(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ikastetxeak :
    • Pribatu itunduak :
      • 167/1996 Foru Agindua, apirilaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatuetan eskatzen ahal diren titulazioei buruzko legeria aplikatzeko arauak ematen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

167/1996 Foru Agindua, apirilaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatuetan eskatzen ahal diren titulazioei buruzko legeria aplikatzeko arauak ematen dituena

 

(1996ko 61. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 20an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sareak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan aurreikusitako irakaskuntza berrietara egokitzeko prozesu batean daude. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berriaren ezartze orokorra prozesu horretako gakoetako bat da, bai sare publikoa, bai pribatua hartzen dituena.

Sare pribatuari dagokionean, hezkuntza administrazioak egokitze prozesua azkar egiten saiatu behar du, ahalik eta eragozpen txikienak sortuz eta irakaskuntzaren kalitateari begira sistema berriak eskaini nahi dituen garantiak murriztu gabe.

Gaur egungo arauek titulazio arloko betebehar berri batzuk finkatzen dituzte irakaskuntza sare pribatuetan sartzeko, baina ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuko bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, zilegi da aipatu arauak indarra hartu zuenean indarra zuten arauekin bat, ikastetxe pribatuetan zerbitzuak ematen ari ziren irakasleek beren lanpostuetan segitzea. Dena den, enuntziatu hori orokorra eta zabala denez gero, beharrezkoa da kontzeptu horiek zehaztea, ondoko gai hauetan:

1. Zer esan nahi duen "beren lanpostuetan segitzeak".

2. Ondorio horietarako, zein baliokidetasun onartzen ahal diren gaurko eta aurreko sistemako irakasgai eta mailen artean.

Irakaskuntzaren arloan Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenek bide ematen dute erantzun horiei Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza pribatuaren sareen barruan erantzuna emateko. Kontua da 1004/1991 Errege Dekretuko bederatzigarren Xedapen Iragankorraren enuntziatuak, bere orokortasunaren poderioz, konpondu gabe utzi zituen kasuak ezabatzea.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.b) artikuluan esleitzen zaizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua

1. Ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuko bederatzigarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoarekin bat, arau horrek indarra hartu zuenean ikastetxe pribatuetan indarrean zeuden arauekin bat aritzen ziren irakasleek zilegi izanen dute lanpostu horietan segitzea.

2. artikulua

Foru Agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 7 eta 8. mailetako irakasgaiak emateko egiaztagiriek ahalmena ematen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehenbiziko zikloko irakasgai baliokide edo bateragarriak emateko.

Irakasgaien baliokidetasuna edo bateragarritasuna ezartzeko, kontutan hartuko dira irakaskuntza publikoan aplikatzen diren arauak.

3. artikulua

Hezkuntza administrazioak, sindikatuek eta irakaskuntza pribatuaren arloko erakunde patronalek sinatutako hitzarmenari jarraikiz, Hezkuntza itunak osorik edo parte batean berritu gabe gelditzen diren irakasleek, hala nola ikastetxeen atxikipen hitzarmenek ukitutakoek, jatorrizko ikastetxean aitortzen zaizkien eskubideak gordeko dituzte, baldin eta ondoko eskakizun hauek betetzen badira:

1. Birkokapena ikastetxeen atxikipenerako edo soberan dauden lanpostuen birkokatzeko hezkuntza administrazioak baimentzen duen hitzarmen baten barruan egitea.

2. Ikastetxe berrian eman beharreko irakasgaiak aurreko ikastetxean eman zituenak bezalakoxeak izatea.

4. artikulua

Foru Agindu honetan ezarritakoa ezertan ukatu gabe, ikastetxe pribatuetako lanpostu huts guztiak urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan eta hura garatzen duten arauetan finkatutako betebeharrak dituzten irakasleekin beteko dira.

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra

Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak indarra hartu zuen egunetik ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuko 5. Xedapen Iragankorrean ezarritako Haur Hezkuntzako ikastetxeetan etengabe zerbitzuak eman dituzten irakasleek hamar urteko epea izanen dute, indarra hartzeko aipatu egunetik hasita, ikastetxe horietan hasi zirenean aplikagarria zen legeriaren arabera eskatzen ahal zen titulazioa eskuratzeko.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri zenean ikastetxe pribatu batean ari ziren irakasleek Foru Agindu honetan ezarritakoaz baliatzerik ez badute, epe berezi eta iragankor bat izanen dute 1997ko abuztuaren 31 arte, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan eta hura garatzen duten araudietan finkatutako eskakizunak betetzen dituztela kreditatzeko.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuko bederatzigarren Xedapen Iragankorreko 2. puntuan ezarritakoarekin bat, 1997-1998 ikasturtea hasi arte, maisu- maistrek zilegi izanen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehenbiziko zikloko lanpostu hutsak betetzea.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa