(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

7/1990 Foru Dekretua (Indargabetua)

7/1990 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 25EKOA, JOSTETA MAKINEN GAINEKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

(1990eko 22. NAOn argitaratua, otsailaren 19an. Aldaketak: 29/1998 Foru Dekretua, otsailaren 9koa; 96/1993 Foru Dekretua, martxoaren 22koa (BON de 7 de abril de 1993))

Atarikoa

Gaur egun josteta makinak, joku edo azareko makinekin batera, uztailaren 3ko 337/1987 Errege Dekretuak onetsitako Erregelamenduak agintzen ditu. Erregelamendu hau Nafarroan aplikagai da ordezko zuzenbide gisa foru araudi espezifikorik izan ezean.

Ikuskizun publikoak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak eta Jokuaren gaineko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legeak eraentza desberdina ezartzen diete josteta makinei, zeinak lehenbizikoaren mende gelditzen bait dira, eta joku-makinei, bigarrenaren ezartze esparruaren menean daudenak. Bidezkoa da, beraz, Nafarroako Gobernuak josteta makinei zuzendutako araudi espezifiko bat ematea eta hauen eraentza indarrean dagoen legeriari moldatzea.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barenko Kontseilariaren proposamenez, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamarreko urtarrilaren hogei eta bortzeko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz.

Dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Honen ondoren eransten den Josteta Makinen gaineko Erregelamendua onesten da.

JOSTETA MAKINEN GAINEKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Ezartze esparrua.

1. Erregelamendu hau Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean jarri eta ustiatzen diren josteta makinei aplikatuko zaie.

2. Josteta makinak dira zenbateko baten truke, jokualdi batez beren erabilpena uzten duten eskuzko gailuak edo tresna automatikoak, jolasketa edo atsedena xede bakarra dutenak eta eskudirutan edo ordainetan inolako saririk ematen ez dutenak, jokaldia errepikatzeko aukera salbu.

3. Erregelamendu honen aplikaziotik salbuetsirik daude joku-makinak, hots, eskudirutan edo ordainetan sariak eskeintzen dituztenak, eta makina hornitzaileak, aitzinatik zehaztuta dauden eroski edo produkturen bat saltzea bertze xederik ez dutenak, baldin eta makinetan sartu beharreko dirutza, produktuek merkatuan duten balioaren araberakoa bada.

4. Erregelamendu honen ondorioetarako, honela sailkatzen dira josteta makinak:

a) Josteta makina elektronikoak. Hauen funtzionamendua osagai elektronikoen bitartez izaten da, bideo-makinak, "pinballs", etab. besteak beste.

b) Eskuzko josteta makinak. Hauen funtzionamendua eskuzkoa edo mekanikoa da, jokuan osagai elektronikoek zuzenean parte hartu gabe. Alabaina, zizkuetan, markagailuetan edo bertze elementutan, osagai elektroniko laguntzaileak dituzten makinak sailkapen honen barruan sartuko dira. Talde honetan ondoko makina hauek ditugu: futbolinak, billarra, bolerak eta antzekoak.

2. artikulua

II. KAPITULUA. Josteta makinetako enpresa operatzaileak

3. artikulua. Definizioa.

1. Josteta makinetako enpresa operatzaileak dira dagokion Erregistroan inskribatuak izandakoak eta, hortaz, aipatutako makinak ustiatzeko baimenduak daudenak. Bakarrik inskribatutako enpresa operatzaileek ustiatzen ahalko dituzte josteta makinak.

2. Enpresa operatzaileek ustiatuko dituzten makinak eskuratu ahalko dituzte, jabe izanik, errentamendu-eraentzan, "leasing" delakoan edo Zuzenbidean onartutako edozein motatan.

3. Enpresa operatzaileek titular direneko makinak ustiatu ahalko dituzte bai tegi propiotan, bai besteren titulartasuna duten tegietan. Bigarren kasuan, enpresa operatzailea eta tegietako titularraren artean dagoen erlazioak Zuzenbidean onartutako edozein modu hartzen ahalko du, beti ere erregelamendu honetako arauak betetzeari substraitzea ekartzen ez badu.

4. artikulua. Enpresa operatzaileen erregistroa.

Nafarroako Foru Komunitatean josteta makinak ustiatu nahi dituzten enpresa operatzaileen erregistroa Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barneko Departamentuan eginen da.

5. artikulua. Inskribatze-prozedura.

1. Enpresa operatzaileen erregistroan inskribatuak izan nahi duten pertsona fisiko edo juridikoek eskatu behako diote Lehendakaritza eta Barneko Departamentuari, eskabidearekin batera ondoko agiri hauek erantsi beharko dituztelarik:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia, pertsona fisikoa balitz, edo pertsona juridikoa izatekotan, Administratzaile, Kontseilari edo Zuzendarienak.

b) Eratze-eskrituraren kopia edo testigantza. Bertan jarritako kapitalaren zenbatekoa, kide edo sustatzaileen eskuhartze-kuotez, eta pertsona juridikoen kasuetan, Estatutuen kopia ere agertuko dira.

Enpresa operatzaile gisa inskribatua izatea nahi duen elkartea oraindik eratu gabe baldin badago, inskribatzeari buruzko aldeko txostenak baldintzatu ahalko du aipatutako agirien aurkezpena.

c) Merkatal Erregistroan inskripzioa egina izatearen frogagiria, bere kasuan.

d) Eskatzaileak dituen gizabaliabide eta baliabide tekniko eta tegiei buruzko Memoria.

e) Lizentzia Fiskalari dagokionez, alta emana eta ordainduta izatearen frogagiria.

g) Enpresak eta, bere kasuan, honen enplegatuek dagokien Gizarte Segurantzaren eraentzan alta emana izatea.

h) Nafarroako Gobernuaren alde, iharduerak sor ditzakeen erantzunkizunei erantzuteko, 2.000.000 pezetako fidantza diruz, banku-abalez edo kauzio-polizaz, emana izatearen frogagiria.

2. Aurreko puntuan aipatutako agiriak aurkeztuta, enpresa operatzailea inskribatzeari ekinen zaio, erregistro-zenbaki bat emanen zaiolarik.

3. Joku makinetako Enpresa operatzaileen Erregistroan inskribaturik dauden enpresak josteta makinetako enpresa operatzaileen Erregistroan ere inskribatuak izanen dira, baldintza bakarra haiek eskatzea izanik.

6. artikulua. Inskribatzearen ondorioak.

1. Erregistroko inskribatzeak izaera mugagabea izanen du eta bakarrik kasu hauetan deuseztatua izan ahalko da:

a) Interesatuak hola eskatua.

b) Prozedura zehatzaile baten ondorioz.

c) Enpresa operatzailearen titularraren heriotzagatik, pertsona fisikoaren kasuan. Alabaina, hildakoaren oinordekoek, hiru hilabeteko epean, beren izenean egindako inskribatzea behin behineko indarrean egotea eskatzen badute, titularraren heriotz ziurtagiria eta bere oinorde-eskubidearen oinarri den titulua aurkezten badituzte. Oinordekoen izenean egindako inskribatzea urte batez mantenduko da, eta epea, interesatuek eskatzen badute, luzatu ahalko da. Epea iragana, elkarte bilakatutako oinordekoaren edo ionordekoen izenean eginen da behin betiko inskribatzea edo inskribatzea deuseztatuko da.

d) Elkartea desegiten bada.

2. Inskribatzea ez da Erregistroan deuseztatuko enpresa operatzaile baten akzioak enpresa operatzaile gisa inskribatua dagoen bertze elkarte batek eskuratzen baditu.

3. Enpresa operatzaile gisa inskribatua legokeen pertsona fisiko batek eskuhartzen duen elkarte bat enpresa operatzaile gisa inskribatzea egin ahalko da aipatutako pertsona fisikoaren inskribatzea deuseztatuz eta, hola eskatuko balitz, erregistro-zenbaki berbera mantenduz.

III. KAPITULUA. Josteta Aretoak

7. artikulua. Baldintzak.

1. Josteta aretoak dira josteta makinak ezartzeko tegi espezifikoak.

2. Josteta aretoek bete beharko dituzte erregelamendu honen eranskinean ezartzen diren baldintzak. Lokalaren iharduera-lizentzian agertuko da jartzen ahal diren makina kopurua, aipatutako eranskinaren xedapenak kontutan harturik.

8. artikulua. Areto motak.

Josteta aretoak honela sailkatzen dira:

a) Adin-txikikoendako josteta aretoak. b) Helduendako josteta aretoak.

9. artikulua. Iharduera-Lizentzia.

1. Josteta Areto bat ustiatu ahal izateko dagokion Udalaren bidezko iharduera-lizentzia eskuratu behar izanen da. Lizentzia honek espreski isladatu beharko du iharduera baimenduaren mota, hots, "adin-txikikoendako josteta aretoa" edo "helduendako josteta aretoa".

2. Tegi berean josteta aretoko iharduera eta joku aretoko iharduera edo edozein joku iharduera bateraezin izanen dira.

3. Gainera, adin-txikikoendako aretoak, eta alkohol-edarien salmenta edo kontsumoa dakarren edozein iharduera bateraezin izanen dira.

IV. KAPITULUA. Instalazio eraentza

10. artikulua. Baimendutako lokalak.

1. Josteta makinak ondoko lokal hauetan jarri ahalko dira:

a) Josteta aretoetan, dagokien iharduera-litzentzian agertzen den kopuruan.

b) Ikuskizun publiko eta josteta ihardueretarako bertze lokaletan, gehienez bi makina lokal bakoitzeko, hauetatik bat elektronikoa eta bertzea eskuzkoa izan daitezkeelarik. Salbuespen gisa, bertze makina elektroniko bat gehiago paratu ahalko da lokalak joku makinarik paratzeko baimenik ez badu. Izaera honetako lokalak dira Ikuskizun Publiko eta Josteta Ihardueren Katalogoan agertzen direnak.

c) Merkatal lokaletan. Gehienez makina bat lokal bakoitzeko.

2. Josteta makinak paratzen diren lokal guztietan Erregelamendu honen Eranskinaren 5. puntuan xedatutakoa beteko da.

11. artikulua. Makinen identifikatzea.

1. Baimendutako lokaletan jartzen diren josteta makina guztiek identifikaturik egon beharko dute identitate plaka baten bitartez. Plaka makinaren kanpoaldean, ikusteko moduan, egonen da eta ondoko datu hauek izanen ditu:

a) Izen soziala, fabrikatzaile edo inportatzailearen identifikazio fiskalaren zenbakia, eta, bere kasuan, Jokuaren Batzorde Nazionalaren Fabrikatzaile eta Inportatzaileen Erregistroko inskribatze zenbakia.

b) Makinaren ereduaren izena eta Jokuaren Batzorde Nazionalaren Ereduen Erregistroko inskribatze zenbakia, josteta makina elektronikoa bada.

c) Makinaren fabrikazio-saila eta zenbakia.

2. Eskuzko josteta makinek izen soziala eta enpresa operatzailearen erregistro-zenbakia erantsiko dituzte.

12. artikulua. Zirkulazio-gidak.

1. Behar bezala baimendutako lokal batean jarritako josteta makina elektroniko orok dagokion zirkulazio-gidaren alea paratuta izan beharko dute, Jokuaren Batzorde Nazionalak ezarritako eredu ofizialean.

2. Zirkulazio-gida makinaren aurrekaldean edo alde batean paratu beharko da, ederki ikus daitekeen moduan. Gida alde batean balego, alde hori eta edozein objekturen arteko bereizketa gutxienez 0,5 metrokoa izan beharko da.

13. artikulua. Ustiatze-baimena.

1. Josteta makina elektroniko bakoitzaren ustiatze-baimena Lehendakaritza eta Barneko Departamentuaren eginbide bat izanen da, zirkulazio-gidaren gainean luzatua. Bertan data eta makinaren ordena-zenbakia agertuko dira, gidaren lehorreko zigilatuarekin batera. Aipatutako baimena ezinbestekoa izanen da makina jarri eta ustiatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean.

2. Ustiatze-baimena bertze enpresa operatzaile bati transmititu ahalko da zirkulazio-gidaren gainean eginiko eginbide baten bidez. Bertan enpresa operatzaile titular berriaren datuak azalduko dira, agirien bidez, behin makinaren titularitatearen transmisioa kreditatuz gero.

3. Aurretik bertze Elkarte Autonomo edo probintzietan baimenduak izan diren makinak ustiatzeko baimena eskatu ahalko da. Kasu honetan, zirkulazio-gidak erakunde eskudunaren eginbide bat eraman beharko du, bertan, lekualdatze dela eta, sorterrian baja eman duela isladatuz. Halaber, Lehendakaritza eta Barneko Departamentuak zirkulazio-gidan zentzu horretako eginbidea eginen du interesatuak Nafarroan makina baten baja eskatzen duenean bertze Elkarte Autonomo edo probintzitara eramateko, eta gidaren ale guztiak erakunde eskudunari igorriko dizkio.

4. Ustiatze-baimena denbora-mugarik gabe emanen da eta ondoko arrazoi hauengatik deuseztatuko da:

a) Makinaren enpresa operatzaile titularraren deuseztapenarengatik.

b) Makinaren ereduaren inskribatzea dagokion erregistroan deuseztatzeagatik.

c) Prozedura zehatzaile baten ondorioz.

d) Enpresa operatzaile titularrak eskatuta, makina merkatal ustiatzetik kendu izanagatik.

Behin ustiatze-baimena iraungiz gero, enpresa operatzaile titularrak Lehendakaritza eta Barneko Departamentuan bere eskuetan dagoen gidaren ale guztiak, baita 13.1. artikuluan aipatutako makinaren identifikazio plaka ere, aurkeztu beharko ditu.

14. artikulua. Funtzionamendu baldintzak.

1. Enpresa operatzaileak, makinen jabeak eta hauek kokatuta daudeneko lokalen titularrak, makinak beti ere higiene, seguritate eta funtzionamendu egoera egokian mantentzera behartuta daude.

2. Makinean, berehala konpondu ezin den eta funtzionamendu egokia eragozten duen matxuraren bat gertatzekotan, lokaleko arduradunak berehala itzaliko du eta egoeraren berri ematen duen txartel bat paratuko. Hau eginda, erabiltzaileari, honek ondoren sartu ahal izanen zukeen txanponik bueltatzeko obligaziorik ez da izanen.

3. Helduendako josteta aretoetan 16 urte baino gutxiagokoei sartzea debekatuko zaie.

V. KAPITULUA. Eraentza zehatzailea

15. artikulua. Urratze oso larriak.

Urratze oso larritzat eta ikuskizun publikoak eta josteta iharduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 22. artikuluan sartutzat ondoko egintza eta omisioak hartuko dira:

1. Lokalak josteta aretoko ihardueretan erabiltzea, dagokien iharduera-lizentzia eskuratu gabe.

2. Josteta aretoa izateko prestatutako lokalaletan garrantzizko aldaketak egitea dagokien iharduera-lizentzia eskuratu gabe, beti ere aldaketa hauek arrisku egoerarik sortuko balute.

3. Josteta areto edo josteta makinak dituzten bestelako lokalei buruzko arau orokorretan edo baimen partikularretan ezarritako seguritate neurriak ez-betetzea.

4. Josteta makinak lokal batean jartzea, larriunetan lokalaren ebakuazioa galerazteko moduan.

5. Dagokien zirkulazio-gidarik ez duten edo, hau izanda, ustiatze-baimenik ez duten josteta makina elektronikoak jartzea.

16. artikulua. Urratze larriak.

Urratze larritzat eta ikuskizun publikoak eta josteta iharduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 23. artikuluaren barruan hartuko dira ondoko egintza eta omisio hauek:

1. Lokalak josteta areto gisa erabiltzea dagokien irekitze-lizentzia eskuratu gabe.

2. Josteta aretoa izateko prestatutako lokaletan garrantzizko aldaketak egitea dagokien lizentzia eskuratu gabe, beti ere aldaketa hauek arrisku egoerarik sortuko ez balute.

3. Helduendako josteta aretoetan 16 urte baino gutxiagokoei sarrera ematea.

4. Adin txikikoendako josteta aretoetan edari alkoholikoak ematea.

17. artikulua. Urratze arinak.

Ikuskizun publikoak eta josteta iharduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 24. artikuluaren ondorioetarako, urratze arintzat ondoko egintza eta omisio hauek hartuko dira:

1. Dagokien zirkulazio-gida paratua ez duten josteta makina elektronikoak instalatzea.

2. Identifikazio-plakarik ez duten josteta makinak instalatzea.

3. Baimenduak baino josteta makina gehiago instalatzea.

4. Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten eta larritasun haundiagoko urratzetzat tipifikatu ez diren gainerako egintza eta omisioak.

18. artikulua. Erantzunkizuna.

1. Makinak bete behar dituen baldintzak ez betetzeagatiko urratzeak elkarrekin eta maila berean lokaleko titularrari eta makinaren enpresa titularrari egotziko zaizkie.

2. Lokalaren baldintza eta makina jartzearekin zer ikusirik duten urratzeak lokalaren titularrari egotziko zaizkio.

19. artikulua. Makinen ikuskapena.

1. Josteta makina eta instalaturik daudeneko lokalen titularrek, funtzio horretarako komisionaturiko agintaritzaren agenteen ikuskatze lana uzteko betebeharra izanen dute, horretarako eskatzen zaienean.

2. Makinen ikuskatze lanak egiten dituzten agintaritzaren agenteek beren iharduketen akta eginen dute. Bertan ondoko datu hauek jasoko dira:

a) Lokaletako datuak, beren titularrenak, jarritako makinenak eta hauen titular diren enpresa operatzaileenak.

b) Makina eta lokaletan agertzen den dokumentazioa, edo erregelamendu honetan galdatutako agiririk eza.

c) Hala balitz, Makinen identifikatze-plakarik eza.

d) Erregelamendu honen kontrako urratzea izan litekeen edozein inguruabar.

e) Makinaren prezintoa edo konfiskazioa, hala behar balitz.

3. Interesatuei egindako akten kopia bat emanen zaie, beti ere urratzeren bat badela somatu denean, eta akta horrek erakunde eskudunaren aurrean dagokion salatzea sortuko duenean. Ikuskapenetik inolako urratzerik ez ba da antzeman, interesatuei akta bakarrik emanen zaie baldin eta espreski eskatzen badute.

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra

 Foru Dekretu honek indarra izan baino lehenago "A" eta "B" motatako josteta makina eta azareko makinak jartzeko baimena zuten josteta aretoek egoera hau gehienez bost urtetan mantentzen ahalko dute. Epea akituta, baimena indarrik gabe geldituko da eta josteta makinak ustiatzen ahalko dira, ez besterik. Dena den makina mota batendako edo bertzearendako espazioen arteko bereiztea mantenduko da.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu honek onetsitako Erregelamendu honetan xedatutako kopurua baino josteta makina gehiago jarrita dauden lokaletan 1990.eko ekainaren 30ararte luzatzen den epearen barruan kendu beharko dituzte.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu hau indarrean sartzen denean baimena duten josteta aretoak Erregelamenduan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio urte bateko gehienezko epean.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Lehendakaritza eta Barneko Kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu honek onetsitako Erregelamenduan xedatutakoa burutzeko edo garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honi kontra egiten dioten lerrun bera edo beheragoko lerruneko xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Dekretu honek indarra izanen du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

ERANSKINA. Josteta Aretoen Baldintzak

1. Azalera: Josteta areto guztiek gutxienez karratuko azalera erabilgarria izan beharko dute.

2. Altuera: Joku-gelako gutxienezko altuera 2,80 metrokoa izanen da. Kabiera 200 pertsonendako baino txikiagoa izanen balitz edo haizatze bortxatuzko instalaziorik izanen balitz, altuera 2,60 metrora jautsi erazi ahalko da.

3. Atariak: Ez dira beharrezkoak izanen bide publiko edo kanporako aterabidea zuzena bada.

4. Kabiera: Honela xedatuko da, azalera erabilgarria hartuz, metro t'erdi karratu bakoitzeko pertsona bat.

5. Makinak jartzea: Makinek betetako azalera osoa gelako azalera erabilgarri osoaren herena baino haundiagoa ez da izanen. Jokalariak gutxienez 0,6 bider 0,6 metroko espazioa izan beharko du jostatzeko tokian, zirkulazio-pasabideak errespetatu beharko direlarik. Hauek gutxienez 1,5 metroko zabalera izan beharko dute.

6. Komunak: Pixtoki bat, komunzulo bat eta konketa bat gizonezkoendako eta komunzulo bat eta konketa bat emakumezkoendako izan beharko dituzte 200 pertsoneko edo kopuru honen zatikiko.

7. Josteta aretoen iharduerarako ezin izanen dira erabili kanporatze-lanak goitiko norabidean baino gehiago salbatu behar direneko lokalak.

8. Gelatzea: Lokalak sute-gune berezia eratu beharko du, RF-120 elementu konpartimentatzaileez, iharduera desberdinetako aldeetatik aparte. Egiturak RF-60 bat arraseko lokaletan eta RF-120 bat sotoetan bermatu beharko ditu.

9. Materialak: Ondoko material hauek permitituko dira:

a) Lurzoruetan, M3 mota arte. b) Horma eta sabaietan, M2 mota arte.

10. Aterabideak: Sotoetan eta 50 pertsona baino gehiagorendako goiko lokaletan bi aterabide galdatuko dira. Kokapena NBE-CPI 82 izenekoan xedatutakoari jarraiki finkatuko da. 11.

Suten kontrako babes-instalazioak. Ondoko hauek galdatuko dira:

Su-itzalgailu mugikorrak: Lokaleko gune guztiak hurbilenetik baino gutxiagotara izanen dira.

Premiazko argiteria eta 10luxeko gutxienezko argitasun maila bermatzen duen seinalizatzea. Harmailetan, baldin badaude, seinalizatze-argiak paratu beharko dira, bat metro lineal bakoitzeko edo zatikiko.

Sutarako aho ekipatuak: karratu baino azalera haundiagoko lokaletan paratuko dira.

12. Suten kontrako bestelako seguritate-baldintzak: NBE-CPI 82 izenekoan dauden arauak aplikatuko dira. Halaber elektrizitate, argiteria, etab.ri buruzko arau espezifikoak aplikatuko dira.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa