Castellano | Euskara | Français | English
34/2012 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntzako kontseilariak emandako uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatzen dituena. Foru agindu horrek Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketa egiten ari diren ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtagiria arautzen ditu
(2012ko 57. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 22an)
Atarikoa
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusten diren arte plastikoetako eta diseinuko lanbide heziketak prestakuntza ziklotan antolatzen dira, enpresa, estudio eta lantegietan egiteko prestakuntza praktikoa barne dutela. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendu orokorra arautzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 6. eta 8. artikuluetan xedatzen da ezen arte plastikoetako eta diseinuko erdi eta goi mailako heziketa zikloak prestakuntza modulutan antolatuko direla, eta erdi mailako zikloetan azken obrako modulua sartuko dela, eta, goi mailako zikloetan, proiektu integratuko modulu bat.
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoa garatzeko prestatu zen arte plastikoetako eta diseinuko teknikariaren eta goi mailako teknikariaren tituluen curriculuma. Hartan, ezarri zen bazirela proiektu integratuko moduluak erdi eta goi mailako zikloetan, baita azken obra bat ere erdi mailako zikloetan eta azken proiektu bat goi mailako zikloetan; hortaz, modulu horiek zehaztu eta hezurmamitu behar dira maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretutik eratorritako arau esparru berriaren arabera.
Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendu orokorra arautzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretua garatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arte plastikoen eta diseinuaren lanbide ikasketen antolaketa eta garapena arautzen dituen abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuak honako hau ezartzen du 8.6 artikuluan: "Hezkuntza Departamentuak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen ebaluazio prozesuaren araudia garatuko du Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako".
Horretarako, Hezkuntzako kontseilariak emandako uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtagiria arautzen ditu. Foru agindu horren bigarren, hirugarren eta laugarren xedapen iragankorretan aipamenak egiten dira urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoarekin bat ezarritako arte plastikoetako eta diseinuko prestakuntza zikloetako ebaluazioari eta kalifikazioari buruz. Foru agindu horren azken xedapenetako lehenean ahalmena ematen zaio ikasketa horietan eskumena duen zuzendari nagusiari behar diren jarduketa guztiak egin ditzan han xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.
Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman zuen, ebazpen bat prestatzeko Hezkuntzako kontseilariak emandako uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren zenbait alderdi gara daitezen. Foru agindu horrek Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak egiten ari diren ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtagiria arautzen ditu.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
Lehena
Hezkuntzako kontseilariak emandako uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatzea, I. eranskinean ezarritako oinarriei jarraikiz. Foru Agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtagiria arautzen ditu.
Bigarrena
Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialari jakinaraztea, argitara daitezen.
Hirugarrena
Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Eskolatze Bulegora eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak emateko baimena duten arte eskoletara.
Laugarrena
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA. Arte plastikoetako eta diseinuko prestakuntza zikloak
1. Nafarroan arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzaren barruan ezarrita dauden prestakuntza ziklo guztiek, bai LOGSE aplikatuta bai LOE aplikatuta, uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduari eta haren garapena den ebazpen honi jarraituko diete ebaluazioaren arloan.
2. LOGSE aplikatuta ezarri ziren erdi mailako prestakuntza zikloak honela daude antolatuta: moduluak, enpresa, estudio eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko fase bat eta azken obra bat.
LOGSE aplikatuta ezarri ziren goi mailako prestakuntza zikloak honela daude antolatuta: moduluak, enpresa, estudio eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko fase bat eta azken proiektu bat.
3. Arte eskolako zuzendaritzak izendatuko du, prestakuntza zikloko moduluetan aritzen diren irakasleen artean, azken obra eta azken proiektua antolatu, garatu eta ebaluatzeko ardura izanen duen irakaslea.
Azken obra eta azken proiektua garatzeko eta ebaluatzeko prozesuan, dagokion zikloan aritzen diren irakasleek har dezakete parte, betiere arte eskolako zuzendaritzak izendatu ondoan.
Etengabeko ebaluazioa.
4. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide heziketako ikasleentzat oro har ezarritako ebaluazio sistema, modalitate orokorrean, etengabeko ebaluazioa da. Etengabeko ebaluazioak eskatzen du moduluetarako programatutako jardueretara erregulartasunez bertaratzea ikasleak. Orokorrean, modulu bakoitzaren iraupen osoaren ehuneko laurogeita bost egin beharko dute gutxienez. Bertaratzeko baldintza hori betetzen ez duten ikasleek etengabeko ebaluazioa izateko eskubidea galduko dute, gutxieneko bertaratze denborara iritsi ez diren moduluan. Horrek ez dakar berarekin klasera joateko eskubidea galtzea, ez eta ebaluaziorako eskubidea galtzea ere.
5. Etengabeko ebaluazioa ikasleak egunero egiten duen lanaren behaketan eta balorazioan oinarritutako ebaluazio sistema bat da eta, beraz, nahitaezkoa da ikaslea klaseetara eta prestakuntza jardueretara erregularki joatea. Hori horrela, ikasle bat klaseetara joaten ez bada, arrazoia edozein dela ere, ezin ditu proposatutako prestakuntza jarduerak egin eta horiek ezin dira ez behatu ez baloratu.
Horregatik, beharrezkoa da ebaluazio sistema eta tresnak egokitzea, horiek ikasleen egoera pertsonalaren arabera moldatzeko eta egokiro ebaluatzeko duen eskubidea errazteko. Horixe da etengabeko ebaluazioaren zentzua eta, horrekin batera, etengabeko ebaluazio hori izaterik ez duten ikasleendako beste ebaluazio sistema batzuk ezartzearena.
6. Moduluen edukiak kurtso batean baino gehiagotan banatuta daudenean, kurtso bakoitzeko eduki multzoen iraupen osoaren ehuneko laurogeita zortzia izanen da gutxienez asistentzia, oro har. Lehenengo kurtsoko eduki multzoari dagokion etengabeko ebaluaziorako eskubidea galdu izanak ez dakar berarekin bigarren kurtsoko eduki multzoari dagokion eskubidea automatikoki galtzea.
Modulu baten prestakuntza edukiak heziketa zikloa osatzen duten kurtsoetan zehar banatuta daudenean, modulu hori gainditzeko ezinbestekoa izanen da denak gainditzea. Horrenbestez, ezaugarri hori duten moduluen azken ebaluazioko deialdi arruntak ahitzen hasiko dira ikasleak modulu horien hezkuntza edukiak ematen direneko azken kurtsoan matrikulatuta daudenean.
Ebaluazio deialdiak: kopurua, deialdi arruntak eta aparteko deialdiak.
7. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 19.5 artikuluan xedatu bezala, gehienez ere 4 deialdi eginen dira modulu bakoitza gainditzeko. Horrenbestez, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzan LOGSEko curriculumaren arabera ezarritako prestakuntza zikloetan, modulu guztiek 4 deialdi izanen dituzte gehienez ere.
Ziklo horietan, enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoa bi deialditan ebaluatzen ahalko da gehienez ere.
Erdi mailako zikloetan, azken obra, orobat, lau deialditan ebalua daiteke gehienez ere. Era berean, goi mailako zikloetako azken proiektua ere lau deialditan ebalua daiteke gehienez ere.
8. Matrikulak, oro har, bi deialdi arruntetarako eskubidea emanen du ikasturte bakoitzean, lau deialdi arruntetako hiru ahitu dituzten ikasleen kasuan izan ezik, horiek bakarrerako eskubidea izanen baitute.
9. Salbuespenez, lau deialdi arruntak agortu dituzten ikasleek, baldin eta uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 9. artikuluan aipatutako egoeretan badaude, aparteko deialdi bat eskatzen ahal diote ikastetxeko zuzendariari. Modulu bakoitzeko aparteko deialdi bat eskatu eta emateko aukera dago, soilik.
Ezin da aparteko deialdirik egin enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza praktikorako fasean.
10. Azken ebaluazioko aparteko deialdirako eskaera idazki baten bidez eginen da, ikasleak eskaeraren xedea den modulua (edo moduluak) zein ikastetxetan egin duen, hango zuzendariari igorririk.
Aparteko deialdi hori eskatzeko epea, oro har, hiru hilabetekoa izanen da, laugarren deialdi arrunteko kalifikazioa jakinarazten denetik hasita.
11. Eskaera jasotakoan, zuzendariak, kasuan kasuko moduluko edo moduluetako irakasleari eta irakasle taldeko gainerakoei kontsulta egin ondoren, ebazpena emanen du eta idatziz jakinaraziko dio eskatzaileari. Ebazpena jakinarazteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da gehienez, eskaera jasotzen den egunetik hasita.
Aparteko deialdia emanez gero, hori zein egun eta modutan eginen den ere jakinaraziko ikasleari.
12. Aparteko deialdia jasotzen duten ikasleek berariazko matrikula egin behar dute hartaz baliatzeko. Matrikula hori bateragarria izanen da beste ikasketa batzuetako matrikularekin, eta ez du emanen klaseetara eta lantegietara joateko eskubiderik.
Nolanahi ere, kasu bakoitzaren inguruabarrak aztertu ondoren ikastetxeak bidezko deritzen hezkuntza neurriak ezarri ahal izanen ditu ikasleak aparteko deialdia gainditzeko, esaterako, klaseetan parte hartzea.
Azken ebaluazioko saioak LOGSEko curriculumaren arabera ezarritako zikloetan.
13. Moduluen azken ebaluazioko saioen kasuan, modulu bakoitzaren prestakuntza aldia amaitutakoan eginen dira azken ebaluazioko saioak, eta, prestakuntza zikloaren azken ebaluazioko saioaren kasuan, prestakuntza zikloa osatzen duten modulu guztiak nahiz enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoa amaitutakoan, baita azken obra amaitutakoan erdi mailako zikloetan, edo azken proiektua amaitutakoan, goi mailako zikloetan.
14. Ikastetxeko moduluen prestakuntza aldia amaitutakoan, horiei buruz eginen den azken ebaluazioko saioan, irakasle taldeak baloratuko du ea moduluen helburuak lortu diren, eta, tutorearen zuzendaritzapean, ikasleen modulu bakoitzeko kalifikazioa erabakiko du.
-Lehenengo mailan amaitutako prestakuntza moduluak. Azken ebaluazioko saioan irakasle taldeak, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, ikasleak bigarren mailara igarotzea baloratuko du.
-Bigarren mailan amaitutako prestakuntza moduluak (enpresa, estudio eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko fasearen aurretik eta, erdi mailako zikloetan, azken obraren aurretik, eta, goi mailako zikloetan, azken proiektuaren aurretik). Azken ebaluazioko saioan irakasle taldeak, idatz-zati honen hasieran adierazitakoaz gain, baloratuko du ikasleak sar daitezkeen enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza praktikoan edo azken obran (erdi mailako prestakuntza zikloetan) edo azken proiektuan (goi mailako prestakuntza zikloetan).
15. Prestakuntza zikloaren azken ebaluazioaren saioan, moduluak ez ezik, ondoko hau ere ebaluatuko da:
-Enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza praktikoaren helburuak bete diren ala ez, kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanik. Enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoaren ebaluazioan lan-zentroak bertako egonaldirako izendatutako heziketa arduradunak lagunduko du. Beraz, azken ebaluazioaren oinarriak arte eskolak izendatutako irakasle tutorearen jarraipena eta enpresa, estudio edo lantegiko heziketa arduradunak egindako txostena izanen dira.
-Azken obra erdi mailako zikloetan edo azken proiektua goiko mailako zikloetan. Azken obraren eta azken proiektuaren azken ebaluazioa prestakuntza zikloko curriculuma gainditutakoan eginen da.
Prestakuntza zikloaren azken ebaluazioaren saioan, irakasle-taldeak erabakiko du, halaber, ohorezko matrikularik eman behar den ala ez.
16. Ebaluazio partzialeko saioak amaitu ondoren, tutoreak ikasleei eta, hala badagokio, gurasoei edo legezko ordezkariei emaitzaren berri emanen die ebaluazio txostenaren bidez.
Azken ebaluazioko saioen epeak.
17. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide heziketako eskaintza orokorraren modalitatean, baldin eta moduluaren prestakuntzako eduki osoa lehenengo mailan ematen bada, azken ebaluazioko lehenengo saioa ekainean eginen da, oro har.
Era berean, enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza praktikoa eta azken obra (erdiko mailako zikloetan) eta azken proiektua (goiko mailako zikloetan) hasi baino lehen eginen da, oro har, ikastetxean bigarren mailan emandako moduluen azken ebaluazioko lehenengo saioa.
18. Ikaslearen aurrerapena moduluetarako aurreikusitako helburuekin bat ez datorrenean, horiek ematen dituzten irakasleek neurri egokiak hartuko dituzte programatutako emaitzak lor ditzaten ikasleek. Oro har, gainditu gabeko moduluen azken ebaluaziorako hurrengo deialdiak honela izanen dira: lehen mailan amaitutako moduluen ebaluaziorako irailean eta bigarren mailan amaitutakoen ebaluaziorako ekainean edo irailean.
19. Ikaslea bigarren mailara igarotzen denean lehenengo mailako zenbait modulu gainditu gabe, enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza praktikoa eta azken obra (erdi mailako zikloetan) eta azken proiektua (goiko mailako zikloetan) egin baino lehen egiten den azken ebaluazioko saioarekin batean eginen da gainditu gabeko modulu horien azken ebaluazioa.
20. Ikasleak moduluak gainditu gabe maila errepikatu behar badu, modalitate orokorrean deialdiak eta ebaluazio saioak dagokion ikasturterako antolatu direnak izanen dira.
21. Enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoan, bai eta azken proiektua eta azken obra garatzerakoan ere, zikloko irakasleak prest egon behar dira gainditu gabeko moduluak dituzten ikasleei edo azken obra edo azken proiektua egiten ari direnei laguntzeko, ikasturteko ordutegi eta toki beretan.
Unibertsitatean sartzea.
22. Goi mailako prestakuntza zikloetan azken ebaluazioko saioa egiteko egunak hautatzerakoan kontuan hartuko da ikasleek unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko aukera izan behar dutela, hala nahi izanez gero, ikasketa horietarako onarpen prozesuan eskubide osoz parte hartuz.
Horretarako, gainditu gabeko moduluen azken ebaluazioko bigarren deialdi arrunta, uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 15.2 artikuluak aipatzen duena, baita heziketa zikloaren azken ebaluazioko saioa ere (aipatu foru aginduaren 14.3 artikuluan aurreikusia) aurreko lerroaldean aipatzen diren datetan egin beharko direla.
Kalifikazioak.
23. Enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. Lehenengoan gainditu ezean, ikasleak beste aukera bat baizik ez du edukiko. Beraz, arte plastikoetako eta diseinuko heziketako ziklo bakoitzean, gehienez bi deialdi daude enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoaren azken ebaluaziorako. Bi deialdiak ikasturte berean egin daitezke.
24. Erdi mailako zikloetako azken obra eta goiko mailako zikloetako azken proiektua zenbakiz kalifikatuko dira, 0tik 10era, hamartarrik gabe, zikloa osatzen duten prestakuntza moduluetan bezala.
25. Egindako modulu guztien eta azken obraren (erdiko mailako zikloetan) eta azken proiektuaren (goiko mailako zikloetan) batez besteko nota haztatuen batuketa izanen da, bi hamartarretan adierazita, prestakuntza zikloaren azken kalifikazioa.
Batez besteko nota haztatua honela lortuko da: modulu bati, azken obrari (erdiko mailako zikloetan), edo azken proiektuari (goiko mailako zikloetan) dagozkien ordu kopurua, lortutako azken kalifikazioarekin biderkatuta eta horren emaitza moduluei eta azken obrari edo azken proiektuari dagozkien ordu kopuruaren batuketarekin zatituta.
Erreklamazioak.
26. Uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 18. artikuluan xedatuari jarraituko diote irakasle taldeak hartutako erabakien edo emandako kalifikazioen kontrako erreklamazioek.
Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan edo ebaluazioan eragina izanen duen edozein azterketa, lan edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko. Ikasleek, edo ikasle adingabeen kasuan, haien gurasoek edo legezko ordezkariek, eskubidea izanen dute modulu bakoitzaren irakasle titularrak eta azken obraren edo azken proiektuaren ardura duten irakasleek azalpenak eman diezazkieten balorazioen, kalifikazioen eta ebaluazioaren gainean.
27. Erreklamazioa ebaluazio partzialari buruzkoa denean, erreklamazioaren xede den moduluko irakasleengana jo beharko da, horiek ebatziko baitute eta ebazpena erreklamatzaileari jakinaraziko.
Ebaluazio partzialari buruzko desadostasunak bere horretan jarraitzen badu, erreklamatzaileak zilegi izanen du ebaluazioaren berrikusketa idatziz eskatzea Ikasketaburutzari, jarritako erreklamazioaren gaineko erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean. Halakoetan, ikasketaburuak erreklamazioaren xede moduluko irakasle titularrarekin aztertuko du gaia, eta beste kontsulta neurri batzuk ere hartzen ahalko dira, moduluko irakasle titularrak ebazpen egokia eman dezan erreklamazioaren gainean. Ebaluazio partzialen gaineko erreklamazioetarako bidea ikastetxean bertan bukatuko da.
28. Erreklamazioa azken ebaluazioari buruzkoa denean, ikasketaburuari aurkeztu beharko zaio, azken ebaluazio horretako emaitzak eta erabakiak jakinarazi eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean. Ikasketaburutzak horren berri emanen dio erreklamatutako azken ebaluazioaren xeden moduluari (edo moduluei) dagokion heziketa zikloko irakasle taldeari.
Prestakuntza moduluen, azken obraren, azken proiektuaren eta/edo prestakuntza zikloaren azken kalifikazioa berrikusteko erreklamazioaren kasuan nahiz kurtsoa igarotzearen inguruan, enpresa, estudio eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko fasean sartzearen inguruan, edo azken obran edo azken proiektuan sartzearen inguruan hartutako erabakia berrikusteko erreklamazioaren kasuan, prestakuntza zikloko irakasle taldeak aztertuko du erreklamazioa, hura aurkeztu eta bi eguneko epean, egindako alegazioak kontuan izanik.
29. Prestakuntza zikloko irakasle taldeak bilera berezia eginen du erreklamazioaren xede d(ir)en erabakia edo erabakiak aztertzeko. Tutoreak akta batean jasoko ditu egindako azterketa eta hausnarketak, baita erreklamazioaren xede izan den kalifikazioaren eta erabakiaren berrespena edo aldaketa ere. Akta hori ikasketaburuari igorriko zaio.
Ikasketaburuak idatziz jakinaraziko die ikasleei eta, adingabeak izanez gero, baita gurasoei edo legezko ordezkariei ere, erreklamazioaren gaineko ebazpen arrazoitua. Erreklamazioa egin ondoko bost egun balioduneko epean eginen da jakinarazpen hori. Horrekin bukaera emanen zaio ikastetxean erreklamatzeko prozesuari.
30. Ikastetxean erreklamatzeko prozesua bukatutakoan, ikasle erreklamatzaileak zilegi izanen du zuzendaritzari eskatzea, azken jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean, erreklamazioa hezkuntzako ikuskapenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusira igor dadila. Adingabeko ikasleen kasuan, eskaera beren legezko ordezkariek ere egiten ahalko dute.
Ikastetxeko zuzendaritzak, aurreko lerroaldean aipatutako eskaera egin eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean gehienez, erreklamazioari dagokion espedientea igorriko du hezkuntzako ikuskapenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusira. Dagokion zuzendari nagusiaren ebazpena, bide administratiboa amaituko duena, hamabost egun balioduneko epean jakinaraziko zaio erreklamatzaileari, espedientea jaso zenetik hasita. Ebazpen horrek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena kontuan izan beharko du.
31. Erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, bidezko zuzenketa agerraraziko da ikaslearen ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.
Hurrengo mailara igarotzea.
32. Hurrengo kurtsora igarotzeko, uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 20. artikuluan ezarritako moduan, ezinbestekoa izanen da prestakuntza modulu guztiak gainditzea, kurtso batean baino gehiagotan banatzen diren moduluen hezkuntza edukiak barne. Kurtso batean baino gehiagotan banatzen den modulu baten prestakuntza edukiak gainditu gabe igaroz gero hurrengo kurtsora, lehenengoan emandako orduak soilik hartuko dira kontuan kurtsoaren orduen %25 zenbatzeko, eta ez moduluaren ordu guztiak.
Enpresa, estudio eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko fasean eta azken obran (erdiko mailako zikloetan) edo azken proiektuan (goiko mailako zikloetan) sartzea.
33. Enpresa, estudio eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko fasean eta azken obran (erdiko mailako zikloetan) edo azken proiektuan (goiko mailako zikloetan) sartzeko, prestakuntza modulu guztiak gainditurik eduki beharko dira. Hala ere, irakasle taldeak baimena eman dezake bi lanbide modulu, gehienez, gainditu gabe dauzkaten ikasleek aipatutako heziketa praktikoan jarduteko, baina horretarako ezinbestekoa da gainditu gabeko moduluen iraupena ez izatea ikasturteko orduen %25 baino gehiago.
Hezkuntza Departamentuak onartzen ahalko du gainerako heziketa moduluak amaitu eta ebaluatu baino lehen enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoa egitea zenbait heziketa ziklotarako, berariazko ezaugarriak kontuan hartuta.
Matrikula baliogabetzea.
34. Matrikula deuseztatzeak berarekin dakar ikaslea matrikulatuta dagoeneko kurtsoko modulu guztien azken ebaluazioaren deialdiari uko egitea. Halakoetan, uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Matrikula deuseztatzeko eskaeraren gaineko ebazpena ikastetxeko zuzendaritzak emanen du, eta eskaera jaso eta zazpi egun balioduneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari zer erabaki hartu den.
Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da, eta kontuan hartuko da deuseztatze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina.
Deialdiari uko egitea.
35. Ebaluazio deialdiari uko egiteak prestakuntza modulu baten edo gehiagoren azken ebaluazioari uko egitea dakar berarekin, baina matrikula deuseztatu beharrik gabe. Halakoetan, uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 23. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Modalitate orokorrean ezin izanen da eskatu ikasturte bakoitzeko bi moduluri baino gehiagori uko egitea, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan izan ezik. Horrenbestez, uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 23. artikuluan xedatutakoarekin bat, zilegi izanen da ikasturte bakoitzean azken ebaluazioko deialdi arrunt bati edo biri uko egitea, gehienez ere bi moduluri dagokienez. Ukoaren xede den deialdi bakoitzeko berariazko eskaera bat egin beharko da.
Deialdiari uko egiteko eskaeraren gaineko ebazpena ikastetxeko zuzendaritzak emanen du, eta eskaera jaso eta zazpi egun balioduneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari zer erabaki hartu den.
Ebaluazio deialdiari uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan ikaslearen ebaluazio agirietan agerraraziko da. Kontuan hartuko da uko horrek baimendu den moduluaren deialdian bakarrik izanen duela eragina.