Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 182. NAOn argitaratutako testua, irailaren 14an)
Atarikoa
Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak maiatzaren 12an emandako 34/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Errepideen Katalogoa onetsi zen.
Gauzatzen ari ziren zenbait obra bukatu direnez, gerora aldaketa batzuk gertatu dira Nafarroako errepideen sarean.
Era berean, berrikusi egin da aurreko katalogoan zeuden errepide tarte asko Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritako kontzeptuekin bat datozen, honako hauei dagokienez bereziki: herrietarako sarbide diren errepideen mugapena, sareko beste errepide batzuekin jarraipenik ez dutenean, sarbidearen xede den herrigunetik hasita; toki entitateen hiri bide gisa soilik funtzionatzen duten errepideak; zerbitzua duten edo ez duten tren geltokietarako soilik diren errepideak; eta toki errepideak, katalogoan sartuta egon arren, komunikazioen sare kapilarra osatzen ez dutenean, herriguneetarako sarbide ez direnean eta Nafarroako Foru Komunitateko edo lurralde mugakideetako goragoko mailako errepideen arteko lotura eratzen ez dutenean.
Zeharbideen Inbentarioa ere berrikusi da, alde batetik, 2012ko Errepideen Katalogoaren eguneratzeak ekarri dituen aldaketetara egokitzeko, eta, bestetik, kasuan kasuko toki entitateari formalki lagatutako tarteak kentzeko, kontuan harturik lagapenetan jarraitu den tramite administratiboak barnean hartzen dituela Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legearen 69.4 artikuluan halako aldaketetarako ezarritako baldintzak.
Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 4.4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Errepideen Katalogoaren eguneratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela eta errepideen mapa ofiziala ere argitaratuko dela. Bestalde, foru lege horren 69.5. artikuluan ezarri zen errepideen sareko zeharbideen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko zela, errepideen katalogoarekin batera.
Zainketa Zerbitzuak Nafarroako Errepideen Katalogoa eta Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa eguneratu ditu, eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala egin du.
Hori horrela, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 4.3. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Foru agindu honen eranskinean ageri diren Nafarroako Errepideen Katalogoa eta Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala onestea.
2. Foru agindu honen eranskinean ageri den Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa onestea.
3. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak maiatzaren 12an emandako 34/2010 Foru Agindua indarrik gabe uztea.
4. Foru agindu hau Zainketa Zerbitzuari eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari jakinaraztea, eta adieraztea foru agindu honek administrazio publikoentzako administrazio bidea amaitzen duela. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2012ko abuztuaren 31n.-Sustapeneko kontseilaria, Luis Zarraluqui Ortigosa.
ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitateko errepideen katalogoa
2012. urtea