Castellano | Euskara | Français | English
(2007ko 42. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 4an; akats zuzenketa, 2007-06-22ko NAOn)
Atarikoa
I
Nafarroak, bere foru eraentzaren arabera, bide eta errepideen arloko ahalmen eta eskumen osoak izan ditu bere gain historian zehar.
Bide eta errepideak eraiki, finantzatu eta zaintzeko arloan Nafarroak izan duen araubide pribatibo berezi eta historikoa nabarmendu behar dugu; araubide hori izatea gure probintziaren berezitasuna zen Espainiako gainerako probintzien aldean, eta haren jatorria 1783an eta 1784an Karlos III.aren gobernuak emandako errege zedulak dira, eskumen hori Nafarroako Diputazioaren esku utzi zutenak. Une hartan, garrantzitsua izan zen, halaber, Errege Kontseiluak bere gain hartzen ez zuenari Diputazioak baliabide berekiez ekiteko erakutsi zuen borondatea. Ordutik hasita Nafarroako bide eta errepideen kudeaketa eta administrazioa foru eraentzaren erabileraren bereizgarrietako bat bilakatu da.
Nafarroako araubide pribatiboa gai honetan, gure erkidegoak honetaz beti eskumen osoa izan baitu, 1828ko eta 1829ko Nafarroako Gorteen 39. Legean jaso zen jada. Era beran, Foruak berresteko 1839ko urriaren 25eko Legea eta 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua foru eraentza aitortzeko xedapen funtsezkoak dira. Biek ala biek Nafarroako jatorrizko zuzenbide historikoetan dute oinarri, eta haien babesean gorde eta garatu da foru eraentza.
Foru eraentzak errepideen arloan duen berezitasuna behin baino gehiagotan aitortu dute espresuki estatuko legegileek. Halatan, Errepideei buruzko abenduaren 19ko 51/1974 Legeak indarra zuela, eta haren azken xedapenetako laugarrenean xedatutakoarekin bat, urriaren 31ko 2875/1975 Dekretuaren bidez lege hori Nafarroarako moldatu zen. Hauxe xedatu zuen 4. artikuluan: "Aipatutako errepideei buruzko legea Nafarroan eta bere foru administrazioko organo eskudunetan aplikatuko da soilik eraentza berezi horren printzipio eta arauen kontra ez doanetan, eta ebazpenak lurralde horretan indarra duen kontrol juridikoaren menpean egonen dira.
1978ko abenduaren 27ko Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatzen denez, Konstituzioak foru lurraldeetako eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu. Nafarroak errepideen arloan dituen eskumenak aitorturik daude gaur egun, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. artikuluko ) eta 3. idatz-zatietan jasota dago eskumen historiko eta esklusiboak direla.
Esparru sektorialean, Nafarroako eraentzaren berezitasuna, gaur egun eta estatuko legeriari dagokionez, Errepideei buruzko uztailaren 29ko 25/1988 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ageri da jasota, hauxe xedatzen baitu: "Eskubide historikoak dituzten foru lurraldeetako gobernu organoen eskumeneko errepideak araubide juridiko indardunari jarraikiz planifikatu, proiektatu, eraiki, zaindu, aldatu, finantzatu, erabili eta ustiatuko dira".
Nafarroa asko baliatu da arlo honetako eskumenez, eta errepide sare osatua ezarri du, bere arau multzo berariazkoa garatzearekin batera. Aitzitik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoa onetsi ondoren, Nafarroako errepide sarean handitze eta hobetze material garrantzizkoak egin dituen arren, bertako legeriaren bilakaera ez da parekoa izan. Ildo horretan, gaur arte arlo honetako funtsezko eta oinarrizko araua izan den Nafarroako errepideen babeserako urriaren 10eko 11/1986 Foru Legeak gabeziak ditu egun, eta hori oztopo da errepideak era modernoan kudeatu eta ustiatzeak dakartzan premiei erantzuteko, garrantzi handiko zerbitzu publikoa den aldetik behar duen kalitate mailarekin.
Foru lege honen asmoa egoera hori aldatzea da. Testu berriak errepideen arloko legeak berritu, gaurkotu eta modernizatzeko asmoa du, eta aldi berean errepideei eragiten dieten alderdi guztien garapen osatua egitea, iragan den denboran atzemandako beharretarako konponbide eraginkorrak eskaintzeko filosofiatik abiaturik eta gai honetan gureganatu dugun esperientzia kontuan hartuta.
II
Esan bezala, testu berriaren abiapuntua kezka bat da, foru legearen aplikazioa ahal den eraginkorrena izatea alegia, eta xedea du tresna erabilgarria izatea, Nafarroako errepideen sare zabala egokiro kudeatzen lagungarri, horrela bideetako zerbitzu publiko hobea eta errepideen herritar erabiltzaileentzako arreta ere hobea lortzeko.
Xede hori, foru legearen egituran eta luzeran bertan agerian geratzen denez, testu osoan zehar islatu da zalantzarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren bideen jabari publikoa planifikatu, proiektatu, finantzatu eta eraikitzeari buruzko arauak emanez, bai eta haien ustiapen eta babesari buruzkoak ere.
Foru legeak zazpi titulu ditu, lau xedapen gehigarri, bi iragankor, indargabetzaile bat eta bi azken xedapen; bi eranskin ere baditu.
I. tituluan foru legearen xedea eta helburua zehazten dira, errepidearen ohiko esparrua gainditu eta bideen jabari publikoaren esparru zabalagoan kokatuz. Halatan, bi alderdi bateratu nahi izan dira: errepidea bera eta harekin loturik dauden gainerako elementuak batetik eta errealitate konplexu horri aplikatzen zaion araubide juridiko berariazkoa bestetik. Guztia ahaztu gabe gaur egun ere errepidea bera dela, bere titularitatearen bitartez, bere baitan biltzen dituena bideetako zerbitzu publikoa deitutakoaren erantzukizuna eta titularitate horretaz baliatzeak dakartzan eskumenak eta ahalmenak. Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari aitortzen zaion titularitatea Nafarroako errepide sarea izenekoari loturik agertzen da; sare horretan sarturik egoteko bi baldintza ezartzen dira: errepidea Foru Komunitateko lurraldean barna joatea eta Nafarroako errepideen katalogoan sartuta egotea. Katalogo hori da Nafarroako Errepideen Sareko errepideak identifikatu eta haien inbentarioa egiteko tresna publikoa.
Foru legearen I. tituluaren gainerako edukia honakoek osatzen dute: errepidearen kontzeptua, errepidearen zatiak eta motak, eta bideen jabari publikoan sarturik dauden eremu funtzionalak eta zerbitzukoak. Legearen atal horretan nabarmendu beharra dago, berriak baitira, administrazioak arlo honetan jarduteko irizpide orokorrak ezartzen dituen agindua, zeinak gure garaiko administrazio moderno batek dituen eskakizunei erantzuten dien, eta errepideen definizioa eta sailkapena, bide bikoiztuak eta prestazio handiko errepideak ere barne hartzen dituen; aipatutako bi bide mota horiek, autobideek eta autobiek osatzen dute Nafarroako edukiera handiko errepideen sarea.
II. titulua errepideak planifikatu, proiektatu eta eraikitzeari buruzkoa da, eta Nafarroako berezko araudian arlo honetan dagoen hutsunea betetzeko xedea du. Kasu bakoitzean lanerako tresna malgu eta zaluak eskaintzeko asmoa du atal horrek, baina bermatuz, aldi berean, errepideak segurtasun juridiko, koordinazio, herritarren parte-hartze eta kalitate maila egokiekin jartzen direla abian. Kapituluetako lehenak aurrenekoz arautzen du osotara Nafarroako errepideen plan zuzendariari dagokion guztia; plan zuzendaria Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren esparruan errepideak planifikatzeko tresna tekniko eta juridikoa da, lurralde antolamenduko tresnaren izaerarekin. Bigarren kapituluan errepideak egiteko behar diren dokumentu teknikoak aurreikusten dira (azterlan informatiboak eta eraikitze proiektuak), horien edukia eta izapidetze-prozedura zehaztuta. Azkenik, kapitulu batek hiri planeamenduaren eta bide planeamenduaren arteko koordinazioa du mintzagai, garrantzi handikoa baita Nafarroako errepide sarearen planifikazioan, zenbait administrazio ezberdinen eskumenen jokaleku izanik.
III. titulua bideen jabari publikoko jarduketei eta haren ustiapenari buruzkoa da. Finantzazioari dagokionez, berritasun handiena hura lege testuan agertzea bera da, finantzabide gehienak ezagunak baitira. Legeak finantzazioa aitortzeak eraginkortasuna areagotzea eta baliabideak lortzeko bide gehiago lantzea du xede, bideen zerbitzu publikoa kalitatezkoa izan dadin. Ustiatzeari buruzko kapituluan zuzeneko kudeaketari eutsi zaio; ahal dela doakoa izanen da erabiltzaileentzat, baina beste aukera batzuetara irekia, besteak beste Nafarroako errepide sarea kudeatzeko ente instrumentalak sortzea.
IV. tituluan bideen jabari publikoa babesteko araubidea xedatzen da. Horretarako, I. eta II. kapituluetan aldameneko ondasunei mugak ezarri eta erabilerak kontrolatzeko ohiko sistema jasotzen da, errepideko babes eremuak (alboko jabari publikoko eremuak eta zortasun eremuak) eta eraikinen lerroa ezarriz eta mugatuz. Errepideetako publizitatea III. kapituluan arautu da, eta IV. eta V. kapituluetan baimen orokorrak eta bereziak, hurrenez hurren. Kasu berezien artean itxiturak, sarbideak eta zerbitzuguneak paratzeko baimenak daude aurreikusirik. IV. tituluko azkeneko kapitulua bideen arloko legeak babesteko neurriei buruzkoa da, eta hori berritasuna da errepideen arloan, xedea izanik administrazioaren erantzuna azkarragoa eta egokiagoa lortzea bide arloko arau-hausteen aurrean.
V. tituluko hiru kapituluak hiri barneko tarteei eta zeharbideei buruzkoak dira. Bertan bi kontzeptuak eta eskumenen araubidea zehazten dira, betiere administrazio publiko ezberdinen ardurapean dauden jarduketa-esparru horien kudeaketa hobetzeko helburua kontuan hartuta uneoro. Horri dagokionez, kasu horietan eskumenen banaketa aipatu beharra dago, izan ere errepideek hiri barnean egiten dituzten tarteetan toki entitateak dira baimenak eman eta zehapen ahalmenaz baliatzeko eskumenak dituztenak, salbu eta galtzadaren errealitate fisikoari edo errepidearen zelaigunearen gainerakoari eragiten badio, horrelakoetan eskumena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan errepideen eskumena duen departamentuarena izanen baita. Era berean, errepideen arloko eskumena duen departamentuaren eta kasuan kasuko toki entitatearen arteko lankidetzaren beharra xedatzen da, zeharbideetan oinezkoen eta ibilgailuen elkarbizitza errazteko eta hartara hiriko bizi kalitatea eta bide segurtasuna hobeak izan daitezen.
Zeharbideak hiri barneko bide bihurtzea aurreikusten da, eta horren ondorioz Nafarroako errepide saretik atera eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak dagokion toki entitatearen esku uztea, titularitatea horrena izanen delako hortik aurrera. Tituluaren amaieran Nafarroako zeharbideen inbentarioa arautzen da.
VI. tituluan, Nafarroako Foru Komunitateak beste administrazio batzuekin izan beharreko lankidetza ahalik eta hoberena izateko jarraibideak jasotzen dira; horretarako, Estatuko administrazio orokorrarekin nahiz errepideen arloan eskudunak diren lurralde-administrazio mugakideekin protokolo edo hitzarmenak egitea aurreikusten da.
Azken titulua zehapen araubideari buruzkoa da. Hiru kapitulu ditu, honakoak arautzeko: bideen arloko arau-hausteak, horiei dagozkien zehapenak, eta herritarren bermetarako xedatzen den zehatzeko prozedura administratiboa.
Gainerakoak xedapen gehigarriak, iragankorrak, indargabetzailea eta azken xedapenak dira, bai eta bi eranskin ere: Nafarroako errepideen katalogoa eta Nafarroako zeharbideen zerrenda biltzen dituena bata, eta bestea errepidearen eta haren atalen irudikapen grafikoa biltzen duena, babes eremuak, eraikinen lerroa eta publizitatea galarazita dagoen eremua barne, betiere foru lege honetan ezarritako errepide mota desberdinen arabera bereizirik.
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Foru lege honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren bideen jabari publikoa arautzea da, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. artikuluko 1. idatz-zatiko f) letran eta 3. idatz-zatian xedatutakoaren babesean.
2. artikulua. Bideen jabari publikoa.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren bideen jabari publikoa hauexek osatzen dute, foru lege honetan araututako baldintza eta kasuetan:
a) Haren titularitateko errepideak.
b) Errepideetako eremu funtzionalak eta zerbitzukoak, bai eta horietan dauden eraikinak eta instalazioak.
c) Haren titularitateko errepideen eta hauen eremu funtzionalen eta zerbitzuen alboko jabari publikoko eremua.
3. artikulua. Nafarroako errepide sarea.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa da Nafarroako errepide sarearen titularra. Sare hori Foru Komunitateko lurraldean barna iragaten diren eta Nafarroako errepideen katalogoan dauden errepideek osatzen dute. Gauzak horrela, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa da bideen zerbitzu publikoaren arduraduna, bai eta foru lege honen bidez aitortzen zaizkion eskumenen eta prerrogatiben erabilera egokiarena ere.
4. artikulua. Nafarroako errepideen katalogoa.
1. Nafarroako errepideen katalogoa da Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren titularitateko Nafarroako errepideen sareko errepideak identifikatu eta haien inbentarioa egiteko tresna publikoa.
2. Katalogoan honakoak jasoko dira: errepideen sailkapen funtzionala, identifikazioa, izena, jatorria, destinoa eta luzera, bai eta haien adierazpen grafikoa errepideen mapa ofizialean.
3. Nafarroako errepideen katalogoa errepideen arloko eskumena duen departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez onetsi eta gaurkotuko da, errepideak edo errepide tarteak eransteko nahiz kentzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ondareari buruzko araudian aurreikusitako izapideak bete ondoren, beharrezkoa bada.
4. Nafarroako errepideen katalogoa gutxienez urtean behin gaurkotuko da; ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta errepideen mapa ofiziala ere plazaratuko da. Nafarroako errepideen mapa ofiziala Nafarroako Gobernuaren atari birtualean ere egonen da herritarren eskura.
5. artikulua. Errepideen kontzeptua.
1. Errepideak nagusiki ibilgailuen zirkulaziorako proiektatu eta eraikitako bideak dira, jabari eta erabilera publikokoak.
2. Foru lege honen ondorioetarako, honako hauek ez dira Nafarroako errepide sarekoak:
a) Abelbideak.
b) Soro eta basoetako bideak.
c) Toki entitateen, beste entitate publikoen edo partikularren titularitateko bideak, kaleak eta errepideak.
d) Jabeek eraikitako zerbitzu bideak eta gainerako bideak, titularren jarduera berariazkoen osagai laguntzaileak edo osagarriak izan daitezen.
6. artikulua. Errepide motak.
1. Errepideen sailkapena hauxe da: autobideak, autobiak, bide bikoiztuak, prestazio handiko errepideak eta errepide arruntak.
2. Autobideak soilik ibilgailuen zirkulaziorako bereziki proiektatu eta eraiki diren errepideak dira, izaera horri dagozkion seinaleak dituztenak eta ondoko ezaugarri hauek ere:
a) Galtzada desberdinak dituzte, zirkulazioaren norabide bakoitzeko bat, zirkulaziorako ez den lur zerrenda batek bereiziak, salbu eta zati berezietan edo aldi baterako.
b) Ez dute sestra bereko gurutzagunerik beste komunikazio bide batekin edo bide zortasun batekin, ezta oinezkoen pasabideekin, bidegorriekin, trenbideekin edo bestelako azpiegiturekin ere.
c) Ondasun mugakideek ez dute sarbide zuzenik bertara.
d) Bi aldeetan hesiturik daude, luzera osoan.
e) Azpiegiturara sartzeko kontrola dute.
Mota honetan bidesaririk gabeko autobide tarteak sarturik daude.
3. Autobiak izaera horrekin bereziki proiektatu, eraiki eta seinalatutako errepideak dira, ezaugarri hauek betetzen dituztenak:
a) Galtzada desberdinak dituzte norabide bakoitzeko, luzeran ezarritako elementu fisikoen bidez edo zirkulaziorako ez den lur zerrenda batez bereiziak, salbu eta tarte berezietan edo aldi baterako.
b) Ez dute sestra bereko bidegurutzerik beste komunikazio bide batekin edo bide zortasun batekin, ezta oinezkoen pasabideekin, bidegorriekin, trenbideekin edo bestelako azpiegiturekin.
c) Ondasun mugakideek sarbide mugatua dute bertara.
d) Bi aldeetan hesiturik daude, luzera osoan.
4. Bide bikoiztuak ondoko baldintzak betetzen dituzten errepideak dira, gehienetan hiri barnekoak:
a) Galtzada desberdinak dituzte norabide bakoitzeko, hiri-erdibitzaile batez, zirkulaziorako ez den lur zerrenda batez edo luzeran ezarritako elementu fisikoez bereiziak, salbu eta tarte berezietan edo aldi baterako.
b) Elkarguneak gehien bat sestra berekoak dira, biribilgune itxurakoak.
c) Sestra bereko bidegurutzeak izan ahal dituzte, oinezkoentzako pasabideekin edo bidegorriekin, salbu eta bide segurtasuneko arrazoiengatik sestra desberdineko bidegurutzeak justifikaturik daudenean.
d) Ondasun mugakideek sarbide mugatua dute bertara.
e) Luzetarako hesirik gabe, tarte berezietan salbu.
f) Alboetan hiri integrazioko elementuak izan ditzake.
5. Prestazio handiko errepideak ezaugarri hauek dituztenak dira:
a) Zirkulazio norabide bikoitza galtzada bakarrean; trafikoaren bi norabideak bereizteko elementuak paratu daitezke.
b) Trazaduraren luzeraren zati nabarmen batean hirugarren erreia dute, aurreratzeak errazteko; laugarren erreia ere izan dezakete goitik beherako malda handietan, ibilgailu astunentzat.
c) Beste errepideekiko elkarguneak sestra desberdineko lotuneen bidez eginen dira, ahal den neurrian.
d) Ondasun mugakideetatik zuzeneko sarbideak mugaturik egonen dira hein batean.
e) Luzetarako hesirik gabe, tarte berezietan salbu.
6. Errepide arruntak honako ezaugarri hauek betetzen dituztenak dira:
a) Zirkulazio norabide bikoitza galtzada bakarrean.
b) Beste errepide arruntekiko elkarguneak sestra berean izanen dira, ahal dela.
c) Ondasun mugakideetatik sarbideak ez daude mugaturik, baina bide segurtasunari eta errepideen diseinuari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da.
d) Ez dago luzetarako hesirik.
Hauxe da errepide arrunten sailkapena, haien ezaugarri funtzionalen arabera: interes orokorreko errepideak, Foru Komunitatearen interesekoak eta tokikoak.
6.1. Interes orokorreko errepideak autonomia erkidegoen arteko edo nazioarteko ibilbideak osatzen dituztenak dira, trafiko bolumen nabarmenarekin.
6.2. Foru Komunitatearen intereseko errepideak interes orokorrekoak izan gabe Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea barnetik egituratzen dutenak dira, bai eta mugakide diren autonomia erkidegoekiko edo erregioekiko lotune direnak ere.
6.3. Tokiko errepideak komunikazioen sare kapilarra osatzen dutenak dira, maila altuagoko errepideen eta populazioguneetako sarbideen arteko loturarako bide emanez, baita Nafarroako Foru Komunitatearen mugakide diren lurraldeekin egituratzen duten loturarako ere.
7. Nafarroako edukiera handiko errepideen sarea autobideek, autobiek, errepide bikoiztuek eta prestazio handiko errepideek osatzen dute.
7. artikulua. Jarduketarako irizpide orokorrak.
Errepideak planifikatu, proiektatu, eraiki, zaindu eta ustiatzeko honako jarduketa irizpide orokor hauek hartuko dira aintzat:
a) Zerbitzuaren funtzionaltasuna, erosotasuna eta kalitatea erabiltzailearentzat, Nafarroako errepide sareak zerbitzu publikoaren eginkizuna bete dezan eta behar sozial eta ekonomikoekin bat erabil dadin.
b) Bide segurtasuna. Bide segurtasunaren hobekuntzak Nafarroako errepide sarean egiten diren jarduketa guztietan izan beharko du tokia.
Betiere errepidearen erabiltzaileentzako arriskua gutxitzea faboratuko da; horretarako, optimizatuko eginen dira, bide segurtasunaren ikuspuntutik, babes-elementuak eta bide sarea osatzen duten bestelako elementuak.
c) Zaintze eta mantentze lanak. Erabilgarri dagoen bide sarearen kalitateak eta egoera onak lehentasuna izanen dute, bide ondarea zaindua egon dadin eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzu publikoaren maila ere egokia izan dadin.
d) Lurralderako irisgarritasuna. Populazioaren irisgarritasuna erraztea jarduketarako oinarrizko irizpidea da, Nafarroako Foru Komunitatean hiri eta lurralde garapen orekatua lortzeko helburuarekin.
e) Ingurumen integrazioa. Errepideen arloko jarduketek modu berezian hartuko dute kontuan ingurumen eta kultura ondarearen errespetua eta zainketa.
f) Teknologia berrien aplikazioa. Nafarroako errepide sarean egiten diren jarduketetan, informazio eta komunikazioaren teknologietan gertatu diren aurrerapenak kontuan hartuko dira, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea, bide segurtasuna eta mugikortasun iraunkorra etengabe hobetzeari begira.
8. artikulua. Errepidearen zatiak: zelaigunea, galtzada eta bide-bazterrak.
1. Errepide baten zelaigunea galtzadatik kanpo eta luzetara dauden bi lerroren artean dagoen azalera da, jabari publikokoa. Zelaigunearen kanpoko lerroa, errepidearen bazter bakoitzean, lur-erauzketaren ezponda edo lubeta eta berezko lurra elkartzen diren gunea da. Lur-erauzketaren babes-arekak edo lubeta-oinarrikoak baldin badaude, zelaigunearen kanpoko lerroa areka hori mugatzen duen kanpoko lerroa izanen da.
Berezko lurra errepidearen sestra berean dagoenean, zelaigunearen kanpoko lerroa areka hori mugatzen duen kanpoko lerroa izanen da. Arekarik ez badago, zelaigunearen kanpoko lerroa galtzadaren erreiak mugatzen dituen kanpoko lerrotik metro batera egonen da, edo bide-bazterra mugatzen duen kanpoko lerroan, bide-bazterrik baldin badago.
Fabrika-obretan, zelaigunearen kanpoko lerroa ezarriko du kanpoko paramentuak edo haien zimenduak berezko lurrarekin elkartzen diren guneak.
Tunelak, zubiak, bide-zubiak, egiturak edo antzeko lanak dauden errepide tarteetan, zelaigunearen kanpoko lerroa lanak lurrean mugatzen dituen kanpoko lerroaren proiekzio ortogonala izanen da.
Salbuespen gisa, jabari publikoaren azalera egituren euskarrietako zimenduek hartutako lurretara mugatu ahalko da, inguruko hiru metroko lur-zerrenda bat gehituta. Edozein kasutan, egituren edo antzeko obren euskarriek eta zimenduek hartutako lurra jabari publikokoa izanen da. Ukitutako gainerako lurra pertsonentzako eta ibilgailuentzako bide zortasunaren menpe geldituko da, beharrezkoa baita errepidearen funtzionamendu eta zainketa egokia ziurtatzeko.
2. Galtzada errepideko zati zolatua da, ibilgailuen zirkulaziorako erabiltzen dena.
3. Bide-bazterra galtzadaren ondoan, luzetara, dagoen zerrenda zolatua da, ibilgailuek erabiltzen ez dutena, salbuespenezko kasuetan ez bada. Errepide batzuek bide-bazterrak dituzte eta beste batzuek ez.
9. artikulua. Errepideetako eremu funtzionalak eta zerbitzukoak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eremu funtzionalak eta zerbitzukoak ezarri ahal ditu, bideen jabari publikoan sartuak, beharrezkoak iritziz gero errepideen zainketa eta ustiaketarako, erabiltzaileentzako erosotasuna eta arreta egokiak izateko eta Nafarroako errepide sareko zirkulazioaren funtzionamendu onerako.
2. Eremu horietan zainketa eta ustiaketa zentro operatiboak paratu ahalko dira, ibilgailuak ikuskatu eta pisatzeko tokiak, autobus geltokiak, erregaiak hornitzeko instalazioak, atsedenguneak eta antzeko zerbitzuak.
Eremu funtzional eta zerbitzukotzat hartuko dira, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko garraio eta komunikazioen sistema orokorra antolatu, hobetu edo erregularizatzeko lurrek edo instalazioek osatzen dituzten azpiegitura osagarriak, hala nola geltokiak, zentroak, trukerako guneak, aparkaleku gomendatuak eta antzeko beste edozein.
3. Eremu funtzionalak eta zerbitzukoak mugatzeko irizpideak aurreko artikuluan errepideetarako erabili diren berberak izanen dira.
II. TITULUA. PLANIFIKAZIOA, PROIEKZIOA ETA ERAIKUNTZA
I. KAPITULUA. Nafarroako errepideen plan zuzendaria
10. artikulua. Kontzeptua.
1. Nafarroako errepideen plan zuzendaria da Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren esparruan errepideei buruz urte anitzeko plangintza egiteko tresna tekniko eta juridikoa.
2. Nafarroako errepideen plan zuzendariak, Nafarroako Parlamentuak onetsi ondoren, gobernuak obeditu beharreko lurralde antolamenduko tresna izaera du, lurraldearen antolamendu eta hirigintzari buruzko foru legerian xedatutakoari jarraikiz.
11. artikulua. Izaera.
Nafarroako errepideen plan zuzendaria hirigintza arloko antolamenduari nagusituko zaio bideen eta komunikazioen sistemari dagokion alderdietan. Ondorio horietarako, loteslea izanen da toki entitateentzat, erakunde publikoentzat eta beste administrazio batzuentzat, eta hauek bete egin beharko dituzte bide antolamenduaren arloan ematen dituen xedapenak.
12. artikulua. Edukia.
Nafarroako errepideen plan zuzendaria honako zehaztapen hauek kontuan hartuz eginen da:
a) Helburuak finkatzea eta haien arteko lehentasunak ezartzea.
b) Bide sistema osatzen duten elementuen programazio, eraikuntza eta zainketari aplikatzekoak zaizkien irizpide orokorrak ezartzea.
c) Nafarroako errepide sarearen egoera deskribatu eta aztertzea, bai eta horien eremu funtzional eta zerbitzukoena ere, alderdi hauen inguruan bereziki: egoera funtzionala eta zainketakoa, bide segurtasuna, mugikortasun iraunkorra, zerbitzuaren kalitatea, garraio sistema orokorra, lurralde eredua eta aldagai sozioekonomiko nagusiak.
d) Sareko errepide tarteak foru lege honen 6. artikuluan aurreikusitako errepide mota desberdinei atxikitzeko irizpideak.
e) Plana gauzatzeko behar diren baliabide ekonomikoak, finantzarioak eta antolaketakoak zehaztea.
f) Planean jasotako jarduketek ingurumenean duten eraginaren azterketa orokorra.
g) Plana garatu eta kudeatzeko prozedurak zehaztea.
h) Helburuen betetzea ebaluatzeko eta plana berrikusteko ebaluazio irizpideak eta prozedurak definitzea.
13. artikulua. Agiriak.
Nafarroako errepideen plan zuzendaria honako agiri hauek osatuko dute:
a) Memoria, aurreko planaren betetzeari buruzko ebaluazioa bilduko duena.
b) Aurreikusitako jarduketak.
c) Dokumentazio grafikoa eta planoak.
d) Baliabide ekonomiko eta finantzarioak aztertu, zehaztu eta programatzea.
e) Plana garatzeko jarduketa programa, lehentasunekin eta kronogramarekin.
f) Ingurumen eraginen azterlana.
g) Bide segurtasunean izanen duen eraginaren azterketa eta ebaluazioa.
14. artikulua. Egiteko prozedura.
Nafarroako errepideen plan zuzendariaren prestaketari errepide plan zuzendari indardunaren mugaeguna baino lehen ekingo zaio, eta izapidetzeko eta onesteko prozedura hauxe izanen da:
1. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak Nafarroako errepideen plan zuzendariaren prestaketa onetsiko du, eta edukiaren helburuak eta jarraibideak ezarriko.
2. Plan zuzendari berriaren proposamena biltzen duen dokumentua behin prestaturik, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak ekonomia arloko eskumenak dituen departamentuari igorriko dio plan zuzendaria, honek txostena eman dezan.
3. Behin departamentu horrek txostena emanda, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuei igorriko die Nafarroako errepideen plan zuzendariaren proposamena, planaren edukiari buruzko iritzia eman dezaten, bereziki lurraldearen antolamenduari dagokionez.
4. Nafarroako Gobernuko departamentuetako txostenak jaso ondoren, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak ingurumeneko eskumenak dituen departamentura igorriko du plana, ingurumenaren ikuspuntutik egokia dela egiazta dezan.
5. Ingurumen aldetiko egokitasuna egiaztaturik, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak Nafarroako Gobernuaren esku utziko du plan zuzendaria, honek aintzat har dezan.
6. Aintzat hartua izan ondoren, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak jendaurrean jarriko du plan zuzendaria, bi hilabetez, eta epe horretan entzutea emanen die ukitutako toki entitateei eta planarekin lotura handiena duten gizarte-eragile eta -entitateei.
7. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentura igorriko du plan zuzendaria, jendaurreko eta entzutea emateko epeetan aurkeztutako alegazioei eta oharrei buruzko txostenarekin batera, departamentu horrek ingurumen eraginei buruzko deklarazioa izapidetu dezan.
8. Ingurumen eraginen deklarazioa egin ondoren, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak plan zuzendariaren behin betiko dokumentua prestatuko du, aurreko prozedurako zehaztapenak barne, eta Nafarroako Gobernuari proposatuko dio aintzat har dezan plan zuzendaria, Nafarroako Parlamentura igortzeko.
9. Nafarroako Parlamentuak eztabaidatu eta onetsiko du Nafarroako errepideen plan zuzendaria. Parlamentuak onetsi ondoren, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak argitaratu eginen du.
15. artikulua. Indarraldia eta berrikustea.
1. Nafarroako errepideen plan zuzendariak zortzi urteko indarraldia izanen du gehienez, eta planean bertan aurreikusitako kasuetan berrikusi ahalko da.
2. Plana berrikusteko prozedura hura onesteko ezarritakoaren araberakoa izanen da.
3. Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak proposaturik eta aurreko artikuluan aurreikusitako izapideak bete ondoren, jarduketa bereziak erantsi ahalko dizkio errepide plan zuzendari indardunari, salbuespenez.
II. KAPITULUA. Azterlanak eta proiektuak
16. artikulua. Dokumentu teknikoak.
1. Kapitulu honetan adierazitakoari jarraikiz, errepide tarte berriak egiteko lanetarako agiri teknikoak hauexek izanen dira: azterlan informatiboak eta eraikitze proiektuak.
2. Honako obrak ez dira errepide tarte berritzat hartuko: trazadura egokitzea, plataforma zabaltzea, bide segurtasuneko jarduketak, zoru hobekuntzak, zainketa lanak eta, oro har, lehendik dauden errepideen funtzionaltasunaren edo trazaduraren aldaketa garrantzitsurik ez dakarten jarduketa guztiak. Kasu horietan, lan horien gauzatze teknikoa zuzenekoa izan ahalko da, azterlan informatiboren beharrik gabe, kasuko eraikitze proiektuaren bidez edo errepideen zainketako lanen barruan. Jendaurrean jartzea ere ez da aginduzkoa izanen, salbu eta desjabetzeetarako beharrezkoa denean.
17. artikulua. Azterlan informatiboa.
1. Errepide tarte berriak egiteko lanetarako azterlan informatiboa egin ahalko da, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak hala erabakitzen duenean jarduketaren garrantzi edo konplexutasun teknikoa dela-eta edo lurraldean duen eragin nabarmenagatik.
2. Azterlan informatiboa jarduketa jakin baten konponbideak eta alternatibak zehazteko behar diren datuak bildu eta aztertzean datza; azterlanak konponbide eta alternatiba horien balorazioa eta hierarkia ezarriko ditu, dituzten eragin guztiak kontuan hartuz, ingurumenarentzako aurreikus daitezkeen eraginak barne direla, bai eta ondare historiko, kultural eta arkeologikoarentzako aurreikus daitezkeenak ere; halaber, konponbide edo alternatiba bakoitzak bide segurtasunean izanen duen eragina ere ebaluatuko da, eta, azkenean, irizpide sorta bat biltzen duen azterketa jasoko da.
3. Hauxe jasoko du azterlan informatiboak:
a) Azterlanaren xedea eta proposatutako konponbidearen kontzeptu orokorra justifikatzen duten inguruabarren azalpena.
b) Trazadurarako aztertutako alternatiba guztien definizio geometriko eta funtzionala, dagokion eskalan, lotuneen eta elkarguneen kokapena eta motak ere adierazirik.
c) Trafikoari eta mugikortasunean duen eraginari buruzko azterlan bat.
d) Bide segurtasunari buruzko azterlan bat.
e) Aukera guztien ingurumen eraginen azterlana, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedura aginduzkoa bada. Aginduzkoa ez bada, berriz, alternatiben azterketa ingurumenaren ikuspuntutik, eta beharrezkoak diren zuzenketa eta babes neurriak.
f) Lurralde eta hirigintza planeamenduan dituen ukipenak.
g) Alternatiba bakoitzaren balorazio ekonomikoa.
h) Aukeretako bakoitzaren alde on eta txarren eta kostuen azterketa eta neurketa, bai eta funtzionaltasunean, segurtasunean, ingurumenean, lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan duten eragina ere.
i) Balorazio onena duen alternatiba identifikatzea, irizpide anitzeko azterketa egin ondoren.
18. artikulua. Eraikitze proiektua.
1. Eraikitze proiektua jarduketa definitzen duen agiri tekniko eta ekonomikoa da, eta obrak burutzea ahalbidetzen duten xehetasun guztiak ematen ditu.
2. Kontratu publikoei buruzko araudian eta aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritakoa galarazi gabe, eraikitze proiektuetako edukia errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak ezarriko du kasu bakoitzean.
19. artikulua. Azterlanak eta proiektuak prestatzea.
1. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak prestatuko ditu azterlanak eta proiektuak, bere langileak eta bitartekoak erabiliz edo hirugarrenak kontratatuz. Azterlan eta proiektuen zuzendaritza eta gainbegiratzea, betiere, behar besteko gaitasun teknikoa duten langileek eginen dute, errepideen eskumenak dituzten departamentukoek.
2. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak hitzarmenak edo gomendioak egin ahalko ditu beste administrazio, sozietate edo ente publiko, erakunde edo partikular batzuekin azterlanak eta proiektuak prestatzeko, beretzat gorderik horiek gainbegiratu eta onestea.
3. Administrazioaren bitartekoekin egin beharreko azterlanak edo proiektuak prestatzeko lanak hasteko aginduak berekin ekarriko du lan teknikoak betetzeko behar diren lurren okupazioa. Azterlanak edo proiektuak prestatzea hirugarrenei esleituz gero, ondorioak berberak izanen dira, eta halaber lan horiek egiteko hitzarmenaren edo gomendioaren formalizazioak.
20. artikulua. Azterlanak eta proiektuak onesteko prozedura. Ondorioak.
1. Azterlan informatiboa prestatu ondoren, beharrezkoa den kasuetan, ukitutako toki entitateei eta lurraldearen antolamenduaren eta ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuari igorriko zaie, jarduketa udalez gaindiko proiektu sektorial gisa izapidetu dezaten, eta aldi berean departamentu horrek ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioa egin dezan, aginduzkoa denean. Prozedura horietan ezarritako jendaurreko aldian, alegazioak ingurumeneko alderdiei buruzkoak izan daitezke, baita trazaduraren kontzeptu orokorrari eta aztertutako alternatibei buruzkoak ere.
Azterlan informatiboa udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzeak azterlan informatibo hori eta hautatutako trazadura alternatiboa onestea ekarriko du, egindako izapideetan erantsi diren lurralde eta ingurumen zehaztapenak barne.
2. Eraikitze proiektua jendaurrean jarri behar badu, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak behin-behineko eta behin betiko onespenak eman beharko dizkio. 16.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, beharrezkoa ez denean, behin betiko onespena baizik ez da eman beharko.
3. Eraikitze proiektu bati behin-behineko onespena emanda, jendaurrean jarriko da hilabetez, bai proiektuaren eduki teknikoa bai desjabetzearen ondorioetarako okupatu beharreko lurrei dagokiena. Aldi berean, entzutea emanen zaie ukitutako toki entitateei, beren eskumenen esparruan adierazi dezaten eraikitze proiektua bat datorren udalez gaindiko proiektu sektorialak ezarritako zehaztapenekin, horrelakorik onetsi bada.
Jendaurrean jarriko den eta entzutea ematearen xede izanen den dokumentazioak eduki hau izanen du, gutxienez ere:
a) Hartutako konponbidea deskribatu eta justifikatzen duen txostena, halako moduan non argi eta zehatz geratuko baita proiektatutako trazadura.
b) Proiektatutako lanak oinean, luzerako profilean eta zeharkako sekzioen arabera eskala egokian irudikatzen dituzten planoak, bai eta ukitutako zerbitzuak berrezartzeari buruzkoak ere.
c) Lurzatien planoak, bertan adierazirik okupatu beharreko lurrak, barne hartuta maileguan hartutakoak, hondakindegiak eta obrak gauzatzeko behar diren instalazio laguntzaileen kokapena.
d) Eranskinak, hauexek jasotzen dituztenak: trazaduraren datuak, aukeratutako ezaugarriak, ukitutako zortasunen eta zerbitzuen berrezarpena, eta ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztua, interesdunen izenekin, ondasun eta eskubideen desjabetzea izapidetzeko bide eman dezan.
4. Jendaurreko epea amaiturik, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak aurkeztutako alegazioak aztertu eta arrazoiak emanez erantzun beharko du, eta, eraikitze proiektua behin betikoz onartu, bidezkoa bada, jendaurreko epeak eraginen dituen zehaztapenak erantsirik. Egokia den kasuetan, eraikitze proiektuaren behin betiko onespenean adierazi beharko da udalez gaindiko proiektu sektorialean eta jarduketaren ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioan ezarritako zehaztapenen menpe dagoela, halakorik onetsi baldin bada.
5. Jendaurrean jarritako proiektuen behin-behineko eta behin betiko onespenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta prentsan argitaratuko dira, Nafarroan argitaratzen diren egunkari salduenetako batean gutxienez. Era berean, Nafarroako Gobernuaren web atarian ere argitaratuko dira, aplikatzekoa den araudian hala ezarririk dagoen kasuetan. Ukitutako toki entitateei eta jendaurreko aldian esku hartu dutenei jakinaraziko zaie.
Jendaurreko aldian proiektuak nabarmen aldatuz gero ondasunen edo eskubideen titularren gaineko ukipena, proiektua onesten duen ebazpena banaka jakinarazi beharko zaie titular horiei, jendaurreko aldian alegaziorik aurkeztu ez badute ere.
6. Eraikitze proiektuen behin betiko onespenak berekin ekarriko du erabilera publikoaren deklarazioa eta ondasun okupatu eta eskubideak erosi beharra, desjabetze, aldi baterako okupatu edo bide zortasunak ezarri edo aldatzearen ondorioetarako. Horretarako, ukitutako ondasun eta eskubideak xehetasunez deskribatuko dira, eta interesdunak beren izenekin izendatuko dira.
Erabilera publikoaren deklarazioak eta okupazioaren beharrak proiektuaren zuinketan eta aurrerago onets daitezkeen aldaketetan sartutako ondasun eta eskubideei ere eraginen diete. Aldaketetan ukitutako ondasunak eta eskubideak ere azalduko dira.
7. Jarduketa udalez gaindiko proiektu sektoriala izendatzeko deklarazioa edo eraikitze proiektuaren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, jabetzari eta beste eskubide batzuen titularitateari foru lege honen bidez ezarritako mugek kasuan kasuko jarduketak ukitzen dituen lurretan izanen dituzte ondorioak.
8. Errepideak eraikitzeko proiektuen behin betiko onespenak berekin ekarriko du toki entitateentzat hirigintza planeamendua egokitu beharra, hura berrikusi edo aldatzen dutenean, proiektuetan jasotako zehaztapenak erantsiz. Egokitzapena egin bitartean, behin betikoz onetsitako eraikitze proiektuen edukiak eta ondorioek lehentasuna izanen dute tokian tokiko hirigintza planeamenduaren gainetik.
21. artikulua. Ingurumen aldetiko egokitasuna.
Errepideen proiektuek ingurumenaren arloan araudiak aurreikusitako ebaluazio eta baimenak eduki beharko dituzte.
III. KAPITULUA. Hiri- eta bide-planeamenduen arteko koordinazioa
22. artikulua. Administrazioen arteko koordinazioa.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak errepideen arloan beteko dituen jarduketak estatuko, mugakide diren lurraldeetako eta toki entitateetako administrazio orokorrarenekin koordinatuko dira, komunikazioen sistemaren batasuna bermatzeko eta ukitutako interes publikoak bateragarri egiteko, horretarako lankidetza prozedurak erabiliz.
2. Foru lege honen aplikazioaren esparruan, Foru Komunitateko administrazioak eta Nafarroako toki entitateek betebehar hauek izanen dituzte: lurraldearen ereduan eta antolamenduan eragina duten jarduketak koordinatzea bien artean, eta aurreikusitako ekimen eta proiektuei buruzko informazioa eta laguntza ematea elkarri.
23. artikulua. Hirigintza planeamenduarekiko koordinazioa.
1. Hirigintza planeamendua egin, aldatu edo berrikusten denean edo hirigintza jarduketa berriren bat izapidetzen denean, Nafarroako errepide sareari edo errepideen plan zuzendariari eragiten badio, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak txostena eman beharko du, hirigintzako araudian ezarritakoari jarraikiz.
2. Hirigintza planeamendua egin, aldatu edo berrikusten denean:
a) Planeamendu horretan eragina duten eta Nafarroako errepideen plan zuzendarian aurreikusirik dauden jarduketak erantsi beharko zaizkio, azterlan informatiboaren edo eraikitze proiektuaren mailan gauzatu eta onetsirik badaude.
b) Errepideen plan zuzendarian aurreikusitako jarduketak badira, baina inongo onespen administratiboren xede izan gabeak, bideragarritasun teknikoa duten trazadurei dagozkien espazio erreserbak sartu beharko dira hirigintza planeamenduan. Bidezkoa bada, sustatzaileak errepideen plan zuzendariari dagokion jarduketaren azterlan informatiboa izapidetu ahalko du, foru lege honetan aurreikusitako prozedurarekin, azterlan informatibo hori behin onetsirik haren zehaztapenak gehitu dakizkion hirigintza planeamenduari.
24. artikulua. Interes orokorreko jarduketak.
1. Errepideak eraiki edo zaintzeko Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak sustatzen dituen lanek, horiek betetzeko behar diren jarduketa guztiak barne, bai eta eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan eta babes eremuetan eginikoak ere, interes orokorreko jarduketak baitira, ez dute lizentzia beharrik, ez eta toki entitateen beste ezein prebentzio ekintzarik ere.
2. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak toki entitateei jakinaraziko dizkie beren udalerriak ukitzen dituzten lanak noiz hasiko diren, lan horiek betetzeko epea eta toki entitatearen interesekoak izan daitezkeen beste alderdi batzuk, eta eraikitze proiektuaren kopia bat edo egin beharreko lanak behar bezala azaltzen dituen dokumentazio teknikoarena igorriko die. Edozein kasutan, lanek ukitzen duten udalerriko toki entitatearekiko lankidetza erraztuko da, ukipenak ahal diren txikienak izan daitezen eta herritarrek informazio egokia jaso dezaten.
III. TITULUA. FINANTZAKETA ETA USTIAKETA
I. KAPITULUA. Finantzaketa
25. artikulua. Jarduketen finantzaketa.
1. Foru lege honetan araututako errepideak proiektatu, eraiki, hobetu eta ustiatzeak eta, oro har, bertan eginiko jarduketa guztiek ekarritako inbertsio eta gastuen finantzaketa bide hauetako batez edo batzuez egin ahalko da:
a) Xede horrekin Nafarroako aurrekontu orokorretan ezartzen diren diru kopuruak.
b) Beste administrazio publiko, sozietate edo ente publiko batzuekin edo foru, nazio, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeekin lankidetza prozedurak ezarriz.
c) Partikularrekin lankidetza prozedurak ezarriz.
d) Errepideak zeharkako kudeaketa araubidean eraiki edo/eta ustiatzeko emakida bidez; kasu horretan, sozietate emakida-hartzaileen baliabide berekiekin, horiek mugitzen dituzten besteren kapitalekin eta administrazioak eman dezakeen beste edozein ekarpen ekonomikorekin finantzatuko dira.
e) Errepidea erabiltzeko bidesariak edo kanonak.
f) Kontribuzio bereziak ezartzea.
g) Foru lege honetan eta hirigintza, ondare eta kontratazio administratiboaren arloetako araudian aurreikusitako bideak.
2. Erabilerarako bidesaria edo kanona ordaindu beharra ezarria duten errepide tarteetan, Nafarroako Foru Komunitateko administraziok konpentsazio prozedurak jarri ahalko ditu erabiltzaileak zuzenean ordaintzen duena murrizteko edo kentzeko.
26. artikulua. Errepideetako jarduketak finantzatzeko lankidetza-sistemak.
1. Nafarroako errepide sareko errepideetan edo bertan sartu behar diren errepide tarte berrietan eragina duten jarduketak gauzatu eta finantzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa lankidetzan aritu ahalko da beste administrazio publiko, sozietate edo ente publiko batzuekin edo beste foru, nazio, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakunde batzuekin, betiere modu hauetako batean:
a) Diru ekarpenak.
b) Karga eta zergarik gabeko lurren ekarpena.
c) Errepidean elementu funtzionalak edo osagarriak paratzea, besteen kontu edo baliabide berekiekin.
d) Errepide tarte batzuk edo elementu funtzionalak egin, handitu, zaindu edo mantentzeko lanak osotara edo hein batean bere kargu hartzeko konpromisoa.
e) Azterlanak eta proiektuak egin.
2. Lankidetza lurralde edo hirigintza garapeneko ekimen baten barnean dagoenean, sustatzaileak ordaindu eta, bidezkoa denean, gauzatu beharko ditu egin asmo den jarduketa Nafarroako errepide sarearekin lotzeko azpiegiturak, bai eta sustatutako jarduketak sare horren erabileran ekarritako gehikuntzaren ondorioz behar diren handitzeak ere.
3. Lankidetza hitzarmen batean zehaztuko da, alde guztiek bere gain hartutako betebeharrak ere jasota. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak ezarriko du artikulu honetako jarduketetatik zein sartu daitezkeen, ondorio guztiekin, Nafarroako errepideen sareko errepide tarte gisa.
27. artikulua. Nafarroako errepide sarea ustiatzeak sortutako baliabideak.
Foru lege honetan araututako errepideek beste diru baliabide batzuk sortu ahal dituzte Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarentzat, modu hauetan:
a) Kanon bat ezarriz bideen jabari publikoa ustiatu edo erabiltzeagatik.
b) Bideen jabari publikoari atxikitako ondasunak besterentzea, Nafarroako errepide sarearentzat beharrezkoak ez direnean.
28. artikulua. Subrogazioa desjabetzeen kasuetan.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa desjabetutako jabearen jarrera juridikoan subrogatuko da lurrei dagokien hirigintza aprobetxamendurako duen eskubidearen ondorioetarako.
II. KAPITULUA. Ustiaketa
29. artikulua. Kontzeptua eta edukia.
1. Bideen jabari publikoaren ustiaketan zaintze eta mantentze lanak sarturik daude, bai eta horien babesa, erabilera hobea eta aprobetxamendua helburu dituztenak ere.
2. Zaintze eta mantentze lanetan bideen jabari publikoko ondasunen egoera ona babesteko behar diren jarduerak daude sarturik.
3. Babes ekintzen xedea bideen jabari publikoari kaltea edo galera ekartzen dioten jarduerak saihestea da, eta halaber Nafarroako errepide sarearen funtzionaltasuna eta bide segurtasuna.
4. Errepideen erabilera eta aprobetxamendu egokia hauxe dela ulertzen da: errepideak segurtasun eta erosotasun baldintza onenetan erabiltzen laguntzea xede duten jarduketak. Ondorio horietarako, honakoak hartzen ditu bere baitan: informazioaren eta seinaleztapenaren arloetako esku-hartzeak, babes eremuetako sarbideen eta erabileren antolaketa, eta ingurumen arloko lehengoratze edo babes jarduketak, beharrezkoak badira edo araudi sektorialean ezarririk badaude.
30. artikulua. Ustiatzeko moduak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, oro har, zuzenean kudeatu eta ustiatuko du bideen jabari publikoa, zeinaren erabilera doakoa izanen baita erabiltzaileentzat, bidesaria ordaindu beharra ezarri ezean. Era berean, kanon bat ezarri ahalko da erabilera berezi edo pribatiboetarako.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren bideen jabari publikoa araudi sektorialean zeharkako kudeaketarako aurreikusitako edozein sistemaren bidez ere ustiatu ahalko da.
3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak agentziak, sozietate publikoak, partzuergoak eta erakunde publikoak sortu ahalko ditu Nafarroako errepide sarean sartutako errepideak eta horien eremu funtzionalak eta zerbitzukoak eraiki, zaindu eta ustiatzeko xedearekin.
31. artikulua. Zirkulazioa mugatzea.
1. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak, bere eskumenen esparruan, eta horretarako arrazoiak izanez gero, mugak ezarri ahalko dizkio zirkulazioari edo ibilgailu mota jakin batzuei, aldi baterako nahiz modu iraunkorrean, Nafarroako errepideen sareko zenbait tartetan, sarea zaintzeko xedearekin, honelako kasuetan: eraberritze lanak gauzatzean edo aparteko egoerak, betebehar teknikoek edo bide segurtasunak hala eskatzen dutenean. Muga horiek trafikoaren antolamenduaren arloko eskumenak dituen departamentuari jakinarazi beharko zaizkio, bai eta lurralde mugakideetako agintari eskudunei ere.
2. Errepide tarte zenbaitetan zirkulatzeko, garraio bereziek baimen osagarria beharko dute, aplikatzekoa den araudi sektorialari jarraikiz, trafikoaren antolaketaren arloko eskumenak dituen departamentuak eman beharrekoa, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak txosten loteslea eman ondoren.
Eskatzaileak xehetasunezko azterlan bat aurkeztu beharko du, bertan justifikaturik errepidearen erabilera bereziak ez diela kalterik ekarriko errepideari eta pertsonen segurtasunari, zirkulazioaren segurtasuna bermaturik egonen dela eta behar diren neurriak hartuko direla errepidearen gainerako erabiltzaileentzako eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen.
Baimenean bete beharrekoak ezarriko dira, bideen jabari publikoari eragin ahal dizkioten kalte eta galerei aurre egiteko berme bat eratzeko balizko beharra barne.
32. artikulua. Aforo eta pisatze estazioak.
Errepideen edo garraioen arloko eskumenak dituen departamentuak aforo eta pisatze instalazioak paratu ahalko ditu Nafarroako errepideen sareko zenbait tokitan, kasuan kasuko errepidean ibiltzen den trafikoaren ezaugarriak ezagutu eta kontrolatzeko eta ikuskapen lanak egiteko.
IV. TITULUA. BIDEEN JABARI PUBLIKOAREN BABESA ETA JABETZARI EZARRITAKO MUGAK
I. KAPITULUA. Errepidearen babes eremuak eta eraikinen lerroa
33. artikulua. Errepidearen babes eremuak eta eraikinen lerroa ezartzea.
1. Bideen jabari publikoa babesteko eta bideen zerbitzu publikoa behar bezala emateko, errepidearen babes eremuak ezartzen dira, alboko jabari publikoko eremuak eta zortasun eremuak izenekoak, eta eraikinen lerroaren trazadura.
2. Babes eremuak eta eraikinen lerroa errepidearen ardatzarekiko horizontalean eta ortogonalean neurtuko dira, eta foru lege honetan xedatutakoarekin bat.
3. Galtzada, lotune eta bestelakoen hurbiltasuna dela-eta, bi errepideren edo gehiagoren alboko jabari publikoko eremuak eta zortasun eremuak elkar gainezkatzen direnean, foru lege honetan ezarritako moten arabera garrantzi handiena duen errepidearen jabari publikoko eremurako ezarritako araubidea nagusituko da.
4. Errepideetako hiri barneko tarteetan ez da ezartzen errepidearen babes eremurik ez eta eraikinen lerrorik ere.
5. Errepideen babes eremuetan dauden lurren, eraikinen edo beste edozein ondasunen jabeak eta horietan gauzatzen diren jardueren titularrak beharturik daude garbitasun eta segurtasun baldintzak bermatzera, bideen zerbitzu publikoaren funtzionamendu egokiari eragin ez diezaioten, eta behar bezala edukitzeko lanak eta jarduketak bete beharko dituzte. Betebehar hori ez betetzeak sortutako kalte eta galeren erantzule izanen dira.
34. artikulua. Alboko jabari publikoko eremuaren mugaketa.
1. Alboko jabari publikoko eremuak errepidearen ondoko lurrak eta haren eremu funtzionalak eta zerbitzukoak hartzen ditu bere baitan.
2. Alboko jabari publikoko eremua bi lur zerrendak osatzen dute, errepidearen alde bakoitzean bat. Hauxe da zerrenda horien zabalera, zelaigunearen kanpoko lerrotik hasita, 8.1 artikuluan zehazten den bezala:
a) Autobideak, autobiak eta bide bikoiztuak: zortzi metro.
b) Prestazio handiko errepideak eta errepide arruntak: hiru metro.
3. Errepideen eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan, alboko jabari publikoko eremua osatzen duen lur zerrenda, zein errepide motatan dauden, horretarako oro har xedatutakoaren baliokidea izanen da, dagokion zelaigunearen kanpoko lerrotik neurtuta.
35. artikulua. Zortasun eremuaren mugaketa.
1. Zortasun eremua bi lur zerrendak osatzen dute, errepidearen alde bakoitzean bat; zerrenda horien zabalera hauxe da, alboko jabari publikoaren eremuaren kanpoko lerrotik neurtua:
a) Autobideak, autobiak eta bide bikoiztuak: hamazazpi metro.
b) Prestazio handiko errepideak, errepide arruntak: bost metro.
2. Errepideen eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan zortasun eremua bost metroko lur zerrenda batek osatuko du, alboko jabari publikoko eremuaren kanpoko lerrotik neurtua.
36. artikulua. Eraikinen lerroaren mugaketa.
1. Eraikinen lerroa errepidearen bi aldeetara dago, galtzada mugatzen duen kanpoko lerroaren parean doan trazadura batekin, eta horretatik distantzia hauetara:
a) Autobideak, autobiak eta bide bikoiztuak: berrogeita hamar metro.
b) Prestazio handiko errepideak, interes orokorreko errepideak eta Foru Komunitatearen intereseko errepideak: hogeita bost metro.
c) Tokiko errepideak: hemezortzi metro.
2. Eraikinen lerroa babes eremuen barruan baldin badago, lerro hori zortasun eremuaren kanpoko mugan ezarriko da.
3. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak artikulu honetan adierazitako distantziak murriztu ahalko ditu, salbuespen gisa eta arrazoiturik, betiere bermatzen badira errepideetako bazterren antolaketa, sarbideen kontrol egokia eta bide segurtasuna, errepide batean, tokiaren ezaugarriak direla eta, ezarritako distantziak betetzerik ez dagoenean edo arrazoi teknikoek edo sozioekonomikoek komenigarria egiten dutenean.
37. artikulua. Lehendik dauden eskubideak.
1. Errepidearen babes eremuak eta eraikinen lerroa ezarri eta mugatzeak, bai eta foru lege honetan adierazitako mugek eta baimendu daitezkeen erabileretarako arautzen den araubideak ere ez dute aldatzen ukitzen dituzten lurretan lehendik dagoen jabetza egoera, ez eta horien gainean hirugarrenek dituzten eskubideen titularitatea ere. Ez dute, halaber, kalte-ordainetarako eskubiderik sortzen ukitutako lurren gaineko eskubideak dituzten titularrentzat.
2. Alboko jabari publikoko eremua mugatzeak ez dakar berekin bertan sarturiko lurrak eta gainerako ondasunak jabari publikoko ondasun deklaratzea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak erosi arte, foru lege honetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Instalazioak paratzeko edo errepidea eraiki edo mantentzearekin zuzeneko lotura duten jarduera publikoak egiteko lurrak okupatuz gero, kalte-ordaina jaso ahalko da, bai eta erabilerak eragindako kalte eta galerengatik ere.
38. artikulua. Erosi beharra errepide berriak eraikitzeagatik.
1. Errepide berriak eraikitzeko proiektuek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak erosi beharreko alboko jabari publikoko eremua finkatuko dute, foru lege honetan adierazitakoari jarraikiz mugatua. Oro har, alboko jabari publikoko eremu osoa erosiko da. Salbuespenezko kasuetan erosi beharrekoa murriztu ahalko da, arrazoiturik, ingurunearen ezaugarriak, zer jarduketa edo errepide mota den, eta arrazoi sozialak eta ekonomikoak kontuan harturik, betiere bide bazterren antolaketa egokia, sarbideen kontrola, errepideko segurtasun eta haren ustiatze egokia bermatzen badira.
2. Alboko jabari publikoko eremuaren kanpoko mugatik eraikinen lerro berrira bitarte dauden eraikinak edo instalazioak ez dira desjabetuko, salbu eta zortasun eremu berrian osorik nahiz zati batean daudenek errepidearen funtzionaltasuna edo bide segurtasuna arriskuan jartzen badute.
3. Babes eremu eta eraikinen lerro berria ezarri eta mugatzeak ez du kalte-ordainetarako eskubiderik sortuko ukitutako lurretako eskubideen titularrentzat.
II. KAPITULUA. Baimena jaso dezaketen erabilerak
39. artikulua. Errepidearen zelaigunean eta eremu funtzional eta zerbitzukoetan baimena jaso dezaketen erabilerak.
1. Errepidearen zelaigunean eta haren eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan soilik erabilera hauek jaso dezakete baimena:
a) Zerbitzuen sareei eta azpiegiturei jarraipena emateko nahitaezkoak diren gurutzatzeak.
b) Errepidera bertara sartzeko lanak.
2. Inola ere ez da baimenik emanen errepidearen integritaterako, bide segurtasunerako edo ustiatze egokirako kaltegarriak izan daitezkeen lanak edo instalazioak egiteko.
3. Aireko nahiz lurrazpiko bidegurutzeen baldintzak eta haien galiboarenak arau tekniko berariazkoan ezarriko dira. Edozein kasutan, aireko bidegurutzeetan euskarriak eraikinen lerrotik haratago paratuko dira, eta galtzadatik haietarainoko distantzia ez da zutoinen altuera baino txikiagoa izanen.
40. artikulua. Alboko jabari publikoko eremuan baimena jaso dezaketen erabilerak.
1. Errepideetako alboko jabari publikoko eremuan erabilera hauek baizik ez dute jasoko baimena:
a) Zerbitzuen sareei eta azpiegiturei jarraipena emateko nahitaezkoak diren gurutzatzeak.
b) Errepidera bertara sartzeko lanak.
2. Inola ere ez da baimenik emanen errepidearen osotasunerako, bide segurtasunerako edo ustiatze egokirako kaltegarriak izan daitezkeen lanak edo instalazioak egiteko.
3. Alboko jabari publikoko eremuan partikularren eskubideak baldin badaude lehendik, titularrek soroak landu eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak bete ahalko dituzte baimenen beharrik gabe, bide segurtasunari kalterik ekartzen ez badiote.
4. Ez da baimenik emanen zuhaitzak sartzeko.
5. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak alboko jabari publikoko eremua erabili ahalko du bideen zerbitzu publikoak eskatzen duenean, bidezkoak diren kalte-ordainak ukatu gabe.
41. artikulua. Zortasun eremuan baimena jaso dezaketen erabilerak.
1. Errepideetako zortasun eremuan erabilera hauek baizik ez dute baimena jasoko:
a) Alboko jabari publikoko eremuan baimena jaso dezaketen erabilerak.
b) Luzetara doazen lurrazpiko hodiak, zerbitzuen sare eta azpiegiturenak, gehien bat eremuaren kanpoko mugatik gertuen dagoen toki erabilgarrian.
c) Itxiturak, foru lege honetan aurreikusitako moduan, betiere ikusgarritasun eta segurtasun baldintzak murrizten ez badituzte.
d) Lur mugimenduak eta zelaitzeak.
e) Bideak, aparkalekuak, irlatxoak edo lorategiak.
2. Inola ere ez da baimenik emanen errepidearen osotasunerako, bide segurtasunerako edo ustiatze egokirako kaltegarriak izan daitezkeen lanak edo instalazioak egiteko.
3. Ez da baimenik emanen zuhaitzak sartzeko.
4. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak alboko zortasun eremua erabili ahalko du bideen zerbitzu publikoak eskatzen duenean, bidezkoak diren kalte-ordainak ukatu gabe.
42. artikulua. Galtzadaren eta eraikinen lerroaren artean baimena jaso dezaketen erabilerak.
1. Errepidearen galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik eraikinen lerrora debekaturik daude eraikin berri oro, bai eta zerbitzuko aireko lineak, telekomunikazio zutoin edo dorreak paratzea ere, gurutzatzeak salbu.
2. Halere, sarbideetako eta errepideko bide segurtasuna bermaturik baldin badago eta erabilera aldaketarik edo eraikitako bolumenaren handitzerik eragiten ez badute, errepidearen galtzada mugatzen duen kanpoko lerroaren eta eraikinaren lerroaren artean lehendik dauden eraikinetan honako lan hauek egin ahalko dira, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuaren baimena eskuratu ondoren:
a) Alboko jabari publikoko eremuan dauden eraikinetan, mantentze eta zaintze lanak soilik.
b) Alboko jabari publikoko eremuaren kanpoko mugaren eta eraikinen lerroaren artean dauden eraikinetan, a) letran aurreikusitakoez gain, zaharberritzekoak ere.
3. Foru lege honetan ezarritako araubideak ez du inola ere aldatuko antolamendutik kanpo dauden eraikinetarako hirigintza araudian xedatutakoa.
III. KAPITULUA. Publizitatea
43. artikulua. Debekua.
1. Errepidearen hiri barneko tarteetan, V. tituluan definitzen diren horietan, izan ezik, debeku da afixak edo publizitaterako bestelako elementuak paratzea, modu finkoan edo behin-behinekoan, errepidearen zelaigunean eta zabalera hau duen lur-zerrenda batean, zelaigunearen kanpoko lerrotik neurtuta:
a) Autobideak, autobiak eta bide bikoiztuak: .
b) Prestazio handiko errepideak, interes orokorrekoak eta Foru Komunitatearen interesekoak: .
c) Tokiko errepideak: .
2. Debeku horrek ez du inolaz ere kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.
44. artikulua. Salbuespenak.
Aurreko artikuluan ezarritako debekua ez da kasu hauetan aplikatuko:
1. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak paratu edo baimendutako afixa informatiboak. Ondorio horietarako, hauexek dira afixa informatiboak:
a) Zirkulazio seinaleak.
b) Seinale turistikoak eta, oro har, natur edo kultur intereseko tokiak, parajeak edo paisaiak adierazten dituzten afixak.
c) Errepidetik sarbidea duen trafikoa erakartzen duten populazioguneak eta gune garrantzitsuak adierazten dituzten seinaleak.
d) Erakundeen iragarkiak edo garraio sistemarekin lotutako instalazio publikoei dagozkienak.
e) Errepidea ukitzen duten jarduerei edo lanei buruzkoak edo erabiltzaileei bidearen egoeraz eta trafikoarekin lotutako beste inguruabarrez informazioa ematen dietenak.
f) Zerbitzugune hurbilenekoari, erregaien prezioari eta markari eta saltoki hurbilenekoei buruzko informazioa ematen dutenak.
2. Merkataritza edo industriako establezimenduen jardueraren berri ematen duten errotuluak. Errotulu horiek jarduera betetzen den eraikinetan edo lurretan egon beharko dira kokaturik, lurren kasuan eraikinen lerroa errespetaturik.
3. Errepidean bertan gauzatu beharreko ikuskizun, ospakizun edo kultur edo kirol ekitaldiak edo antzekoak iragartzekoak, betiere ekitaldia unean unekoa bada.
45. artikulua. Publizitate elementuetarako baimena, baimena ezeztatzea eta kentzea.
1. Aurreko artikuluan zehaztutako baldintzetan baimena jaso dezaketen afixa informatiboak eta publizitatea interesdunek paratuko dituzte, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak baimena eman ondoren, eta haiek ordainduko dituzte elementu horiek paratu, zaindu, mantentze-lanak egin eta kentzeak dakartzan kostua. Aurreko artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako kasuetan ez da baimena beharrezkoa izanen, eta interesdunak izanen dira hirugarrenei eragin ahal zaizkion kalte eta galeren erantzule.
2. Baimena ezeztatu ahalko da, kalte ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, interesdunari entzutea eman ondoren, paratutakoa ez bada zaintzen, jarduera bertan behera gelditzen bada, errepidearen erabiltzaileentzako segurtasuneko arrazoiengatik edo ustiatze egokirako kaltegarria izateagatik.
Baimena ebazpen arrazoitu bidez ezeztatuko da, eta kasuaren araberako epea emanen da ezeztapenaren xede diren publizitate elementuak kentzeko. Legezkotasuna babesteko neurriak eta foru lege honetan aurreikusitako zehapenak ukatu gabe, ezarritako epea interesdunak publizitateko elementuak kendu gabe iraganik, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak kenduko ditu, horretara beharturik zegoen titularraren kargura.
IV. KAPITULUA. Baimenak oro har
46. artikulua. Araubide orokorra eta eskumena.
1. Errepideen zelaigunean, haren eremu funtzionaletan, zerbitzukoetan eta babesekoetan, eta errepidearen eta eraikinen lerroaren artean dagoen eremuan obrak, instalazioak edo beste edozein jarduera betetzeko baimena eskuratu beharko da, salbu eta foru lege honetan libreki egiteko baimen espresa ematen bada horretarako.
2. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak du eskumena aurreko idatz-zatian aipatzen diren baimenak emateko errepideen hiri barneko tarteetatik kanpo eta errepideen hiri barneko tarteetan, jarduketek galtzadaren errealitate fisikoari edo errepidearen zelaigunearen gainerakori eragiten badiote.
Toki entitateak izanen dira eskudunak hiri barneko tarteetan, foru lege honen V. tituluan ezarritakoari jarraikiz.
3. Ez da inolaz ere baimenik emanen errepidearen erabiltzaileen segurtasun baldintzak murriztea ekar dezaketen jarduketetarako, ez eta errepidearen zelaiguneari edo ustiatze egokiari kalte egin diezaiokeenik ere.
4. Errepideen arloko eskumena duen departamentuaren baimena independentea da eta ez dago kasuan kasuko obrak, instalazioak edo jarduerak egiteko beharrezkoak diren bestelako lizentzia eta baimenak ematearen eraginpean.
5. Baimenak ematean baldintza batzuk ezarriko dira, kasu bakoitzean errepideari, babes eremuei, elementu funtzionalei, bideko zirkulazioaren segurtasunari eta errepidearen ustiatze egokiari kalte eta galerarik ez eragiteko egokitzat jotzen direnak.
47. artikulua. Izapideak.
1. Interesdunak baimen eskaera eginen dio errepideen arloko eskumena duen departamentuari, egin gogo den jarduketa kokatu eta zehazteko behar diren planoak edo krokisak eta, errepidea ukitzen denean, bide segurtasuna bermatzen duten seinale eta baliza neurriak ere, biltzen dituen txosten batekin.
Proiektuak, zirkulaziorako ukipen azterlanak edo txosten baloratuak aurkeztea beharrezkoa izanen da soilik foru lege honetan aurreikusitako kasuetan, eta errepideen arloko eskumenak dituen departamentuaren iritziz eta arrazoiturik jarduketaren xedea eta norainokoa zein diren ongi jakiteko beharrezkoa denean.
Eskaeraren xedea baldin bada obrak edo instalazioak egitea, errepidearen zelaigunean eta alboko jabari publikoko eremuan zerbitzu sareak edo azpiegiturak paratzeko, egin nahi diren obren eta instalazioen proiektua ere aurkeztu beharko da, teknikari aditu batek izenpetua. Edozein kasutan, eskatzen den okupazioaren premia justifikatu egin beharko da.
2. Aurkeztutako dokumentazioa behin azterturik, eta osatu gabea baldin bada, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko apean akatsa zuzen dezan, adierazirik hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela.
3. Eskatutako jarduketa tokian bertan egiaztaturik eta egokitzat jotzen diren izapide osagarriak behin eginik, baimena eman behar duen organoari ebazpen proposamena igorriko zaio. Ebazpen proposamen horretan baimena emateko baldintzak ezarriko dira, edo ukatzeko arrazoiak.
4. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman beharko da eskabidea errepideen arloko eskumena duen departamentuaren erregistroan sartu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpena jakinarazi gabe iragaten bada, interesdunak bere asmoa isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertuko du.
48. artikulua. Baimenaren ondorioak.
1. Behar diren gainerako lizentziak eta baimenak lortzeak baldintzaturik emanen dira baimenak, hirugarrenei kalterik eragin gabe eta lurren edo ondasunen gaineko aldez aurretiko eskubideak salbu utzirik. Ez dute inolaz ere ekarriko jabari publikoaren lagapena, ez eta Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzea inolako erantzukizunik baimenaren titularrarekiko edo hirugarrenekiko.
2. Baimendutako obrak edo instalazioak baimenak berak ezarritako epeetan egin beharko dira, eta baimena iraungitzat joko da baimendutako jarduerari epe horretan ekiten ez bazaio.
3. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuko langileek uneoro ikuskatu ahalko dituzte jarduketak, inolako mugarik gabe. Edozein kasutan, baimena obretan egon beharko da, langile horien eta trafikoaren arloko agente agintedunen eskura, jarduketak trafikoari eragiten badio.
4. Ezin zaie ekin baimendutako jarduketei errepideen arloko eskumenak dituen departamentuko langileek bideen jabari publikoari dagokion zuinketa egin gabe. Ondorio horietarako, interesduna harremanetan jarriko da langile horiekin, baimenean adierazten den moduan, zuinketa egiteko aurreikusitako eguna baino hamar egun lehenago, gutxienez. Zuinketa egin dela eta haren edukia akta batean jasoko da. Adostasunik ez badago, xehetasun guztiekin agerraraziko dira eragozpenak, eta zuzenketarako epe proportziozko bat emanen da. Zuinketaren adostasun akta berekin ekarriko du obrak hasteko behin betiko baimena.
5. Obrak aurkeztutako dokumentazioaren eta baimenean ezarritako baldintzen arabera eginen dira, errepideko zirkulazioa eten edo oztopatu gabe, baimendutako salbuespenezko kasuetan izan ezik, eta betiere bide segurtasuna bermatuz.
6. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak, aurkeztutako dokumentazioarekin edo baimenean ezarritako baldintzekin alderatuta, desbideraketak daudela antzemanez gero, jarduketak geldiaraziko ditu berehala horiek zuzendu arte, bidezkoa den zehapen espedientea irekitzea ukatu gabe.
7. Baimenaren titularrak bere kontura lehengoratu beharko ditu bere jarduketak kaltea eragindako elementuak, jarduketaren aurretik zeuden egoeran utziz. Era berean, hirugarrenei eragindako kalte eta galeren erantzule izanen da.
8. Baimendutako obra eta instalazioak amaiturik, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak modu frogagarrian egiaztatuko du amaiera, egoera eta baimenean ezarritakoarekin bat datorren, bideen jabari publikoari dagokion aldetik. Ondorio horietarako, interesdunak departamentuari jakinaraziko dio, hamar egun lehenago gutxienez, obrak edo instalazioak amaitzeko aurreikusirik daukan eguna. Eragozpenik egonez gero, agerrarazi eginen dira, eta behar den epea eman horiek zuzentzeko. Adostasun aktak berekin ekarriko du obrak edo instalazioak erabiltzeko baimena.
9. Baimenak ondorioak izanen ditu baimena eragin duen xedeak dirauen bitartean, eta eskualdatu ahalko da, errepideen arloko eskumenak dituen departamentuari titularitatearen aldaketa jakinarazi ondotik.
49. artikulua. Baimenak aldatu edo etetea.
1. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak edozein unetan aldatu edo eten ahalko du baimena, aldi baterako edo behin betikoz, honako kasu hauetan:
a) Jarduketak kalteak eragiten badizkio bideen jabari publikoari.
b) Baimenaren baldintzak betetzen ez badira.
c) Bide segurtasuna arriskuan jartzen bada.
d) Ematea eragin duten baldintzak aldatzen badira.
2. Baimena aldatu edo eteteko prozedura ofizioz edo alderdi batek eskatuta hasiko da, eta errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak eginen du haren instrukzioa. Ebazpen proposamena igorri aurretik, halere, interesdunei entzutea emanen zaie, beren eskubideen alde komenigarritzat dituzten alegazio guztiak aurkez ditzaten.
50. artikulua. Bermeak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren bideen jabari publikoan edozein jarduketa betetzeko, interesdunei berme bat era dezaten eskatu ahalko zaie, gehienez ere baimenaren xede den jarduketaren aurrekontu osoa adinakoa izan daitekeena.
2. Berme horri urtebetez eutsi beharko zaio adostasun aktaren egunetik hasita, eta ez du zerikusirik baimena lortzeak oro har sorraraziko dituen tasekin, baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak ekar ditzakeen erantzukizunak ukatu gabe.
3. Interesdunek kalte edo galerak eragiten badizkiote bideen jabari publikoari, errepideen arloko eskumena duen departamentuak bermea inkautatuko du kalte eta galerek egiten duten zatian. Edozein kasutan, kalte eta galeren balioa Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak inkautatutako bermea baino handiagoa bada, interesdunak kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio administrazioari, gehiegizko kopuru horren baliokidea.
4. Eraikuntzaren ezkutuko akatsengatik obra hondatu edo andeatzen bada bermearen epea ahitu ondoren, hamabost urteko epean, adostasun aktatik hasita, baimenaren titularra izanen da sortutako kalte eta galeren erantzulea.
V. KAPITULUA. Baimen bereziak
1. atala. Itxiturak
51. artikulua. Baimena jaso dezaketen kasuak.
Itxiturek honako kasu hauetan jaso dezakete baimena:
1. Lehendik dauden itxiturak.
Errepidearen zelaigunean izan ezik, jarduketa hauek jaso dezakete baimena:
a) Mantentze-lanak.
b) Lehengoratzeko lanak, hondaturik egonez gero, itxiturak zituen lerrokadura eta ezaugarri berberekin, betiere bide segurtasunari edo errepidearen integritateari kalte begi bistakoa eragiten ez bazaio.
2. Itxitura berriak.
Baldintza hauetan jaso dezakete baimena:
a) Diafanoak, zimendatzerik gabeko zutoinekin, alboko jabari publikoko eremua kanpotik mugatzen duen lerrotik hasita.
b) Diafanoak, fabrika-obrako zimenduekin, zortasun eremua kanpotik mugatzen duen lerrotik hasita.
c) Ez-diafanoak edo fabrika-obrako itxiturak, eraikinen lerrotik hasita.
52. artikulua. Lehendik dauden itxiturak, errepidea berritzeko lanek ukitutakoak.
1. Lehendik zeuden itxiturak errepidea berritzeko obrek ukitzen badituzte, administrazioak lehengoratuko ditu, lehengoen ezaugarri eta lerrokadura berberak dituztenak ezarriz, baina betiere administrazioak erositako alboko jabari publikoko eremua mugatzen duen lerrotik haratago.
2. Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikaturiko interes sozioekonomikoko arrazoiengatik, lehendik zeuden itxiturak errepidea berritzeko obrek ukitzen badituzte, administrazioak berriz paratu ahalko ditu lehen zituzten baldintza berberetan egiturari eta zelaigunearen kanpoko lerrotik izan beharreko distantziari dagokienez, baldin eta ez badio begi bistako kalterik eragiten bide segurtasunari edo errepidearen integritateari.
2. atala. Sarbideak
53. artikulua. Sarbideak mugatzea.
1. Errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak Nafarroako errepide sarean sarturiko dauden errepideetako sarbideak mugatu eta antolatu ahalko ditu, eta ezarri sarbide horiek zein tokitan eta zer baldintzekin eraiki behar diren, araudi indarduna eta errepideko trafikoaren intentsitatea, bide segurtasuna eta funtzionaltasuna kontuan hartuta.
Nolanahi ere, lehentasuna emanen zaio lehendik dauden sarbideak erabiltzeari, eta sarbide berriak egiteko aukerak ahal den gehien murriztuko dira.
2. Seinale horizontal eta zutikakoak bide segurtasuna dela-eta aldatzea ez da sarbideen mugaketa edo antolaketatzat hartuko, eta errepideen arloko eskumena duen departamentuak zuzenean egin ahalko du aipatutako arrazoiengatik beharrezkoa denean.
54. artikulua. Sarbideak eskatzea.
Nafarroako errepide sarean sartzeko eskaerari, foru lege honek izaera orokorrarekin eskatzen duen dokumentazioaz gain, sustatu nahi den jarduketak sarean izanen duen eragina jasotzen duen trafikoari buruzko azterlan bat ere erantsi beharko zaio, jarduketaren garrantziak hala eskatzen duenean errepideen arloko eskumenak dituen departamentuaren irizpide arrazoituari jarraikiz.
55. artikulua. Baimena.
1. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak baimena emanen du, bidezkoa bada, sarbidea egiteko; ebazpenean ezarriko dira horretarako baldintzak, beste sestra batean jartzeko balizko betebeharra barne.
Baldintzak ezartzeko honakoak hartuko dira kontuan: egin gogo den jarduketa, sarbidearen xede den errepidearen ezaugarri teknikoak eta trafikokoak eta sarbidearen bide segurtasuna.
2. Era berean, erabilerei mugak ezarri ahal zaizkio, horretarako arrazoiak edukita komenigarritzat jotzen direnak, sarbidea beste erabiltzaile batzuentzat ere irekitzea eta bateragarria egitea.
56. artikulua. Sarbidea eraiki, haren titularitatea eta zainketa.
1. Nafarroako errepideen sarerako sarbide berriak proiektatu eta eraikitzea eskatzaileak ordainduko ditu, eta lan horiek errepideen arloko eskumena duen departamentuaren baimenean ezarritako zehaztapenei jarraikiz beteko dira.
2. Sarbide berriaren zati bat alboko jabari publikoko eremuan baldin badago edo funtzionalki errepideari erantsi behar bazaio, zati hori Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren bideen jabari publikoan sartuko da. Bideen jabari publikoan sartzen ez den gainerakoaren jabetza, zainketa eta mantentze-lanak ez dagozkio Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari.
57. artikulua. Administrazioak sustatutako proiektuak.
1. Errepideak eraikitzeko proiektuetan eta errepideen arloko eskumena duen departamentuak sarbideak egiteko sustatzen dituen proiektu berariazkoetan antolatu edo lehengoratu ahalko dira sarbideak; bigarren kasuan, jendaurrean jarri beharko da proiektua hilabetean, partikularren ondasunak edo eskubideak erosi behar direnena.
Sarbideak antolatu edo lehengoratzeko proiektu berariazkoen onespenak berekin ekarriko du erabilera publikoaren deklarazioa eta hura gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak okupatu beharrarena, guztia nahitaezko desjabetzeari buruzko araudian ezarritakoarekin bat.
2. Antolatu edo lehengoratu ondoren, sarbideen titularitatea haien jatorrizko titularraren izanen da.
3. Proiektuetan aurreikusten denean sarbideak antolatu edo bateratzeko bideak eraikitzea, bideen titularitatea, zainketa eta mantentze lanak, behin bideok erabilgarri direla, haien onuradunei dagozkie.
4. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak beste titular batzuen lurretan barna desjabetzeen bitartez bide zortasuna ezarriz lehengoratu ahalko ditu sarbideak.
3. atala. Gasolina-zerbitzuguneak
58. artikulua. Baimenak.
1. Nafarroako errepideen sareko errepideetako eremu funtzionaletatik eta zerbitzuetatik kanpo gasolina-zerbitzuguneak jartzeko baimenerako prozedura, arautzea eta eskumen araubidea foru lege honetan baimeni buruz ematen diren xedapen orokorrek zuzenduko dituzte, eta erregelamenduz xedatzen denak.
2. Edozein kasutan, eskaerari teknikari aditu batek prestatutako proiektua erantsi beharko zaio. Errepideetako azpiegiturak ukitzen dituzten gasolina-zerbitzuguneetako elementu guztien proiektuetan eta exekuzioan, ezaugarri teknikoak ez dira izanen Nafarroako errepideen plan zuzendarian gasolina-zerbitzugunea kokaturik dagoen errepiderako ezarri direnak baino apalagoak.
VI. KAPITULUA. Bideetako legezkotasunaren babesa
59. artikulua. Babes neurriak.
1. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak xedatu ahalko du, bestelako izapiderik gabe, ebazpen arrazoituaren bidez, obrak berehala geldiaraztea eta baimenik gabeko erabilerak edo berak emandako baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak etetea.
2. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak eska dezake, ura edo energia elektriko hornitzen duten enpresei behar den bezala jakinaraziz, hornidura eten diezaieten, bost egun naturaleko epean, geldiarazi edo etenarazi diren obrei edo erabilerei, hala xedatu ondoren. Horniduraren etetea obrak edo erabilerak legeztatu ondoren baizik ez da altxatuko, eta departamentuak hornidura enpresei horren eman ondoren.
3. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak obrak eta instalazioak zigilatu ahalko ditu eta interesdunari agindu makinak eta bertan pilatutako materiala eraman ditzan bi egun naturaleko epean. Eramateko betebeharra betetzen ez bada, departamentuak egin ahalko du, betiere interesdunaren kontura.
4. Baimendu gabeko jarduketak edo baimenari lotzen ez zaizkionak oso arriskutsuak baldin badira bide segurtasunerako, errepideen arloko eskumena duen departamentuak errepidearen segurtasuna bermatzeko egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahalko ditu, interesdunaren kontura eta beste izapiderik gabe.
5. Geldiarazi edo eteteko ebazpenean interesduna premiatuko da bost egun naturaleko epean obrak edo erabilerak legeztatzeko eska dezan, legeztatzeko modukoak badira, edo bestela egokia iruditzen zaiona alega dezan.
6. Interesdunak ez badu epe horretan eskatzen legeztatzea edo jarduketa ez bada legeztatzeko modukoa, errepideen arloko eskumena duen departamentuak erabaki dezake, ebazpen arrazoitu baten bidez, obrak eraistea, erabilerak behin betikoz etetea eta aldatutako errealitate fisikoa bere onera bueltaraztea, eta eskatu ahal dio interesdunari ematen zaion epean bete dezan erabakitakoa. Epe hori interesdunak eskatutako bete gabe iraganik, departamentuak, beste izapiderik gabe, subsidiarioki beteko du, interesdunaren kontura.
60. artikulua. Bideen jabari publikoari eragindako kalte eta galerak.
1. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak bideen jabari publikoari eragindako kalteak konpondu eta bertan aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko behar diren neurriak beteko ditu, beste izapiderik gabe eta kalteen eragilearen kontura.
Kalteen eragileak sortutako kalte eta galerak ordaindu beharko dizkio Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari horretarako emanen zaion epean.
2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, errepideen arloko eskumena duen departamentuak bideen jabari publikoari eragindako kalte eta galeren ordainketa zuzenean eskatu ahalko die kalteak eragin dituenaren erantzukizun zibilak dakarren arriskua bere gain hartu duten aseguratzaileei.
61. artikulua. Jarduketen bateragarritasuna.
Bideen legezkotasuna babesteko kapitulu honetan jasotako neurriak hartzea ez da oztopo bidezkoak izan daitezkeen zehapen eta erantzukizunetarako, eta errepideen arloko eskumena duen departamentuak bereizirik nahiz foru lege honetan aurreikusitako zehapen prozeduraren barnean agindu eta betearazi ahalko ditu.
62. artikulua. Objektuak kentzea.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, beste izapiderik gabe eta interesdunaren kontura, errepideko zelaigunean eta eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan eta alboko jabari publikoko eremuetan abandonatu, jarri edo utzitako objektu edo elementu guztiak kenduko ditu, bideko segurtasun egokia murriztu edo erabilera ohikoa oztopatzen badute.
V. TITULUA. ERREPIDEEN HIRI BARNEKO TARTEAK ETA ZEHARBIDEAK
I. KAPITULUA. Hiri barneko tarteak
63. artikulua. Kontzeptua.
Foru lege honen ondorioetarako, errepide baten hiri barneko tartea hauxe da: udal hirigintza planeamendurako kasuan kasuko tresnan hirikotzat sailkaturiko lurzoruan barna doana edo haren mugakidea dena.
64. artikulua. Eskumenak.
1. Errepideen hiri barneko tarteetan, toki entitateek izanen dute baimenak emateko eta zehapen ahalmena erabiltzeko eskumena, salbu eta galtzadaren errealitate fisikoa edo zelaigunearen gainerakoa ukitzen duten kasuetan, horien eskumena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan errepideen eskumena duen departamentuarena baita.
2. Hirigintza-planeamenduaren sailkapenaren arabera hirikoa den lurzoruarekin bazterretako batean bakarrik mugakide diren errepide tarteetan, toki entitateek eskumena izanen dute bazter horri dagozkion jarduketetarako, eta errepideen arloko eskumena duen departamentuak, berriz, errepide horren kontrako bazterrari dagokiona.
65. artikulua. Eraikinen lerrokadura.
1. Errepideen hiri barneko tarteetan, eraikinen lerrokadura udaleko hirigintza planeamenduan zehaztuko da, errepideen arloko eskumena duen departamentuak hirigintzako araudian xedatutakoari jarraikiz txostena eman ondoren.
2. Departamentu horrek aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako prestatzen duen txostenean, arrazoiturik bada errepideetako eraikinen lerrorako foru lege honetan aurreikusi direnak baino distantzia txikiagoak ezarri ahalko dira, lehendik eraikin jarraiak daudela baloratuta eta murrizketa komenigarria egin dezaketen arrazoi teknikoak, sozioekonomikoak edo orografiakoak daudela kontuan hartuta.
II. KAPITULUA. Zeharbideak
66. artikulua. Kontzeptua.
1. Foru lege honen ondorioetarako, zeharbidea hauxe da: errepide baten hiri barneko tartea, haren bi bazterretako batean gutxienez herri edo hiriko hiri-bilbaduraren parte diren eraikin sendotuak daudenean.
2. Herri edo hirira sartzeko errepideak jarraipenik ez badu, errepide hori hirigunearen hasieran amaitzen dela ulertzen da. Kasu horretan herriak edo hiriak ez du zeharbiderik.
67. artikulua. Titularitatea eta kudeaketa.
1. Zeharbideen titularitatea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarena da, ibilgailuen zirkulaziorako prestatutako zoruaren eremura eta, baldin badaude, bide bazterretara mugatua.
2. Nafarroako errepide sarearen zeharbideen kudeaketa errepideen arloko eskumena duen departamentuari dagokio, baina toki entitate interesdunekin itundu ahalko du haiek zaindu, hirian txertatu eta funtzionaltasunari begira bidezkotzat jotzen duena.
3. Errepideen arloko eskumena duen departamentua eta toki entitate eskuduna lankidetzan arituko dira zeharbideetan oinezkoen eta ibilgailuen trafikoaren arteko bizikidetza laguntzeko, hiriko bizi kalitatea eta bide segurtasuna hobeak izan daitezen.
4. Zeharbideetan obrak egin eta finantzatzeko prozedura erregelamenduz zehaztuko da.
5. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak kasuan kasuko toki entitatearekin lankidetzan planifikatu eta programatuko ditu herri horretako zeharbideak ukitzen dituzten jarduketak.
68. artikulua. Hiri bide bilakatzea.
1. Herri batean saihesbidea eraikitzen denean, bertako zeharbidearen tarteak hiri bide bilakatuko dira, eta herri edo hiriko hiriguneraino daraman errepide tarte edo tarteak, berriz, Nafarroako errepide sarean mantenduko dira.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak toki entitateari emanen dio hiri bide bilakatu den zeharbidea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ondareari buruzko araudian aurreikusitako izapideei jarraikiz, toki entitate interesdunak edo errepideen arloko eskumena duen departamentuak proposaturik.
3. Erregelamendu bidez ezarriko da zein diren bete beharreko baldintzak zeharbide bat hiri bide bilakatzeko, bai eta toki entitate bati emateko prozedura eta baldintzak ere. Behin eman ondoren, hiri bidearen titularitatea toki entitatearena izanen da, eta Nafarroako zeharbideen inbentarioan eta errepideen katalogoan baja emanen zaio.
III. KAPITULUA. Nafarroako zeharbideen inbentarioa
69. artikulua. Zeharbideen inbentarioa.
1. Nafarroako zeharbideen inbentarioa da zeharbideak antolatzeko tresna publikoa, eta honakoak hartzen ditu barne: haien zerrenda zehaztua, eta bakoitzaren mugaketa, adierazpen grafikoa eta identifikatzeko beharrezkoak diren inguruabar guztiak. Herri edo hiri batek zeharbide bat edo batzuk izan ditzake.
2. Edozein administrazio publikok edo entitatek egin eta inbentarioko zeharbideren bat ukitzen duen aldaketa edo jarduketa oro jakinarazi behar zaizkio errepideen arloko eskumena duen departamentuari, inbentarioa gaurkotzeko.
3. Nafarroako zeharbideen inbentarioa errepideen arloko eskumena duen departamentuko kontseilariak emaniko foru agindu bidez onetsi, gaurkotu eta aldatuko dira.
4. Inbentarioan sartutako zeharbideen mugak ofizioz edo toki entitate interesdunak eskatuta aldatu ahalko dira, eta ofizioz eginez gero entzutea eman beharko zaio toki entitateari hamabost eguneko epean.
5. Nafarroako errepide sareko zeharbideen zerrenda, herriz herrikoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da errepideen katalogoarekin batera, adierazitako kasuan kasuko errepidea, mota eta zeharbidearen hasierako eta amaierako kilometro puntuak, Nafarroako zeharbideen inbentarioan jasotakoaren arabera.
VI. TITULUA. BESTE ADMINISTRAZIO BATZUEKIKO KOORDINAZIOA
70. artikulua. Estatuko administrazio orokorrarekin.
Nafarroako errepideen sarea Estatuko errepideen sarearekin egoki artikulatzeko, bataren eta bestearen jarduketak ahal den modu onenean koordinatzeko, errepideen bi sareen jarraitutasuna eta Europako garraioen sarearekin konektagarriak izatea bermatzeko, eta, azkenik, zainketa eta ustiaketa lanak ahal den modurik onenean gauzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa Estatuko administrazio orokorrarekin koordinatuko da, eta, kasua bada, behar diren lankidetza protokolo edo hitzarmenak eginen dira.
71. artikulua. Lurralde mugakideetako beste administrazio batzuekin.
Nafarroako errepideen sarea Nafarroako Foru Komunitatearekin mugakideak diren lurraldeetako administrazioen eskumenekoak diren errepideen sareekin egoki artikulatzeko, bataren eta besteen jarduketak ahal den modu onenean koordinatzeko, errepideen bi sareen jarraitutasuna bermatzeko, eta, azkenik, zainketa eta ustiaketa lanak ahal den modurik onenean gauzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa Aragoiko, Errioxako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta tziako hegoaldeko lurralde-administrazio eskudunekin koordinatuko da, eta, kasua bada, behar diren lankidetza protokolo edo hitzarmenak eginen dira.
VII. TITULUA. ZEHAPENEN ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. Arau-hausteak
72. artikulua. Bideen arloko arau-hausteak
Bideen arloko arau-hauste administratiboak foru lege honetan jasotako aginduak urratzen dituztenak dira, eta bertan ezarrita daude motak.
73. artikulua. Arau-hauste motak.
1. Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Errepideko zelaigunean, eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan eta babesekoetan, eta errepidetik eraikinen lerrora bitarteko eremuan obrak, instalazioak, erabilerak edo jarduketak betetzea behar den baimena izan gabe, edo emandako baimenetan ezarritako manuren bat ez betetzea, ondoren legeztatzeko modukoak direnean.
b) Edozein motatako objektuak, elementuak edo materialak paratu, isuri, bota edo abandonatzea eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren titularitatekoa den alboko jabari publikoko eremuan, errepideen erabiltzaileak arriskuan jarri gabe.
2. Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Errepideko zelaigunean, eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan eta babesekoetan, eta errepidetik eraikinen lerrora bitarteko eremuan obrak, instalazioak, erabilerak edo jarduketak betetzea behar den baimena izan gabe, edo emandako baimenetan ezarritako manuren bat ez betetzea, ondoren legeztatzeko modukoak ez direnean.
b) edozein motatako objektuak, elementuak edo materialak paratu, isuri, bota edo abandonatzea errepideko zelaiguneari edo eremu funtzionalei eta zerbitzukoei edo babeseko eremuei eraginez, betiere, azken bi kasuetan, errepideen erabiltzaileak arriskuan jartzen badituzte.
c) Errepideko edozein elementu, zirkulazioaren antolaketa, orientazio, seinaleztapen eta segurtasunarekin lotura zuzena duena, nahita hondatzea edo haren ezaugarriak edo kokapena aldatzea.
d) Errepideko edo haren elementu funtzionaletako edozein obra edo instalazio nahita suntsitu, hondatu, eraldatu edo aldatzea.
e) Foru lege honetan ezarritakoa urratuz edozein publizitate egitea.
3. Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Errepideko zelaigunean, eremu funtzionaletan eta zerbitzukoetan eta babes eremuetan, eta errepidetik eraikinen lerrora bitarteko eremuan obrak, instalazioak, erabilerak edo jarduketak betetzea behar den baimena izan gabe, edo emandako baimenetan ezarritako manuren bat ez betetzea, ondoren legeztatzeko modukoak ez direnean eta gainera bide segurtasunari eragiten diotenean.
b) Errepideko edozein elementu, zirkulazioaren antolaketa, orientazio, seinaleztapen eta segurtasunarekin lotura zuzena duena, lapurtzea edo nahita suntsitu edo hondatzea, edo haren ezaugarriak edo kokapena aldatzea, kasuan kasuko elementuak bere eginkizuna betetzen segi dezan galaraziz.
c) Errepideko edo haren elementu funtzionaletako edozein obra edo instalazio nahita suntsitu, hondatu, eraldatu edo aldatzea, jarduketek galtzadari edo bide bazterrei eragiten badiete.
d) Babes eremuetan edozein motatako instalazioak paratzea, edo errepidearen erabiltzaileei arriskuak edo eragozpenak ekar diezazkieketen jarduerak edo osasunerako kaltegarri direnak betetzea, halakoak saihesteko neurri egokirik hartu gabe.
74. artikulua. Arau-hausteak pilatzea
Gertaera batek bideko arau-hauste batzuk dakartzanean, erantzuleei zehapen bakarra ezarriko zaie, arau-hauste larrienerako aurreikusitakoa alegia.
75. artikulua. Erantzukizuna
1. Arau-haustearen erantzule pertsona fisiko edo juridiko hauek izanen dira:
a) Jardueraren sustatzailea, jarduera betetzen duen pertsona eta haren zuzendaria den teknikaria. Ondorio horietarako sustatzailetzat hartzen da, halaber, arau-haustea dakarren jarduera egiten den lurren jabea, berau jakinaren gainean dagoela.
b) Baimen administratibo baten baldintzak betetzen ez direnean, haren titularra.
2. Arau-haustearen erantzule pertsona batzuk direnean, guztiek izanen dute erantzukizun solidarioa ezartzen den zehapenaren aurrean, sortutako kalte eta galeren ordaina emateko eta aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeari begira.
76. artikulua. Itzultzeko betebeharra.
Ezartzen den zehapena ukatu gabe, foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteetako baten erantzuleak beharturik daude arau-hausteak eragindako kalte eta galeren kalte-ordainak ematera eta gauzak lehen zeuden bezala jartzera berriz.
Presakotzat jotzen bada zerbait konpontzea edo hasieran zegoen egoerara itzultzea, arau-hauslearen kargura exekutatuko dira lanak, aldez aurretiko errekerimendu edo entzunaldirik gabe, eta behin betiko likidazioa ezertan kendu gabe, horretarako entzunaldia eman ondoren.
77. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.
1. Arau-hausteak preskribatzeko epea bost urtekoa izanen da arau-hauste oso larrien kasuan, lau urtekoa arau-hauste larrien kasuan eta urtebetekoa arinen kasuan.
2. Preskripzio epea arau-haustea eginiko egunean hasiko da kontatzen edo, jarduera jarrai baten kasuan, eten egin zen egunetik. Arau-haustea ekarritako jardueraren berri izaterik ez badago kanpoko adierazpenik ez dagoelako, adierazgarri horiek agertzen hasiko da kontatzen epea. Zehapen prozedura hasteak, arau-hausleak horren berri izanda, preskripzioa etenen du.
II. KAPITULUA. Zehapenak
78. artikulua. Zehapenak.
Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteen kontrako zehapenak isun hauek izanen dira:
a) Arau-hauste arinak, 300etik 1.500 eurora bitartekoa.
b) Arau-hauste larriak, 1.501etik 6.000 eurora bitarteko isuna.
c) Arau-hauste oso larriak, 6.001etik 150.000 eurora bitarteko isuna.
Bideko arau-hauste batek ekarritako etekina dagokion zehapena baino handiagoa denean, zehapenari gehituko zaio arau-hausleak lortutako etekina adinako zenbatekoa.
79. artikulua. Mailaketarako inguruabarrak.
Zehapen proposamenerako honako inguruabar hauek hartuko du aintzat:
1. Astungarriak:
a) Eragindako kalte eta galeren izaera.
b) Sortutako arriskua.
c) Garrantzia edo sortutako alarma soziala.
d) Kaltearen eragilearen edo erantzulearen intentzionalitatea.
e) Gertaera berean lege urratzeak pilatzea.
f) Berrerortzea, urtebeteko epean izaera bereko bideko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik, administrazio ebazpen irmo bidez hala erabaki denean.
g) Aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeak eta eragindako kalte eta galerak itzultzeak duten zailtasun teknikoa edo kostu ekonomikoa.
h) Bideetako zerbitzu publikoari eragindako asalduraren norainokoa.
i) Agindutako kautelazko neurriak ez betetzea.
2. Aringarriak:
a) Jarduketaren erantzulea agintearen agenteei laguntzea edo espedientearen instrukzioa egitean.
b) Erantzuleak eragindako kaltea arindu izana zehapen espedientea ireki aurretik edo aldatutako errealitate fisikoa zehapena ezarri aurretik.
80. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Ezarri beharreko isunaren zenbatekoa mailaketarako inguruabarrak kontuan hartuz zehaztuko da.
81. artikulua. Zehapenak pilatzea.
1. Bideko arau-hauste baten ondorioz erantzuleei ezartzen zaizkien zehapen administratiboak independenteak dira.
2. Bideko arau-haustea dakarten bi gertaeraren edo gehiagoren erantzuleek foru lege honetan aurreikusitakoaren araberako zehapenak jasoko dituzte ekintza bakoitzeko, erantzukizuna administrazio prozedura bakar batean aztertu badaiteke ere.
82. artikulua. Zehapenen preskripzioa.
Bideko arau-hausteengatik ezarritako zehapen administratiboen preskripzio epeak hauexek izanen dira: oso larriak hiru urtera, larriak bi urtera eta arinak urtebetera. Epe horiek zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bilakatu eta biharamunean hasiko dira.
III. KAPITULUA. Zehatzeko administrazio prozedura
83. artikulua. Prozedura eta eskumena.
1. Bideko arau-hausteengatiko zehapen administratiboak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako prozeduraren arabera ezarriko dira.
2. Zehatzeko administrazio prozedurari ekiteko eta ebazteko eskumena errepideen arloko eskumena duen zuzendari nagusiari dagokio.
84. artikulua. Ekintza publikoa.
Foru lege honetan ezarritakoa bete dadin eskatzeko ekintza publikoa izanen da.
85. artikulua. Agintari izaera.
Errepideak zaindu edo ustiatzeko eginkizunei atxikiriko funtzionarioek agintearen agente izaera izanen dute eginkizun horietan ari direlarik, eta haiek jasotako ikuskapen aktak eta egindako salaketak egiazkotzat hartuko dira eta agiri publikoaren izaera izanen dute.
86. artikulua. Delitua edo hutsegitea dakarten jokabideak.
1. Errepidearen edo haren elementu funtzionalen kontra egindako ekintzak delitu edo hutsegite izan daitezkeenean, errepideen arloko eskumena duen departamentuak agintari judizial eskudunari igorriko dizkio jarduketak, eta ez du aurrera eramanen zehapen prozedura horrek erabakia eman arte.
Era berean, prozedura eten eginen da administrazioaren zehapen prozedura bati hasiera eman eta egintza berei buruzko prozesu penal bat abian dela jakin orduko.
2. Zehapen penala baldin badago, ez da administrazio zehapenik jarriko, baina horrek ez du aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko betebeharretik salbuetsiko.
3. Deliturik edo hutsegiterik atzematen ez bada, errepideen arloko eskumena duen departamentuak aurrera eraman edo hasi dezake zehapen espedientea, epaitegiek frogatutzat eman dituzten egintzak errespetatzea beste mugarik gabe.
87. artikulua. Premiamenduko bide administratiboa.
Premiamenduko bide administratiboaren bidez eskatu ahalko dira isunen zenbatekoak, eragindako kalte eta galerenak, bai eta aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeak dakartzan gastuenak ere. Azken kasu horretan, errepidea zaintzeko zerbitzuek egindako lanen balio-zerrendetan ageri diren prezioen arabera zehaztu daitezke zenbatekoak.
88. artikulua. Prozedura iraungitzea.
1. Prozedurari amaiera emanen dion ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen espedientea ireki zen egunetik hasita. Instrukzio egileak proposamen justifikatua eginez gero, ebazpena emateko eskumena duen organoak gehieneko epe hori luzatzea erabaki dezake, betiere luzapena epearen erditik gorakoa ez bada.
2. Gehieneko epea ebazpena jakinarazi gabe iraganez gero, espedientea iraungi eginen da. Halere, beste zehapen espediente bat ireki daiteke arau-haustea ekarri duten gertaerak foru lege honetan ezarritakoari jarraikiz preskribatu ez badira. Ondorio horietarako, ordurako eginiko izapide-egintzek balioa gordeko dute eta beste instrukzio-egile bat izendatuko da.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Nafarroako errepideen katalogoa eta Nafarroako zeharbideen zerrenda.
Nafarroako errepideen katalogoa eta Nafarroako zeharbideen zerrenda foru lege honen I. eranskinean daude jasota.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Beste administrazio batzuek eraikitako errepideak.
Foru lege honetan ezarritako ez da aplikatzekoa izanen beste administrazio batzuek, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin hitzarmenak egin ondoren, Nafarroan eraikitzen dituzten errepideen kasuan, Nafarroako errepide sarean sartzen ez diren bitartean.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. N-121-A errepidea (Iruña-Behobia), Endarlatsa eta Irun artekoa.
Endarlatsa eta Irun artean, N-121-A errepidearen jabetza eta titularitate araubidea 2004ko maiatzaren 25ean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izenpetutako hitzarmenean aurreikusitakoa izanen da, eta errepide tarte horretan ez da aplikatzekoa izanen foru lege honetan ezarritakoa.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Zehapenak gaurkotzea.
Foru lege honetan aurreikusitako isunen zenbatekoa Nafarroako Gobernuak gaurkotu ahalko du.
Lehenbiziko Xedapen Iragankorra. Araubide iragankorra.
Foru lege honek indarra hartu baino lehen hasitako prozedurak aurreko araudian xedatutakoak arautuko ditu.
Bigarren Xedapen Iragankorra. AP-68 autobidea.
AP-68 autobiderako ("vasco-aragonesa" deitutakoa) ezarritako araubideak indarra izanen du emakida iraungi arte, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean barna egiten duen zatiari dagokionez. Autobide horren emakida iraungi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean barna egiten duen zatia foru lege honetan xedatutakoak arautuko du.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea eta indarraldiak.
Honako xedapen hauek indargabetu dira:
-Nafarroako errepideen babeserako urriaren 10eko 11/1986 Foru Legea.
-Azaroaren 13ko 239/1986 Foru Dekretua, Nafarroako errepideak sailkatzen dituena, Nafarroako errepideen babeserako urriaren 10eko 11/1986 Foru Legean ezarritako distantziak aplikatzeko.
-Foru Diputazioak 1968ko maiatzaren 15ean hartutako erabakia, udal eta kontzejuek lagatako errepideak Diputazioak jasotzeko modua arautzen duena.
-Foru Diputazioak 1973ko otsailaren 23an hartutako erabakia, udal eta kontzejuek lagatako errepideak Diputazioak jasotzeko modua arautzen duena.
-Foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Foru lege honi aurka egiten ez dioten heinean, honako hauek indarra izaten segituko dute:
-Ekainaren 5eko 130/1995 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko komunikazio-bideetan gasolina-zerbitzuguneen ezartzea arautzen duena.
-154/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 10ekoa, Nafarroako errepide sareko zeharbideak eta haiek berritzeko obrak egiteko prozedura arautzen dituena.
-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak maiatzaren 20an emaniko 2015/1999 Foru Agindua, eraikuntzako kontzeptuak eta Nafarroako Errepideen Sareko tokian tokiko zeharbideak egokitu eta hobetzeko obretan Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak finantza ditzakeen ehunekoak zehazten dituena.
-787/2001 Foru Agindua, irailaren 10ekoa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak emana, "Nafarroako Errepideen Sareko zeharbideetan zebra-bide goratuak (abiada mantsotzekoak) instalatzeko Araudi Teknikoa" eta baimenak emateko baldintzak onesten dituena.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa. Erregelamendu bidezko gaikuntza.
Nafarroako Gobernuari eta errepideen arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaie foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzaten.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunen buruan hartuko du indarra.
Nafarroako errepideen katalogoa eta Nafarroako zeharbideen zerrenda
II. ERANSKINA
Adierazpen grafikoa: errepidea, babes eremuak, eraikinen lerroa eta publizitatea ezartzeko debeku eremua
A |
ALBOKO JABARI PUBLIKOKO EREMUA ETA HAREN ZABALERA |
B |
ZORTASUN EREMUA ETA HAREN ZABALERA |
C |
ERAIKINEN LERROA ETA GALTZADARA BITARTEKO DISTANTZIA [ C≥A+B ] |
D |
PUBLIZITATEA EZARTZEKO DEBEKU EREMUA ETA HAREN ZABALERA |
1 |
Autobide, autobia eta bide bikoiztuetarako distantziak. |
2 |
Prestazio handiko errepide, interes orokorreko errepide eta Foru Komunitatearen intereseko errepideetarako distantziak. |
3 |
Tokiko errepideetarako distantzia. |
DISTANTZIAK METROTAN | ||
A |
1 |
|
2 |
| |
3 | ||
B |
1 |
|
2 |
| |
3 | ||
C |
1 |
|
2 |
| |
3 |
| |
D |
1 |
|
2 |
| |
3 |
|