Castellano | Euskara | Français | English
(1998ko 145. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 4an)
Atarikoa
1990eko Hitzarmen Ekonomikoaren jatorrizko erredakzioan, 34. artikuluan, xedatzen zen ezen, Nafarroak aplikatu behar zituela guztiendako araubidearen arau berberak errifa, tonbola, apostu, konbinazio aleatorio eta zozketa, enbido edo azare jokoen arloan.
Ondorioak 1998ko urtarrilaren 1etik aitzina izanik, aipatu artikulua aldatua izan zen orain komeni den zentzuan, hain zuzen ere, guztiendako araubidea bezalako araudia zergagaiari eta subjektu pasiboari dagokien arlora mugatzeko.
Aurrekoaren harira, komenigarri iritzi da abenduaren 12ko 2221/1984 Errege Dekretuak ezarririk gaur egun indarra duten aitorpen eta ordainketa epeak ez beste batzuk ezartzea, gure Ogasun Publikoaren kudeaketa beharrei egokitzeko.
Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren hamaseiko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra
Azareko jokoetarako gai diren makina edo aparatu automatikoen ustiapena zergapetzen duen zerga tasaren likidazio-aitorpena eta ordainketa urte bakoitzeko martxoaren, ekainaren, irailaren eta abenduaren lehenbiziko hogei egun naturalen barrenean egin beharko dira, urte horretako urtarrilaren 1ean zorpetutako kuotei dagokienez.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera hartuko du indarra.