Castellano | Euskara | Français | English
7/1995 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 23KOA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILERIAREN ESTATUTUAN ETA HORI GARATZEKO ERREGELAMENDU-ARAUETAN EZARRITAKO LANSARIEN SISTEMA NOLA APLIKATU ARAUTZEN DUEN AZAROAREN 2KO 17/1994 FORU LEGEA FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAN GARATU ETA BETEARAZTEKO MODUA ZEHAZTEN DUENA.
(1995eko 11. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 25ean)
Atarikoa
Foru Dekretu hau 1995.eko urtarrilaren 25eko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Zenbaki honetan, Dekretua garatzen duen urtarrilaren 25eko 17/1995 Foru Aginduaren ondoan argitaratzen da berriro ere, biak batera ager daitezen.
Azaroaren 2ko 17/1994 Foru Legeak Nafarroako Administrazio Publikoei agintzen die Langileriaren Estatutuan eta hori garatzeko emandako erregelamendu‑arauetan ezarritako lansarien sistema aplikatzeko arauak eman ditzaten, bosturteko bereziaren auzian eta sistema horren aplikazio moduan zuzeneko eragina duten bestelako auzietan izan diren erabaki judizial irmoak betearazteko. Auzi horiek Foru Lege haren azalpen zatian adierazi ziren. Foru Lege horretan azaltzen da, halaber, ukitutako funtzionarioek ordaintzeko jarraitu beharreko bidea eta nominetatik hilero deskontatu beharreko kopurua ere, eta Xedapen Gehigarrian Administrazio horiei ahalmena ematen zaie Legea betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzaten.
Beharrezko eragiketak egin ondoren eta 1984.eko urtarrilaren 1etik 1994.eko abenduaren 31 bitarteko aldiari dagozkion banakako likidazioak, bosturteko bereziaren erregularizazioa eta Foru Lege hartan bilduriko gainerako alderdiak ere jasotzen dituztenak, kalkulatu ondoren, bidezko da Foru Dekretu bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionarioen kasuan, likidazio horiek egiteko modua eta epeak garatu eta zehazteko.
Horrenbestez, Lehendakaritza Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko urtarrilaren hogeita hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
1. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Estatutuan eta hori garatzeko erregelamendu‑arauetan ezarritako lansarien sistema bere zerbitzuko funtzionarioetan aplikatzeari ekinen dio, azaroaren 2ko 17/1994 Foru Legean eta Foru Dekretu honetan xedatutakoa betearazteko asmoz.
2. artikulua
Aipatu erregularizazioak, funtsean, bi ondorio nagusi izanen ditu:
1. Bosturteko bereziaren prozesuan epaileek emandako erabaki irmoak betearaztea. Horren ondorioz, antzinatasunaren sarian zenbait aldaketa izanen dira eta ukitutako funtzionarioei 1984.eko urtarrilaren 1ean zuten hasierako gradua aldatuko zaie. Gainera, 1985.etik 1991.era arte, bi urteak barne, izan diren gradu igoerak adieraziko dira. Horri guztiari behar bezalako onespena emanen zaio eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.
2. 1990.eko abenduaren 5ean Nafarroako Gobernuak harturiko Erabakiaren ondorioz funtzionarioen aldekoak ez ziren likidazioak ordaindu beharra, Erabaki horren 3. atalean xedatutakoari jarraikiz.
3. artikulua
Erregularizazioaren emaitza ukituriko funtzionarioei banaka jakinaraziko zaie. Bertan, norberaren likidazioa eta, behar balitz, horren ondotik jaso edo ordaindu beharreko zenbatekoa, 1984.eko urtarrilaren 1etik 1994.eko abenduaren 31 bitarteko aldiari dagokiona, adieraziko dira.
4. artikulua
1. 1995.eko urtarrilean arestian adierazitako eragiketen ondorioz ukituriko funtzionarioen nominak erregularizatuko dira.
2. 1995.eko otsaileko nominan, Foru Komunitateko Administrazioak ordainduko ditu, oso‑osorik eta batera, funtzionarioen aldekoak diren likidazioen diru‑kopuruak.
3. Otsaileko nominetatik aurrera, orobat, Foru Komunitateko Administrazioaren aldekoak diren likidazioen aldera, ihardunean dauden funtzionarioei aplikatu behar zaizkien deskontuak egiteari ekinen zaio, azaroaren 2ko 17/1994 Foru Legean zehazturiko irizpide eta zenbatekoen arabera.
5. artikulua
1. Foru Komunitateko Administrazioaren aldeko likidazioetan, langilea jubilaturik badago edo inolako ordainsaririk edo pentsiorik jasotzen ez badu, zor duen dirua itzultzeko behar diren baliabideak ezarriko dira kasuan‑kasuan, azaroaren 2ko 17/1994 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
2. Zorraren titularra den funtzionarioa hil baldin bada, haren erantzukizuna bizirik dagoen ezkontidearen gain izanen da edo bestela, legezko erantzule diren oinordekoen gain.
6. artikulua
Aurreko artikuluetan adierazitakoa gorabehera, ordaintzeko likidazioa duten funtzionarioek Foru Komunitateko Administrazioarekin duten zorra oso‑osorik ordaindu ahalko dute batera, hori eskatzen dutenean adieraziko zaien prozedurari jarraikiz.
7. artikulua
Azaroaren 2ko 17/1994 Foru Legean eta Foru Dekretu honetan zehazturiko epe eta baldintzen arabera, borondatezko epean ez ordaintzeak ordaintzeko gelditzen den guztia iraungitzea ekarriko du eta, hortaz, hura kitatu arte legozkiokeen korrituak ordaindu beharra. Hori guztia Nafarroako Ogasun Publikoak premiamenduzko administrazio bidean eskatu ahalko du.
Azken Xedapenetan Lehena
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar den xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean.