Castellano | Euskara | Français | English
169/2013 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 5EKOA, LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNEKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ EZARTZEN DA NAFARROAKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUKO KIDEGOETAKO LANGILE FUNTZIONARIOEK ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO ZER KASUTAN, SALBUESPENEZ, JASO DITZAKETEN BEREN ORDURA ARTEKO ORDAINSARIEN EHUNEKO EHUN
(2013ko 138. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 19an)
Atarikoa
Justizia Administrazioaren Arloko Aurrekontu-eraginkortasuneko Neurriei buruzko abenduaren 27ko 8/2012 Lege Organikoak beste idazketa bat eman dio uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 504.5 artikuluaren zazpigarren lerroaldeari (uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, Botere Judizialari buruzkoa). Idazketa berriaren bidez aldatzen dira aldi baterako ezintasun egoeran dauden Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionarioen ordainsariak, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretura egokitzeko (uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua, Aurrekontu-egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzkoa).
Aipatutako 8/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen iragankorrak 504.5 artikuluaren zazpigarren lerroaldearen indarra hartzea geroratu egiten du, harik eta organo eskudunak ezartzen duen arte zer kasutan, salbuespenez eta behar bezala justifikaturik, ezar daitekeen osagarri bat, ordura arteko ordainsarien gehienez ere ehuneko ehun jasotzeko, betiere gehienez ere sei hilabetez.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Justiziako Mahai Sektorialean negoziatu ondoren, eta Justizia Administrazioko langileen ordezkariekin akordioa lortu ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten ditu) esleitzen dizkidaten eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. Xedea eta aplikazio-eremua.
Foru agindu honen xedea da ezartzea Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako langile funtzionarioek aldi baterako ezintasuneko zer kasutan, salbuespenez, jaso dezaketen osagarri bat, beren ordura arteko ordainsarien ehuneko ehun egin arte.
2. Salbuespenezko kasuak.
Hona hemen salbuespenezko kasuak:
A) Ospitalizazioa. Hau da, eguneko ospitaleetan egiten den osasun laguntza espezializatua, barneratze araubideko ospitalizazioa eta etxeko ospitalizazioa, maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 13.2 artikuluaren b, c) eta d) letretan aipatuak, hurrenez hurren (maiatzaren 28ko 16/2003 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoa).
B) Irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak aipatutako zerbitzu orokorren zorroko edozein tratamenduk ekarritako ebakuntza kirurgikoa (irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta zorro hori eguneratzeko prozedura ezartzen dituena). Ebakuntza kirurgikoen artean daude barneratzea edo ospitalizazioa dakartenak eta araubide anbulatorioko ebakuntza kirurgikoak (kirurgia anbulatorioa, handia eta txikia).
C) Aldi baterako ezintasunak, diagnostikorako miaketa inbasiboen ondoriozkoak, esaterako endoskopiak, kolonoskopiak, gastroskopiak, fibrobronkoskopiak, kateterismoak eta garrantzi bereko beste batzuk.
D) Prozesu onkologikoen ondoriozko aldi baterako ezintasunak.
E) Haurdunaldian, ugalketa lagunduko teknika bidezko tratamenduan edo bularra emateko aldian hasitako aldi baterako ezintasunak, baita haurdunaldiko edo bularra emateko aldiko arriskua ez dakartenean ere.
F) Haurdunaldiaren borondatezko etendura, farmakologikoki eragina, haurdunaldiko lehenbiziko hiruhilekoan.
G) Beste eritasun larri batzuk eta/edo nahitaez aitortu beharreko eritasunak. Hau da, helduek izan ditzaketen prozesu patologikoak, uztailaren 29ko 1148/201 Errege Dekretuaren I. eranskinean jasoak (uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretua, minbiziak edo beste eritasun larri batek jotako adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa aplikatzeko eta garatzeko, Gizarte Segurantzaren sistemaren barnean).
Halaber, atal honen barnean sartzen dira kardiopatia iskemikoak eta abenduaren 28ko 2210/1995 Errege Dekretuaren I. eta III. eranskinetan jasotako gaixotasunak (abenduaren 28ko 2210/1995 Errege Dekretua, Zaintza Epidemiologikorako Sare Nazionala sortzen duena).
Orobat, funtzionarioaren osasun arreta zein medikuri dagokion, hark larritzat jotzen dituen prozesu patologikoak.
H) Genero indarkeria. Kasu honen barnean sartuko da Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionario batek jasandako genero indarkeriak ekarritako egoera fisiko nahiz psikologiko baten ondoriozko aldi baterako ezintasuna.
I) Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten langileek dutenean aldi baterako ezintasun egoera, betiere aldi baterako ezintasun egoera desgaitasun horren zuzeneko ondorio denean.
Aldi baterako ezintasun egoerak ebakuntza kirurgikoa edo ospitalizazioa dakarten kasuetan, egoera horren hastapenetik jaso beharreko ordainsariak izanen dira ezintasunaren aurreko hilabeteari zegozkion ordainsariak adina, baita ebakuntza kirurgikoa edo ospitalizazioa aurretik edo ondoren izaten denean ere, baldin eta prozesu patologiko bera bada, eta hartan etenik izan ez bada.
J) Kontingentzia profesionalek ekarritako aldi baterako ezintasun egoerak.
3. Frogagiriak.
Egoera horietako batean dauden langile funtzionarioek honela frogatu beharko dute:
A) Ebakuntza kirurgikoa edo ospitalizazioa.
Funtzionarioak, ahal izatera bajaren hasierako partearekin batera, eta betiere ospitalizaziotik edo ebakuntzatik hogei eguneko epean, arreta ematen dion medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, edo, bestela, tratamendua hartzen duen ospitalearena, tratamendua hartzen ari dela frogatzeko.
Ebakuntza kirurgikoa denean, ziurtagiriak berariaz adieraziko du ea “Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzuen onarrizko zorroko tratamendua” edo bestelakoa den.
Ebakuntza kirurgikoa edo ospitalizazioa geroago izaten bada, interesdunak frogatu beharko du, dagokion ziurtagiriaren edo txosten medikoaren bidez, “prozesu patologiko berari dagokiola, eta ez dela hartan etenik izan”.
B) Erradioterapia eta kimioterapia tratamenduak.
Funtzionarioak, ahal izatera bajaren hasierako partearekin batera, eta betiere ospitalizaziotik edo ebakuntzatik hogei eguneko epean, arreta ematen dion medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, edo, bestela, tratamendua hartzen duen ospitalearena, tratamendua hartzen ari dela frogatzeko.
C) Haurdun dauden funtzionarioak.
Bajaren hasierako partearekin batera, funtzionarioak parte hori ematen duen medikuaren txosten bat aurkeztu beharko du, adierazten duena funtzionarioa haurdun dagoela.
D) Eritasun larriak.
Funtzionarioak, ahal izatera bajaren hasierako partearekin batera, eta betiere hogei eguneko epean, dagokion inguruabarra frogatzen duen ziurtagiri edo txosten medikoa aurkeztu beharko du.
E) Genero indarkeriaren biktimak.
Norbera genero indarkeriaren biktima dela izatea abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aurreikusitakoarekin bat egiaztatuko da (abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Osorako Neurriei buruzkoa).
4. Ondorioak.
Foru agindu honek 2013ko ekainaren 29tik sortuko ditu ondorioak.
5. Argitaratzea.
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.