Castellano | Euskara | Français | English
519/2011 FORU AGINDUA, EKAINAREN 27KOA, LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNEKO KONTSEILARIAK EMANA, BINGO JOKO TRADIZIONALAREN MODALITATEA NAFARROAKO JOKO ETA APUSTUEN KATALOGOAN INSKRIBATZEA XEDATZEN DUENA ETA JOKOAREN BILAKAERARAKO FUNTSEZKO BALDINTZA ETA ARAUAK EZARTZEN DITUENA.
(2011ko 149. NAOn argitaratua, uztailaren 28an)
Atarikoa
Azaroaren 15eko 73/2010 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Bingoen Erregelamendua onetsi zen. Erregelamendu horrek Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean ageri diren aurreikuspenak aipatu bingoaren jokoan aplikatzeko modua garatzen du.
Beste alde batetik, urtarrilaren 5eko 5/2011 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa onetsi zen. Dekretu horren 4.3 artikuluak ezartzen duenez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari dagokio joko eta apustuen modalitateak eta oinarrizko arauak, eta kasua bada, haien antolaketarako eta praktikarako ezartzen diren murriztapenak eta mugak ere onestea, aldatzea eta Katalogoan sartzea.
Bingo jokoaren kasuan bingo tradizionalaren modalitatea Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan inskribatu behar da, eta jokoaren bilakaera arautu behar duten funtsezko determinazio eta arauak ezarri behar dira.
Horrenbestez, aipatu urtarrilaren 5eko 5/2011 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta bere Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Bingo joko tradizionalaren modalitatea Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan sartzea.
Bingo joko tradizionalaren modalitatea Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan sartu da. Modalitate hori foru agindu honetan ageri diren determinazioen eta eranskin gisa txertatuko diren joko arauen arabera garatuko da.
2. artikulua. Diru-sarreretatik sarietarako erabiltzen den portzentajea.
Bingo tradizionalaren modalitatean, diru-sarreretatik sarietarako erabiltzen den portzentajea, gutxienez ere, banatutako kartoi guztiak saltzeagatik lortutako diru-sarreren zenbatekoaren %65 izanen da.
3. artikulua. Sarien plana.
1. Bingo joko tradizionalaren modalitatea baimentzeko ebazpenetan, jokoaren ustiapenerako ezarritako sarien plana adieraziko da. Honako hauek ezarriko dira: sariak ordaintzeko edo, bidezkoa bada, sarien hornidurarako eta geroko ordainketarako gordailuak eratzeko erabili beharreko diru-sarreren banaketa; gordailu horien muga edo gehieneko kopurua, eta gordailu horietarako fondoen transferentzia, jokoaren dinamikaren arabera; sarien izendapena, zenbatekoa eta sariak jasotzeko eskubidea ematen duten kasuak.
2. Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, bingo tradizionalaren sarien hornidura eta ordainketarako fondoak sarietarako erabili beharreko diru-sarreren zenbatekotik kentzeko, honako banaketa honi jarraituko zaio:
a) Lerroa: %12.
b) Bingoa: %88.
3. Lerroa eta bingoa ez diren beste sari batzuk ezartzen direnean, sari horien ordainketarako edo sarien hornidurari dagozkion gordailuen eraketarako fondoak sarietarako erabili beharreko diru-sarreren zenbatekotik kentzeko, honako banaketa honi jarraituko zaio:
a) Lerroa: %10.
b) Bingoa: %84.
c) Gainerako sariak: %6, modalitatea ustiatzeko baimenean ezartzen den banaketarekin.
4. artikulua. Modalitatearen bilakaeraren ikuskapena eta kontrola.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa informatua egoteko, bingo tradizionalaren modalitatea ustiatzeko baimenen titularrek "Akten liburua", "Sarien liburua" eta "Partidak egiaztatu eta artxibatzeko sistema" izan beharko dituzte.
2. Establezimendu baimenduetan jokatutako bingo tradizionaleko joko saio bakoitzerako idatzitako aktek osatuko dute akten liburua. Joko saioa, jokoa ireki eta hasten denetik jokoa amaitzen eta aretoa ixten den arte doan etenik gabeko denbora dela ulertzen da.
a) Saio bakoitzaren akta bitarteko elektronikoak erabiliz eginen da. Aktaren aurretik, saioa hasi zeneko eguna eta ordua aipatzen dituen hasierako eginbidea joanen da. Akta partidetako bakoitza jokatzen den bitartean idatziko da, eta saio bakoitzaren bilakaera azaldu beharko da. Saioa amaitzean itxierako eginbide bat agertuko da. Bi eginbideetan eta, oro har, egiten diren eginbide guztietan, enpresak ondorio horretarako izendatzen duen langilearen sinadura eta nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia agerraraziko dira.
b) Aktan, partida bakoitzerako, partidaren ordena-zenbakia, erabilitako kartoien aurrealdean ageri den balioa, saldutako kartoien kopurua (saila eta hasierako nahiz amaierako ordena-zenbakia adierazita), bildutako kopuru osoa eta partidan ordaindu behar diren edo, bidezkoa bada, ordaintzen ahal diren sariei dagozkien kopuruak agerraraziko dira, baita, aurreko atalean aipatu diren baldintzetan egindako eginbide bereizien bidez, gorabeherak eta jokalarien erreklamazioak ere, halakorik egonez gero.
3. Bingo areto guztietan enpresak Sarien liburua ere edukiko du.
a) Sarien liburuan honako hauek agerraraziko dira: 3.000 euro garbitik gorako sariak (bidezkoa bada, bingo jokoan lortutako sarien zenbatekoa kargatzen duten zuzeneko tributuak kendu ondoren) lortzen dituzten jokalarien nortasuna (izen-deiturak eta identifikazio fiskaleko zenbakia), lortutako sariaren zenbateko zehatza, zein egunetan lortu ziren eta jokalariaren sinadura.
b) Jokoaren arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuak sarien liburuaren ale normalizatuak emanen dizkie enpresei, haiek hala eskatzen dutenean.
4. Bingo tradizionalaren modalitaterako baimenduta dauden bingo areto guztiek kontrol mahaiarekin konektatutako sistema informatiko homologatua izan beharko dute; partidak egiaztatu eta artxibatzeko sistema deituko da eta ezaugarri hauek izanen ditu:
a) Honako hauek agertuko dira: partida bakoitzaren hasiera-ordua, kartoiak saltzeagatik bildutako dirua, bolak zein ordenatan atera diren, bola bakoitzari dagokion zenbakia adierazita, eta partida bakoitzean emandako sarien zenbatekoa, eta orokorrean, aktetan ageri diren datu guztiak, artikulu honen 2. atalean xedatu denaren arabera.
b) Aurreko atalean aipatu den informazioa bilduko du, gutxienez azken hemezortzi hilabeteetan sortu dena.
5. Baimenaren titularrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak izendatzen dituen agenteek eta organo judizialek soilik eskuratzen ahalko dute akten liburuan, sarien liburuan eta partidak egiaztatu eta artxibatzeko sisteman ageri den informazioa.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Bingo kartoiak.
Jokoaren arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoak bingo jokoan erabiltzen diren kartoien forma eta edukia ezarriko ditu.
Xedapen Iragankor Bakarra. Informazio sistemak.
Urtebeteko epean, enpresa baimenduak Partidak egiaztatu eta artxibatzeko sistemaren eta joko eta apustuen nahiz tributuen arloetan eskudunak diren Nafarroako Foru Komunitateko organoen arteko konexio informatikoa ezartzeko erraztasuna eman beharko du. Modu horretan, organo horiek denbora errealean jakiten ahalko dituzte, gutxienez, ustiapenaren egoera, jokatutako partida kopurua, kartoien salmentagatik lortutako diru-sarrerak eta zenbat ordaintzen den sarietan, baita bi horien arteko aldea ere.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. Bingo tradizionala
I. KAPITULUA. Modalitatearen arauak
1. artikulua. Jokoaren deskribapena.
1. Bingo jokoa, modalitate tradizionalean, loteria bat da, 90 zenbakitan jokatzen dena, 1 zenbakitik hasita 90 zenbakira arte. Jokalarien joko-tresna kartoiak dira, benetakoak edo birtualak, bakoitzean desberdinak diren hamabost zenbaki ageri direla. Zenbakiak hiru lerro horizontaletan antolatuta daude, lerro bakoitzean bost zenbaki daudela, eta bederatzi zutabe bertikaletan; zutabe horietan hiru zenbaki, bi edo bat egon daitezke, baina zutabe bat inoiz ere ezin da egon zenbakirik gabe.
2. Jokoaren oinarria 1etik 90era (biak barne) doazen zenbakiak ausaz, banan-banan eta hurrenez hurren ateratzea da. Horri, foru agindu honetan xedatuta dagoenaren ondorioetarako, aurrerantzean bolak ateratzea esanen zaio.
3. Sariak honela lortzen dira partida bakoitzean: jokalari batek -edo batzuek aldi berean- beren kartoietan osatuko dituzte sariak lortzeko aldez aurretik ezarrita dauden eredu edo figurak, besteek baino lehenago eta, bidezkoa bada, bola ateratzeko ezartzen den hurrenkerari jarraituta. Horretarako, jokalariak edo sistemak kartoian markatuko ditu ausaz ateratzen diren eta kanta litezkeen zenbakiekin bat datozen zenbakiak.
2. artikulua. Kartoiak saltzea.
1. Kartoiak saltzen hasi aurretik, honako hauek iragarriko dira: erabiliko den seriea edo serieak, serie horiek osatzen dituzten kartoi kopurua eta kartoien aurrealdean ageri den balioa.
2. Kartoiak hurrenez hurren salduko dira serieetako bakoitzaren barnean. Partida bakoitzean, modu hauetako edozeinetan hasiko da salmenta:
a) Serieko lehenengo zenbakiarekin, seriea hastean.
b) Aurreko partidetan saldu den azken zenbakiaren hurrengoarekin, jada hasitako serieak erabiltzen direnean.
3. Salgai dagoen serieko kartoien kopurua jokalarien eskaria betetzeko nahikoa ez bada, partida bererako bigarren serie bateko kartoiak ateratzen ahalko dira, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Serie berriko kartoiek lehenengo seriekoen balio berbera izan beharko dute aurrealdean.
b) Lehen serieko zein kartoirekin hasten den salmenta, haren aurreko zenbakira arteko kartoiak saltzen ahalko dira bigarren serietik. Modu horretan, partida berean ezin izanen dira bi kartoi berdin saldu.
4. Jokalariek kartoiak eskudirutan ordaindu beharko dituzte, eta debekatuta egonen da kartoiak kontura entregatzea edo txekeen edo bestelako ordainbideen bitartez ordaintzea, baita jokalarientzako kreditu-eragiketak egitea ere.
5. Salmenta amaitutakoan, partida hasi baino lehen, soberan egon diren kartoiak jasoko dira eta, kalkulu egokiak egin ondoren, saldu direnak iragarriko dira, baita partidan lor daitezkeen sarien zenbatekoa ere.
3. artikulua. Jokalariek kartoiak erabiltzea.
1. Jokalariek kartoiak zein partidatarako erosi dituzten, partida horrek iraun bitartean erabiltzeko eskubidea dute, eta debekatuta dute partida amaitu ondoren kartoiak gordetzea.
2. Kartoiak erosi eta edukitzeagatik, jokalarien eskubidea da partida indarreko arauen pean jokatzea, eta bidezkoa bada, ezarrita dauden sariak kobratzea, edo, egokia denean, ordaindutako dirua osorik itzul diezaietela.
3. Jokalariak partidan zehar atzera egiten badu, ez zaio itzuliko erosi dituen kartoien zenbatekoa, baina nahi izanez gero, beste jokalari bati ematen ahalko dizkio kartoiak.
4. Jokalariek Sarien liburuan sinatu beharko dute agertu behar den informazio guztia, lortutako sariei buruz, horien zenbatekoa kontuan hartuta.
4. artikulua. Kartoiak biltzea.
1. Partida amaitutakoan, erabilitako kartoiak bildu beharko dira, eta hurrengo partida ez da hasiko aurreko partidan erabili direnak bildu arte.
2. Partida bakoitza amaitu ondoren biltzen diren kartoiak hurrengo partidetan erabiltzeko baliogabetuta geratuko dira.
3. Saritutako kartoiak saioaren aktarekin batera gordeko dira hiru hilabetean, jokalari batek jarritako erreklamazio administratiboaren edo judizialaren mendean dagoen partida bati ez badagozkio. Hala izanez gero, erreklamazio horri buruzko ebazpen irmoa egon eta ebazpen horretan xedatuta dagoena bete dela egiaztatu arte gordeko dira.
4. Halaber, partidak jokatzean delitu edo arau-hauste egin deneko arrazoizko zantzuak agertuz gero, salatutako gertakarien froga izan daitezkeen kartoiak gorde beharko dira. Kartoi horiek dagokion atestatuari erantsi beharko zaizkio, eta partidaren aktaren kopia batekin batera, agintari eskudunen eskura jarri beharko dira.
5. artikulua. Saritutako konbinazioak.
Bingoko sarien planean, modalitate tradizionalean jarraian zehaztuko diren eredu edo figurak lehenengoz osatzea sarituko da nahitaez, joko arau hauen 1. artikuluko 3. atalean ezartzen den bezala. Hona hemen eredu edo figurak:
a) Lerroa. Lerro bat osatu dela ulertuko da kartoi bat osatzen duten hiru lerroetako bat -goikoa, erdikoa edo behekoa, edozein- osatzen duten bost zenbakiak betetzen direnean.
b) Bingoa. Bingoa osatu dela ulertuko da kartoi bat osatzen duten zenbaki guztiak betetzen direnean.
6. artikulua. Partiden garapena.
1. Partida hasiko da hasiera iragartzeaz batera.
2. Partida hasitakoan, bolak ateratzeari ekinen zaio, eta ateratzen diren zenbakiak jokalariei adieraziko zaizkie.
3. Jokalari batek lerroaren edo bingoaren jokaldia ozenki kantatzen duenean jokoa eten eginen da. Horren ostean, zenbakia oinarri hartuta, eta euskarri informatiko baten bitartez, ustez sarituta dagoen kartoia egiaztatuko da eta egokia izanez gero saria esleituko zaio; eragiketa hori errepikatu eginen da jokaldi berean kantatzen diren kartoi guztiekin. Kantatutako kartoiak egiaztatzean horiek guztiak gaizki edo zehatza ez den modu batean markatu direla ikusten bada, jokoa berriro hasiko da irabazle gehiago ateratzen diren arte.
4. Lerro bat zuzena denean, jokoak jarraitu eginen du bingoa kantatzen den arte, eta bingoa egon dela egiaztatzen bada, partida amaitutzat emanen da, eta sarien zenbatekoa ordainduko da.
5. Bingoa kantatu eta saritutako kartoi guztiak egiaztatu ondoren, konbinazio irabazle gehiagorik dagoen galdetuko da, eta zuhurtziazko denbora bat igarotzen utziko da partida berriro hasteko edo amaitutzat emateko agindua -bidezkoa dena- eman arte. Hala egiten denean, jokaldi horretan saria erreklamatzeko eskubide guztiak galdu eginen dira.
6. Sariak esleitu ondoren ez da onartuko saririk erreklamatzea.
7. Konbinazio irabazle bat baino gehiago lerro nahiz bingo gisa agertuz gero, sariak zati berdinetan banatuko dira modu proportzionalean.
7. artikulua. Gorabeherak.
1. Partida bat hasi baino lehen edo, partida jokatzen ari dela, lehenengo bola atera baino lehen, gailu, ekipamendu eta instalazioetan akatsak edo matxurak gertatzen badira edo jokatzen jarraitzea eragozten duen zerbait gertatzen bada, partida behin-behinean eten eginen da, eta zuhurtziazko epe batean gertatutako arazoa konpondu ezin bada, jokalariei kartoien kostuaren zenbatekoa osorik itzuliko zaie, eta kartoiak mahaira itzuli beharko dira.
2. Jokatzen jarraitzea eragozten duen gertakaria bolak ateratzen hasi ondoren eta sariren bat eman baino lehen gertatu bada, aurreko atalean azaldu bezala jardungo da. Aldiz, gertakari hori sortzen denerako sariren bat esleitu bada, partida behin-behinean eten eginen da, eta zuhurtziazko epe batean gertatutako arazoa konpondu ezin bada, partida jokatzen jarraituko da amaitu arte, baita eskuzko prozedurak erabiliz ere, horrela jokoaren ausazkotasuna eta garbitasuna bermatzen bada. Hori gorabehera, gertatutako arazoa edo bolak ateratzeko matxuratutako sistema edo mekanismoa konpondu ondoren, jokoa berriro hasten ahalko da berehala, partida berri bat eginez.
3. Partidak egiaztatu eta artxibatzeko sistemaren funtzionamendua eragozten duten matxura edo gertakariak egonez gero, jokoa eten eginen da eta akten liburuan dagokion eginbidea eskuz eginen da, matxura zein partidatan eta ordutan gertatu den adierazita. Saioa arrazoi horregatik eten edo amaituz gero, jokoa ez da berriro hasiko matxura edo akatsa duten elementuak konpontzen edo ordezten ez diren arte.
4. Partida bat jokatzen ari dela, zenbakiak esatean akatsen bat egiten bada, benetan atera edo zehaztu den zenbakiarekin bat ez datorren zenbaki bat iragartzean, atera den bolan edo sisteman ageri denak balio izanen du. Akats hori zuzendu beharko da, eta partida jokatzen jarraituko da gorabeheraren eginbidea akten liburuan jaso ondoren. Gauza bera eginen da monitore, pantaila edo paneletan zenbakiak erakustean akats edo hutsegiteak gertatzen badira.
II. KAPITULUA. Prima
8. artikulua. Bingoaren prima.
1. Prima duen bingo tradizionalean, bingoaren eta lerroaren sariez gain, bingoaren prima izenekoa ere ordaintzen da.
2. Bingoaren prima bingoaren sariari gehitzen zaion saria da. Sari hori lortzen da arau hauetan eta modalitatearen baimenean ezarrita dauden baldintzak betetzen direnean.
9. artikulua. Bingoaren primaren zuzkidura.
Bingoaren prima ordaintzeko, partida guztietan sariei dagokien kopurutik zati proportzional bat kenduko da. Kopuru hori primaren hornidurarako fondo batean gordailatu eta metatuko da, sari horretarako ezarrita dagoen kopurura heldu arte. Bingoaren primarako aurreikusita dagoen gehieneko zenbatekora heldu ondoren sortzen den soberakina hurrengo prima eratzeko erabiliko da.
10. artikulua. Bingo tradizional primaduna jokatzeko arauak.
1. Partida batean primaren hornidurarako fondoen zuzkiduran ezarrita dagoen muga bete bada, partida horretan bingoaren prima iragarriko da. Prima hori lor daitekeela iragarri ostean, jokalari batek -edo jokalari batzuek aldi berean- bingoaren saria lortzen badute prima lortzeko ezarrita dagoen bolaren ateratze-ordena gainditu gabe -ordena hori modalitatearen baimenean ezarrita dago-, prima hori lortu eginen da.
2. Prima lortzeko aukera dagoen lehenengo partidan, jokalarietako inork ez badu bingoaren prima lortzen, sari hori lortzeko bolaren ateratze-muga handitu eginen da, hurrenez hurren jokatzen den partida bakoitzeko zenbaki ordinal batean, baimenean ezarrita dagoen ateratze-mugara heldu arte. Jokalarietako inork prima lortu gabe muga horretara helduz gero, saria hurrengo partidako bingoaren irabazleari entregatuko zaio, bolaren ateratze-ordena edozein izanik ere. Nolanahi ere, partida bakoitza hastean, bola zein ordenatan atera behar den iragarriko da bingoaren prima lortu ahal izateko.
3. Bingoaren prima kobratzeko eskubidea ematen duen bingo arrunteko konbinazio irabazle bat baino gehiago egonez gero, prima hori kobratzeko eskubidea duten jokalarien artean banatuko da, egiaztatu ondoren.
4. Bingo areto bakoitzean bingoaren primaren saria ordaintzeko aurreikusten den zenbatekoa, modalitatearen baimenean ezarrita dauden zenbatekoen arabera, jendeari iragarri beharko zaio izaera hori duen azken saria entregatzean, eta akten liburuan idatziz agerrarazi beharko da. Zenbateko hori aldatu gabe geratuko da enpresa titularreko edo zerbitzu-enpresako arduradunak aretoan bertan beste zenbatekoren bat aukeratzen ez duen bitartean.
5. Aretoan dauden jokalariei horren guztiaren berri emanen zaie eta akten liburuan jasoko da. Saioari dagokion partidaren zenbakia adieraziko da, baita gorabehera horiek guztiak zein ordutan eta mitututan gertatu diren ere.
III. KAPITULUA. Bingo metatua
11. artikulua. Bingo metatua.
1. Bingo metatua duen bingo tradizionalean, bingoaren eta lerroaren sariez gain, bingoaren prima eta bingo metatua izenekoa ere ordaintzen dira.
2. Bingo metatua, halaber, aparteko saria da, bingoaren sariari gehitzen zaiona. Sari hori lortzen da arau hauetan eta modalitatearen baimenean ezarrita dauden baldintzak betetzen direnean.
12. artikulua. Bingoaren primaren eta bingo metatuaren zuzkidura.
1. Bingoaren prima ordaintzeko, partida guztietan sariei dagokien kopurutik zati proportzional bat kenduko da, joko arau hauen 9. artikuluan ezarrita dagoenaren antzera.
2. Bingo metatua ordaintzeko, partida guztietan sariei dagokien kopurutik zati proportzional bat kenduko da. Kopuru hori bingo metatuaren hornidurarako eta bingo metatuaren erreserbarako fondoetan gordailutu eta metatuko da, ezartzen den proportzioan, hurrenez hurren, bi kasuetan aipatu sarirako ezarrita dauden kopuruetara heldu arte.
13. artikulua. Bingo metatua jokatzeko arauak.
1. Bingo metatua lortzen da jokalari batek, edo jokalari batzuek aldi berean, bingoaren saria lortzen badute bingo metatua lortzeko ezarrita dagoen bolaren ateratze-ordena gainditu gabe -ordena hori modalitatearen baimenean ezarrita dago-.
2. Bingo metatuaren sariaren zenbatekoa, saria lortzen den unean bingo metaturako gordailuan ezarrita dagoen atxikipenaren bitartez metatutakoa izanen da, joko arau hauen 13. artikuluko 2. atalean ezarrita dagoenaren arabera.
3. Modalitatearen baimenean bingo metaturako aurreikusitako gehieneko zenbatekora heldu ostean, ez da kontzeptu horretarako inolako kopururik erabiliko, eta sari horri dagokion atxikipena bingoaren prima eratzearen mendean geratuko da. Era berean, baimen horretan bingo metatuaren erreserbarako aurreikusitako gehieneko zenbatekora heldu ostean, ez da kontzeptu horretarako inolako kopururik erabiliko, eta erreserba horri dagokion atxikipena bingoaren prima eratzearen mendean geratuko da.
4. Bingo metatua eman ondoren, hurrengo partidan bingo horretarako erabiliko den kopurua osatuko da bingo metatuaren erreserbarako gordailuan dauden fondoen portzentaje bat erabiliz -portzentaje hori modalitatearen baimenean zehaztuko da-. Saria berriro lortzen ez bada, kopuru hori hurrengo metaketarako hasierako kopuru bihurtuko da. Bingo metatuaren erreserbaren gerakina, bingo metatuaren zuzkidurarako egiten den lehenengo atxikipenari batuta, bingo metatuaren hurrengo erreserbaren hasierako kopurua izanen da.
5. Bingoaren prima bingoa lortzeko ezarrita dagoen kopurura heltzen denean, zenbateko hori ordainduko zaio bingoaren saria partida berean lortzen duen jokalariari, salbu eta bingo metatuaren saria ere lortu badu. Kasu horretan, primari dagokion zenbatekoa bingoaren saria hurrengo partidan lortzen duen jokalariari ordainduko litzaioke.
6. Azken atxikipenean primaren mugaren gainean soberakinen bat biltzen bada, hurrengo primaren hasierako zuzkidura gisa erabiliko da.
7. Aldi berean konbinazio irabazle bat baino gehiago badago, sarien zenbatekoa konbinazioa lortzen duten jokalarien artean banatuko da.
8. Bingo metatua eta prima, bingoaren modu berean ordaindu beharko dira. Irabazleari frogagiri bat eman beharko zaio, saioaren data, partidaren zenbakia, ateraldiaren zenbakia eta lortutako saria adierazten dituena. Datu horiek akten liburuan agerraraziko dira.
IV. KAPITULUA. Agindu administratibo eta teknikoak
14. artikulua. Sarien planaren aldaketak.
1. Baimendutako bingo tradizionalaren modalitatea ustiatzen jarraitzeko ezarrita dagoen gutxieneko epea igarotakoan, bingo tradizionalaren sarien planean aldaketa bat baimentzen bada, partida bakoitzeko bilketatik kendutako eta bingoaren primaren edo bingo metatuaren nahiz bien zuzkidurarako erreserbatutako kopuruak -azken saiokoak barne- modalitate berriko sariak eratzeko erabiltzen ahalko dira, edo jokalariei entregatzen ahalko zaizkie aldaketa hori egin aurretik, aparteko sarien programa baten arabera. Programa hori gehienez hilabeteko epean aplikatuko da, eta jokoaren arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoak aldez aurretik onetsi beharko du.
2. Aurreko atalean aipatu diren proposamena eta sari berezien programa ez badira, edo programa onetsi ez bada, aipatu diru kopuruak Nafarroako Ogasun Publikoaren Diruzaintzan sartuko dira, modalitatea ustiatzeari utzi ondoko 48 orduko epean, eta Foru Komunitatearentzat geratuko dira.