Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 38. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 27an)
Atarikoa
Karramarro arrunta karramarroa (Austropotamobius pallipes L.) oso espezie ugaria zen denbora batean Nafarroako ibaietan hirurogeita hamarreko hamarkada arte behintzat. Orduz geroztik, onddo bat agertu zen, Aphanomyces astaci eta horrek eragindako gaitza ezagutu zen, Nafarroako ibaietako karramarro gehienak desagertu arte, eta gaur egun populazio txikiren bat besterik ez dago, ibai eta erreken goiko tarteetan.
Urteen poderioz, beheko ibai-tarteetan hasi eta erdiko ibai-tarteak ere hartuz, inbasio erasokorra agertu da, zenbait karramarro aloktonorena, alegia, paduretako karramarroa (Procambarus clarkii), baita Nafarroako zenbait tokitan ere ibaietan sartu den espezie aloktono bat ere, seinaleko karramarroa (Pacifastacus leniusculus). Espezie horiek biak afanomikosiaren eramaleak dira eta ibaietan zehar hedatzeko joera dutenez, karramarro autoktonoaren egiazko hedapena ikaragarri murriztu da hondarreko urteotan.
Hondarreko urteotan ere, bertako karramarro arruntaren populazioen jarraipena eta azterlanak egin dira eta horren ondorioz egiaztatu da ibaien goiko aldeetan populazioak galzorian doazela, bost urtetik % 50 galtzen da.
Horregatik bada, beharrezkoa da neurri egokiak hartzea gure karramarro arrunta babesteko, eta horretarako "galzorian" dauden espezien kategorian sartu beharra dago Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalagoaren barrenean, hori guztia Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 16. artikulutik 19.era bitarte agintzen den guztiarekin bat etorriz.
Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko martxoaren hamaikan eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua
Karramarro arrunta (Austropotamobius pallipes L.) Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzea, "galzorian" daudenen espezieen kategoriarekin.
2. artikulua
Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 17. artikuluko 3. zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, karramarro arruntaren populazioen ezaugarriak ondoko hauek dira:
a) Izena:
Izen zientifikoa: Austropotamobius pallipes (Linnaeus 1758).
Erdarazko izena: Cangrejo de río autóctono.
Euskarazko izena: Karramarro arrunta.
b) Izaera: Autoktonoa. Bertakoa.
c) Kategoria: galzoriko espeziea.
d) Argibide nagusiak: Karramarro arrunta Nafarroako ibai guztietan barna hedatua izan ohi zen, beheko eta erdiko ibai-tarteetan. Populazioek izugarrizko triskantza jasan dute hirurogeita hamarreko hamarkadan afanomikosiaren inbasioarekin batera. Orduz geroztik gaitz horren eramale bihurtu dira karramarro amerikarrak, izan ere laurogeiko hamarkadaren hasieran Nafarroako ibai batzuk kolonizatu zituzten.
Gaur egun, hemengo karramarro arrunta ikus daiteke baina oso populazio txikietan eta kopuru gutxian, ibaien goialdeko errekatxo batzuetan bakarrik.
Populazio horiek desagertuz doaz izurritearen agerraldiarekin batera, eta haren aurka neurririk hartzen ez bada seguruenik hemengo karramarro arruntaren desagertzea ezagutuko dela Nafarroako ibaietan.
Egoera hau ez da Nafarroan bakarrik gertatzen, Foru Komunitatearen mugakide diren lurraldeetan ere bada.
e) Lan proposamenak: Karramarro arrunta ugaltzeko Plana egitea eta karramarro aloktonoak (Procambarus clarkii eta Pacifastacus leniusculus) antolatzeko Plana egitea.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Ahalmena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean.