Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 145. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 29an)
Atarikoa
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak 146. artikulutik 158ra bitarte sortu eta egituratu zuen Jarduera Ekonomikoen edo Lizentzia Fiskalaren gaineko Zerga, eta hirugarren xedapen gehigarrian xedatu zuen 1997ko urtarrilaren 1etik aitzina zerga hori eskatuko zela. Maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeak, zerga berri horren tarifak onetsi zituen, baita horiek ezartzeko jarraibidea ere.
Hori guztiagatik eta arestion aipatu 7/1996 Foru Legearen azken xedapenean ezarritako baimena erabiliz, Foru Dekretu honen bidez aipatu zerga horren aplikazioa errazteko arauak eman dira, zerga hori ordainarazteko jardunbidea eta, orobat, sujetu pasiboen obligazio material eta formalak erregulatu dira.
Horrenbertzez, Toki Araubideko Foru Batzordearen aurretiko txostenaz, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko azaroaren hamaikan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua. Jarduera Ekonomikoen Erregistroa. Eraketa eta edukia.
1. Udalek kudeatuko dute Jarduera Ekonomikoen edo Lizentzia Fiskalaren gaineko Zerga beren esku duten Erregistroaren arabera. Erregistro hori urtero prestatuko du Ekonomi eta Ogasun Departamentuak udalerri bakoitzeko eta horretan sartuko dira jarduera ekonomikoak burutzen dituzten sujetu pasibo guztiak biltzen dituzten zentsuak; sujetu pasibo horiek taldekaturik egonen dira kuota motaren arabera, hots kuota nazionala, lurraldekoa edo udalerrikoa, zergaren araberako kuotagatik eta sekzio, dibisio, talde, multzo, epigrafe eta azpiepigrafeen arabera sailkaturik.
Urte bakoitzari dagokion Erregistroa aurreko urteko abenduaren 31n itxiko da eta aipatu urte horretan izandako alta, aldaketa eta bajak bilduko ditu, baita urtarrilaren 31 arte aurkeztutako aitorpenen ondoriozkoak ere, urtarrilaren 1aren aurreko egintzei dagozkienak badira behinik behin.
2. Sujetu pasibo eta jarduera bakoitzeko Erregistroan honako hau agertuko da:
a) Sujetu pasiboaren identifikazio datuak: pertsona fisikoak badira, identifikazio fiskalaren zenbakia eta deiturak eta izena; pertsona juridikoak badira, identifikazio fiskalaren kodea, sozietatearen izen osoa, baita anagrama ere, balego, eta jaraunspen banatugabe, ondasun komunitate edo bertze entitateen izena, izate juridikorik gabe, unitate ekonomikoa edo ezargarritzat jo daitekeen ondare bereizia eratzen badute.
b) Jardueraren helbidea eta sujetu pasiboaren helbide fiskala.
c) Jardueraren izena, multzoa eta jarduera horri dagokion epigrafea edo azpiepigrafea, tributu elementu behar bezala kuantifikatuak, jarduera hori egiteko erabiltzen diren lokalek katastroan duten erreferentzia eta Zergaren tarifak eta jarraibidea ezartzetik ateratako kuota.
d) Eskatu edo emandako salbuespena edo ezar daitekeen bertzelako zerga mozkin oro.
e) Horrez gain, sujetu pasiboak Udalerri berean kokatutako lokal gehiago badu eta horietan jarduera zuzenean burutzen ez badu, lokal horiek Zergaren Jarraibidearen 14. arauko 1. zenbakiaren G letrako h) letrak aipatuak izanik, lokal horiek Erregistroan sarturik egonen dira datu hauekin: katastroaren erreferentzia, azalera, egoera eta Zergaren Tarifak aplikatzearen ondoriozko kuota.
f) Udaleko kuotak badira eta sujetu pasiboak udalerri batean, bakarrik jarduteko zuzenean erabili gabeko lokalak baditu, lokal horiek Zergaren Jarraibearen 14. arauko 1. zenbakiaren G letrako h) letrak aipatuak izanik, lokal horiek aipatu udalerriaren Erregistroan sarturik egonen dira datu hauekin: sujetu pasiboaren identifikazio datuak, sozietatearen helbidea, zein jarduera burutzen den eta lokalak katastroan duen erreferentzia, azalera, egoera eta kuota. Hori hala bada, Erregistroan argi utziko da azalera izeneko tributu elementuaz soilik osatutako kuotak direla.
3. Halaber, Erregistroan sartuko dira sujetu pasiboak, behar den udalerrian helbide fiskalik izan gabe lurraldeko kuotak edo kuota nazionalak ordaintzen dituztela, beti ere udalerri horretan jarduerari atxikitako lokalak badituzte; argi adierazi beharko da zergadun horiek ez daudela beharturik aipatu udalerri horretan zergak ordaintzera.
2. artikulua. Erregistroa jendaurrean jartzea.
Behin Erregistroa prestatu ondoren, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak udalei igorriko die urte bakoitzeko martxoaren 15a baino lehenago.
Erregistroa jendearendako ikusgai jarriko da zergaren ordainarazpena egitea dagokien udaletan, apirilaren 1etik 15era bitarte, biak barne.
Erregistroa jendearendako ikusgai dela jakinarazteko, udalek iragarkiak jarri beharko dituzte Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta 10.000 biztanlez goitiko herrietan baita Foru Komunitatean hedapenik handiena duten egunkarietako batean ere.
3. artikulua. Erregistroaren edukiaren kontrako errekurtsoak.
1. Sujetu pasiboa Erregistroan sartzea edo handik kentzea, baita Foru Dekretu honen 1. artikuluko 2. zenbakian aipatzen diren datuetako baten bat aldatzea ere, d) letran aipatutakoak izan ezik, egintza administratiboak dira eta horien kontra errekurtso arrunta jar daiteke Nafarroako Gobernuan, Erregistroa jendaurrean egoteko epea bukatzen den biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.
Erregistroa argitara emateko iragarkian argi eta garbi azalduko da errekurtso hori jartzeko aukera dagoela.
Aipatu egintzen kontrako errekurtsoa jartzen bada ere, ez dira egintza horien ondoriozko likidazio-egintza bertan behera geldituko.
2. Erregistroaren kontrako errekurtsoak ontzat hartzearen ondoriozko zentsuko egintzak behar den Udalari jakinaraziko zaizkio aipatu Erregistroak aipatzen duen ekitaldiko uztailaren 31 baino lehenago.
4. artikulua. Jardueraren arialdia frogatzea.
Zergak kargatutako jardueretan ari dela zuzenbidean onargarri den edozein baliabideren bidez frogatuko da eta, bereziki, honako hauen bidez:
a) Interesatuak eta bere legezko ordezkariek egin edozein zerga aitorpenarekin.
b) Interesatuak edo bere legezko ordezkariek hala onartuta, eginbidean, ikuskaritza aktan edo bertzelako tributu espediente orotan.
c) Jarduera ekonomiko batean ari dela argi uzten duten iragarki, zirkular, lagin, errotulu edo publizitateko bertze edozein prozedurarekin.
d) Erakunde edo enpresa orok dituen kontabilitateko liburu edo erregistroetatik ateratako datuekin, horien arduradunek edo Administrazioak berak behar bezala ziurtatu ondoren.
e) Agintari orok emandako datuekin, bai norberaren ekimenez, bai Tributu Administrazioak galdaturik eta, bereziki, udalek emandakoekin.
f) Merkataritza eta Industriako Ganbara Ofizialak, Kidego eta Erakunde Profesionalek eta ofizialki onartutako gainerako erakundeek, bai norberaren ekimenez, bai Tributu Administrazioak galdaturik, emandako datuekin.
5. artikulua. Alta emateko aitorpenak.
1. Jarduera Ekonomikoen edo Lizentzia Fiskalaren gaineko Zergaren sujetu pasiboak beharturik daude Zergaren Erregistroan altaren aitorpena egitera.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.1 artikuluko a), b), c) eta f) letretan aipatzen diren sujetu pasiboak ez daude beharturik alta ematera.
2. Aurreko zenbaki hori aipatzen duten aitorpenak bakarka eginen dira, jarduera bakoitzeko bat, Zergaren Jarraibidearen 10. arauaren 3. zenbakian xedatu bezala eta Erregistroa egiteko beharrezkoak diren datuak jarriko dira.
Zuzenean jarduteko erabili gabeko lokalak badaude eta lokal horiek Zergaren Jarraibidearen 14. arauko 1. zenbakiaren G letrako h) letrak aipatutakoak badira, aurreko lerroaldean aipatu aitorpenaz gain, aipatu lokal bakoitzeko aitorpen bana aurkeztuko da; hori hala izanik ere, ondorengo likidazioaren ondorioetarako azalera izeneko tributu elementua bakarrik hartuko da kontutan.
3. Alta emateko aitorpenak jarduera hasi eta hurrengo hamar lanegunetan aurkeztu beharko dira, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak horretarako onetsiko duen ereduaren arabera.
4. Sujetu pasiboa talde, epigrafe edo azpiepigrafe batean edo bat baino gehiagotan sartutako jardueretan aritzen bada eta jarduera horiei tarifetako oharrak edo kuotaren igoera edo murrizketa berekin duen Jarraibidearen arauak aplikagarriak bazaizkie, horren berri eman beharko du berariaz alta emateko aitorpenean eta, orobat, behar diren oharra edo arauak zein diren adierazi.
5. Alta emateko aitorpena jasotzeko eskua duen organoak datu aitortutakoak egiaztatzeko behar den dokumentazioa galda dezake, baita aitorpenean antzemandako akats edo erroreak zuzentzeko eskatu ere.
6. artikulua. Aldaketa egiteko aitorpenak.
1. Zergak kargatutako jardueretan aldaketa fisikoak, ekonomikoak edo juridikoak gertatzen badira eta horiek Zerga hau ukitzen badute, sujetu pasiboak beharturik daude horren berri emanen duen aitorpena egitera eta, bereziki, Jarraibidearen 14. arauko 2. puntuan xedatutakoa kontuan hartzera.
Beti ere, aldaketatzat hartuko da tarifek kuota mota bat baino gehiago esleiturik dutenean sujetu pasiboak egindako aukera aldaketa, berdin udalekoa, lurraldekoa edo nazionala izanik ere. Aukera horiek hartzen direnean, Jarraibidearen 10, 11 eta 12. arauetan aurreikusitako ahalmenek hurrengo zergalditik aitzina sortuko dituzte ondorioak.
Hori hala izanik ere, aurreko lerroaldean aipatzen diren sujetu pasiboek nahi badute aukeratu duten kuota motarako ezarritako ahalmenak aplikagarri izatea arestiko lerroaldean adierazi den aukera hori gauzatzen den unetik hasita, alta eta baja emateko behar diren aitorpenak aurkeztu beharko dituzte eta honako honetan ez dira aldaketatzat hartuko.
2. Aurreko zenbakian aipatzen diren aitorpenak bakarka aurkeztuko dira, hau da, jarduera bakoitzeko bat, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak horretarako onetsiko duen ereduan.
3. Tributu aldaketak Jarraibidearen tarifa edo arauen oharren aplikazioarekin zerikusirik badu, horren berri eman beharko da berariaz aitorpenean eta ohar edo arau horiek zein diren ere adierazi beharko da.
4. Aldaketa egiteko aitorpenak aurkezteko hilabeteko epea izanen da, aldaketa hori gertatzeko egoera jazotzen den egunetik aitzina.
5. Aldaketa egiteko aitorpena jasotzeko eskua duen organoak datu aitortutakoak egiaztatzeko behar den dokumentazioa galda dezake, baita aitorpenean antzemandako akats edo erroreak zuzentzeko eskatu ere.
7. artikulua. Baja emateko aitorpenak.
1. Jarduera batean ari diren Zergaren sujetu pasiboak, Erregistroan inskribaturik egonda, beharturik daude jardueran baja eman dutela dioen aitorpena egitera, horretarako Ekonomi eta Ogasun kontseilariak onetsiko duen ereduaren arabera.
2. Baja emateko aitorpenak hilabeteko epean aurkeztuko dira, jarduera bertan behera uzten denetik hasita.
Sujetu pasiboa hiltzen bada, haren kausadunek baja emateko aitorpena aurkeztuko dute, heriotza gertatu eta hilabeteko epean.
3. Baja emateko aitorpena jasotzeko eskua duen organoak jarduera bertan behera uzteko aditzera eman den arrazoia egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio osagarria galda dezake, baita antzemandako akats edo erroreak zuzentzeko eskatu ere.
8. artikulua. Aitorpenak aurkezteko tokia.
Alta edo baja emateko edo aldaketa egiteko aitorpenak, Zerga ordainarazi behar duen Udalaren bulegoetan aurkeztuko dira.
9. artikulua. Zerga salbuespen eta onurak.
1. Jarduera Ekonomikoen edo Lizentzia Fiskalaren gaineko Zergari lotutako jardueran aritu behar duten sujetu pasiboek uste badute jarduera hori Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.1 artikuluko c) eta e) letretan adierazi salbuespenen batek edo izaera errogatutako bertzelako salbuespen edo hobariren batek babesturik dagoela, Erregistroan alta emateko aitorpenean zerga onura hori ezagutzeko eskaria egin beharko dute.
2. Eskatutako onura eman edo ukatzen duten erabakien kontra, 2/1995 Foru Legearen 158. artikuluan adierazi jardunbidearen arabera onartuak izanik, Foru Dekretu honetako 14. artikuluan adierazi errekurtsoak jar daitezke.
Udalek hurrengo urteko urtarrilean Ekonomi eta Ogasun Departamentura igorriko dute ziurtagiria eta horretan agertuko dira urtean eman eta ukatutako salbuespen guztiak.
Data hori iraganik, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, eskatutako salbuespena eman edo ukatzen duen komunikazio argirik jaso ez badu, Erregistroan tributu elementuak eta kuotak agertuko dira; hori hala izanik ere, salbuespena eskatu dela ere agertuko da.
10. artikulua. Alta eman, baja eman edo aldaketa egiteko aitorpenen ondorioak.
1. Alta emateko aitorpena egiten denean Udalak behar den likidazioa eginen du eta sujetu pasiboari jakinaraziko dio, horrek behar den dirusarrera egin dezan.
2. Zergaldi bati dagokion baja emateko edo aldaketa egiteko aitorpenak ondorioak sortuko ditu hurrengo zergaldirik hurbilenari dagokion Erregistroan.
3. Jarduera bertan behera utzi dela aitortu den eguna aitorpena aurkeztu den ekitaldiaren aurreko ekitaldikoa bada eta aitorpen hori Foru Dekretu honetako 7. artikuluan adierazi epean aurkeztu ez bada, aitortzaileak frogatu beharko du egun horretan utzi zuela bertan behera jarduera, zuzenbidean onartzen den ezein frogabide erabiliz.
Hori hala bada, aitorpena jasotzen duen organoak bajaren berri eman beharko dio, data frogaturik gelditu dela adieraziz, Zerga likidatu eta biltzeko ardura duen organoari, jarduera bertan behera uzteko aitortu den eguna eta gero egin ahal izan diren likidazioen kontra jar daitezkeen errekurtsoak deusetan kaltetu gabe.
11. artikulua. Zentsuetan sartu, aldatu edo horietatik kentzea ofizioz.
1. Udal eskudunak, ezein baliabidez, jakiten badu sujetu pasibo bat Zergak kargatutako jardueretan lanean hasi dela, jarduera aldatu duela edo bertan behera utzi duela eta sujetu horrek horren aitorpenik ez duela egin, interesatuari jakinaraz diezaioke eta hamabortz eguneko epea eman zuzenbidean bidezkotzat jo ditzakeen alegazioak egin ditzan.
Epe hori iraganik eta egindako alegazioak ikusirik, Udalak, hala behar denean, ofizioz Zergaren zentsuetan sartu, jardueraz aldatu edo handik baztertuko du eta egindakoaren berri emanen dio sujetu pasiboari.
2. Foru Dekretu honetako 16. artikuluan onartzen zaizkion ikuskaritza eskumenak deusetan ukatu gabe, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ere ofizioz Zergaren Erregistroan sartu, jardueraz aldatu edo bazter dezake sujetu pasiboa, 1. zenbakian adierazi jardunbide berari jarraikiz.
12. artikulua. Ofizioz sartu, aldatu edo baztertzearen ondorioak.
1. Sujetu pasiboa ofizioz Erregistroan sartu duela jakinarazi ondoren, Udalak behar den likidazioa eginen du.
2. Ofizioz egindako aldaketa edo baztertzeek ondorioak sortuko dituzte hurrengo zergaldirik hurbilenari dagokion Erregistroan.
13. artikulua. Zentsuko egintzen eta likidazio egintzen jakinarazpena.
1. Erregistroko datuak sartu, baztertu edo aldatzeko egintzak banan-banan jakinaraziko zaizkio sujetu pasiboari. Hala ere, egintza horien edukia sujetu pasiboek berek alta eman, baja eman edo aldaketa egiteko egindako aitorpenen ondorio bada, egintza horiek aurkeztu diren unean jakinarazitzat joko dira.
2. Udalak likidazioa igorriko dio sujetu pasiboari, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 78. artikuluan adierazi betebeharrekin bat etorriz.
Tributuaren likidazioa egiteko eskumena duen Udalak, arestiko zenbakiak aipatzen dituen zentsu-egintzekin batera bidezkoak litezkeen likidazio-egintzak igor ditzake.
14. artikulua. Likidazio-egintzen kontrako errekurtsoak.
Udalek egindako likidazio-egintzen kontra jo daiteke Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko bigarren kapituluan ezarri moduan.
15. artikulua. Kuotak sartzea.
Zergaren kuotak ordainagiri bidez ordainduko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko laugarren kapituluko bortzgarren sekzioan xedatutakoaren arabera.
16. artikulua. Frogantza eta ikerketa.
1. Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren kargu dago Jarduera Ekonomikoen edo Lizentzia Fiskalaren gaineko Zerga ikuskatzea.
Ikuskaritzak, bere kargu dituen eginkizunen baitan, Zerga horri dagozkion jarduketak frogatu eta ikertzeko lanak bere gain hartuko ditu eta tributu ikuskapenaren jarduketek eratorritako zentsuetan dauden datuak sartu, kendu edo aldatuko dituela jakinaraziko du eta hori egin bezain agudo horren berri emanen die ukitutako udalei.
2. Hala ere, Foru Dekretu honetako 11. artikuluan xedatutakoa deusetan kaltetu gabe, hala eskatzen duten udalei Zerga hau ikuskatzeko eginkizunak esleitzen ahal zaizkie, hori bai, soilik udal kuotaren zergari dagokionez.
Eskabidea aurkeztu beharko da, indarra hartzea nahi den zergaldia hasi baino gutxienez bi hilabete lehenago.
3. Zentsuetan dauden datuak sartu, kendu edo aldatzeko ikuskapen jarduketetatik eratorritako egintzen kontra:
a) Egintza horiek Foru Komunitateko Tributu Administrazioak ematen baditu, errekurtso arrunta jar daiteke Nafarroako Gobernuan.
b) Egintza horiek udalek ematen badituzte, Foru Dekretu honetako 14. artikuluan xedatutakoaren arabera inpugna daitezke.
17. artikulua. Arau-hausteak.
1. Foru Dekretu honetako 5, 6 eta 7. artikuluetan aipatzen diren aitorpenak aurkezten ez badira eta horietarako ezarri epeak betetzen ez badira, tributu arau-hauste arinak izanen dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 94.1 artikuluaren arabera; zehapena, hauxe izanen da: horietako bakoitzeko, 1.000 pezetatik 150.000 pezeta arteko isuna, aipatu Foru Lege horretako 98.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Gainerakoari dagokionez, aipatu Foru Lege horretako lehen tituluko laugarren kapituluko seigarren sekzioan xedatutakoari jarraituko zaio.
18. artikulua. Zentsuko informazioa trukatzea.
Hilabete bakoitzeko lehen hamar egunetan, aurreko hiruhilabeterik hurbilenean zentsuetan gertatu diren aldaketen berri emanen diote udalek Ekonomi eta Ogasun Departamentuari.
Arestiko lerroaldean aipatzen den igorpen hori Ekonomi eta Ogasun kontseilariak nahi bezala eginen da.
Lehen Xedapen Iragankorra
eko 2/1995 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorreko 1. zenbakiaren bigarren lerroaldean ezarritakoaren arabera eta Jarduera Ekonomikoen Erregistroa 1997ko urtarrilaren 1a baino lehenago eratzen hasteko, Erregistro hori eratu bitartean Zergak kargatutako jardueretan ari diren sujetu pasiboak beharturik daude Erregistro horretan alta emateko aitorpenak egitera.
Erregistroa eratuko da Lankidetzarako Abiaburuko Akordioan ezarri moduan, hots, Jarduera Ekonomikoen Erregistroa eratzeko beharrezkoak diren lanak egiteko Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren artean sinatutakoan.
Alta emateko aitorpenak aurkezteko epea 1996ko azaroaren 20an hasi eta abenduaren 20an bukatuko da; Erregistroa eratzen ari den bitartean eta abenduaren 20a eta gero Zergak kargatutako jarduerari hasmenta ematen diotenek 1997ko urtarrilaren 31 arteko epea izanen dute alta emateko. Gainerakoan, Foru Dekretu honetako 2 eta 3. artikuluetan xedatutakoa aplikagarri izanen da.
2. Arestiko zenbakian aipatzen diren alta emateko aitorpenak Zerga ordainarazteko ardura duen Udalean aurkeztu beharko dira; hori hala izanik ere, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak baimena eman dezake enpresa edo lanbide mailako sektore edo intereseko entitate, erakunde eta organismoek Foru Komunitateko Administrazioaren egoitzetan aurkezteko.
eko 2/1995 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriko 2. zenbakian ezarritakoak ondorioak izan ditzan, Jarduera Ekonomikoen edo Lizentzia Fiskalaren gaineko Zerga aplikatzen hasten den egunean, Industri, Merkataritza, Zerbitzu, Lanbide, Arte eta Kirol Jardueren Lizentzia Fiskalean onura fiskalik badute, alta emateko aitorpenetan horren berri eman beharko dute.
4. 1996. urtean Zergaren Erregistroan alta emateko aitorpena aurkeztu duten zordunek jarduera bertan behera uzten badute edo, Foru Dekretu honetako 5. artikuluari jarraikiz, jarduera aldatzeko aitorpena aurkeztera beharturik badaude, jarduera bertan behera utzi edo aldaketa gertatu zen egoera eman zen egunetik hasita hilabeteko epean, aurkeztu beharko dute baja eman edo aldaketa egiteko aitorpena. Aitorpen horiek kontutan hartuko dira 1997ko ekitaldiko Zergaren Erregistroa eratzen denean.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Jarduerak tarifetan kuota bat baino gehiago, udalekoa, lurraldekoa edo nazionala, esleiturik badu, sujetu pasiboak horietako edozein aukera dezake alta emateko aitorpena aurkezten duenean, lehen xedapen gehigarriko 1. zenbakian aipatu bezala.
Aukera hori behin-behinekoa izanen da eta irmo bihurtuko da hilabeteko epean ordenantza fiskaletako azkena argitaratzen den egunetik hasita; ordenantza horiek udalerri orotan aplikatu beharreko indizeak onetsiko dituzte eta zordunak egindako aukera uki dezakete. Egun hori arte, zordunak egin aukera aldatzen ahalko du aldaketa emateko aitorpen bat edo bat baino gehiago aurkeztuta; hala egiten badu, 1997ko likidazioan hartuko dira kontutan. Aukera hori gauzatzeko azkeneko eguna 1997ko abuztuaren 1a izanen da.
Arestiko lerroaldean aipatzen diren aitorpen horiek Udaleko bulegoetan aurkeztuko dira, hau da, hasieran alta ematekoak zein udaletan aurkeztu ziren, han.
Hirugarren Xedapen Iragankorra
Arestiko xedapen iragankorren arabera beteko diren aitorpenak, alta edo baja eman edo aldaketa egitekoak, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak onetsiko dituen ereduetan aurkeztuko dira.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Jarduera Ekonomikoen edo Lizentzia Fiskalaren gaineko maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen xedapen gehigarrian ezarritakoaren ondorioetarako, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak urtero Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbara Ofizialari Jarduera Ekonomikoen Erregistroaren edukiaren berri emanen dio, hori bai, kargatutako jarduerak burutzeko erabiltzen diren lokalen azalera dela eta eratutako tributu-elementuaren zenbatekoa zein den adierazi gabe.
Azken Xedapenetan Lehena
1. Ekonomi eta Ogasun kontseilariari baimena eman zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.