Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 66. NAOn argitaratua, maiatzaren 31n)
Atarikoa
Urtarrilaren 25eko 7/1990 Foru Dekretuaren bidez josteta makinen erregelamendua onetsi zen. Besteak beste, erregelamenduak, bere eranskinean (martxoaren 22ko 96/1993 Foru Dekretuaren bidez aldatua) ezartzen du zer baldintza tekniko bete behar dituzten Josteta Aretoaren jarduera duten lokalek. Baldintza tekniko horietako bat da 100 pertsonatik gorako edukiera duten aretoek beren autobabeserako plana izan behar dutela.
Ildo berean, abuztuaren 30eko 270/1999 Foru Dekretuak, Joko Aretoen Erregelamendua onesten baitu, bere 10.3 artikuluan xedatu zuen joko aretoetarako lokalek autobabeserako plan bat izan behar dutela. Bigarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du erregelamenduak indarra hartzen duen momentuan ustiapenerako baimena duten joko aretoek egokitu beharra dutela, urtebeteko epean, Foru Dekretu horren 10.3 artikuluan xedatutakoari.
Hori horrela, eta bi erregelamendu horien Azken Xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, agindu dut:
1. Joko eta Josteta Aretoen Autobabeserako Plan Nagusia onestea. Aipatu Plana Foru Agindu honen eranskinean ageri da.
2. Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru Agindu hau Barne Zuzendaritza Nagusiko Herri Babeserako Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
JOKO ETA JOSTETA ARETOEN AUTOBABESERAKO PLAN NAGUSIA
Autobabes plana, definizioz, oinarrizko dokumentu bat da, talde bati zuzendua, zeinetan helburua den, lehenbizi, talde horretako pertsonen segurtasuna kolokan jarri eta ondasunei kalte egiten ahal dien edozein gertakari aurreikustea eta prebenitzea, eta, bigarrenik, ezbeharren aurrean babesa ematea edo jardutea, ahalik lasterren kontrolatuz, ezbeharraren ondorioak murriztuz (kalteak, galderak...) eta pertsonak aretotik atereaz. Horretarako guztirako, dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak antolatu beharra dago.
Autobabeserako planak, Joko eta Josteta Aretoei aplikaturik, honelako egitura izanen du:
0. Helburuak
Autobabesa lortzeko planaren eta haren jarduketen xedeak.
1. Arriskuaren balorazioa
1.1. Aretoari buruzko informazioa
1.2. Okupatzaileen informazioa
1.3. Jarduketaren arriskuen azterketa
2. Babeserako baliabideak
2.1. Baliabide materialak
2.2. Behar diren egokitzapenak
3. Larrialdiaren antolamendua
3.1. Larrialdien sailkapena
3.2. Langileen antolamendu eta jarduteko moduak
Eginkizun eta prozedura operatiboak, normaltasunean, larrialdia eta normaltasunerako itzulera.
4. Inplantazioa
Plana abiarazteko behar diren ekintzak.
4.1. Inplantazio programa
4.2. Mantentzeko lanak
Plana dokumentu "bizia" izan dadin egin behar direnak.
5. Eranskinak
Planoak, eskemak, programak, egutegiak...
0. Helburuak
Autobabeserako planaren helburu eta xedeak, besteak beste, hauek dira:
.Pertsonen segurtasuna kolokan jartzen ahal duen edozein larrialdiren kausak aurreikusi eta prebenitzea, horretarako dauden giza baliabideak eta baliabide materialak egoki antolatuz.
.Larrialdia gertatuz gero, ahalik denbora laburrenean kontrolatzea eta bere ondorioak murriztea, kasu bakoitzean egoki diren bideak erabiliz.
.Aretoan diren pertsonak modu egokian konparatuko direla ziurtatzea.
Helburu horiek erdiesteko, zenbait jarduketa egin beharko dira, honako helburuak dutenak:
-Aretoa eta instalazioak ongi ezagutzea, eta ongi jakitea zein diren arriskuak eta dauden babes-neurriak.
-Okupatzaileei azaltzea nola jokatu behar duten larrialdi bat dagoenean, eta, normaltasunean horiek babesteko neurriak hartzea.
-Autobabeserako planaren egiazko inplantazioa.
1. Arriskuaren balorazioa
1.1. Aretoari buruzko informazioa
.Datu orokorrak.
Tipologia, erabilera, titulartasuna, eraiki zen data, kontserbazio egoera...
.Inguruneari buruzko informazioa: kokalekua eta irispideak.
-Inguruko eraikuntzen erabilera eta ezaugarri nagusiak. Zehaztu beharra dago nolakoan diren eraikuntzen arteko paretak edo bestela etxekarteak.
-Aretora iristeko kale edo sarbideen deskribapena. Zerbitzu publikoen ibilgailu astunek sartzeko dituzten erraztasun edo zailtasunak baloratuko dira, baita aparkatu maniobratzeko inguruak dituen ezaugarriak ere.
.Eraikuntzaren erabilerak: kokapena, azalerak eta altuerak.
.Eraikuntzaren eta materialen ezaugarriak.
-Eraikuntzaren elementuak: egitura eta itxiturak.
-Eraikuntzaren materialak: barreneko akabera-lanak.
.Aretoaren instalazioak.
-Transformagailuak eta elektrizitatearen banaketa.
-Klimatizazioa eta aireztapena. Galdarak.
-Erregaien biltegiak (erregai solidoak, likidoak eta gasak).
-Biltegiak.
-Komunikaziorako instalazioak: txirrina, telefonoa...
.Balorazio globala.
.Behar diren egokitzapenak.
1.2. Eraikuntzako okupatzaileei buruzko informazioa
Langileak: kopurua, kokalekua.
Erabiltzaileak: zenbatentzako lekua, kokalekua.
1.3. Jardueraren arriskuen azterketa
.Arriskuak zein eta non diren
-Kanpokoak edo ingurukoak: hurbileko industriak,...
-Barrenekoak edo aretokoak berekoak: galdarak, gordailuak, koadro elektrikoak...
.Istripuen bilakaera.
2. Babeserako baliabideak
2.1. Baliabide materialak
.Arrisku mota bakoitzerako babes-neurriak
.Suteen kontrako babes-neurriak:
2.1.1. Sutea sektoretan zatikatzea
-Eraikuntzari eusten dion egituraren ezaugarriak, eraikuntzari dagozkionak: habeak, zutabeak, forja-lanak, edozein materialezkoak izanik ere (altzairua, zura, hormigoia edo manposteria). Suaren aurrean nolako erresistentzia kalkulatzen zaien adierazi behar da, eta erresistentzia hori hobetzen duen prozedurarik baden ere bai.
-Suterako sektoreak aipatu behar dira. Adierazi beharra dago bakoitzaren azalera, eraikuntzari buruzko ezaugarriak eta nolako erresistentzia kalkulatzen zaien konpartimentazio-elementuei (zolak, paretak, sabaiak) eta ireki-uneei (ateak, hodien pasabideak...).
Honakook osatu behar dute suterako sektore bat:
.Jarduera bera, ingurukoei buruz.
.Lokal teknikoak: galdara-gelak, transformagailua...
.Arrisku bereziko lokalak (NBE-CPI/96ko 19 artikulua).
-Eraikinaren zola, pareta eta sabaien estaldura eta dekorazio materialek nolako erreakzioa duten suaren eraginez.
2.1.2. Aretoa hustea:
-Aretotik ateratzeko dauden bideak (pasabideak eta ateak): okupazioa, kopurua, zabalera, luzera, kokaera eta ezaugarriak diseinuari eta babesari dagokienez.
-Aretoa husteko bide eta irteerak seinaleztatzea.
2.1.3. Aireztatzea:
-Ke-bideak eta aretoak aireztatzeko dituen gailuak.
2.1.4. Suteetatik babesteko instalazioak.
-Suteak berehalaxe detektatzea.
.Alde bakoitzean paratutako detektagailu mota.
.Seinalizazio eta kontrolerako zentralaren kokagunea.
-Esku-sakagailuak: kokalekua.
-Alarma: mota, kokalekua, iristeko ahalmena eta ezaugarriak.
-Eskuko su-itzalgailuak:
Kopurua eta ezaugarriak: sua itzaltzeko gaia, eragingarritasuna, pisua, garraio-bidea, presurizazio mota...
-Ur-hornidura eta presio taldeak:
.Hornidura iturriaren deskribapena, ezaugarriak eta kategoria.
.Ponpa-estazioaren deskribapen teknikoa, halakorik badago. Tresneriaren deskribapen xehekatua: bulkadakoa zein kontrolekoa.
-Suteetarako ur-hartune hornituak:
Kopurua, kokalekua, mota (25 edo .), ezaugarri hidraulikoak (presioa, emaria, eskuragarritasuna).
-Kanpoko hidranteak: kopurua, kokalekua, tipologia, eginkizunak eta ezaugarriak.
-Seinaleen eta larrialdietarako argiak: jarritako aparatuen kopurua eta ezaugarriak, baita hornidura-lineen eta elikadura-iturriena ere.
2.2. Behar diren egokitzapenak: araudi indardunaren araberakoak
3. Larrialdiaren antolamendua
3.1. Larrialdien sailkapena
.Larrialdi-hasiera: aretoko langileek beren baliabideak erabiliz erraz eta laster menpera dezaketen ustekabea.
.Larrialdi partziala: menperatu ahal izateko, aretoaren beraren Talde Operatiboren baten jarduketa beharrezkoa duen ustekabea.
.Larrialdi orokorra: Plana martxan jartzea eta kanpoko zerbitzuek parte hartzea eskatzen duen ustekabea. Aretoaren barrenean direnak kanpora atera beharra dakar berekin.
3.2. Langileen antolamendua eta jarduteko moduak:
Pertsona bakar bat dagoen aretoetan horrek hartuko ditu bere gain eginkizun guztiak eta bera izanen da planaren zuzendaria, hau da larrialdiarekin zerikusia duten aspektu guztien arduraduna.
Baliabideak:
-Telefonoa, faxa...
-Sutea, gasak, norbait sartu dela edo dena delakoa detektatzeko sistemen alarmaren zentrala.
-Alerta sistema.
-Energia erredundantearen iturria.
-Larrialdietako telefonoei buruzko informazioa (112, titularra non aurkitu...)
a) Normaltasunean:
.Larrialdia plana eguneratzea, aldaketarik baldin badago.
.Jardueraren barrenean sor daitezkeen arriskuen berri izatea.
.Babes-neurriak ezagutzea eta horiek erabiltzen jakitea.
.Jardueraren tresneria eta instalazioak egoki mantentzeko ardura hartzea: elektrizitatea, gasa, aire girotua, suteen kontrako babesa...
.Giltza eta etengailu orokorrak non dauden eta nola erabiltzen diren jakitea.
.Babeserako baliabideak eta aretotik ateratzeko bideak oztopoz libre egotea.
.Ordena eta garbitasuna mantentzea eta aretoan behar adina hautsontzi handi izatea.
.Entxufeei karga handiegia ez jartzea eta behin-behineko lotunerik ez egitea.
.Tresna elektrikoak, erabiltzen ez direnean.
b) Larrialdian:
.Ezbeharra gertatu den istripura azaldu eta, dauden baliabideekin, berehala saiatzea hura menperatzen, arriskua gutxitzen edo larrialdia sortu duten kasuak desagertarazten.
.Istripuaren larritasuna eta bilakaera aztertzea. Nolako arriskua dagoen zalantza txikiena izanez gero, esperoan egon kanpoko larrialdi zerbitzuak ailegatu arte.
.Larrialdiaren berri ematea SOS Nafarroari (112), horren premiarik badago.
.Suterik baldin badago, energia iturriak deskonektatzea.
.Egoeraren berri ematea aretoan daudenei.
.Aretoan daudenak kanporaino laguntzea.
-Ongi egiaztatuta aretotik ateratzeko bide guztiak libre daudela eta oztoporik gabe, irekita.
-Ahaleginak eginez bultzadarik, jende-metaketarik eta izualdirik izan ez dadin.
-Aholku hauek emanez jendeari:
* Paretaren ondo-ondotik ibiltzeko.
* Kerik baldin badago, makurturik ateratzeko, ahoa painulu batekin babesturik.
* Atzera ez egiteko, ez itzultzeko deusengatik ere.
-Konprobatuz, gelaz gela, jende guzti-guztia atera dela.
.Istripua izan dutenei lehen laguntzak ematea.
.Interbentzioaz kanpoko inori ez uztea sartzen eremura.
.Kanpoko laguntza-zerbitzuekin batera aritzea, horiei harrera eginez eta egoeraren berri emanez.
c) Normaltasunera itzultzeko aldian:
.Inbentario bat egitea, erabilitako baliabideei buruz eta izandako kalteei buruz.
.Gertatua ebaluatzea.
4. Inplantazioa
Larrialdi planaren inplantazioa jardueraren titularraren erantzukizuna da.
4.1. Inplantazio programa
Ondoko jarduerak eginen dira, lehentasunak eta egutegia kontuan hartuta:
a) Dokumentua egitea:
.Helburuak.
.Eraikinari buruzko informazioa.
.Okupatzaileei buruzko informazioa.
.Jardueraren arriskuen analisia.
.Babes-neurriak: baliabide materialak.
.Eginkizunak.
b) Planoak marraztea.
c) Eraikinaren segurtasun-baldintzak hobetzeko eta bitarteko teknikoak (alarmak, seinaleak...) paratzeko lanak egiteko mekanismoak aurreikustea.
d) Larrialdien kasuan, aretoko langileei eta erabiltzaileei eman beharreko prebentzio-aholku edo jarraibideak pentsatu eta idaztea, eta aise ikusten diren tokietan paratzea.
Aholku orokorrak hauei buruzkoak izanen dira:
.Larrialdia sor dezaketen kausak saihesteko aurre-neurriak.
.Larrialdi bat gertatzean zer egin behar den.
.Larrialdian zer egin behar den eta zer ez.
.Jendea aretotik atera beharra dagoenean zer egin behar den.
e) Erakunde Ofizialetara jo, planaren berri emateko.
4.2. Mantentze-lanak
Autobabeserako Planak dokumentu bizia izan behar du, eragingarria izanen dena baldin eta etengabean gaurkotzen bada eta normaltasun-aldirako aurreikusitako ekintza guztiak egiten badira.
Horretarako, honakoak egin behar dira:
4.2.1. Baliabide teknikoak
Berrikuspena eta kontrola:
.Suteen kontra babesteko instalazioak. Legeria indardunean eta Suteen kontrako babes-instalazioen erregelamenduan (1942/93 F.D) mantentze-lanetarako eta erabilerarako bildurik dauden betebehar orokorren arabera, haietan ezarritako denbora eta epeetan.
.Eraikinean sutearen sorburu izan litezkeen instalazioak. Araudi berariazkoetan ezarritakoaren arabera.
.Makinak eta arrisku-eremuak, jarduera bukatu eta gero, egunero-egunero.
4.2.2. Giza baliabideak
Larrialdi Planari dagozkion ekintzak egin ahal izateko prestakuntza eta trebakuntza.
4.3. Ariketak eta simulakroak
Urtean behin egin behar da gutxienez. Egindakoan ondorioak aterako dira, plana hobetzeko eta eragingarriagoa egiteko.
4.4. Istripuen ikerketa
Istripu bat gertatzen bada aretoan, ikertu beharko dira zerk lagundu zuen istripua gertatzen eta hedatzen, zer ondorio izan dituen eta nolako jokabidea izan duten pertsonek. Ondoren, behar diren neurri zuzentzaileak hartuko dira.
5. Eranskinak
5.1. Aretoaren planoak
Aurreko atalaren araberako informazioa ondoren aipatzen diren planoetan bilduko da, UNE 23.032 Arauean diren sinbolo grafikoak erabiliz.
5.1.1. Egoera eta kokaleku planoak
DIN A3 formatua - 1:50 eskala. Hauek agertuko dira:
.Sarbideak: distantziak, zabalera eta ibilgailu astunak sartzeko erraztasunak.
.Aretoaren ondo-ondoko eraikin edo arrisku-sorburuak edo hurbil daudenak: distantziak eta erabilerak.
.Babeserako kanpoko baliabideak: hidranteak eta ur-hornidurarako iturriak.
.Energiaren hornidura eta ur-hornidura: hoditeriaren trazadura eta hornidurarako gordailuen kokalekua.
.Larrialdietarako ibilgailuak gelditzeko tokiak.
5.1.2. Aretoaren planoak
DIN A3. 1.100dik beheitiko eskala. Hauek agertuko dira:
.Eremu bakoitzaren erabilera zehatzak eta erabilpen teorikoa.
.Suteetarako sektoreak (RFa aipatu beharra dago).
.Aretoa husteko bideak (aipatu irteerak eta esleitutako pertsonen kopurua).
.Aireztatzeko sistemak.
.Eraikinaren beraren instalazioak eta etengailu orokorrak.
.Suteen kontrako babes-neurrien kokalekua.
5.2. Aholku eta jarraibideak
Aretoko okupatzaileentzako jarraibidearen adibidea
Sutea dagoela ohartzean:
.Ez galdu lasaitasuna.
.Deus egin baino lehenago, pentsatu zer.
.Alarmaren berri eman aretoko langileei.
.Aretoko langileei kaso egin eta lagundu aretoa husten, lasaitasunez, ez itsumustuka.
.Kanpora ateratzeko seinaleei segi eta ez gelditu kanpoko atean, traba edo oztopo eginez.