoarekin edo mendiaren izaera babeslearekin edo zuzenketa-neurriak burutzeko nahitaezkotasunarekin bateraezina dela deklaratzeko proposamena igorriko dio Nafarroako Gobernuari.
10. Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretuaren bidez, bidezko den ebazpena emanen du. Kalteordainaren zenbatekoa zein den zehazteko orduan adostasunik lortu ez bada, nahitaezko desjabetzapenaren arauek erabakiko dute. Nafarroako Gobernuaren ebazpenaren aurka berraztertze helegitea paratu ahal izanen da.
50. artikulua
1. Interes publikoko arrazoiek eraginda eta administrazio-kontzesioen kasuetan, mendi katalogatuetako menpekotza eta aldi baterako okupazioetarako baimenak emanen dira, beti ere ondorengo lerroaldeetan xedatutakoari jarraikiz. Oihanen arloko Administrazioaren eta kasuan kasuko lan, zerbitzu edo kontzesioaren arduraduna den Departamentuaren artean erizpide-adostasunik ez bada, edo Entitate Publiko Titularrak oposizioa adierazten badu, Nafarroako Gobernuak berak ebatziko du afera.
2. Interes pribatuaren arauera, eta ez kasu guztietan, Oihanen arloko Administrazioak mendi katalogatuetako menpekotzak eta okupazioak ezartzeko baimenak eman ahal izanen ditu, beti ere, mendiaren onura publikoarekin bateragarria dela eta Katalogoan agertzen den titularraren oneritzia dagoela justifikatzen bada.
3. Okupazioa edo menpekotza zuhaiztun mendian kokatu nahi bada, sustatzaileak onura publikoarekin duen bateragarritasunaz gain, mendiko zuhaitzik gabeko lurrean kokatzea ezinezkoa dela ere justifikatu beharko du. Mendi katalogatuak daudeneko aldeetan egiten den energia-garraioaren azpiegiturek, ahal baldin bada, zuhaiztun masak ukitzea ekidinen dute, eta mendiko zuhaitzik gabeko lurretatik edo mendikoak ez diren nekazal lurretatik igaroko den trazadurari lehentasuna emanen zaio.
4. Okupazio edo menpekotza orok mendiaren titularrari kalteordaina edo kanon eguneragarria ordaintzea ekarriko du. Mendiari eginen zaizkion mota guztietako kalteekin edo menpekotzak nahiz okupazioak bere sustatzaileari emanen dizkien onurekin bat etorri behar du ordainketa horrek. Aldi baterako okupazioaren iraupena 30 urte baino luzeagoa ez bada kanona ordaindu beharko da, eta berriz, epe hori gainditu edo menpekotza ezartzen bada kalteordaina emanen da.
5. Artikulu honetan aurrikusitako kasuetan, aginduzkoa eta loteslea izanen da Ingurugiroaren arloko Administrazioaren txostena.
6. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako espedientea izapidatzeko modua honako hau izanen da:
a) Sustatzaileak Oihanen arloko Administrazioaren aurrean eskabidea aurkeztu beharko du eta, horrekin batera, burutu nahi den menpekotza edo aldi baterako okupazioaren Memoria deskriptiboa ekarri beharko da. Memoria horretan, justifikatu beharko da onura publikoarekin edo mendiaren izaera babeslearekin bateragarria dela, eta 3. atalean ezarritakoa bete dela. Halaber, adierazi beharko da mendiaren titularrak emandako baimena nahikoa duela aldi baterako okupazioa burutu edo menpekotza ezartzeko, baldin eta sustatzailea mendiaren titularra ez bada edo Nafarroako Gobernuak egindako lan publikoak edo interes publikoa duen lanak okupazioa edo menpekotza nahitaez eskatzen ez badu.
b) Mendiaren titularrari entzutea.
c) Mendia dagoeneko Entitate Lokalaren iragarki-oholean hamabost egun naturaletan zehar argitaratzea.
d) Oihanen arloko Administrazioak, artikulu honen 4. atalak aipatzen duen kanon edo kalteordainaren balorazio teknikoa eginen du.
e) Oihanen arloko Administrazioak, iharduketetan bildu den guztia ikusirik, Ingurugiroarenari eskatuko dio aginduzko txosten loteslea eman dezan.
f) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Agindua.
g) Lan publikoa bada, edo Nafarroako Gobernuak interes publikoa duela deklaratutako lana bada, interes publikoa deklaratzeko edo lan publikoa onesteko prozesuan egindako izapidaketak ekidinen dira espedientean.
51. artikulua
1. Onura publikoa duten mendi katalogatuetan edo babesleetan ezin izanen da lurrik goldatu nekazaritzan lantzeko. Larre-hobekuntza egiteko goldaketa ezinbestekoa bada, Oihanen arloko Administrazioak baimendu beharko du aldez aurretik, baina, hala ere, ezin izanen da baimenik eman % 20 baino handiagoa den gune zuhaiztuneko lurraren gainean egin nahi bada. Oihanen arloko Administrazioaren baimena, Ingurugiroaren arloko Administrazioaren txostena aldez aurretik ikusiko delarik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bitartez emanen da.
2. Onura publikodun edo babesle gisa katalogatuta ez dauden mendi edo oihan-lurretako goldaketak, nekazaritzarako edo abeltzaintzarako bada, Oihanen arloko Administrazioaren baimena beharko du, beti ere Ingurugiroaren arlokoaren txostena aldez aurretik ikusiko delarik. Baimena inola ere ezin izanen da eman, goldaketa % 20 baino handiagoa den gune zuhaiztuneko lurraren gainean egin nahi bada. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emanen duen Foru Aginduaren bidezko baimenaren aurretik Ingurugiroaren arloko Administrazioaren txostena beharrezko izanen da.
3. Goldaketa edo bestelako zioak direla eta, oihan-lurrak txikiagotzen badira, ekimen horren sustatzaileak ukitutako azalera bera izanen duen birlandaketaren bidez konpentsatu beharko du galera, Titulu honen IV. Kapituluak ezarritako printzipioei jarraikiz.
52. artikulua
Edozein zio dela eta, oihan-lurraren txikiagotzea Udalez gaindiko Plan edo Proiektu Sektorialaren barruan kokatzen bada, baimena emateko prozedura Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearena izanen da.
III. KAPITULUA. Mendiak babestea
1. saila. Oihan-izurriak eta gaitzak
53. artikulua
1. Oihan-izurri eta gaitzak zaintzea, aurreneurriak hartzea, non dauden zehaztea, aztertzea, bai eta horiek tratatzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea ere Oihanen arloko Administrazioari dagokio.
2. Oihan-izurriek edo gaitzek ukitutako lurren titularrek arazo horiek badirela jakin erazi behar diote Oihanen arloko Administrazioari eta, naturgune babestuei dagokienez, Ingurugiroarenari.
54. artikulua
1. Ukitutako lurren titularrek, oihan-izurri eta gaitzen aurkako borrokaren barruan Oihanen arloko Administrazioak aginduko dituen iharduketak burutuko dituzte.
2. Oihanen arloko Administrazioak, oihan-izurrite edo gaitzak suntsitzeko eta horiei aurrea hartzeko xedez, oihan-lurren titular publiko edo pribatuekin hitzarmenak sinatu ahal izanen ditu.
55. artikulua
1. Oihanen arloko Administrazioak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez deklaratu ahal izanen du izurri edo oihan-gaitzaren aurkako borrokak onura publikoa duela eta nahitaezko tratamendua behar due-la.
2. Aipatu deklarazioak ukitutako lurren titularrek, nahitaez, Oihanen arloko Administrazioak adieraziko dien modu eta epean eginen dituzte aurreneurriak hartzeko eta izurriak suntsitzeko behar diren lanak. Horretarako, IV. Tituluak aurrikusitako laguntzak erabiliko dira.
3. Bestela bada, Oihanen arloko Administrazioak eginen ditu, baina lurren titularren kargura.
4. Oihanen arloko Administrazioak oihan-izurri eta gaitzei aurrea hartzeko eginen dituen lanen burutzapenaren berri mendi katalogatuen titularrei emanen die gutxienez hamabost egun lehenago, horretarako, mendia dagoeneko Entitate Lokalaren iragarki-ohola erabiliko delarik.
56. artikulua
Pestizidak erabiliz ekiten denean, baldin eta ehun hektarea baino gehiago duten eremuak ukitzen badituzte, eta oihanetan herbizidak erabiltzen direnean, Ingurugiroaren arloko Administrazioaren baimena beharrezkoa da.
57. artikulua
1. "Euri azidoa" delakoak eta bestelako kutsadura-motek ekosistemetan sor ditzaketen ondorioen segimendua eginen dute Oihanen eta Ingurugiroaren arloetako Administrazioek.
2. Horretarako, bilaketa eta segimendu-sareak eguneraturik egon beharko du, eta kutsadura-mota horiek kontrolatzeko behar diren neurriak zehaztu beharko dira.
2. saila. Oihanetako suteak
58. artikulua
Oihanetako suteen aurkako borroka eta aurrea hartzeko behar diren neurriak planifikatu, koordinatu eta burutzea, Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, beti ere, azken honekin lankidetza-harremanak dituzten beste Administrazio Publikoen eskumenak galerazi gabe.
59. artikulua
1. Mendia zaintzeko eta oihanetako suteak ekiditeko ahaleginetan lankidetzan iharduteko xedez, Oihanak Zaintzeko Elkarteak osatu ahal dira.
2. Oihanak Zaintzeko Elkarteek nortasun juridikoa eta ekimenak gauzatzeko gaitasun osoa izanen dute.
3. Oihanak Zaintzeko Elkarteen helburuak honako hauek izanen dira:
a) Beren lurraldean dauden oihan eta mendien balioak ezagutu, defendatu eta hedatzea.
b) Beren kideen prestakuntza iraunkorra natura eta oihanekin zerikusirik duten arloetan eta, bereziki, oihanetako suteak ekidin eta iraungitzeko tekniketan.
c) Nafarroako Gobernuko organo eskudunaren zuzendaritzapeko iharduketa koordinatua suteak ekidin eta iraungitzeko lanetan.
d) Natura, baso eta mendiekin zerikusirik duen beste edozein.
4. Oihanak Zaintzeko Elkarteen sustatzailea Entitate Lokal bat izanen da, edota horien batasuna baldin eta bi Entitate Lokal edo gehiagok lankidetza herriartekoa gauzatzen badute.
5. Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 92. artikuluaren 3. atalean eta honekin bat egiten duten xedapenetan ezarritako erregimen juridikoa izanen da Oihanak Zaintzeko Elkarteena; Entitate Lokal bat baino gehiago ukitzen dueneko kasuetan, atal horretan eta aipatu Foru Legearen 70. artikuluan ezarritakoa.
6. Oihanak Zaintzeko Elkarteko partaideak honako hauek izan daitezke: Oihanak Zaintzeko Elkartearen esparruko natu-ra zaintzeko Elkarteak, eta iharduketa esparruko herriko/herrietako auzokoak, berauek hala nahi badute. Oihanak Zaintzeko Elkarteetan parte hartzea borondatezkoa izanen da.
7. Oihanak Zaintzeko Elkarteek beren estatutupean ihardungo dute. Estatutuek honako arlo hauek arautuko dituzte: lurraldea zein den, izena, artikulu honen 3. atalean ezarritakoarekin bat datorren xedea, gobernu-organoak, iharduteko arauak, baliabide ekonomikoak, iraupen-aldia, deuseztatzeko arrazoiak eta Oihanak Zaintzeko Elkartearen iharduna ziurtatzeko behar diren bestelako arloak.
8. Oihanak Zaintzeko Elkarteen onurak Erregelamendu honen IV. Tituluan zehazten dira.
9. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren barruan Oihanak Zaintzeko Elkarteen Erregistroa sortzen da, bertan, sortzen diren mota horretako Elkarte guztiak izen eman beharko dutelarik.
10. Oihanak Zaintzeko Elkarteek, urtero aurkeztuko diote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuari ihardueren Me- moria eta Aurrekontua.
60. artikulua
1. Debekaturik geratzen da sua erabiltzea berezko larreak hobetzeko tratamendu bezala.
2. Halaber, debekaturik dago mendi-bizkar, ezponda eta mendixkak erretzea eta, oro har, zuhaiskak eta landaretza erretzea.
3. Debekaturik geratzen da sua erabiltzea, helburua edozein dela ere, Erregelamendu honen 4. artikuluaren 1.b) atalak aipatzen dituen lekuetan.
61. artikulua
1. Oihanen arloko Administrazioak, salbuespen gisa, mendian hobekuntzak egin aurreko tratamendu gisa baimendu ahal izanen du suaren erabilpena, baldin eta horren ordez arrazoiz egiteko beste biderik ez badago. Baimen hori eman ahal izateko, Ingurugiroaren arloko Administrazioaren aldez aurreko txostena ezinbestekoa izanen da.
2. Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, espedientea izapidatzeko modua honako hau izanen da:
a) Erretzearen ordez bestelako modurik ez dagoela justifikatzen duen eskabidea, sustatzaileak egina.
b) Mendiaren titularrari entzutea, 15 eguneko epearen barrenean, baldin eta berau sustatzailea ez bada.
c) Ingurugiroaren arloko Administrazioak emandako txostena.
d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuko Zuzendari Nagusiak emandako Ebazpena.
3. Kasu horietan, alde batetik, Oihanen arloko Administrazioko kideen zuzendaritzapean eginen da erreketa, eta beste aldetik, Su-itzaltze Zerbitzuko langileak bertan egoteaz gain berauek lagundu beharko dute zeregin horretan.
62. artikulua
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 40. artikuluak eta Erregelamendu honen 61.ak aipatzen duten baimenik gabe mendian eta nekazal gunean egiten den erreketa legez kanpokotzat joko da, eta zehapen espedientea ezarriko zaio V. Tituluak dioenaren arauera.
63. artikulua
1. Mendi edo suak hartutako oihan-lurren erabilera aldatzeko espedientea inola ere ezin izanen da izapidatu, horren ordez, birlandaketa artifizialaren bidez zuhaitzak ezarri beharko direlarik leku horietan, baldin eta ziklo begetatibo berri bat behatu ondoren berezko birsorkuntza bideragarria ez bada.
2. Oihanetako suteek ukitutako oihan-ondarea zaindu eta berriztatzeko neurriak hartzea Oihanen arloko Administrazioari dagokio. Neurri horiek bete beharrekoak izanen dira, eta horiei, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 44. artikuluaren 3., 4. eta 5. lerroaldeetan ezarritakoa aplikatuko zaie.
3. Suaren hedapena oztopatzen duen masen forma-diseinua kontutan hartuko duten oihangintza teknikak, bai eta erregaiak eraldatzeko teknikak eta suarekiko erresistentzia handiago duten espezieak ere sartu beharko dira birlandaketa proiektuetan.
64. artikulua
1. Entitate Lokalek beren zabortegietan suterik gerta ez dadin, behar den antolamendu egokiaren ardura izanen dute.
2. Zabortegien mantenimendu txarragatik suterik sortzen bada, leku horien titularrak diren Entitate Lokalak izanen dira aipatu suteen arduradunak.
IV. KAPITULUA. Mendiak berreskuratzea
1. saila. Higadura zuzentzea
65. artikulua
1. Nafarroako ur eta oihanen arloetako berriztapena Oihanen arloko Administrazioari dagokio. Lurzoruaren egonkortasun eta emankortasuna, higadurak eragiten duela ere, bere hartan segitzeko eta berreskuratzeko beharrezko diren plan, lan eta neurrien bitartez burutuko da aipatu berriztapena.
2. Bi mila hektarea baino gehiagoko arro baten azterketa orokorra izanen da ur eta oihanen arloetako zuzenketa-planen funtsa; arroaren higadura-arazoak zeintzu diren ere agertu beharko da; zeintzu zuzenketa-ekinbidek duten lehentasuna ezarriko du, bai eta lurzoruaren egonkortasun eta emankortasuna, higadurak eragiten duela ere, bere hartan segitzeko eta berreskuratzeko beharrezko diren plan, lan eta neurrien gutxi gora-beherako kuantifikazioa ere.
3. Ingurugiroaren arloko Administrazioak prestatuko ditu plan horiek.
66. artikulua
1. Ur eta oihanen arloetako berriztapen-lanak Nafarroako Gobernuaren kontura eginen dira, beti ere aurrekontuek ezartzen dituzten mugak aintzakotzat harturik, eta Estatuko Administrazioarekin edota bestelako Administrazio Publikoekin sina daitezkeen hitzarmenak galerazi gabe.
2. Aipatu plan, lan eta neurriek, desjabetzapen ondorioetarako, onura publikoa dutela ulertuko da, eta ukitutako aldeetan dauden lurren jabe guztiek bete beharko dituzte.
3. Onura publikoa duen mendi bateko guneak baldin badira, mendia katalogatu duen Entitate Publiko titularraren ondarean sartuko dira desjabetutako lurrak.
4. Higadura zuzentzeko proiektuak onesteko izapidaketaren barruan, mendiaren eta ukitutako lurren titularrei entzun beharko zaie. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bitartez onetsiko dira Oihanen arloko Administrazioko teknikariek edo kanpo-kontratazioaren bidez idatzitako higadura zuzentzeko Proiektuak, bai eta onura publikoaren deklarazioa ere.
5. Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Gehigarriak aipatzen duen Oihanetako Planaren barruan, Nafarroako higadura arazoen kuantifikazioa, zonifikazioa, eta ur eta oihanen berriztapen-lanen lehentasuna eta programazioa sartuko dira.
6. Higadura zuzentzeko lanak, Oihanen arloko Administrazioak berak eginen ditu, beti ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko azaroaren 14eko 13/1986 Foru Legeak aurrikusitako moduetarik edozein erabiliz, edo Foru Lege honen 2. artikuluaren d) atalak aipatzen dituen sozietateei emandako aginduen bidez.
2. saila. Oihan birlandaketa
67. artikulua
1. Onura publikoa duten mendi katalogatuetan edo mendi babesleetan eginen den oihan birlandaketaren funtsezko xedea da jatorrizko oihanak sortzea, alegia, berez birsortu eta landare erakuntza heldu bilakatzeko gaitasuna izanen dutenak.
2. Mendi horietan, beren edukin estaliaren % 20 baino handiagoko dentsitatea duten lurretan, berezko zuhaitzez horniturikoetan, ezin izanen da inola ere lehendik zegoen zuhaitz espeziea aldatu eta besteren bat sartuz birlandaketa egin.
3. Lur lauetan edo mendi katalogatuetako birlandaketen mozketen ondorioz geratzen diren lurretan, zilegi izanen da lehendik zegoena ez bezalako diren espezieez birlandatzea. Kasu horietan, proiektuan dagoen birlandaketaren diseinuaren barruan, paraje horretako landaretza potentzialaren espezieak sartu beharko dira, gutxienez, birlandatu beharreko azaleraren % 25ean. 68. artikulua. 1. Oihan birlandaketako planen funtsa da bi mila hektarea baino gehiago duten eremu edo eskualdeen azterketa orokorra. Azterketa horrek ezarriko du, eremu edo eskualde horretan birlandaketa egiteko zein den burutu behar diren ekinbideen lehentasuna eta gutxi gora-beherako kuantifikazioa ere.
2. Ingurugiroaren arloko Administrazioak prestatuko ditu oihan birlandaketaren plan orokorrak, eta Oihanen arlokoak onetsiko ditu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez.
69. artikulua
Onura publikoa duten mendiak birlandatzeko proiektuak Oihanen arloko Administrazioak berak onetsi beharko ditu, eta honek, mendiaren titularrari entzun ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez gauzatuko ditu.
70. artikulua
1. Mendi ez katalogatuen titularrek egin nahi dituzten birlandaketak egiteko Oihanen arloko Administrazioaren onespena beharko dute.
2. Oihana birlandatuko duenak emanen dio hasiera espedienteari eta, horrekin batera, birlandatu beharreko lurraren edukina, kokapena, mugak, landatu beharreko espezieak eta lanen aurrekontua biltzen dituen Memoria erantsi beharko da. Birlandatuko den lurraren edukina hamar hektarea baino gehiagokoa bada, eskudun teknikari batek sinatutako Proiektua ekarri beharko da.
3. Birlandatu behar den lurraren edukina hamar hektarea edo gutxiagokoa bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Zuzendari Nagusiak emandako Ebazpenaren bidez onetsiko da espedientea. Edukina hamar hektarea baino gehiagokoa bada, berriz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez onetsiko da.
71. artikulua
Mendi eta oihan-lurren birlandaketa beren titularrei dagokie, beti ere, Oihanen arloko Administrazioaren ikuskapen teknikoaren menpean.
72. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak begiratuko du birlandatzea, espezieak hautatzea eta lan-metodoak zuzen betetzen direnentz. Proiektuen onespenaren izapidaketan, bai eta aurreko artikuluek aipatzen duten ikuskapen teknikoan ere, Administrazio honek egoki erizten dituen baldintza teknikoak finkatu beharko ditu, ondoren bete beharko direnak.
73. artikulua
1. Eskualderen bateko oihan-birlandaketaren Plan Orokorretatik edo oihana birlandatzeko Proiektu zehatzetik, oihana birlandatu ezean lurzoruaren egonkortasunerako kalte larriak edota oihan-lurraren ahalmenaz behetiko erabilpena ondorioztatzen badira, interesatuari entzun ondoren, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak hala proposaturik, Nafarroako Gobernuak eskualde edo mendi zehatz bateko oihan-birlandaketak onura publikoa duela deklaratu ahal izanen du.
2. Deklarazio horrek berarekin ekarriko du, ukitutako lurren titularrak edo titularrek egin behar izatea oihan-birlandaketa hori.
3. Aginduzko birlandaketa hori bete ezean, Nafarroako Gobernuak nahitaezko partzuergoa ezarri ahal izanen du, jabearen kontura izanen den birlandaketa egin edo nahitaezko desjabetzapenaren espedienteari hasiera eman.
4. Birlandatu beharra dagoela deklaraturik ere, urtebeteko epean mendiaren titularrak aipatu lanei hasiera eman ez badie, edo bi urteko epean lanok bukatu ez baditu, birlandaketa hori ez dela bete ulertuko da.
5. Mendiaren titular eta Oihanen arloko Administrazioaren arteko nahitaezko partzuergoak, alegia, egin beharreko lanak, beren finantzazioa eta sorturiko aberastasunean alderdiek duten parte hartzea jasoko dituena, lehentasuna izanen du, jabearen kontura izanen den birlandaketa egin edo nahitaezko desjabetzapenaren espedienteari hasiera ematearen aurretik.
6. Oihanen arloko Administrazioak oihan-birlandaketa eginen du baldin eta, 4. atalean zehazturiko epea akiturik, beste urtebeteko epea iragandakoan nahitaezko partzuergoa gauzatu ez bada. Oihanen arloko Administrazioa, interesatuari entzun ondoren, finkaz jabetuko da. Jabetza horren indarrak oihan-birlandaketa burutu arte iraunen du, eta inola ere ez da hiru urte baino luzeagoa izanen. Oihan-birlandaketak ondorioak sor ditzan, beharrezko izanen da aldez aurretik Nafarroako Gobernuak harturiko Erabakia izatea.
7. Artikulu honetan zehazturiko beste prozedurak agortu arte ez zaio nahitaezko espedienteari hasiera emanen, eta honek bere legeriaren arauera ihardunen du.
V. KAPITULUA. Mendien antolamendu eta probetxamendua
1. saila. Mendien probetxamendua
74. artikulua
1. Mendietako oihanen probetxamenduak burutzerakoan, kontutan hartuko da hor daudenak berritzen ahal diren natur baliabideak direla, eta horien erabilera arrazoizkoa izanen da, natur ingurunea behar bezala zaindu ahal izan dadin.
2. Era berean, mendietan egin nahi den probetxamendu orok, edozein motatakoa dela ere, Oihanen arloko Administrazioaren eskuhartzea izan beharko du, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean eta Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.
75. artikulua
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen eta Erregelamendu honen ondorioetarako, oihan probetxamendutzat hartuko direnak honako hauek dira: zura eta egurra ematekoak, larreak, fruituak, landare usai-gozoko eta medizinalak, perretxiko eta boilurrak, erlezaintzatik ateratakoak, eta mendian bertakoak izaten diren gainerakoak.
76. artikulua
1. Onura Publikoa duten Mendien Katalogoan edo Nafarroako Mendi Babesleenean sarturik dauden mendiek Antolamendu Proiektuak izan beharko dituzte, 500 hektareatik goitikoak baldin badira, edo Plan Teknikoak bestela, azalera hori edo hortik beheitikoak badira, eta Proiektu nahiz Plan horiek Oihanen arloko Administrazioak onetsi beharko ditu, Ingurugiroaren arlokoaren txostenaren ondotik. Oihanen arloko Administrazioak, behar den bezala arrazoiturik, edukin-ahalmenagatik egokitzen dena ez bezalako beste antolamendu-tresnaren bat erabiltzea beharrezkotzat jo dezake, arrazoi ekologiko edo ekonomiko-sozial bereziek horrela eskatzen badute.
2. Onetsitako Antolamendu Proiektu edo Plan Teknikorik ez bada, zur eta egurra emateko oihan probetxamenduetan, saneamendu eta hobekuntza-mozketak besterik ez dira onartuko, eta horietan ezin izanen da kubiko zur baino gehiagorik atera, urte eta zuhaitzez hornituriko hektarea bakoitzeko.
3. Antolamendu Proiekturen bat izanik, baina behar den Berrikusketarik egin ez bada, zur emateko ateratzen ahal den kopurua ezin izanen da azken Berrikusketan legez ezarritakoaren % 80a baino haundiagoa izan.
77. artikulua
1. Antolamendu Proiektutzat jotzen dira mendi bat edo mendi multzo bat antolatzeko helburuarekin egiten diren haiek, oihanaren iraupena eta arrazoizko probetxamendua lortu asmoz. Probetxamendu hori, oihangintzako eta oihanak zaintzeko tekniken arabera planifikaturik egina bada, hazte-aldi baterako bederen (espezie bakoitzak berea).
2. Plan Teknikotzat jotzen dira, oihanaren iraupena lortu asmoz egin beharreko mozketen plangintza burutzeko helburuarekin egiten diren haiek, baldin eta 5 urtetarakoak bederen badira. Aipaturiko plangintza, balioespen eta antolaturik dauden beste mendi batzuekiko konparazio-erizpide eta metodoetan dago oinarriturik.
3. Antolamendu Proiektuak gauzatzeko ekimena mendien titularrei dagokie, edo bestela, ofizioz, Oihanen arloko Administrazioari.
4. Teknikari adituren batek burutuko du Antolamendu Proiektu eta Plan Teknikoen idazketa, alegia, kanpotik kontrataturiko norbaitek edo, bestela, Oihanen arloko Administrazioaren beraren teknikariek.
5. Behin mendiaren Plan Teknikoa edo Antolamendu Proiektua teknikoki idatzirik egonez gero, titularrari entzutea emanen zaio, idazketari buruz egoki juzkatzen duena adierazi ahal izan dezan hilabeteko epean.
6. Oihanen arloko Administrazioak Ingurugiroaren arlokoari txostena egin dezan eskatuko dio, oihan-plangintzako tresna horien eduki teknikoari buruz eta hilabeteko epean amaitu beharrekoa.
7. Nafarroako Gobernuaren Erabakien bidez onetsiko dira Antolamendu Proiektuak, Oihanen arloko Administrazioaren proposamena kontutan harturik. Antolamendu Proiektuen eta Plan Teknikoen ondorengo Berrikusketak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez onetsiko dira.
78. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak emanen ditu Antolamendu Proiektuak eta Plan Teknikoak idazteko behar diren Jarraibide Orokorrak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez eta Ingurugiroaren arloko Administrazioaren txostena ikusi ondotik.
79. artikulua
1. Onura publikoa duten mendien edo babesleen Katalogoetan dauden batean egiten den zur edo egur probetxamendu oro zehaztu egin beharko da probetxamendu eta hobekuntzarako urteko Planetan, eta Plan horiek Oihanen arloko Administrazioak onetsi beharko ditu.
2. Salbuespen gisa, Antolamendu Proiektu eta Plan Teknikoetan ezarri gabeko zur eta egur probetxamenduak egiteko baimena ematen ahal da, nahitaezko arrazoiren bat baldin bada tarteko.
3. Nolanahi ere, Oihanen arloko Administrazioaren esku geldituko dira honako eginkizun hauek: zuhaitzak seinalatzea, lizentzia ematea, mendia eman eta aztertzea, probetxamenduaren gainekoak zuzen bete daitezen behar diren baldintza teknikoak finkatzea, eta Erregelamendu honen 101. artikuluan ezarritakoaren araberako hobekuntza plana finkatzea.
80. artikulua
1. Aurreko artikuluan ezarritako ondorioetarako, katalogaturik dauden mendietan, Oihanen arloko Administrazioak probetxamendu eta hobekuntzarako urteko planak onetsi aurretik egin behar den espedientea, mendiaren titularrak eskaturik hasiko da.
2. Mendi Zerbitzuko teknikari eta oihantzainak arduratuko dira, hala behar denean, probetxatzen ahal diren zuhaitzak seinalatu, kubikatu eta baloratzeaz, eta horretarako zuhaitz bakoitzari seinale bat eginen diote, mozketa legezkoa dela adierazteko; Mendi Zerbitzuak probetxamenduan agindu eta mendian egin beharreko hobekuntzen plana finkatuko duen baldintzen plegua ezarriko du, eta Zerbitzu Zuzendariak sinatuko.
3. Neurri txikiko probetxamenduak, batezbesteko diametro arrunta hamabost zentimetrotik beheitikoa dutenak, lagin-lurzatika seinalatzen ahal dira, Mendi Zerbitzuak hala eritziz gero, mozketa legeztatzeko zuhaitz bakoitzari seinale bana egin beharrik izan gabe. Erabateko edo matarrasa-mozketen bidezko probetxamenduetan ere prozedura bera erabiltzen ahal da. Nolanahi ere, lurrean argi eta garbi zehaztu beharko dira probetxamendu-gunearen nondik norainokoak.
4. Espedientearen onespenari dagokionean:
a) Probetxamendua kubiko zur-etik goitikoa baldin bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez onetsiko da.
b) Gainerako probetxamenduetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Zuzendari Nagusiaren Ebazpenaren bitartez onetsiko da.
c) Probetxamendua egiteko baimena ematea bidezkoa ez bada, espedienteak ezetsi eginen dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez.
5. Mendien esleipen-hartzaile gertatzen denak mozketa egiteko lizentzia eskuratu beharko du, probetxamendua hasi baino lehen eta legez ezarritako tasak ordaindu ondotik. Lizentzia hori Mendi Zerbitzuak luzatuko du eta bertan zehaztuko dira probetxamenduaren ezaugarri nagusiak, eta oihantzainek edozein unetan eskatzen ahal diote esleipen-hartzaileari erakusteko. Mozketa-Lizentziarekin batera kontratistari probetxamenduaren baldintza teknikoen pleguaren kopia bat emanen zaio.
6. Probetxamendua amaitutakoan, Mendi Zerbitzuko langileek mendiaren titularrarekin eta kontratistaren ordezkariarekin batera, ustiapena egin deneko eremua aztertuko dute eta egin diren kalteen Ikuskapen-Akta idatziko da. Organo eskudunaren ebazpen batek, artikulu honen 4. atalean ezarritakoaren arabera, egindako kalteengatik kontratistak ordaindu behar duen kalteordaina finkatuko du bai eta, hala behar bada, dagokion zehapena ere.
7. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Agindu batek ezarriko ditu Baldintzen Plegu, Mozketa-Lizentzia eta Ikuskapen Aktaren ereduak.
81. artikulua
1. Katalogaturik ez dauden mendietako Zur eta egur probetxamenduetarako ere Oihanen arloko Administrazioaren baimena eskatuko da.
2. Oihanen arloko Administrazioak ahalmena du probetxamendu horietan eta zuhaiztia berriz ere osatzeko lanetan aginduko duten baldintza teknikoak emateko. Baldintza horiek nahitaez bete beharko dituzte mendien titularrek.
3. Nolanahi ere, Oihanen arloko Administrazioaren esku geldituko da zuhaitzetan seinaleak egitea eta mendia ikuskatzea, probetxamenduaren inguruko eginkizunak zuzen betetzeko baldintza teknikoak finkatzea eta zuhaiztia berriz ere osatzen lagunduko duten neurriak ematea.
82. artikulua
Katalogaturik ez dauden mendietako probetxamenduak egiteko behar den baimen espedientea honela gauzatuko da:
1. Titularrak eskabidea aurkeztuko du Katastroko Ziurtagiriarekin batera, azken hau mendia dagoen herriko Udalak luzaturikoa. Udal konposatua baldin bada, ziurtagiri hori dagokion Kontzejuak berretsi beharko du.
2. Mendi Zerbitzuko langilegoak, hala behar bada, probetxatzen ahal den zuhaiztia seinalatuko du, 80. artikuluko 2. eta 3. ataletan ezarritako moduan.
3. Herri-mendiekin muga egiten duten lurretan egin nahi diren probetxamenduen markatze-taulak, mendiaren titularra den Entitate Lokalaren ordezkari batek sinatu beharko ditu.
4. Eskatzen den oihan probetxamendua kokatua dagoeneko lurraren mugak, jabe partikularren artean garbi ez badaude, zuhaitzak seinalatzeko lanak geldieraziko dira, auzi horri buruzko akordioa hartzen den arte. Erreklamazio-egileak erreklamazio-idazkia aurkeztu beharko du eta hori espedientean sartuko da; Oihanen arloko Administrazioaren langileen aurrean ezadostasuna agertu eta 15 eguneko epean erreklamazio-idazki hori ez bada aurkezten, espedienteak segituko du eskatzailearen alde, hirugarrenei legozkiekeen eskubideak deusetan ukitu gabe. Erreklamazioa aurkeztu eta hiru hilabeteren buruan ez bada alderdien arteko akordiorik burutzen edo auzia konpontzeko ekintza judizialari ez bazaio hasierarik ematen, Oihanen arloko Administrazioak segituko du espedientea izapidatzen lehenbiziko eskatzailearen alde.
5. Eskatzen den oihan probetxamendua egiteko baimena, bai eta hori jakin erazteak berekin dakarren Mozketa-lizentzia ere, eskatzaileak legez ezarritako tasak ordaindu eta gero, hemen ondoren aipatzen diren prozedura hauetakoren baten bitartez gauzatuko da:
a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez, kubikotik goitiko zur edo egur probetxamenduak baldin badira.
b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Zuzendari Nagusiaren Ebazpenaren bidez, 100dik kubikotara bitarteko zur edo egur probetxamenduak baldin badira.
c) Mendi Zerbitzuko Zuzendariaren baimena, kubikotik beheitiko zur edo egur probetxamenduak baldin badira.
d) Baimenik ematea ez bada bidezko, espedienteak ezetsi eginen dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez.
Edozein moduz, baimena emateko kontutan hartuko dena Erregelamendu honen 9. artikuluak aipatzen duen Oihanen arloko Administrazioaren eskumenari dagokiona da, eta ez da sartuko bestek argitu beharreko jabego auzitan.
6. Baimenak ez du hirugarrenik deusetan ukituko, eta bertan seinalatuko dira probetxamendu horietan agindu behar duten baldintza teknikoak eta zuhaiztia berriz osatzeko behar diren ekintzak. Baldintza horiek nahitaez bete beharko dituzte mendien titularrek.
7. Oihanen arloko Administrazioaren eta mendiaren titularraren artean probetxamenduaren azkeneko Ikuskapen-akta idatziko da, aipatu ikuskapena amaitu eta gero.
83. artikulua
Titularrak ez baditu betetzen Hobekuntza-planak, katalogaturiko mendiak direnean, edo zuhaiztia berriz osatzeko behar diren ekintzak, mendiak katalogatu gabe daudenean, titular berari dagokion beste edozein oihan probetxamendutarako baimena ukatuko zaio, bai mendi bererako bai beste baterako, titularrak egin beharreko hobekuntzak burutzen dituen arte.
84. 1. Erabateko mozketaren bidez egindako oihan probetxamendu guztietan, jabego erregimena alde batera utzirik, Lurraldea babestu eta erabiltzeko herrialdeko hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 20. eta 31. artikuluetan xedaturik dagoena hartuko da kontutan.
2. Erabateko mozketa egiten duen jabeak bereganatu egiten du soildutako lursaila berriz ere zuhaitzez hornitzeko betebeharra, 5 urteko epean, berezko birsorketa lagunduz edo birlandaketa artifizialaren bitartez. Jabeak baldintza hori betetzen ez badu, Oihanen arloko Administrazioa arduratuko da egin beharrekoaz, baina jabearen kontura.
85. artikulua
Katalogaturik dauden mendietako larreen probetxamenduak bateragarria izan behar du larre horien kontserbazio eta hobekuntzarekin, eta onetsitako Antolamendu Proiektua edo Plan Teknikoaren araberakoa.
86. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak sustatu eginen du eta arautuko mendian abereen bazkatzea, eta saiatuko da iharduera hori oihan eta larreen probetxamenduetako sistema orekatuetan egokitu dadin.
87. artikulua
1. Fruituen, landare usai-gozoko eta medizinalen, perretxiko eta boilurren, erlezaintzatik ateratakoen, eta mendian bertakoak izaten diren gainerakoen probetxamenduek ekosistemaren oreka hausten ahal badute edo espezieen iraupena arriskutan jarri, Oihanen arloko Administrazioak, Ingurugiroaren arlokoaren txostena ikusi ondotik, probetxamendu horiek arautzen ahal ditu, aurretiko lizentzia ere eskatzen ahal dielarik.
Mendien titular diren Entitate Publikoak, mendiak ixten ahal dituzte probetxamendu horiek arautu ahal izateko, beti ere herritarren probetxamenduei legozkiekeen eskubideak errespetatuko direlarik.
2. Mendien titularitatea edozein dela ere eta probetxamenduak nolanahi arautuak izanagatik, onartu eginen dira helburu zientifikoak direla medio egiten diren lagin bilketak, baldin eta Unibertsitate eta izaera zientifikoa duten Entitate eta Elkarteek kreditaturiko pertsonek egiten badituzte.
88. artikulua
Probetxamenduak arautzearen, aurreko artikuluan aipatzen den bezala, eta probetxamendu horiek ixtearen gaineko espedientea Oihanen arloko Administrazioan izapidatuko da, honako prozedura honi jarraikiz:
1. Mendiaren titularra izanen da espedientearen eragilea. Eskabidearekin batera Memoria erantsiko da, espedienteari ekiteko arrazoiak agertu eta probetxamenduan bete beharko diren baldintzak zein diren zehaztuko duena. Perretxiko probetxamenduak egiten direnean kontutan hartuko da, gutxienez, ondoko artikuluan zehazten dena.
2. Dena den, alegazioak aurkezteko epea irekiko da, hilabete batez, eta horretarako Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta mendia kokatua dagoeneko Entitate Lokalaren oholean jendaurrean jarriko da.
3. Onura Publikoa duen mendia baldin bada, titularra den Entitate Lokalak ebatziko ditu aurkezten diren alegazioak. Mendi babeslea baldin bada, mendiaren titularrak aurkezten diren alegazioak ikusi eta egoki juzkatzen duen informazioa emanen du .
4. Oihanen arloko Administrazioak eskatu eta Ingurugiroaren arlokoak txosten bat prestatuko du, hilabeteko epean, espedienteari buruz.
5. Espedientea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez ebatziko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emanen.
6. Itxi egiten bada, itxitura hori badela adierazi beharko da oholxka edo seinale batzuk jarrita, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak Erregelamendu hau garatzeko emanen duen Foru Aginduaren bidez zehaztuko den moduan.
89. artikulua
Perretxiko probetxamenduak honako baldintza hauek bete beharko ditu gutxienez:
a) Onddoek beren ziklo biologikoa osatu ahal izan dezaten, karpoforoa bildu nahi bada, txapelak erabat zabaldurik egon behar du eta txapel azpiko orriak edo geruza ongi garaturik eta behar duen kolorea duela, espeziearen arabera.
b) Bakar bakarrik biltzen ahal dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak Erregelamendu hau garatzeko emanen duen Foru Aginduaren bidez baimenduko dituen espezieak. Agindu horretan, esandakoaz gain, zehaztuko da zein diren artikulu honetako f) atalean aipatzen den bilketa mugatuan sartzen diren espezieak. Biltzeko baimenik ez duten espezieak kontu haundiz errespetatu beharko dira.
c) Hondaturik dauden karpoforoak utzi beharko dira mendian, baliotsuak baitira espeziea zabal dadin.
d) Karpoforoak kontu haundiz bildu behar dira mizelioan kalterik ez egiteko. Oinak moztu behar dira eta hostoen azpian utzi espeziea zabaltzen laguntzeko.
e) Helburu zientifikorik baldin bada tartean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Zuzendari Nagusiak espreski emandako baimenean zehazten den kopurua biltzen ahal da. Baimen hori alderdi batek eskaturik emanen da.
f) Perretxiko-probetxamendu libreko parajeetan, baimenduak diren eta artikulu honetako b) atalean aipatzen den Foru Aginduan zehazten diren espezieei dagokienean, gehienez ere hogeitamar ale biltzen ahal dira egun eta pertsona bakoitzeko.
g) Mendien titularrek ezartzen dituzten onddo barrutietan, barrutikoak ez diren pertsonek, gehienez ere, barrutiaren xede diren espezieetako hamar ale biltzen ahal dituzte pertsona eta egun bakoitzeko. Gainerako espezieei dagokienean, probetxamendu libreko parajeei buruzko arauteria erabiliko da.
90. artikulua
1. Oihanen arloko Administrazioak ikuskapenak egin beharko ditu, bai probetxamendua egiten den bitartean, edozein dela ere, bai probetxamendua amaitu ondotik.
2. Basozainek eteten ahal dituzte, behin-behinekoz, mendietan behar ez bezala egiten diren probetxamenduak, eta Oihanen arloko Administrazioari horien berri eman, azken honek bi hilabeteko epean bidezko den ebazpena eman dezan.
3. Aurreko atalaren ondorioetarako, oihan probetxamendu bat eteteko, basozainek ondoko hau hartuko dute kontutan:
a) Probetxamendua eten eginen da, bakar bakarrik, probetxamenduaren baldintzen pleguko arauak larriki hausten, oihanaren iraupena arriskutan jartzen edo oihan-lurzoruan kalte larriak egiten ari izanez gero.
b) Basozainak idatziz aurreabisu bat emanen dio kontratista edo mendiko lanen ardura bere gain hartua duen pertsonari, ikusitako okerrak zuzen ditzan.
c) Probetxamenduarekin segituz gero okerrik zuzendu gabe, basozainak geldieraziko du, idatziz eta bi kopiatan emandako agindu baten bidez. Agindu hori hartu duela frogatzeko, kontratistak edo mendiko lanen ardura bere gain hartua duen pertsonak sinatuko du, eta berehala, idazki baten bitartez, horren berri emanen die bere agintariei.
d) Probetxamendua gelditu eta gero, Oihanen arloko Administrazioak interesatuari entzutea eman ondotik eta hamabost eguneko epean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Zuzendari Nagusiaren Ebazpenaren bidez, probetxamenduarekin segitzeko edo probetxamendua behin betiko eteteko agindua emanen du. Eteteko agindua ematen badu, mendiaren titularrari jakin eraziko dio, behar diren ondorioak sor daitezen.
e) Behin-behineko etenak dirauen bitartean, kontratistak ezin izanen du inolako lanik egin mendian, ez zuhaitzik moztu ez mozturiko zuhaitzik menditik atera. Kontratistak ez badu eteteko agindurik onartzen, basozainek Foruzaingoari jakin eraziko diote, Zerbitzuko Zuzendariaren bitartez, eta erakunde horrek bete eraziko du eteteko agindua.
2. saila. Mendi elkartzeak
91. artikulua
1. Oihanen arloko Administrazioak oihan mendi edo lurren elkartzeak sustatuko ditu, publikoak nahiz partikularrak izan, antolamendu eta kudeaketa orokorra lortu asmoz.
2. Elkartzea beharrezkoa izanen da, Nafarroako Gobernuak interes publikoaren izenean horrela erabakitzen badu eta behar den prozedura izapidatu ondotik. Prozedura horretan, afera bakoitzean zerikusirik duten alderdi guztiei entzunen zaie.
3. Oihan lurren nahitaezko elkartzea deklaratzea honako kasuotan izanen da bidezko:
a) Herrilurren artean sakabanaturik dauden jabego partikularreko oihan lurrak edo bost urtetik goiti abandonaturik daramaten landalurrak direnean, baldin eta herrilurren azalerak hartzen badu, gutxienez, elkartu behar den eremuaren azaleraren % 60a.
b) Jabego partikularreko oihan lurrak edo bost urtetik goiti abandonaturik daramaten landalurrak direnean, baldin eta elkartu behar den eremuaren azaleraren % 60a bederen duten jabeek, idatziz, elkartea sortzeko onarpena adierazten badute.
c) Oihan lurrak edo bost urtetik goiti abandonaturik daramaten landalurrak direnean, baldin eta higaduraren eragina moldatzeko edo birlandatzeko proiektuek ukitzen badituzte, beti ere Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez proiektu horien onura publikoa deklaratu bada.
d) Jabe bakoitzaren eta herrilurren partehartzea, elkartzerako emandako azaleraren araberakoa izanen da, bestelako hitzarmenik egiten ez bada.
92. artikulua
Oihan lurren nahitaezko elkartzea, Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez deklaratuko da, honako prozedura honi jarraikiz:
1. Aurreko artikuluko ) atalean zehazturiko kasuan, herrilurraren titularra den Entitate Lokalak proposaturik emanen zaio hasiera espedienteari; aurreko artikuluko 3. b) atalean zehazturiko kasuan, elkartu behar den eremuaren azaleraren % 60a bederen duten jabeek elkarrekin proposaturik; edo Oihanen arloko Administrazioak ofizioz, edozein kasutan.
2. Espedienteari hasiera eman ondotik, hori jakin eraziko zaie ukiturik gertatzen diren lurren titular guztiei, hilabeteko epean, beren interesak babesteko bidezko den guztia aditzera eman dezaten. Helbide ezezagunean dauden titularrei jakin erazteko, nahikoa izanen da ukituen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, ukituriko lurzatiek katastroan duten zenbakia paratuz.
3. Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan, Oihanen arloko Administrazioak nahitaez Elkartzeko proposamena eginen du, eta bertan adieraziko ditu, gutxienez, honako hauek: ukituriko titularren banan banako zerrenda eta ukituriko azalera zenbatekoa den; elkartzearen emaitza gertatzen den mendiaren mugak, edukia eta kokapena, bai eta duen izena ere; eta titularretako bakoitzak tasa eta eskubide amankomunetan daukan partehartzea.
4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta mendia kokaturik dagoeneko herriko oholean jarritako iragarkiaren bidez, interesatuei berriz ere entzutea emanen zaie, beren interesen alde egoki juzkatzen dutena hilabete bateko epearen barrenean alega dezaten.
5. Iharduketa guztiak eginik, Oihanen arloko Administrazioak nahitaezko Elkartzea sortzeko proposamena luzatuko dio Nafarroako Gobernuari, zeinak egoki juzkatzen duena ebatziko baitu.
6. Nahitaezko Elkartzea sortzeko Erabakia hartzen bada, erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra Elkartzeak.
93. artikulua
Leku batean dauden mendiak edo oihan lurrak hobeki kudeatu eta probetxatzeko, jabegoaren erregimen juridikoa aldatu behar baldin bada, Oihanen arloko Administrazioak ofizioz sustatzen ahal du lurzati kontzentrazioa, arlo horretan indarra duen legeriaren arabera burutuko dena.
3. saila. Oihan industriak
94. artikulua
Nafarroako Gobernuak sustatuko ditu lehen eraldaketarako oihan industrien birregituraketa eta hobekuntza, bai eta zura merkaturatzeko baldintzak ere, eta horretarako:
1. Oihangintza sektorearen eta zuraren lehen eraldaketan diharduten industriarien arteko harremanak sustatuko ditu.
2. Laguntza erregimen berezi bat ezarriko du, industria horiek hobetu eta birregituratzeko.
3. Lankidetza hitzarmenak sustatuko ditu, oihangaien eraldaketan diharduten ikerketa zentru publiko nahiz pribatuen eta sektoreko enpresen artean, teknologia behar bezala eskualdatu eta eraldaketa prozesuak modernizatu eta hobetu asmoz.
4. Nafarroako Gobernuak, arauteria berariazkoa erabiliz edo nekazaritzako industria sustatzeko ekintzetan integratutakoaren bidez, artikulu honen edukia garatuko du.
VI. KAPITULUA. Mendiak aisiarako erabiltzea
95. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak, Ingurugiroaren arlokoaren txosten loteslea kontutan hartu ondotik, arautuko du mendietan aisiarako egiten ahal diren iharduerak, beti ere natur ingurunearekiko begirunea oinarri izanik, bisitari joaera haundia denean edo ingurunea ahul xamarra bada.
96. artikulua
Ingurugiroaren arloko Administrazioaren ekimenez edo, ofizioz, Oihanen arlokoarenez hasiera emanen zaio, mendietan aisiarako egiten ahal diren iharduerak arautzeko espedienteari, ondotik zehazten diren bi modu hauetan:
a) Izaera orokorrekoa, aisiarako iharduera zehatz bat Nafarroako mendi guztietan nola burutzen ahal den adieraziko duena.
b) Izaera partikularrekoa, aisiarako ihardueraren modalitate guztiak mendi bakar batean edo mendi multzo batean nola burutzen ahal den adieraziko duena.
97. artikulua
1. Aurreko artikuluaren a) atalean aipatzen dena gertatzen denean, Oihanen arloko Administrazioak, Ingurugiroaren arlokoaren txosten loteslea kontutan hartu ondotik, kasuan kasuko aisia-iharduera arautzeko proposamena idatziko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emanen. Alegazioak aurkezteko hilabete bateko epe ireki bat izanen da.
2. Oihanen arloko Administrazioak, Ingurugiroaren arlokoaren txosten loteslea kontutan hartu eta aurkezturiko alegazioak ikusi ondotik, aipatu iharduerak arautzeko behin betiko proposamena luzatuko du, baina horren onespena Nafarroako Gobernuaren Erabaki batek, halakorik hartzen bada, ekarriko du.
3. Onespena jasotzen duen arautze proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.
98. artikulua
1. Arestiko 96. artikuluaren b) atalak aipatzen duen izaera partikularreko arauketarako espedienteari, mendiaren edo mendi multzoaren titularren eskariz emanen zaio hasiera; Ingurugiroaren arloko Administrazioak proposaturik; edo, ofizioz, Oihanen arlokoak. Egin gogo den arauketa justifikatzen duen Memo- ria bat erantsiko da, espedientea sustatzen duenak berak edo bere eskariz beste norbaitek idatzia.
2. Ekimena ez bada mendiaren titularrarengandik heldu, berari igorriko zaizkio behin-behineko proposamena eta Memoria, hilabete bateko epean egoki juzkatzen duena aditzera eman dezan.
3. Mendia kokatua dagoeneko Entitate Lokaleko oholean jarriko dira jendaurrean iragarkiak, eta horien bidez entzute publikoa emanen da hilabete bateko epearen barrenean.
4. Aipatu epe hori amaitutakoan, ukitua gertatzen den Entitate Lokalak ebatziko ditu aurkezten diren alegazioak, entitate hori bera izan bada espedientea sustatu duena, edo, bestela, alegazioei buruzko txostena eginen du. Era berean, mendiaren titularrak, aurkezturiko alegazioak ikusita egokien juzkatzen duena emanen du aditzera.
5. Iharduketa guztiak eginik, Oihanen arloko Administrazioak, Ingurugiroaren arlokoaren txosten loteslea kontutan hartu ondotik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den Foru Aginduaren bidez espedientea ebatziko du.
6. Arauketak Naturgune Babestu deklaraturiko mendiak ukitzen dituenean, Ingurugiroaren arloko Administrazioak izapidatuko du espedientea, eta kasu horretan Oihanen arloko Administrazioak izanen du txostena prestatzeko ahalmena.
99. artikulua
Iharduerek, nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Mendiarentzat arrotz den elementurik ez da bertan utziko. Bertara joaten diren bisitari eta mendizaleek arduratu behar dute berek ekarritako guztia bildu eta eramateaz.
b) Espezie babestuen ohizko portaera galerazi edo mugatzen duen ekintza oro debekaturik dago.
c) Bildu ahal izateko baimena behar duten produkturik edo mendietako landare, harri eta animaliarik hartzea debekaturik dago, Erregelamendu honen 87.2 artikuluan ezarrita dagoena salbu.
d) Soinua egiten duten elementuak erabiltzea edo zarata sortzen duten ihardueretan aritzea debekatzen ahal da, baldin eta Ingurugiroaren arloko Administrazioaren eritziz azienden edo basoko faunaren ohiturak eragozten badituzte.
e) Mugatu edo debekatzen ahal da oihan-lanetarako egindako bideen erabilera. Nolanahi ere, edozein motatako ibilgailuen zirkulazioa eta aparkamendua ez da onartuko aipatu bide horietatik eta aparkatzeko seinalatzen diren lekuetatik kanpo.
f) Motoredun ibilgailuetan ibiltzea debekaturik izanen da, Oihanen arloko Administrazioak, Ingurugiroaren arlokoaren txosten loteslea kontutan hartu ondotik, baimentzen dituen ibilbideetan salbu.
g) Mendian akanpatzeko beharrezkoa izanen da titularraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunaren baimena, eta 152/1991 Foru Dekretuan xedaturikoa bete beharko da.
h) Iturri, iturburu eta ubideek libre eta trabarik gabe egon beharko dute beti, legeak dioena kontutan hartuz arrantzan aritzean salbu, eta ezin izanen da akanpatu iturri eta iturburuen inguruko 100 metroen barrenean.
i) Oihanen arloko Administrazioak arautzen ahal du mendietan merkataritzako iharduera ibiltaria, organo eskudunen lizentzia eta baimenak deusetan galerazi gabe. Horrelako arauketarik egiten ez den bitartean, ulertuko da ezin dela iharduerarik burutu mendietan.
j) Onura publikoa duten mendietan edo babesleetan publizitate estatikorik paratzea debekaturik dago.
k) Mendietan egiteko baimena duen edozein ihardueratan, hala nola, ehiza, zenbait lurmuturren lanketa, oihan-lan eta probetxamenduetan, artikulu honetako a) atalean ezarritakoa aplikatuko da.
IV. TITULUA. MENDIEN HOBEKUNTZA ETA OIHAN-LANETARAKO LAGUNTZAK
100. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, ekitaldiko aurrekontuek ezartzen dituzten mugen barrenean, laguntza tekniko eta ekonomikoa eskainiko die mendien edo oihan-lurren titularrei, publikoak nahiz pribatuak badira ere.
101. artikulua
1. Onura Publikoko edo Babesle diren Mendien Katalogoaren arabera, titularrak direnek zehatz-mehatz bete beharko dute mendiaren hobekuntzarako plana, probetxamenduak egiteko baimena ematen duenean Oihanen arloko Administrazioak ezartzen duen huraxe. Hobekuntzen planean ezarriko den inbertsioaren balioa, probetxamenduen zenbatekoaren % 20tik goitikoa izanen da.
2. Oihanen arloko Administrazioak oihan probetxamendu gehiago egiteko baimena atzeratzen ahal du, mendien titularrek egin gabe dituzten hobekuntza planak burutu ditzaten arte.
3. IV. Titulu honek aipatzen dituen laguntzak emateko eskumena duen Nafarroako Gobernuko organoak, laguntzen zenbatekoa berraztertzen ahal du, mendiaren titularrak egindako inbertsio garbia artikulu honen 1. atalean ezarritakoa baino txikiagoa izanez gero.
102. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak, 100. artikuluan xedaturikoari dagokionean, honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Plangintza orokorra egitea, Antolamendu planak idaztea, Plan horiek aldika berraztertzea eta mendien erabilera eta probetxamendu egokia lortzea helburutzat duten Plan Teknikoak idaztea, natur baliabideak zaindu eta babesteko xedearekin bat datozenak.
b) Oihangintza eta hidrologia aldetiko zuzenketa lanak, higadurari aurre egin eta lurraren egonkortasun eta emankortasuna mantendu eta berreskuratzeko beharrezkoak izaten ahal direnak.
c) Suteek eta bestelako arrazoiek suntsituriko oihanak berriz osatzea.
d) Nafarroak zuhaitzez horniturik duen azalera haunditzea, berregiteko ahalmena eta landare-erakuntza heldu bilakatzekoa duten oihanak sortuz.
e) Oihanetako suteei aurre egiteko azpiegiturak sortu eta zaintzea, eta aurreneurrietako oihangintzako lanak burutzea.
f) Oihanen arloko ikerketa eta esperimentazioa, bai eta gizartearen mendiekiko ardura areagotu eta mendiek gizarteari dakarzkioten ondasunak jakin erazi eta zabaltzea ere.
g) Oihanetako izurrien aurkako ekintzak, Nafarroako Gobernuak onura publikokoak direla deklaratzen badu.
h) Larreen eta mendietako bestelako gai naturalen hobekuntzarako lanak burutzea.
i) Oihanen hobekuntzarako lanak, batez ere oihanen berezko berregitea errazteko balio dutenak.
j) Oihan-lanetarako bideak egitea.
k) Zur edo egur probetxamendua burutzea helburu nagusitzat duen oihanen birlandaketa.
l) Mendien emaitza diren gaiak merkaturatzeko bidea egokitzea.
m) Mendien erabilera sozial eta aisiarakoa bideratuko duten proiektu eta lanak burutzea.
n) Oihangaien jabeen elkarteak eta oihan arloko kooperatibak sustatzea.
103. artikulua
1. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren esku geldituko da, Nafarroako Aurrekontuen kargura, aurreko artikuluko a), b), c), d), e), f) eta g) ataletan zehazturiko ekintzak programatu eta erabat finantzatzea, edozein izanda ere ukituriko mendi edo oihan-lurren titularitatea.
2. Aurreko atalean zehazturiko ekintzek ukitzen dituzten mendi edo oihan-lurren titular diren partikularrek lankidetza hitzarmenak eginen dituzte Oihanen arloko Administrazioarekin, sortzen diren azpiegiturak erabiltzeko, baina sartu gabe etorkizuneko ekoizpenak, horiek mendien titularrek probetxatuko baitituzte.
3. Aurreko atalak aipatzen dituen lankidetza hitzarmenetan aipatu beharko dira zein den hitzarmena eragin duen arrazoia, sortzen diren azpiegituren deskribapena, horiek erabiltzeko alderdi bakoitzak dauzkan eskumenak eta hitzarmena eraginkor izan dadin behar diren gainerako gorabeherak. Lankidetza hitzarmena biltzen duen agiriak mendiaren titularraren eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren sinadurak izan beharko ditu.
104. artikulua
1. Arestiko 102. artikuluan zehazturiko gainerako ekintzengatik ere jaso daiteke laguntzarik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskutik, Erregelamendu honetan ezartzen diren zenbatekoak eta hemen bertan esaten den moduan.
2. Aurreko puntuak aipatzen dituen laguntzak arautzeko honako hau hartuko da kontutan:
a) Laguntzen zenbatekoa aurrekontuetako kostuaren % 40tik % 80ra bitartekoa izanen da onura publikokoak edo babesleak diren mendientzat, eta aurrekontuetako kostuaren % 20tik % 60ra bitartekoa katalogatu gabeko mendientzat. Salbuespen gisa, naturgune babestu deklaraturiko mendiak edo horien ingurukoak direnean, laguntzaren zenbatekoak aurrekontuetan zehazturiko kostu osoa hartzen ahal du.
b) Laguntzen zenbatekoa zehazteko, ikusi beharko da kasuan kasuko ekintzaren interes publikoa.
c) Oihan jabeen elkarte edo kooperatiben emaitza diren mendiak, kudeaketa unitate bat osatzen badute, onura publikoko edo babesleen katalogoan daudenen onura berberak izanen dituzte.
d) Begiratuko da ematen diren laguntzak bateragarriak ote diren Europako Elkartearen legerian ezarrita daudenekin.
e) Aurrekontuek mugatuko dute ematen ahal diren laguntzen kopurua, eta emate hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez gauzatuko da.
105. artikulua
Katalogaturik dauden mendien titularrek, bai eta aurreko artikuluko 2. c) atalean aipatzen diren elkarteek ere, beren mendietan oihan-lanik egiteko, honako laguntza hauek eskuratzen ahal dituzte, beti ere aurrekontuetako dirusailak horretarako biderik emanez gero:
1. Egur edo zur probetxamenduak helburu nagusitzat daukan oihan birlandaketa egiteko, gehienez ere aurrekontuan ezarrita dagoen kostuaren % 60a. Oihan birlandaketa egiten bada mendialde edo eskualde kaltetu deklaratuetan, edo Europako Elkarteak nekazal eskualdeak garatzeko onarturiko programetan sartzen bada, laguntzaren zenbatekoa haunditzen ahal da, kostuaren % 80raino.
2. Oihana hobetzeko lanak, batez ere oihanen berezko birrosaketa laguntzeko direnak egiteko, gehienez ere kostuaren % 80a.
3. Oihan-lanetarako bideak eraikitzeko, gehienez ere kostuaren % 50a. Aipatu bide horiek egiten badira mendialde edo eskualde kaltetu deklaratuetan, edo Europako Elkarteak nekazal eskualdeak garatzeko onarturiko programetan sartzen badira, laguntzaren zenbatekoa haunditzen ahal da, kostuaren % 80raino.
4. Oihan jabeen elkarteak edo oihan kooperatibak sortzeko, sorrerarako beharrezkoa den inbertsioa egiteko laguntzak izanen dira, gehienez ere lehen hiru urteetako funtzionamendurako aurrikusten den kopuruaren % 40a.
5. Mendien erabilera sozial eta aisiarakoa lagungarri diren proiektu eta obrak burutzeko, laguntzak izanen dira aipatu horiek martxan jartzeko beharrezkoa den inbertsioaren kostuaren % 40a gehienez.
6. Oihan izurrien kontrako lanetan, Nafarroako Gobernuak onura publikoko deklaratzen ez baditu, laguntzak ematen ahal dira erabilitako produktuaren kostuaren % 20raino.
7. Oihan probetxamenduen eskaintza barruti, ibar edo eskualdeka pilatzeko lanetarako laguntza, batera besterenduriko metro kubiko zur bakoitzeko bostehun pezetakoa izaten ahal da, gehienez ere hiru milioitaraino. Puntu honetan ezarritako laguntzak eskuratu ahal izateko, eskaintza pilatze horrek eskualdeko probetxamendu guztiak beharko ditu nahitaez hartu eta jarraian joanen diren bost urteetarako izan.
8. Larreak sortu eta hobetzeko lanetarako laguntzak, inbertsioaren % 80rainoko dirulaguntzaren bidez gauzatuko dira, mendiaren titularrak onartu ondotik Mendi Zerbitzuak idatzitako proiektuen gainean.
9. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Agindu batek garatuko du artikulu honen edukia eta ezarriko, bi urteko epeetarako, oihan-lan desberdinetarako banakako laguntzen zenbatekoa, aipaturiko mugen barrenean.
10. Laguntzak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Agindu baten bidez emanen dira.
106. artikulua
1. Oihanak Zaintzeko Elkarteek, Nafarroako Gobernuak su itzaltzeko ematen ahal dien material dotazioa alde batera utzita, beren urteko aurrekontuaren % 80rainoko dirulaguntzak eskuratzen ahal dituzte.
2. Horretarako, oinarritzat hartuko dira, 59.10 artikuluan xedaturikoaren arabera, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuan urteroko otsailaren 15a baino lehen aurkezten diren memoria eta ekitaldietarako urteko aurrekontua.
3. Eskabideak eta aurrekontuetako baliabideak ikusirik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak, Foru Aginduaren bidez, bidezko diren laguntzak emanen ditu.
4. Laguntzen ordainketa honela eginen da:
a) Laguntza eman ondorengo hilabetearen barrenean % 60a, kontuan idatzi beharreko aurrerakin gisa, laguntza ematea onesten duen Foru Aginduan finkatzen diren faktura eta kontabilitate-agirien bitartez justifikatu beharko dena.
b) Gainerako % 40a ekitaldia amaitu ondotik, laguntzaren azken likidazioaren bitartez, laguntza ematea onesten duen Foru Aginduan finkatzen diren justifikagiriak hurrengo urtarrilean aurkeztu eta gero, eta behin azken likidazio hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez onetsiz gero.
107. artikulua
Katalogatu gabeko mendien titularrek, beren mendietan oihan-lanak egiteko, ondoren zehazten diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte, beti ere aurrekontuetan dauden baliabideek horretarako aukerarik ematen badute:
1. Egur edo zur probetxamendua helburu nagusitzat daukan oihan birlandaketa egiteko, gehienez ere aurrekontuan ezarrita dagoen kostuaren % 50a. Oihan birlandaketa egiten bada mendialde edo eskualde kaltetu deklaratuetan, edo Europako Elkarteak nekazal eskualdeak garatzeko onarturiko programetan sartzen bada, laguntzaren zenbatekoa haunditzen ahal da, kostuaren % 60raino.
2. Oihana hobetzeko lanak, batez ere oihanen berezko birrosaketa laguntzeko direnak egiteko, gehienez ere kostuaren % 60a.
3. Oihan-lanetarako bideak eraikitzeko, gehienez ere kostuaren % 40a. Aipatu bide horiek egiten badira mendialde edo eskualde kaltetu deklaratuetan, edo Europako Elkarteak nekazal eskualdeak garatzeko programetan sartzen badiraa, laguntzaren zenbatekoa haunditzen ahal da, kostuaren % 60raino.
4. Mendien erabilera sozial eta aisiarakoa lagungarri diren proiektu eta obrak burutzeko, laguntzak izanen dira aipatu horiek martxan jartzeko beharrezkoa den inbertsioaren kostuaren % 20a gehienez.
5. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Agindu batek garatuko du artikulu honen edukia eta ezarriko, bi urteko epeetarako, oihan-lan desberdinetarako banakako laguntzen zenbatekoa, aipaturiko mugen barrenean.
6. Laguntzak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Agindu baten bidez emanen dira.
108. artikulua
Proiektuen idazketaren kostua, kanpoko kontratazioaren bitartez burutzen denean, eta mendiaren titularrak mendian bertan dauden lursailak eskuratzeko egin behar duen inbertsioa, laguntzen zenbatekoa zehazterakoan, 102. artikuluko b), c), d), h) eta k) atalek aipatzen dituzten ekintzak burutzeko aurrekontuaren barrenean sartzen ahal dira, beti ere bi kontzeptu horien batuketak ez badu kasuan kasuko oihan-ekintza kontratatzeko aurrekontuaren % 30a baino gehiago ematen.
109. artikulua
Katalogaturiko mendien titularrek eskatzen dutenean eta diruz lagundu ez den zenbatekoa Nafarroako Diruzaintzan sartu ondotik, Oihanen arloko Administrazioak burutzen ahal ditu ekintzak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazioak egiteko ezarrita dauden era desberdinen bidez.
110. artikulua
1. Oihanen arloko Administrazioak zuhaitz landaketa sustatuko du, era berean, nekazal inguruan, lerroko edo multzoko zuhaiztiak berreskuratu asmoz, bideetan, erreketan, finkak bereizteko hesietan eta beste lekutan, ingurunea ederragotu eta nekazal eskualdeen ondare ekologikoa haunditzeko.
2. Honelako lanak egiten dituzten Entitate Lokalei dirulaguntzak emanen zaizkie, kostuaren % 50etik % 80ra, beti ere aurrekontuek ezarritako mugen barrenean. Dirulaguntzaren ordainketa, lana burutu eta hurrengo urtean eginen da, zuhaitz landaketak arrakasta izan duela jakin ondotik.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erreklamatzen ahal dizkie Entitate Lokalei emandako dirulaguntzak, Entitate horien erruagatik landaturikoa galtzen bada.
4. Laguntzak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariaren Foru Aginduaren bitartez emanen dira.
111. artikulua
1. Oihanen arloko Administrazioak ematen ahal ditu Europako Elkartearen legerian, nekazal ustiapenetako oihangintzako neurriei dagozkien inbertsioetarako ezarrita dauden onurak, legeria horretan zehazturik dauden gehienezko mugak gainditu gabe.
2. Arestiko 102. artikuluan zehazturiko ekintzen artean, Nafarroako Gobernuak lehentasuna emanen die Nekazal Eskualdeak Garatzeko Planetan edo Eskualde kaltetuetako ekintza programetan agertzen diren eta EEEaren finantzakidetasuna, Elkarteko legeriaren esparruan, izaten ahal duten ekintzei.
3. Suteei aurrea hartzeko ekintzak, Elkarteko arauteriaren esparruan prestaturiko Programa edo Proiektuen bidez egiten ahal dira.
4. Nafarroako Gobernuak bere esku dauka aurreko ataletan aipatzen diren Plan eta Proiektuak onesteko ahalmena, behin bertan zehazten diren ekintzei dagozkien Departamentuek Plan eta Proiektuak prestatuz gero.
112. artikulua
Onura publikoko edo babesle gisa katalogaturiko mendiek, bai eta Erregelamendu honetako 91., 92. eta 93. artikuluetan aipatzen diren elkartzeen emaitza direnek ere, kontribuziorik ez dute ordaindu beharko.
V. TITULUA. ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
113. artikulua
Administrazioaren aintzinean erantzun beharko dute, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean eta Erregelamendu honetan zehazten diren arau-hausteetakoren bat egiten dutenek.
114. artikulua
Arau-haustetzat honako hauek jotzen dira:
a) Oihan-lurren erabilera aldatzea eta lur horiek goldatzea, baimenik izan gabe.
b) Onura publikoko edo babesle gisa katalogaturiko mendietan okupaziorik egitea, behar den baimenik izan gabe.
c) Mendietan edo oihan-lurretan zuhaitz edo egurrak moztu, atera, kaltetu, erauzi edo bereganatzea, behar den titulu administratiborik izan gabe.
d) Mendietako beste fruitu, produktu edo landare nahiz harririk probetxatzea edo bertatik ateratzea, legez eskatzen ahal den baimenik izan gabe.
e) Mendietan edozein motatako probetxamendurik egitea, Oihanen arloko Administrazioak ezarritako manu teknikoak kontutan hartu gabe.
f) Aziendak bazkatzea mendietan edo oihan-lurretan, debekaturiko lekuetan edo Oihanen arloko Administrazioak ezarritako arauak kontutan hartu gabe.
g) Mendien edo oihan-lurren titularrek ez betetzea, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean eta Erregelamendu honetan ezartzen zaizkien betebeharrak.
h) Pestizidarik erabiltzea, behar den baimenik izan gabe.
i) Berezko larreak hobetzeko sua erabiltzea, horretarako baimena ematen denean salbu.
j) Mendian eta nekazal ingurunean nolanahiko erreketarik egitea, baimenik izan gabe.
k) Mendian erreketarik egitea.
l) Baimenduriko erreketak egitea, baimenean ezarritako neurriak kontutan hartu gabe.
m) Iharduerarako behar den enpresa sailkapenaren agiririk ez duten enpresek eginiko zur edo egur probetxamendu oro.
n) Mendietan hondakin lehor edo likidorik bota nahiz isurtzea, baimenik izan gabe.
o) Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 65. artikuluan eta Erregelamendu honen 99.ean xedaturikoaren aurkako egintzak.
115. artikulua
1. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izaten ahal dira.
2. Arau-hauste arintzat honako hau joko da: Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean edo Erregelamendu honetan ezarritako manuak ez-betetze soila, oihanean kalterik egiten ez bada ere.
3. Arau-hauste larritzat honako hau joko da: arau-hauste arinak behin eta berriz egitea eta mendi edo oihan-lurretan aldaketarik dakarren arau-hausterik egitea, baldin eta aldaturiko errealitate fisikoa lehengora itzultzen ahal bada epe motzean.
4. Arau-hauste oso larritzat honako hau joko da: arau-hauste arinak behin eta berriz egitea eta mendi edo oihan-lurretan funtsezko aldaketarik egitea, alegia, aldaturiko errealitate fisikoa lehengora itzultzeko oso epe luzea behar izaten den edo moldatzea oso zaila bihurtzen duen zernahi egitea.
5. Berrerortzetzat joko da, 114. artikuluan aurrikusiriko arau-hausteagatik ebazpen irmoaren bidezko zehapena ezarri denetik arau-haustea egiten den unerarte, ez badira oraindik hiru urte iragan.
6. Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, epe motzat hamar urtetik beheitikoa hartuko da, eta luzetzat hortik goitikoa.
116. artikulua
Honako hauek arau-hauste arintzat hartuko dira:
1. Mendi edo oihan-lurretan suterik egitea, zuhaitzik ukitzen ez bada, edo zuhaitzik ukituz gero, kalteak 200.000 pezetatik beheitikoak badira.
2. Ohian-lurren erabilera aldatzea eta lur horiek goldatzea, baimenik izan gabe, baldin eta bi hektareatik beheitiko eremuak badira eta zuhaitzik gabekoak.
3. Onura publikoko edo babesle gisa katalogaturiko mendietan okupaziorik egitea, behar den baimenik izan gabe, baldin eta bi hektareatik beheitiko eremu zuhaitzik gabeak ukitzen badira, okupazioa legeztatu edo okupaturiko lurrak lehengo egoerara itzultzeko betebeharra deusetan galerazi gabe.
4. Zuhaitzik botatzea baimenik gabe. Zuhaitzok, mendiaren titularrak berak botatzen baditu edo bere baimenarekin beste norbaitek, basozainek aurretik seinalaturikoak direnean.
5. Zuhaitzik botatzea baimenik gabe. Zuhaitzok, mendiaren titularrak berak botatzen baditu edo bere baimenarekin beste norbaitek, basozainek aurretik seinalatu gabekoak direnean, eta horien tasazioa berrehun mila pezetatik beheitikoa bada.
6. Zuhaitzik botatzea baimenik gabe. Zuhaitzok, mendiaren titularrak ez beste norbaitek botatzen baditu, horien tasazioa ehun mila pezetatik beheitikoa bada, egindako kalteen ordainketa deusetan galerazi gabe.
7. Baimenduriko oihan-probetxamendu bateko lanei hasiera ematea, zuhaitzak botatzeko baimenik izan gabe.
8. Baimenduriko probetxamendu bat behar baino beranduago amaitzea, ustiapen-epearen erditik beheitiko atzerapena bada, eta berezko basoberritze gunerik ukitu gabe.
9. Mendietan edo oihan-lurretan zuhaitzak bota edo egurra atera, kaltetu, erauzi edo bereganatzea, behar den titulu administratiborik izan gabe, tasazioa ehun mila pezetatik beheitikoa bada.
10. Mendietako beste fruitu, produktu edo landare nahiz harririk probetxatzea edo bertatik ateratzea, legez eskatzen ahal den baimenik izan gabe.
11. Mendietan edozein motatako probetxamendurik egitea, Oihanen arloko Administrazioak ezarritako manu teknikoak kontutan hartu gabe, kalterik ez bada edo horien tasazioa ehun mila pezetatik beheitikoa izanez gero.
12. Aziendak bazkatzea mendietan edo oihan-lurretan, debekaturiko lekuetan, kalterik ez bada edo horien tasazioa ehun mila pezetatik beheitikoa izanez gero.
13. Aziendak bazkatzea mendietan edo oihan-lurretan, Oihanen arloko Administrazioak ezarritako arauak kontutan hartu gabe.
14. Mendien edo oihan-lurren titularrek, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean eta Erregelamendu honetan ezartzen zaizkien betebeharrak betetzeko urtebete baino gehiago atzeratzea. Hori guztia, aipatu horiek bete behar izatea eta Erregelamendu honen 83. eta 101. artikuluetan ezarritakoaren aplikazioa deusetan galerazi gabe.
15. Nekazaritza ingurunean erreketak egiteari dagokionean, kontutan hartuko da ekainaren 27ko 236/1991 Foru Dekretua, galondoen erreketa arautu eta bertan behera uztea sustatzen duena.
16. Mendian erreketarik egitea, zuhaitzetan kalterik egiten ez denean. Zuhaitzetan kalterik eginez gero, aplikatzekoak izanen dira oihanetako suteez aurrikusitakoari lotuko zaio.
17. Baimenduriko erreketak egitea, baimenean ezarritako neurriak kontutan hartu gabe, zuhaitzetan kalterik egiten ez denean. Zuhaitzetan kalterik eginez gero, oihaneko suteez aurrikusitakoari lotuko zaio.
18. Iharduerarako behar den enpresa sailkapenaren agiririk ez duten enpresek eginiko zur edo egur probetxamendu oro.
19. Mendietan hondakin lehor edo likidorik bota nahiz isurtzea, baimenik izan gabe, kalterik ez bada edo horien balioa ehun mila pezetatik beheitikoa izanez gero.
20. Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 65. artikuluan xedaturikoaren aurkako egintzak.
21. Aurreko ataletan aipatzen ez den bestelako edozein arau-hauste, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen edo Erregelamendu honen manuen aurkakoa denean, kalterik ez bada edo horien balioa ehun mila pezetatik beheitikoa izanez gero.
117. artikulua
Honako hauek arau-hauste larritzat hartuko dira:
1. Mendi edo oihan-lurretan suterik egitea, zuhaitzik ukitzen denean eta egindako kalteak berrehun mila pezetatik bostehun mila pezeta bitartekoak badira.
2. Oihan-lurren erabilera aldatzea eta lur horiek goldatzea, baimenik izan gabe, baldin eta bitik hamar hektareatara bitarteko eremu zuhaitzik gabeak badira, edo bi hektareatik beheitiko zuhaiztiak.
3. Onura publikoko edo babesle gisa katalogaturiko mendietan okupaziorik egitea, behar den baimenik izan gabe, baldin eta okupazioak bitik hamar hektareatara bitarteko eremu zuhaitzik gabeak hartzen baditu, edo bi hektareatik beheitiko zuhaiztiak, okupazioa legeztatzeko edo okupaturiko lurrak lehengo egoerara itzultzeko betebeharra deusetan galerazi gabe.
4. Zuhaitzik botatzea baimenik gabe. Zuhaitzok, mendiaren titularrak berak botatzen baditu edo bere baimenarekin beste norbaitek, basozainek aurretik seinalatu gabekoak direnean, eta horien tasazioa berrehun mila pezetakoa edo hortik goitikoa bada.
5. Zuhaitzik botatzea baimenik gabe. Zuhaitzok, mendiaren titularrak ez beste norbaitek botatzen baditu, horien tasazioa ehun milatik bostehun mila pezetara bitartekoa bada, egindako kalteen ordainketa deusetan galerazi gabe.
6. Baimenduriko probetxamendu bat behar baino beranduago amaitzea, berezko basoberritze gunerik ukituz gero edo ustiapen-epearen erditik goitiko atzerapena bada.
7. Mendietan edo oihan-lurretan zuhaitz edo egurrak atera, kaltetu, erauzi edo bereganatzea, behar den titulu administratiborik izan gabe, kalteen edo produktuen tasazioa ehun milatik bostehun mila pezetara bitartekoa bada.
8. Mendietan edozein motatako probetxamendurik egitea, Oihanen arloko Administrazioak ezarritako manu teknikoak kontutan hartu gabe, kalterik bada eta horien tasazioa ehun mila pezetakoa edo hortik goitikoa izanez gero.
9. Aziendak bazkatzea mendietan edo oihan-lurretan, debekaturiko lekuetan, kalterik bada eta horien tasazioa ehun mila pezetakoa edo hortik goitikoa izanez gero.
10. Mendien edo oihan-lurren titularrek ez betetzea, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean ezartzen zaizkien betebeharrak, Erregelamendu honen 83. eta 101. artikuluetan ezarritakoaren aplikazioa deusetan galerazi gabe. Ez-betetzea gertatu dela ulertuko da, mendiaren Ikuskapen Akta egin zenetik urtebete pasa bada, oihana indarberritzeari dagozkion betebeharrak direnean, edo hiru urte pasa badira gainerako betebeharren kasuan.
11. Mendietan hondakin lehor edo likidorik bota nahiz isurtzea, baimenik izan gabe, kalterik bada eta horien balioa ehun milatik bostehun mila pezetara bitartekoa izanez gero.
12. Aurreko ataletan aipatzen ez den bestelako edozein arau-hauste, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen edo Erregelamendu honen manuen aurkakoa denean, kalterik bada eta horien balioa ehun milakoa edo hortik goitikoa izanez gero.
118. artikulua
Honako hauek arau-hauste oso larritzat hartuko dira:
1. Oihanetan suterik egitea, zuhaitzik ukitzen bada eta egindako kalteak bostehun mila pezetakoak edo hortik goitikoak badira.
2. Oihan-lurren erabilera aldatzea eta lur horiek goldatzea, baimenik izan gabe, baldin eta hamar hektareatik goitiko eremu zuhaitzik gabeak badira, edo bi hektareako nahiz hortik goitiko zuhaiztiak.
3. Onura publikoko edo babesle gisa katalogaturiko mendietan okupaziorik egitea, behar den baimenik izan gabe, baldin eta okupazioak hamar hektareatik goitiko eremu zuhaitzik gabea hartzen badu, edo bi hektareako nahiz hortik goitiko zuhaiztiak, okupazioa legeztatzeko edo okupaturiko lurrak lehengo egoerara itzuli beharra deusetan galerazi gabe.
4. Zuhaitzik botatzea baimenik gabe. Zuhaitzok, mendiaren titularrak ez beste norbaitek botatzen baditu, zuhaitzen tasazioa bostehun mila pezetatik goitikoa bada, egindako kalteen ordainketa deusetan galerazi gabe.
5. Mendietan edo oihan-lurretan zuhaitz edo egurrak atera, kaltetu, erauzi edo bereganatzea, behar den titulu administratiborik izan gabe, tasazioa bostehun pezetatik goitikoa bada.
6. Mendietan hondakin lehor edo likidorik bota nahiz isurtzea, baimenik izan gabe, kalterik bada eta horien balioa bostehun mila pezetatik goitikoa izanez gero.
119. artikulua
1. Arau-hausteengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:
a) Arintzat jotzen direnengatik, hamar milatik berrehun mila pezetara bitarteko isuna. Erregelamendu honen 116. artikuluko 4, 7, 8, 10, 11, 13, 14, 16, 17, 18, 20 eta 21. ataletan ezarritako egintzengatik hamar mila pezetako zehapena ezarriko da, gehi egindako kalteen balioaren ordaina, horrelakorik izan baldin bada. Erregelamendu honen 116. artikuluko 3, 5, 9, 12 eta 19. ataletan ezarritako egintzengatik hogei mila pezetako zehapena ezarriko da, gehi egindako kalteen balioaren ordaina, horrelakorik izan baldin bada. Erregelamendu honen 116. artikuluko 1, 2 eta 6. ataletan ezarritako egintzengatik berrogeita hamar mila pezetako zehapena ezarriko da, gehi egindako kalteen balioaren ordaina, horrelakorik izan baldin bada.
b) Larritzat jotzen direnengatik, berrehun milatik bost milioi pezetara bitarteko isuna. Erregelamendu honen 117. artikuluko 4, 5, 6, 8, 9, 10, 11 eta 12. ataletan ezarritako egintzengatik berrehun mila pezetako zehapena ezarriko da, gehi egindako kalteen balioa halako bi, horrelakorik izan baldin bada. Erregelamendu honen 117. artikuluko 1, 2, 3 eta 7. ataletan ezarritako egintzengatik laurehun mila pezetako zehapena ezarriko da, gehi egindako kalteen balioa halako bi, horrelakorik izan baldin bada.
c) Oso larritzat jotzen direnengatik, bost milioitik berrogeita hamar milioi pezetara bitarteko isuna. Erregelamendu honen 118. artikuluan ezarritako egintzengatik bost milioi pezetako zehapena ezarriko da, gehi egindako kalteen balioa halako lau.
2. Kasuan kasuko isunaren zenbatekoa zehazteko, kontutan hartuko da zein helbururekin edo nolako axolagabekeriaz egin zen, zer muntatako kalte eta galerak egin ziren eta nola molda daitekeen, moldatzerik izanez gero, aldaturiko errealitate fisikoa. Egintza edo ez-egite bat bera gertatzen bada bi arau-haustetan, zehapenik haundiena dakarren hura hartuko da bakarrik kontutan.
3. Isuna ez da inola ere arau-hausteak ematen ahal duen onura baino txikiagoa izanen, eta haunditzen ahal da aipatu onura horren balioa halako bi izateraino.
4. Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean eta Erregelamendu honetan zehazturiko arau-hausteek honela galduko dute indarra: arintzat jotzen direnek, bi hilabeteren buruan; larritzat jotzen direnek, hamabi hilabeteren buruan eta oso larritzat jotzen direnek, bi urteren buruan. Arau-haustea burutu den egun berean hasiko da kontatzen epe hori edo, iharduera jarraituen kasuan, iharduera hori amaitzen denean. Arau-haustea burutu duen egintza edo iharduera agerikoa ez denean, eta horregatik ezezaguna bada, ondorioak agerira ateratzen direnean hasiko da kontatzen epea.
5. Naturgune babestuen mugen barrenean eginez gero arau-hausterik, kasuan kasuko isuna %100era arte haundituko da. Gauza bera gertatuko da kontserbatu beharreko eremuetan egindako arau-hausteekin, alegia, Erregelamendu honen 41. artikuluan zehazturik dauden haietakoekin.
6. Nafarroako Gobernuak erabakia hartzen ahal du, artikulu honetan aipaturiko isunen zenbatekoa eguneratzeko, kontsumorako prezioen indizeen aldaketa kontutan harturik.
7. Artikulu honetan aurrikusitako zehapenak alde batera utzirik, zehapen organoek isun obligatzaileak paratzen ahal dituzte, administrazio prozeduraren arauetan ezarritakoari jarraikiz. Isun horietako bakoitzaren zenbatekoa ez da ezarritako zehapenaren %20tik goitikoa izanen.
8. Isun obligatzailerik paratu aitzinetik, arau-hausleari errekerituko zaio agindutakoa bete dezan finkatzen den epearen barrenean. Epe hori zehapen organoak zehaztuko du, kasu bakoitzaren gorabeherak zein diren ikusi ondotik.
120. artikulua
Arau-hauste arinei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuko Zuzendari Nagusiak izanen du, arau-hauste larrienak, berriz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak, eta, azkenik, oso larriei dagozkienak, Nafarroako Gobernuak.
Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren eskumenekotzat jotzen diren kasuetan, Departamentu horretako Zuzendari Nagusiak eta Kontseilariak paratuko dute, hurrenez hurren, behar den zehapena.
121. artikulua
Erregelamendu honetan aurrikusitako zehapenak paratuko dira, beti ere, kontutan harturik arau-haustea gertatzen den unean indarra duten arauak, administrazio prozedurakoak alegia.
122. artikulua
Zehapen espedientea honela izapidatuko da:
1. Espedienteari hasiera emateko, basozainek eta agintaritzako gainerako zaindariek salaketa egin beharko dute, edo, bestela, salaketak partikularren baten eskutik etorri beharko du.
2. Mendi Zerbitzuko Zuzendariaren probidentzia baten bidez deklaratuko da hasiera eman zaiola espediente zehatzaileari edo, bestela, espedientea artxiba dadin proposatuko da. Probidentzia horretan instruktore bat izendatuko da eta, hala behar denean, idazkari bat.
3. Espedientearen instruktoreak karguen plegu bat prestatuko du, eta bertan azalduko dira eta interesatuei jakin eraziko zaizkie egotzitako gertakariak.
4. Interesatuak zortzi eguneko epea izanen du karguen pleguari erantzuteko. Salatzaileari emanen zaio erantzun horren berri, egindako salaketa berretsi edo alda dezan.
5. Instruktoreak ebazpen proposamen bat prestatuko du, interesatuei jakin eraziko zaiena, zortzi eguneko epean beren alde bidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten.
6. Instruktoreak behin betiko ebazpen proposamena prestatuko du eta, Mendi Zerbitzuko Zuzendariaren bidez, organo eskudunaren gain utziko du, azken honek ebazpena eman dezan.
123. artikulua
Helegiteak eta ekintzak paratuagatik, ez da zehapenaren exekuzioa bertan behera utziko; dena den, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak bertan behera uzteko erabakia hartzen ahal du, interesatuak aldez aurretik Nafarroako Diruzaintzan fidantza edo abalaren bidezko behar ainako bermea izanez gero.
124. artikulua
Edozein arau-hausteren erantzuleak, legez ezarritako isuna ordaintzeaz gain, eragindako kalte eta galerak ordaindu beharko ditu. Kalte eta galera horien balorazioa Oihanen arloko Administrazioak eginen du, Ingurugirokoarenarekin batera, Naturgune babestuak ukitzen dituztenean.
125. artikulua
Oihanen arloko Administrazioak konfiskatuko ditu zilegi ez den bidetik hartzen diren oihan-gaiak eta, arau-hauste larri edo oso larriak direnean, arau-haustea burutzeko erabilitako tresna eta baliabideak ere konfiskatzen ahal ditu. Konfiskatzen diren horiek gertakariak burutu diren tokiko agintariei emanen zaizkie, bertan gorde ditzaten, Oihanen arloko Administrazioak haiekin zer egin erabaki bitartean.
2. Basozainek, bide ez-zilegitik eskuraturiko oihangaiak konfiskatzean, mendiaren titularraren esku utziko ditu edo, bestela, mendia kokatua den tokiko agintariei emanen dizkie, haiekin zer egin erabaki bitartean. Oihangai horiek hilkorrak badira, bere eskura hartzen dituen tokiko agintaritzak herriko edo eskualdeko erakunde ongileren bati, errezibuaren bidez, emateko erabakia hartuko du. Horrela egindakoa akta batean jasoko da eta Oihanen arloko Administrazioari igorriko. Hilabete bat igaro ondotik, Oihanen arloko Administrazioak ez badu erabaki nora eraman behar diren konfiskaturiko gaiak, lekuko agintzaritzak besterentzeari ekinen dio, enkante irekiaren bidez, edo bestela herriko edo eskualdeko erakunde ongileren bati emateko erabakia hartuko du.
3. Baldin eta, Erregelamendu honen 117. eta 118. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ez-legezko diren egintzak larri edo oso larriak izan daitezkeela uste bada, basozainek, bidezkotzat jotzen badute, arau-haustea burutzeko erabilitako tresna eta baliabideak konfiskatzen ahal dituzte, eta, horrela eginez gero, gertakariak burutu diren tokiko agintariei emanen dizkiete, gorde ditzaten, Oihanen arloko Administrazioak zer egin erabakitzen duen bitartean. Hilabete bat igaro ondotik, Oihanen arloko Administrazioak ez badu erabakirik hartu, tokiko agintaritzak jabeari itzuliko dizkio konfiskaturiko tresna eta baliabideak, beti ere horiek gordetzeak sortu dituen gastuak hartzaile horrek ordaindu ondoren.
126. artikulua
1. Behar ez bezala bazkatzeagatiko arau-hausteetan, harrapatzen diren aziendak arau-haustea burutu den tokiko agintariei emanen zaizkie, gorde ditzaten, Oihanen arloko Administrazioak bidezko den ebazpena ematen duen arte.
2. Hamar egun igaro ondotik, Oihanen arloko Administrazioak ez badu ebazpenik eman, lekuko agintaritzak jabeari itzuliko dizkio aziendak, beti ere azienden harrapatzeak, garraiatzeak eta zaintzeak ekarri dituen gastuak hartzaile horrek ordaindu eta gero
Jabea ezezaguna bada, tokiko agintaritzak jendaurrera aterako du gertakaria, herriko iragarki-oholean jarritako bandoaren bidez, eta beste hamar egun igaro ondotik, jabea agertzen ez bada, enkante irekiaren bitartez salgai jarriko ditu aziendak edo, bestela, hil eginen ditu eta ateratako haragia herriko edo eskualdeko erakunde ongileren bati emanen.
3. Azienda horiek harrapatzea ezinezkoa bada, Udalak erabakia hartu eta tokiko agintaritzak, jendaurrera aterako duen bando baten bidez, aditzera emanen du azienden jabeek hogei eguneko epea izanen dutela aziendak menditik ateratzeko. Epe hori igaro ondotik, Udalak beste erabaki bat hartuko du eta agintaritzak aipatu azienda horiek basaturiko aziendatzat deklaratuko ditu, ehizatzeko ondorioetarako. Erabaki hori herriko iragarki-oholean jarriko da, eta jartzen den egunetik aintzinera, ehiza arloko Agintaritza eskudunaren baimena izanez gero, azienda basatu horiek harrapatzeko ehizaketak egiten ahal dira.
Aziendek kalterik egiten badute oihana birrosatzeko barrutietan edo oihan-birlandaketa gazteetan, epeak erdira murriztuko dira, Udalaren erabakien ordez Alkatearen probidentziek balio dezakete eta ehiza arloko Agintaritza eskudunari jakin eraztea nahikoa izanen da berehala harrapatzeko ehizaketei ekiteko.
127. artikulua
Zehapen prozedura bati hasiera ematean, delitu edo hutsegite ezaugarririk izaten ahal duen gertakaririk ikusten bada, administrazioko organo eskudunak jurisdikzio penalari emanen dio horren berri, eta ez du segituko administrazio prozedurarekin agintaritza judizialak bere erabakia hartzen ez duen bitartean.
Deliturik badela jotzen ez bada, Oihanen arloko Administrazioak segituko du zehapen espedientearekin eta, eginbide penalek irauten duten bitartean, etenik geldituko da administrazioaren zehapen espedientea amaitzeko epea.
Xedapen Gehigarriak
Lehenbizikoa
1. Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu batek, g ai honetarako berariaz emanda, erregelamendu bidez garatuko du, lurraldeko edo hirigintzako planeamenduak urbanizagarritzat edo kontsolidatu gabeko urbanotzat sailkaturiko lurzoruetan zuhaitzak landatzeko lur erreserben moduluen ezarpena.
2. Lur erreserbak ezin izanen dira, inola ere, sektorean sarturiko lur guztien ehuneko hamarra baino kopuru txikiagoa izan, lurzoru urbanizagarria denean, edota kontsolidatu gabeko lurzoru urbanoen sailean jarritakoa.
Bigarrena
Nafarroako Gobernuak, jendaurrera atera ondotik, Nafarroako Oihan Plana aurkeztuko dio Foru Parlamentuari, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen eta Erregelamendu honen oinarri eta helburuei jarraikiz.
Xedapen Iragankorra
Gaurregun perretxiko-barrutiak edo/eta josteta iharduera edo bestelakoetarako arauteria berariazkoa daukaten mendien titularrak diren Entitate Lokalek, urtebeteko epearen barrenean, Erregelamendu honetan ezarrita dauden baimenak eskatu beharko dituzte iharduera horiek arautzeko, Erregelamenduan zehazten den prozedurari atxikiz.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Indarrik gabe gelditzen dira, Erregelamendu honen aurka jotzen duten lerrun bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, honako hauek:
-Nekazaritzako Finantzazioari buruzko lege lerruneko xedapenen Testu Birbildua onesten duen apirilaren 4eko 133/1991 Foru Dekretu Legegilearen 10. artikuluko 5. atala eta 9. artikuluko 2. atala.
-Nafarroako Foru Diputazioak 1954.eko maiatzaren 14ean Oihan birlandaketei laguntza emateari buruz harturiko Erabakia.
-Herrilurretan oihanak hobetzeko eta landatze ttikiak egiteko laguntzen kontzesioa arautzen duen ekainaren 9ko 180/1988 Foru Dekretua.
-Herrien mendiak hobetzearren egindako landaketa, azterlan eta proiektuetarako laguntzen kontzesioa arautzen duen uztailaren 5eko 172/1990 Foru Dekretua.
-Jabetza partikularreko lurretan landaketak egiteko laguntzen kontzesioa arautzen duen maiatzaren 2ko 120/1986 Foru Dekretua.
-Jabetza partikularreko lursailetan oihan lanak egiteko laguntzen kontzesioa arautzen duen uztailaren 5eko 173/1990 Foru Dekretua.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariari, Erregelamendu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Nafarroako oihan-hazien bankuko zuhaitz eta zuhaixka-formako espezieak