(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Toki tributuak :
      • 100/2008 Foru Dekretua, irailaren 22koa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

100/2008 Foru Dekretua, irailaren 22koa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 124. NAOn argitaratua, urriaren 10ean. Aldaketak: 21/2010 Foru Agindua, otsailaren 22koa)

Atarikoa

I

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen azken xedapenetan bosgarrenean, Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru legea garatu eta betearazteko.

Foru dekretuak, artikulu bakarrean erregelamendua onesteaz gain, hiru xedapen iragankor, indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu bere baitan.

Hau da garatzeko erregelamenduaren egitura: atariko titulua (xedapen orokorrak) eta hiru titulu (I. titulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren Kontserbazioa; II. titulua. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta Katastroetan dagoen informazioa eskuratu eman, erabili eta egiaztatzea; III. titulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio grafikoa). Azken xedapen bat ere badu erregelamenduak.

12/2006 Foru Legearen ezaugarri nabarmen bat da bertan jasotako gaietako asko luze eta zabal arautzen dituela. Horren ondorioz, lehenengo eta behin, legearen IV. eta V. tituluak ez dira garatuko erregelamendu honetan. Bigarrenik, erregelamenduzko arauetan lege xedapenak ez errepikatzeko irizpideari jarraikiz, arautze zabal horrek bide ematen du xeheago aztertu edo argitu beharreko edukiez modu partzialean edo puntualean mintzatzeko. Hori dela eta, erregelamenduaren testuak lege testuaren garapen partziala edo zatikakoa egiten du, eta erregelamendua ulertzeko legearen testura jo behar da ezinbestez. Eragozpen hori saihesteko (lege testura behin eta berriz jo beharra edukia aztertzeko), erregelamenduan lege testuaren sistematika bera erabiltzeko ahalegina egin da, eta halaber, erregelamenduko testuaren artikulu bakoitzean, bertan garatzen den legearen manua aipatzen da, hartzaileek ulertu eta aplika dezaten.

Era berean, esan beharra dago higiezinen baloraziorako arauek garapen urria dutela erregelamenduan (23. artikulua), 12/2006 Foru Legearen 23.1 artikuluak Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren esku uzten baitu arau horiek onestea. Alegia, kontseilariari ahalmena ematen zaio testu bakar batean jasotako baloraziorako araudi tekniko bat eman dezan, errespetatuz betiere lege testuan eta orain Erregelamenduan ondasun higiezinen baloraziorako jasotzen diren aurreikuspenak. Kontseilariari ahalmen hori ematea ez da eragozpen ondasun higiezinen baloraziorako arau orokorrek bildu behar dituzten eduki nagusiak erregelamenduan ezartzeko.

Horrekin batera, higiezin-unitateak karakterizatzeko sistemek, lurzoru eta lurrazpikoez bestekoek (hauek, egun, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan bilduta daude), arau-dentsitate txiki edo orokorreko garapena izan dute erregelamenduan.

Orobat argitu behar da Erregelamendu honek, 12/2006 Foru Legean bertan ezarritakorekin bat, Lurralde Aberastasunaren Erregistroa duela erreferentzia nagusi, sistemaren giltzarria delako, hau da, katastroko erregistro dinamikoa (foru lege horren I., III., eta IV. tituluak, 2.2; 9.4 artikuluak), katastroei oinarrizko datuak hornitzen dizkiena. Beraz, erregelamendu honen atariko titulua eta II. titulua baizik ez dira zuzenean aplikatzekoak udal katastroei: atariko titulua, batetik, 12/2006 Foru Legearen 1.3 artikuluak adierazten duelako Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezinak identifikatu, irudikatu eta deskribatzeko sistema berbera ezarriko du foru lege honen xede diren administrazio erregistro guztietan erabiltzeko; bestetik, 12/2006 Foru Legearen 3.2 artikuluak aipatzen dituen oinarrizko datuak Lurralde Aberastasunaren Erregistrotik hartu beharko direlako. II. titulua, aldiz, Erregistroan eta katastroetan dagoen informazioa (ondasun higiezinen errealitatea, sistema beraren bidez bildutakoa) eskuratzeko araubidea funtsean berdina izan behar delako. Gainerako xedapenak ondasun higiezinen lurralde informazioaren sistemaren zutabe nagusiarekin lotura zuzena duten hainbat gairen osagarri dira, hau da, Lurralde Aberastasunaren Erregistrorekin.

II

Atariko Tituluaren I. kapituluak (xedea eta aplikazioa esparrua), hasteko, erregelamenduaren xedea du hizpide (1. artikulua), hau da, 12/2006 Foru Legean jasotako arauak garatzea. Haren atzetik, 2. artikuluak aplikazio esparruaren aurreikuspena jasotzen du, garrantzi handikoa. Logikoa den bezala, erregelamendua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden higiezinei eta higiezin-unitateei aplikatzekoa dela adierazteaz batera, etengabe eguneratutako inbentarioen izaera nabarmentzen da (12/2006 Foru Legearen 2.1 artikuluak eta 9. artikuluko 3. eta 4. idatz-zatiek, ) artikuluarekin lotuta, agintzen duten bezala). Horrek argi eta garbi aldentzen du erregelamendua aurreko araudian jasotako eredutik (udal lurraldeko higiezinei buruzko informaziorako tresna bilakatzen baitira), bertan katastroak zergen kudeaketarako tresna gisa erabiltzen baitziren, zergaldi bakoitzean eguneratzeko modukoak Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuen bidez.

Horretarako, erregelamenduan ezartzen da (12/2006 Foru Legearen 1.2 artikuluak agindu bezala), ondasun horien deskripzioak administrazio publikoak unean-unean ezagutzen duen higiezinen errealitatea azaltzeko beharrezkoak diren datuak inskribatuko direla.

Atariko Tituluaren II. kapitulua ondasun higiezinen identifikazioari buruzkoa da. Hiru atal ditu, gai hauei buruzkoak: ondasun higiezinak (4. eta 5. artikuluak); lurzoruko higiezin-unitateak (6. artikulutik 13.era) eta hegalkin edo lurrazpiko elementuek osatutako higiezin-unitateak (14. eta 15. artikuluak).

1. atalari dagokionez, esan beharra dago 12/2006 Foru Legeak baztertu egin duela arlo honetan landa higiezinen eta hiri higiezinen artean egin ohi den bereizketa, artifizial samarra delakoan (higiezinaren balioa bere ezaugarriek merkatuan ematen dioten balioaren araberakoa da), eta legearen 15.1 artikuluan xedatutakorekin bat datorren karakterizaziorako oztopo. Horrek berarekin dakar, aldi baterako araubidearekin bada ere, lurren gaineko kontribuzioaren karga tasak bateratzea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 139. artikulua), gogoan izanik udalerriko balioen atxikipen bateratua egitea, etorkizunean Nafarroako udalek udalerri osorako Balorazio Ponentzia integralak onetsiz.

Bada, erregelamendu honek, atal honetan, 12/2006 Foru Legearen 14. artikuluaren garapena besterik ez du eginen, ondorio administratibo eta fiskaletarako higiezinaren izaera duten elementuen lege aurreikuspen orokorrarekin lotuta (12/2006 Foru Legearen 13.1 artikulua).

Erregelamenduko 4. eta 5. artikuluen gaiak dira, hurrenez hurren, ondasun higiezinak edo higiezin-unitateak osatzen dituzten elementuak (12/2006 Foru Legearen 14.3 artikuluan definituak) eta identifikaziorako erreferentzia (12/2006 Foru Legearen 14.5 artikuluak ezarritakoa betez, ondasun higiezin bakoitzari dagokion identifikatzaile bat gehigarri gisa gehitzea erregelamendu bidez zehaztea alegia).

2. atalak lurzoruko higiezin-unitateak ditu gaitzat. 6. artikuluak (esparru sistema) banaketarako oinarrizko hiru maila edo gradu ezartzen ditu lurzoruak osatutako higiezin-unitateak mugatzeko. Hauek dira lurzatien planoko banaketa horiek: lurraldea edo lurraldeari dagokionez parekoa den entitatea (7. artikuluan lehen graduko esparruaren izaeraz ageri dena); poligonoa (bigarren graduko esparrua, 8. artikuluaren arabera) eta lurzatia (12/2006 Foru Legearen 47.1 artikuluan definitua).

10. artikuluak (esparruen mugaketa) arlo honetan oinarrizkoak diren esparruak mugatzeko arauak ezartzen ditu, hau da, poligonoak eta lurzatiak, bai eta banaketarako beste esparru ez-oinarrizkoak ere (azpilurzatiak, erregelamenduaren 6.3 artikuluak aipatzen dituenak).

3. atala hegalkin edo lurrazpiko elementuek osatutako higiezin-unitateei buruzkoa da (14. eta 15. artikuluak).

14. artikuluan (hegalkin edo lurrazpiko higiezin-unitateak ezartzea), higiezin-unitate horiek osatu ahal dituzten hegalkin edo lurrazpiko elementu higiezinen motei buruzko aurreikuspen orokorra dago (biziak edo bizigabeak; naturalak edo artifizialak).

15. artikuluak (hegalkin edo lurrazpiko elementuek osatutako higiezin-unitateen identifikazioa) elementu horien identifikazioa arautzen du, erreferentzia bakar eta iraunkor baten bidez,

Atariko Tituluaren III. kapituluan higiezin-unitateen karakterizazioa dago jasota (16. artikulutik 18.era). 16. artikuluak (ondasun higiezinen deskripzioa) ezartzen du higiezinen deskripzioa horiek osatzen dituzten higiezin-unitateen bitartez egiten dela. 17. artikuluak (higiezin-unitateak karakterizatzeko sistemak) sistema horiek definitzen ditu eta lurzoru, hegalkin edo lurrazpiari dagozkienak jasotzen ditu. Ez da karakterizazio sistemen zerrenda itxi bat ezarri, arau-esparru bat baizik, onespenerako baldintzak ezarriko dituena. Beraz, inskribatu beharreko hegalkin edo lurrazpiko elementuak ere ez dira zehazten.

18. artikulua 12/2006 Foru Legearen 3.2 artikuluan aurreikusitako datu osagarriei buruzkoa da. Halakotzat har daitezkeen kontzeptuak ematen dira, itxi gabeko zerrenda batean.

Azkenik, Atariko Tituluaren IV. kapituluak ondasun bereziak kalifikatu eta deskalifikatzeko prozedura arautzen du.

III

I. tituluak, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazioari buruzkoak, hogeita zazpi artikulu ditu (21-47), hiru kapitulutan banatuta, 12/2006 Foru Legearen I. tituluaren aurreikuspenak osatzen dituztenak.

Erregelamenduaren 21. artikulua (ofiziozko doikuntzak) 12/2006 Foru Legearen 20.1 artikuluan jaso den arautzearen osagarri da. 12/2006 Foru Legearen ) artikuluko aldaketa grafiko nabarmenaren kontzeptuaren lege mugaketa hobetzen du.

12/2006 Foru Legearen 20.1 b) artikuluan araututako doikuntzatzat zer hartu den ere zehazten da, eta arau horretan zehazten da edozein doikuntza tekniko inskribatzeko bete beharreko prozedura.

Erregelamenduaren 22. artikuluak (eskaerak eragindako doikuntzak) 12/2006 Foru Legearen 20.2 artikuluan dagoen arautzea garatzen du. Doikuntza teknikoaren eskaeraren aldeko ebazpenak Lurralde Aberastasunaren Erregistroak doikuntza tekniko hori lurzatien planoan mugatzea ekarriko du. Jarduketa material tekniko horren ondotik legez aurreikusitako jendaurreko epea eginen da.

23. artikulua (balorazio arau tekniko orokorrak) 12/2006 Foru Legearen 23.1 artikuluan aurreikusitako balorazio arau tekniko orokorrei buruzkoa da. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak onetsi beharreko araudi tekniko horretan ageriko diren ildo orokorrak adierazten dira bertan.

24. artikulua (Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun zehatz baterako ezarritako balioa aurkaratzea) Nafarroako Zerga Ogasunak banaka emandako balioa aurkaratzeari buruzkoa da, errekurtsoaren xede zer izan daitekeen zehaztuta.

25. artikuluan (Frogabideak), Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak kasuan kasuko prozedura tramitatuz aldatzeko onar daitezkeen frogabideak bilduta daude.

26. artikulua (jabetzaren berrantolamendu juridikoak higiezinen arloan sortutako errealitatearen inskripzioa) nahitaezko desjabetzeek, lurzati berrantolamenduek edo antzeko jarduketek higiezinen arloan sortutako errealitatea inskribatzeari buruzkoa da.

27. artikuluan (lurzati bat osatzen duten zenbait erregistro-finka identifikatu edo inskribatzea) erregistroko zenbait finkari dagozkien lurzatiei eman beharreko tratamendua ezartzen da, Jabetza Erregistroko titulartasunak eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan daudenak bat datozen ala ez kontuan harturik.

28. artikuluak (lurzati-elkarketa) frogabide egoki bat eskatzen du aldez aurretik dauden zenbait lurzati elkartzeko.

29. artikuluak (ondasun publiko gisa inskribatutako higiezinak aldatzeko aldeko txostenak) 12/2006 Foru Legearen 25.3 artikuluan jasotako aurreikuspenak garatzen ditu, aldeko txosten aginduzkoak emateari buruzkoak alegia.

30. artikuluak (aitorpenak eragindako aldaketa) 12/2006 Foru Legearen 27. artikuluan dagoen arautzea osatzen du. Herritarrak bete beharreko tramiteak errazte aldera, aitorpena onartzen da hirilurren balio igoeraren gaineko zerga likidatzearen ondorioetarako.

31. artikuluak (Udalek eskatutako aldaketa) zehazten du zein diren udalak berak tramitatu beharreko jarduketak, aldaketa grafiko nabarmenik ez ekartzeagatik. Era berean, hildako pertsona baten titulartasunekoak diren higiezinei dagozkien aldaketak ere aurreikusirik daude bertan.

32. artikuluak (Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean aldatzea) oinarrizko datuetako zuzeneko aldaketak ditu gaitzat, 12/2006 Foru Legearen 29.3 artikuluan aipatzen direnak, bai eta aldaketa horiek kasuan kasuko udalari jakinarazteko betebeharra ere.

33. artikuluan (Nafarroako Zerga Ogasunaren ikuskapenak eragindako aldaketa) adierazten da Nafarroako Zerga Ogasunak bete behar dituela egiaztatze eta ikuskatze eginkizunak, eta udalei jakinarazi behar zaizkiela jarduketa horien ondorioz sortutako aldaketak.

34. artikuluan (lurzatien mugen eta azaleren aldaketa grafiko nabarmena) zehazten da aldaketa grafiko nabarmentzat hartu behar dela erregelamendu honen 31.1 artikuluan aurreikusten ez dena (artikulu horretan aldaketa grafiko ez-nabarmena zer den zehazten da) eta bete beharreko prozedura arautzen da.

35. artikuluak (titulartasuna interesdunak eskatuta aldatzea) aurreko arauan jasotako aurreikuspenak errepikatzen ditu, prozedura honetarako. Nabarmendu beharreko aurreikuspena lehen idatz-zatian jasota dago, zehazten baitu zein kasutan tramitatu behar den 12/2006 Foru Legearen 32. artikuluan araututako prozedura: inskribatu nahi den titulartasuna inskribatuta ageri den tituluaz beste batean oinarrituta dagoenean.

36. artikuluaren gaia (balorazio ponentziak) balorazio ponentziak egiteko hartu ahal izanen diren parametro teknikoak dira, 12/2006 Foru Legearen 23.2 artikuluan jasotzen diren balorazio parametro orokorrez beste batzuk, hain zuzen.

37. artikuluak (udaletako balorazio ponentziak berraztertzeko prozedurari hasiera eman eta ordezkariak izendatzea) 12/2006 Foru Legearen 36. artikulua garatzen du. Prozedurari hasiera emateko modua jasotzen du, bai eta udal ordezkarien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak izendatzea ere, eta Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariek Batzorde Mistoan betetzen dituzten eginkizunak, azkenik.

38. artikuluan (Udalez gaindiko balorazio ponentziak berraztertzeko prozedurari hasiera eman eta ordezkariak izendatzea) udalek eskatzea aurreikusten da. Udalez gaindiko ponentziaren zehaztapenak ukitutako udaletako balorazio ponentzien edukiari gehituko zaizkio.

39. artikuluak (Batzorde mistoa eratzea) batzorde hori eratzeko legean jasotzen diren kasuak argitzen ditu.

40. artikuluan (Funtzionamendu araubidea) batzordeko buruaren, idazkariaren eta kideen eginkizunak arautzen dira; bilkurak baliodunak izateko behar den quoruma, ordezkapen kasuak eta funtzionamenduaren inguruko beste alderdi batzuk.

41. artikuluan (Batzorde mistoaren jarduketa) ezartzen da batzorde horri dagokiola testuaren behin betiko edukia finkatzea, egindako alegazioak tramitatuta.

42. artikuluak (Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak subrogazio bidez egindako udal balorazio ponentziak tramitatu eta onestea) 12/2006 Foru Legearen 36.9 artikuluan jasotako aurreikuspena osatu eta argitzen du. Behin proiektua subrogazio bidez eginik, Nafarroako Zerga Ogasunak egin beharreko jarduketak ageri dira bertan, udalak lege aginduaren laugarren idatz-zatian ezarritako tramitazioarekin aurrera eramaten ez badu.

43. artikuluak (Balorazio Ponentzia aurkaratzea) ponentzia aurkaratzea bideragarria izateko eta ondoren haren zuzenketa egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa zehazten du.

44. artikuluak (Balorazio Ponentzien Erregistroa) 12/2006 Foru Legearen 39. artikulua garatzen du.

45., 46. eta 47. artikuluek ondasun higiezin berezien banakako balioa finkatu, aldatu eta eguneratzeko prozedura arautzen dute. 45. artikuluak balioa finkatzeko prozedura arautzen du, 46. artikuluak ezaugarrien aldaketaren ondorioz balioa aldatzea, eta 47. artikuluak balioa eguneratzeko bidea.

IV

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea arautzen ditu II. tituluak. Zazpi artikulu ditu (48-54), bi kapitulutan egituratuta.

I. kapituluak (Informazioa eskuratzea) 12/2006 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan jasotako zenbait gai osatzen ditu zati batean (lege formal bidez arautu behar den gaia, pertsona fisikoen datuei dagokienez, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11. artikuluak eskatuta).

48. artikulua informazio babestua inskribatutako titularraren baimenik gabe eskuratzeari buruzkoa da eta 12/2006 Foru Legearen 43.1 artikuluan jasotako aurreikuspenen osagarri da.

49. artikuluak (Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio babestua horretarako legitimitatea dutenek eskuratzea, beren eginkizunak betetzeko) 12/2006 Foru Legearen 44.3 artikuluan dagoen arautzea osatzen du, eta datu base bidez eskuratzeko baimena espresuki jasotzen, eginkizun publikoak modu egokian betetzeko informazio masibo, jarraitua edo aldizkakoa behar duten entitateentzat, ez ordea kasu zehatz batean informazio berariazkoa edo puntuala behar dutenentzat.

50. artikuluak zehazten du titularrek nola kontrolatu ahal dituzten beren datu babestuak eskuratzea, azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 44.6 artikuluan ezartzen denaren harira.

II. kapituluak (informazioaren ziurtagiriak eta egiaztagiriak), lau artikulurekin, azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen II. tituluko II. kapitulua garatzen du. Lurzati zedulan lurzati batekin baino gehiagorekin lotutako ondasunak irudikatzea aipatzen du, inskribatutako titulartasunik ez izatea frogatzen duten agiriak ematea, udalek Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dagoen informazioari buruz ematen dituzten egiaztagiriak eta administrazio publikoek ondasun higiezinak identifikatzeari buruz.

V

III. titulua Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio grafikoari buruzkoa da, eta bost artikuluz osatua dago, bi kapitulutan banatuta; 12/2006 Foru Legearen 49. artikuluan jasotako arautze urriaren osagarri da, zehazten baitu nola egin irudikapen grafiko hori eta, horrez gain, informazio grafikoa eguneratzea, informazio grafiko osagarria, proiekzio geografikorako sistema berriak hartzea edo sare geodesikoen aldaketa, eta informazio grafikoa udalez gaindiko jarduketa sektorialetara egokitzea.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko irailaren 22an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu bakarra. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onestea.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi da. Haren testua erabaki honen eranskinean dago.

Lehen Xedapen Iragankorra. Atxiki gabeko lurraldeak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamalaugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen udalerri bati atxiki gabeko lurraldeen esparruan, xedapen horretan aipatzen den bateratzea gertatu bitartean eta azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatuko du haien higiezinei buruzko informazioa, eta erregistro administratibo honetan dagoen informazioa eguneratuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eginkizun publikoak betetzeko beharrezkoa denean.

Horretarako, higiezinei buruzko informazioa kontserbatzeko hitzarmenak izenpetu ahal izanen ditu usadiozko entitateekin edo lurralde horietan dauden higiezinen titularrak diren entitateekin, eta egindako jarduketaren kostuaren portzentaje bat horiei egotzi, betiere Nafarroako udalek azken lau urteetan Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbaziorako bere gain hartutako batez besteko kostutik beherakoa.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Tramitazioan diren balorazio kolektiboko prozeduren aldi baterako araubidea.

Foru dekretu honek indarra hartu baino lehen abiarazitako balorazio kolektiboko prozedurei ez zaie aplikatuko, eta aurreko araudiari jarraikiz eginen dira.

Hirugarren Xedapen Iragankorra. Balorazioko arau tekniko orokorren aldi baterako araubidea.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23.1 artikuluan aipatzen diren balorazioko arau orokorrak onetsi bitartean, Hirilurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 10eko 216/1984 Foru Dekretuan eta Eraikuntzen ereduzko balioen taulak, katastroko balioak eguneratzeko erabili beharrekoak, onetsi zituen azaroaren 18ko 268/1988 Foru Dekretuan xedatuaren arabera eginen dira balorazio ponentziak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira haren edukiaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak. Bereziki, hauek:

a) Hirilurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 10eko 216/1984 Foru Dekretua eta Eraikuntzen ereduzko balioen taulak, katastroko balioak eguneratzeko erabili beharrekoak, onetsi zituen azaroaren 18ko 268/1988 Foru Dekretua, foru dekretu honen hirugarren xedapen iragankorrean xedatua ezertan ukatu gabe.

b) 284/1992 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Balorazio Ponentzien Erregistroa arautzen duena.

Azken Xedapenetan Lehena. Higiezin-unitateak karakterizatzeko sistemen aldaketa.

Lurzoru eta eraikinetako higiezin-unitateak karakterizatzeko sistemak, erregelamendu honetan jasotakoak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emandako foru agindu bidez aldatu ahalko dira.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA. Xedea, aplikazio esparrua eta inskribatu beharreko datuak

1. artikulua. Helburua.

Erregelamendu honen helburua Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea garatzea da.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Erregelamendu hau aplikatuko zaie Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen Atariko Tituluaren IV. kapituluan aipatzen diren ondasun higiezinei eta horiek osatzen dituzten higiezin-unitateei, Nafarroako Foru Komunitatean daudenei.

3. artikulua. Ondasun higiezinen datuak eta errealitatea, inskribatu beharrekoak.

1. Ondasun higiezinen inbentario etengabe eguneratua lortzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta Katastroetan haien identifikazio eta karakterizazio datuak inskribatuko dira, ondasunen deskribapen grafiko eta alfazenbakizkoak administrazio publikoak unean-unean ezagutzen duen higiezinen arloko errealitate fisiko, ekonomiko eta juridikoa azaltzeko beharrezkoak direnak.

Aurreko paragrafoak aipatzen dituen datuen inskripzioa, betiere, erregelamendu honetan ezarritako identifikazio, irudikapen eta deskripzio sistemaren arabera eginen da, eta unean-unean dauden bitarteko teknikoak erabiliz.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren ondorioetarako, eta erregelamendu honetan ezarritako moduan, inskribatu behar den higiezinen arloko errealitatea izanen da Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta Katastroetan inskribatu beharrekoak diren eskubideetako baten titulartasunarekin Nafarroako Zerga Ogasunaren iritziz modu nahastezinean, baketsuan eta jarraian bat datorren errealitate material edo fisikoa.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa ukatu gabe, hauek ere inskribatu ahalko dira:

a) Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatuta dagoen errealitatearekin edo inskribatu beharreko higiezinen errealitate maiterial edo fisikoarekin bat ez datorren errealitate juridikoa, epaile baten ebazpen irmo baten ondorioa denean edo oinarrizko datuak aldatzeko prozedura tramitatzearen ondorioz egindako inskripzioarena.

Edozein kasutan ere, errealitate juridiko hori aurreko idatz-zatiko bigarren paragrafoan datuak inskribatzeko ezarritako sistemari egokitzen zaion neurrian inskribituko da Lurralde Aberastasunaren Erregistroan.

b) Higiezinen deskripzioa egiten duten datuak, higiezinen baloraziorako garrantzitsuak badira, erregelamendu honetan aipatzen diren karakterizazio sistemei jarraikiz.

II. KAPITULUA. Ondasun higiezinen identifikazioa

1. atala. Ondasun higiezinak

4. artikulua. Ondasun higiezinen elementuak.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 14.1 artikuluan definituta dagoen bezala, ondasun higiezin bakoitza higiezin-unitate batez edo gehiagoz osatuta egonen da eta, hala denean, zenbait ondasun higiezinentzat komunak diren higiezin-unitateetako partaidetza-kuotaz.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 14.2 artikuluan definituta dauden bezala, informazioaren eta balorazioaren erreferentzia unitateak edo higiezin-unitateak erregistro horietan egindako irudikapenak izanen dira, erregelamendu honen arabera inskribatzekoak diren lurzoru zatienak edo hegalkineko edo lurrazpiko elementuenak.

5. artikulua. Identifikazio erreferentzia.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta dagokion udal katastroan inskribatutako higiezin bakoitza erreferentzia bakar eta iraunkor baten bidez identifikatuko da, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 14.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko paragrafoan adierazitako erreferentzia bakar horri honakoak lotuko zaizkio:

a) Higiezina osatzen duten higiezin-unitateen erreferentzia guztiak.

b) Zenbait ondasun higiezinentzat komunak diren higiezin-unitateetan higiezinak duen partaidetzaren portzentajea.

2. atala. Lurzoruko higiezin-unitateak

6. artikulua. Esparru sistema.

1. Erregelamendu honek aipatzen dituen erregistro administratiboetan lurzoruaz osatutako higiezin-unitateak mugatzeko, Foru Komunitateko lurraldearen azalera esparru sistema baten bidez zatikatuko da.

2. Erregelamendu honetan ezarritako ondorioetarako, esparrua izanen da lurraldearen azaleraren zati bat, lerro jarraitu eta itxi batekin mugatua.

3. Hurrengo artikuluak aipatzen duen udalerria edo lurraldeari dagokionez parekoa den entitate baten lurralde mugatua, poligonoa eta lurzatia dira, hurrenkera horretan, Nafarroako lurraldearen azalera Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta Katastroetan zatitzeko dauden hiru maila oinarrizkoak.

Lurzoruaren higiezin-unitateak mugatzeko, lurzorua karakterizatzeko erregelamendu honetan jasotzen den sistemaren aldagaiei dagokienez, lur sail heterogeneoak hartzen dituzten lurzatiak maila txikiagoko esparru homogeneoetan edo azpilurzatietan zatituko dira.

4. Lurzatien planoan esparruen irudikapen grafikoa eginen da, erregelamendu honen III. tituluan adierazten den moduan.

7. artikulua. Udalerria edo lurraldeari dagokionez parekoa den entitatea.

Foru Komunitateko lurraldea esparrutan zatitzeko sistemaren lehen gradua udalerria da eta, kasua bada, lurraldeari dagokionez parekoak diren entitateen azalera, edo Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrean adierazitako lurraldeena.

8. artikulua. Poligonoa.

Poligonoa udalerri baten edo, aurreko artikuluak aipatzen duenez, lurraldeari dagokionez parekoa den entitatearen azalera zatitzen duen bigarren mailako esparrua da, lurzatien azalera, kopurua eta homogeneotasuna kontuan hartuta egina.

Poligono bakoitza lerro jarraitu eta itxi batek definituko du, muga fisiko, natural edo artifizialak eta mugaketa administratiboak aintzat hartuta.

9. artikulua. Lurzatia.

1. Hirugarren graduko esparrua da Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 47.1 artikuluak eta artikulu honek definitzen duten lurzatia edo lur azalera.

2. Lurzatien planoak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 5.1.a) artikuluan jasota dagoen jabetza eskubidea mugatuko du espazioan.

Halere, Nafarroako Zerga Ogasunak lurzatien planoa aldatu ahalko du, artikulu horretan aipatzen den beste edozein eskubide espazioan mugatuko duten lurzati berriak sortuz, ukitutako titular guztiek eskubide horien mugaketa modu nahastezinean eta baketsuan egiten badute, edo eginkizun publikoak egokiro betetzeko komeni dela iritziz gero.

3. Lurzatiak eratzearen ondorioetarako soilik, horiek zedarritzen dituzten muga fisikoak elementu naturalak edo artifizialak izanen dira, beste titulartasun batenak direlako edo ageriko zenbait zortasun sortzen dituztelako esparruaren tratamendu jarraitua galarazten dutenak, hala nola, ibaiak, ubideak, errekak edo latsak, urtegiak, iturriak, aintzirak, komunikazio bideak, bideak, abelbideak, belenak edo beste edozein.

10. artikulua. Esparruak mugatzea.

Udalerriez edo, erregelamendu honen 7. artikuluan aipatzen denez, lurraldeari dagokionez parekoak diren entitateen eremuz besteko esparruak mugatzean arau hauek hartuko dira kontuan:

1. Lurraldeko azaleraren zati bat ere ez da gradu bereko bi esparru edo gehiagotakoa izanen.

2. Esparru bat ere ez da maila gorakoko esparru batean baino gehiagotan kokatuko.

3. Maila goragoko esparruan dauden esparru guztiek batuta egiten duten azalera goragoko maila horren azalera adinakoa izanen da.

4. Tokiren batean, topografia dela-eta, bi azalera gainezkatzen badira, gainekoa izanen da lurzatien planoan irudikatuko dena eta azpikoa lurrazpitzat hartu eta erregelamendu honen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat ezarriko da planoan.

11. artikulua. Esparruen kodifikazioa.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan jasotako esparruei kodeak emanen zaizkie jarraibide hauek betez:

1. Esparru baten barruan ez zaie kode bera emanen maila txikiagoko bi esparruri.

2. Esparru bati emandako kodea ez da aldatuko baja eman arte.

3. Esparru bati baja ematen bazaio, haren kodea ez da berriz erabiliko goragokoa zuen mailako esparrurako.

12. artikulua. Esparruen aldaketa.

1. Udalerriez edo lurraldeari dagokionez parekoak diren entitateen azalerez besteko esparruen aldaketak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatzeko, jarduketa hauek beteko dira:

a) Esparru baten aldaketak berekin ekarriko du nahitaez esparru mugakide bat edo gehiago aldatzea.

b) Esparru berriak sortzea dakarren esparru aldaketa oro haren zatiketatzat hartuko da.

Kasu horretan, jatorrizkoaren baja apuntatuko da eta bi esparruren edo gehiagoren alta, non esparru berria ez den sortzen hainbat esparrutatik bereizitako lur zati txiki batzuk elkartuta, horietan jatorrizko identifikatzailea mantenduko baita.

c) Esparru batean esparru mugakideak osotara desagertzea dakarren aldaketa egitea esparru-elkarketatzat hartuko da.

Kasu horretan, jatorrizko esparruen baja eta esparru berriaren alta apuntatuko dira edo, hala behar bada, ondorioz atera diren esparru berriena.

d) Esparru baten aldaketak haren azaleraren zati bat beste esparru mugakide bati gehitzea besterik ez denean, esparruen jatorrizko erreferentzia identifikatzaileak mantendu ahalko dira.

2. Udalerrien mugaketaren edozein aldaketa Lurralde Aberastasunaren Erregistroan jasotzeko, aurretik frogatu beharko da toki araubidearen legerian udalerriak aldatzeko ezarrita dauden baldintzak betetzen direla.

Aurrekoa gorabehera, lurzatien planoan dauden akatsen zuzenketa hutsa inskribatu ahalko da, Toki Administrazioaren Departamentuari jakinarazi ondoren, aferan zerikusia duten udalek akordioa egiten badute, eta bertan argi adierazi planoan sortutako egoera.

Lurraldeari dagokionez parekoak diren entitateetan, erregelamendu honen 7. artikuluan aipatzen diren horietan, azaleraren mugaketan edozein aldaketa egiteko beharrezkoa izanen da eremu horretako eskubide errealen titular diren toki entitateen aldeko erabakia eta, betiere, ukitutako entitate mugakideena.

13. artikulua. Lurzoruko higiezin-unitateen zehaztapena eta identifikazioa.

1. Lurzatiak higiezin-unitate bakar bat osatuko du haren barruan maila txikiagoko esparrurik mugatu ez bada. Bestela, lurzatiaren barruan ezarritako esparruetako bakoitza higiezin-unitatetzat hartuko da.

2. Lurzoruko higiezin-unitateak erreferentzia baten bidez identifikatuko dira, eta maila desberdineko zein esparrutan dauden sartuta, horiei emandako kodeak ere hartuko ditu bere baitan erreferentziak.

3. atala. Hegalkin edo lurrazpiko elementuek osatutako higiezin-unitateak

14. artikulua. Hegalkin edo lurrazpiko higiezin-unitateen zehaztapena.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu beharreko hegalkin edo lurrazpiko elementu higiezinaren izaera eman ahalko zaie Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen dituen higiezin izaerako elementuei, lurzorukoak ez direnei, biziak edo bizigabeak izan, naturalak edo artifizialak.

2. Artikulu honen xede diren higiezin-unitateak zehazteko, Erregelamendu honen 17. artikuluko 3. eta 4. idatz-zatietan aipatzen diren karakterizazio sistemak ezarriko dira, ezaugarri homogeneoak dituzten hegalkin eta lurrazpiko elementu zehatz batzuei aplikatuko zaizkienak, Nafarroako Zerga Ogasunak inskribatzeko modukoak direla irizten badio.

Karakterizazio sistemaren barruan, hegalkin eta lurrazpiko elementu multzo bakoitza deskribatu eta baloratzeko behar diren ezaugarrien zerrenda deseberdina izan daiteke.

3. Higiezin-unitatea izanen da aplikatzekoa zaion karakterizazio sistemaren aldagaiekiko homogeneotasuna duen higiezin bat edo haren zati bakoitza, aldagai horietatik kanpo utzita neurria adierazten dutenak.

Era berean, higiezin-unitateak eratzeko Jabetza Erregistroan dagoen errealitate juridikoa kontuan hartuko da.

15. artikulua. Hegalkin edo lurrazpiko elementuek osatutako higiezin-unitateen identifikazioa.

Hegalkin edo lurrazpiko elementuez osatutako higiezin-unitateak erreferentzia bakar eta iraunkor baten bidez identifikatuko dira, eta haien perimetroa edo zati diren eraikinaren krokisaren oin orokorra lurzatien planoan proiektatuz lokalizatuko.

III. KAPITULUA. Higiezin-unitateen karakterizazioa

16. artikulua. Ondasun higiezinen deskripzioa.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, ondasun higiezinak haiek osatzen dituzten higiezin-unitateen bitartez deskribatuko dira.

17. artikulua. Higiezin-unitateen karakterizazio sistemak.

1. Higiezin-unitateen karakterizazio sistemak ezaugarri multzoak dira, zeinek, kategoria edo aldagai kuantitatibotzat hartuta, bide ematen duten Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 13.1. artikuluan aipatzen diren elementu higiezinak, lurzoru, hegalkin edo lurrazpikoak, deskribatu eta baloratzeko behar diren oinarrizko datuak atxikitzeko higiezin-unitateei.

Sistema horiek higiezin bakoitza osatzen duten higiezin-unitateei aplikatzeak ezarriko du une bakoitzean, Nafarroako Zerga Ogasunak iritziz, higiezinaren berezitasunen artetik, zein diren garrantzitsuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta udalek bete beharreko eginkizun publikoak modu egokian betetzeko.

2. Lurzoruek osatutako higiezin-unitateen karakterizazio sistema hau izanen da:

a) Datu grafikoak:

Erregelamendu honen arabera lurraldearen azalera zatitzen duten esparruak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 49.2 artikuluak aipatzen duen lurzatien planoan irudikatuko dira.

b) Hitzez hitzeko datuak:

Lurzoruak osatutako higiezin-unitateak karakterizatzen dituzten hitzez hitzeko datuak hauek dira:

-Azalera.

-Eraikuntzak hartutako azalera.

-Indarra duen balorazio ponentziaren araberako balio-eremua.

-Lehen mailako aprobetxamendu mota eta klasea.

-Eraikigarritasuna.

-Lurzoruaren balioa zuzentzen duten koefizienteak, hau da, fatxada kopurua, fatxadaren luzera, forma irregularra, gehiegizko lur-erauzketa, zoruaren sakonera, gehiegizko sakonera, urbanizazio maila, aldi baterako eraikiezintasuna eta hirigintzako tramitazioa.

-Lurzoruaren balizko balioa.

-Oihartzuneko balioa.

3. Eraikinen ezaugarriak zehazteko sistema orokorra hau izanen da:

a) Datu grafikoak:

Higiezin-unitateak dauden eraikinen edo eraikuntzen irudikapen grafikorako bide hauek erabiliko dira:

-Eraikuntzen krokisak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 49.3 artikuluan definitutakoak.

-Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 49.2 artikuluan aipatzen den Nafarroako lurzatien planoa, bertan krokisen oin orokorra irudikatuta.

b) Hitzez hitzeko datuak:

Eraikuntzek osatutako higiezin-unitateak karakterizatzen dituzten hitzez hitzeko datuak hauek dira:

-Eraikitako azalera.

-Tipifikazioa, eraikuntzaren ereduzko balioen taularen arabera.

-Eraikigarritasun kontsumoa.

-Lurzoruaren oihartzunak balioan duen eragina.

-Eraikitze urtea.

-Erreformaren urtea eta maila.

-Kokapena, altuerari dagokionez.

-Exekuzio materialaren kostuaren koefizientea.

-Eraikuntzaren balioa zuzentzeko koefizienteak, halakotzat hartuta honakoak: erabilera, kontserbazio egoera, balio-galtze funtzionala, merkatuko errenta eta barrenekoak.

-Lurzoruaren oihartzuneko balioa.

-Katastroko balioa.

4. Higiezin-unitateak karakterizatzeko sistemek, aurreko idatz-zatietan aurreikusi gabekoek eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, politika publikoak behar bezala betetze aldera inskribatzea komenigarria dela iritzita, hegalkin eta lurrazpiko higiezin-unitateak identifikatzeko onesten dituenek, elementu klase bakoitzari izaera emateko beharrezkoak diren oinarrizko datuak izanen dituzte bere baitan, eta kontzeptu orokor hauek jasoko dituzte, kasu bakoitzean beharrezkoak edo komenigarriak diren heinean:

-Azalera, luzera, zabalera, altuera, osatzen duten elementuen kopurua edo higiezin-unitatea zenbatesteko egokia den beste edozein neurri.

-Higiezin-unitatearen balizko aprobetxamendua, berezkoak dituen ezaugarriak nahiz harekin lotutako eskubideak kontuan hartuta zehaztuko dena.

Balizko aprobetxamendua, oro har, higiezin-unitatearen sailkapen kualitatiboa izanen da, klase bakoitzaren barruan unitateak duen potentzialaren zenbatespenarekin osatua.

-Higiezin-unitateen hasierako data ezaguna edo kalkulatzeko modukoa, haien antzinatasuna ezartze aldera.

-Higiezin-unitatearen kontserbazio egoeraren edo garapen mailaren kalifikazioa eta mantentzeko egindako salbuespenezko jarduketena ematen duten aldagaiak.

-Higiezin-unitateak lokalizatzeko alderdiak, balioari eragiten diotenak, hala nola, altuerari dagokion kokapena, eraikitako elementuen orientazioa edo antzeko beste batzuk.

-Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23.2 artikuluan aipatzen diren balorazioko parametro orokorrak aplikatzeko behar den beste edozein informazio, bai eta aurrekoak ez diren beste balorazio parametro tekniko batzuk ere, foru lege horren 34.1 artikuluan aurreikusitakoak.

5. Higiezin-unitateak karakterizatzeko sistemetako azaleren erreferentzia izanen da, betiere, higiezin-unitatearen proiekzio horizontala, eta haren zenbatespena unitaterako eskuragarri dagoen informazio grafikoaren gainean egindako neurketatik baizik ez da eginen.

6. Karakterizazio sistemak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23. artikuluan eta Balorazio Ponentzia indardunean adierazitako baloraziorako xedapen orokorretan jasotako zehaztapenak aintzat hartuta aplikatuko dira.

18. artikulua. Datu osagarriak.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 3.2 artikuluan aipatzen diren datu osagarriak, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan aukeran inskribatzekoak, hauek izanen dira:

-Erregelamendu honen Atariko Tituluaren II. kapituluan garatutako identifikazio sistemakoak ez diren ondasunen identifikatzaileak, hala nola, populazio-entitatea, posta helbidea, etxea edo alderdiaren izena, beste eremuetakoak diren ondasunen argazkiak edo beste erreferentzia batzuk, Jabetza Erregistroan immatrikulatutako finkak, higiezin-unitate jakin batzuekin koordinatutakoak, izan nahiz poligonoen edo lurzatien edo antzekoen erreferentzia historikoak izan.

-Higiezin-unitateen aprobetxamendu erreala deskribatzen duten datuak, balizko aprobetxamenduarekin bat ez datorrenean.

-Higiezin-unitateei atxikitako lege edo administrazio kalifikazioak, mugak edo eskubideak ere, aplikatzekoak diren balorazio metodoetan kontuan hartzen ez direnak.

-Politika publiko zehatz bat modu egokian betetzeko interes zehatza duten bestelako datu guztiak.

2. Datu osagarriak inskribatzean, haien jatorrian den titulu juridikoa, jarduketa edo iturria identifikatu beharko dira.

Gaizki inskribatutako datu osagarriak edozein unetan zuzendu ahalko dira, ofizioz edo interesdunak eskatuta, atzemandako akatsari eta egin beharreko azken inskripzioari buruzko agiri egokiak aurkeztuz.

IV. KAPITULUA. Ondasun bereziak kalifikatu eta deskalifikatzeko prozedura

19. artikulua. Ondasun bereziak kalifikatzeko prozedura.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren iritziz, daukan informazioa kontuan hartuta, higiezin bati ondasun bereziaren kalifikazioa eman ahal baldin bazaio Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, higiezinaren jabeari eta, kasua bada, ukitutako udalei, eskatuko die haren karakterizazio eta baloraziorako beharrezkoa den informazio guztia, hura osatzen duten higiezin-elementuak kontuan hartuta, eskatuko die higiezin bereziaren kalifikazioa emateko prozedurari ekin baino lehen.

Eskatutako informazioa gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko da.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako jarduketak behin eginda, Nafarroako Zerga Ogasunaren iritziz, eskuragarri dagoen informazioa ikusirik, bidezkoa bada higiezin bat ondasun berezitzat kalifikatzea, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du kalifikazio prozedurari hasiera ematea, eta bertan aipatuko dira kasuan kasuko higiezinaren karakterizazio normalizaturako eta balorazio kolektiboko prozedura batean sartzeko traba diren arrazoiak.

3. Jabea eta ukitutako udalek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte higiezinaren ondasun bereziaren izaerari dagokionez, prozedurari hasiera emateko erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean.

4. Aurreko idatz-zatian aipatzen den epea iraganik, Nafarroako Zerga Ogasunak txostena emanen du aurkeztutako alegazioei buruz, eta entzunaldia higiezinen jabeei eta ukitutako udalei, hamabost eguneko epean.

5. Entzunaldiaren tramitea eginda eta Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena emanda, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari-kudeatzaileak ebazpena emanen du, higiezinari bereziaren kalifikazioa emateko edo bidezkoa ez dela deklaratzeko, haren karakterizazio eta balorazio normalizatua egiteko.

20. artikulua. Ondasun bereziak deskalifikatzeko prozedura.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 16.5 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak daudenean, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak zenbait ondasun berezi deskalifikatzeko prozedurari hasiera ematea erabakiko du.

Prozedurari hasiera emateko erabakian Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak egindako proposamen teknikoa jasoko da, horien karakterizazioa normalizatua eta balorazioa kolektiboa izatea bideragarria dela frogatzen duena, balorazioko araudi indardunari eta eskuragarri dagoen informazioa kontuan hartuta.

Deskalifikazio proposamena higiezin berezi batena izan daiteke, edo higiezin berezi multzo batena, modu nahastezinean identifikatuak egon eta higiezin multzo homogeneoak osatzen badituzte, beren eraikuntza ezaugarriak eta betetzen dituzten erabilera edo jarduera espezializatuak kontuan hartuta.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak proposamenaren berri emanen die jabeari eta ukitutako udalei, eta hamabost eguneko epea emanen entzunaldirako.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako entzunaldiaren tramitea eginda eta Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena adierazita, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, modu nahastezinean identifikatutako higiezin bereziaren edo berezien deskalifikazioa egiteko edo deskalifikazio bidezkoa ez dela deklaratzeko.

3. Deskalifikaziori buruzko ebazpenean ez da jasoko higiezinaren beste karakterizazio desberdin bat, ez eta beste balio bat atxikiko ere; higiezinaren balorazio berria eginen da, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 16.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Aurreko idatz-zatian adierazitakoa gorabehera, higiezinak aldaketa nabarmenak edo garrantzizkoak izanez gero bere elementuetan, higiezinari aplikatu beharreko zehaztapenak ezartzen dituen Balorazio Ponentzia onetsi aurretik balio berria atxikitzea dakartenak, eta bitartean ez bada ponentzia hori onesten, Nafarroako Zerga Ogasunak hura osatzen duten elementu berrien arabera karakterizatu ahal izanen du higiezina, eta atxikia zuen balioa eguneratu, banakako tasazio tekniko arrazoituaren bidez.

Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak higiezinaren ezaugarri berriak ezartzeko behar den informazioa eskatuko die higiezinaren jabeei eta ukitutako udalei, eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute.

Aurreko paragrafoan aipatzen den informazioa jasota edo epea iraganik, higiezinaren karakterizazio eta baloraziorako proposamen teknikoa eginen du eta entzunaldiko tramitea emanen titularrari eta dagokion udalari, hamabost eguneko epean.

Entzunaldiko tramitea eginda eta aurkeztutako alegazioak aztertuta, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak balorazioko proposamen teknikoa eginen du, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak higiezinaren balioa ezarriz eman behar duen ebazpenerako oinarri eta zioa izanen dena.

I. TITULUA. LURRALDE ABERASTASUNAREN ERREGISTROAREN KONTSERBAZIOA

I. KAPITULUA. Doikuntza teknikoak

21. artikulua. Ofiziozko doikuntzak.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 artikuluan aipatzen diren doikuntza teknikoak ofizioz eginen ditu Nafarroako Zerga Ogasunak.

2. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen ) artikuluaren ondorioetarako, aldaketa nabarmena izanen da lurzati baten edo higiezin-unitateen edukiera aldatzea dakarren mugaketa berri oro, baldin eta kopuru hauetatik gorakoa bada:

a) Esparruaren azaleraren ehuneko hamarra, beti.

b) 0,5 bider esparruaren azalera 0,5eko potentziara eramana, aldaketak eraikuntzen krokisetan egiten direnean.

c) 0,6 bider esparruaren azalera 0,6ko potentziara eramana, aldaketak lurzatien planoko lurzatietan egiten direnean.

3. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 b) artikuluan araututako doikuntza izanen da Nafarroako Zerga Ogasunak eskuragarri duen informazioarekin egiaztatu daitekeen errealitate materialari lurzatien planoan ematen zaion mugaketa berria, une hartan zegoen informazio fotogrametrikoari jarraikiz planoan egin zen mugaketa okerra zuzenduko duena.

4. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 c) artikuluan aipatzen diren bat ez etortzeak zuzentzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak txosten bat emanen du zuzendu beharreko datu grafiko edo alfazenbakizko okerrei buruz.

5. Doikuntza tekniko guztiak jendaurrean jarriko dira hogei egunez udal bulegoetan, ukitutako titularrek eta beste edozein pertsona fisiko edo juridikok egin beharreko doikuntzaren nondik norakoak ezagutu ditzaten.

Era berean, doikuntza teknikoek zabalkunde gehigarria izan dezakete, bitarteko osagarrien bidez, batez ere interesdunek haien berri izan dezaten kontsultarako ezarriko diren baliabide telematikoaz erabiliz.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du lehen paragrafoan aipatzen den jendaurrean jartzea, espresuki adierazita epearen hasiera eta amaiera datak eta, beharrezkoa bada, zabalkunderako erabili beharreko bitarteko osagarriak ere, eta hartutako erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.

Edozein kasutan, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak behar den denborarekin igorriko dizkie ukitutako udalei inskribatu nahi diren eta jendaurrean jarri behar diren doikuntzak.

6. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu beharreko eskubideen titularrek edo eskubide edo interes legitimo baten titulartasuna dutenek egindako alegazioak ebatziko ditu Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak, bai eta erantzun arrazoitua emanen ere edozein pertsona fisiko edo juridikok aurkeztutako alegazio edo ohartarazpenei.

Alegazioak egin dituztenei doikuntza tekniko gisa inskribatu beharreko azken egoera jakinarazi ondoren, zerbitzuak zuzenean eginen du inskripzioa aipatutako erregistro administratiboan, eta kasuan kasuko udalari informazioa emanen dio bere udalerriari dagokionez inskribatutako doikuntzei buruz.

22. artikulua. Eskaerak eragindako doikuntzak.

1. Doikuntza teknikoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.2 artikuluan araututakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu batek edo udal batek eskatuta denean, eta lurraldeari dagokionez muntako jarduketa dakarrenean, gutxienez hektarea bat hartzen duten hamar lurzatiri eragiten diena izanen da.

2. Eskaerak honako alderdi hauek jaso beharko ditu:

a) Egin beharreko jarduketa, proiektu edo politika publikoaren deskripzio labur bat, hura modu egokian betetzeko lurzatien planoa eguneratu beharra dagoela justifikatzeko arrazoiak emanda.

b) Doitu beharreko eremua modu nahastezinean mugatzen duen azterlana, lurzatien planoan doikuntza egiteko bete behar diren irizpide edo jarduketei buruzko proposamen teknikoa barne.

3. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak, behin eskaerarekin batera igorritako dokumentazioa eta, beharrezkoa denean, doikuntza teknikoaren eskatzaileari espresuki eskatutako dokumentazio osagarria azterturik, eskatutako jarduketa teknikoa egitea bidezkoa den baloratuko du, eta baietsi nahiz ezesteko proposamena eginen dio Nafarroako Zerga Ogasunaren zuzendari kudeatzaileari.

Eskatutako doikuntza teknikoaren ezespen arrazoituaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

4. Nafarroako Zerga Ogasunaren zuzendari kudeatzaileak eskatu den jarduketa egitea bidezkoa dela jakin ondoren, eta baldintza teknikoak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.2 artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen den moduan finkatu eta argitaratuta daudelarik, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak lurzatien planoan baldintza horiei jarraikiz egin beharreko doikuntza teknikoa mugatuko du.

Mugaketa horrek bide emanen du, edozein kasutan, haren alderaketa egiteko inskribatuta dagoen eta zuzendu gogo den higiezinen arloko errealitatearekin, interesdunek ongi jakin dezaten zein den doikuntzak beraien titulartasuneko lurzatietan duen eragin grafikoa eta alfazenbakizkoa.

5. Aurreko paragrafoan aipatzen diren mugaketa teknikoko jarduketak egindakoan, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du jendaurrean jartzea, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.2 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen den bezala, espresuki adierazita epearen hasiera eta amaiera data eta, beharrezkoa bada, Nafarroako Zerga Ogasunak zabalkunderako erabili beharreko bitarteko osagarriak ere, eta hartutako erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.

Era berean, haien udalerrian doikuntza teknikoaren eragina jasanen duten udalek egokitzat jotzen dituzten bitarteko osagarri guztiak erabili ahal izanen dituzte zabalkunderako, doikuntzaren berri ondorio guztiekin izateko.

6. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu beharreko eskubideen titularrek edo eskubide edo interes legitimo baten titulartasuna dutenek egindako alegazioak ebatziko ditu Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak, bai eta erantzun arrazoitua emanen ere edozein pertsona fisiko edo juridikok aurkeztutako alegazio edo ohartarazpenei.

Alegazioak egin dituztenei doikuntza tekniko gisa inskribatu beharreko azken egoera jakinarazi ondoren, zerbitzuak zuzenean eginen du inskripzioa aipatutako erregistro administratiboan.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak eskatzaileari jakinaraziko dizkio egindako doikuntza teknikoak, bai eta, hala behar bada, doikuntza eskatu ez duten udal ukituei ere.

II. KAPITULUA. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balorazioa

23. artikulua. Balorazioko arau tekniko orokorrak.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatzekoak diren higiezinen baloraziorako arau tekniko orokorrak onetsiko ditu, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen I. tituluko III. kapituluan ezarritako balorazio metodoak eta balorazio kontzeptuak garatuko dituztenak eta, besteak beste, gai hauek:

a) Aplikatzekoak diren eta foru legearen 24. artikuluan jasota dauden balorazio metodoen deskripzio zehatza.

b) Balorazio ponentzian higiezin edo higiezin multzo bakoitzari aplikatzekoak zaizkion balorazio metodoak, lege arau horren 34.2.c) artikuluak aipatzen dituenak, zehazteko irizpideak.

c) Foru lege honen 23.2 artikuluan aipatzen diren balorazio parametro orokorren definizioa.

d) Balorazio Ponentzian lege arau horren 34.1 artikuluak aipatzen dituen beste parametro tekniko batzuk zehazteko definizioa eta jarraibideak.

24. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun zehatz baterako ezarritako balioa aurkaratzea.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatzekoak diren eskubideen titularrek, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 143. artikuluan xedatutakoarekin bat, erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte Nafarroako Zerga Ogasunak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 22.3 eta 38. artikuluetan deskribatzen den moduan, ondasun higiezin bati esleitutako banakako balio berriaren kontra, eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan higiezinaz dagoen karakterizazioa aurkaratu, bai eta, halakorik badago, Balorazio Ponentzia indardunean jasotako balorazio metodo eta irizpideen aplikazio egokia.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den aurkaratzea dela eta, Nafarroako Zerga Ogasunak egiaztatzen duenean karakterizazio edo balorazio akatsak daudela, behar diren zuzenketak egin eta balioa finkatuko da, arrazoituta.

3. Edozein kasutan ere, ondasun higiezinaren identifikazio edo mugaketa okerrari dagozkion erreklamazioak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legean eta erregelamendu honetan oinarrizko datuak aldatzeko aurreikusitako prozedurekin bat tramitatu beharko da.

III. KAPITULUA. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak

1. atala. Xedapen orokorrak

25. artikulua. Frogabideak.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legean eta erregelamendu honetan oinarrizko datuak aldatzeko aurreikusitako prozeduren tramitazioan zehar, ondotik aipatzen direnak izanen dira frogabide egokiak, erregistro administratibo horretan dagokion inskripzioa gaitzen dutenak, zer higiezin-unitateren erreferentzia diren, horiek modu nahastezinean identifikatzen badituzte:

a) Ebazpen judizial irmoak.

b) Eskritura publikoak.

c) Jabetza Erregistroek luzatutako ziurtagiriak.

d) Agiri pribatuak, haien data, emaileak, eta Kode Zibilaren 1261. artikuluak aipatzen dituen betebeharrak modu fede-emailean ageri direnean.

e) Administrazio publikoen egintzak, higiezin zehatz baten titulartasunaren aldaketa edo mugaketa ekartzen badute.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak ez du zalantzan jarriko aurkeztutako frogabideen balio juridikoa, baina arrazoiturik ezetsiko ditu bere iritziz inskribatu gogo diren oinarrizko datuen aldaketa frogatzeko egokiak ez direnak.

3. Aurkeztutako elementua, ebazpen judizial irmoaz beste bat, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko baliozko inskripzioa egitea ekarri zuen dokumentuarekin bat ez datorrenean, halako moduan non auzi zibila dagoela ondorioztatu daitekeen, dagoen egoera bere horretan utzi eta eskaera ezetsi eginen da, aurrerago, ebazpen judizial irmoa dela-eta, egin beharko den inskripzioa ukatu gabe.

4. Inskripziorako eskubidearen froga inskripzioa egin nahi duenaren kontura izanen da.

5. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak ebazpen judizial irmoen bidez zuzenduko dira, horietan higiezin-unitateak identifikatuta eta modu nahastezinean deskribaturik daudela, eta erregistroan adierazi beharreko higiezin zehatz batzuen mugaketa grafikoa argi eta garbi ondorioztatu daitekeela.

Epaiak hitz hitzez dioenetik, frogatutzat hartutako egitateetatik eta epaiaren oinarri juridikoetan egindako baieztapenetatik ondorioztatu daitekeenean higiezina erregistro administratibo horretan dagoen informazioarekin bat identifikatu eta modu nahastezinean deskribatu dela prozesu judizialean, baina zehaztasunez jakiterik ez badago zein den erregistroan egin beharreko inskripzioaren zentzua edo norainokoa, administrazio publikoak behar den informazio edo argibide judiziala eskatuko du.

Epaian, higiezina identifikatu eta modu nahastezinean deskribatu ez bada aipatutako erregistro administratiboan dagoen informazioaren arabera, eta zehaztasunez jakiterik ez badago zein den erregistroan egin beharreko inskripzioaren zentzua edo norainokoa, Nafarroako Zerga Ogasunak aldaketa eginen du, bere iritziz eta arrazoiturik epaiaren zentzuarekin bat, epaiarekin bat etortzeko modu egokienean.

26. artikulua. Jabetzaren berrantolamendu juridikoak higiezinen arloan sortutako errealitate materialaren inskripzioa.

Nafarroako Zerga Ogasunak sektoreko legeetan xedatutakoarekin bat datozen jarduketek jabetzaren arloan sortutako berrantolaketa juridikoak inskribatuko ditu, lurzati edo higiezin-unitate zehatz batzuei dagozkiena, hala nola nahitaezko desjabetzeak, lurzati berrantolamenduak, birzatiketak edo antzekoak.

Inskripzio horiek erregelamendu honen 31.1.d) eta 32. artikuluetan xedatutakoaren arabera zuzenduko dira sortutako errealitate fisikoa ez datorrenean bat inskribatutako tituluarekin, eta hortik aurrera inskripzioak datu osagarritzat hartuko dira.

27. artikulua. Lurzati bat osatzen duten zenbait erregistro-finka identifikatu edo inskribatzea.

1. Jabetza Erregistroan egindako inskripzioan dauden datuak eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dagoen informazioa koordinatzeko baizik ez, eta, oro har, eginkizun publikoak modu eraginkorrean betetzeko komenigarritzat jotzen denean, hautematen den errealitate materialarekin bat inskribatutako lurzati bat Jabetza Erregistroan titular berberaren edo berberen izenean inskribatutako zenbait finkari dagokienean, Jabetza Erregistroan sartu den jabetza-tituluan ageri den higiezinaren mugaketa grafikoa datu osagarri gisa inskribatu ahalko da edo, halakorik ez badago, Jabetza Erregistroan inskribatutako titular guztiek edo haiengandik erosi duten jabeek adosturik egiten dutena.

2. Lurzatia osatzen duten erregistroko finkak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan behar ez bezala inskribatutakoak ez diren titularrenak baldin badira, haien artean titulartasun auzirik ez badago ukitutako hirugarrenekiko, erregistroko zenbat finka egon, hainbat lurzati berriri eman ahalko zaie alta egun inskribatutako lurzatiak betetzen duen tokian, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 27. artikuluak eta erregelamendu honen 30.1 artikuluak aipatzen duten aitorpenaz baliatuz, betiere lurzatien planoan zedarritzen badira modu nahastezinean esparru berrien mugak eta, edozein kasutan ere, Jabetza Erregistroan inskribatutako titularrek mugaketa berriaren inguruan akordioa egin edo espresuki adostasuna eman ondoren.

28. artikulua. Lurzati-elkarketa.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan ez da inskribatuko lurzati independente gisa errealitate materialean hautematen den lurzatia, titular berarenak diren eta aldez aurretik dauden zenbait lurzati mugakideren elkarketatik datorrenean, erregelamendu honen 25.1 artikuluan deskribatutako frogabideetako bat aurkeztuz ez bada.

29. artikulua. Ondasun publiko gisa inskribatutako higiezinak aldatzeko aldeko txostenak.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 25.3 artikuluan jasota dauden aginduzko txostenak eskatuko ditu, oinarrizko datuen aldaketa egiteak doikuntza tekniko hutsa ez baizik eta mugaketa grafikoaren edo titulartasunaren aldaketa dakarrenean erregistro administratibo horretan titulartasun publikoko ondasun gisa ageri diren higiezinetan.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren txostenak hilabeteko epean eman beharko dira, edo Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ezarritako beste epe laburrago batean beharrezkoa baldin bada ebazteko gehieneko epea betetzeko, txostena emateko eskumena duen organoaren erregistroan eskabidea sartzen den egunetik kontatzen hasita, edo, organoak erregistrorik ez badu, eskabidea jaso zen egunetik aurrera, data hori txostenean adierazita.

Aurreko paragrafoan aipatzen den epea betetzen bada txostena jaso gabe, beste behin eskatuko zaio txostena ematea horren ardura duen organoari, eta ohartaraziko ezen hura hogei egun naturaleko epean jasotzen ez bada, eskatzen denetik hasita, prozeduraren tramitazioa txostena jaso arte bertan behera uztea erabakiko dela.

Bertan behera uzteko erabakia interesdunei jakinaraziko zaie, txostena emateko ardura zer unitatek duen adieraziz, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 83.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

2. Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, udalek, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lanak betetzean, eta egin gogo den inskripzioak ukitzen dituen higiezinen titular diren beste toki entitate batzuek zuzenean eskatu ahal izanen diote organo edo administrazio eskudunari Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 25.3 artikuluan ezarritako aginduzko txostena, inskripzioaren egokitasuna baloratzeko beharrezkoa dela iritziz gero.

Kasu horretan, behin txostena emanda, higiezinaren titular den toki entitateak aldaketa bidezkoa dela erabakita eta dokumentazioa higiezina dagoen udalerriko udalari igorrita, udalak Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko eskabidea bidaliko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, aipatutako txostenean ageri denarekin bat (eskabideari txostenaren kopia erantsiko zaio).

Herri ondasun gisa inskribatuta dauden ondasunak direnean, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan titular gisa ageri den toki entitateko gobernu organo gorenak hartutako erabakian, ondasunen defentsaz edo kontserbazioaz arduratzen den Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak emandako txostena bildu beharko da, kasu orotan eta bere horretan.

3. Udalek Nafarroako Zerga Ogasunari igorritako dokumentazioaren bidez agerian gelditzen bada toki entitateko gobernu organo gorenak ez duela erabakirik eman herri ondasun gisa inskribatutako ondasunen inguruan, edo oinarrizko datuen aldaketa dokumentatua eta toki entitateak erabakitakoa ez datozela bat, kasuan kasuko udalari eskatuko zaio atzemandako akatsak zuzen ditzan, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 26.2 artikuluan xedatuarekin bat.

Igorritako dokumentazioa ikusirik, toki entitateak erabakitakoa eta aginduzko txostena bat ez badatoz, eskatutako aldaketa atzera botako da, arrazoiturik, besterik gabe, eta dokumentazioa udalari itzuliko zaio.

2. atala. Eguneratzeko prozedurak

30. artikulua. Aitorpenak eragindako aldaketa.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 27.6 artikuluan aipatzen diren ondorioekin, jaraunspen jasogabe baten titulartasuneko higiezin batean eragindako aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoen aitorpena onartuko da, inskribatutako titularra hil dela eta higiezinaren gainean oinordetza-eskubide baten titularra dela frogatzen duen batek egina denean.

2. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 178. artikuluan xedatutakoarekin bat aurkeztutako aitorpena eta dokumentazioa, hirilurren balio igoeraren gaineko zerga likidatzearen ondorioetarako, higiezinen titularrek egindako aitorpentzat hartuko da Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 27.1 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, betiere inguruabar hori aitorpen-egileari jakinarazi zaiola agiri bidez frogatzen bada.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, udalak -Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 25.4 artikuluan ezarritako agiri normalizatuan formalizatuko du aldaketa, aitortutakoarekin bat.

31. artikulua. Udalek eskatutako aldaketa.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 28. artikuluan eta artikulu honetan ezarritako prozeduraren arabera udalek tramitatu beharreko aldaketa grafiko ez nabarmentzat hartuko da ondoko jarduketa hauetakoren batek eraginez Lurralde Aberastasunaren Erregistroko mugaketa grafikoaren aldaketa oro:

a) Higiezin unitateetako lurzatien edo krokisen mugaketa aldatzea, baldintza hauek betetzen baditu:

1.a) Erregistro administratibo horren kontserbazio jarduketak ezarri edo islatzean egindako akatsen zuzenketa izatea.

2.a) Mugen funtsik gabeko aldaketa ez izatea, erregelamendu honen 3. artikuluan xedatutakoerekin bat, higiezinen errealitate material eta juridikoaz erabilgarri dagoen informazioan oinarrituta.

3.a) Partikularren arteko auzi zibilik ez egotea, haietako bat espresuki kontra egoteagatik zuzenbidean baliozkoa dentitulu juridikoan oinarriturik.

b) Jabetzaren mugak ezartzea edo haren berrantolaketarako jarduketa publikoa edo pribatua, sektoreko legeei jarraikiz.

c) Ukitutako administrazio publikoak onartzea lurzatien planoan titularitate publikokoen artean ageri den lur zerrenda zehatz bat titulartasun pribatukoa dela.

d) Sortutako higiezinen arloko errealitate fisiko edo materiala Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatuta errealitatera egokitzea, erregelamendu honen 26. artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen denez, idatz-zati honen b) letran aurreikusitako jarduketa baten bidez.

2. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan hildako pertsona baten izenean inskribatutako higiezin bati buruzko oinarrizko datuetan udalak egindako aldaketek beharrezkoa izanen dute, erregistro administratibo horretan inskribatuak izateko, inskribatutako titularraren oinorde direnei jakinarazi zaiela frogatzea.

Horretarako, udalak eskaera luzatuko zaie ustez halakoak direnei, jaraunsleak identifika ditzatela, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 11. artikuluan aurreikusitako laguntza emateko betebeharra betez.

3. atala. Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean aldatzeko prozedura

32. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean aldatzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean inskribatuko ditu inskribatutako higiezinei dagozkien oinarrizko datuetako aldaketak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 29.3 artikuluan aipatzen diren horiek, gaiaren eskumena duen departamentuak emandako informazioarekin bat.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera egindako inskripzioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jabetzaren arloan egindako berrantolaketa juridikoa denean, Nafarroako Zerga Ogasunak erregelamendu honen 26. artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako zuzeneketak eginen ditu.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak kasuan kasuko udalari jakinaraziko dio Lurralde Aberastasunaren Erregistroan zuzenean egindako inskripzioa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 9.4 eta ) artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. atala. Nafarroako Zerga Ogasunaren ikuskapenak eragindako aldaketetarako prozedura

33. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunaren ikuskapenak eragindako aldaketa.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak bete behar ditu Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak egiaztatu eta ikuskatzeko eginkizun hauek:

a) Ondasun higiezinen inguruko egitateak, egintzak, negozioak eta inskribatzekoak diren gainerako inguruabarrak egiaztatu eta ikertzea; horretarako, erregistroaren kontserbaziorako garrantzitsua den informazioa lortu beharko du.

b) Ikuskatutako higiezinen titular gisa inskribatuta ageri direnei, bai eta inskribatu beharreko eskubideen titulartasuna dutela frogatzen dutenei ere, hauen berri ematea: Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legean ezarria den laguntzeko betebeharra, ikuskapen prozedurari aplikatzen zaion araudia eta jarduketa horietatik sortzen diren betebehar eta eskubideen norainokoa.

c) Langile eskudunek ikuskapen jarduketak akta eta txostenetan formalizatzea, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan higiezinen identifikazioa, karakterizazioa eta, hala behar denean, balorazioa erregularizatzeko modua jasoz.

d) Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 30. artikuluan oinarrizko datuak aldatzeko deskribatzen den prozedura tramitatzea, hala egin behar bada.

e) Higiezinaren karakterizazioa eta balioa esleitzea, ebazpenak eragindakoa, inskribatzea.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak egindako ikuskapen jarduketen ondorioz, oinarrizko datuak aldatu beharra dagoela ziurtatuz gero, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 30. artikuluan oinarrizko datuak aldatzeko arautzen den prozedurari ekin baino lehen, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak oinarrizko datuak aldatzeko proposamen bat luzatuko die ukitutako titularrei, eta haiek onartuz gero foru lege horren 25.4 artikuluan aipatzen den agiri normalizatuan formalizatuko da eta zuzenean inskribatuko erregistro administratibo horretan.

Proposamena onartuko ez balitz, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 30.3 artikuluan aipatzen den prozedurari ekiteko erabakia emanen litzateke, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

3. Nafarroako Zerga Ogasunak kasuan kasuko udalari jakinaraziko dio Lurralde Aberastasunaren Erregistroan zuzenean egindako inskripzioa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 9.4 eta ) artikuluetan xedatutakoarekin bat.

5. atala. Oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak, inskribatutako titulartasuna edo mugaketa grafikoa zuzentzeko eskaerak eraginda

34. artikulua. Lurzatien eta higiezin-unitateen mugen eta azaleraren aldaketa grafiko nabarmena.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera tramitatu beharreko aldaketa grafiko nabarmentzat hartuko da Lurralde Aberastasunaren Erregistroko mugaketa grafikoaren aldaketa oro, erregelamendu honen 31.1 artikuluan aurreikusirik ez badago.

2. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 31.2 artikuluaren hirugarren paragrafoak aipatzen duen mugaketa grafiko ez nabarmena izanen da lurzati baten edo higiezin-unitateen edukiera aldatzea dakarren mugaketa berri oro, baldin eta hauetatik ateratzen diren kopuru txikienetik beherakoa bada:

a) Esparruaren azaleraren ehuneko hamarra, beti.

b) 0,5 koefizientea bider esparruaren azalera 0,5eko potentziara eramana, aldaketak eraikuntzen krokisetan egiten direnean.

c) 0,6 koefizientea bider esparruaren azalera 0,6ko potentziara eramana, aldaketak lurzatien planoko lurzatietan egiten direnean.

3. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 31,4 artikuluan aipatutako prozedurari ekiteko eskaera higiezina kokaturik dagoen udalerriko udalari zuzenduko zaio.

4. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 31.8 artikuluan aipatzen den adostasunak, jaraunspen jasogabe baten titulartasuneko higiezin bati buruzkoak, haren gaineko eskubideren bat duten oinordeek espresuki emandako baimena beharko du.

5. Pertsona interesdunaren eskaera kasuan kasuko udaleko erregistroan sartu zen egunetik hiru hilabete iraganik, udalak eskatzaileari eskaera espresuki ukatu izana jakinarazi gabe, Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean tramitatzeko eskubidea lortu dela ulertuko da.

Horretarako, eskatzaileak zuzenean eskatu ahalko dio Nafarroako Zerga Ogasunari oinarrizko datuen eskaera tramitatzeko, aurreko paragrafoan adierazitako eskubidea bereganatu duela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.

Nafarroako Zerga Ogasunak espedientea igortzeko eskatuko dio udalari eta, beharrezkoa denean, eskatzaileak aldaketa grafikoa formalizatu izana Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 25.5 artikuluan aipatutako moduan, eta adieraziko hala egin ezean eskaera artxibatu eginen dela.

6. Ebazpena eman eta jakinarazteko ezarritako legezko gehieneko epea iragateagatik eskaera ezesten bada, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzenduta.

35. artikulua. Titulartasuna interesdunak eskatuta aldatzea.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako titulartasun aldaketarako eskaera oro, inskribatu gogo den titulartasun berria ez datorrenean inskribatuta dagoen titulartasunetik, hain zuzen.

Inskribatu nahi den titulartasunak jatorria, zuzena edo aurreko eskualdaketen bidez, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako titularrarengan duenean, foru lege horren 27. artikuluan aurreikusitako aitorpena aurkeztuko da, gertatutako titulartasun aldaketak frogatzen duen dokumentazioa erantsirik, eta, hori aurkeztu ezean, zuzenketa eskatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko oinarrizko araudian xedatutakoarekin bat.

2. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 32.1 artikuluan aipatutako prozedurari ekiteko eskaera higiezina kokaturik dagoen udalerriko udalari zuzenduko zaio.

3. Eskaera udaleko erregistroan sartu zen egunetik hiru hilabete iraganik, udalak eskatzaileari eskaera espresuki ukatu izana jakinarazi gabe, Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean tramitatzeko eskubidea lortu dela ulertuko da.

Horretarako, eskatzaileak zuzenean eskatu ahalko dio Nafarroako Zerga Ogasunari oinarrizko datuen eskaera tramitatzeko, aurreko paragrafoan adierazitako eskubidea bereganatu duela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.

Nafarroako Zerga Ogasunak espedientea igortzeko eskatuko dio udalari.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko ezarritako legezko gehieneko epea iragateagatik eskaera ezesten bada, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzenduta.

5. Aurreko idatz-zatietan adierazitakoa ukatu gabe lurzati edo higiezin-unitate zehatz baten titulartasunaren inguruan desadostasuna sortu ondoren, ukitu guztiek akordioa lortzen badute, udalak ezesteko ebazpena edo Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpena eman aurretik (Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 32. artikuluan jasotako ebazpenak alegia), eta hala dela jasotzen bada foru lege horren beraren 25.4 artikuluan aipatzen den agirian, dokumentazio hori Lurralde Aberastasunaren Erregistroa kontserbatzeko eginkizunak esleituak dituen unitate organikora igorriko da, zuzenean erregistro horretan sartzeko.

Aurreko paragrafoan aipatzen den adostasunak, jaraunspen jasogabe baten titulartasuneko higiezin bati buruzkoak, haren gainean eskubideren bat duten oinordeek espresuki eman beharko dute baimena.

6. Lurzati edo higiezin-unitate zehatz baten aldaketa grafiko nabarmena egiteko eskaera, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 31. artikuluan eta erregelamendu honen 34. artikuluan araututakoa, baldin eta aldi berean titulartasunen aldaketa egin beharra badakar, foru lege horren 32. artikuluan eta artikulu honetan xedatutakoaren arabera tramitatu beharrekoa, eta 12/2006 Foru Legearen 31.8 artikuluan eta erregelamendu honen aurreko idatz-zatian aipatzen diren ukituen adostasuna egonik, 12/2006 Foru Legearen 25.4 artikuluan adierazitako agiri normalizatuan formalizatuko da zuzenean.

Espresuki emandako erabakirik ez badago, titulartasunak aldatzeko prozedura tramitatuko da aurrena.

6. atala. Balioen aldaketa kolektiboa egiteko prozedura

36. artikulua. Balorazio ponentziak.

Balorazio ponentziak egitean, baloraziorako xedapen tekniko orokorretan eta balorazioko parametro orokorretan jasotako aurreikuspenik ez badago, baloraziorako parametro tekniko desberdin edo berariazko gisa erabiltzeko, hartu ahal izanen da, arrazoiturik, balioa zenbatesteko arau, metodo edo prozeduretan ezarritako edozein, Nafarroako Foru Komunitateko tributuak aplikatzearen ondorioetarako onetsi edo legeria administratibo sektorialean jasotako horietan hain zuzen, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34.1 artikuluaren bigarren paragrafoan aipatzen direnak.

37. artikulua. Udaletako balorazio ponentziak berraztertzeko prozedurari hasiera eman eta ordezkariak izendatzea.

1. Udaleko balorazio ponentzia berraztertzeko prozedurari udalak ekinen dio, balorazio ponentziaren proiektua egiteko erabakia hartuz.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak udaleko balorazio ponentzia berraztertzeko prozedurari ekin ahalko dio, salbuespenez, subrogaziorako ebazpena emanez, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 36.9 artikuluan aipatutako inguruabarrak daudenean.

3. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 36.2 edo 36.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, udalak batzorde mistoa eratzeko eginen duen eskaeran batzorde horretan udalak izanen dituen ordezkariak izendatuko dira.

4. Batzorde Mistoa eratu aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bertan izanen dituen ordezkariak izendatuko dira, modu honetan:

a) Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak bi ordezkari izendatuko ditu zerbitzuak han ematen dituzten langileen artean, batzordeko burua zein izanen den adierazita.

b) Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak ordezkari bat izendatuko du departamentu horretan zerbitzuak ematen dituzten langileen artean.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariek zainduko dute balorazio irizpide homogeneoak aplika daitezen udal guztietan.

6. Batzorde Mistoko ordezkarien izendapenak Balorazio Ponentzia berraztertzeko prozedurari buruzko espedienteari erantsiko zaizkio.

38. artikulua. Udalez gaindiko balorazio ponentziak onesteko prozedurari hasiera eman eta ordezkariak izendatzea.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 37.1 artikuluan aipatzen den udalez gaindiko balorazio ponentzia berraztertzeko prozedurari ekin zaiola ulertuko da ukitutako udaletako edozeinek batzorde mistoa eratzeko eskatzen duenean edo Nafarroako Zerga Ogasunak hura eratzeko erabakia hartzen duenean.

Aurreko paragrafoan aipatzen den eskaeran edo erabakian zehaztuko dira baloratu beharreko higiezinen ezaugarriak eta udalez gaindiko balorazio ponentzia egitea eragin duten inguruabarrak, azterlan arrazoitu bat aurkeztuz.

2. Udalez gaindiko balorazioaren xede izan daitezkeen ondasun higiezinak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34.3 b) artikuluak aipatzen dituenak, balorazioaren ondorioetarako multzoan hartu beharrekoak izanen dira, antzeko ezaugarriak dituztelako edo ingurune parekoetan daudelako, eta, eskuragarri dauden balorazio tresnen arabera, balioak modu eraginkor eta efizienteagoan atxiki ahal zaizkienean edo modu bateratuagoan koordinatu, merkatuko balioaren arabera.

3. Nolanahi ere, Nafarroako Zerga Ogasunak udal batek egindako eskaera onartu gabe utz dezake, horretarako arrazoiak emanez, hilabeteko epean, aurkeztutako azterlana behin azterturik, udalez gaindiko balorazio bateratua, aurreko paragrafoan aipatutakoa, eragiten duten inguruabarrak bere iritziz ez daudenean.

4. Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako eskaera edo hartutako erabakia, lehen idatz-zatian aipatzen dena, ukitutako udal guztiei igorriko die, azterlan arrazoitu batekin batera, azter dezaten hilabeteko epean, jasotzen duten egunetik hasita.

5. Aurreko idatz-zatian aipatzen den epea iraganik, eta ukitutako udalek udalez gaindiko batzorde mistoa eratzearen kontrako jarrera espresik ez badute, eratzeko erabakia hartuko da, aurreneko bilera noiz eginen den adierazita.

Batzorde Mistoa eratu aurretik, ordezkariak izendatuko dira, modu honetan:

a) Ukitutako udal guztiek hiru ordezkari izendatuko dituzte, eta Nafarroako Zerga Ogasunari izendapenaren berri emanen diote.

b) Foru Komunitateko Administrazioaren hiru ordezkari, erregelamendu honen 36.2 b) artikuluan xedatutakoarekin bat izendatuak.

6. Batzorde Mistoko ordezkarien izendapenak udalez gaindiko Balorazio Ponentzia onesteko prozedurari buruzko espedienteari erantsiko zaizkio.

7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariek zainduko dute balorazio irizpide homogeneoak aplika daitezen udal guztietan.

8. Udalez gaindiko balorazio ponentziaren zehaztapenak eranskin gisa gehituko zaizkio ukitutako udal bakoitzeko balorazio ponentziari, eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 22.3 artikuluan adierazitako ondorioetarako, ukitutako udaletako balorazio ponentzia bakoitzean indarra duten udal zehaztapentzat hartuko dira.

9. Udalez gaindiko balorazio ponentziaren zehaztapenak berraztertu ahalko dira aurrerago, udaleko balorazio ponentzia bidez edo udalez gaindiko beste balorazio ponentzia bat eginez.

39. artikulua. Batzorde mistoaren eraketa.

1. Kasu hauetan, Batzorde Mistoa eratzeko erabakia Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko ebazpen bidez hartuko da:

a) Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 36.2. artikuluan aurreikusitako kasuan, udalak eskatuta, udaleko balorazio ponentzia berraztertzeko proiektua egiteko udalak egindako kontsultei erantzun egokia emateko.

b) Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 36.4. artikuluan aurreikusitako kasuan, udalak eskatuta, behin horrek udaleko balorazio ponentzia berraztertzeko proiektua eginda, behin betiko edukia finkatzeko.

c) Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 37.1 artikuluan aurreikusitako kasuan, ukitutako edozein udalek eskatuta, udalez gaindiko balorazio ponentziaren proiektua egin eta behin betikoz finkatzeko.

d) Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 37.1 artikuluan aurreikusitako kasuan, Nafarroako Zerga Ogasunak eskatuta, udalez gaindiko balorazio ponentziaren proiektua egin eta behin betikoz finkatzeko.

40. artikulua. Batzorde mistoaren funtzionamendu araubidea.

1. Batzorde mistoko buruak eginkizun hauek ditu:

a) Egin beharreko bilkura guztien deialdia erabakitzea, eta horiek egiteko tokia eta eguna ezartzea.

b) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

c) Batzorde Mistoak erabakiak hartzean gertatzen diren boto berdinketak ebaztea bere botoarekin.

d) Batzorde Mistoko buru izateari berez dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

2. Batzorde mistoko idazkariak eginkizun hauek ditu:

a) Batzorde Mistoaren bilkuretarako dei egitea, batzordeko buruak hala aginduta, eta kideentzako hitzorduak egitea.

b) Batzorde Mistoari zuzendutako informazioa jaso eta zaintzea, datu eskaerak egin, jakinarazpenak, ordezkoen izendapenak, edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

c) Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

d) Onesten diren erabakien ziurtagiriak egitea.

e) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

3. Batzorde Mistoko kideek ahalmen eta eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Gutxienez hogeita lau ordu lehenago jasotzea deialdia eta esleitutako eginkizunak betetzeko behar den dokumentazioa.

b) Ponentzia prestatzen parte hartzea, horretarako behar diren informazio, txosten eta irizpen tekniko guztiak aurkeztuz.

c) Botorako eskubideaz baliatzea eta botoaren zentzua justifikatzea.

d) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

4. Batzorde Mistoaren bilkurak baliodunak izateko behar den quoruma hiru kidez osatutakoa izanen da, zeren ordezkari diren kontuan hartu gabe.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunarentzat loteslea den proposamena, ponentziaren testua onestekoa, onesteko bilkuran, kideen artean egon beharko dute, gutxienez, udaletako bi ordezkarik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste bik.

Ez da bilkurarik eginen ez hasiko ere bertan batzordeko burua eta idazkaria edo haien ordezko baliodunak egon gabe.

5. Batzorde Mistoko burua ez badago, eri badago edo justifikatutako beste arrazoi pertsonal bat tartean dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari zaharrenak ordeztuko du.

Idazkaria ez badago, eri badago edo justifikatutako beste arrazoi pertsonal bat tartean dela, idazkariaren ordez Batzorde Mistoko kide zaharrena arituko da bilkuran, batzordeko burua izan gabe.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta udalen ordezkariak izendatu zituen organoak berak kendu ahalko ditu kargutik, espresuki eta egokiera hutsagatik, edozein unetan.

7. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak batzorde mistoa eratzeko ematen duen ebazpenak ezarriko du zein tokitan eta egunetan eginen den lehendabiziko bilkura, eta kideei jakinaraziko zaie.

8. Batzorde Mistoa eratzeko bilkuran, lehenengo eta behin idazkaria izendatuko da.

Idazkari izendatuko dute bertan diren kideen gehiengoaren aldeko botoa lortzen duen kidea. Lortutako botoetan berdinketa gertatuz gero, gazteena hautatuko da.

9. Batzorde Mistoak egiten duen bilera bakoitzaren akta eginen da, bertan adierazita noiz eta non egin den, bilkurako buruaren eta gainerako kideen izenak, eta, labur, gorabeherak eta eztabaidatutako gai nagusiak, bai eta, hartutako erabakiei dagokienez, botoaren zentzua eta botoa eragin duen justifikazio teknikoa ere.

10. Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira, zeren ordezkari diren kontuan hartu gabe.

Berdinketak batzordeko buruak edo haren ordezkoak ebatziko ditu.

41. artikulua. Batzorde mistoaren jarduketa.

1. Batzorde Mistoari dagokio balorazio ponentziaren behin betiko edukia finkatzea, eta, horretarako, jendaurreko tramitean planteatutako alegazioak ebatziko ditu, jendaurreko tramite berri bat ezartzeko aginduko du artikulu honen 3. idatz-zatian aipatzen den kasuan, eta oro har, xede horrekin behar diren jarduketa guztiak egitea.

2. Jendaurrean jarritako Balorazio Ponentziaren proiektuari aurkeztutako alegazioak Batzorde Mistori zuzendutako idazkian formalizatuko dira, eta udal bulegoetan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako erregistroetako edozeinetan.

Udalez gaindiko balorazio ponentziaren proiektuari egindako alegazioak ukitutako edozein udaleko bulegoetan aurkeztuko dira.

3. Batzorde Mistoaren iritziz beharrezkoa denean balorazio ponentziaren proiektuaren behin betiko edukia finkatzea, jendaurrean jarritakoa funtsezko alderdiren batean aldatzen duen edukia hain zuzen, hogei eguneko jendaurreko tramite berri bat egitea erabakiko du.

4. Batzorde Mistoak balioen aldaketa kolektiboko prozeduran interesa dutenek aurkeztutako alegazioen ebazpena jakinaraziko du .

5. Balorazio Ponentziaren proiektuaren edukia behin finkaturik, Batzorde Mistoak hura onesteko proposamen loteslea luzatuko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta espedienteko dokumentazio guztia igorriko dio Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuari.

42. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak subrogazio bidez egindako udaletako balorazio ponentziak tramitatu eta onestea.

1. Ponentziako agiria subrogazio bidez egin ondoren, Nafarroako eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 36.9 artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoetan xedatutakoarekin bat, eta udalak horren tramitaziorako jarduketak lege horren bosgarren paragrafoan aipatzen den moduan egin ezean, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko du hogei egunetan; horretarako, iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta udal bulegoetara ere igorriko du, interesdunak osorik ezagun dezaten epe horretan.

2. Interesdunek jendaurreko epean egindako alegazioak jaso ondoren, bai eta udalak igorritako dokumentuari egindakoak ere, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ebatzi eginen ditu eta dokumentuaren behin betiko edukia finkatuko du.

Aurreko paragrafoan aipatutako jarduketak egin ondoren, dokumentu finkatua onetsi eta argitaratuko da, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 36. artikuluaren 5. eta 6. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

3. Nafarroako Zerga Ogasunak balorazio ponentzia subrogazio bidez onesteko ebazpenean dokumentua egiteko kostua ezarriko da, zeina kasuan kasuko udalak bere gain hartu beharko duen, eta udal horri transferentzia arruntengatik Nafarroako Toki Entitateen Partaidetza Funtsean dagokion zenbatekotik kenduko zaio, kasuan kasuko hiruhilekoan.

43. artikulua. Balorazio Ponentzia aurkaratzea.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako titularrek edo inskribatu beharreko eskubideetako baten titularrek aurkaratu ahal izanen dituzte udaletako balorazio ponentziak edo udalez gaindikoak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 36.8 eta 37.4 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

44. artikulua. Balorazio Ponentzien Erregistroa.

1. Balorazio Ponentzien Erregistroaren xedea da publizitatea ematea balorazio ponentzian dauden datuei eta ponentziak onesteko espedienteari.

2. Balorazio Ponentzien Erregistroa Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuan egonen da, baina bertan jasotako informaziorako sarbide telematikoak jarri ahal izanen ditu.

3. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Balorazio Ponentzien Erregistroko idazkari bat izendatuko du Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko langileen artean, erregistro horren kontserbazioak, zaintzak eta publizitateak eskatzen dituzten jarduketa guztiak bete ditzan eta, kasu guztietan, honako hauek:

a) Balorazio Ponentziak inskribatzea.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Balorazio Ponentzien erregistroko sarrera eguna.

c) Erregistro administratiboan bildutako dokumentazioari buruzko ziurtagiriak ematea.

4. Balorazio Ponentzien Erregistroko inskripzioan honako ohar hauek jasoko dira:

a) Udalerria.

b) Balorazio Ponentziaren mota edo haren eranskina.

c) Agiriaren egitura eta orri kopurua.

d) Onetsi zen eguna.

e) Balorazio Ponentzia Erregistroan sartu zen eguna.

f) Ponentziari emandako erregistro-zenbakia.

g) Erregistroko idazkariaren zigilua eta sinadura.

5. Balorazio Ponentziaren agirian atzemandako akats materialak edo aritmetikoak erregistro administratiboko idazkariak zuzenduko ditu, zuzendutako akatsa adierazita, eta ponentziaren eranskina gehituta.

Era berean, Balorazio Ponentziaren eranskin gisa gehituko dira ponentziaren agirian bertan aurreikusitako hirigintza jarduketek eragindako eraldaketak, eta inskripzio berria eman beharko da jarduketa horiek ponentzia inskribatu ondoren gertatuz gero.

7. atala. Ondasun berezien banakako balioa finkatu, aldatu eta eguneratzeko prozedurak

45. artikulua. Ondasun berezi deklaratutakoa baloratzeko prozedura.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak higiezina berezi deklaratzeko ebazpena eman ondoren, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 16. artikuluan eta erregelamendu honen 19. artikuluan aipatzen den bezala, eta ondasuna Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutakoan, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak higiezina baloratzeko hasierako proposamena eginen du, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 40. artikuluko 3. eta 4. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa ukatu gabe eta zati bat Nafarroako Foru Komunitateko lurraldetik kanpo kokaturik duen higiezin zehatz baten edo higiezin multzo zehatz baten balorazio bateratua egiteko, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak beste administrazio publiko batek higiezinari emandako balioaren erreferentziazkoak diren koefiziente berariazkoak erabili ahalko ditu, arrazoiturik.

Eskuragarri dagoen informazioa osatu edo zuzentzeko eta higiezinaren hasierako tasazioaren proposamen egokia egiteko, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak higiezinaren titularrari eta, behar bada, ukitutako udalari edo udalei eskatuko die egokitzat jotzen den informazio osagarria aurkez dezaten hilabeteko epean gehienez.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztuta edo aurreko paragrafoan adierazitako epea iraganik hura aurkeztu gabe, hasierako balorazio proposamena eginen da, higiezinari bereziaren kalifikazioa emateko prozedurari buruzko espedientean dagoen informazioan oinarriturik, bai eta aurkeztutakoan ere, eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan higiezinari ematen zaion karakterizazioa kontuan hartuta.

2. Titularrak eta ukitutako udalek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte, hamar eguneko epean baloraziorako behin-behineko proposamena jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen den epea iraganik, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak txostena emanen du aurkeztutako alegazioei buruz, eta higiezinaren baloraziorako behin betiko proposamena idatzi aurretik, entzunaldia emanen die higiezinen titularrei eta, kasua bada, ukitutako udalei, hamabost eguneko epean.

4. Aurreko jarduketak eginik, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du higiezinaren banakako balioa finkatzeko eta, hala behar denean, ukitutako udalerri bakoitzari dagokion balioa esleitzeko.

5. Ondasun higiezin baten zati bat Nafarroako lurraldetik kanpo dagoenean, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu basean lurralde horretan dagoen azalera baizik ez da sartuko, eta horren balioa esleituko zaie kokaturik dagoen udalerrietako udalari edo udalei.

6. inskribatutako titularrak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko du Lurralde Aberastasunaren Erregistroan zuzenean inskribatuko den ondasun bereziaren balioa finkatzeko ebazpenaren kontra, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

7. Bi udalerritan edo gehiagotan kokaturiko ondasun berezi bat denean eta ukitutako udalek erabakitakora jotzea beharrezkotzat jotzen denean, beste irizpide batzuk aplikatzerik ez dagoelako, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 40.4 c) artikuluan ezarritakoarekin bat, artikulu horren 1. idatz-zatiak aipatzen duen hasierako balorazio proposamena egin aurretik, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak bi hilabeteko epean dagokion erabakia formalizatzeko beharrezkoak diren jarduketak betetzeko eskatuko die udal horiei.

Aurreko epe hori erabakia formalizatu gabe iraganik, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 40.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak balorazio proposamena eginen du, hau da, udal bakoitzari egotzi beharreko unitate-balioaren hainbanaketa, artikulu horretan ezarritako irizpideak kontuan hartuta.

46. artikulua. Ondasun berezien balioa aldatzeko prozedura, haien ezaugarriak aldatu direlako.

1. Haien ezaugarriak aldatu direlako ondasun berezien balioaren aldaketa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 40. artikuluaren 2. eta 5. idatz-zatietan aurreikusitakoa, Nafarroako Zerga Ogasunak hasiko du ofizioz, aldez aurretiko ikuskapenaren bidez edo titularrak edo higiezina kokaturik dagoen udalerriko udalek aurkeztutako dokumentazioaz baliatuz.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du prozedurari hasiera ematea, higiezin bereziari emandako balioa eskuragarri dagoen informazioarekin berraztertzeko komenigarritasunaren arrazoiak emanez.

2. Eskura dagoen informazioa osatzeko eta higiezinaren hasierako tasazioaren proposamen egokia egiteko, Nafarroako Zerga Ogasunak higiezinaren titularrari eta, behar bada, ukitutako udalari edo udalei eskatuko die egokitzat jotzen den informazio osagarria aurkez dezaten hilabeteko epean gehienez.

3. Eskatutako dokumentazioa aurkeztuta edo arestian adierazitako epea iraganik hura aurkeztu gabe, hasierako balorazio proposamena eginen da, higiezin bereziak, eskura dagoen informazioaren arabera, une horretan dituen ezaugarriak kontuan hartuz; higiezinaren eraikuntza ezaugarriei baizik eragiten ez dieten aldaketei dagokienez, proposamena eraikuntza-elementu berrietara mugatuko da, betiere aurretik daudenen karakterizazioa eta balorazioa aldatzen ez badituzte.

4. Balioa aldatzeko proposamena egindakoan, aurreko artikuluko 3. idatz-zatitik 6.era bitartekoetan xedatutakoa aplikatzekoa izanen zaio prozedura honi.

47. artikulua. Ondasun berezien balioa eguneratzeko prozedura.

1. Ondasun berezien balioaren eguneraketa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 40.6 artikuluan araututakoa, ofizioz eginen du Nafarroako Zerga Ogasunak, higiezinaren egungo inguruabarrak frogatzen dituen informazioa kontuan hartuta.

2. Ondasun berezien balioa eguneratzea higiezinaren balioaren aldaketa oro izanen da, berezko ezaugarrietan eragindako aldaketa batetik ez datorrena eta ondasun bereziak merkatuan izan dezakeen balioa doitzeko xedea duena ondasun higiezinen balioari oro har eragiten dioten inguruabar objektiboak kontuan hartuz, hala nola, denbora, zaharkitua gelditzea edo antzekoak.

3. Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin bereziaren balioa eguneratzeko proposamen bat eginen du eta, jarraian, entzunaldia emanen die titularrari eta ukitutako udalei.

Aurreko jarduketak gauzatu ondoren, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ondasunaren balioa eguneratzeko ebazpena emanen du.

II. TITULUA. LURRALDE ABERASTASUNAREN ERREGISTROKO ETA KATASTROETAKO INFORMAZIOA ESKURATU, EMAN, ERABILI ETA ZIURTATZEA

I. KAPITULUA. Informazioa eskuratzea

48. artikulua. Informazio babestuaz titularraren baimenik gabe eskuratzea.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen ) artikuluan aipatzen den jaraunsle edo oinorde izaera dokumentu hauetakoren bat aurkeztuz frogatuko da.

a) Jaraunspenaren onarpen agiriaren kopia.

Jaraunspena dokumentu pribatuaren bidez onartu den kasurako, jatorrizko dokumentuaren kopia aurkeztea eskatuko da, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga likidatu izanaren ziurtagiria erantsirik.

b) Testamentuaren kopia, eta hari erantsirik kausatzailearen heriotza-ziurtagiriaren eta azken nahiaren xedapenen agiriaren kopiak, Erregistro Orokorrak luzatuak.

c) Higiezin batzuen gaineko titulartasuna, beste edozein oinordetza-tituluren bidezkoa, frogatzen duen dokumentuaren kopia, aurreko b) letran adierazitako dokumentazioarekin batera.

d) Legezko oinordetza denean, jaraunsle-adierazpen judizial edo notarialaren kopia.

2. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 43.1 b) artikuluan aipatzen diren ondorioetarako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan edo Katastroan sartu gabeko jabetza eskubideen titulartasuna edo titulartasun partekatua erregelamendu honen 25,1 artikuluan aipatzen diren frogagirietako bat aurkeztuz frogatuko da.

Kasuan kasuko erregistro administratiboaz arduratzen den administrazio publikoaren iritziz eskubide horiek modu nahastezinean erreferentzia duten higiezin-unitateak baizik ez dira sartuko.

Sarrera egin gogo den erregistro administratiboko datu basean akatsak daudela agerian geratuz gero, datu horien inskripzioa eragin zuen titulua erakutsiz emanen da informazioa edozein kasutan ere, eta agiriaren kopia eskatuko da, agiria administrazio publikoak ez badu, akatsa zuzenean zuzentzeko.

Eskatzaileak aurkeztutako frogabidean atzematen bada erregistro administratiboan inskribatutako titularrak eskatzaileari eskualdatu zizkiola zenbait higiezin, higiezin horiei buruz eskatutako informazioa emanen da, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 25.4 artikuluan aipatzen den agiri normalizatua formalizatu izana frogatu ondoren.

Higiezinaren titulartasuna frogatzeko erakutsitako frogabidea kasuan kasuko erregistro administratiboan indarra duen inskripzioa eragin zuen tituluaz edo jarduketaz beste bat denean, halako moldez non auzi zibilen bat dagoela ondorioztatu daitekeen, informazioa hura emateko eskabidea formalizatu ondoren emanen da, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 45. artikuluan ezartzen den moduan.

3. Higiezin-unitate batzuen gaineko errentamendu edo apartzeria eskubideen edo transzendentzia errealeko eskubideen titulartasuna edo titulartasun partekatua erregelamendu honen 25,1 artikuluak aipatzen dituen frogagirietako bat aurkeztuz frogatuko da.

Kasuan kasuko erregistro administratiboaz arduratzen den administrazio publikoaren iritziz eskubide horiek modu nahastezinean erreferentzia duten higiezin-unitateak baizik ez dira sartuko.

4. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 43.1 d) artikuluan adierazitako ondorioetarako. Nafarroako Zerga Ogasunak Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioa eskuratzeko aplikazio eta formatu berariazkoak eman ahalko dizkie notarioei eta jabetzaren erregistratzaileei.

5. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 43.1 e) artikuluan aipatzen diren ikerketa proiektuetan parte hartzen dutenek egin gogo den jarduketaren eremua, edukia eta lortu nahi diren helburuak frogatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Administrazio Publikoak balora dezan zein den proiektuaren bideragarritasunerako eman behar den informazioa, bai eta informazioaren izaera, bolumena eta hedadura.

6. Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko foru legerian adierazten diren subjektuek, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen ) artikuluan aipatzen diren horiek, informazio babestua eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Konpentsazioaren edo borondatezko birzatiketaren jarduketa pribatuko sistemetan, Konpentsazio edo Birzatiketa Batzordearen eraketaren eskritura publikoaren kopia eta Batzordeko zuzendaritza organoak hartutako erabakiarena, edo haren ordezkari baliodunak egindako eskaerarena, informazioa ematea bidezkoa dela frogatzeko eta eman beharreko informazioaren norainokoa baloratzeko behar den dokumentazio osagarri guztiarekin batera.

b) Agente urbanizatzailearen sistemaren kasuan, hautaketa-ekitaldiaren kopia edo izenpetutako hirigintza hitzarmenarena, bai eta informazioa ematea bidezkoa dela frogatzeko eta eman beharreko informazioaren norainokoa baloratzeko behar den dokumentazio osagarri guztia ere.

49. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio babestua horretarako legitimitatea dutenek eskuratzea, beren eginkizunak betetzeko.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 44.3 artikuluan aipatzen diren datu babestuak eskuratzeko legitimatutako entitateek, informazio babestua aldizkakotasunez edo modu iraunkorrean behar badute, eskaera egin ahalko diote Nafarroako Zerga Ogasunari Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu basearen bidez sartzeko, beren eginkizun publikoak behar bezala betetzeko aldizkakotasunez edo modu iraunkorrean sartu beharra dutela justifikatuta.

Nafarroako Zerga Ogasunak eskaera aztertu ondoren, kasu zehatzean dagokion eginkizun publikoa egokiro betetzeko, arrazoiak emanda, beharrezkotzat jotzen den informazio babestua baizik ez da emanen.

Eman beharreko informazioaren egokitasuna eta proportzionaltasuna baloratzeko, Zerga Ogasunak entitate eskatzaileari edo zer entitateren menpe dagoen, entitate horri eskatu ahalko dio txostena emateko edo bete beharreko jarduketari buruz beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazioa aurkezteko.

2. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu basearen bidez sartzeko baimena eman ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunak arrazoirik gabeko sarrerak egin izana egiaztatzen badu, baimendutako entitateari justifika ditzan eskatuko dio.

Nafarroako Zerga Ogasunak egiaztatzen badu arrazoirik gabeko sarrerak egin direla datu basean, anomaliak daudela edo emandako informazio babestuaren erabileran irregulartasunak gertatu direla, eta Datuak Babesteko Agentziari dagozkion eginkizunak edo kasuan kasuko diziplina jarduketak ukatu gabe, sarreraren ardura duten langileak kentzea eskatu ahalko du, proportzionaltasunaren printzipioarekin bat eta inguruabarrak kontuan hartuz, bai eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu basean sartzeko baimena bertan behar utzi edo mugatu.

50. artikulua. Titularraren kontrola informazio babestua eskuratzearen gainean.

Inskribatutako titular orok eskatu ahalko dio Nafarroako Zerga Ogasunari edo kasuan kasuko udalari Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 44.6 artikuluan aipatzen den informazioa, zeina hilabeteko gehieneko epean emanen zaion eskatzaileari; informazio babestu zehatza eskuratzeko denean, eskatutako alderdi zehatzei buruzkoa izanen da, edo, eskaera orokorra denean, sarrera egindako entitateen zerrenda laburra eman eta sarrera eragin zuten helburuen aipamen orokorra eginen da.

Sarrerako eskubidea Nafarroako Zerga Ogasunari edo udalari kontsulta egiten zaion unetik aurrera, aurreko urtekoari buruzkoa izanen da, datatik datara kontatuta.

II. KAPITULUA. Informazioaren ziurtagiriak eta egiaztagiriak

51. artikulua. Lurzati batekin baino gehiagorekin lotuta dauden ondasunak lurzati zedulan irudikatzea.

Lurzati zedula batean irudikatu beharreko ondasun higiezina lurzati bat baino handiagoa den lurralde eremu batean hedatzen diren hegalkin edo lurrazpiko higiezin-unitateek osatua denean, lurzati zedulan honako hauek jaso beharko dira:

a) lurzatien planoan proiektatzea ondasunaren perimetroa edo zati den eraikinaren krokisaren oin orokorra.

b) Aurreko letran adierazitako proiekzioak hartzen dituen lurzatien planoko esparruak edo, grafikoaren eskalak haien irudikapen egokirako bide ematen ez duenean, higieziena ahal den hobekien lokalizatzea bermatzen duen maila txikiagoko esparrua.

52. artikulua. Inskribatutako titulartasunik ez dagoela egiaztatzeko agiriak luzatzea.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dauden datuekin bat, eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 46. artikuluan xedatutako moduan, Nafarroako Zerga Ogasunak, pertsona fisiko edo juridiko batek eskatuta, horren izenean ondasun higiezinik ez dagoela dioen egiaztagiria emanen du.

Egiaztagiri hori eskatzaileari baizik ez zaio emanen, haren legezko ordezkariari edo hark baimen espres, berariazko eta idatzizkoaren bidez baimendutako pertsonari.

53. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioaz udalek luzatutako ziurtagiriak.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 48.2 artikuluan adierazitako ondorioetarako, Nafarroako Zerga Ogasunak udalen eskura jarriko du Lurralde Aberastasunaren Erregistroan kasuan kasuko udalerriaz dagoen informazioa, eta udalek eskatuta sarbide telematiko bat ezarriko du erregistroan modu iraunkorrean sartzeko.

54. artikulua. Administrazio publikoek higiezinak identifikatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokaturiko zenbait higiezini dagozkien prozedura administratiboak tramitatzen dituzten administrazio publikoek Lurralde Aberastasunaren Erregistroan ondasun horiei dagozkien titulartasunak egiaztatu ahal izanen dituzte, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 47.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, erregistro administratibo horren datu basea zuzenean kontsultatuz, betiere kontsulta horretarako baimena eman baldin bada foru lege horren 44. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Prozedura tramitatzen duen unitate organikoak datu basean zuzeneko kontsultaren bidez sartzerik ez badu, Nafarroako Zerga Ogasunari eskatuko dizkio prozeduran identifikatu beharreko higiezinen titulartasunak.

III. TITULUA. LURRALDE ABERASTASUNAREN ERREGISTROKO INFORMAZIO GRAFIKOA

55. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio grafikoa.

1. Esparruen eta higiezin-unitateen irudikapen grafikoa lurzatien planoan Nafarroako Zerga Ogasunak planoa egiteko garaian duen zehaztapen teknikoarekin eginen da eta ezaguna den higiezinen arloko errealitatea kontuan hartuta.

Nafarroako Zerga Ogasunak Nafarroako lurralde osoaren nahiz zati baten ortoargazkiak erabili ahalko ditu hurrengo artikuluan aipatzen den informazio grafikoa gaurkotzeko jardueraren euskarri gia.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak onetsitako formatuan ezartzen diren ezaugarriak betez aurkeztuko diren eraikinetako krokisetan beti jasoko dira oin orokor lau bat eta altuerako irudikapen bat.

Oin orokorrean, altuerak islatuko dira, bai eta irudikatutako elementuaren egoera inguruko lurzatiarekiko edo lurzatiekiko.

Altuerako irudikapena bi modutara egin ahalko da: altuera garrantzitsuetan ebaketa lau horizontal batzuen segida emanez edo hiru dimentsiotan irudikatuz.

3. Hegalkinez edo lurrazpiaz osatutako higiezin-unitateen argazkiek higiezin osoa erakutsi behar dute.

56. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio grafikoa eguneratzea.

1. Higiezinek lurzatien planoan duten irudikapen grafikoa Nafarroako Zerga Ogasunak eguneratuko du, higiezinen arloko errealitate fisiko, ekonomiko edo juridikoa inskribatutakoa ez dela frogatzen duen dokumentazioan oinarrituta, eta, betiere, unean-unean dauden ezaugarri teknikoetara egokituta.

Higiezinen irudikapen grafikoaren aldaketa oro, aurreko paragrafoan aipatzen dena, Nafarroako Zerga Ogasunak eginen du, ofizioz edo kasuan kasuko udalak eskatuta, doikuntza teknikoaren tramitazioa edo Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuen aldaketarako behar den prozedura egin ondoren.

2. Partikularrek oinarrizko datuetan egin gogo duten aldaketa batek, higiezinen irudikapen grafikoa aldatzea baldin badakar, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 25.5 artikuluan xedatutakoarekin bat formalizatu beharko da, titulu honetan adierazitako zehaztapenak kontuan hartuta eta, beharrezkoa denean, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedura tramitatu ondoren.

57. artikulua. Informazio grafiko osagarria.

Nafarroako Zerga Ogasunak eginkizun publikoa modu egokian betetzeko nahiz herritarrek berriz erabili ahal izateko beharrezkoak diren informazio grafiko osagarri guztiak sartu ahalko ditu Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu basean.

Irudikapen horren ondorioz Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu basean inskribatzen diren datuak datu osagarriak izanen dira.

58. artikulua. Proiekzio geografikorako sistema berriak ezartzea edo sare geodesikoen aldaketa.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak aldatu eginen du esparruek lurzatien planoan duten irudikapena proiekzio geografikorako sistema berriak ezarri edo sare geodesikoak aldatzen direnean, bitartekoa beharrezkoa edo komenigarria bada antolamendu juridikoa edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere politikoak betetzeko.

2. Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunaren zuzendari kudeatzaileak ebazpen arrazoitua emanen du, sistema berriaren ezaugarriak edo egin beharreko jarduketak aipatuz bertan; ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

3. Esparruen irudikapenean artikulu honetan ezarritakoaren ondorioz gertatzen diren aldaketen kontra ez da errekurtsorik onartuko.

59. artikulua. Informazio grafikoa udalez gaindiko jarduketa sektorialetara egokitzea.

Nafarroako Zerga Ogasunak erabiltzeko moduan den informazio grafikoa udalez gaindiko jarduketa sektorial batzuetara egokitu ahal izanen du, Nafarroako Zerga Ogasunaren zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpen bidez; ebazpen horretan zehaztuko dira, besteak beste, egin beharreko jarduketarako jarraibideak eta haren ezaugarri teknikoak, prozesua dokumentatzeko modua eta egindako akats teknikoak zuzentzekoa.

Azken Xedapen Bakarra. Garatzeko ahalmena.

Baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari erregelamendu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa