(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Arrantza :
      • 143/1996 Foru Dekretua, martxoaren 11koa, karramarro arrunta ugaltzeko plana onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

143/1996 Foru Dekretua, martxoaren 11koa, karramarro arrunta ugaltzeko plana onesten duena

 

(1996ko 38. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 27an)

Atarikoa

Karramarro arrunta (Austropotamobius pallipes L.) Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartu da, "galzorian" dauden espezieen kategoriarekin.

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 19. artikuluak xedatzen duenez, espezie, azpiespezie edota populazio bat "galzorian" daudenen kategorian sartu ahal izateko beharrezkoa da hura ugaltzeko plan bat prestatzea eta bertan zehaztea zein diren hartu beharreko neurriak galzoriko arrisku hori desagertarazteko.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 14an emaniko 225/1995 Foru Aginduaren bitartez, karramarro arrunta ugaltzeko plana jendaurrera atera zen. Aurkeztutako alegazioak Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak aztertu ondoren eta Arrantzako Batzorde Aholku-emaileak eta Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak haren edukinaren alde adostasun txostenak emanda, bidezko da karramarro arrunta ugaltzeko plana onestea.

Horiek horrela, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko martxoaren hamaikan eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Nafarroako karramarro arrunta ugaltzeko plana, Foru Dekretu honen eraskinean agertzen dena, onestea.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik.

ERASKINA. Karramarro arrunta ugaltzeko plana

I. Xedea.

Karramarro arrunta (Austropotamobius pallipes L.) espezie ugaria zen Nafarroako ibai guztietan hirurogeita hamarreko hamarkada arte. Orduz geroztik onddo bat (Aphanomyces astaci) sartu zen eta hemengo karramarro gehienak desagertu ziren Nafarroako ibaietatik, zenbait ibairen goialdeko errekatxoetan populazio txikiak geldituz eta oso kopuru gutxira jeitsi zirelarik.

Urteen poderioz, zenbait karramarro aloktono agertu da beheko eta erdiko ibai-tarte gehienetan, adibidez, paduretako karramarroa (Procambarus clarkii). Halaber, Nafarroako zenbait ibaitara sartu da beste espezie aloktono bat, seinaleko karramarroa (Pacifastacus leniusculus). Bi espezie horiek afanomikosiaren eramale dira eta aise hedatzeko joera dutenez, karramarro arruntaren egiazko hedapen eremua ikaragarri murriztu da azkeneko urteotan.

Karramarro arruntaren populazioen jarraipeneko azterlanak egin dira eta argi ikusi da ibaien goiko aldeetan populazioa desagertzear dagoela, hain zuzen ere bost urtetik % 50 jeitsi ohi da.

Horregatik bada, karramarro arrunta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzea erabaki da, "galzorian" dauden espezieen kategorian. Bestetik ere, bidezko da karramarro arrunta ugaltzeko plana onestea.

Horiek horrela, karramarro arrunta ugaltzeko planaren helburua da espezie horren beherakadan eragina duten faktoreei aurre egitea, eta populazio kopuru bat lortzea, epe luzera bideragarritasuna lortu eta bere bizitoki izan daitezkeen lekuak berriz ere kolonizatu ditzan.

II. Aplikazio esparrua.

Ugaltzeko plan honen asmoak aplikatuko dira Nafarroan karramarro arruntak duen hedapen eremu osoan, hain zuzen ere ondoko ibaietan:

A) Isurialde kantauriarra:

-Isurialde honetakoak diren ibaien ur-tarte guztiak.

B) Isurialde mediterraniarra:

-Ebro ibaia: Lodosako zubitik gora dauden ibaiadar guztiak.

-Ega ibaia: Irantzu ibaiarekin elkartzen den puntutik goiti dauden ezkerreko ibaiadarrak, ibai hura barne.

-Arga ibaia: Larragako zubitik gora dauden ur guztiak.

-Cidacos ibaia: Puiu eta Tafallaren arteko mugatik goiti dauden ur guztiak. Horretan sartuko dira ezkerreko ibaiadarrak, baina puntu horretatik Aragoi ibaian hiltzen den punturaino daudenak bakarrik.

-Aragoi ibaia: Galipentzuko zubitik goiti dauden ur guztiak eta puntu horretatik Zarrakazteluko mugaraino dauden eskuineko ibaiadar guztiak.

-Petilla de Aragon eta los Baztanes parajeetako ur guztiak.

Orohar, puntu horietatik iparralderago dauden ibai eta erreka guztiak, nahiz eta arestiko idazatietan zehazki aipatu ez diren.

III. Planaren helburuak eta ekintzak

Planaren helburuak ondokoak izanen dira, ekintzaren arabera:

A) Kontserbazio ekintzak:

1. helburua.-Karramarro arruntaren gaur egungo hedapen eremuan beste karramarro aloktonoak ez sartzea. Horretarako:

1.1. Arauteriako xedapenak eta administrazio neurriak hartuko dira, Foru Komunitateko lurraldearen esparruan karramarro aloktono bizirik ez hedatzeko.

1.2. Karramarro arruntaren hedapen eremuan sartu diren karramarro aloktonoak baldin badaude, iharduketa programa bat ezarriko da espezie aloktonoak kontrolatzeko asmoarekin. Programa horren barrenean biltzen ahal da populazio aloktono egonkorren tajuzko probetxamendua, beti ere probetxamendu horrek galarazten baldin badu hura karramarro arruntaren beste eremu batzuetara hedatzea.

1.3. Karramarro arruntaren eremuan dauden karramarro aloktonoen agertzea murrizteko asmoz, debekatua dago karramarro aloktono bizirik garraiatzea eta haien salmenta Foru Komunitatearen lurralde osoan zehar. Horretarako, Arrantza Debekuen Foru Aginduan baimentzen baldin bada karramarro aloktonoak harrapatzea, harrapaketa gertatu eta berehala hil beharko dira.

2. helburua.-Plan honen esparruaren barrenean dauden ibai-tarteetan, karramarroa arruntaren kolonizazioa bultzatzea.

2.1. Aldizka bilatu eta aukeratuko dira karramarro arruntaren hazleku izan daitezkeen ur edota ibai-tarte guztiak.

2.2. Arestian zehaztutako eremuetan behar diren neurriak hartuko dira habitata bere hartan mantentzeko, karramarroaren gaitzetik babesteko eta iruzurrezko arrantza kontrolatzeko.

2.3. Aldizka ezarriko da programa bat, karramarro arruntaren birkolonizazioa eta/edo populazioa indartzeko, hori guztia karramarro arrunta ugaltzeko planaren esparruan dauden ibai-tarteetan.

2.4. Ugaltzeko planaren garapena bermatzeko, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatuko du arrain-hazleku bat, berria nahiz direnen arteko bat, halako moldez non birkolonizazioa eta/edo populazioa ugaltzeko programaren ekintzak aurrera eramateko karramarro arruntaren behar den ekoizpena bermatuko duen.

2.5. Behar balitz, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hitzarmenak sinatu ditzake beste entitate nahiz pertsona fisiko edo juridikoekin, birkolonizazio eta/edo populazioa ugaltzeko programa bermatzeko behar diren karramarro arruntak erosteko.

B) Jarraipen eta kontrolerako ekintzak.

3. helburua.-Aldizkako jarraipen sistema ezartzea, afanomikosiaren erasoak antzemateko eta, behar balitz, haren hedapenaren aurkako neurriak hartzea.

3.1. Osasun kontrolak. Karramarro arruntaren osasunaren gaineko jarraipen programa ezarriko da

3.2. Plan hau zenbateraino bete den, horri buruzko argibideak eman beharko zaizkio Nafarroako Ingurugiro Kontseiluko Arrantzako Batzorde Aholku-emaileari.

4. helburua.-Karramarro arrunta aldizka kontrolatzeko sistema ezartzea, haren hedapen eremuan. Horretarako:

4.1. Karramarro arruntaren ugaritasuna eta hedapena kontrolatzeko programa ezarriko da, haren egoera aldizka aztertuz.

4.2. Birpopulazioen kontrola eginen da populazio hori aurrera atera den egiaztatu arte.

5. helburua.-Karramarro aloktonoen populazioa kontrolatzea.

Horretarako, karramarro aloktonoen kudeaketa antolatzeko plana eginen da eta haiek harrapatzea baimenduko da, hori guztia ibaiko karramarro arruntaren hedapen eremutik kanpo.

C) Ikerketa ekintzak.

6. helburua.-Kudeaketa helburuarekin egiten diren azterlanak sustatzea, gerora ibaiko karramarro arrunta kontserbatzeko hartu beharreko neurriak berraztertzeko. Bereziki, honako lerro hauek:

-Eritasun infekziosoei buruzko azterlanak egin eta haien kontrola eramatea.

-Karramarro arruntaren populazio berrien errotzeari eta jarraipenari buruzko azterlanak egitea.

-Karramarro arruntaren karakterizazioari eta habitataren erabilerari buruzko azterlanak eta espezie aloktonoekiko lehia.

-Haziera, ugalketa eta populazioen dinamikari buruzko azterlanak egitea.

-Autonomiaz gaindiko ikerketa proiektuetan laguntzea, ibaiko karramarro arrunta ugaltzeko.

D) Dibulgazio ekintzak.

Dibulgazio programak jarriko dira , espezie autoktonoarekiko begirunea sortarazten laguntzeko eta karramarro aloktonoak egokiro erabiltzeko.

IV. Ekintza programa.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldizka prestatuko du ekintza programa bat, eta bertan honako zera hauek bilduko ditu:

-Azkeneko kanpainaren emaitzak eta neurri zuzentzaileen eraginkortasunaren ebaluazioa.

-Kanpaina berriaren lehentasunezko helburuak, Ugaltzeko Plan honen III. zenbakian bildutako helburu orokorrei dagokienez.

-Kanpaina berrian egin beharreko kanpolan eta gabinetekoen behin-behineko egutegia, proposatutako helburuak lortzeko

-Ekintza programa burutzeko behar de aurrekontuko dotazioaren kalkulu xehekatua, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren gastuen aurrekontuko kontusailak sartuz.

V. Indarraldia eta berrazterketa.

Ugaltzeko Plan honen indarraldiari ez zaio mugarik paratu baina indarra hartzen duenetik aplikatuko da eta "galzorian" dauden espezieen katalogotik kentzen denean bukatuko. Beraz, espeziearen edo bere habitataren kontserbazio mailan aldaketa nabariak sortu eta ezagutzen diren heinean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak proposatu ahalko du berraztertze prozedura bat eta hori bukatu ondotik berriro zehaztuko dira, bai helburu orokorrak, bai horiek betetzeko beharko liratekeen ekintza zehatzak. Nolanahi ere, lau urtetik behin eginen da berraztertze orokor bat, onespen egunetik hasita, beti ere Arrantzako Batzorde Aholku-emaileari eta Nafarroako Ingurugiroaren Kontseiluari entzutea emanda. Halaber, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aztertuko du Plan honen esparrua berraztertzeko komenigarritasuna, indarra hartzen duenetik bi urteko epearen barrenean.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa