Castellano | Euskara | Français | English
(1994ko 135. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 9an)
Atarikoa
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Estatutua arautzen duen martxoaren 30eko 13/1983 Foru Legearen bidez, bertako funtzionarioen lansarien sistema berria ezarri zen, ondoren, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansariei buruzko Behin‑behineko Erregelamenduak garatu zuena.
Lansarien sistema berri horren inguruan, nolabait loturik zeuden hainbat tirabira azaldu ziren, horietako gehienak azken hamar urteotan izandako auzialdi luze eta korapilatsuen ondorioz argitu direlarik. Aferarik aipagarrienak hauexek izan dira; Lansariei buruzko 1984.eko urtarrilaren 1eko Behin‑behineko Erregelamenduaren atzeraeragintasuna; gradua eta antzinatasunaren saria izeneko kontzeptuak kalkulatzeko bosturteko berezia; martxoaren 30eko 13/1983 Foru Legearen 53. artikuluan aurrikusitako osagarri konpentsatorioaren izaera; eskubide pasiboengatiko murriztapenen erregularizazioa; Estatuko Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako langileen graduaren hasierako asignazioa eta, azkenik, funtzionarioak graduz igotzeko sistema.
Afera horiek guztiak, elkarren osagarri izanik, aldian‑aldian eta behin‑behinekotasunez konpondu ditu Nafarroako Gobernuak, kasuan kasuko Erabakien bidez, gehienak horretarako eskumena zuten Epaitegiek emandako sententziak betearazteko hartu direnak. Horren ondorioz, behin‑behineko likidazio batzuk egin zaizkie funtzionarioei, beti ere Epaitegietan burutu gabe dauden auzien behin‑betiko ebazpenaren menpe daudenak. Hauexek dira Erabaki horietan aipagarrienak: Lansariei buruzko 1984.eko urtarrilaren 1eko Erregelamenduaren atzeraeragintasunari buruz 1987.eko ekainaren 26an harturiko Erabakia; 1988.eko irailaren 26koa eta 1990.eko urtarrilaren 25ekoa, transferitutako funtzionarioei hasiera batez ematen zaien graduari buruzkoak; 1989.eko azaroaren 23koa eta abenduaren 20koa, bosturteko berezia aplikatzeko sistemari buruzkoak eta 1990.eko abenduaren 5ekoa, arestian zehazturiko afera horiek guztiak bildu eta egun horretan behin‑behinekoz aplikatzen dituena.
Arazo horietatik garrantzitsuena bosturteko bereziarena izan da, hala ekartzen ahal dituen ondorio ekonomikoengatik nola epaitegietan izan duen bide luzeagatik. Egun, auzi hori behin‑betikoz ebatzi da, Konstituzio Auzitegiak 1992.eko irailaren 12an emandako sententziaren bidez eta Auzitegi Gorenak eman dituen bestelako erabakien bidez ere, besteak beste legearen intereserako paratu zen ohiz kanpoko helegiteari 1990.eko urtarrilaren 24an eman zitzaion sententzia eta 1993.eko urriaren 27koa, gai horren inguruan emandako azken sententzia alegia.
Kontutan harturik, emandako sententzietatik ondorioztatzen dela ordaintzeko sistema berrian bosturteko berezia aplikatzea ez dela zilegi, salbu eta epaileen erabaki irmoaren bidez finkatua duten funtzionarioen kasuan, bidezko da prozesu honen eta arestian aipaturiko beste horien erabakia behin‑betikoz betearaztea, batetik, indarra duen ordaintzeko sistema hemendik aurrera zuzen aplika dadin eta bestetik, 1984.eko urtarrilaren 1etik honainoko likidazioak, positiboak nola negatiboak, zehazteko.
Ikusirik, prozesu horiek betearazteak duen zailtasuna, funtzionario askok dagokien Administrazioari itzuli behar dioten diru kopurua, azalduriko auzialdietan, alderdi partehartzaile ez baziren ere, zuzenean ukituak izan diren funtzionarioendako ondorio ekonomikoak, eta Nafarroako toki entitateetan nahitaez aplikatu beharra, egoki juzkatu da Foru Lege hau onestea, egungo lansarien sistema aplikatzeko arauak eman eta Nafarroako Administrazio Publikoen aldeko likidazioak itzultzeko bidea finkatzeko.
1. artikulua
Nafarroako Administrazio Publikoek, Langileriaren Estatutuan eta hori garatzeko emandako erregelamendu‑arauetan ezarritako lansarien sistema aplikatzeko arauak emanen dituzte, bosturteko bereziaren auzian eta sistema horren aplikazio moduan zuzeneko eragina duten bestelako auzietan izan diren erabaki judizial irmoak betearazteko.
2. artikulua
1. 1984.eko urtarrilaren 1etik gaur arteko epearen erregularizazioaren ondorioz, funtzionarioen alde suertatzen diren likidazioak kasuan kasuko Administrazio Publikoek ordaindu beharko dituzte.
2. Administrazioaren aldeko likidazioak aktiboan dauden funtzionarioek ordaindu beharko dituzte aldizka, beren nominatik hilabetero honako deskontuak eginen direla, bakoitzaren mailaren arabera:
A maila: 39.000 pezeta hilero.
B maila: 28.000 pezeta hilero.
C maila: 13.000 pezeta hilero.
D maila: 10.000 pezeta hilero.
E maila: 8.000 pezeta hilero.
3. Langile jubilatuek edo jubilatzeko orduan dagokiena oso‑osorik itzuli ez duten langileek, Nafarroako Administrazio Publikoen jubilazio‑saria jasotzen baldin badute, ordainketa nominaren bidez egin beharko dute, aktiboan zeudenean izandako azken mailaren arabera dagokien jubilazio‑sariari honako portzentaia aplikatuta:
A maila: %13.
B maila: %11.
C maila: %8.
D maila: %7.
E maila. %6.
4. Kasuan kasuko Administrazioaren aldeko likidazioa izanik, lansari edo jubilazio‑saririk jasotzen ez dutenen kasuan, edozein izanik horretarako arrazoia, edo jasotzeari uzten dioten egunean kopuru osoa ordaindu gabe baldin badute, aurreko ataletan finkaturiko antzeko irizpideak aplikatu ondoren ateratzen den kopurua itzultzea eskatuko da.
5. Hemen ezarritako baldintzak bete ezean eta hortaz, ukitutakoei leporatzen ahal zaizkien arrazoiengatik, ordainketa zehazturiko epea eta mugaegunetan egiten ez bada, ordaintzeko dagoen kopuru osoaren muga‑betetzea ekarriko du eta horrekin batera, indarra duen legerian aurrikusitako korrituak ordaindu beharra, erabat kitatu arte.
3. artikulua
Aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera egindako likidazioak, administrazio edo epaileen ebazpenaren aginduz edo egindako akatsengatik, zuzendu beharko balira, zuzenketa horrek ez luke inolako ondoriorik izanen Administrazio Publiko horretako beste funtzionarioek egin beharreko likidazioetan.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Nafarroako Administrazio Publikoei ahalmena ematen zaie Foru Lege honetan xedatutakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzaten.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregeren izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadin agintzen dut, eta hiritar zein agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.