Castellano | Euskara | Français | English
17/1995 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 25EKOA, 1984.EKO URTARRILAREN 1EAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN FUNTZIONARIOEK ZUTEN HASIERAKO GRADUA ZEHAZTEKO ZERRENDA ONETSI, HAIEN ANTZINATASUNA, 1985, 1986, 1987, 1988, 1989, 1990 ETA 1991.EKO URTARRILAREN 1EKO DATUEN ARABERAKOA, FINKATU ETA ANTZINATASUNAGATIK ETA MEREZIMENDUENGATIK EKITALDI HORIETAKO BAKOITZEAN IZANDAKO GRADU IGOERAK ADIERAZTEN DITUENA, AZAROAREN 2KO 17/1994 FORU LEGEA ETA URTARRILAREN 23KO 7/1995 FORU DEKRETUA BETEARAZTEKO.
(1995eko 12. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 26an)
Atarikoa
Azaroaren 2ko 17/1994 Foru Legeak Nafarroako Administrazio Publikoei agintzen die Langileriaren Estatutuan eta hori garatzeko emandako erregelamendu‑arauetan ezarritako lansarien sistema aplikatzeko arauak eman ditzaten, bosturteko bereziaren auzian eta sistema horren aplikazio moduan zuzeneko eragina duten bestelako auzietan izan diren erabaki judizial irmoak betearazteko.
Urtarrilaren 23ko 7/1995 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Gobernuak erregularizazio hori egiteko modua eta epeak garatu eta zehaztu egin ditu. Foru Dekretu horrek 2. artikuluan adierazten du bosturteko bereziaren prozesuan emandako erabaki irmoak betearaztearen ondorioz, antzinatasunaren sarian zenbait aldaketa izanen direla eta ukitutako funtzionarioei 1984.eko urtarrilaren 1ean zuten hasierako gradua aldatuko zaiela. Gainera, 1985.etik 1991.era arte, bi urteak barne, izan diren gradu igoerak adieraziko direla xedatzen du.
Ukituriko funtzionarioen antzinatasun‑datei buruzko informazioa biltzen duten datu‑baseetan, ebazpen judizial irmo horien ondoren egin beharreko aldaketak sartu direlarik, Lehendakaritzako Idazkari Nagusiak 1990.eko ekainaren 4an eman eta 1990.eko ekainaren 15eko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko Ebazpenaren bidez behin‑behinekoz onetsi zen hasierako graduen zerrendan zenbait aldaketa egin beharra dago, baita 1985.etik 1990.eko bitarteko aldian, bi urteak barne, merezimenduengatik eta antzinatasunagatik izandako gradu igoerak eta urtez urteko urtarrilaren 1ean funtzionarioei zegokien gradu‑antzinatasuna azaltzeko zerrendetan ere. Zerrenda hauek Barne eta Lehendakaritza Kontseilariak irailaren 17an eman 97/1990 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren behin‑behinekoz eta 1990.eko irailaren 26ko 116. bis Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.
Halaber, prozesu honi erantsi behar zaizkio 1991.eko urtarrilaren 1eko datuen arabera antzinatasunagatik egindako gradu igoerak, Lehendakaritza eta Barne Kontseilariak maiatzaren 13an emandako 34/1991 Foru Aginduaren bidez (1991.eko maiatzaren 31ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) behin‑behinekoz onetsi baitziren, eta abuztuaren 24ko 117/1992 Foru Aginduan xedatutakoa (1992.eko irailaren 4ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofiziala). 1991.eko urtarrilaren 1eko datuen arabera merezimenduengatiko gradu igoerak ere aditzera eman behar dira, bosturteko bereziaren auzialdia bukatu bitartean egin gabe uztea erabaki baitzen.
Hori guztia dela eta, agindu dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionarioek 1984.eko urtarrilaren 1ean zuten hasierako graduen zerrenda, Foru Agindu honen I. Eraskinean azaltzen dena, onestea.
Bigarrena
Foru Agindu honi erantsi zaion II. Eraskinean agertzen diren 1985.etik 1991.era bitarteko urtez urteko zerrendak, bi urte horietakoak barne, onestea. Zerrenda horietan adierazten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionarioei, urte bakoitzaren urtarrilaren 1eko datuen arabera, dagozkien antzinatasuna eta gradua.
Hirugarrena
Foru Agindu honi erantsi zaion III. Eraskinean agertzen diren 1985.etik 1991.era bitarteko urtez urteko zerrendak, bi urte horietakoak barne, onestea. Zerrenda horietan adierazten dira antzinatasunagatik edo merezimenduengatik graduz igo diren funtzionarioak. Igoera horiek urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak.
Laugarrena
Foru Agindu hau eta erantsi den dokumentazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, interesatuek horren berri izan dezaten.
Bosgarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta egun berean hartuko du indarra.
ERANSKINAK