Etxebizitza babestuen sustapenak hautatzea eta esleitzea
Etxebizitza babestuen sustapenak hautatzea eta esleitzea
Hemen sustapenak kontsultatu eta aukeratu ditzakezu, eta esleipen-prozesu osoaren berri jakin. Prozesu horiek martxoaren 1ean, ekainaren 1ean, irailaren 1ean eta abenduaren 1ean hasten dira.
Esleipen-prozesuetan parte hartzeko, baldintza hauek bete behar dituzu:
Etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldan izena emanda egotea esleipen-prozesu bakoitza hasi baino lehen, hau da, prozesua hasten den eguneko 00:00etan. Oraindik izena eman ez baduzu, esteka honetan eman dezakuzu alta erroldan.
Erroldaren lehentasunetan, esleituko diren etxebizitzen ezaugarriak betetzen dituzten aukerak hautatu izana (etxebizitza mota, logela kopurua eta herria). Beraz, ez dizute PTE (prezio tasatuko etxebizitza) bat esleituko baldin eta BOE (babes ofizialeko etxe) bat besterik ez duzula nahi adierazten baduzu.
Ezin duzu prozesuan parte hartu etxebizitza bat behin-behinean esleitu badizute aurreko prozesu batean.
Deskribapena keyboard_arrow_down
Ondoren, prozesuaren ezaugarri nagusiak azalduko dizkizugu, fasez fase.
Sustapenak aukeratzea
Esleipen-prozesuak hiruhileko bakoitzean hasten dira: martxoaren 1ean, ekainaren 1ean, irailaren 1ean eta abenduaren 1ean.
Data horietatik aurrera, interesatzen zaizkizun sustapenak aukera ditzakezu. 15 eguneko epea ireki ohi da, online bakarrik, webgune honen bidez.
Sustapen bat baino gehiago aukeratzen baduzu, lehentasunaren arabera ordenatu behar dituzu.
Alokairu-erregimeneko etxebizitza bat eskuratu nahi baduzu, ez dituzu nahitaez aukeratu behar interesatzen zaizkizun sustapenak.
Baten bat markatzen baduzu, hautatutako sustapenak baizik ezin izanen dituzu eskuratu.
Ez baduzu bakar bat ere markatzen, erroldan adierazitako lehentasunekin bateragarriak diren sustapen guztiak eskuratzeko aukera izanen duzu.
Ez bazaizu bakar bat ere interesatzen, aldi baterako baja eman dezakezu erroldan. Prozesua bukatutakoan automatikoki emanen dizute alta berriz, zuk eskatu beharrik gabe. Esteka honetan baja eman dezakezu erroldan.
Salerosketa-erregimeneko etxebizitza bat nahi baduzu, kasu honetan bai, interesatzen zaizkizun sustapenak hautatu behar dituzu nahitaez. Ez badituzu hautatzen, ez duzu esleipen-prozesuan parte hartuko.
Hasierako esleipenak argitaratzea
Aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren, hasierako esleipenak argitaratuko dira webgunean.
Lehenbiziko esleipena da hori, behin-behinekoa oraindik.
Sustapenik esleitu dizuten jakin dezakezu eta, hala bada, etxebizitzak zenbat logela izanen dituen. Baina fase honetan oraindik ez dira etxebizitza zehatzak esleitzen (adibidez: 4. C edo 1. A).
Alegazioak aurkeztea
Hasierako esleipenak argitaratu ondoren, 10 egun balioduneko epea irekitzen da alegazioak aurkezteko. Bakar-bakarrik baldin eta eskatzaile gehiago badaude esleitu beharreko etxebizitzak baino.
Epe horretan, hasierako esleipenaren aurkako alegazioak aurkez ditzakezu.
Ez dira kontuan hartzen lortutako puntuazioari dagozkion alegazioak, balorazioan akatsen bat gertatu ezean. Eta ezin duzu eskatu eskabidean sartu ez dituzun alderdiak baloratzeko ere.
Behin-behineko esleipenak argitaratzea
Alegazioak ebatzi ondoren, behin-behineko esleipenak argitaratzen dira webgunean.
Izenak berak dioen bezala, behin-behineko zerrendak dira, eta etxebizitza babestua eskuratzeko baldintzak betetzen dituzula egiaztatu gabe dago oraindik.
Agiriak aurkeztea
Behin-behineko esleipenak argitaratu ondoren, sustatzailea harremanetan jarriko da zurekin dokumentazioa aurkez dezazun, baldintzak betetzen dituzula eta baremoa behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko.
Komeni da agiri guztiak aldez aurretik prest edukitzea. Esteka honetan ikus dezakezu zer agiri aurkeztu behar dituzun (gaztelaniaz).
Agiriak adierazitako epean aurkezten ez badituzu, etxebizitzari uko egin diozula ulertuko da. Kontuan izan uko egite bakarra onartzen dela. Bigarrenez uko egiten badiozu, urtebetez kanporatuko zaituzte erroldatik eta, epe horretan, ez duzu aukerarik izanen inongo sustapenik eskuratzeko.
Kontratuak sinatzeko baimena
Baldintzak betetzen dituzula eta baremoa behar bezala aplikatu dela egiaztatu ondoren, Etxebizitza Zerbitzuak kontratuak sinatzeko baimena ematen du.
Kontratuak sinatzea
Baimena jaso ondoren, hilabeteko epea irekitzen da kontratuak sinatzeko.
Sustatzailea zurekin harremanetan jarriko da kontratua sinatzeko.
Adierazitako epean sinatzen ez baduzu, etxebizitzari uko egin diozula ulertuko da, eta urtebetez kanporatuko zaituzte erroldatik. Epe horretan, ez duzu aukerarik izanen inongo sustapenik eskuratzeko.
Kontratuak ikus-onestea
Kontratua sinatu ondoren, 15 eguneko epea irekiko da Etxebizitza Zerbitzuari ikus-onetsia eskatzeko.
Sustatzaileak eskatzen du ikus-onetsia, eta, beraz, ez duzu ezer egin behar.
Ikus-onetsiak ziurtatzen du kontratuak legezko baldintzak betetzen dituela eta kasuan kasuko dirulaguntzak eskuratzeko aukera ematen duela. Informazio gehiago esteka hauetan:
Datorren prozeduran esleituko diren sustapenak kontsulta daitezke, baina ezin izango da hautaketa izapidetu horretarako epea ireki arte. Sustapen gehiago gehituko zaizkio bisore horri, behin-behineko kalifikazioa lortu ahala.