(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Barnea :
    • Jokoa :
      • 116/2008 Foru Dekretua, azaroaren 24koa, Nafarroako Jokoaren Kontseilua sortu eta osaera, antolamendua eta jarduna arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

116/2008 Foru Dekretua, azaroaren 24koa, Nafarroako Jokoaren Kontseilua sortu eta osaera, antolamendua eta jarduna arautzen dituena

 

(2008ko 150. NAOn argitaratua, abenduaren 10ean)

Zioen Azalpena

Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeak berritasun handiak ekarri ditu aipatutako arloaren arautzeari dagokionez. Indargabetu eta ordeztu egin zuen arlo hori lehenago arautzen zuen ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legea, eta esparru berria eratu Nafarroako Foru Komunitatean jokoaren eta apustuen sektorea arautzeko.

Jarduera ekonomiko horren sektorea berrantolatu beharra dago. Oso dinamikoa da eta, ikusirik azkeneko urteetan izandako bilakaera eta etorkizunean garatzeko dauden aukerak, uztartu behar dira enpresaburuen interesak, zilegiak direnak, eta arlo horrekin lotutako zenbait balio eta interes, besteak beste, segurtasun juridikoa, jokoaren eta apustuen praktikan eta antolakuntzan edonola ere parte edo esku hartzen duten guztiena eta osasunean nahiz ekonomian kalte hartzen ahal duten guztiena. Bada, sektorea berrantolatzeko behar horri erantzuten dio esparru juridikoaren berritzeak, eta hala azaltzen da 16/2006 Foru Legearen zioen azalpenean.

16/2006 Foru Legean, besteak beste, aurreikusten da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Jokoaren Kontseilua eratuko duela. Jokoaren eta apustuen arloan aholku eman eta esku hartzeko organoa izanen da eta bertan esku hartuko dute bai jokoaren eta apustuen arloko eskumena esleitua duen Nafarroako Gobernuaren departamentuak (horren mende egonen da organikoki), bai arlo horretan eskumena duten beste departamentu batzuek, bai arlo horretan interesa duten enpresa, sindikatu eta gizarte-erakunderik adierazgarrienek ere.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 24ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek helburu du Nafarroako Jokoaren Kontseilua sortu eta osaera, antolamendua eta jarduna arautzea.

2. artikulua. Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren sorrera, helburua, izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseilua eratu da, Administrazio Publikoak jokoaren sektorearekin dituen harremanak arintzen laguntzeko eta sektorearen arautegiaren kalitatea hobetzeko.

2. Nafarroako Jokoaren Kontseilua aholku eman eta esku hartzeko kide anitzeko organoa da, Nafarroako Foru Administrazioarena eta Nafarroako Foru Komunitatean joko eta apustuen politikaren ezagupenean, eztabaidan, segimenduan, aholkularitzan eta proposamenetan interesa duten gizarte sektoreena.

3. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mende egonen da Nafarroako Jokoaren Kontseilua. Aipatutako departamentuak Nafarroako Jokoaren Kontseiluari aholkularitza eta jardunerako behar dituen bitartekoak emanen dizkio.

II. KAPITULUA. Eginkizunak

3. artikulua. Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren eginkizunak.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

1. Aginduzko txostenak ematea jokoaren eta apustuen arloa zuzenean ukitzen duten orotariko xedapenetarako proiektuei buruz.

2. Azterlanak eta proposamenak egitea.

3. Nafarroako Foru Komunitatearen jokoaren eta apustuen urteko memoria ezagutzea.

4. Orokorrean, jokoaren eta apustuen arloan txostenak egin, kontsultez arduratu eta aholku ematea, bere lehendakariak hala eskatzen duenean.

III. KAPITULUA. Osaera

4. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

a) Lehendakaria: Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria.

b) Lehendakariordea: Barne zuzendari nagusia.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko bost kide, ondoko erakundeen titularrak:

-Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusia.

-Osasun Zuzendaritza Nagusia.

-Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Zuzendaritza.

-Nafarroako Zerga Ogasuneko Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko Zuzendaritza.

-Joko, Ikuskizun Publiko eta Josteta Jardueren Atala.

d) Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatutako sei kide, foru agindu bidez eta arau hauen arabera:

-Jokoaren arloko enpresaburuen hiru ordezkari, enpresa-erakundeek proposaturik. Sindikatuetan elkartzeko eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen arabera eratuak egon beharko dute enpresa-erakunde horiek, eta Nafarroan jardun, dagozkien Nafarroako Foru Komunitateko erregistroetan izena emanik.

-Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handienekotzat jotzen diren sindikatuek izendatutako bi ordezkari.

-Helburu nagusia ludopatiari aurrea hartu eta ludopatia tratatzea duten elkarteen ordezkari bat, elkarteek berek proposaturik. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren arabera eratuak egon beharko dute elkarte horiek, Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribaturik, eta batez ere Nafarroako Foru Komunitatean jardun.

2. Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko titularra arituko da Nafarroako Jokoaren Kontseiluko idazkari lanetan, hizpidearekin eta botorik gabe.

5. artikulua. Agintaldia.

1. 4. artikuluko 1. ataleko a), b) eta c) letretan zehaztutako karguen ondorioz Nafarroako Jokoaren Kontseiluko kide direnen agintaldia indarrean izanen da karguan jarraitzen duten bitartean.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatutako kideen (4. artikuluko 1. ataleko d) letran zehazten dira) agintaldiak 4 urte iraunen du, izendapenetik hasita. Hala ere, behin eta berriz izendatzen ahalko dira, mugarik gabe.

6. artikulua. Kargu uztea.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluko kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

1. 4. artikuluko 1. ataleko a), b) eta c) letretan zehaztutako karguen kasuan, kargu horien ondorioz baldin badira kide, kargua uzteagatik.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu baten bidez, 4. artikuluko 1. ataleko d) letran zehaztuak:

a) Agintaldia bukatzeagatik, ezarritako indarraldia bukatzeagatik.

b) Uko egiteagatik.

c) Justiziak desgaitzeagatik.

d) Heriotzagatik.

e) Eginkizunetan behin eta berriz huts egiteagatik, Kontseiluaren erabakiz, gehiengo soilaz eta proposatu zuten elkarteek proposatuta, eta lehendakariak proposatuta, gehiengo osoz.

f) Proposatu zituen entitateren bat desegiteagatik.

7. artikulua. Ordezkoak.

1. Lehendakaria ez dagoenean lehendakariordeak ordeztuko du.

2. Idazkaria ez dagoenean, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzenbideko lizentziadun batek, horretan aritzeko titulu hori behar duenak, ordeztuko du.

IV. KAPITULUA. Kontseiluko kideen eskubide eta betebeharrak

8. artikulua. Eskubideak.

Kontseiluko kideen eskubideak hauek dira:

1. Aldez aurreko ahalik eta epe handienarekin izatea (48 ordu gutxienez), bileraren deialdia, eguneko gaien zerrenda eta beharrezko dokumentazioa.

2. Osoko Bilkuretan botoa eta hizpidea izatea, eta botoa zein izanen den eta horretarako arrazoiak adieraztea.

3. Kontseiluko zein batzorde edo lan taldetarako izendatuak izan, horietako lan eta eztabaidetan parte hartzea.

4. Kontseiluak duen dokumentazioa eskatzea eta eskuratzea.

5. Kontseiluaren jarduerarekin lotutako iradokizunak aurkeztea, eta Kontseiluaren eskumeneko edozein gai eguneko gaietan sartzeko eskatzea Kontseiluko buruari. Sartu beharko da baldin eta Kontseiluko kideen herenak hala babesten badu.

6. Galderak eta eskaerak egitea.

9. artikulua. Betebeharrak.

Kontseiluko kideen betebeharrak hauek dira:

1. Kontseiluaren bileretara joatea, eta egiten ari diren edo haien esku utzitako lanetan gogotik parte hartzea.

2. Osoko Bilkurak edo Kontseiluko buruak eskatutako irizpenak, txostenak, azterketak edo mozioak epe ezarrian aurkeztea.

3. Kontseiluan, eztabaidetan eta lanetan adierazitako gogoetak isilpean gordetzea.

10. artikulua. Kalte-ordainak.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluan parte hartzeak ez du inolako ordainsaririk, zerbitzu-gastuengatik ezartzen diren kalte-ordainak gorabehera.

V. KAPITULUA. Antolaketa eta jarduna

11. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluak Osoko Bilkuraren bidez jardungo du. Lehendakariak, lehendakariordeak eta mahaikideek osatuko dute Osoko Bilkura, eta hainbat gai aztertzeko batzordeak edo lan taldeak eratzea erabaki dezake, gaien interesa dela eta beharrezkoa bada, 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Erabakiak bilkuran dauden kideen botoen gehiengoaz hartuko dira.

12. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Lehendakariaren eginkizunak hauek dira:

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren ordezkari izatea.

2. Bileren deialdia erabakitzea eta eguneko gaien zerrenda finkatzea. Hala behar bada, gainerako kideen eskaerak, behar den denboraz jakinaraziak, kontuan hartuko ditu.

3. Bileretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, arrazoi justifikatuak izanda, horiek bertan behera uztea. Halaber, erabakiak hartzerakoan berdinketak izaten direnean bere botoaren bidez berdinketak haustea.

4. Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

5. Kontseiluko lehendakari karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak, edo indarreko legeriaren arabera esleitzen zaizkionak.

13. artikulua. Lehendakariordearen eginkizunak.

Lehendakariordearen eginkizunak hauek dira:

1. Lehendakaria ordeztea haren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean edo beste arrazoi justifikaturen bat izaten denean.

2. Lehendakariak edo Kontseiluko Osoko Bilkurak haren esku utzitako eginkizun guztiak, Kontseiluaren kudeaketarako, antolaketarako eta jardun egokirako.

14. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Idazkariaren eginkizunak hauek dira:

1. Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

2. Kontseiluaren bileretarako deia egitea, lehendakariak hala aginduta, eta kideentzako hitzorduak ezartzea.

3. Kontseiluaren kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

4. Arazoak ebazteko bidea prestatzea, bileretarako aktak idatzi eta baimentzea, eta onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

5. Kontseiluaren dokumentazioa zaintzea.

6. Kontseiluko idazkari karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak betetzea, edo indarreko legeriaren arabera esleitzen zaizkionak.

15. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluak ohiko osoko bilkura eginen du urtean behin, eta ohiz kanpoko osoko bilkura lehendakariak horretarako deialdia egiten duen guztietan, bere ekimenez edo kideen heren batek eskatuta.

2. Nafarroako Jokoaren Kontseilua modu baliozkoan eratua izateko lehendakariak eta idazkariak, edo horien ordezkoek, bertaratu beharko dute. Lehenbiziko deialdian modu baliozkoan eratua egoteko kideen gehiengoak bertaratu beharko du, eta bigarren deialdian modu baliozkoan eratua egoteko sei kidek gutxienez.

3. Kontseiluko lehendakariak adituei, aholkulariei edo interesdunei eskatzen ahalko die osoko bilkuraren eta lan taldeen bileretara joan daitezela, kasuan kasuko gaiaren arabera.

16. artikulua. Lan taldeak.

1. Bere gain hartutako eginkizunak betetzeko, Nafarroako Jokoaren Kontseiluak lan taldeak eratzen ahalko ditu.

2. Lan taldeak Kontseiluko kideekin eta/edo handik kanpoko pertsonekin eratzen ahalko dira, betiere horien eskarmentu profesionala nahiz ezagutza teknikoa proposatutako helbururako interesgarritzat jotzen badira.

3. Lan taldeak eratzeko erabakiak honako hauek ezarriko ditu gutxienez: osaera, lanaren helburua eta, egoki denean, horretarako ezarritako lan ildoak.

17. artikulua. Jarduteko arauak.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluak bere jardunerako arauak ezartzen edo osatzen ahalko ditu honako hauetan ezarritakoaren barnean: foru dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Eraketa.

Foru dekretu honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean eratuko da Nafarroako Jokoaren Kontseilua.

Azken Xedapenetako Lehena. Arauzko gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa