Castellano | Euskara | Français | English
280/1992 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 2KOA, BESTE ADMINISTRAZIO PUBLIKO BATETIK ETORRI ETA FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUAN IZENDAPEN LIBREKO KARGUREN BAT, POLITIKOA NAHIZ ALDI BATERAKOA, DUTEN LANGILEEI ANTZINATASUNARENGATIK DAGOZKIEN LANSARIAK ORDAINTZEKO ERIZPIDEAK EZARTZEN DITUENA.
(1992ko 113. NAOn argitaratutako testua, irailaren 18an)
Atarikoa
Funtzio Publikoa Erreformatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1094 Legearen 29.2 artikuluak ezartzen du zerbitzu berezietan dauden funtzionariek, libreki izendaturiko karguren bat, politikoa nahiz aldi baterakoa, dutenak barne, egiazki betetzen ari diren kargu edo lanpostuari dagozkion lansariak jasoko dituztela, ez, ordea, funtzionari izateagatik legozkiekeenak, beti ere funtzionari gisa izan ditzaketen hiru-urtekoak jasotzeko eskubidea ezertan ere kaltetu gabe.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen Estatutuaren 24. artikuluak antzeko xedapenak biltzen ditu, ihardunean ari direneko Administrazio Publikoan ez beste batean karguren bat, politikoa nahiz aldi baterakoa, betetzen duten funtzionariei dagokienean.
Egoera honetan dauden funtzionariek aitortua duten antzinatasuna jasotzeko eskubidea argi izanik ere, eztabaidagarri da ordainketa hori zein Aurrekonturen kargura egin behar den: hots, kargu politikoa nahiz aldi baterakoa betetzen ari deneko Administrazioaren kontura ala ihardunean zegoeneko Administrazioaren kontura.
Estatuko Administrazioan zalantza bera sortu delarik, Kontuhartzailetza Orokorra eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eskatu zaie txosten bana prestatzea eta bertan biek adierazi dute antzinatasuna ordaintzeko beharra funtzionaria zerbitzu berezietan dagoeneko Zentru, Atal edo Erakundeari dagokiola.
Txosten horietan adierazten da beharkizunak, horiek beraiek eskubidez ekartzen dituzteneko Legeek, negozio juridikoek eta egintza edo ekintzek sortzen dituztela ez, ordea, aurrekontuek. Betebehar horiei aurre egiteko dirurik ez dagoenean, aurrekontuak aldatu beharko dira, bainan ezin izanen da, inolaz ere, onartu Entitate batek beharkizun horiei uko egitea, aurrekontuetan diru aski ez dagoela argudiatuz.
Hori horrela, Lehendakaritza Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun ea laurogeitamabiko irailaren bian harturiko erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan izendapen libreko karguren bat, politikoa nahiz aldi baterakoa, betetzen duten langileek, kargu horri dagozkion lansariez gain, iharduten zuten Administrazioan aitortutako antzinatasunagatik dagozkienak ere jasoko dituzte.
Horretarako, jatorrizko Administrazioak luzatutako agiria aurkeztu beharko dute, adieraziz, bertan aitortzen zaion antzinatasuna eta horren zenbatekoa eta Administrazio horrek horrelakorik ez duela ordaintzen.
2. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edota haren Erakunde Autonomoan egun karguren bat, politikoa nahiz aldi baterakoa, duten langile guztiei. Horren ondorioak, kargu horien jabetza hartu dutenetik aurrera izanen dira, beti ere eskatutako baldintzak betetzen dituela frogatzen badu.
3. artikulua
Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen kasuan, hortik kanpoko kargu edo lanposturen bat izateagatik zerbitzu berezietan baldin badaude, zein Zentru, Atal edo Erakundetan aritzen diren haretxek ordaindu beharko dizkie aitortutako antzinatasunari dagozkion lansariak. Ordaintzeko beharkizun horri uko egiteko, ez da nahikoa izanen aurrekonturik ez dagoela argudiatzea; arrazoizko ezintasun juridikoa frogatu beharko da.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.