Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 14. NAOn argitaratua, otsailaren 1ean. Aldaketak: 13/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa)
Atarikoa
Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuko Langileen Lansariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduak bere 28. artikuluan xedatzen du zerbitzua dela-eta bidaiak egin beharra duten funtzionarioek dieta eta kilometrajeagatik ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarriko diren diru kopuruak jasoko dituztela.
1995eko abenduaren 1ean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek sinatu eta Administrazioaren modernizazioa eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lan- baldintzak 1996-1999 eperako ezartzen dituen akordioak aipatu eperako zenbait ordainketa urtero eguneratzeko formulak finkatu zituen.
1999ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1998 Foru Legea onetsi ondoren, bertan lan-baldintzei buruz aipatu akordioan bildutako irizpideak agertzen baitira, bidezko da dietengatiko ordainei dagozkien kopuruak eguneratuko dituen Foru Agindu bat ematea.
Bertzalde, 1995eko abenduaren 1eko aipatu Akordioak zerbitzua dela-eta egindako kilometro bakoitzeko pezeta bateko igoera ezarri zuen 1999. urterako.
Horiek horrela eta Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoek langileriaren arloan dituzten eskurantzak finkatzen dituen apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz, agindu dut:
Lehena (indargabetua)
Bigarrena (indargabetua)
Hirugarrena
Zerbitzua egiteko nork bere ibilgailuan egindako kilometro bakoitzeko ordaina 37 pezetatan finkatzen da, ororentzat berdin, ibilgailua edozein indar eta motatakoa dela ere.
Laugarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 1998ko urtarrilaren 1era ekarri beharko dira haren ondorio ekonomikoak.
Bosgarrena
Indarrik gabe utzi da Lehendakaritza eta Barne kontseilariak urtarrilaren 27an emaniko 6/1998 Foru Agindua eta, orobat, Foru Agindu honetan xedatzen denaren aurka jotzen duten maila bereko edo baxuagoko xedapenak.