(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Barnea :
    • Jokoa :
      • 181/1990 Foru Dekretua, uztailaren 31koa, Joku Makinetarako Arautegia onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

181/1990 Foru Dekretua, uztailaren 31koa, Joku Makinetarako Arautegia onesten duena

 

(Jatorrizko testua 1990eko 99. NAOn argitaratua, abuztuaren 17an; akats zuzenketa, 1990-10-5eko NAOn. Aldaketak: 72/2010 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa)

Atarikoa

Jokuari buruzko ekainaren 27ko 11/89 Foru Legeak, beste zenbait joku motaren artean, makinen bidez egiten direnak ere arautzen zituen, eta xedapenen arauzko garapena Nafarroako Gobernuak eginen duela agintzen du.

Orain arte, joku makinak Estatuko arauteriak antolatu ditu, Nafarroan dagoen arauteria falta ordeztuz. Arautegi honek arestian aipatutako Foru Legearen agindua konplitu nahi du, eta bertako arauteria falta bete, Foru Komunitateko egoerari egokituz. Hala ere, zenbait kasutan Estatuko arauteria hartu da eredutako, foru arauteriak Estatukoarekin koherentzia izan dezan eta, are gehiago, beste Komunitate Autonomo batzuetakoekin, merkatu batasunaren printzipioa eta Estatuak kanpo merkataritza gaietan dituen ahalmenak ukituak izan ez daitezen.

Hola, bada, Lehendakaritza eta Barne Kontseilariaren ordezpenean dagoen Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauetan hogei eta hamargarreneko uztailaren hogeitamaikan izandako bileran hartu zuen erabakiarekin bat eginaz, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Joku makinetarako Arautegia onesten da, berorren testua ondoan heldu delarik.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria

Urtarrilaren 25eko 7/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen josteta makinetarako Arautegia honako puntu hauetan aldatzen da:

a) Bigarren xedapen iragankorrean xedatutako epea 1991.eko abenduaren 31 arte luzatzen da.

b) Eranskinaren 7. atala heldu bezala geldituko da: "Joku aretoak beheko solairuko lokaletan paratuko dira. Lokal batek, husteko, bai osorik bai zati bat, goranzko hiru metro baino gehiago baditu, ez da beheko solairutako hartuko".

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honi kontra egiten dioten lerrun bereko edo baxuagoko xedapen guziak baliogabetzen dira

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honek indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

JOKU MAKINETARAKO ARAUTEGIA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Erregelamendu honen xedea Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 18. artikuluak aipatzen dituen joko makinak erabiliz garatzen den jokoa eta horri lotutako jarduera ekonomikoak, enpresa operadoreak eta jokorako establezimenduak arautzea da.

2. artikulua. Joko makinak: kontzeptua eta sailkapena.

1. Joko makinak.

Joko makinak dira, prezio baten truke, joko programa baten edo zoriaren arabera noizean behin saria zuzenean edo zeharka lortzea ahalbidetzen dutenak.

Gainera, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 18. artikuluaren 3. idatz-zatian aipatutako bazterketei kalterik egin gabe, joko makinatzat joko dira joko, loteria eta apustu zerbitzarietan sartzeko erabat edo zati batean konfiguratuta daudenak edo horietan parte hartu izana adierazten duten txartelak, frogagiriak, tiketak edo egiaztagiriak ematen dituztenak, baita oro har joko, apustu, eskaintza edo zori aukerak zuzenean edo zeharka ematen dituzten elementuak edo mekanismoak eta sariak lortzeko behin-behinekotasuna barne hartzen dituzten guztiak ere.

2. Joko makinak honela sailkatuko dira:

a) Sari programatua duten joko makinak edo B motakoak.

Josteta izaera izan arren, joko programa edukita, partidaren prezio mugatu baten truke, erabiltzen edo jokatzen denboraldi zehatz bat ematea eta noizean behin sari mugatu bat dirutan lortzea ahalbidetzen dutenak dira, baimenduriko sarien planaren eta gutxieneko itzulketa portzentajearen arabera.

b) Ausazko jokorako makinak edo C motakoak.

Saria zuzenean edo zeharka lortzea zoriaren esku bakarrik uzten dutenak dira.

c) Saria jenerotan duten joko makinak.

Josteta izaera nagusia bada ere, partidaren prezio mugatu baten truke, erabiltzen edo jokatzen denboraldi zehatz bat ematea eta noizean behin sari mugatu bat jenerotan lortzea ahalbidetzen dutenak dira.

d) Beste joko mota batzuen makina osagarriak.

Eskuzkoak edo automatikoak diren eta, ezarritako baldintzak eta betekizunak beteta, prezio baten truke erabiltzaileari beste joko mota batzuetan zuzenean edo zeharka parte hartzea ahalbidetzen dioten makinak dira. Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean ezarritakoaren arabera, beste joko mota batzuen ustiapena joko enpresa bati baimendu behar zaio aldez aurretik.

3. Aldi berean, sari programatua duten joko makinak edo B motakoak honelakoak izan daitezke:

a) BR motako joko makinak.

Sari programatua duten oinarrizko josteta makinak, jokalari bakarrekoak, jolas edo josteta izaerari apustuaren zenbatekoari baino garrantzi handiagoa ematen diotenak.

b) BS motako joko makinak.

BR motako makinen antzeko ezaugarriak izanda, sari handiagoak ematen dituzten joko makinak.

c) BG motako joko makinak.

Bingoaren jokoan oinarritutako joko makina bereziak.

d) BM motako joko makinak edo postu anitzekoak.

Joko programa bakarra izanda eta altzari bakar batean konfiguratuta egonda, hainbat jokalari postu dituzten joko makinak. Horrela, bi pertsonak edo gehiagok bereizita edo batera jokoan aldi berean parte hartzeko aukera egonen da.

4. Beste joko mota batzuen makina osagarrien artean, honako hauek sartuko dira:

a) Txartelak edo loteriak saltzeko makinak.

Joko zehatzaren ezaugarrien, baimen baldintzen eta joko arauen arabera noizean behin sari bat dirutan edo jenerotan berehala edo beranduago lortzea ahalbidetzen duten txartelak, kupoiak, billeteak edo antzeko joko euskarriak bete, balioztatu, erregistratu edo ematen dituzten makinak.

b) Apustu makinak.

Apustu makinak dira apustuen makina osagarriak eta apustuak saltzeko terminalak, erabiltzaileari apustua egitea ahalbidetzen diotenak.

 

II. KAPITULUA. Joku makinen enpresa operatzaileak

3. artikulua. Definizioa eta ezaugarriak.

1. Joko makinen enpresa operadoreak dira Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan izena eman duten eta beren izenean joko makinak ustiatzeko jarduera gauzatzeko gaituta dauden pertsona fisikoak edo juridikoak.

2. Enpresa operadoreek beren titulartasuneko joko makinak ustiatzen ahalko dituzte beren edo inoren titulartasuneko lokaletan.

4. artikulua. Enpresa operadoreen erregistroa.

Joko makinen enpresa operadoreek Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan izena emateko eta ezabatzeko araubidea haren berariazko erregelamenduak arautuko du.

5. artikulua. Inskripzio prozedura.

1. Enpresa operatzaileen erregistroan inskribatu nahi duten enpresek Lehendakaritza eta Barne Departamentuari eskatu behar diote, eskabideari hurrengo agiri hauek erantsiz:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia, pertsona fisikoa izanez gero, edo Administrari, Kontseilari edo agintariena pertsona juridikoa izanez gero.

b) Aitzineko ataleko pertsonei buruzko Penatu eta Auzi-iheskarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria eta abenduaren 1eko 68/1980 Legeak aipatzen duen aitorpen osagarria.

c) Pertsona juridikoak baldin badira, Eratze eskrituraren kopia edo lekukotasuna. Bertan, paratutako kapitalaren zenbatekoa, kideen izenak eta haien partaidetza kuotak eta Estatutuen kopia agertuko dira.

Enpresa operatzaile gisa inskribatu nahi duen sozietatea eratu gabe baldin bada, aipatu agiriak aurkeztu beharrean inskripzioari buruzko aldeko txosten batek ere, baldintzapean, balioko du.

d) Interesatuen ondasun aitorpena. Pertsona juridikoak izanez gero, betebehar honek kapital sozialaren %5 baino gehiago duten kide titularrak bilduko ditu, eta, beti ere, Administrariak, Kontseilariak edo Agintariak.

e) Eskatzaileak dituen giza baliabide eta bitarteko teknikoei eta erabiltzen ahal diren lokalei buruzko txostena.

2. Lehendakaritza eta Barne Departamentuak, Behin agiriak aurkeztu ondotik, emandako datuen zuzentasuna, sustatzaileen aurrekinak eta eskabidearen betegarritasuna baloratuko ditu. Gero, bidezkoa izanez gero, inskripzioaren ezeztapena arrazoitutako ebazpen bidez erabakiko du, edo, bestela, inskripzioaren aldeko txostena eginen du.

3. Eskabidearen aldeko txostena eginez gero, interesatuari haren berri emanen zaio, eta honek agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Baimen fiskalaren pagamenduan altan eta eguneratua dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Enpresa altan dagoela eta enplegatuak ere, baldin balira, Gizarte Segurantzaren erregimenean altan daudela frogatzen duen agiria.

c) Behar den zenbatekoaren fidantza utzi delako frogagiria.

d) Merkatal Erregistroan egindako inskripzioaren frogagiria.

Aipatu agiri hauek bi hilabetetako epean aurkezten ez badira espedientea artxibatuko da, epearen luzapen arrazoitua eskatzea salbu. Luzapenak, gehienez, beste bi hilabete iraunen du.

4. Seinalatutako epean aitzineko atalean aipatu agiriak aurkeztutakoan, enpresa operatzailearen inskripzioa eginen da, erregistro zenbaki bat emanaz.

5. Jokurako Batzorde Nazionalaren erregistroan inskribatuak diren enpresek haien iharduera Nafarroako Foru Komunitateko lurraldera ere zabaldu nahi badute, eskabidea eta inskripzio hura kreditatzen duen agiria aurkezte hutsarekin Nafarroako Gobernuaren erregistroan inskribatuko dira.

6. Bingo Aretoen enpresa titularrak haien lokaletan paratzen ahal dituzten makinen enpresa operatzaileak inskribatzen ahal dira horri buruzko eskabidea aurkeztearekin.

6. artikulua. Inskripzioaren iraupena.

1. Erregistroko inskripzioa mugagabea izanen da eta kasu hauetan baliogabetzen ahalko da:

a) Interesatuak eskaturik.

b) Prozedura zehatzaile baten ondorioz.

c) Pertsona fisikoa denean, enpresa operatzailearen titularra hiltzen bada.

d) Sozietate-desegintza dela medio.

e) Eskatutako betebeharretako bat falta edo aldatzeagatik, edo aldirokotasunez arauz aurkeztu beharreko datuak ez aurkezteagatik.

2. Enpresa operatzaile baten akzioak enpresa operatzaile den beste sozietate batek erosten dituenean, ez da erregistroko inskripzioa baliogabetuko.

3. Inskripzioak erregistroan iraun bitartean, kasu bakoitzean eskatzen ahal den fidantza mantendu beharko da. Fidantzaren zenbatekoa guttitzen bada, titularrak bi hilabeteko epean osatu beharko du, bestela, erregistroko inskripzioa baliogabetuko da.

4. Lehendakaritza eta Barne Departamentuak fidantza jasotzeko baimena emanen du, enpresa operatzaileak, haren kontrako prozedura zehatzailerik izan gabe, erregistroko inskripzioa baliogabetzen duenean.

5. Beti ere, enpresa operatzaile baten akzio edo partaidetzen eskualdatzea, gertatu eta hilabeteko epean jakinerazi egin behar zaio Lehendakaritza eta Barne Departamentuari.

III. KAPITULUA. Joku Aretoak

7. artikulua. Baldintzak.

1. Joko aretoen baimena, bermeak, baldintzak eta, oro har, funtzionamendu araubidea berariazko araudiak arautuko ditu.

2. Hala ere, ezin izanen da inola ere baimendu joko areto berriak zabaltzea, haiek izaera bereko beste establezimendu batetik 400 m-tik beherako distantzian kokatzen badira, aurreko establezimendu horrek baimena eskatu badu edo hori esku artean badu, establezimendu berria ustiatzeko baimena eskatzen den unean.

8. artikulua. Baimenaren bideragarritasunari buruzko aldez aurreko kontsulta.

1. Nafarroan joko aretoa ustiatu nahi duen edozein pertsona fisikok edo juridikok hori abiarazteko ustiapen baimena eskuratzeko aukerari buruzko kontsulta egiten ahalko du.

2. Informazio hori eskuratzeko, ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:

a) Kontsulta egiten duen pertsona fisikoaren edo pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Establezimenduaren aurreproiektua, teknikari eskudunak idatzi eta sinatu duena eta ondoko agiriak, gutxienez, barne hartu beharko dituena:

-Deskripzio memoria, aplikagarri duten araudian joko aretoei eskatzen zaizkien betekizunen betetze-maila edo, lokalean beharrezko egokitzapen lanak egin ondoren, betekizunak betetzeko aukera justifikatuta.

-Kokaera eta kokaleku planoak, baita establezimenduaren egungo egoeraren eta zaharberritu ondorengo egoeraren planoak ere.

3. Aurkeztu diren agiriak aztertu eta gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak eskatu den ustiapen baimena emateko aukeraren berri emanen dio interesdunari eta, hala denean, bidezkoak diren oztopoak jakinaraziko dizkio.

4. Emandako informazioak ez du inola ere ekarriko kontsultaren xede den establezimendua ustiatzeko administrazio baimenik. Nolanahi ere, baimena eskatu beharko da, hori emateko erregelamenduz ezartzen diren betekizunak egiaztatuta.

9. artikulua. Joko aretoetan erabilgarri dagoen joko eskaintza.

Joko aretoek, horietarako baimentzen diren joko makinak ez ezik, honako jolas aukera hauek ere eskaintzen ahalko dituzte, horiek arautzen dituen araudiaren arabera:

a) Apustuak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak baimentzen ahal dituen beste batzuk.

IV. KAPITULUA. Instalazio eraentza

10. artikulua. Baimenduriko lokalak.

1. Joko makinak honako hauetan baino ezin izanen dira instalatu:

a) Berariaz baimendutako establezimenduak, hala nola tabernak, taberna bereziak, kafetegiak eta ikuskizunetarako kafetegiak. Horietan BR motako joko makina bat eta beste joko mota batzuen makina osagarri bat instalatzen ahalko dira.

b) Apustuen berariazko lokalak, joko aretoak, bingoak eta kasinoak. Horietan aplikagarri duten araudi sektorialean ezartzen diren makinak instalatzen ahalko dira.

2. Joko makinak aurreko atalean aipatutako lokalen barnean eta horietarako kanpoko sarbidetik urrun baino ezin zainen dira kokatu. Era berean, ezin izanen dira inola ere instalatu adingabeek bakarrik edo lehentasunez erabiltzen dituzten lokaletan.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak saria jenerotan ematen duten joko makinak instalatzeko tokiak eta baldintzak zehaztuko ditu, baita haien betekizunak eta mugak ere.

11. artikulua. Instalazio baimena.

1. Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak eta mugak errespetatuta, joko makinen instalazioa hartuko duen establezimenduan gauzaturiko jardueraren titularrak makinak instalatzen dituzten enpresa operadore beste instalazio baimen eskatu beharko ditu.

2. Instalazio baimenaren eskaera foru dekretu honen I. eranskinean agertutako eredu ofizialaren araberako inprimakian eginen da.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak emanen du instalazio baimena, joko makinen instalazioa hartuko duen establezimenduan gauzaturiko jarduera ekonomikoaren titularraren alde emanen da, eta enpresa operadore zehatz batek joko makinak instalatzea baimenduko du.

4. Instalazio baimena mugagabea izanen da, baina honako arrazoi hauengatik iraungitzen ahalko da:

a) Establezimenduan gauzaturiko jarduera ekonomikoaren titularrak uko egitea, baimenak babesten duen enpresa operadorea ados egonda edo urte naturalaren amaieran (enpresa operadore horri ukoaren aurreabisua egiten zaionetik, hiru hilabete igaro ondoren) egindakoa.

b) Establezimenduan gauzaturiko jarduera ekonomikoaren titulartasuna aldatzea, titular berriak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta hartzen duenetik hiru hilabete igaro ondoren.

c) Titularra hiltzea edo haren nortasun juridikoa iraungitzea.

d) Establezimenduan instalatzen diren makinen titularra den enpresa operadoreak uko egitea, hori gaitasunik gabe uztea edo baja hartzea Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan.

e) Establezimenduko jarduera ixtea edo aldatzea, bertan abiarazitako jarduera berriak joko makinak instalatzea eragozten badu edo horiek aurreko baimenaren kopuru eta tipologiarekin bat ez datozen baldintzekin instalatzea baimentzen badu.

f) Baliogabetzea eta administrazio zehapen baten ondorioz eragitea, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

g) Epailearen epaia, hala erabakitzen bada.

5. Instalazio baimenak erabiltzaileen begi bistan jarri beharko dira, joko makinak instalatuta dauden eremuan.

12. artikulua. Kokaleku jakinarazpena.

Joko makinak instalatzeko baimena duen lokal batean gauzaturiko jardueraren titularrak establezimendu horretan instalatu edo kendu nahi diren joko makinen motak eta datuak jakinarazi beharko dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari, horiek instalatu edo kendu baino lehen, foru dekretu honen II. eranskinean agertutako eredu ofizialaren araberako Kokaleku Komunikazioko inprimakia erabiliz.

13. artikulua. Makinen identifikazioa eta agiriak.

1. Baimenduriko lokaletan instalatzen diren joko makina guztiak berariazko araudian zehaztutako fabrika marken bidez identifikatu beharko dira.

2. Era berean, zirkulazio gidaren edo ustiapen baimenaren alea makinaren aurrealdean edo albo batean jarri beharko da begi bistan, nahiz eta hori eskatuko ez den, baimenaren edukia pantailan bistaratzeko aukera badago.

14. artikulua. Ustiapenerako baimena.

1. Joku makina bakoitzaren ustiapenerako baimena Lehendakaritza eta Barne Departamentuko diligentzia bat izanen da. Diligentzia hau zirkulazio-gidaren ale guzietan agertuko da eta data eta bere ordena zenbakia izanen ditu. Harekin batean zigilu lehorra eramanen du. Baimen hori nahitaezko betebeharra da Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean makina ustiatu eta instalatzen ahal izateko.

2. Ustiapenerako baimena beste enpresa operatzaile bati ematen ahal zaio zirkulazio-gidan eginen den diligentzia bidez. Horretan, enpresa operatzaile titular berriaren datuak azalduko dira, behin makinaren gaineko titulartasunaren eskualdaketa agiriekin kreditatu ondoan.

3. Beste Komunitate Autonomo batzuetan aurretik baimenduak izan diren makinen ustiapenerako baimena ere eskatzen ahal da. Kasu horretan, zirkulazio-gidak erakunde eskudunaren diligentzia eraman behar du, aldaketa dela medio zegoen tokian bajan dagoela adieraziz. Halaber, interesatuak beste Komunitate Autonomo batera joateko Nafarroan makina baten baja eskatzen duenean, Lehendakaritza eta Barne Departamentuak zirkulazio-gidan hori adierazten duen diligentzia bat eginen du, eta gidaren ale guziak enpresa operatzaile titularrari emanen dizkio.

4. Aitzineko atalean aurrikusten den ustiapenerako baimena urte bakoitzeko abenduan bakarrik eskatzen ahal da, ondorioak hurrengo urtarriletik goiti izanen duena.

5. Ustiapenerako baimenak lau urteko iraupena izanen du, ematen den urteko abenduaren 31tik kontaturik, eta hurrengo arrazoi hauengatik iraungiko da:

a) Aipatutako lau urteko epea akitzeagatik, Lehendakaritza eta Barne Departamentuak, makinaren ikuskapen teknikoa egin ondotik, bi urteko luzapena eman ezik.

b) Makinaren enpresa operatzaile titularraren inskripzioa deuseztatzeagatik.

c) Makina modeloaren inskripzioa behar den erregistroan deuseztatzeagatik.

d) Prozedura zehatzaile baten ondorioz.

e) Makinaren ustiapenak daramatzan zergak ez ordaintzeagatik.

f) Baimena erdiesteko emandako agirietan funtsezko daturen bat faltsua, okerra edo arauz kanpokoa dela frogatzeagatik.

g) Enpresa operatzaile titularrak berak eskaturik, makina merkatal ustiapenetik gelditu behar dutelakoz.

Ustiapenerako baimena iraungitakoan, enpresa operatzaile titularrak eskuetan dituen gida aleak Lehendakaritza eta Barne Departamentuan aurkeztu behar ditu.

V. KAPITULUA. Makinak ustiatzeko erregimena

15. artikulua. Sari ordainketa.

Hutsegite mekanikoa dela medio, makinak erdietsi den saria ordaintzen ez badu, lokaleko arduradunak eskudirutan ordaindu beharko du sari hori, edo saria osatzeko falta den diferentzia, eta ezin izanen da partida gehiagorik egin harik eta makina konpondu arte.

16. artikulua. Debekuak.

1. Jabeek, makina operatzaileek, instalatuak dauden lokalaren titularrek, eta berauen zerbitzuko langilegoak, debekatua dute:

a) Makinak jokalari gisa erabiltzea.

b) Jokalariei kredituak edo konturako dirua ematea.

c) Apustuen kopurua ikusirik, geroago joka ditzaten bonifikazioak edo dohako partidak ematea.

2. Joku makinak instalatuak dauden lokalen titularrek adin ttikikoei haiek erabiltzea galeraziko diete.

3. Makinak funtzionatzeko ordutegia, instalaturik dauden lokalek baimendua dutena bere izanen da.

17. artikulua. Segurantza neurriak eta aberiak.

1. Enpresa operatzaileek, makinen jabeek eta instalatuak dauden lokalen titularrek higiene, segurantza eta funtzionamendu aldetik beti ere behar bezala izan behar dituzte makinak.

2. Bertan konponezina den aberia sortuko balitz, lokalaren arduradunak konexioa berehalaxe kenduko dio eta kartel bat paratuko du makinaren egoeraz oharteraziz. Hori egindakoan, norbaitek txanponik sartzen badu, ez zaio itzuli beharko.

18. artikulua. Ikuskaketa liburua eta intzidentziak.

1. Joku makinak dauden lokal guzietan ikuskaketa eta intzidentzia liburu bat izan behar da, Lehendakaritza eta Barne Departamentuak diligentziaturik. Bertan honako datu hauek idatzi behar dira:

a) Makina bakoitzaren instalazioa, data, modeloa, serie eta ustiapenerako baimen zenbakia, enpresa operatzailearen izena eta haren erregistro zenbakia.

b) Makinaren kontadoreen irakurketa, instalatzean eta kentzean.

c) Joku makina bakoitzaren kendu deneko data eta arrazoia (ordezpena, aberia, baimenaldia akitu, e.a.).

d) Makina erabiltzearekin sor daitekeen edozein intzidentzia edo erreklamazio.

e) Makinaren ikuskaketa egiten duten agintaritza ajenteek paratzen ahal dituzten diligentziak.

2. Joku makinak instalatuak dauden lokalen titularrek lokaleko ikuskaketa eta intzidentzia liburua erosi, diligentziatzeko aurkeztu eta kontserbatu egin behar dute.

3. Liburuan idazten diren diligentziak, agintaritza ajenteek egin ezik, lokalaren titularrak edo haren ordezkariak eta enpresa operatzailearen ordezkariak sinatu behar dituzte.

VI. KAPITULUA. Zehapen erregimena

19. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Ondoan aipatzen diren ekintza eta ez-egiteak, Jokuari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 21. artikuluan agertzen direnak, hutsegite oso larriak izanen dira:

1. Jokurako Batzorde Nazionalaren modelo erregistroan inskribatu gabe dauden joku makinak ustiatu eta instalatzea.

2. Arautegi honetan aipatzen ez diren lokaletan edo instalazio baimena ez dutenetan joku makinak paratzea.

3. Zirkulazio-gida ez duten joku makinak edo, hura izanik ere, ustiapenerako baimena ez dutenak instalatzea.

4. Ezarritako homologazio arauak betetzen ez dituzten joku makinak egin eta merkaturatzea edo behar diren erregistroetan inskribatuak ez diren pertsonek egin eta merkaturatzea.

5. Fabrika marka ez duten joku makinak ustiatu edo instalatzea.

6. Enpresa operatzaile gisa inskribaturik ez dauden pertsonek makinak ustiatu edo instalatzea.

7. Arautegi honetan arautzen den baimena gabeko joku aretoak idekitzea.

8. Lokal bakoitzean baimendutakoak baino makina gehiago paratzea.

10. Arautegi honetan aipatzen ez diren makinak joku edo apustuetarako erabiltzea.

11. Joku aretoetan edari alkoholikoak ematea.

12. Arautegi honen 16.1. artikuluan xedatutakoaren arabera, debekatua duten pertsonek makinak erabiltzea.

13. Hutsegite larrietan berriz, edo behin eta berriz erortzea.

20. artikulua. Hutsegite larriak.

Ondoan aipatzen diren ekintza eta ez-egiteak, Jokuari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 22. artikuluan agertzen direnak, hutsegite larriak izanen dira:

1. Joku makinak adin ttikikoek erabiltzen uztea.

2. Zirkulazio-gida joku makinetan ez paratzea.

3. Instalazio baimena lokalean toki agerian ez paratzea.

4. Ikuskaketa eta intzidentzia liburua edo erreklamazio orriak publikoaren esku lokalean ez izatea.

5. Makinaren titulartasuna zirkulazio-gidak behar duen diligentzia eskatu gabe aldatzea.

6. Joku makinek eskagarria duten dokumentazioa Agintaritza Ajenteei erakustea ukatzea, edo makinen eta instalatuak dauden lokalen ikuskaketa galeraztea.

7. Sozietate gisa eratu diren enpresa operatzaileen kapitala murriztea, edo akzio eta partaidetza eskualdaketa Lehendakaritza eta Barne Deparmentuari haren berri eman gabe egitea.

8. Kasu bakoitzean eskatzen den fidantza ez osatzea.

9. Hutsegite arinetan berriz, edo behin eta berriz erortzea.

21. artikulua. Hutsegite arinak.

Arautegi honi kontra egiten dioten eta hutsegite larri edo oso larrietan bildu ez diren ekintza eta ez-egiteak hutsegite arinak izanen dira.

22. artikulua. Erantzunkizuna.

1. Makinak behar dituen betebeharretan gertatzen ahal diren hutsegiteak lokalaren titularrari eta enpresa operatzaile titularrari solidarioki egotziko zaizkie.

2. Lokalean eta bertan makinaren kokapenean gertatzen ahal diren hutsegiteak lokalaren titularrari egotziko zaizkio.

23. artikulua. Makinaren ikuskaketa.

1. Joku makinen eta instalatuak dauden lokalen titularrek, hala eskatzen zaienean, horretarako ardura duten agintaritza ajenteen ikusketa lanak egiteko bidea eman behar dute..

2. Makinen ikuskaketan ari diren agintaritza ajenteek berauen iharduketen aktak jaso behar dituzte, eta haietan agertuko dira:

a) Lokalen, haien titularren, instalatutako makinen, eta haien enpresa operatzaile titularren datuak.

b) Makina eta lokaletan dagoen dokumentazioa edo, bestela, arautegi honetan eskatzen diren agirien falta.

c) Hala balitz, makinen fabrika markaren falta.

d) Arautegi hau urra lezakeen edozein zirkunstantzia.

e) Hala behar balitz, makinaren prezinto edo komisoa.

3. Hutsegite bat sumatzekotan eta aktak organo eskudunaren aitzinean denuntzia sortzekotan, interesatuei jasotako akten kopia bana emanen zaie. Ikuskaketa egitean hutsegiterik ez badago, interesatuek espreski eskatuz gero bakarrik emanen zaie delako kopia.

4. Egindako ikuskaketen, jasotako akten eta egoki jotzen den edozein zirkunstantziaren berri idatziko da ikuskaketa eta intzidentzia liburuan.

Lehen Xedapen Iragankorra

Orain arte indarrean egon den arauteriaren arabera emandako makinen instalazio baimenek balioko dute agindutako epeaz.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Orain arte indarrean egon den arauteriaren arabera emandako makinen instalazio baimenek lau urteko epeaz balioko dute, 1990.eko abenduaren 31tik kontaturik.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Arautegi honek indarra hartzen duenean inskribatuak diren makinen enpresa operatzaileek urtebeteko epea dute arautegian xedatutakoari egokitzeko.

Laugarren Xedapen Iragankorra

Joku makinak dituzten eta josteta edo joku areto gisa baimena aurretik emana duten lokalek bi urteko epea, gehienez, dute arautegi honetan xedatutakoari egokitzeko.

Bosgarren Xedapen Iragankorra

Arautegi honek indarra hartzen duenean izapidatzen ari diren espedienteak bertako xedapenen arabera ebatziko dira.

Seigarren Xedapen Iragankorra

14. artikuluaren 4. atalean xedatzen dena 1991.eko urtarrilaren 1etik goiti aplikatuko da.

ERANSKINA

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa