Castellano | Euskara | Français | English
Atarikoa
1998ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legearen xedapen gehigarrietatik hamargarrenak Nafarroako Gobernuarentzat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57.2. artikuluan ezarri diren konpentsazioak egiteko prozedura araupetzen duten arauzko xedapenak emateko beharrizana ezarri du, hala denean, Toki Erakundeei ordaindu behar zaizkienean.
Aipatu den 57. artikulu horretan, 1. zenbakian toki erakundeen zerga onuren ezarpenean lege erreserbaren oinarria finkatu ondoren, bere 2. zenbakian ezarri du "foru lege honetan ezarri direnak ez diren toki erakundeen tributuen arloan beste zerga onurak ezartzen dituzten Foru Legeek konpentsazio formulak ezarriko dituzte. Horietan kontuan hartuko dira aipatu diren zerga onura horien emaitzako tributuengatiko toki erakundeen bitartekoek etorkizunean hazteko dituzten aukerak".
Nafarroako arautegian konpentsazioaren mekanismoa Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez sartu zen; lege horrek, bere 260. artikuluan, Toki Ogasunei buruzko izenburuaren barruan, "legeetan ezarri diren eta tokiko tributu eta tasak ukituko dituzten salbuespen eta hobarien aintzatespen orokorra ekonomikoki konpentsatuko da Nafarroako Aurrekontu Orokorren edo, hala denean, Estatuaren transferentzien bitartez edo konpentsaziorako beste formula batzuen bitartez" ezarri da.
Sistema horrekin toki erakundeek beraiek eman ez duten xedapen baten kalteak ekiditea da, agian toki maila hertsia gainditzen duen politika orokorreko helburua bilatuz onetsi dena eta, logikoa den legez, bete behar dena, baina ez toki erakunde ukituen pentzutan, Foru Komunitateko edo, hala denean, Estatuko aurrekontuekin baizik.
Segurtasun juridikoko arrazoiengatik honako foru dekretu honek, halaber, Foru Komunitateko Administrazioak konpentsa ditzakeen onurei buruzko kontsulten prozedura arautu du; horien erantzuna lotarazlea da administrazio horrentzat.
Hori kontuan izanik, Toki Administrazioko Kontseilariak egin duen proposamena kontuan hartuz eta Nafarroako Gobernuak azaroaren 9an egin duen bileran hartu duen erabakiarekin bat, ondokoa dekretatu du:
I. KAPITULUA. Aplikazio eremua
1. artikulua. Eremua.
Foru Dekretu hau foru legearen lerruneko arauaren bidez onetsita dauden toki tributuetan ezarri diren zerga onuren kasuan izanen da aplikagarri.
II. KAPITULUA. Beharkizunak eta prozedura
2. artikulua. Beharkizunak.
1. artikuluan adierazi diren toki tributuetan ezarri diren zerga onurak konpentsazio ekonomikoaren xede izateko ondoko beharkizun hauek bete beharko dira:
a) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57. artikuluan ezarri denarekin bat, horiek berariaz ezarriko dituen foru legea.
b) Kasuan kasuko tributuan aplikagarria den zerga onuradun toki erakundearen organo eskumendunaren onespena.
c) Toki erakundeak aplikagarria den zerga onuraren zenbatekoaren konpentsazio ekonomikoa jasotzeko formulatu duen eskabidea.
3. artikulua. Konpentsazio eskabideak.
1.-Toki izakiak egin duen konpentsazio eskabidea foru legeak ezarriko duen Nafarroako Gobernuaren bidezko departamentuari eginen zaio; baldin eta eskumenak dituen departamendua ez bada berariaz adierazten eskabide horiek Toki Administrazioko Departamentuari aurkeztuko zaizkio. Eskabide hori idatziz formulatuko da eta nahitaez ondoko alderdi hauek adieraziko ditu:
a) Bidezko foru legean aurreikusi den zerga onuraren aplikazioaren ondorioz toki tributuen bilketan gutxitu den zenbatekoaren abonamenduaren eskabidea.
b) Zerga onura onetsi duen eskumendun organismoaren erabakiaren ziurtagiria; idazki horretan onespenaren data, aplikatu den tributua, kasuan kasuko aldia eta onuraduna den subjektu pasiboa adieraziko dira. Halaber, ziurtagirian tributu horri dagokion kuota osoa eta eman diren zerga onurak aplikatzearen emaitza aplikatuko dira.
2.-Toki erakundeek aurreko zenbakian aipatu den eskabidea egutegiko urte bakoitzeko seihileko bakoitzaren amaieran aurkeztuko dute.
3.-Eskabideak aurkezteko ezarri den epeak antolakuntzako ondorioak ditu eta Nafarroako Herri Ogasunei buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru legean ezarri diren eskubideen manuak beteko dira.
III. KAPITULUA. Ebazpena eta errekurtsoak
4. artikulua. Ebazpena.
Eskumenak izanen dituen departamentuak, 3. artikuluan ezarri dena betez, aurkeztu den eskabidearen ebazpena emanen du, gehienez eskabideok aurkezteko ezarri den epea bukatuko denetik zenbatuko den hiru hilabeteko epearen barruan. Aurrean adierazi den hiru hilabeteko epea igaro eta ez bada berariazko ebazpenik egon, ebazpen hori aldekoa dela ulertzen ahal da, salbu eta eskatu den konpentsazioa eskuratzeko funtsezkoak diren beharkizunak ez direnean betetzen.
5. artikulua. Errekurtsoak.
Berariazko ebazpenaren egintzaren aurka errekurtso arrunta jartzen ahal da Nafarroako Gobernuan, jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatuko den hilabeteko epean.
IV. KAPITULUA. Erantzun lotarazlea duten kontsultak
6. artikulua. Legebidezkoketa.
Konpentsazioa jaso dezaketen tributu hobariak aplikatuko dituzten Nafarroako toki erakundeek, aipatu diren onura horiek toki erakundean onetsi aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak konpentsatu beharko dituen gaiei buruzko kontsultak egin ditzakete.
Kontsulta horren erantzuna lotarazlea izanen da bertan adierazi den kasuari dagokionean.
7. artikulua. Eskumenak.
Aurreko artikuluan adierazi diren kontsulta horiei erantzuteko eskumena konpentsazioa ebatziko duen departamentuari dagokio 3. artikuluan ezarri denarekin bat.
8. artikulua. Kontsultak formulatzea.
Kontsultak idatziz formulatuko dira eta erantzunean eskumenak izanen dituen departamentuari aurkeztuko zaizkio; argi eta luzapen egokiarekin ondokoak azalduko dira:
a) Kontsulta egin duen toki erakundearen identitatea.
b) Kasu bakoitzaren aurrekariak eta inguruabarrak.
c) Tributu onuraren eta konpentsazioaren legezko babesa.
d) Gainerako datuak, erantzuna emateko irizpidea eratzeko balio dezaketen gainerako elementuak eta dokumentuak.
Baldin eta kontsultaren idazkiak ez baditu aurrean adierazi diren beharkizunak betetzen interesatuari agindeia eginen zaio hamar eguneko epearen barruan akatsa ongi dezan edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzan. Halaber, ohartarazi eginen zaio horrela egin ezean idazki hori beste tramiterik gabe artxibatuko dela.
9. artikulua. Instrukzioa.
Eskumenak dituen Departamentuak toki erakundearengana jo dezake bidez erantzuna emateko beharrezkoa izan daitekeen dokumentazioa eskatzearen ondoreetarako. Halaber, beste organo batzuetara jo dezake planteatu den kasu horretan irizpidea taxutzeko bidezkotzat jo ditzakeen txostenak eskatzeko.
10. artikulua. Erantzuna.
Kontsulta horien erantzuna gehienez aurkeztu denetik hiru hilabeteko epean eginen da. Baldin eta epe horren barruan erantzunik ez badago ez du esan nahi kontsultaegileak bere idazkian adierazi dituen irizpideak onetsi direnik eta, halaber, ez du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ondore lotarazlerik izanen. Epea igaro eta ez bada erantzunik izan kontsultaegileari inguruabar horri jakinaraziko zaio eta ohartarazi eginen zaio epea gainditzeak ez duela formulatu den kontsultaren berariazko ebazpena egitetik salbuesten.
Kontsultaegileak ezin du kontsultaren erantzunaren aurkako inolako errekurtsorik jarri, kontsultako irizpideekin bat eman den egintzaren aurka errekurtsoa jartzea gora-behera.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den egunean jarriko da indarrean.