(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Arrantza :
      • 157/1995 Foru Dekretua, uztailaren 3koa, Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria behin-betikoz onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

157/1995 Foru Dekretua, uztailaren 3koa, Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria behin-betikoz onesten duena

 

(1995eko 103. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 18an)

Atarikoa

Nafarroako salmonidoen arrantzaren plangintzari buruzko abenduaren 27ko 389/1993 Foru Dekretuaren bidez Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria ezarri zen eta horixe hartu zen Foru Komunitatearen esparruan salmonidoen arrantza iharduera antolatzeko baliabide nagusitzat.

Aipatu Foru Dekretuaren 3. artikuluak Plan Gidari hori egin eta onesteko prozedura ezarri zuen eta adierazi, halaber, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak planaren aurreproiektua egin ondoren, Foru Aginduaren bidez onetsiko zela behin-behinekoz. Foru Agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko zen eta hortik aurrera jendaurreko epea irekiko, hilabetekoa bederen, interesatuek egoki juzkatzen zituzten iradokizun eta ohartarazpenak aurkez zitzaten.

Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro kontseilariak abenduaren 9ko 970/1994 Foru Agindua eman zuen eta bertan onetsi behin-behinekoz aipatu Plan Gidaria eta, halaber, bi hilabeteko epea finkatu zen jendaurrera ateratzeko.

Epe horren barrenean aurkezturiko alegazioak jakitera eman ditu orain Ingurugiro Zerbitzuak eta, halaber, Plana eta alegazioak Nafarroako Ingurugiro Kontseilura igorri.

Abenduaren 27ko 389/1993 Foru Dekretuaren 3. artikuluko e) atalarekin bat, bidezko da Plan Gidaria behin-betikoz onestea, egoki juzkatu diren aldaketak sartu ondoren. Horretaz gain egoki juzkatu da argitara ematea haren arauteria orokorra, Eraskinean heldu baita.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko uztailaren hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua

Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria behin-betikoz onestea.

2. artikulua

Planaren arauteria orokorra Foru Dekretu honen Eraskinean agertzen dena da.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro kontseilariari Foru Dekretu hau bete eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

ERASKINA. Nafarroako salmonidoen arrantza Antolatzeko Planaren Arauteria Orokorra

1.-Nafarroako salmonidoen mapa.

Nafarroako ibai salmonikolak zertan diren aztertu beharra dago, baita ur horietan bizi diren salmonidoen kopurua ahalik eta zehatzen ezagutu ere. Halaber, ezagutu beharra dago bizia aurrera ateratzeko gai diren ala ez gaurko egoeran mantentzen diren bitartean.

Nafarroako ibaietako tarte salmonikolak, beti ere haien ezaugarriak, egungo egoera eta kudeaketari buruz dituzten beharren arabera, bi sail hauetan sartzen dira:

A) Goiko Amuarrain Eremua, honek ere bi tarte salmonikola dituelarik:

-Ibaibide nagusia.

-Ibaibide nagusiaren adarra.

B) Amuarrain Eremu Mistoa.

Goiko Amuarrain Eremuko ibaiak dira halako ibai-tarteak dituztenak, non izokin atlantiarra edo/eta amuarrain arrunta bizitzeko baldintzak (uraren kalitatea nahiz arrainendako habitata) ematen diren, eta hori haien bizialdi guztian zehar. Ibai-tarte horietan espezieek egokiera badute biziaren ziklo osoa bukatzeko eta beren populazio-dinamika oinarritzat hartuta ahalbide nahikoak aurkitzen dituzte automantenimendua lortzeko, edota horretarako egokiera izan dezakete epe luzera baino lehen habitataren gaineko babes-neurriak hartzen baldin badira. Ur hauek gehienbat salmonidoentzat dira egokiak, nahiz eta tarte horietan ur bizietako ziprinidoak (loina, barboa, isats gorria...) ager daitezkeen, batzuetan maiztasun erlatibo handietan. Goiko Amuarrain Eremuan sartzen dira Amuarrain Eremu Mistotik gora dauden ibai-tarteak.

Amuarrain Eremu Mistoko ibaiak dira halako ibai-tarteak dituztenak, non gaur egun amuarrainarendako bizi-baldintza egokirik ez duten eta ur bizietako ziprinidoen eremu bihurtu diren. Egoera horretara iritsi dira bai transiziozko aldean daudelako bai urteen poderioz bertako uren egoera naturalaren gainean zenbait gorabehera kaltegarri jasan dituztelako. Amuarrainen populazioa oso kinka larrian dago, hain zuzen ere nola ugalketarako hala amuarrain kumeendako zailtasun handiak agertzen direlako, baina orohar badute kalitatea nahikoa amuarrain helduendako. Amuarrain Eremu Mistoan sartzen dira ondoko ibai-tarteak:

-Arakil ibaia: Altzania ibaiarekin bat egiten duen tokitik bukaeraraino.

-Irantzu ibaia: Zabal herrira doan errepideko zubitik bukaeraraino.

-Ega ibaia: Saltos del Ega konpainiak Lizarran duen presatik Alloko Zentraleko presaraino.

-Aragoa ibaia: Esako presatik Galipentzuko presaraino.

-Bardeetako ubidea: ubide osoa.

-Zaraitzu ibaia: Galozeko zubitik bukaeraraino.

-Areta ibaia: Eparozko zubitik bukaeraraino.

-Irati ibaia: Urrobiko ibaiarekin bat egiten duen tokitik Aragoa ibaira sartzen den arte.

-Erro ibaia: Lizoaingo zubitik bukaeraraino.

-Arga ibaia: Akerretako zubitik Eguesko errekarekin lotzen den arte.

-Ultzama ibaia: Mediano ibaiarekin lotzen den tokitik Soraurengo presaraino.

2.-Zonifikazioa.

Arrantzarako eskatzen diren baldintzekin bat etorriz, eta horretan aritzeko dauden moten arabera, badira arrantzarako ibai-tarte desberdinak, hain zuen ere, hauexek:

a) Arrantzarako ibai-tarte irekiak: tarte hauetan ez da zehazki galarazten arrantzan aritzea eta horietan jarduteko baldintza bakarra da ohizko baimena izatea eta urteroko Foru Aginduen bidez ematen diren arrantzari buruzko debekuetara makurtzea. Harrapatzen diren arrainak eramaten ahal dira, neurriaren eta kopururaren gaineko debekuak gorabehera.

b) Beita jakineko ibai-tarteak: ibai-tarte horiek mugatuak eta seinalizatuak daude eta argi azaltzen da zein beita-motatarako baimena dagoen arrantzarako. Gainerako aginduetarako, ibai-tarte libreetarako finkatutakoari jarraituko zaio.

c) Barruti naturalak: ibai-tarte horiek mugatuak eta seinalizatuak daude eta arrantzarako ohizko baimenaz gain beste baimen berezi bat behar da arrantzale bakoitzaren izenean, beste inorentzat balio ez duena. Tarte horietan arrantza-debekuei buruzko Foru Aginduaren arauteria orokorrak aginduko du, bai eta barruti hartako arauteria bereziak, horrelakorik balego. Harrapatutako arrainak eramaten ahal dira, neurriaren eta kopururaren gaineko debekuak gorabehera.

d) Barruti intentsiboak: ibai-tarte horiek mugatuak eta seinalizatuak daude eta bertan arrain ereintza egiten da; arrantzarako ohizko baimenaz gain beste baimen berezi bat behar da arrantzale bakoitzaren izenean, beste inorentzat balio ez duena. Horrelako lekuak bakar-bakarrik Amuarrain Eremu Mistoan sor daitezke. Tarte horietan arrantza-debekuei buruzko Foru Aginduaren arauteria orokorrak aginduko du, bai eta barruti hartako arauteria bereziak, horrelakorik balego. Harrapatutako arrainak eramaten ahal dira, neurriaren eta kopururaren gaineko debekuak gorabehera.

e) Hiltzerik gabeko arrantza-tarteak: ibai-tarte horiek mugatua eta seinalizatuak daude eta ez dute nahitaez arrantza-barruti izan behar. Tarte horietan harrapatzen diren arrain guztiak uretara itzuli behar dira, bizirik nahiz hilik dauden. Bakar-bakarrik beita artifiziala dago baimendua, haren mota guztietan.

Ibai-tarte bakoitzaren deklarazioa, kokapena eta mugapena arrantza-debekuei buruzko Foru Aginduaren bidez eginen da eta, halakorik balitz, Ibai-arroa Antolatzeko Planaren bidez. Zehazki arrantza-debekurik ez duten edota mugatu eta seinalizatu gabe dauden tarteak arrantza libreko tarteak direla ulertuko da.

3.-Mugak.

A) Arrantzarako epea: arrantzarako epea arrantza-debekuei buruzko Foru Aginduan finkatuko da. Goiko Amuarrain Eremuan arrantzarako epea zehaztuko da populazioen gaineko kontrolek zein emaitza ematen duten ikusirik eta urte bakoitzeko arrantzari buruzko estatistikei jarraikiz. Amuarrain Eremu Mistoan eta arrantza-barruti intentsiboetan kanpaina luzeagoa ere onartzerik bada, kudeaketa-eredua bera kontutan harturik.

B) Harrapatutako arrainen gutxieneko neurriak: ibai-arroen gaineko Plana egin bitarte eta bestelako arrazoirik ez bada, mantendu egiten da 21 cm-ko neurria ibaibide nagusietan eta 19 cm-koa gainerako ibaibideetan.

C) Ibaibide nagusiak: ibaibide nagusiak dira Planaren 1. Eraskinean zehaztutako lekuetatik hasi eta uretan behera Amuarrain Eremu Mistoa hasten den arte, edo amuarrainendako eremua bukatzen den arte.

D) Ibaibide txikiak: ibaibide txikiak dira arrantza-debekurik ez duten gainerako tarteak, denak Goiko Amuarrain Eremukoak beti ere, eta aurreko sailkapenean sartu ez direnak.

E) Harrapaketa kopurua: inolaz ere ez daiteke gainditu hamar amuarrainen kopurua, arrantzale bakoitzeko eta eguneko. Kudeaketa kontuengatik gehiago arrantzatu beharko balitz, epea luzeagoa emanen litzateke. Kopurua urtero zehazten ahal da populazioaren kontrolaren ondorioz kudeaketa beharren arabera.

Izokinaren kasuan, harrapaketa kopuru murritza finka daiteke kanpainaren hasieran zehar, hori guztia neguko izokinak babesteko, edota udaberrikoak, ugalketa aisago gerta dadin.

F) Beitak: izaera orokorrez beitatako debekatua dago espreski arrainak erabiltzea, bizirik nahiz hilik daudela. Honako hauek izanen dira irizpide nagusiak:

-Goiko Amuarrain Eremuko ibaibide txikietan, debekatua dago beita naturala erabiltzea apirilaren 30era bitarte, egun hori barne.

-Amuarrain Eremu Mistoan, arrantza-debekuei buruzko Foru Aginduan zehazten direnak besterik ez dira emanen, beita naturalari dagokionean.

4.-Ibaietako iharduerak.

Ibaietako bazter edo arroetan eragina izan dezaketen proiektuak basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeri buruzko 2/93 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakora makurtuko dira, bai eta ingurugiroaren gaineko eraginen azterketak arautu zituen uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretura, hori guztia ezertan ukatu gabe Ingurugiroaren Eraginaren gaineko Kaltearen Ebaluazioaren menera egon beharko dutela, aginduzkoa denean.

Proiektu horiek Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak onartu ahal izateko, eta lotesleak ez izan arren jarraibide gisa ematen dira, ondoko helburuak betetzen dituzten ala ez begiratuko zaio:

a) Ibai bazterreko landaredia eta urbazterrak beren hartan mantentzea.

b) Dibertsitate morfodinamikoa eta fazieen alternantzia mantentzea.

c) Ibai-hondoen egitura granulometrikoaren dibertsitatea mantentzea.

d) Erruteko eremuak kontserbatzea.

Hortaz, ibaibide eta ibai bazterren baldintza naturalak aldatzea ekartzen duten iharduketa proiektuek bilduko dituzte behar diren neurriak ingurugiroan sor ditzaketen kalteak galarazi edota murrizteko, hori guztia ondoko inguruabarrak kontutan hartu ondoren:

-Itxuraldatuak gelditzen diren ibai bazterren egitura berriaren diseinua, berriz ere landareak sartu ahal izateko.

-Zuhaitz eta zuhaiska autoktono diren espezieekin birlandaketak, tarte bakoitzeko ibai-arroaren planetan zehaztutako itzaltasun koefizienteak bermatzeko (proiekzio ortogonala ibai bazterreko zuhaitz eta zuhaiskekiko); bestetik ere, kontutan hartzekoa izanen da landare autoktonoak erabiliz ibai bazterrak lehengo hartara itzultzea.

-Birlandaketak mantentzea bost urtez gutxienez.

-Ibaiondoen birsorkuntza, tartearen ezaugarri morfodinamikoak eta granulometrikoak berriz ere zuzpertzeko eta bereziki erruteko eremuen errekuperazioa biltzen badute.

-Ibai-hondoak harrotu behar baldin badira edota ibaibideetan makinak sartu, eta epe hori zehaztu beharko da, ahal dela uztailetik azarora bitarte egin beharko dira.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa