Castellano | Euskara | Français | English
Atarikoa
Telekomunikazioei buruzko apirilaren 24ko 11/1998 Lege Orokorreko 43 eta 44. artikuluek xedatzen dute telekomunikazio sare publikoak ezartzeko banakako lizentzien titularrak diren operadoreek eskubidea izanen dutela jabari publikoa erabiltzeko, kasuan kasuko telekomunikazio sarea ezarri edo instalatzeko behar den ber.
Telekomunikazioen liberalizazioak eta sektoreak geroan izan dezakeen garapenak berekin dakarte operadore asko sortzea, sareak paratzeko bide jabari publikoa erabili behar dutenak. Sareak sobera ugalduko balira hirigintzari eta ingurumenari kaltea eraginen litzaiekeenez, Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko 47. artikuluak xedatu du operadoreak behartzen ahalko direla erabiltzeko eskubideen xede diren ondasun publiko edo pribatuak konpartitzera, telekomunikazio sare publikoak ezartzeko.
Lege hori kontuan hartuz, azpiegiturak ugalduko balira sortuko litzatekeen kaltea saihesteko asmoz, nahitaezkotzat jotzen da Foru Komunitatean telekomunikazio operadoreek bide jabari publikoaren erabilera banatu beharra ezartzea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Telekomunikazio operadoreek banatu egin beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Errepideen Sarea osatzen duten komunikabideen jabari publikoaren erabilera, Telekomunikazioei buruzko apirilaren 24ko 11/1998 Legeko 47. artikuluan aipatzen den prozedurari jarraituz.
Bigarrena
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.
Hirugarrena
Foru Agindu hau jakinaraztea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Herrilan Zuzendaritza Nagusiari, Garraio eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiari, Zainketa Zerbitzuari, Telekomunikazio Zerbitzuari eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari.