Castellano | Euskara | Français | English
116/1992 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 17KOA, LEHENDAKARITZA KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEK OHIZ KANPOKO ORDUETAN LAN EGITEKO BEHAR DIREN MUGA ETA BETEBEHARRAK EZARTZEN DITUENA.
(1992ko 113. NAOn argitaratutako testua, irailaren 7an)
Atarikoa
Uztailaren 4eko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Lansariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduak I. Tituluko IV. kapituluan, 3. atalean, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek ohiz kanpoko orduetan lan egiteagatiko konpentsazioa arautzen du eta xedatzen du ohiz kanpoko orduetan lan egiteak konpentsazio ekonomikoa edo, zerbitzuko beharren arabera, oporraldiko konpentsazioa izanen duela, lanean ematen ahal diren ohiz kanpoko orduen kopurua zehazten ez delarik.
1992.eko otsailaren 26an sinatutako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 1992. eta 1993. urteetarako laneko baldintzei buruzko Akordioarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hitz eman zuen bertako langileek lanean ematea zuten ohiz kanpoko orduen kopuruan mugak jarriko zituela eta urtean berrogeitamar orduko muga ezarri zuen. Horren salbuespenak ohiz besteko eta premiazko lanak edota izurrite eta beste kalte batzuk aurrikusi edo konpontzea litzateke.
Aipatu hitz-ematea gauzatzeko dagokion Foru Agindua eman behar da eta bertan ezarri Foru Administrazioa eta horren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek ohiz kanpoko orduetan lan egiteko behar dituzten muga eta betebeharrak.
Horrenbestez, Lehendakaritzako Kontseilariak, agindu du:
1. artikulua
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren langileek ezarri lanaldi orokorretik kanpo ematen diren zerbitzuak, urte eta langile bakoitzeko, ez dira berrogeitamar baino gehiago izanen.
2. Ohiz kanpo ematen ahal diren orduen kopuruan ezarritako muga hori ez da aplikagarri izanen behar bezala justifikatutako aparteko kasuetan, hau da, langileek ohiz besteko edo premiazko lanak egiten edota izurrite edo beste kalte batzuk aurrikusi edo konpontzen dihardutenean.
2. artikulua
Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak emanen du Ebazpen bidez ohiz kanpoko orduetarako baimena. Aurreko artikuluan ezarri ordu kopuruen muga gaindituz gero, Ebazpenean adieraziko da ordu horiek ohiz besteko edo premiazko lanak egiteko edota izurrite edo beste kalte batzuk aurrikusi edo konpontzen beteko direla eta egin behar diren lanak, tokia eta, gutxi gora behera, lana burutzeko data zehaztuko dira.
3. artikulua
1. Aurreko artikuluan ezarri izapidaketak jarraikiz emandako ohiz kanpoko orduak konpentsazio ekonomikoa edo oporraldiko konpentsazioa izanen dute, indarra duen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Lansariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarri bezala.
2. Aurreko atalean azaldu izapidaketak jarraitu gabe emandako ohiz kanpoko orduak ez dute konpentsazio ekonomikorik izanen.
4. artikulua
Behar den Departamentuko Idazkari Teknikoak edo behar den Erakunde Autonomoko organo baliokideak hilabetero igorriko du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira ohiz kanpoko orduak ematen aritu diren langileen izen zerreda, langile bakoitzak emandako orduak zehazten duena, eta, horrekin batera, ohiz besteko zerbitzu horietarako baimena ematen duten Ebazpenak.
5. artikulua
Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, hiru-hilabete bakoitzeko, Langileen Ordezkariei, Langileen Batzordeei, eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen zerbitzuko langileen Enpresa Batzordeei informazioa emanen die, langileek emandako ohiz kanpoko orduei buruzkoa, Departamentu, Zerbitzu, Atal eta Bulegoen arabera sailkaturik.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hartuko du indarra.