Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 142. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 22an)
Atarikoa
Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak, aurrekoa aldatzen duenak, mendietan eta oihan lurretan sua erabiltzea debekatzen dute.
Hala ere, otsailaren 21eko 3/2007 Legearen 40.3 artikuluak ezartzen du, salbuespen gisa, suaren erabilera baimendu daitekeela oihana kudeatzeko tresna gisa, haren ordez beste bitartekorik erabiltzerik ez dagoenean.
Sua oraindik ere aspaldiko tresna gisa erabiltzen da sasiak kendu eta larreak hobetzeko, nahiz eta bestelako tresnen erabilera sustatzen ari den, sute arrisku gutxiago dutelako, esaterako, belar-sastrakak mekanikoki garbitzea.
Horregatik, bidezko da larreak hobetzeko sua erabili aurreko baimenak emateari buruzko araubidea moldatzea, oihanetako suteak gutxitzeko.
Era berean, foru agindu honen xedea da oihan lanen hondakinak kentzeko suaren erabilera arautzea. Hala, irizpide hertsatzailea aplikatuko da, erreketen segurtasuna bermatze aldera, sua oihanean zabaltzeko aukera saihestuz.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
Larre naturalak hobetzeko tratamendu gisa eta hainbat oihan lanetan sua erabiltzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak salbuespeneko araubidea baliatuko du baimenak emateko, prozedura honen arabera:
a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko da eskaera eta han egiaztatuko da suaren ordez beste baliabiderik erabiltzea ezinezkoa dela; horrekin batera, larreak hobetzeko izanez gero, erre beharreko gunearen abeltzaintza karga zein den adieraziko da. Eskaera egiteko inprimakia Oihanak Kudeatzeko Atalean (González Tablas, 7), edo Basozaintzako eskualdeko bulegoetan eskuratzen ahalko da. Eskaerari katastroko planoaren fotokopia erantsi beharko zaio, erre nahi den finka ongi zehaztuta gera dadin. Eskatzailea nahitaez pertsona fisikoa edo juridikoa izanen da eta izena, deiturak, helbidea eta NAN/IFZ zenbakia argi eta garbi agertuko dira eskabidean.
b) Eskaerak aurkezteko epea 2011ko martxoaren 18an amaituko da.
c) Baimena ematen bada, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jakinaraziko die interesdunari, kasuan kasuko udalari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko basozainei, Foruzaingoari eta SOS Nafarroa-Nafarroako Larrialdietako Agentziari eta Guardia Zibilaren Komandantziari, Sepronari, eta erreketak nahi gabeko ondorio kaltegarririk sor ez dezan beharrezkoak diren jarraibideak adieraziko dizkie.
2. artikulua
Baimendutako erreketak egin ahalko dira foru agindu honen 5. artikuluan aipatutako baimena ematen denetik aurrera, eta 2011ko apirilaren 18a arte.
3. artikulua
Orokorrean, ez da larreak erretzeko baimenik emanen, azken aldiz erre zirenetik gutxienez 5 urte iragan ez badira.
Halaber, ez da baimenik emanen erretzea ez den beste metodorik erabil daitekeenean larreak hobetzeko.
4. artikulua
Salbuespen gisa eta Oihanak Kudeatzeko Atalak txostena prestatu ondoren, ematen ahal da baimena arbola azpiko oihanpea erretzeko, erregaiaren karga kontrolatu eta su hartzeko arriskua gutxitzearren.
5. artikulua
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak emanen du erretzeko baimena.
6. artikulua
Erreketa baimenduetan neurri hauek hartuko dira:
a) Erreketa egin behar den egunean, eskatzaileak erretzeko gunetik hurbilenik dagoen Suhiltzaileen Parkeari horren berri eman beharko dio, egun horretan erretzeko baimenik ote dagoen egiaztatzeko. Halaber, finkaren kokalekua jakinarazi beharko dio. Era berean, Suhiltzaileen Parkeari jakinaraziko dio erreketa noiz bukatzen den.
b) Baimenaren xedeko landaredia baizik ez da erreko, eta guztiz debekatuta dago erre beharreko guneetan edo horien mugetan dauden zapaldak, errekak, ezpondak, erretenak, zuhaitz bakartuak edo zuhaizti txikiak erretzea.
c) Erreketa ez da goizeko 9:00ak baino lehenago hasiko eta arratsaldeko 17:00etan bukatuta egon beharko du.
d) Haizea zuhaitzen goiko aldea astintzen hasten bada, ez da deus ere erreko eta erretzen hasi eta gero altxatzen bada haizea, bertan behera geldituko da erreketa eta sua itzaliko da. Neurri horiek arreta handiz aplikatuko dira Kantauriko isurialdean hego haizea nagusi den lekuetan.
e) Errepideetatik edo erabilera publikoko azpiegituretatik hurbil dauden lekuetan, ez da surik piztuko, edo piztu bada, itzali eginen da, haizeak kea leku horietara igortzeagatik bide segurtasuna eta/edo azpiegiturarena arriskuan jartzen direnean.
f) Su eman aurretik, erreketa bukatu ondoan ezkutuko berogunea manten dezaketen erregaiak, landareak edo bestelakoak badira, erretzeko gunetik kenduko dira.
g) Erreketa bitartean gutxienez bost pertsonak egon beharko dute bertan; erreketaren arduradunak hautatuko ditu pertsona horiek eta sua kontrolatu beharko dute; hantxe egon beharko dute sua erabat itzali arte eta sugar edo txingarrik ikusten ez dela bi ordu iragan arte. Pertsona horiek sua itzaltzeko esku tresna egokiak eduki beharko dituzte eta ahal dela, ura eta sakelako telefonoa.
h) Erre beharreko azalerak oihanetik edo ingurumen balioa duten guneetatik 200 metrora baino gutxiago badaude, erre beharreko eremuaren inguru osoan suebaki bat eginen da, lau metro zabal gutxienez. Landareak lur arrasean moztuko dira eta gelditzen diren hondarrak kanpora botako. Oihanak su hartzeko arriskua baldin badago, landaredi guztia kenduko da lurzoru minerala agerian utzi arte. Lurraren ezaugarriak direla kausa, zerrenda hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, arreta berezia jarriko da suak iragan ez dezan erre gogo den azaleraren ingurua.
7. artikulua
Erreketaren ardura izanik, bertan dauden pertsonek aldean izan beharko dute baimena, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko landa langileek, Foruzaingoak edo Guardia Zibilak eskatuz gero, erakutsi.
8. artikulua
Erreketarik egiten bada arestian aipatu prebentzio neurriak hartu gabe, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen eta aurrekoa aldatzen duen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen arabera zehatuko da.
9. artikulua
Ez da baimenik beharko ereindako larreetan edo landalurretan aldez aurretik moztutako eta behar bezala pilatutako sastrakak erretzeko, ezta behar bezala pilatutako uzta hondarrak edo lur ureztatuetako makal hondarrak erretzeko ere.
Erreketa horietarako foru agindu honen 6. artikuluan zehaztutako neurriak hartuko dira.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.