Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 38. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 27an)
Atarikoa
Laurogeiko hamarkadaren hasieratik honat karramarroen bi espezie aloktono sartu dira Nafarroan: paduretako karramarroa (Procambarus clarkii) Nafarroako ibaien beheko eta erdiko ibai-tarte franko kolonizatu baititu, eta seinaleko karramarroa (Pacifastacus leniusculus), Nafarroako lurraldeko zenbait lekutara populazio batzuk hedatu baitira.
Nafarroako karramarro arrunta ugaltzeko planak ezarri egin zuen haren hedapen eremu bat eta debekatu egin zuen eremu horietan karramarro aloktonoen espezieak erabiltzea edota haiekin kolonizatzea.
Halarik ere, gaur egun ezinezkoa da sartutako espezie horiek desagertaraztea Nafarroako gainerako eskualdeetatik. Horregatik bada, beharrezkoa da Antolamendu Plan bat egitea espezie aloktonoak erabiltzeko, beti ere karramarro arruntaren hedapen eremutik kanpo.
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 14an emaniko 225/1996 Foru Aginduaren bidez, karramarro aloktonoak erabili eta kudeatzeko plana jendaurrera atera zen. Aurkeztutako alegazioak Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak aztertu ondoren, eta Arrantzako Batzorde Aholku-emaileak eta Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak adostasun txostena emanda, bidezko da Plan hau onestea, "antolatzekoa" izenarekin.
Horiek horrela, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko martxoaren hamaikan eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua
Nafarroan karramarro aloktonoak antolatzeko plana, Foru Dekretu honen eraskinean agertzen dena, onestea,
2. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean barrena debekatua dago karramarro aloktono bizirik saldu edota garraiatzea. Horregatik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urtero onesten dituen arrantza debekuei buruzko xedapen orokorretan baimentzen diren karramarro aloktonoak harrapatzen direnean, harrapatu eta berehala hil beharko dira.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Baimena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean.
ERASKINA. Karramarro aloktonoak antolatzeko plana
I. Helburua.
Karramarro aloktonoak antolatzeko planaren helburua honako hau da:
A) Nafarroako ibaietan dauden karramarro aloktonoen populazioak izatea, karramarro arrunta ugaltzeko planaren aplikazio esparrutik kanpo gelditu baitira, baina horregatik karramarro arruntaren kontserbazioari eta babesari inolako kalterik sortu gabe.
B) Karramarro aloktonoen populazioak kudeatu eta beren hartan mantentzea, beti ere Pacifastacus leniusculus espezieari lehentasuna emanez, izan ere sukalderako nahiz kirolerako garrantzi haundiagokoa da, gainerako karramarro aloktonoekin konparatuz gero.
C) Populazioaren ugaritasuna dagoenean, populazio horien ustiapena baimendu eta arautzea.
II. Aplikazio esparrua.
Antolamendu Plana ondoko alderdi hauetan aplikatuko da:
-Ebro ibaia: ibai osoa, eta horretaz gain Lodosako zubitik beheiti diren ubideak, erretenak eta ibaiadar guztiak.
-Ega ibaia: ibai osoa, eta horretaz gain Irantzu ibaiarekin elkartzen den puntutik beheiti dauden ibaiadar guztiak eta puntu horretatik goiti dauden eskuineko ibaiadarrak.
-Arga ibaia: Larragako zubitik beheiti dauden ur guztiak.
-Cidacos ibaia: Puiu eta Tafallaren arteko mugatik beheiti dauden urak, eta horretaz gain puntu horretatik Aragoi ibaiarekin bat egiten duen puntura dauden eskuineko ibaiadar guztiak.
-Aragoi ibaia: Galipentzuko presatik uretan beheiti dauden urak eta puntu horretatik Zarrakazteluko mugaraino dauden ezkerreko ibaiadar guztiak. Halaber, Zarrakazteluko mugatik uretan beheiti dauden ur guztiak.
III. Planaren helburuak eta ekintzak.
Plan honetan lortu nahi diren helburuak ondoko hauek dira, ekintzaren arabera:
A) Kudeaketa ekintzak.
1. helburua.-Ahal dela, Procambarus clarkii espeziearen inbasioa galaraztea eta seinaleko karramarroa, Pacifastacus leniusculus, ugaltzea.
1.1. Plan honetan aipatu ez diren eremuetan inbasiorik ez gertatzea, eta horretarako behar diren neurriak, arauteriakoak nahiz administraziokoak, hartuko dira Foru Komunitateko lurraldeetan eta karramarro arrunta ugaltzeko planaren esparruan karramarro aloktono bizirik ez hedatzeko.
B) Jarraipen eta kontrolerako ekintzak.
2. helburua.-Aldizkako kontrola ezartzea, espezie aloktonoen ugaritasuna eta hedapena antzemateko, kirolerako erabil daitezen.
2.1. Procambarus clarkii harrapatzea bultzatzea, horien kopuruak gora egin ez dezan eta, ahal bada, behera egin dezan.
2.2. Plan hau nola bete den, horri buruzko txostena igorriko zaie Nafarroako Ingurugiroaren Kontseiluari eta Arrantzako Batzorde Aholku-emaileari.
C) Ikerketa ekintzak.
-Pacifastacus leniusculus karramarroaren karakterizazioari eta habitataren erabilerari buruzko azterlanak egin eta Procambarus clarkii espezie aloktonoarekin duen lehia aztertzea.
-Seinaleko karramarroaren populazioaren dinamikari buruzko azterlanak egitea.
-Eritasun infekziosoei eta haien kontrolari buruzko azterlanak egitea.
D) Dibulgazio ekintzak.
Dibulgazio ekintzak ezarriko dira karramarro aloktonoen erabilpen egokia egin dadin eta espezie autoktonoarekiko begirunea bultzatzeko.
IV. Ekintzak.
3.1. Seinaleko karramarroaren populazioa ugaltzeko eremu bat ezartzen da, hain zuzen ere, Ega, Arga eta Aragoi ibaietako ibai nagusian, eta dagoeneko espezie horien populazioak dauden lekuetatik beheiti. Birpopulaziorako karramarroak haien osasun egoeraren arabera aukeratuko dira.
3.2. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak urtero prestatuko du seinaleko karramarroaren populazioak ugaltzeko programa bat, aurkitzen den tokietara mugatua, beti ere karramarro arruntaren eremutik urruti dauden tokietan, azkeneko hori arriskuan izan ez dadin. Populazioen ugaltzearen helburu nagusia izanen da paduretako karramarroaren hedapena galaraztea eta horretarako sareak jarriko dira.
3.3. Seinaleko karramarroaren eta paduretako karramarroaren arrantzaren arauteria berezia Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urtero antolatuko du arrantza debekuen Foru Aginduen bidez.
3.4. Seinaleko karramarroaren neurriz kanpoko harrapaketak galarazteko, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak jar ditzake espezie honen arrantza barrutiak, eta horien administrazioa eramanen da basa fauna eta haren habitata babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 86. artikuluari jarraikiz.
3.5. Karramarro autoktonoaren eremuan aurkitzen diren karramarro aloktonoak murrizteko asmoz, debekatua dago karramarro aloktono bizirik garaiatzea edota saltzea Foru Komunitateko lurralde osoan. Horretarako, arrantza debekuei buruzko Foru Aginduetan karramarro aloktonoak harrapatzea baimentzen baldin bada, harrapatu eta berehala hil beharko dira.
IV. Indarraldia.
Plan honen indarraldiari ez zaio mugarik paratu baina lau urtean behin eginen da berraztertze orokor bat. Halarik ere, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aztertuko du Plan honen esparrua, indarra hartzen duenetik bi urteko epearen barrenean.