(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Toki tributuak :
      • 602/1995 Foru Dekretua, abenduaren 26koa, ibilgailu mota desberdinen kontzeptua eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren tarifak aplikatzeko arauak zehaztu dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

602/1995 Foru Dekretua, abenduaren 26koa, ibilgailu mota desberdinen kontzeptua eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren tarifak aplikatzeko arauak zehaztu dituena

 

(1996ko 6. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 12an)

Atarikoa

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak 162.2 artikuluan ezarri zuen erregelamenduz finkatuko zirela ibilgailu mota desberdinen kontzeptua eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren tarifak aplikatzeko arauak.

Ondorio horietarako, Erregelamendu horrek Estatuko legeria du abiapuntu, batetik, ibilgailu mota desberdinak zehazteko eta, bertzetik, potentzia fiskala finkatzeko, hori guztia Espainiako Konstituzioaren 149.1.21. artikuluan xedatutako eskumen banaketarekin bat etorriz.

Bertzalde, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordainarazteko prozedura arautu nahi du, ibilgailuen matrikulazioari, erreformari, transferentziari, helbide aldaketari eta behin-betiko bajari dagokienez.

Horrenbertzez, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamabortzeko abenduaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren tarifak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.1 artikulukoak, aplikatu ahal izateko kontuan hartu beharko da ibilgailu mota desberdinen kontzeptua eta horien potentzia fiskala zehazteko modua, hau da, Trafikoari, Motorezko Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko arauetan daudenak.

2. artikulua

1. Ibilgailu bat matrikulatzeko eskaria egin dutenek, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaindu dutela edo hura ordaintzeaz salbuetsita daudela dioten agiriak aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Trafiko Zuzendaritzan, ale hirukoiztuan eta ibilgailuaren jabearen legezko helbidea dagoen Udalak onetsitako ereduaren arabera. 

2. Behar den ibilgailuari dagokion espedientearen aldeko ebazpena eman ondoren, Trafiko Zuzendaritzak behar bezala zigilatutako alea dagokion Udalera igorriko du eta bertan aurkezpen eguna eta ibilgailuaren matrikula agertuko dira; bertze alea interesatuari emanen dio.

3. Ibilgailu baten transferentzia edo behin-betiko baja, edo erreforma, zerga honen ondorioetarako haren sailkapena aldatzen bada, edo ibilgailuaren zirkulazio baimenean dagoen helbidearen aldaketa, eta horrek zerga aldetik aldaketarik badakar berekin, eskatu dutenek, kobratzeko aurkeztu den Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren edo, hala behar denean, Zirkulazioaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordaindu dutela egiaztatu beharko dute aurretik, kontzeptu horrengatik sortutako, likidatutako, kobratzeko aurkeztutako eta preskribitu gabeko zor guztien pagamendua premiamendu bidez eska daitekeela inolaz ere galarazi gabe.

Ordainketa hori egiaztatzen duen agiri hori gabe, Trafiko Zuzendaritzak ez ditu behar den ibilgailuaren zirkulazio baimenari dagozkion tramiteak legeztatuko.

Azken Xedapenetan Lehena

Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau burutu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa