Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 244. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 13an)
Zioen Azalpena
Konstituzioaren 142. artikuluak ezartzen duenez, toki ogasunek behar adina baliabide izan beharko dituzte legeak korporazioei esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko eta, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia erkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 259. eta 260. artikuluek Konstituzioaren testuak dioenaren antzerakoa diote, hau da, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaiela (259. artikulua) eta toki ogasunek finantzabide izanen dituztela beraiek jasotzen dituen tributuak eta Foru Komunitateko eta Estatuko tributuetako partaidetzak (260. artikulua).
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 2. artikuluak ere hizpide ditu finantza arloko autonomiari eta nahikotasunari buruzko printzipio konstituzionalak, zeinak beharrezkoak baitira toki entitateek balia ahal ditzaten legeek esleitzen dizkieten eskumenak eta eginkizunak.
Legearen agindu horiek betetzearren, azaroaren 20ko 19/2008 Foru Legea onetsi zen, hau da, Toki Ogasunek Nafarroako Tributuetan Parte Hartzeko Funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezarri zituena 2009tik 2012ra bitarteko aurrekontu-ekitaldietarako.
Orobat, eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 61. artikuluan ezarritakoa garatuz, urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea onetsi zen, 2009-2012 Eperako Toki Inbertsioen Planari buruzkoa; hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen arteko lankidetza ekonomikorako tresna gisa, udalen nahitaezko zerbitzuen estaldura bermatzea baitu funtsezko helburu.
Alabaina, ez Konstituzioak ez 6/1990 Foru Legeak ez dute ezartzen nahitaez errespetatu beharreko zenbateko zehatzik, ezta tributuetako partaidetzaren ehunekorik ere; legeok aipatzen dutena da, aldiz, finantzaketa-sistema bat, diru-sarreren gorabeheren menpe egon daitekeena eta ezin dena gastua murrizteko neurrietatik kanpo gelditu, betiere administrazio publikoen arteko elkartasunaren ikuspegitik.
Segurua eta ukaezina da Nafarroako Ogasunak nabarmen gutxitu dituela diru-sarrerak mendebaleko ekonomietan eta, hortaz, Foru Komunitatean, eragina duen krisiaren ondorioz.
Bestetik, aurrekontuaren egonkortasunari buruzko araudia, abenduaren 28ko 2/2007 Legegintzako Errege Dekretuak jasotakoa, Foru Komunitatean aplikatzekoa da, Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren ondorioz.
25/2003 Legeak Hitzarmen Ekonomikoa aldatu zuen, eta aurrekontuaren egonkortasun arloko lankidetza eta koordinaziorako konpromisoak prestatzeko eta erabakiak hartzeko eskumena eman zion Koordinazio Batzordeari.
Esparru horretan sartu behar da Estatuko Administrazioaren eta Foru Komunitatearen arteko 2010eko abenduaren 9ko Erabakia, defizitaren helburu bat ezarri zuena 2011ko, 2012ko eta 2013ko aurrekontu-ekitaldietarako; konpromiso hori, 2011. urterako, erkidegoko BPGren 100eko 1,3koa da, gehienez ere.
Esan den moduan, modu generikoan aipatzen dute bai Espainiako Konstituzioak, bai Nafarroako Foru Administrazioari buruzko Foru Legeak, Estatua eta Foru Komunitatea behartuta daudela, tributuen bidezko beren diru-sarreretan parte emanez, udal zerbitzuak mantentzen laguntzera; hau da, legeok ez dute zenbatekorik eta ehunekorik ezartzen, eta, beraz, bistakoa da ekarpen hori diru-sarreren bilakaerari dagoela lotua, eta horien beherakadak eragina izan behar duela, nahitaez, ekarpenean.
Orobat, Konstituzioaren 135. artikuluan aurreikusitakoa hartu behar da kontuan, 2011ko irailaren 27an onetsitako aldaketan ezarri zen testua hain zuzen; izan ere, 1. idatz-zatian adierazpen orokor bat egiten du dioenean "administrazio publiko guztiek beren jarduketak aurrekontuaren egonkortasunaren printzipioari egokituko dituztela" eta, gero, zehatzago definitzen ditu irizpideak hurrengo idatz-zatietan, aurrekontuaren egonkortasun hori lortzearren.
Gutxitu egin direnez diru-sarrera ez-finantzarioak, aipatu defizit-konpromisoarekin batera aipatu direnak, beharrezkoa gertatu da gastua doitzeko politika bat, eta horren barrenean kokatzen da Toki Ogasunek Nafarroako Tributuetan Parte Hartzeko Funtsaren zenbatekoa aldatzen duena, 2011ko eta 2012ko ekitaldietarako.
Foru lege honetan egindako aldaketak eragina du bai transferentzia arruntetan bai kapitalarenetan.
Transferentzia arruntei dagokienez, 100eko 2,61eko murrizketa ezarri da 2011ko ekitaldiko funtsean, eta 2012rako zenbatekoa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak ekitaldi horretarako ezartzen duenaren menpe gelditu da.
Kapital transferentziei dagokienez, zer ekitalditan aurreikusten den eginen direla kontzeptu horrengatiko ordainketak, ekitaldi horiei egotziko zaizkie kapital transferentziak, eta exekutatu gabeko kredituak diruzaintzako gerakin atxikitzat joko dira. Orobat, Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean finkatuko da Toki Inbertsioen Planari lotutako kontu-sailen zenbatekoa.
1. artikulua. Transferentzia Arrunten Funtsaren murrizketa 2011ko ekitaldirako.
1. Toki Ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsak 2011ko ekitaldian izanen duen zenbatekoa, azaroaren 20ko 19/2008 Foru Legeak arautua, 100eko 2,61 murriztuko da kontzeptu hauetan: Transferentzia Arrunten Funts Orokorra, Iruñeko Hiriburutzaren Gutuna eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzak.
2. 2011ko ekitaldiko laugarren ordainketa-aldian jaso gabe dauden kopuruetan eginen da murrizketa, kontzeptu hauetan: Transferentzia Arrunten Funts Orokorra, Iruñeko Hiriburutzaren Gutuna eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzak. Horretarako, lehen aipatu ehunekoa aplikatuko zaio udal eta kontzeju bakoitzak urtean jaso beharreko guztirako zenbatekoari.
2. artikulua. Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa 2012ko ekitaldirako.
1. Toki Ogasunek Nafarroako Tributuetan Parte Hartzeko Funtsetik zer diru kopuru izanen duten Transferentzia Arrunten Funts Orokorrak, Iruñeko Hiriburutzaren Gutunak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzek eta zinegotziei ordaintzeko Nafarroako udaletarako laguntzek, berariaz finkatuko da Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2012ko ekitaldiko Foru Legean.
2. Transferentzia Arrunten Funts Orokorretik Iruñeko Udalari esleitzen zaion zenbatekoa ateratzeko, funts horren aldaketaren ehunekoa aplikatuko zaio 2011ko ekitaldirako hasieran esleitutako zenbatekoari.
3. Toki entitate bakoitzak Transferentzia Arrunten Funts Orokorretik beste urte batzuetan jaso duenaren berme-klausula aplikatzeko, kontuan hartuko dena da udal eta kontzeju bakoitzak, transferentzia arruntetan, zer kopuru jaso dituen 2011n.
4. Karguan aritzegatik udalek egindako ordainketak berdintzeko helburuz udal bakoitzari egin beharreko ekarpena kalkulatzeko, kontuan hartuko da kontzeptu hori finantzatzen duen kontu-sailak izan duen aldaketaren ehunekoa, 2011ko zenbatekoa oinarri hartuta, eta ehuneko hori da zinegotzi-kopuruaren tarte bakoitzari aplikatuko zaiona.
5. Zinegotzien kopurua 2011n aldatu eta haien gastuak konpentsatzeko dagoen diruan defizitik gertatuz gero, eta banaketa egin aurretik, doitu eginen dira jaso beharreko gehieneko kopuruak, 2012ko aurrekontuan helburu horretarako onetsitako hasierako kredituaren arabera hain zuzen.
3. artikulua. Kapital Transferentzien Funtseko konpromisoak nola egotzi.
1. 2011ko ekitaldian hartutako konpromiso ekonomikoak, baldin eta foru lege honek indarra duela hartuak badira, bai eta hurrengo ekitaldietan hartutakoak ere, dagozkien ekitaldi ekonomikoei egotziko zaizkie, hau da, kontuan hartuta zein den Toki Inbertsioen Plana erregulatzen duen araudia aplikatzetik ateratzen den ordainketen aurreikuspen erreala.
2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa betez, aurrekontu-ekitaldi bati baino gehiagori egozten bazaizkio konpromiso ekonomikoak, gastu horiek, ondorio guztietarako, urte anitzeko gastu gisa hartuko dira.
4. artikulua. 2011ko ekitaldiko Kapital Transferentzien Funtsa ez exekutatzea.
2011ko ekitaldian defizita murrizteko neurriak aplikatzearen ondorioz exekutatu gabe gelditu diren kredituak, Toki Inbertsioen Planari lotutako kontu-sailetako kapital transferentziei dagozkienak, diruzaintzako gerakin atxikitzat joko dira.
5. artikulua. Kapital Transferentzien zenbatekoa, 2012ko ekitaldirako.
1. Nafarroako 2012ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean finkatuko da Toki Inbertsioen Planari lotutako kontu-sailek zer zenbateko izanen duten 2012. urtean.
2. Toki Inbertsioen Planean eta horren hedaduran, hau da, Toki Inbertsioen Plan Berezian sartutako obra guztiak, baita presa nabarmeneko prozeduraren babesekoak ere, baldintzak betetzen badituzte eta Toki Inbertsioen Plana erregulatzen duen araudian ezarritako prozedurak osatzen, batera finantzatuko dira 2012ko aurrekontuaren kargura eta dagokion ekitaldiari aplikatzen ahal zaion diruzaintzako gerakin atxikiaren kargura.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Baimenak.
Baimena ematen zaio Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariari behar diren aurrekontuko jarduketa eta doikuntza guztiak egiteko, foru lege honetan aurreikusitakoa bete dadin.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.