(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Barnea :
    • Jokoa :
      • 128/2012 Foru Agindua, martxoaren 30ekoa, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariak emana, saria jenerotan ematen duten joko makinak ("garabiak" izenekoak) arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

128/2012 Foru Agindua, martxoaren 30ekoa, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariak emana, saria jenerotan ematen duten joko makinak ("garabiak" izenekoak) arautzen dituena

 

(2012ko 82. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 2an)

Atarikoa

Joko Makinen Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 31ko 181/1990 Foru Dekretuak, azaroaren 15eko 72/2010 Foru Dekretuak emandako idazketaren arabera, joko makinak lau taldetan sailkatu zituen: a) sari programatua duten joko makinak, b) ausazko jokorako makinak, c) saria jenerotan ematen duten joko makinak eta d) beste joko mota batzuen makina osagarriak. Halaber, besteak beste, makina horiek instalatu eta ustiatzeko baldintzak arautu zituen, saria jenerotan ematen duten joko makinenak salbu.

Bereziki, erregelamenduaren 10.3 artikuluak ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariak saria jenerotan ematen duten joko makinak instalatzeko tokiak eta baldintzak zehaztuko zituela, baita haien betekizunak eta mugak ere.

Foru agindu honen xedea da artikulu hori garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak ematea.

Horrenbestez, aipatu 10.3 artikuluak eta Nafarroako Gobernuari eta bere lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Saria jenerotan ematen duten joko makinen araubidea ("garabiak" izenekoak) onestea. Haren testua ondotik erantsi da.

Bigarrena

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

SARIA JENEROTAN EMATEN DUTEN
JOKO MAKINEN ARAUBIDEA
("GARABIAK" IZENEKOAK)

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Definizioa.

1. Saria jenerotan ematen duten joko makinek ("garabiak" izenekoak) Joko Makinen Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 31ko 181/1990 Foru Dekretuaren 2.2.c) artikuluan aipatzen diren ezaugarriak betetzeaz gain, saria jenerotan ematen ahal dute, zuzenean edo txartel, bonu edo antzeko zerbaiten truke, jokalarien gaitasun edo trebetasunaren arabera eta aurretik zehaztutako eta baimendutako joko programa bati jarraikiz.

2. Halako makinetan barruan eskuragarri dauden produktuak ikusten ahal ditu erabiltzaileak eta, partidaren prezioa ordaindu ondoren, mekanismoaren mugimendua bideratzen ahal du, pintza nahi den lekura kokatu eta eskuratu nahi den produktuaren gainean erortzen uzteko.

2. artikulua. Ezaugarri teknikoak eta segurtasun neurriak.

1. "Garabiak" izeneko joko makinak homologatu eta Nafarroan haien instalazioa eta ustiapena baimenduko dira, honako ezaugarri hauek badituzte:

a) Partidaren gehieneko prezioa euro bat izanen da.

b) Makinak zuzenean ematen ahal duen sariaren gehieneko prezioa partidaren gehieneko prezioa halako 30 izanen da, gehienez ere.

c) Txartel edo bonuen truke eskuratzen ahal den saria 50 euro izanen da, gehienez ere.

d) Saria lortzea jokalariaren gaitasun edo maisutasunari lotuta badago ere, makinaren ustiapenean 100 partidetatik 30etan, gutxienez, lortuko da, balizko konbinazio guztietatik ateratzen den estatistikaren arabera.

e) Makinek produktuak, txartelak edo fitxak automatikoki kanporatzeko mekanismo bat izanen dute eta, horretarako, jokalariak ez du ezer egin beharko.

f) Makinen aurreko panelean argi eta garbi ageriko dira joko arauak, makinaren funtzionamendua, makina erabiltzeko prozedura eta makinak onartzen dituen txanponen balioa.

g) Funtzionamendua zuzentzen duten memoria elektronikoak aldaezinak eta manipulaezinak izanen dira.

h) Makinek kontagailuak izanen dituzte, Administrazioak irakurtzeko modukoak, itxiak eta edozein manipulazioren aurka babestuak. Kontagailuek zenbatuko dituzte jokatu diren partidak, sartu diren txanponak eta atera diren produktuak, txartelak eta fitxak.

2. Makinek segurtasun gailu eta neurri hauek izan beharko dituzte:

a) Energia elikatze-iturri autonomo bat. Korronte elektrikoa deskonektatzen edo eteten bada, iturri horrek ahalbidetuko du partida jarraitzea etenaren aurreko egoeran berean.

b) Jokoaren memoria babesteko mekanismoak. Memoria manipulatzen saiatzen bada, bere osotasuna bermatuko dute mekanismo horiek.

c) Kontagailuen manipulazioa galarazteko gailuak, kontagailuen memoria babestekoak (korronte elektrikoa deskonektatzen edo eteten den kasua barne) eta programa etenaren aurreko egoeran berean berriro hasteko aukera ematen dutenak.

d) Indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen gailuak, erabiltzailearen segurtasuna eta osotasun fisikoa bermatzeko eta mekanismoen manipulazioa ezinezko bihurtzeko.

3. artikulua. Sariak.

1. Sarien balioa ezartzean horiek eskuratzeko kostuak hartuko dira kontuan, eta merkatuan duten batez besteko balioa frogatuko da fakturaren bidez.

2. Eskaintzen diren sariek merkaturatzeko indarrean dagoen legeriak eskatutako baldintzak beteko dituzte.

3. Jokalariak makina barruan dauden sari zuzenak kanpotik ikusi eta argi eta garbi identifikatzen ahalko ditu.

4. Txartel, bonu edo antzeko zerbaiten truke eskuratzen diren sariak erakustaltzari batean paratuko dira, bakoitzaren puntu-balioa argi eta garbi adierazita.

5. Txartel, bonu edo antzeko zerbaiten truke jenerotan eskuratzen diren sariak horiek lortu diren establezimenduan emanen dira bakarrik, eta trukean ez da eskudirua emanen, inola ere.

6. Lortutako saria akats mekaniko batengatik ematen ez badu makinak, lokaleko arduradunak eskuz emanen du produktua, berehala, eta partidak ez dira berriro hasiko matxura konpondu arte.

II. KAPITULUA. Modeloak homologatu eta inskribatzea

4. artikulua. Homologazioa eta inskripzioa.

1. Nafarroako Foru Komunitatean "garabiak" izeneko joko makinak ustiatzeko baimena eskuratu aurretik, modeloa homologatu eta Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren III. liburuan inskribatu beharko da.

2. Modeloa homologatzeko eskaera Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren I. liburuko I. atalean inskribaturiko enpresa batek eginen du. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Modeloaren fitxa teknikoa, ondoko datu hauekin:

-Makina kanpoaldearen koloreko bi argazki garbi.

-Modeloaren izen komertziala.

-Fabrikatzailearen, merkaturatzailearen edo banatzailearen izena, eta Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren I. liburuko I. ataleko inskripzio-zenbakia.

-Makinaren neurriak.

-Jokoaren deskripzio laburra.

b) Jokatzeko modua deskribatzen duen memoria.

c) Makinaren eta bere sistema elektrikoaren planoak, eta Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa betetzen duela ziurtatzen duen agiria, teknikari eskudun batek izenpetuak.

d) EBren adostasun adierazpena, fabrikatzaileak edo Europar Batasuneko ordezkariak izenpetua, aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauek ezarritako funtsezko baldintzak produktuak betetzen dituela egiaztatzeko.

e) Joko programa biltegiratzeko gailuaren ale bat.

f) Makinaren funtzionamenduak 2. artikuluko zehaztapen teknikoak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan inskribaturiko saiakuntza-laborategi batek emana.

3. Homologatzeko espedienteak hiru hilabeteko epean ebatziko dira, eskaera eta derrigorrezko agiriak organo eskudunaren erregistroan sartzen direnetik. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, homologatzeko eskaera ezetsitzat joko da.

4. Homologazioaren ebazpena aldekoa bada, modeloa ofizioz inskribatuko da Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren III. liburuan.

5. artikulua. Modeloak aldatzea.

1. Inskribaturiko makina modelo bat aldatzeko, beharrezkoa da aurretik horretarako baimena izatea. Organo eskudunak eskatutako aldaketa funtsezkoa ez dela jotzen badu, horren gainean ebazpena emanen du, beste tramiterik gabe, modeloaren aldaketen oinarri diren agiriak aurkeztu ondoren.

2. Aldaketa funtsezkotzat joko da 2. artikuluan agertzen diren ezaugarri eta gailuei lotuta badago. Kasu horretan, homologatzeko aurreko artikuluan ezarritako prozedurari ekinen zaio.

III. KAPITULUA. Ustiatzeko eta instalatzeko araubidea

I. atala. Ustiapena

6. artikulua. Enpresak.

Halako joko makinak ustiatzeko baimenen titularra izateko, joko enpresek Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren II. liburuko I. atalean inskribaturik egon eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren alde 12.000 euroko fidantza jarri beharko dute.

7. artikulua. Ustiatzeko baldintzak.

Halako joko makinen ustiapena Joko Makinen Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 31ko 181/1990 Foru Dekretuaren 14., 16. eta 17. artikuluei lotuko zaie.

II. atala. Instalazioa

8. artikulua. Lokal eta areto baimenduak.

Araubide honen xede diren joko makinak lokal eta areto hauetan instalatzen ahalko dira:

a) Taberna, kafetegi, taberna berezi eta ikuskizunetarako kafetegi gisa berariaz baimendutako establezimenduetan, joko makinak instalatzeko baimena ez badute edo joko makina bakarra instalatzeko baimena badute. Establezimendu horietan saria jenerotan ematen duen joko makina bakar bat instalatzen ahalko da.

b) Josteta aretoetan, joko aretoetan eta jolas parkeetan.

c) Azoka-esparruetan.

9. artikulua. Kokapena.

Saria jenerotan ematen duten joko makinak ("garabiak" izenekoak) soilik aurreko artikuluan agertzen diren lokal edo aretoen barruan instalatzen ahalko dira, haien kanpoko ibilbidetik isolaturik.

10. artikulua. Prozedura.

1. Saria jenerotan ematen duten joko makinak instalatzeko baimena duen lokal edo areto batean egiten den jardueraren titularrak hor instalatu edo hortik kendu nahi den makinaren zirkulaziorako gidako zenbakiaren berri eman beharko dio joko eta apustuen arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiari, instalatu edo kendu baino lehen.

2. Aipatu zuzendaritza nagusiak instalazioa debekatzen ahalko du, komunikazio horren edukiaren ondoriozko jarduketei erreparatuz indarrean dagoen jokoaren arloko legeria urratzen dela jotzen bada.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa