Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua erregistro bat da, eta bertan alta eman behar duzu baldin eta Nafarroan etxebizitza babestu bat erosi edo alokatu nahi baduzu.
Erregistro bakarra da, Nafarroako etxebizitza babestu guztiak, bai erostekoak bai alokatzekoak, biltzen dituena, sustatzaile publikoek nahiz pribatuek eraikiak izan.
Eskabidean, datu pertsonalez gain, etxebizitzari dagokionez dituzun lehentasunak adierazi behar dituzu. Adibidez, zer etxebizitza mota eskuratu nahi duzun (erostekoa edo alokatzekoa), haren kokapena eta logelen kopurua. Nahi duzunean eguneratu ditzakezu datu horiek.
Datuek eta lehentasunek balio dute kalkulatzeko eskatzaile bakoitzaren puntuazioa, eta etxebizitzak esleitzeko. Kalkulu hori egiten da esleipen-prozesu bakoitza hasten den eguneko 00:00etan erregistratutako datuekin.
Horregatik, datuak eguneratu egin behar dira prozesu bakoitza hasi aurretik, baldin eta lehentasunak edo inguruabar pertsonalak aldatu badira.
Inskripzioan, ez duzu dokumentaziorik aurkeztu behar. Etxebizitza babestu bat esleitzen badizute soilik aurkeztu beharko duzu.
Inskripzioak 2 urteko indarraldia du. Denbora tarte horretan eguneratze edo aldaketaren bat egiten baduzu, eskabidea automatikoki berrituko da beste bi urterako. Baina halakorik egiten ez baduzu, zentsutik aterako zaituzte.